44. zk., 2015eko martxoaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (179 KB - 2 orri.)
- EPUB (196 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1069
19/2015 DEKRETUA, otsailaren 24koa, «Futubide», Fundación Tutelar Gorabide fundazioa gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen ere, aitortzeko haien ibilbidea eta Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreak EAEko gizarte-zerbitzuen garapenaren alde ematen duten laguntza.
Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.
Haren babesean, «Futubide», Fundación Tutelar Gorabidek aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.
Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, «Futubide» Fundación Tutelar Gorabide fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, 1991n sortua. Judizialki aginduta, batik bat desgaitasun intelektuala duten pertsonen legezko jagole izatea du bere helburu nagusia, pertsona horien eskubideak babestea eta bermatzea, sustatuz euren garapen pertsonala, gizarteratzea eta ahal den bizitza-kalitaterik hoberena, betiere emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren aldeko konpromiso aktibo batetik abiatuta.
Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu izana 2009. urtetik hona Bizkaiko Lurralde Historikoan.
Urriaren 7ko aipatu 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetuko baitu.
Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko otsailaren 24an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Aitortzea «Futubide», Fundación Tutelar Gorabide fundazioa gizarte-interesekoa dela, gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoan, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez.
2. artikulua.– Aitortzea «Futubide», Fundación Tutelar Gorabide fundazioak merezi dituela aitorpen horren berezko eskubideak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko otsailaren 24an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GUENAGA.