Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2015eko apirilaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1652

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 26koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren Arloko errektoreordearena, honako hau argitaratzekoa: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean gradu amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko arautegia, 2015eko martxoaren 12ko Gobernu Kontseiluan onartua.

Unibertsitateak, bere ahalmenaz baliatuta, arau eta prozedurak ezarri behar ditu bere gestioaren arlo desberdinetako zereginak tramitatu ahal izateko.

Honekin batera doan proposamena Graduko Batzordeak onetsi zuen 2015eko otsailaren 27an, eta Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2015eko martxoaren 12an.

Aipaturiko guztia kontuan hartuta, eta otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 10.2. artikuluan dioena betetzeko (2004-03-12ko EHAA), honako hau

EBAZTEN DUT:

Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean gradu amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko arautegia, 2015eko martxoaren 12ko Gobernu Kontseiluan onartua.

Leioa, 2015eko martxoaren 26a.

EE (2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpena, 2013-02-13ko EHAA)

Gradu ikasketen eta berrikuntzaren arloko errektoreordea,

AMAYA ZÁRRAGA CASTRO.

UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAN GRADU AMAIERAKO LANA EGIN ETA DEFENDATZEARI BURUZKO ARAUTEGIA

Zioen azalpena

Urriaren 29ko 1393/2007 errege dekretuak, 861/2010 errege dekretuak eraldatuta, III. kapituluan, graduko ikasketa ofizialei buruzkoan, xedatzen du ikasketa horietan, gradu amaierako lan bat egin eta defendatu beharko dela eta beste atal baten gehitzen du Gradu Amaierako Lanak 6 eta 30 kreditu bitartean izango dituela, ikasketa planaren bukaerako fasean egin beharko dela eta tituluari lotutako gaitasunen ebaluazioa egitera bideratuta egon beharko dela. Ez du lana egin eta ebaluatzeko beste xedapenik jasotzen eta hortaz, unibertsitate bakoitzak arautu behar zuen zein bere autonomiaz baliatuta.

Testuinguru honetan, gradu amaierako lanak modu homogeneoan planifikatu eta ebaluatuko direla bermatuko duten irizpide eta prozedurak bateratzeko xedeaz eta titulazio bakoitzak berezitasunak berezitasun, ikastegian ikastegiko batzarrek behar bezala jaso eta arautu eta argitaratu beharrekoak, izaera orokorreko zenbait arau ezarri zen Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitaterako Gradu Amaierako Lana egin eta defendatzeko arautegian jasota, Gobernu Kontseiluak 2011ko martxoaren 10ean onartu eta, Akademi Antolakuntzako errektoreordearen 2011ko martxoaren 21eko erabakia bitarte, 2011ko apirilaren 19ko EHAAn argitaratutakoan. Ondoren, aldarazi egin zen UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 16an hartutako erabakiaren bidez (2012ko ekainaren 19ko EHAA) eta egun indarrean jarraitzen du.

Hala ere, arautegiak izan duen aplikazioaren esperientziaren argitara, zenbait aldaketa egin beharra ikusi da eta helburu honekin onetsi da honako arautegi hau.

1. artikulua.– Helburuaz eta aplikazio eremuaz.

1.– Arautegi honek UPV/EHUk ematen dituen graduko ikasketa planetan zehaztutako Gradu Amaierako Lana (GRAL) definitu, egin, defendatu, kalifikatu eta tramitatzeko irizpideak jasotzen ditu.

2.– Araututako jarduera profesionaletan aritzeko gaitasuna ematen duten tituluetako gradu amaierako lanak kasuan kasuko tituluak egiaztatzeko baldintzak zehazten dituen aginduan xedatutakoaren arabera arautuko dira; arautegi hau ere aplikatuko da, baina, betiere, aipatutako aginduaren menpe egongo da.

3.– Arautegi honen edukia, besteak beste, ebaluazio sistemaren, kredituen transferentzia eta onarpenaren eta ikasleen mugikortasunaren arloetan indarrean dauden UPV/EHUko gainerako arau eta prozedurekin osatuko da.

4.– Fakultate edo eskoletako batzarrek arautegi hau garatu ahalko dute ikastegi bakoitzean ematen diren graduko titulu bakoitzaren ezaugarrietara moldatzeko. Edonola ere, ikastegi bakoitzak zehazten dituen arauak ikastegiko batzarrean onartu eta ikastegian bertan argitaratu beharko dira.

2. artikulua.– Gradu Amaierako Lanaren izaeraz.

1.– Gradu Amaierako Lana gauzatzeko, ikasle bakoitzak, banaka, proiektu, memoria edo azterlan orijinal bat egin behar du, zuzendari baten edo gehiagoren gidaritzapean, eta bertan graduko ikasketa aldian jasotako prestakuntza gaiak eta lortu dituzten ahalmen, gaitasun eta trebetasunak bildu eta garatuko dira.

2.– GRALa titulazioarekin lotutako gaitasun orokorrak aplikatzeari eta, oro har, ikaslearen ikasketa arlokoak izango diren datu garrantzitsuak bilatu, kudeatu, antolatu eta interpretatzeari begira egingo da, ikasleak gizarteari, zientziari, teknologiari edo etikari loturiko gai nabarmenei buruzko gogoeta egin eta iritzia eman dezan eta gogoeta eta iritzi horiek kritikoak, logikoak eta sortzaileak izan daitezen.

3.– Oro har, Gradu Amaierako Lana defendatu eta ebaluatu ahal izateko, egiaztatu egin beharko da ikasleak ikasketa planeko gainerako gai guztiak gaindituta dituela eta, hortaz, Gradu Amaierako Lanari dagozkion kredituak izan ezik, graduko titulua lortzeko beharrezkoak diren gainerako kreditu guztiak dituela.

Hala ere, ikastegiak aukera dauka bere arautegian jasotzeko Gradu Amaierako Lana graduko azken mailan defendatu eta ebaluatzeko aukera, ikasleak ikasketa planean geratzen zaizkion irakasgai guztietarako matrikula eginda badauka. Horrelakoetan, Gradu Amaierako Lana defendatzeko zehaztutako baldintzak berberak izan behar dira ikastegian ematen diren ikasketa plan guztietarako. Titulazioa ikastegi batean baino gehiagotan ematen bada, baldintzak berberak izan behar dira guztietan.

4.– Gradu Amaierako Lana jabetza intelektualari buruzko legeak babestutako lana da. Ondorioz, jabetza intelektualeko eskubideen titularra lana egin duena izango da, Gradu Amaierako Lana esleitzeko dokumentuan bestelakorik zehaztu ez bada, ikaslearen beraren onarpenarekin eta indarreko legerian xedatutako baldintzen arabera.

3. artikulua.– Izena emateaz eta deialdiez.

1.– GRALerako matrikula unibertsitateak matrikula egiteko ezarriko duen epe orokorrean egingo da, edota kasuan kasuko ikasturtean zehar, esleituta dituen kredituetarako ezarritako prezio publikoak ordainduta. Matrikula hori egiteko, ikasleak bete egin beharko ditu Gradu Amaierako Lanaren defentsa egin ahal izateko 2.3 artikuluan ezarritako baldintza orokorrak, edo bere ikastegian zehaztutakoak.

Edozelan ere, Gradu Amaierako Lanaren matrikula egin ahal izateko, ikasleak matrikulatuta izan beharko ditu ikasketa plana bukatzeko geratzen zaizkion irakasgai guztiak, betiere, ikasketa planean bestelako baldintzarik ezarri ezean.

2.– Matrikulak eskubidea emango dio ikasleari ikasturte bakoitzean bi deialdi ofizialetara aurkezteko, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegian zehaztutakoarekin bat. Lana unean uneko ikasturtean ezarritako deialdietan defendatu ez duen edo gainditu ez duen ikasleak matrikula egin beharko du berriro hurrengo ikasturtean.

3.– Ikasleek Gradu Amaierako Lana zein hizkuntzatan egin eta defendatu nahi duten zehaztuko dute.

4.– Ikastegiek, irakaskuntza antolatzeko eta programak egiteko irizpideak kontuan hartuta, gradu amaierako lanen defentsak ikasturtean zehar banatu ahal izango dituzte edo, bestela, multzokatuta egin ditzakete, azken kasu horretan ikasturte bakoitzean gutxienez bi aldi zehaztuta, eta kontuan hartuta Gradu Amaierako Lana graduko azken mailako bigarren lauhileko irakasgaia dela. Ikasleak karrera amaierako aparteko deialdia eskatu ahal izango du Graduko Ikasketen Gestiorako Araudian zehaztutako baldintzei jarraituz.

5.– Gradu Amaierako Lanaren ebaluazioaren akta unibertsitateko ebaluazio arautegiari jarraiki itxi beharko da eta epaimahaiko idazkariaren ardura izango da akta behar bezala bete eta ikastegiak zehaztutako prozedurari jarraiki administrazio zerbitzuei helaraztea. Horrez gain, ikastegiko zuzendariari dagokio artikulu honetan ezarritakoa betetzen dela zaintzea.

4. artikulua.– Zuzendariaz, hura esleitzeaz eta lanerako gaia aukeratzeaz.

1.– Graduan irakaskuntza duten sailen bateko kide diren irakasleek edo gradua irakasten duen ikastegiari atxikitakoek zuzenduko dute Gradu Amaierako Lana. Irakaslearen ardura izango da ikasleari lanaren ezaugarriak azaltzea, ikasleari lana egiteko orientazioa ematea eta zehaztutako helburuak betetzen direla zaintzea, bai eta lanaren jarraipena egitea eta ikasleari lana defendatu aurretik emango zaion txostena idaztea ere.

2.– Gradu Amaierako Lanak zuzendari bat baino gehiago izan ahalko ditu.

3.– Unibertsitateari lotutako doktoreek ere zuzendu ahalko dituzte gradu amaierako lanak, baldin eta graduan irakaskuntza duten sailen bateko kide den edo gradua irakasten duen ikastegiari atxikita dagoen zuzendarikiderik badago.

4.– Ikasleak Gradu Amaierako Lan osoa edo horren zati bat UPV/EHU ez den erakunde batean egiten badu, praktika hitzarmen baten barruan, Gradu Amaierako Lana unibertsitateaz kanpoko pertsonek zuzendu ahalko dute, baina kasu horretan 4.1 ataleko baldintzak betetzen dituen zuzendarikide-tutore bat egon beharko da.

5.– Ikastegiko batzarrak, edo, hala dagokionean, hark eskuordetutako batzordeak, prozedura bat zehaztu eta argitaratuko du matrikula aldi orokorra bukatu orduko, zuzendariak eta Gradu Amaierako Lana egiterakoan landu daitezkeen gaiak ikasleei esleitzeko eta Gradu Amaierako Lana egin eta defendatzeko erabil daitezkeen hizkuntzak zehazteko.

Graduan irakaskuntza daukaten sail guztiek eskaini eta zuzendu behar dituzte gradu amaierako lanak, ikastegiak Gradu Amaierako Lanen Arautegian zehaztutakoari jarraituz.

5. artikulua.– Balioespen epaimahaiaz.

1.– Epaimahaiak ikastegiko batzarrak, edo, hala dagokionean, eskuordetutako batzordeak ezarritako moduan eratuko dira, matrikulatutako ikasle kopurua eta egin diren gradu amaierako lanen gaiak kontuan hartuta. Edonola ere, bermatu egin beharko da epaimahaiak egongo direla bi hizkuntza ofizialetarako.

2.– Epaimahai bakoitza hiru kidek eta gutxienez, ordezko batek osatuko dute, eta guztiak izan beharko dira graduko titulua irakasten den ikastegiko irakasleak.

3.– Epaimahai bakoitzean epaimahaiburu bat eta idazkari bat egongo dira. Ikastegiak bestelako zehaztapenik eman ezean, epaimahaiburuak eta idazkariak horrela jardungo dute beti eta horiek izendatzeko irakasle kategoria eta antzinatasuna hartuko dira kontuan.

6. artikulua.– Gradu Amaierako Lanaren aurkezpenaz eta defentsaz.

1.– Ikasleek matrikula eginda daukaten ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko dute Gradu Amaierako Lana paperean edo/eta euskarri informatikoan, lanaren izaerak bestelako biderik eskatzen ez badu behintzat, eta ikastegiak zehaztutako ale kopurua entregatu beharko dute, ikastegiak ezarritako epearen barruan. Idazkariak kopia elektroniko bat helarazi beharko dio epaimahaikide bakoitzari.

2.– Ikasleak aurrez aurre defendatu beharko du Gradu Amaierako Lana.

Ikaslea mugikortasun programa batean badago eta programa horretan dagoela egiten badu Gradu Amaierako Lana, defentsa beste unibertsitatean egin ahal izango du, betiere, bi unibertsitateek aldez aurretik horretako baldintzak zehaztuta badituzte.

3.– Titulua egiaztatzeko memorian ezarritakoaren arabera graduan eskolak emateko erabili diren hizkuntzetako edozeinetan egin, aurkeztu eta defendatu ahalko da lana, baldin eta hizkuntza horiek dakizkiten epaimahaiak osatu ahal badira. Edonola era, Gradu Amaierako Lana autonomia erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin eta defendatzeko eskubidea bermatuko da.

4.– Ikasle bakoitzak Gradu Amaierako Lanaren defentsa egiteko gehienezko denbora tarte bat edukiko du eta denbora tarte horretan bere lanaren helburuak, metodologia, edukia eta ondorioak azaldu beharko ditu; ondoren, epaimahaiko kideek egin diezazkioketen galdera, argibide, komentario edo iradokizunei erantzunez.

7. artikulua.– Ebaluazio eta kalifikazioaz.

1.– Ikaslearen aurkezpena bukatutakoan eta zuzendariaren txostena ikusitakoan, epaimahaiak ikasleari eman beharreko kalifikazioa eztabaidatuko du ikasketen gidaliburuan Gradu Amaierako Lanari buruz argitaratutako irizpideen arabera eta titulua egiaztatzeko memorian ezarritakoari jarraiki.

2.– Ikasleak lana gainditzen ez badu, epaimahaiak lana hobetzeko iradokizunak jasotzen dituen txosten bat helaraziko dio ikasleari, lana berriz ebaluatzen denerako. Zuzendariari ere txostenaren kopia bat bidaliko zaio.

3.– Kalifikazioa epaimahaiak zehaztuko du, eta 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskalan emango da, hamartar bakarrarekin, eta kalifikazio hori letraz ere adieraziko da:

-------- Aurkezteke (AG)

0 – 4,9: Suspentso (S)

5,0 – 6,9: Nahiko (N)

7,0 – 8,9: Oso ongi (OO).

9,0 – 10: Bikain (B)

Deialdiren batean defentsa eskubideari uko eginda, aurkezteke jarriko da.

Ikasturteko GRAL guztiak kalifikatu ondoren, ikastegiak «ohorezko matrikula» eman ahal izango die 9,0 kalifikazioa edo handiagoa lortu duten ikasleei, baina, betiere, gehienez ere Gradu Amaierako Lanaren defentsan kalifikaziorik onena lortu duten ikasleen % 5ari.

4.– Gradu amaierako lanen azken kalifikazioen berrikuspenak edo erreklamazioak unibertsitateko ebaluazio arautegiari jarraiki egingo dira baina epaimahaia tartean dagoenez, ebaluazioaren lehenengo berrikuspena epaimahaiak berak egingo du eta, ondoren, ikastegiko erreklamazio batzordeak emango du erabakia; erabaki horren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio unibertsitateko errektoreari.

5.– Nolanahi ere, gradu amaierako lanen kalifikazioak urriaren 31 baino lehen ageri behar da matrikulatutako ikaslearen espedientean, gai honi dagokion atalean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Unibertsitateko Graduko Batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatzeko, bai eta arautegia aplikatzerakoan sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean Gradu Amaierako Lana egin eta defendatzeari buruzko aurreko araudia, Gobernu Kontseiluak 2012ko maiatzaren 16an onartutakoa, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Akademia Antolakuntzako errektoreordeak 2012ko maiatzaren 21ean emandako erabakiaren bidez 2012ko ekainaren 19an EHAAn argitaratua.

AZKEN XEDAPENA.– Arautegia indarrean jartzea.

Arautegi hau UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak behin onartuta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean, eta 861/2010 EDk aldatutako 1393/2007 EDk araututako tituluei aplikatuko zaie.


Azterketa dokumentala