45. zk., 2015eko martxoaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (220 KB - 3 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
1101
AGINDUA, 2015eko martxoaren 2koa, Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioaren 52. artikuluko 12. paragrafoan aurreikusitako aukeraren inguruko erabakia hartzeko dena.
Gai partikularrengatiko baimena urtarrilaren 17ko 4/2012 Dekretuaren 52. artikuluan dago jasota (urtarrilaren 20ko EHAA, 14. zenbakia; dekretu horrek 2011., 2012. eta 2013. urteei dagokienez Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzeko akordioa onartzen du), eta artikulu horretan honako hau dago jasota: zerbitzuko arrazoiak direla eta, aukera egongo da funtzionarioek erabaki dezaten konpentsazio ekonomikoa eskuratu ahal izatea, gai partikularrengatiko hiru egunak hartu ordez (hiru egun horiek 22 ordu eta 30 minututzat hartzen dira).
2013ko martxoaren 25eko Aginduaren bidez (apirilaren 8ko EHAA, 66. zk.), xedatu zen Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen zituen Akordioko 52. artikuluaren laugarren paragrafoan aurreikusitako aukera hori indarrik gabe geratuko zela 2013. urteko urtarrilaren 1etik aurrera, hain zuzen ere gai horren inguruko bestelako agindurik ematen ez zen artean, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa indarrean zen bitartean, betiere zerbitzuko premiak kontuan izanda.
2013. urtean, gorago aipaturiko agindu hori eman zenean hain juxtu ere, indarrean zegoen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48.1.K artikulua, hala zehaztu baitzuen uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretuak, aurrekontuen egonkortasuna bermatu eta lehiakortasuna sustatzekoak (uztailaren 14ko BOE, 168. zk.); artikulu horretan esaten zenez, gai partikularrengatiko egunak hiru ziren. Gerora, agindu hori hainbat aldiz aldatu izan dute, eta gaur egun indarrean dagoena irailaren 16ko 15/2014 Legeak ezarritakoa da (lege horren bidez, Sektore Publikoa Arrazionalizatu eta Administrazioa Eraberritzeko beste hainbat neurri hartzen dira; irailaren 17ko BOE, 226. zk.). Bada, azken horretan esaten denaren arabera, langileek urtean bost egun hartzeko eskubidea daukate, norbere eginkizunetarako.
Baimen horretan izan den igoerak eragin handia dauka Ertzaintzako langileen benetako presentzian, kontuan izan behar baita urte osoko lanaldiak berdin jarraitzen duela.
Horri erantsi behar zaio Ertzaintzan dauden langileak plantillan jasotakoak baino % 3 gutxiago direla, eta, gainera, aurtengo urterako aurreikusitako erretiroak ere kontuan hartu beharko lirateke, eta baita gainontzeko baja begetatiboak ere, epealdi bererako.
Egoera hori arindu egingo da azkeneko promozioko lehiatzaileak karrerako funtzionario izendatzen dituztenean, baldin eta Ertzaintzan sartzeko prozesua gainditzen badute, baina hori 2016. urtean gertatuko da.
Horri guztiorri erantsi behar zaio epaitegietako hainbat epai iristen ari direla, eta epaiok diotenaren arabera, onartu egin zaie langileei uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretua (aurrekontuen egonkortasuna bermatu eta lehiakortasuna sustatzekoa) indarrean sartu zenean 2013. urtean antzinatasunagatik aitortuak zituzten egunak hartu ahal izatea; epai horiek betetzen, hau da, dagozkien egunak hartzen, aurtengo ekitaldian hasiko dira.
Polizia-zerbitzua da Ertzaintzaren ardura nagusia eta Ertzaintza bera izateko arrazoia. Horrek dakar sarritan berehala erantzun behar izatea azaltzen diren premiei; ondorioz, horretarako, berehala izan behar dira prest premia horri erantzuteko behar diren langile guztiak.
Ertzaintzan, ezinezkoa da kudeaketa-irizpideetara jotzea, nahiz eta irizpide horiek arruntak izan Administrazio Publikoaren gainerako sektoreetarako, zeren, ertzainek arestian aipatutako baimenez gozatzen dutenez, sano gutxitzen baita lanean dagoen langile-kopurua, eta, lan-plangintzaren arabera zerbitzutik kanpo dauden ertzain asko eta askori deitu beharko litzaieke lan egiteko, polizia-zerbitzua behar besteko bermez eskaintzeko. Halako neurririk hartuz gero, aldatu egingo lirateke ezarritako atsedenaldiak, eta zerbitzu berezi horien ordaina emateko obligazioa sortuko litzateke; horrek, gainera, gastuak areagotuko lituzke.
Hori dela eta, Segurtasun Sailak uste du bete egiten direla Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioko 52. artikuluko hamabigarren atalak aurreikusten dituen zerbitzu-premiak, bide ematen dutenak abian den urtean zehar ekonomikoki konpentsatzeko norbere eginkizunetarako baimen-egunak; izan ere, aipatutako artikulu horretako laugarren paragrafoaren arabera, hori da neurririk egokiena baliabideak modu eraginkorragoan kudeatzeko eta –aldi berean– horrek dakarren gastu publikoari eusteko.
2015eko urtarrilaren 30erako eta otsailaren 26rako aurreikusita zeuden negoziazio-mahaiko saioak, Poliziari buruzko Legearen 103. artikuluan ezartzen direnak. Saio horien deialdia, berriz, garaiz eta formaz egin zitzaien negoziazio-mahai horretan ordezkaritza duten sindikatuei, eta, gai-zerrendaren barruan, gai partikularrengatiko 2015eko egunak azaltzen ziren. Dena den, negoziazio-mahaiak ezin izan ziren bildu, sindikatuak ez zirelako agertu.
Ertzaintzako langileen 2011., 2012. eta 2013. urteetako lan-baldintzak araupetzeko Akordioaren 52. artikuluko hamabigarren atalak xedatutakoa aplikatuz (akordio hori urtarrilaren 17ko 4/2012 Dekretuaren bidez onartu zen), eta Segurtasun Saileko egitura organikoa eta funtzionala onartzen duen 194/2013 Dekretuko 4. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz (apirilaren 18ko EHAA, 74. zk.), honako hau:
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– 2015. urtean, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzeko indarrean dagoen akordioko 52. artikuluan aipatzen diren gai partikularrengatiko baimen-egunak baliatu ordez, horien diru-konpentsazioa egitea aukeratu ahal izango da, akordio horretan ezarritako baldintzetan eta bi salbuespenekin:
• Aukera hori erabiltzeak hau ekarriko du berekin: gai partikularrengatiko baimena gozatzeak ezingo du bi egun baino gehiago iraun 2015ean.
• Agindu honetan ezarritako konpentsazio ekonomikoa hautatzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena.– Gai partikularrengatiko hiru baimen-egun baliatzearen ordezko diru-konpentsazioa bakarrik onartuko da. Ezin izango da aukera hau erabili egun-kopuru txikiagoarengatik.
Agindu hau argitaratu ondoren gai partikularrengatiko egunak baliatzeko baimena duten langileek, konpentsazio ekonomikoaren aukera baliatu nahi badute, aukera baliatzeko unean espresuki adierazi beharko dute uko egiten diotela egun jakin haiek baliatzeari, ezarritako epean.
Gai partikularrengatiko baimena urteko lanaldiaren murrizketarekin baliatzea baimenduta duten langileek konpentsazio ekonomikoaren aukera baliatu nahi badute, aukera hori baliatzeko unean espresuki adierazi beharko dute uko egiten diotela hiru baimen-egunak modu hartan baliatzeko aukerari, horretarako ezarritako epean.
Hirugarrena.– Parametro desberdinak ebaluatu ondoren –horiek eragina baitute aurreikusita dauden zerbitzu-beharrizanak betetzeko behar den benetako presentzia zehazteko–, hartu beharreko erabakia hartuko du sailak. Alegia, agindu honen indarraldia bukatzen denetik aurrera gai partikularrengatiko baimenaren zati baten ordez konpentsazio ekonomikoa eman daitekeen erabakiko du.
Laugarrena.– Argitara bedi agindu hau Gurenet intranet korporatiboan eta polizia-instalazioetako iragarki-oholetan, hala Ertzaintzako langileak jakitun izan daitezen.
Bosgarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epearen barruan, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 2a.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.