Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2015eko ekainaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2449

1143/2015 EBAZPENA, maiatzaren 28koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa daukaten diplomatu sanitarioen lanbide taldeko emaginen kategorian lotura estatutario finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak onetsi dira.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 1135/2015 Ebazpenaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko 2014an eta 2015ean deitu diren hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onetsi dira.

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoei buruzko deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.

Horregatik, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Osasun zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoaren abenduaren 16ko 55/2003 Legeak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legeak, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak eta Osakidetza Ente Publikoko Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ezarritakoarekin eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-probak deitzea.

Bigarrena.– Emaginen kategorian lotura estatutario finkoa lortzeko hautaketa-prozesua arautuko duten oinarri espezifikoak onestea, I. eranskinean agertzen direnak. Aipatutako kategoria diplomatu sanitarioen lanbide taldekoa da, eta destinoak Osakidetzako-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetakoak izango dira.

Hirugarrena.– Ebazpen honekin batera agertzen den II. eranskinean eskainitako destinoen zerrenda onestea.

Laugarrena.– Merezimenduen baremoa onestea, ebazpen honen III. eranskinean dagoena.

Bosgarrena.– Dagokion gai zerrenda onestea, ebazpen honen IV. eranskinean dagoena.

Seigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala ezartzen baitute lege eta dekretu hauek: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea eta Osakidetzaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko maiatzaren 28an.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.

I. ERANSKINA
EMAGINEN KATEGORIAN OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN LOTURA ESTATUTARIO FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUA ARAUTUKO DUTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK. AIPATUTAKO KATEGORIA DIPLOMATU SANITARIOEN LANBIDE TALDEKOA DA, ETA DESTINOAK OSAKIDETZAKO-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKOAK IZANGO DIRA.

1.– DEIALDI HONETAN ESKAINTZEN DIREN DESTINOAK

1.1.– Deialdi honen xede izango dira emaginen kategoriako destinoak. Aipatutako kategoria diplomatu sanitarioen lanbide taldekoa da, eta destinoak Osakidetzako-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetakoak izango dira, II. eranskinean bilduak.

1.2.– Deitutako destinoen %7 gordeko dira desgaitasuna duten langileek betetzeko, oinarri orokorren 1.3 oinarrian ezarritako banaketaren arabera. Horiek II. eranskinean adierazi dira.

2.– IZANGAIEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK

Izangaiek ebazpen honetan arautzen den deialdian parte har dezaten, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean oinarri orokorretan eskatzen diren baldintzez gain, beste hauek ere bete beharko dituzte, oinarri orokorretan jasotzen diren salbuespenak izan ezik, eta, hala bada, destinoaz jabetu arte mantendu behar dituzte:

a) Hurrengo titulua edukitzea edo lortzeko moduan egotea: Obstetriziako eta Ginekologiako erizain espezialistaren (emagina) titulua, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandakoa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinak ezarritakoaren arabera.

b) Edozein kasutan ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak bete behar dira, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak ezarritakoaren arabera eta indarrean dagoen araudiak ezarritako beste edozeinen arabera.

c) Inskripzio-eskubide hauek ordainduta izatea eskabideak aurkezteko epearen barruan, eskainitako destinoen titulazio-taldearen arabera:

A2 taldea (antzinako B taldea): 20 euro

3.– OPOSIZIO-LEHIAKETAREN NONDIK NORAKOA

3.1.– Oposizioaldia

Epaimahaiari dagokio probaren edukia eta iraupena zehaztea. Galdetegi bati idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak gai zerrenda orokorrari eta gai zerrenda komunari lotutako IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.

Era berean, aipatutako eranskinean bibliografia ere sartuko da proba prestatzeko.

3.2.– Oinarri orokorren 14. oinarrian ezarritako puntuazio ren arabera izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu ondoren, I. eranskinean agertzen diren izangaiek honako dokumentu hauen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, baita 14.2 oinarrian aipatzen den dokumentazioa ere:

– Ondoko agirion fotokopia konpultsatua edo notarioaren testigantza: Obstetriziako eta ginekologiako erizain espezialistaren (emagina) titulua, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandakoa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinak ezarritakoaren arabera.

3.3.– Lehiaketaldia

Egiaztatutako merezimenduak III. eranskineko merezimenduen baremoaren arabera balioztatuko dira, oinarri orokorretan ezarritako irizpideen arabera.

3.4.– Lanpostuaz jabetzea

Oinarri orokorretako 17. atalean aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honen xede diren destinoetako baten batez jabetzen direnek ondorengo agiria aurkeztu beharko dute jabetzeko ekitaldian

Elkargoko kide izatearen ziurtagiria.

II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA. KATEGORIA: EMAGINA

Osakidetzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 1135/2015 Ebazpenak onetsitako oinarri orokorren 1. oinarrian ezarritakoaren arabera, honako destino hauek deitu dira:

● Barne-sustapeneko txandaren deialdia: 12 destino.

Sarbide orokorra: 11

– Desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupoa: 1

– Adimen-desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 0

– Bestelako desgaitasuna dutenentzako erreserba-kupoa: 1

● Txanda irekiaren deialdia: 8 destino.

– Sarbide orokorra: 8.

Adimen-desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek desgaitasuna duten langileentzako erreserba-kupora gehituko dira.

Desgaitasuna duten langileentzako destinoak hautaketa-prozesua gainditzen duten izangai nahikorik ez egoteagatik betetzen ez badira, destino horiek dagokion txandako (barne-sustapena edo txanda irekia) sarbide orokorreko lanpostuetara gehituko dira.

2. oinarrian ezarritakoaren arabera, deialdi honen xede diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratzean zehaztuko dira.

III. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAN DESTINOA DAUKATEN DIPLOMATU SANITARIOEN LANBIDE TALDEKO EMAGINEN KATEGORIAREN MEREZIMENDUEN BAREMOA

1) LAN ESPERIENTZIA: 45 puntu, gehienez.

Eskabideak aurkezteko azken egunera arte izangaiek aitortuta duten zerbitzu-denbora zenbatuko da.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Hilabetea osatzeko, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da.

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko, Gizarte Segurantzako edo autonomia-erkidegoetako zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, edozein herri administraziotan, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan ere, erizaintza-arloko lanpostuetan edo emagin gisa lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,18 puntu.

Barne-sustapeneko txandan lehiatzen direnei honela zenbatuko zaizkie aurretiko zerbitzuak:

a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,04 puntu hilabete bakoitzeko.

b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.

c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,06 puntu hilabete bakoitzeko.

d) B taldean eskainitako zerbitzuak: 0,09 puntu hilabete bakoitzeko.

e) Lehiatzen den lanpostu berean egindako B taldeko zerbitzuak: 0,18 puntu hilabete bakoitzeko.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoriako funtzioetan eskainitako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.

Halaber, zerbitzu berezietako egoeran eskainitako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira.

2) PRESTAKUNTZA, IRAKASKUNTZA ETA IKERKUNTZA (35 puntu, gehienez):

Atal honen barruan ondokoaren arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:

a) Graduatu aurreko prestakuntza (3 puntu, gehienez):

Espediente akademikoaren balorazioa honela lortuko da ondorengo hipotesien kasuan:

((bikain kopurua X 6) + (ohorezko matrikula kopurua X 9)) / irakasgai guztien kopurua

Ez dira ebaluatuko eta, horrenbestez, ez dira zatitzailean agertuko ondorengo ikasgaiei dagozkien kalifikazioak edo baliozkotze ofizialaren helburu izan direnak: erlijioa, heziera politikoa, heziketa fisikoa, hizkuntzak, etxearen irakaskuntza, auzitegi-medikuntzako autopsiaren oinarrizko ezagutzak edo osasun laguntzaile teknikoaren / erizaintzako diplomadunaren ikasketen oinarrizko edukiarekin lotura nabarmenik ez duten beste ikasgai batzuk.

b) Gradu ondoko prestakuntza (9 puntu, gehienez):

– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 5 puntu.

– Unibertsitate-aditua edo -espezialista: 7 puntu.

– Gradu ondoko masterra: 9 puntu.

c) Prestakuntza espezializatua (6 puntu, gehienez):

Ofizialki onartutako espezialitateetako baten batean erizain espezialistaren titulua izateagatik: 3 puntu.

Atal honetan ez da baloratuko lehiatzen den kategorian lanpostua lortzeko eskatzen den titulazioa.

d) Etengabeko prestakuntza (20 puntu, gehienez):

Eskatutako destinoko kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:

9 orduko edo hortik beherako ikastaroak: 0,20 puntu

10-19 orduko ikastaroak: 0,75 puntu

20-29 orduko ikastaroak: 1,25 puntu

30-49 orduko ikastaroak: 2 puntu

50-99 orduko ikastaroak: 3 puntu

100-249 orduko ikastaroak: 4 puntu

250-599 orduko ikastaroak: 5 puntu

600 orduko edo hortik gorako ikastaroak: 6 puntu

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua besterik adierazten ez den kasuetan, puntuazioa emateko orduan, era honetan erabakiko da kreditu eta orduen arteko baliokidetasuna:

● ECTS Europako kreditu sistemako kreditu bakoitzeko, 25 ordu

● Etengabeko Prestakuntzako Batzordearen kreditu bakoitzeko, 10 ordu

Alderantziz, kreditu eta orduen arteko baliokidetasun hori bestelakoa denean, edo ikastaroaren ziurtagirian adierazitako kredituak ez direnean aurreko atalean zehaztutako berak, edota agirian ez bada zehazten ikastaroaren iraupena edo kreditu kopurua, epaimahaiak, aurkeztu zaizkion ziurtagiriak eta ikastaroaren edukiak aztertu ondoren, dagokion puntuazioa emango dio izangaiari; betiere, 0,20ekoa edo hortiko gorakoa.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako/ziurtatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

Etengabeko prestakuntzari dagokionez –aurreko ataletan ezarritako baldintzekin bat datorrena–, 500 ordu baloratuko dira urte bakoitzeko, gehienera jota, ordutan zein kreditutan ziurtatuta daudela ere.

e) Irakaskuntza jarduera (10 puntu, gehienez):

– Erizaintzako Unibertsitate Eskolako arduraldi partzialeko irakaslea (8 orduko tarteak): 0,050 puntu

– Hala denean, dena delako espezialitatean egoiliarrentzako irakaskuntzan akreditatutako tutorea (urteko): 0,750 puntu

– Praktika klinikoko tutore irakaslea, venia docendi delakoarekin (urteko): 0,750 puntu.

– Irakaskuntza etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.

f) Jarduera zientifikoak eta ezagutza hedatzekoak (15 puntu, gehienez):

Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak, txosten-aurkezpenak, komunikazioak, hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:

Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu

Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu

Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu

Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu

Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu

Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu

Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu

Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu

Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu

Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu

Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk) 1 puntu

Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu

Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu

Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu

Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu

Tesinako: 3 puntu

Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.

h) Informatika ezagutzak (2 puntu, gehienez).

3) EUSKARA.

– 2. HE: 18 puntu

– 1. HE: 9 puntu

IV. ERANSKINA
DIPLOMATU SANITARIOEN LANBIDE TALDEKO EMAGINEN
GAI-ZERRENDA

I.– GAI-ZERRENDA OROKORRA

1.– Bioetikako oinarrizko printzipioak: dilema etikoak. Espainiako Erizaintzako Kode Deontologikoa eta Emaginen Nazioarteko Konfederazioaren kode etikoa. Sekretu profesionala: kontzeptua eta arauketa juridikoa.

2.– Arreta Espezializatuan eta Lehen Mailako Arretan erabilitako informazio sistemak: Historia klinikoa. Konfidentzialtasuna. Ezaugarriak.

3.– Zainketaren metodologia: Erizaintza-prozesua. Ezaugarriak eta faseak. Beharrizanen araberako balorazio diagnostikoa, Virginia Henderson-ena. Balorazioa egiteko tresnak: Balorazioa egiteko eskalak. Erizaintzako diagnostikoak: kontzeptua eta diagnostiko motak NANDA taxonomiaren arabera. Erizaintzako zainketak planifikatzea: emaitzak eta esku-hartzeak (NOC eta NIC).

4.– Erakunde Sanitario Integratua: osasun zentroak, komunitatea, ospitalea. Emaginaren kontsulta: Lehen Mailako Arreta eta Arreta Espezializatua. Zainketa obstetriko-ginekologikoen programak eta plangintza.

5.– kerketa-metodologia: Diseinua, bilketa eta analisia. Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak. Lan zientifiko baten egitura metodologikoa eta haren faseak: kontzeptuala, diseinuari eta planifikazioari dagokiona, enpirikoa, analitikoa eta zabalpenari dagokiona.

6.– Oinarrizko ikerketa erizaintzan: Arazoak identifikatzeko eta lehentasunak ezartzeko azterketak. Erizaintza aplikatuko ikerketa: Azterketa deskriptiboak eta ikerketa-diseinuak erizaintzako diagnostikoaren eremuan.

7.– Estatistika deskriptiboa. Banaketa motak eta hori zehazten duten parametroak. Estatistika inferentziala. Konfiantza-tarteak. Hipotesi-testak.

8.– Segurtasun klinikoa: Pazientearen segurtasunaren oinarrizko kontzeptuak. Segurtasun arloko gertakariak jakinaraztea. Kontrako gertaeren saihesgarritasuna eta inpaktua.

9.– Irakaskuntza garapen profesionalerako beharrezko jarduera gisa. Emaginek gradu aurreko, gradu ondoko eta EIR prestakuntzan parte hartzea. Etengabeko prestakuntza.

10.– Komunikatzeko teknikak eta gaitasunak. Pertsonen arteko eta profesionalen arteko komunikazioa. Emaginak pazientearekin, senideekin eta talde sozialekin duen harremana: aktiboki entzutea, laguntzaren erlazioa. lantaldean aritzea atentzioko hainbat esparrutan.

11.– Osasun publikoa: osasunaren eta gaixotasunaren kontzeptuak. Prebentzioa eta osasuna sustatzea: kontzeptua.

12.– Epidemiologia: kontzeptua. Metodo epidemiologikoa. Diseinu epidemiologikoak. Zaintza Epidemiologikoko Sistema Nazionala.

13.– Osasun arloko prebentzio neurriak: kontzeptu orokorrak. Antiseptikoak. Desinfektatzaileak. Esterilizazioa. Emaginak infekzio nosokomialean duen eginkizuna. Ospitaleko isolamendua: kontzeptua, motak eta deskripzioa.

14.– Emagina Osasun Hezkuntzako eragile gisa. Komunikazio eta informazio sistemak emakumeen osasunerako hezkuntzan. Menarkia eta klimaterioa. Emakume eta jaioberrien osasunerako hezkuntza. Talde dinamikak aplikatzea emakumeen osasunerako hezkuntza programetan. Mendekotasuna sortzen duten substantzien kontsumoa prebenitzeko hezkuntza.

15.– Generoa eta osasuna. Genero indarkeria. Tratu txarrak eta emakumeen sexu-organoen mozketa: detektatzea eta prebenitzea.

16.– Gizakien ugalketa. Gametogenesia: obogenesia eta espermatogenesia. Gizakien sexu-ugalketaren kontzeptu orokorrak. Gizon eta emakumeen ugalketa sistemaren egitura eta funtzioa. Emakumeen ugalketa zikloa: obarioen zikloa eta endometrioaren zikloa.

17.– Gizakien genetika: herentzia, geneak eta kromosomak. Mapa genetikoa eta kariotipoa. Herentzia patroiak: gainartzailea, errezesiboa eta poligenikoa. Kromosomen nahasmenduak eta herentziazko nahasmenduak. Malformazio genetikoak: motak, sailkapena, arrazoiak eta prebentzioa.

18.– Emakumeen ugalketa aparatuaren anatomia. Kanpoko organo genitalak. Pelbiseko hezurra. Pelbis biguna. Barneko sexu-organoak. Histologia. Baskularizazioa. Ligamenduen inerbazioa.

19.– Enbriologia. Ernalketa enbrioiaren aurreko garaia, garraioa eta ezarpena. Enbrioi garaia: Ernetze-geruzak bereiztea. Gorputz forma agertzea. Plazentaren ezaugarri morfologikoak eta funtzionalak. Fetu-garaia. Garapena. Fetuaren zirkulazioa.

20.– Ernalketa artifiziala. Ernalketa anizkuna. Ernaltzeko arazoak dituzten bikoteak: antzutasunaren kausak, balorazio klinikoa, antzutasunari aurre egiteko aukerak. Antzutasuna/ernalezintasuna. Jaio aurreko eta ondorengo diagnostikoa. Lagundutako ugalketa-teknikak.

21.– Haurdunaldiaren kontzeptua. Haurdunaldiaren anatomia eta fisiologia. Emakumeen aldaketak: egiturazkoak, funtzionalak, emozionalak eta psikologikoak. Haurdunaldiaren diagnostikoa: haurdunaldi probak. Haurdunaldiaren ondorioz norbere burua zaintzea: Elikadura, kanporatzea, ariketa eta atsedena, garbitasuna eta janzkera.

22.– Jaioaurreko kontsulta: Umedun emakumeentzako arreta. Jaioaurreko kontrolaren helburuak. Haurdun dauden emakumeen historia. Miaketa orokorra eta obstetrikoa: Leopolden maniobrak. Ohiko analitika eta diagnostiko probak (kardiografia, ekografia, zitologia, erradiologia, amniografia, amniozentesia), jarraibideak, prestaketa eta arriskuak. Erditzeko data ezartzea. Arazoak identifikatzea. Haurdun dauden emakumeei kontrola eta jarraipena egitea. Haurdun dauden emakumeak etengabe aztertzea.

23.– Infekzioak prebenitzea haurdunaldian. Immunizazio aktiboa edo pasiboa. HIESaren eta/edo B eta C hepatitisaren ondorioz arazoak dituen haurduna. Haurdunaldiko zainketak, erditzea, erditu ondorengoa, edoskitzaroa. Osasun hezkuntza.

24.– Haurdunaren osasun hezkuntza. Amatasunerako hezkuntza programak. Profilaxi obstetrikoa.

25.– Emakumeentzako arreta eta zainketak erditzean: seinaleak eta sintomak. Ospitaleratzean egin beharreko miaketak. Barne eta kanpo monitorizazioa. Amniorrexia. Erditzeko eginkizunaren etapak: erditzearen fisiologia, amaren organismoa erditzeko lanera egokitzea, fetua erditzeko bidera egokitzea. Fetuaren kokapena eta itxura: Nomenklatura. Amaren eta fetuaren balorazioa. Erditze arrunterako arreta estrategia. Erditze plana.

26.– Episiotomia: jarraibideak eta prozedurak. Perineko urraduren sailkapena eta konpontzeko prozedura. Zailtasunak eta ondorioak. Emakumearen ezaugarri psikologikoak erditze garaian. Erditze tradizionala ez beste aukerak. Etxean erditzea. Emakumeentzako arreta eta zainketak erditzean:plazenta aztertzea.

27.– Farmakoterapia erditzeko prozesuan: Eragindako dilatazioa: arazoak eta zailtasunak. Induktoreak, analgesikoak eta anestesikoak. Mina arintzeko metodo ez farmakologikoak.

28.– Jaioberrientzako berehalako arreta. Hasierako balorazioa, erregistroak eta berehalako zainketak. Azterketa orokorra: Apgar-en testa. Azterketa neurologikoa. Arrisku egoerak identifikatzea. Jaioberria umetokitik kanpoko bizitzara egokitzea. Jaioberrientzako zainketak: oxigenoa ematea, tenperatura erregulatzea, ongizatea eta segurtasuna. Elikadura, kanporatzea, ariketa, lo egitea. Metabolopatien baheketa. Gurasoak euren zainketaren inguruan orientatzea.

29.– Kontzeptuak, esku-hartzea eta arreta alderdi hauetan: garapenean oinarritutako zainketak, azala azalaren kontra, kanguruaren metodoa, umeen lagun ospitalearen ekimena (IHAN), lotura eta atxikia egotea.

30.– Zilbor-hestearen odola ematea. Definizioa. Prozedura. Lege kontuak.

31.– Emakumearentzako arreta erditu ondoren. Erditze ondoko arrunta. Aldaketa fisiko eta psikologikoak. Erditze ondoko minak. Erditze ondokoaren berehalako arreta: miaketa orokorra, arazoak identifikatzea eta prebenitzea. Erditze ondoko norbere buruaren zainketa: elikadura, ariketa eta atsedena, zenbait batzuk kentzea, segurtasuna, ongizatea, eginkizun berrira egokitzea. Erditze ondoko kontrola eta jarraipena: Etxera bisitak, erditze ondoko eta jaio berrien kontrol programak. Erditze ondorengo azterketa.

32.– Erditze ondoko arrisku egoerak. Kontzeptua, faktore etiologikoak eta horiekin loturikoak. Zailtasun orokorrak: Gaixotasun tronboenbolikoen hemorragiak: Erditze ondoko infekzioa: emakumeen profilaxia, arreta eta zainketa. Zailtasun lokalak: mastitisa. Zaurien josturan etendurak, hematoma perinealak. Emaginaren zainketak. Amaberriaren egokitzapen psikosoziala. Osasun mentalaren nahasmenduak.

33.– Amagandiko edoskitzea. Esneko haurren jariakinen fisiologia: Arazo ohikoenak. Edoskitzea bertan behera uztea. Amagandiko edoskitzea sustatzea eta horren inguruko osasun hezkuntza.

34.– Amagandiko edoskitzea eta formulako elikadura. Bereizketa eta oinarriak.

35.– Arriskuko haurdunaldia: kontzeptua. Arrisku egoerak. Zainketa obstetriko eta ginekologikoak sailkatzea, deskribatzea eta planifikatzea. Amaren eta fetuaren inplikazioak. Esku-hartzeak eta egoera aztertzea nahasmendu kardiobaskularretan eta arnasketaren, digestioaren, hematologiaren, muskulu eta eskeletoaren eta neurologiaren nahasmenduetan haurdunaldi garaian.

36.– Haurdunaldiak zailtasunak izan dituen emakumearentzako arreta: anemia, tuberkulosia, kardiopatiak, listeriosia, nefritisa, errubeola. Hemorragia arazoak lehen eta bigarren hiruhilekoan: abortua, abortu-arriskua, haurdunaldi ektopikoa eta mola. Alarma seinaleak.

37.– Inplikazio eta esku-hartze zehatzak. Hemorragiak hirugarren hiruhilekoan. Aurreko plazenta, abruptio placentae. Ama eta fetuaren arteko inplikazioak. Berariazko esku-hartzeak.

38.– Arrisku handiko haurdunaldia. Hiperemesia. Hipertentsioa. Diabetea. Isoimmunizazio arazoak: balorazioa. Amaren eta fetuaren inplikazioak. Berariazko esku-hartzeak.

39.– Fetuaren arazoak ernalketa garaian: fetuaren hazkuntza eta garapena aztertzea. Fetuaren heldutasuna aztertzea. Berariazko esku-hartzeak. Fetu itsatsien ondoriozko arazoak: Plazenta, zilbor-heste, mintz eta likido amniotikoko arazoak.

40.– Ernalketaren iraupenarekin loturiko arazoak: Garaiz aurretik erditzeko arriskua, haurdunaldi luzea. Berariazko esku-hartzeak.

41.– Haurdunaldi anizkuna eta erditze anizkuna. Azterketa eta zainketak.

42.– Erditze arriskutsua: kontzeptua, faktore etiologikoak eta horiekin loturikoak. Arrisku egoera psikosozialak: emakume nerabera, emakume bakarra. Erditze-bitarteko heriotza. Dolu perinatal motak, arreta eta esku-hartze bereziak.

Arriskudun jaioberriak: garaiz aurrekoak, heldu gabekoak, garaiz ostekoak. Arazoak sailkatzea. jaioberriaren anoxia. Traumatismoak erditzean, bihotz-biriketako oinarrizko berpiztea eta berpizte aurreratua jaioberrien eta/edo amen kasuan. Hiperbilirrubinemia: arrazoiak, arazoak prebenitzea. Berariazko zainketak. Jaioberrien sepsia: arrazoiak eta arazoak prebenitzea.

43.– Familiako planifikazio arloko osasun hezkuntza. Kontzeptua. Metodo antisorgailuak: naturalak, barrera gisakoak, hormonalak, DIU, kirurgikoak. Kontrazepzioa.

44.– Emakumeei laguntzeko plan integrala. Emakumeentzako arreta eta zainketa: Nerabezaroan, menarkian eta pubertaroan. Ernaltzeko garaian dauden emakumeen arazo ginekologikoak. Sexualitatea: anorgasmia, sexualitatearen nahasmendua. Ohitura osasungarriak sustatzea eta arriskuak prebenitzea eta kontrolatzea. Arazo ginekologikoak dituzten emakumeen zainketak. Hileroko zikloaren nahasmenduak. Ugalketa aparatuan egiturazko arazoak dituzten emakumeak. Ugalketa sistemako hantura eta infekzio prozesuak.

45.– Sexu-organoetako eta bularreko minbiziaren diagnostiko goiztiarra. Prebentzio-programak. Epidemiologia. Laguntzarako jarraibideak. Minbizia ginekologikoa duten emakumeen arreta eta zainketa.

46.– Sexu-transmisioaren bidezko gaixotasunak: sifilia, gonokozia, sexu-organoetako herpesa, trikomoniasia, kandidiasia. Beste gaixotasun batzuk: hiesa eta hepatitisa. Diagnostikoa eta tratamendua. Prebentzioa. Kontrola. Osasun hezkuntza. Sexu transmisioaren bidezko gaixotasunak: osasun publikoko arazoa. Epidemiologia.

47.– Genero indarkeria.Tratu txarrei aurre egiteko protokoloa.

II. GAI-ZERRENDA KOMUNA

1.– Osasun Lanbideen Antolamendua: Osasun Lanbideetan jardutea.

2.– Osasun Sistema Nazionaleko kohesio eta kalitatearen xedapen orokorrak. Prestazioak.

3.– Osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoaren Legea: arau orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lanaldia, baimenak, lizentziak. Bateraezintasunak.

4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea: xedapen orokorrak. Euskadiko Osasun Sistema: Araudia eta Herritarren eskubideak eta eginbeharrak. Programa-kontratua. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren eraketa. Zuzendaritza-antolakuntza. Gestio-araubidea.

5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren definizioa. Xedeak. Zuzendaritza-antolakuntza: zerrenda. Zuzendaritza Nagusia: eraketa. Zerbitzu-erakundeak: legezko aitorpena.

6.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko paziente eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

7.– Pazientearen autonomiaren gaineko printzipio orokorrak, eta eskubideak eta betebeharrak informazio eta dokumentazio klinikoko gaietan. Informazio sanitariorako eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomia errespetatzea. Historia klinikoa. Alta txostena eta bestelako dokumentazio klinikoa.

8.– Eusko Legebiltzarraren 7/2002 Legea, abenduaren 12koa; Borondate aurreratuak osasun-eremuan.

9.– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak.

10.– Osasun Sailaren Ildo Estrategikoak. 2013-2016.

11.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak. 2013-2020.

12.– Lerro estrategikoak eta ekintza-planak. Osakidetza. 2013-2016.

13.– Pazientearen Segurtasunaren Estrategia. Osakidetza. 2013-2016.

14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Ildo Estrategikoak. 2013-2016.

15.– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko II. Plana. 2013-2019.

GAI-ZERRENDA OROKORRA BIBLIOGRAFIA

1.– Fabre González, E.: Manual de Asistencia al Embarazo Normal, 2. argit., INO Reproducción, S.A., Zaragoza, 2001.

2.– Fabre González, E.: Manual de Asistencia al Parto y Puerperio Normal, Ebrolibro, S. L., Zaragoza, 1995.

3.– Fabre González, E.: Asistencia a las Complicaciones Médicas y Quirúrgicas del Embarazo, I eta II liburukiak, Adalia, Madril, 2007.

4.– Fabre González, E.: Manual de Asistencia al Parto y Puerperio Patológico, Ebrolibro, Zaragoza, 1999.

5.– Cabero Roura, L.: Tratado de Ginecología y Obstetricia y Medicina Reproductiva, I eta II liburukiak, 23. argit., Médica Panamericana, S.A., Madril, 2003.

6.– Cunningham, Leveno, Bloom, Hauth, Rouse, Spong: Williams Obstetricia, Mc Graw Hill, Bartzelona, 2010.

7.– Calaf, A.J.: Manual Básico de Anticoncepción, 3. argit., Masson, Madril, 2005.

8. Matronas Instituciones Sanitarias, I, II, III eta IV liburukiak, CEP, S.L., Madril, 2010.

9.– Sbolds ML, London PA, Ladewig. Enfermería Materno Infantil. Un concepto integral, Panamericana, Madril, 2000.

10.– Osasun eta Gizarte Politikako Ministerioa: Guía de Práctica Clínica sobre la Atención al Parto Normal, Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Vitoria-Gasteiz, 2010.

11.– Espainiako Pediatria Elkartea: Manual de Lactancia Materna, de la Teoría a la Práctica, Panamericana, Madril, 2008.

12.– Cloherty, J.P., Eichenwald, E.C., Stark, A.R.: Manual de Neonatología, 6. argit., Wolters Kluwer Health España, S.A., Bartzelona, 2009.

13.– Bulechek, G.M., Butcher, H.K., Mccloskey-Dochterman, J., Clasificación de intervenciones de enfermería (NIC), 5. argit., Elsevier Mosby, Bartzelona, 2009.

14.– Nanda Internacional: Diagnósticos enfermeros: Definiciones y clasificación, 2012 - 2014. Elsevier, Madril, 2013.

15.– Moorhead, S., Johnson, M., Maas, M.: Clasificación de Resultados de Enfermería (NOC), 3. argit., Elsevier Mosby, Madril, 2007.

16.– Erizaintzako Nazioarteko Kontseilua. Espainiako Erizaintzaren Kode Deontologikoa.

17.– Feijo Grande, L.: Ética Profesional de la Enfermería. Filosofía de la Enfermería como Ética del Cuidado, PPC, Madril, 2000.

18.– Argimon Pallás, J.M., Jiménez Villa, J.M.: Métodos de Investigación Clínica y Epidemiología, 3. argit. Elsevier España, S.A., Madril, 2004.

19.– Prebentzioko eta Laneko Osasuneko Zerbitzua, Osakidetza. Informazio-eskuliburua. Osakidetzako langileentzako arrisku orokorrak, 2008 (gaztelaniaz).

20.– Inoz Batzordea: Infekzio Nosokomiala kontrolatzeko arauen eskuliburua, I. eranskina, Osakidetza, 1997.

21.– 175/1989 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarena, paziente eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharren karta onartzen duena.

22.– 41/2002 Legea, azaroaren 14koa; informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen oinarrizko legea.

23.– 825/2010 ED, ekainaren 25ekoa, Sexu- eta ugalketa-osasunaren eta haurdunaldiaren borondatezko etendura arautzen duena.

24.– 39/1999 Legea, azaroaren 5ekoa, Langilearen familia- eta lan-bizitza uztartzea sustatzekoa.

25.– 9/2009 Legea, urriaren 6koa, aitatasun baimenaren iraupena arautzen duena.

26.– Genero indarkeria. Tratu txarrei aurre egiteko protokoloa. Eskuragarri hemen: https://www.osakidetza.net/sites/Intranet/eu/salud-atencion/poblacion-especifica/Orriak/violencia-genero.aspx

27.– 83/2010 Dekretua, martxoaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzeko dena.

28.– Burns, N., Grove, S.K.: Investigación en Enfermería, 5. argit., Elsevier, Madril, 2012.

29.– Dawson, F.G.: Interpretación Fácil de la Bioestadística, Elsevier Saunders, Bartzelona, 2009.

30.– Pazientearen Segurtasunaren Estrategia. Osakidetza. 2013-2016. Hemen eskura daiteke: http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkpubl02/eu/contenidos/informacion/osk_publicaciones/eu_argital/publikoa.html

GAI-ZERRENDA KOMUNAREN BIBLIOGRAFIA

1.– 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa ( 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10 eta 11. artikuloak).

2.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa (1 - 29. artikuloak).

3.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoarena (1, 2, 3, 4, 17, 18, 19, 42, 43, 44, 45, 46, 47, 48, 49, 50, 51, 52, 53, 54, 55, 56, 57, 58, 59, 60, 61, 76 eta 77. artikuloak).

4.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena (1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 19, 20, 21, 22 eta 23. artikuloak).

5.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena (1, 3, 6, 9 eta 13. artikuloak).

6.– 175/1989 Dekretua, uztailaren 18koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko paziente eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharren karta onartzen duena (1, 2, 3 eta 4. artikuloak).

7.– 41/2002 Legea, azaroaren 14koa, informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituen oinarrizko legea (1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 13, 14, 15, 16, 17, 18, 19, 20, 21, 22 eta 23. artikuloak).

8.– Eusko Legebiltzarraren 7/2002 Legea, abenduaren 12koa; Borondate aurreratuak osasun-eremuan (1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7. artikuloak).

9.– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa (4, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 13, 14, 15, 16, 17, 18 eta 19. artikuloak).

10.– Osasun Sailaren Ildo Estrategikoak. 2013-2016.

Http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/lineas_estrategicas_%20euskera.pdf

11.– Osasun Plana. Euskadiko Osasun Politikak. 2013-2020.

Http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/osasun_plana_2013_2020.pdf

12.– Lerro estrategikoak eta ekintza-planak. Osakidetza. 2013-2016.

Http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkpubl02/eu/contenidos/informacion/osk_publicaciones/eu_argital/adjuntos/estrategia/lerroEstrategikoakOsakidetza.pdf

13. - Pazientearen Segurtasunaren Estrategia. Osakidetza. 2013-2016.

Http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/osk_publicaciones/eu_argital/adjuntos/publikoa/SeguridadPacienteEu.pdf

14.– Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Ildo Estrategikoak. 2013-2016.

Http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/eu_pub/adjuntos/l_e_sociosanitarias_eu.pdf

15.– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko II. Plana. 2013-2019.

Http://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_euskera/eu_osk/adjuntos/euskararenPlanaEu.pdf


Azterketa dokumentala