Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2015eko otsailaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
618

10/2015 DEKRETUA, otsailaren 3koa, Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen Dekretua bigarrenez aldatzen duena.

Azaroaren 24ko 9/1982 Legearen bidez, Energiaren Euskal Erakundea eratu zen, izaera publikoko erakunde gisa, bere eginkizunak betetzeko nortasuna juridikoa eta autonomia administratibo eta ekonomikoa duena. Lege horren arabera, erakundearen eginkizun izango dira energiaren arloan sektore publikoko jarduerak planifikatzea, koordinatzea eta kontrolatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, betiere Jaurlaritzaren jarraibideekin bat etorriz.

Lege horren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, EEEk «bere helburuak betetzeko, eraentza eta erabakitze bide guztiak egin ahal izango ditu, merkataritzako, industria-alorreko nahiz dirubidetzako direla...», eta, ekintza horien artean daude erakundean sustapen-jarduerak gauzatzeko ekintzak, betiere Eusko Legebiltzarraren aurrekontuekin bat etorriz.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 48.5 artikuluan ezartzen denez, EEEk, diru-laguntzak ematerakoan, publikotasun-, lehian- eta objektibotasun-printzipioak bete behar ditu, aipatutako testu bateginaren VI. tituluan ezarritakoari jarraituz.

Zehazki, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta lege horren 7.4 artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazitako erakundeek, beren izaera juridikoarekin bateragarria den heinean, 49. artikuluko 3, 10, 11 eta 12. paragrafoetan, 50. artikuluko 1, 2 eta 3. paragrafoetan, 51. artikuluko 1. paragrafoan, eta 53. artikuluko 1 eta 2. paragrafoetan xedatutakoa aplikatu beharko dute. Oinarri arautzaileak onartzea eta diru-laguntzak ematea organo eskudunen egitekoak izango dira, estatutu sozialei edo erakundea sortzeko arauari jarraituz, eta oinarri horien zabalkundea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez bermatuko da.

Martxoaren 5eko 64/1985 Dekretuak, Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautu zituen, azaroaren 24ko 9/1982 Legean ezarritakoaren babespean. Dekretu horrek, ordea, ez zuen zehaztu zein organok daukan eskumena diru-laguntza programak baimentzeko eta horien deialdiak onartu eta kudeatzeko.

Kontuan hartu behar da, gainera, erakundea arautu zenetik denbora luzea igaro dela eta Energiaren Euskal Erakundeak sustapenaren arloan egiten dituen jarduerak aldatu direla ordutik. Izan ere, erakundeak gero eta gehiago jarduten du energiaren arloko diru-laguntzak ematen, eremu guztietan. Beraz, aldaketa horien ondorioz, partez aldatu beharra dago dekretuaren zenbait artikulu, hain zuzen ere aipatutako eskumen horiek zehatz esleitzeko erakundearen organo zuzentzaileei, betiere halako jardueretan beharrezkoa den segurtasun juridikoa zaintze aldera.

Hortaz, dekretu honen xedea da, erakundearen barruko organoen artean eskumen-banaketa arautzea, diru-laguntza eta laguntza formulak aplikatuz egiten duen sustapen-jarduerari dagokionez.

Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko otsailaren 3an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– i) idatzi-zatia eransten zaio martxoaren 5eko 64/1985 Dekretuaren 3. artikuluko 1. paragrafoari. Dekretu horren bidez, Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dira. Honela dio erantsitako idatzi-zatiak hitzez hitz:

«i) Baimena ematen da energiaren arloko diru-laguntza eta laguntza programa orokorrak egiteko.»

Bigarren artikulua.– h) idatzi-zatia aldatzen da martxoaren 5eko 64/1985 Dekretuaren 5. artikuluan. Dekretu horren bidez, Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dira. Honela idatzita geratzen da:

«h) Artezte Batzordeak eta lehendakariak hartutako erabakiak betetzea, eta Artezte Batzordeak baimendutako diru-laguntza eta laguntzetarako deialdiak onartzea eta kudeatzea.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko otsailaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala