30. zk., 2015eko otsailaren 13a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (207 KB - 2 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
720
AGINDUA, 2015eko urtarrilaren 23koa, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, «Lortek, S. Coop.» kooperatiba-sozietatea herri-onurakoa dela aitortzeko dena.
AURREKARIAK
1.– 2014ko maiatzaren 16an, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sail honetan sartu zen Lortek, S. Coop. kooperatiba-sozietatea herri-onurakoa dela aitortzeko eskaera, kooperatiba horretako presidentea den José Ignacio Otaño González jaunak eta idazkaria den Oihana Garmendia Hernández andreak sinatuta. Eskaera horren oinarriak hauek dira: 1) kooperatibaren helburu soziala onuragarria da Euskadiren interes orokorrerako, estatutu sozialen 2. artikulua dela bide, herri-onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozedurei eta betekizunei buruzko erregelamenduaren 3. artikuluarekin lotuta. Erregelamendu hori otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuaren bidez onetsi zen. 2) kooperatibak ez dauka irabazteko asmorik, estatutu sozialen 5. artikulutik ondorioztatzen den bezala. 3) erakundea, bere estatutu-xedeak betez, jardunean ari da, etengabe, 2002-02-07tik. Egun horretan, elkartearen forma juridikoarekin, Euskadiko Elkarteen Erregistroan inskribatu zen. Euskadiko Kooperatiba Sozietateen Erregistroan, berriz, 2013-12-20an erregistratu zuen forma juridiko horretara eginiko transformazioa. 4) kooperatibak ez dauka partaidetza maioritariorik merkataritza-sozietateetan, ez zuzenean, ez zeharka.
Kooperatibako artezkaritza-kontseiluaren 2014ko apirilaren 10eko erabakiaren ziurtagiria erantsi da, herri-onurako aitorpen-eskaerari dagokiona.
2.– 2014ko irailaren 23an, horretarako eskatuta, artezkaritza-kontseiluko idazkariak eta presidenteak sinatutako ziurtagiria jaso da, hau egiaztatuz: 1) ikerketa-jarduera nagusitzen da kooperatibaren gainerako jarduerekin alderatuta eta 2) aipatutako 64/1999 Dekretuaren 5.b) artikuluko betekizunak betetzen dira, elkarte moduan dagoen aldian. Ziurtatutakoa justifikatzen duten hainbat agiri erantsi dira.
3.– 2014ko abenduaren 11n, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sail honetan jaso ditugu Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eginiko bi txosten, 64/1999 Dekretuaren 9. artikulua betez, dekretu horretako 7. artikuluarekin lotuta.
4.– 2014ko abenduaren 12an, iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 64/1999 Dekretuaren 9. artikuluko 3. paragrafoa betez, eta jendaurreko informazio-erakustaldia ireki zen, interesdunek espedientea aztertu ahal izateko eta egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko hogei eguneko epean. Epe hori igaro ostean, ez da alegaziorik aurkeztu.
Aurreko egintzei ondokoak aplikatzen zaizkio:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak 137.2 artikuluan dionez, Euskadiren onuraren sustapenari laguntzen dioten kooperatibak herri-onurakotzat joko ditu Eusko Jaurlaritzak, erregelamenduz ezarritako prozedura, araubide eta eskakizunen arabera.
2.– Artikulu hori garatuz, otsailaren 2ko 64/1999 Dekretua onartu zen, onura publikoko kooperatiba-sozietateei dagozkien prozedura eta betekizunen erregelamendua onartu zuena.
3.– Herri-onurakoa dela aitortzeko 64/1999 Dekretuaren 7. eta hurrengo artikuluetan ezarritako izapideak bete dira.
4.– Herri-onurakoa dela aitortzeko 64/1999 Dekretuak 5. artikuluan ezartzen dituen betekizunak erakundeak zuzen bete dituela baieztatu da.
5.– Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak dauka eskumena kooperatiba-sozietate bat herri-onurakoa dela aitortzeko, hala xedatuta dagoelako 64/1999 Dekretuaren 11. artikuluan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 4.1.a) artikuluarekin lotuta.
Hori guztia dela eta, aipatutako arauak eta orokorrean ezartzekoak diren gainontzeko arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Herri-onurakotzat aitortzen da «Lortek, S. Coop.» kooperatiba-sozietatea.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Horren aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete egintza hau eman duen organoari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera; hala agintzen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera; hala agintzen da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautu zuen uztailaren 13ko 29/1998 Legaren 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 23a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.