Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2015eko martxoaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1099

AGINDUA, 2015eko martxoaren 4koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, ikastetxeetako Ulibarri programak 2015-2016 ikasturtean izango dituen gehieneko diru-baliabideak, programan sartzeko eta jarraitzeko baldintzak eta ikastetxe bakoitzak programarako izango dituen dedikazio-orduak zehaztuz.

Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuak (abenduaren 31ko EHAA) Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri programa arautzen du. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako Hizkuntza Normalkuntzako Proiektuen garapenean partaide diren eragileen elkarlanak osatzen du programa: Administrazioa, ikastetxeak eta bestelako instantziak.

Aipatu Dekretuaren 5.2.b) artikuluak zera dio: Ulibarri programan dauden itunpeko ikastetxeek diru-laguntza jasoko dutela Hizkuntza Normalkuntzako ardura teknikoa hartzen duen irakaslearen dedikazioa estaltzeko.

Bestalde, zera dio Dekretuak 12. artikuluaren lehen paragrafoa: programan sartzeko eskabideak baloratzeko irizpideak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu bidez ezarriko direla.

Hortaz, Ulibarri programak eta 2015-2016 ikasturtean bertan arituko diren ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira batetik, eta, bestetik, programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeentzat prozedura eta baloratzeko irizpideak ezarri behar dira agindu bidez.

Horren guztiaren haritik

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Diru-baliabideak.

Ekitaldi ekonomiko honetan, Ulibarri programan ari diren itunpeko ikastetxeei diru-laguntzak esleitzeko ondoko zenbatekoak erabiliko ditu gehienez Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak:

a) Ikastetxe berriak sartzeko: 50.000 euro.

b) Lehendik daudenen jarraipenerako: 950.000 euro.

Artikulu honetan zehaztutako gehienezko zenbatekoa gehitu edo gutxitu daiteke eskatutako guztirakoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bestelako diru-laguntza programetan agortu gabe geratutako aurrekontuzko baliabideak eta, betiere, berauen ebazpenak ebatzi aurretik. Horrelakoetan, jendeaurrean agerian jarriko da Hezkuntzako sailburuordearen Ebazpenaren bidez.

Itunpeko ikastetxe berrien sarrerarako jarritako diruetatik geldi daitekeen soberakina, lehendik programa barruan dauden itunpeko ikastetxeen beharrei erantzuteko erabili ahal izango da.

2. artikulua.– Izapidetze Elektronikoa.

1.– Itunpeko ikastetxeek modu elektronikoan egingo dituzte eskabidea eta eskabideari lotutako prozedura guztiak.

2.– Prozedura elektronikoa honako legeriak araututa dago: Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioko Zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Erabakiak (E-Administrazioarentzat –Platea– Plataforma teknologikoa onartu zuena).

3.– Eskabideak egiteko, balioesteko, nola bidali jakiteko eta gainontzeko xehetasunak ezagutzeko, ikastetxeak hauetako gune elektroniko batera jo behar du:

Ikastetxe sartu berriak:

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2015/ulibarri_berri/y22-izapide/eu

Dagoeneko programan dauden ikastetxeak:

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2015/ulibarri_jarrai/y22-izapide/eu

4.– Eskabidea egin ondoreneko jarraibidea gune honen bitartez egingo da: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

3. artikulua.– Eskabideak.

1.– Ulibarri programan sartu edo jarraitu nahi duten ikastetxeek eskabidea egin behar dute, agindua hau argitaratu eta hurrengo egunetik 2015eko apirilaren 17ra arte. Azken hori izango da eskabideak aurkezteko azken eguna.

Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

2.– Ikastetxe berriak: 2015-2016 ikasturterako Ulibarri programara bildu nahi duen ikastetxeak ondoko dokumentuok aurkeztu behar ditueskabidearekin bat:

a) Ikastetxearen hizkuntza normalkuntzako proiektua. Proiektua www.ulibarri.info gunean bete badu, bete izanaren aitorpena besterik ez du egingo.

b) Proiektuak ikastetxearen ordezkotza-organo gorenaren onespena duela adierazten duen froga-agiria.

c) Hizkuntz normalkuntzako proiektua burutu artean ikastetxeak egin duen ibilbidea zehazten duen oroitidazkia.

d) Proiektua burutzeko aholkularitza teknikoa izan duten ikastetxeek dagokien aholku-elkarteak sinatutako irizpen-txostena erantsi beharko dute. Aholkularitza hori gabe osatu diren proiektuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren teknikariek aztertuko dituzte.

3.– Ulibarri Programan dauden ikastetxeak: 2015-2016 ikasturtean Ulibarri programan jarraitu nahi duen ikastetxeak, honako dokumentazioa aurkeztu behar du eskabidearekin bat:

a) 2015eko irailaren 1etik 30era, 2015-2016 Ikasturteko Plana eskegi behar izango du egoitza elektronikoko «nire kudeaketak» atalean: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

b) 2016ko ekainaren 1etik 30era 2015-2016 ikasturte bukaerako Memoria eskegi behar izango du egoitza elektronikoko «nire kudeaketak» atalean: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

4. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun baliodunen epean falta direnak edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunetik hasita izango du eragina.

Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Laguntzen eskatzaileek betebehar horiek egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, horretarako eskatzaileen baimenik behar izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko, 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

Aipatu azaroaren 11ko, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketak ezarritakoa betetzeko, ikastetxeak, eskabidean bertan doakion erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez, ondoko hauek egiaztatuko ditu:

Beste edozein administraziori, erakunde publikori edo pribaturi helburu bererako eskatutako edo haiengandik jasotako diru-laguntzen, laguntzen, sarreren edo baliabideen berri eman duela.

Ez duela legezko debekurik, diru-laguntza edo laguntza publikorik lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean.

Halaber, eskabidean agertzen diren datuak eta gainontzeko dokumentazioa egiazkoak direla, eta laguntza hauek eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

2.– Erakunde onuradunei diru-laguntza eman eta ordaindu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek antzeko beste diru-laguntza batzuk eman ondoren, haiek itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da.

3.– Erakunde eskatzaileak ezin du diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen duen zigor administratibo edo penalik izan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenean ezarritako zehapenak barne.

6. artikulua.– Sarbide berrietarako balorazio-irizpideak.

Abenduaren 23ko, 323/2003 Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, aholku-emaileek irizpena eman beharko dute proiektu berrien gainean. Horren ondoren, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako Balioespen-batzordeak irizpen horiek aztertu eta bateratuko ditu eta dagokion taula helaraziko dio Jarraipen-batzordeari.

Taula honek ondoko irizpideak erabiliz sailkatuko ditu izangaiak:

1.– Normalkuntza-proiektua bera. Gehienez 0,60 puntu.

a) Ikastetxearen errealitatera egokitutako proiektua da. Diagnostiko sakonean onarritzen da. Eragin-esparru garrantzitsuenak hartu ditu aintzakotzat, eta erabakiak.

b) Ez da bete-betean ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa ez da hain sakona. Eragin-esparru gehienak aintzakotzat hartzen baditu ere, gabeziak antzematen dira, eta erabakiak hartzeko jarraitu den prozedurak adostasun-arazoak ekar ditzake epe luzera (0,40).

c) Aurkeztutako proiektuak zuzendu beharreko gabezia larriak ditu. Ez da ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa eskasa da, eta elaborazioak berak hutsune nabarmenak ditu (0,20).

2.– Proiektuaren garapenaren egoera. Gehienez 0,3 puntu.

a) Diagnostikoa burutu eta proiektua elaboratzeaz eta adosteaz gain, urteko normalkuntza-plana ezarria du ikastetxeak dagoeneko. Normalkuntza-batzordea eta teknikaria izendatu dituzte eta euren funtzioak erabat eragingarriak dira. Diseinatutako jarduera normaltasunez ari da gauzatzen (0,30).

b) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa egoki burutu baditu ere ikastetxeak, proiektuaren ezarpena hasierako fasean dago. Plana garapenerako abiapuntuan dago (0,20).

c) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa burutu baditu ere ikastetxeak, fase hau ezin dugu amaitutzat eman; dokumentu horiei osatu, berrikusi eta konpondu beharra somatzen zaie oraindik (0,10).

3.– Proiektuak eraginpean dituen ikasleak. Gehienez 0,10 puntu.

Horretarako, ikastetxearen gela-kopurua 0,001 zenbakiaz biderkatuko da. 100 gela edo gehiago dituzten ikastetxeak gehienezko puntuazioarekin sailkatuko dira hortaz.

4.– Aurreko hiru irizpideetan izandako puntuazioaren batura, gutxienez 0,41 puntukoa izan beharko dute Ikastetxeek, Ulibarri programan onartuak izateko.

5.– Puntuazioan bat datozen ikastetxeen kasuan, ikasle kopuruak finduko du hirugarren balorazio irizpidea. Laugarren dezimal moduan ezarriko da: ikastetxeen hurrenkera txikienetik handienera ordenatutakoa ikastetxe honi dagokion ordena-zenbakia. Gela- eta ikasle-kopurua Sailaren estatistika ofizialean erabaki-proposamena egiteko garaian dauden azken matrikula-datuetan oinarrituko da.

Balioespen-batzordeak igorritako datuetan oinarrituz, dagokion puntuazioa esleituko dio Jarraipen-batzordeak eskabide bakoitzari eta, lortutako puntuazioaren arabera eta beheranzko hurrenkeran, izangaien zerrendak osatu eta onarpen-proposamenak egingo ditu. Honetarako desberdindu egingo dira publikoak direnak eta ez diren ikastetxeak.

Aurrekontuak jarritako bitartekoak kontuan izanik, abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren arabera Hezkuntza sailburuordeak ebatziko ditu eskabideak.

7. artikulua.– dedikazio-orduak finkatzeko baremazioa.

323/2003 Dekretuaren V. eta VI. kapituluetan ezarritakoaren arabera, ikastetxe bakoitzari dagokion ordu dedikazioa finkatuko da. Horretarako bi izaera desberdin aztertuko dira:

– Dagoeneko Ulibarri programan dauden ikastetxeak.

– Agindu honetara bilduz, Ulibarrin sartzen diren ikastetxeak.

Programan dauden ikastetxeen kasuan, ordu-esleipenerako, ondoko lau irizpide eta zehazten diren ponderazioak hartuko dira kontuan:

a) Gela-kopurua. Tramoak: 1-9 = 10p., 10-19 = 20p., 20 edo gehiago = 30 p.

b) Etapa-kopurua. Tramoak: 1 = 5p., 2 = 10p., 3 = 15p., 4 = 20 p.

c) Gune soziolinguistikoa. Tramoak: 1 = 10p., 2 = 8p., 3 = 6p., 4 = 4p., 5 = 2p.

d) Presentzia edota erabilera, alde erlatiboa (BRANKA). 40 puntuetatik, hona hemen erabiliko diren tramoak: 1 = 0, 2 = 11, 3 = 21, 4 = 31.

– Tramoaren balioa (0,11,21, edo 31) + (Euskararen agerpena eta ezagutza / 10)

Eta lortutako puntuazioaren arabera egingo da ordu-esleipena:

3 ordu-liberazio 0-29,99 puntu dituzten ikastetxeentzat.

6 ordu-liberazio 30-59,99 puntu dituzten ikastetxeentzat.

9 ordu-liberazio 60-100 puntu dituzten ikastetxeentzat.

Agindu honetara bilduz, dagokion Ebazpenaren bidez, Ulibarrin sartzen diren ikastetxeei, ikastetxearen neurrian oinarritutako ordu dedikazioa esleituko zaie. Horretarako ondoko tramoak erabiliko dira:

3 ordu-liberazio 1-8 gela arteko ikastetxeentzat.

6 ordu-liberazio 9-19 gela arteko ikastetxeentzat.

9 ordu-liberazio 20 gelatik gorako ikastetxeentzat.

8. artikulua.– Ebazpena.

323/2003 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari datak egokitzeko ematen zaion ahalmena erabiliz, agindu honi dagokion ebazpena hartu eta EHAAn jakinaraziko das sei hilabeteko epean, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Aipaturiko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ezetsia dela ulertuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Bide administratiboa agortzen duen agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jardaiteke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, dagokion gelan, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 4a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala