67. zk., 2015eko apirilaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (230 KB - 3 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1651
AGINDUA, 2015eko apirilaren 1ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, sailburu horren 2014ko martxoaren 26ko Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez arautzen dira unibertsitateko eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteek atzerriko enpresetan eta erakundeetan praktikak egin ahal izateko «Global Training» deituriko beken programa abian jartzeko ahalmena duten erakundeentzako laguntzak.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren bidez arautzen dira unibertsitateko eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteek atzerriko enpresetan eta erakundeetan praktikak egin ahal izateko «Global Training» deituriko beken programa abian jartzeko ahalmena duten erakundeentzako laguntzak. Agindu hori 2014ko apirilaren 2ko EHAAn argitaratu zen (64. zk.).
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen nazioz gaindiko mugikortasuna sustatzea, aurretik planifikatutako prestakuntza praktikoaren plangintza bati jarraituz, beren profil akademiko eta profesionalarekin zerikusia duten jarduerak eta proiektuak gara ditzaten atzerriko enpresa eta erakundeetan, lan-merkatura sartzeko trebatuz. Izan ere, bai 2020 Europar Estrategiaren bidez hazkunde zentzuzkoa, iraunkorra eta solidarioa lortzeko eta bai euskal ekonomiaren nazioartekotzea sustatzeko, goi-mailako prestakuntza duten gazteak beharko dira, eta gaitasunok batez ere hezkuntza ez-formalaren bitartez eskuratuko dira; bereziki sustatzekoak izango dira nazioarteko mugikortasuna, boluntariotza, laneko ingurune errealetan ikaskuntza praktikoa gauzatzea eta gazteen partaidetza aktiboa.
Aipatu 2014ko martxoaren 26ko Aginduak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko apirilaren 10eko Agindua baliogabetu zuen, eta laguntza emateko eskabide-espedienteak ebazteko norgehiagokako sistema bat ezarri, baliogabetutako arauak xedatzen zuen sistema sekuentzialaren ordez. Iragandako deialdian hartutako eskarmentuak lehiaketa baiesten du bidezko ebazpen-prozedura bezala, baina aginduan ezarritako balioztatze-irizpideak eta ponderazio-faktoreak gardentasunez eta argitasunez berriro definitzeko beharra adierazten du, eta, beraz, horiek urteko deialdi-ebazpenari erantsiko zaizkio.
Horrenbestez, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren lehenengo artikulua –xedea– aldatzen da. Agindu horren bidez arautzen dira unibertsitateko eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteek atzerriko enpresetan eta erakundeetan praktikak egin ahal izateko «Global Training» deituriko beken programa abian jartzeko ahalmena duten erakundeentzako laguntzak. Beraz, lehenengo artikulua honela idatzita geratzen da:
«Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren «Global Training» Beken programaren kudeaketan parte hartu nahi duten erakundeei itzultzerik gabeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea. Beka horien xedea, bestalde, unibertsitate-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteen prestakuntza praktikoa atzerriko enpresetan eta erakundeetan gauzatzea da.
Lankidetza hori gauzatuko da deialdia egiteko eta beken hautagaiak eta praktikak egiteko enpresak hautatzeko prozesuak erraztuz eta Global Training bekadunei prestakuntza emanez, arreta eskainiz eta horien jarraipena eginez, betiere agindu honen eranskinean aurreikusitakoaren arabera».
Bigarren artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aipatu 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren 3. artikuluko b) eta c) idatzi-zatiak –erakunde onuradunak– aldatzen dira. Idatzi-zati horien idazketa berria hauxe izango da:
«b) Gutxienez bi urteko esperientzia izatea unibertsitate-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako proiektu eta prestakuntza-jarduerak gauzatzen; era berean, gutxienez bi urteko esperientzia izatea lan-mundura sartzeko bidea erraztuko dieten gaitasunetan gazteak prestatzeko proiektuak eta jarduerak gauzatzen, betiere nazioarteko mugikortasun-programen bidez.
c) Beren estatutuen arabera, jarduera-eremua Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakundeak izatea».
Hirugarren artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aipatu 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren 6. artikuluko hirugarren paragrafoa –prozedura-hasiera, urteroko deialdi publikoa– aldatzen da. Paragrafo horren idazketa berria hauxe izango da:
«Era berean, ebazpenari erantsita honako hauek argitaratuko dira: eskabide-inprimakia, balioztatze-irizpideak aplikatzeko adierazleak eta ponderazio-faktoreak, proiektuen argitasuna zehazteko enpresek bete beharreko lauki edo txantiloi eredua, eta beka luzatzearen aurreakordio-eredua. Aurreakordio hori erantsi beharko da praktikak egingo direneko enpresaren edo deialdia egiten duen erakundearen kontura bekaz baliatzeko denbora luzatzeko balioztatze-irizpidea ebaluatzeko.»
Laugarren artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aipatu 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren 7. artikuluko 2. paragrafoaren e) idatzi-zatiaren "I" puntua aldatzen da. Idatzi-zati horren idazketa berria hauxe izango da:
«I.– Deialdirako proposatzen dituen "Global Training" beken kopurua, agindu honen eranskinean aurreikusitako baldintzekin bat etorriz, eta, betiere, agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako urteko deialdi-ebazpenean zehaztuko diren mugen barnean».
Bosgarren artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren aipatu 2014ko martxoaren 26ko Aginduaren 10. artikulua –balorazio-irizpideak eta ponderazio-faktoreak– aldatzen da. Idatzi-zati horren idazketa berria hauxe izango da:
«Onuradun izateko baldintzak garaiz eta forman bete izana egiaztatzen duten enpresei eta erakundeei emango zaizkie laguntzak, betiere honako balioztatze-irizpide hauen arabera:
1.– Proiektuen argitasuna. Proiektuak balioztatzeko, aintzat hartuko da eskainitako praktika bakoitzaren destinoak ondo identifikatzea. Beraz, ponderazio onena izango du eskabidean honako hauen inguruko ahalik eta zehaztasun handiena emateak: destino geografikoa, nazioarteko enpresa edo erakundea, erreferentziako lanpostua eta bekadunaren profila (30 puntu). Hobeto ebaluatzeko, deialdi-ebazpenean jasota egongo den lauki-eredua beteta aurkeztuko da.
2.– Bekaren aldia luzatzea, deialdia egiten duen erakundearen edo praktikak egiten direneko enpresaren kontura, betiere agindu honetan ezarritako gehienezko mugaraino (35 puntu). Erakunde laguntzailearen eta praktikak egingo direneko destinoko enpresaren artean hitzartutako luzapen-aurreakordioen arabera egingo da balioztapen-irizpide honen ebaluaketa. Aurreakordio-eredu bat eskuragarri izango dute erakundeek urteroko deialdi-ebazpenaren eranskinetan.
3.– Eskainitako beka-kopurua. Proiektuen zerrenda orokorrean, aintzat hartuko da eskainitako plaza-kopurua (15 puntu).
4.– Erakundeen arteko lankidetza eraginkorra eta erreala, proiektuaren garapeneko faseetan bikaintasuna bermatuko duena: publizitatea eta deialdia, hautaketa, prestakuntza, praktika hoberenen bilaketa eta prozesu osoaren monitorizazioa (10 puntu). Lankidetza horren emaitza proiektuaren kudeaketa bakarra izan behar da.»
5.– Azken bi urteetako lankidetzaren emaitza (10 puntu). Adierazle gisa, bi datu objektibo hartuko dira aintzat: Deitutako beka guztietatik zenbat hautagaitza izan dituen erakunde laguntzaileak eta erakundearekin egindako praktiken emaitzaren balioztapen orokorra.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Auzien Salan, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 1a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.