Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2015eko otsailaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
623

AGINDUA, 2015eko urtarrilaren 20koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bitartez, baimentzen da babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak modu globalean betetzea, etxebizitza transferentziak eginez, Ermuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren baitan, Euskadiko Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.4 artikuluan eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera.

Aztertu da Ermuko Udalak egindako baimen-eskaera, udalerriko hainbat eremutan babes publikoko bizitegi erabilerako hirigintza eraikigarritasunari buruzko legezko aurreikuspena konpentsatzekoa. Izan ere, zenbait eremutan murriztutako estandarra beste eremu zehatz batzuetan sartutakoarekin osatzen da.

GERTAKARIAK

Ermuko Udalak aurkeztutako eskaera-orriari sarrera-erregistroa egin zitzaion 2015eko urtarrilaren 13an. Horren bidez, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.4 artikuluan aurreikusitako baimena eskatu zen, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren baitan, babes publikoko etxebizitzen estandarra transferitzeko hainbat eremuren artean.

Ezarritako prozedurarekin bat etorriz, Ermuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren espedienteak Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena jaso du 2014ko urriaren 13an egindako 5/2014 bilkuran, behin betiko onartua izan aurretik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail hau eskuduna da aztertzen den espedientea ebazteko, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 80.4 artikuluan eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuak 11.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Aurkeztutako eskaerak babes publikoko etxebizitzetarako lurzoru estandarraren konpentsazioa planteatzen du udalerriaren baitan. Bizitegirako hiri-lurzoruan babes ofizialeko etxebizitzentzat legeak ezarritako gutxienekoa 9.267 m2t da, eta etxebizitza tasatuentzat 9.267 m2t da; Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera, 9.806 m2t dira babes ofizialeko etxebizitzentzat eta 9.651 m2t etxebizitza tasatuentzat.

3.– Lurzoru urbanizagarri sektorizatuari dagokionez, ezarritako gutxieneko estandarrak 17.773 m2t dira babes ofizialeko etxebizitzen eraikigarritasunerako eta 12.360 m2t etxebizitza tasaturako. Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, babes ofizialeko etxebizitzen eraikigarritasunerako zehazki 18.243 m2t aurreikusten dira eta 12.719 m2t etxebizitza tasatuen eraikigarritasunerako.

4.– 2/2006 Legearen 80.6 artikuluaren arabera, ezinbestekoa izango da, transferentzia hori baimentzeko, transferentziaren xede diren eremuetako etxebizitza libreen arteko balioen aldearekiko proportziozkoa den babes publikoko etxebizitzen aldez aurreko edo aldi bereko egikaritzea bermatzea.

5.– Neurri hori ez da aplikatzen lehen formulazioko edo planeamendu orokorraren erabateko berrikuspen espedienteetan, hala baitago xedatuta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 14.4 artikuluan.

Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretua, baita Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak emandako aldeko txostena ere aztertuta, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuarekin bat etorrita, aipatutako legearen 80.4 artikuluan eta aipatutako dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako transferentzia baimentzea, Ermuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean.

Bigarrena.– Baimen hori emateko, espedientea bete izanaren justifikazioa erantsi beharko zaio Ermuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren testuari, 2/2006 Legearen 80. artikuluari eta 123/2012 Dekretuaren 15. artikuluari jarraituz.

Hirugarrena.– Baimen hori aurreko ataletan ezarritako baldintzetan ematen da, eta ez du baliorik izango behin betiko onarpena, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak betetzeari dagokionez, eskumena duten esparruren batean (hartzaileak edo igorleak) aldaketarik eragiten duten beste baldintza batzuekin ematen bada.

Laugarrena.– Ermuko Udalari agindu honen berri ematea.

Agindu hau behin betikoa da, amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Halaber, nahi izanez gero eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Kasu horretan ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri berraztertzeko errekurtsoa espresuki ebatzi edo presuntzioz ezetsi arte.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 20a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala