Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2015eko otsailaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
601

EBAZPENA, 2015eko urtarrilaren 13koa, Garraio Azpiegituraren zuzendariarena, zeinen bidez behin betiko onartzen baita «Loiolako geltoki berriari buruzko informazio-azterlana».

Loiolako geltoki berriari buruzko informazio-azterlana da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak abian ezarririko ekimenetako bat; horren helburua da Lasarte-Hendaia lineak hobeto funtzionatzea eta salgaien garraioa indartzea, hau bidaiarien zirkulazioarekin batera arrazionalizatuz eta, betiere, aintzat hartuz Euskal Autonomia Erkidegoaren Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Planaren aldaketan formulatutako irizpideak eta helburuak. Egun, plan hori izapidetzen ari da. Linea horretan, Loiola-Herrera zatia definitu zen bide bikoitzeko saihesbide baten bidez, zeinak bidaiarien zirkulazioa hartuko baitzuen lehentasunez, eta, beraz, egungo bide soileko trazadura bideratuko baitzen salgaien garraiora; horrek ahalbidetuko zuen lotura zuzena ezartzea Pasaiako portuarekin.

Informazio-azterlan horrekin, jarraitutasuna eman nahi zaio Loiola-Herrera Eraikuntza Proiektuari, zeina, une hauetan, eraikuntza-fasean baitago. Horrek barne hartzen ditu Loiola auzoaren (geltokia salbu) eta Herrerako geltokiaren arteko lanak, eta Intxaurrondon geltoki berri bat eta Urumea ibaiaren gainean zubi berri bat egitea.

Agiri horren helburua da definitzea, informazio-azterlanaren mailan, zein den aukerarik onena Loiolako Geltoki Berriarentzat eta Loiola auzoko Urbia kalean dagoen bidezubiarentzat; hor, egungo geltokia ordezkatu nahi da, eta bide bikoitzeko geltoki berri bat eraiki bidezubian, orain dagoen tunelaren ahoaren (1 tunela) arteko eta ezpondaren gainean egun dagoen geltokiaren ordez egongo denaren arteko zatian.

Aurkeztutako aterabideek bateragarriak izan beharko dute Loiola-Herrera zatian egiten ari diren jarduketekin.

Halaber, aurreikusten da urbanizatzea bai bidezubi berriaren gerizpepeko lurrak zeinetan oinezkoentzako espazio eta bide berri bat egongo bailitzateke, eta bai Loiolan egindako desbideratzeen eraginpeko azalerak.

Ez da beharrezko ingurumen inpaktuaren azterlan bat idaztea eta hori jendaurrean jartzea, izan ere proiektua ez dago ez Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren I. eranskineko zerrendan ez ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9koa 21/2013 Legearen eranskinetan.

Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluak ezartzen duenez, informazio-azterlana, behin betiko onartu baino lehen, hogeita hamar egun balioduneko epean jendaurrean izan beharko dela, nahi duenak gaiari buruzko alegazioak aurkeztu ahal izan ditzan.

Informazio-azterlana, Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, jendaurrean jarri da, Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2013ko uztailaren 30eko Ebazpenaren bidez. Ebazpen hori 2013ko abuztuaren 23ko EHAAn argitaratu zen (160. zk.) eta abuztuaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta abuztuaren 23ko «El Diario Vasco» eta «Noticias de Gipuzkoa» egunkarietan; hogeita hamar egun baliodunez izan zen ikusgai Donostiako Udalaren iragarki-oholean.

Izapidetze horretan, Donostiako Udalaren jakinarazpen bat jaso da. Agiria hori aztertu da, eta Eraikitze Proiektuan erantzungo zaio ahal den neurrian.

Dokumentuari onespen teknikoa eta behin-behinekoa eman zaio gaurko ebazpen baten bidez, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzako teknikariek proiektua ikuskatu eta haren aldeko txostena eman baitute; teknikariek egiaztatu dutenez, proiektua teknikoki zuzena da, eta betetzen ditu trenbideen arloko legeria espezifikoa eta plikagarri zaion gainerako legeria.

Organo honek eskumena dauka Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko trenbideekin zerikusia duten proiektuak idatzi eta onartzeko, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriaz (abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren bidez aldatua).

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Onartzea jendaurreko informazio- eta entzunaldi-espedientea, eta behin betiko onartzea «Loiolako geltoki berriari buruzko informazio-azterlana».

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; idazkia organo honi edo Garraioetako sailburuordeari bidali beharko zaio.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 13a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.


Azterketa dokumentala