Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2015eko apirilaren 21a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1785

AGINDUA, 2015eko otsailaren 27koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, 2014ko abuztuaren 20ko agindu baten aurka Euskal Autonomia Erkidegoko Ingeniari Industrialen Kontseiluak aurkeztutako berraztertzea-errekurtsoa ebazten duena. Agindu hori: Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko dena.

2014ko abuztuaren 20ko agindu baten aurka, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingeniari Industrialen Kontseiluak aurkeztutako berraztertzea-errekurtsoa ikusi da. Agindu hori: Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko dena, eta 2014ko urriaren 9ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutakoa (192. zk.).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko abuztuaren 20ko Aginduaren bitartez, Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartu zen; betiere, elkargo horrek eskaturik, eta interesdunen alegazioak, galdatutako zuzenketak eta beharrezko txostenak egin ostean.

Bigarrena.– 2014ko azaroaren 7an, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingeniari Industrialen Kontseiluak aukerako berraztertzea-errekurtso aurkeztu zuen, hain justu ere 2014ko abuztuaren 20ko agindu baten aurkakoa; izan ere, agindu horren bitartez, Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartu zen.

Hirugarrena.– Interesdunei entzuteko izapidea burutu ostean, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen lege hori), profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideetan jardutearen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa aplikatzea.

Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio berraztertzea-errekurtsoa hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2-1.2 eta 8-1-d) artikuluetan, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan.

Baina administrazio-bideari amaiera ematen dioten egintza administratiboen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa ezarri ahal izango da, haiek eman zituen organoaren beraren aurrean, edo, bestela, administraziorekiko auzietako jurisdikzio-ordenaren aurrean aurkaratu ahal izango dira, zuzenean.

Hirugarrena.– Laburki esanda: errekurtso-egileak alegatzen du ezen Jaurlaritzaren dekretu bidez –EHAAn argitaratutakoaz– aldatu behar dela izena. Era berean, honako hau adierazten da: ematen den izendapena ez dagokiola bere kide batzuen titulazioari, zeren eta Industria-adarreko ingeniaritzan graduatutakoak ez dira titulazio bat, ezpada zenbait titulazio posibleren talde indefinitu bat; beraz, profesionalak ezin dira identifikatu daukaten titulazioaren arabera, eta, kolegiatu behar diren titulazioei dagokienez, Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren esku uzten da azken erabakia; elkargo horrek bere borondatearen arabera jardungo du, izan ere, ez dago legezko euskarririk, non oinarritu.

Bestalde, errekurtso-egileak zera adierazten du: estatutuetako 2. artikuluaren idazketatik ondorioztatzen denez, Industria-adarreko Ingeniaritzan graduatutakoek Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialean kolegiatu beharko dute, baldin eta obligaziozko bisaturik exijitzen duten lanak egin behar badituzte; baina, horrek bazter uzten du graduatuok Ingeniaritza Industrialeko beste elkargo batzuetan kolegiatzeko aukera, eta, zehazki, obligaziozko bisatu beharrezkoa den kasuei dagokienez, Arabako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialean.

Azkenik, honako hau ere adierazten du: Industria-adarreko Ingeniaritzan graduatutakoak ezin dira parekatu ingienari teknikoekin, eta Industria-adarreko Ingeniaritzako graduak Ingeniaritza Tekniko Industrialaren lanbidean onartzea –profesionalen beste elkargo batzuk baztertuta– segurtasun juridikoaren aurkakoa da, bai graduatuentzat, eta bai elkargoentzat eta zerbitzuen azken buruko kontsumitzaileentzat ere. Ingeniaritza Industrialari lotutako ehundik gora gradu-tituluren zerrenda argitaratu dela aipatzen da –titulu horiek ez dute lanbide-atribuziorik–, eta zehazten da ezen, kolegiatzen badira, ez dagozkien atribuzioak ekar diezazkiekeela.

Laugarrena.– Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren izenari –errekurtsoan aipatutakoari– dagokionez, honako hau adierazi daiteke: aldaketa izapidetan da, zeren, errekurtso-egileek diotenez, beharrezkoa da Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako dekretu bat, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar den, horixe baitago xedatua Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 28-2 eta 29-3 artikuluetan.

Guzti hori dela-eta, ez zen izen berriaren aipamenik egin 2014ko abuztuaren 20ko Agindu errekurrituan –agindu horren bitartez onartu egin zen Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren estutuen aldaketa–; izan ere, aldaketa horren izapideketa aipatu aginduarekin hasi zen, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak emandako dekretuaren ostean izango ditu ondorio juridikoak.

Industria-adarreko Ingeniaritzan graduatutakoak integratu behar dineneko profesionalen elkargoari dagokionez, otsailaren 9ko CIN/351/2009 Aginduko artikulua bakarrean beheragoan zehaztutakoa adierazten da – Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten unibertsitate-tituluak egiaztatzeko betekizunak ezartzeari buruzkoa da lege hori–:

«Artikulu bakarra. Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten gradu-tituluak lortzeko ikasketa-planetarako betekizunak.

Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten gradu-tituluak lortzeko ikasketa-planek honako hauek bete beharko dituzte: Unibertsitate-ikasketa ofizialen antolaketa ezartzeari buruzko urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan aurreikusitakoa; eta errege dekretu horretako I. eranskineko paragrafoetako betekizunak –agindu honetako eranskinean jasotzen direnak.»

Indarreango legeriak arautu egiten du Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbidea, eta lanbide horretan jarduteko beharrezkoa da gradu-titulu ofizial egokia izatea, 1393/2007 Errege Dekretuko 12-9 artikuluan aurreikusitakoaren araberakoa; betiere, Ministroen Kontseiluaren 2008ko abenduaren 26ko Erabakian ezarritako baldintzekin bat etorriaz –Estatutako Aldizkari Ofizialaren 2009ko urtarrilaren 29an eman zen argitara erabaki hori.

Hala ere, Industri Ingeniarien Elkargoan integratu ahal izateko, Master titulu ofiziala izan behar da, zehazki, otsailaren 9ko CIN/351/2009 Aginduan ezartzen da betekizun hori –Ingeniari Industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten unibertsitate-tituluak egiaztatzeko betekizunak ezartzeari buruzkoa da lege hori–. Zehazki honako hau jasotzen du:

«Artikulu bakarra. Master tituluak –Ingeniari Industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen dutenak– lortzeko ikasketa-planetarako betekizunak.

Ingeniari Industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten Master tituluak lortzeko ikasketa-planek honako hauek bete beharko dituzte: Unibertsitate-ikasketa ofizialen antolaketa ezartzeari buruzko urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan aurreikusitakoa; eta errege dekretu horretako I. eranskineko paragrafoetako betekizunak –agindu honetako eranskinean jasotzen direnak.»

Kasu honetan, indarreango legeriak arautu egiten du Ingeniari Industrialaren lanbidea, eta lanbide horretan jarduteko beharrezkoa da Master titulu ofizial egokia izatea, 1393/2007 Errege Dekretuko 15-4 artikuluan aurreikusitakoaren araberakoa; betiere, Ministroen Kontseiluaren 2008ko abenduaren 26ko Erabakian ezarritako baldintzekin bat etorriaz.

1393/2007 Errege Dekretuak indarra ematen dio Gobernuari honako baldintzak ezartzeko: ikasketa-planek bete behar dituztenak. Bada, dekretu horren 12-9 artikuluak honako hau ezartzen du:

«Espainian, aratutako lanbide-jarduerak baliatzeko gaitzen duten tituluen kasuan, Gobernuak ezarri egingo ditu ikasketa-planek konplitu behar dituzten baldintzak; horrez gain, plan horiek Europako arautegi aplikagarriari egokituko zaizkio. Ikasketen plan horiek, betiere, egoki diseinatu beharko dira, hau da, lanbidean jarduteko behar diren konpetentziak lortzera bideratuta. Ondorio horietarako, Unibertsitateak justifikatu egin behar du ikasketen plana egokitu egiten zaiela aipatu baldintzei.»

Azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuaren bitartez, betekizun eta prozedura batzuk ezartzen dira; batetik, unibertsitateko maila akademiko ofizialari eta eta titulazioari dagokienez, baliokidetasuna deklaratu eta homologatzeko; bestetik, atzerriko goi-mailako ikasketak konbalidatzeko, eta, azkenik, Arkitekto, Ingeniari, Lizentziatu, Arkitekto Tekniko, Ingeniari Tekniko eta Diplomatuen titulu ofizialen hezkuntzari dagozkion kualifikazioen Espainiako markoaren mailen korrespondentzia finkatzeko. Eta dekretu horren I. eranskinean erreferentzia egiten zaio otsailaren 9ko CIN/351/2009 Aginduari; zehazki, espezialitate egokian, Ingeniari Tekniko Industrialaren tituluari dagokionez, zeinak lanbidean jarduteko gaikuntza baitakar.

Hortaz, aipatutako arauak direla-eta, Ingeniaritza Industrialeko gradua lortzen dutenek –baldin otsailaren 9ko CIN/351/2009 Aginduan aurreikusi betekizunak konplitzen baditu eta eskudun agintaritzek haren baliagarritasuna eta baliokidetasuna deklaratu badituzte– Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialean integratu behar dute. Lege hori: Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten unibertsitate-tituluak egiaztatzeko betekizunak ezartzeari buruzkoa.

Hala ere, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeko –apirilaren 23ko 7/2012 Legaz aldatutako– 30-1 artikuluan ezarritakoa kontuan izan behar da. Azken lege horren bitartez zenbat lege aldatu ziren, hain justu ere Batasuneko Kontseiluaren eta Parlamentuaren abenduaren 12ko 2006/123/CE Zuzentarauari egokitzeko; zeinak, barruko merkatuko zerbitzuei dagokienez, zera ezartzen baitu: «elkargodun lanbideetan jarduteko ezinbestekoa da elkargo egokiko kide egitea, baldin eta legeak halaxe ezartzen badu.»

Halaber, abenduaren 22ko 25/2009 Legeaz zenbait lege aldatu ziren, hain justu ere Zerbitzu-jardueretara oztoporik gabe iristeari eta zerbitzuetan oztoporik gabe jarduteari buruzko Legeari egokitzeko. Bada, lege hartan ezartzen denez, autonomia erkidegoei kontsulta egin ostean, Gobernuak lege bidez erregulatuko ditu kolegiatzea beharrezko duten lanbideak. Aipatu legeak indarra hartu arte, kolegiatzeari dagokionez indarrean diren obligazioei eutsiko zaie.

Proiektu horretan elkargo bateko kide izan beharraren jarraitutasuna aurreikusi beharko da hura jardun profesionalaren kontrolerako tresna eraginkorra den kasuetan ?zerbitzuen hartzaileak hobeto babesteko?, bai eta interes publiko bereziko gaiak modu larrian edo oso larrian kaltetu daitezkeen jardueretan ere, pertsona fisikoen osasunaren babesa eta osotasun fisikoa edo segurtasun pertsonala edo juridikoa kaltetu daitezkeen kasuetan, adibidez.

Aurreko hiru paragrafoetan adierazitakoaren ildotik, zera adieraz daiteke: Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuek, 2. artikuluan, zuzen jaso dute kolegiatzeko obligazioa aldi baterako dela, zehazki, kolegiatzea beharrezko duten lanbideen zerrenda ezarriko duen legea indarrean sartu arte.

Era berean, adierazi behar da ezen «Arabako Peritu, Ingeniari Tekniko eta Industria-adarreko Ingeniaritzako Graduatuen Elkargo Ofiziala» izena zuzena dela, zeren indarreango araudiak gradu-titulua exijitzen baitu, baldin eta Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbidean jardun nahi bada; eta aldi berean lehenagoko titulazioei eutsi egiten zaie. Bestela, Ingeniari Industrialen Elkargoan integratzeko, beharrezkoa da Master titulua izatea.

Horrez gain, adierazten da ezen Elkargoaren izen ofizialean ezinezko dela erreferentzia egitea Ingeniaritza Tekniko Industrialaren baliokide diren gradu-titulazio guztiei; hortaz, generikoki definitu behar dira, baina gaizkiulertuak baztertzeko eran.

Otsailaren 9ko CIN/351/2009 Aginduaren eranskinean erreferentzia egiten zaie «Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbide arautuan jarduteko gaitzen duten tituluei». Eranskineko 3. paragrafoan aipatu egiten da generikoki ingeniaritza industriala, eta beran zera adierazten da: Ingeniaritza Tekniko Industrialaren baliokide diren gradu-ikasketen bidez ikasleek honako hauek lortu behar dituztela: «ingeniaritza industrialaren arloan, proiektuak idatzi, sinatu eta garatzeko gaitasuna; ekimenez arazoak ebazteko gaitasuna; erabakiak hartzekoa; sormena; arrazoimen kritikoa; eta ingeniaritza industrialaren arloan ezagutzak, trebetasunak eta abileziak komunikatu era transmititzeko gaitasuna». 5.paragrafoan, oinarrizko prestakuntzaren blokeari –60 kreditukoari– egiten zaio erreferentzia, eta bai industria-adarrerako komuna den moduluan eskuratu behar diren konpetentziei ere.

Horrez gain, Bolonia prozesuaren ostean unibertsitateek zelan eta titulazio berriak sor ditzaketen, betiere ANECAk baimena eman ezkero, beharrezkoa da Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbidearen baliokidea den gradua generikoki definitzea, eta formula hauxe da: «Industria-adarreko Ingeniaritzan Graduatuak» zuzena, koherentea eta zuzenbidearekin bar datorrena.

Bestaldetik, zelan eta zuzenbide publikoko korporazioa den eta zelan eta Administrazio Publikoak eskuordetutako funtzioak dituen, Elkargoko kide izan daitezkeen kolegiatuei dagokienez, Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialak badu erabakiak hartzeko ahalmenik, betiere (ANECA) Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentziak onartu ikasketa-planetan oinarritutik. Delako hautaketak irizpide objektibo eta legezkoetan izan behar du oinarria, eta, nagusiki, Unibertsitateen Kontseiluak egindako egiaztapen eta zerrendetan, horixe xedatzen baita otsailaren 9ko CIN/311/2009 Aginduaren eranskineko 1-1-2 paragrafoan, hau da:

«Unibertsitate-titulu ofizial baten izenak Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbideaz erreferentzia berariazkorik jasotzen badu, titulu horri dagokion ikasketa-planik ezin izango du egiaztatu Unibertsitateen Kontseiluak, baldin eta aipatu erabakian eta agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu delako tituluak.»

Eta guzti horrez gain, zera esan behar da: errekurtso-egileak aipatzen duen zerrendak ez dituela jasotzen lanbide-atribuzio barik Ingeniaritza Industrialari lotutako ehundik gora gradu-titulu, ezpada aipatu zerrendan errepikatu egiten ditu titulu berberak, eta guztiak ere sei titulaziotara murrizten dira, horietarik hiruk industriala hitza jasotzen dute eta ez dute lanbide-atribuziorik.

Errekurtso-egileak bisatuaz egiten duen erreferentziari dagokionez, ez dira nahastu behar, batetik, elkargokideek borondatez eskatuta edo araudiak hala ezartzen duelako, lan profesionalak bisatzearren elkargoek betetzen duten funtzioa; eta, bestetik, profesionalak kolegiatzea –jada aipatua izan dena.

Estatutuetako 2. artikuluan bisatuaz egiten den aipamena honako honi buruzkoa da: lan teknikoak bisatu ahal izateko, kolegiaturik egoteko obligazioari buruzkoa, alegia. 2. artikuluan delako aipamen hori beharrezkoa ez bada ere –zeren estatutuetako 48. artikuluan arautzen baita bisatua–, hura jasotzea bat dator zuzenbidearekin.

Guzti hori gorabehera, eta zelan eta Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuetako 2-1 artikuluan ez den zehaztu honakoa hau: industria-adarreko ingeniaritzako graduetarik zeintzuk parekatzen diren Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen tituluekin, beharrezkoa da aipatu artikuluan –segurtasun juridikoa dela eta– otsailaren 9ko CIN/351/2009 Aginduaz erreferentzia bat jasotzea; izan ere, lege horren bitartez, Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten unibertsitate-tituluak egiaztatzeko betekizunak ezartzen dira.

Aipatutako manuak eta aplikagarriak diren gainerako arauak IKUSITA, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingeniari Industrialen Kontseiluak aurkeztutako aukerako berraztertze-errekurtsoa –2014ko abuztuaren 20ko Aginduaren aurkakoa– onestea, izan ere, agindu horren bitartez, Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartu zen. Guztia ere, jarraian zehaztutako alderdiei dagokienez:

1.– Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen dituen 2014ko abuztuaren 20ko Aginduan ez zitzaion egin berariazko erreferentziarik Elkargoak eskatutako izen berriari, zeren izena aldatzeko espedientea ez baitago bukaturik.

Hortaz, agindu honetan berariaz zehazten da honako hu: Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialaren izena aldatzeko proposamena izapidetan dela, betiere Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 28-2 eta 29-3 artikuluetan xedatutakoa betetzearren; izan ere, artikulu horren bitartez honako hau ezartzen da: Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretuz egin behar dela delako aldaketa, eta ordutik aurrera izango ditu ondorio juridikoak.

2.– Arabako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofizialean integratzen diren pertsonek izan behar dituzten gradu-tituluak –Industria-adarreko ingeniaritzakoak– zehazteko, eta segurtasun juridikoa bermatzeko, Elkargoaren estatutuetako 2-1 artikuluan, otsailaren 9ko CIN/351/2009 Aginduaren erreferentzia bat jaso behar da; izan ere, agindu horren bidez, Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten unibertsitate-tituluak egiaztatzeko betekizunak ezartzen dira. Hori dela-eta, honako honen ordez:

«Arabako Peritu, Ingeniari Tekniko eta Industria-adarreko Ingeniaritzako Graduatuen Elkargo Ofiziala honako hauek osatuko dute: Industria-adarreko Ingeniaritzan Graduatuak; adar horretako Ingeniari Teknikoaren titulua dutenak.»

Honako hau esan behar da:

«Arabako Peritu, Ingeniari Tekniko eta Industria-adarreko Ingeniaritzako Graduatuen Elkargo Ofiziala honako hauek osatuko dute: Industria-adarreko Ingeniaritzan Graduatuak, zeintzuen tituluek bete egiten baitituzte otsailaren 9ko CIN/351/2009 Aginduan aurreikusitakoa; adar horretako Ingeniari Teknikoaren titulua dutenak.» –lege horren bitartez, Ingeniari Tekniko Industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten unibertsitate-tituluak egiaztatzeko betekizunak ezartzen dira.

Bigarrena.– Aurkeztutako gainontzeko alegazioak ezestea.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honetan amaitzen da administrazio-bidea, eta beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hileko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 27a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala