Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2015eko otsailaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
508

18/2014 FORU ARAUA, abenduaren 16koa, Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan zenbait zuzenketa tekniko sartu eta zerga alorreko beste aldaketa batzuk onartzen dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «18/2014 Foru Araua, abenduaren 16koa, Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan zenbait zuzenketa tekniko sartu eta zerga alorreko beste aldaketa batzuk onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2014ko abenduaren 16a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAŃAGA.

HITZAURREA

Foru arau hau egiteko, bi arrazoi desberdin daude: alde batetik, berriki onartutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Arauaren zuzenketa teknikoak egitea, eta, bestetik, hainbat zerga figurari eragiten dieten izaera desberdineko zerga aldaketen multzo bat sartzea, batzuetan teknikoak eta beste batzuetan funtsezkoak. Aldaketen bereizketa foru arauaren egituran islatuta gelditzen da. Hori horrela, foru arauak bi kapitulu ditu: bata, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aldaketei buruzkoa (artikulu bakarrekoa) eta, beste kapitulua, beste zerga alderdi batzuei buruzkoa (bost artikulu dituena, bakoitza zerga figura baten ingurukoa).

Foru arau honetan jasotako lehen gaiari dagokionez, adierazi behar da 2013ko urriaren 10ean Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Arau Proposamena aurkeztu zela Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

2014ko urtarrilaren 15ean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako lurralde historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua onartu zuten. Foru arau hori 2014ko urtarrilaren 22an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta egun horretan bertan jarri zen indarrean.

Foru arau horrek 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera sortu ditu ondorioak, eta aplikagarri zaie bai egun horretatik aurrera lortzen diren errentei eta bai, zergaren aurreko araudian jasotako denboraren araberako irizpideak aplikatuta, data horretatik aurrera egotzi beharrekoak direnei ere. Horrez gain, foru arau berriak indargabetzen du ordura arte zerga arautu duen foru araua, abenduaren 29ko 10/2006 Foru Araua alegia.

Foru arau hori aztertuta, atzemanak dira oker tekniko asko eta zerga behar bezala aplikatzeko hobetu daitezkeen erregulazio alderdi ugari, bai koherentziaren ikuspuntutik eta bai argitasun eta ulermenaren ikuspuntutik. Berez, hobekuntza horietako batzuk jadanik sartuta daude beste lurralde historiko batzuetako araudian. Aldaketen artean, Gipuzkoako Foru Ogasunaren funtzionamenduari dagokionez 3/2014 Foru Arauan jasotako desoreka jakin batzuk zuzentzeko helburu dutenak daude. Foru arau honetako lehen kapituluan aldaketa horiek guztiak jasota daude, eta 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak.

Hona hemen zuzentzen diren alderdi nagusiak:

– Egokitu egiten dira Ogasun eta Finantza Departamentuko titularrari egiten zaizkion aipamen ugariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren genero politikaren ondorioz onartutako hizkerara. Era berean, eguneratu egiten da desgaitasun egoeren terminologia, minusbaliotasunari egindako aipamen guztiak kenduz eta haren ordez «desgaitasun» terminoa erabiliz, bai eta kontabilitate arloko terminologia ere.

– Zuzendu egiten dira foru arauan araudi bidalketa guztietan izandako hainbat akats, bai eta 18. eta 33.1 artikuluetako hainbat letraren korrelazioa ere.

– Kendu egiten da, beharrezkoa ez izateagatik, atzerriko lanengatik jasotako etekinak salbuesteko, desgaitasun eta menpetasun kenkaria egiteko, baterako tributazioa egiteko eta negoziaziora onartutako baloreetatik eratorritako ondare irabazien tributaziorako aukerako araubidearen alde egiteko aurreikusita dagoen aukeraren aldaketarako epearen erreferentzia. Izan ere, epe aplikagarria jadanik jasota dago 2005eko martxoaren 8ko Gipuzkoako Zergen 2/2005 Foru Arau Orokorraren 115.3 artikuluan.

– Gipuzkoako lurraldera lekualdatutako langile jakin batzuei aplikagarria zaien araubide berezian, berriro ematen da autolikidazio betebeharra aitorpen betebeharrarekin ordezkatzeko aukera, erregelamenduz ezarriko denari jarraituz.

– Akzioen gaineko aukerak gauzatzean, aldatu egiten da 100eko 100etik beherako integrazio portzentajeak aplikatzeko muga bikoizteko eskatzen den baldintza, langileen kolektiboarentzako eskaintzari buruzkoa, eta langileek enpresan parte hartzeko kenkariaren aplikaziorako aurreikusitako baldintzarekin parekatzen da, zeren eta bi kasuotan baldintzaren helburua berdina baita: aldeko tributazioaren aplikazioa saihestea langileei eskaintza modu baztertzaile batean egin zaienean.

– Jarduera ekonomikoen eremuan, aldatu egiten da zuzeneko zenbatespenaren metodoaren modalitate arruntean etekin garbia zehazteko erregela berezia, aisiako edo itsas kiroletarako ontziak zein aireontziak erabiltzeagatik izandako gastuei buruzkoa, garraiobide horiek bakarrik jarduerari lotuta daudenean, eta sozietateen gaineko zergan ematen zaion tratamenduarekin parekatzen da, kengarriak izan daitezen, betiere horiek sartzearen ondorioz jardueraren etekin garbi negatibo bat sortzen ez den neurrian.

– Zuzeneko zenbatespenaren metodoko modalitate erraztuan jarduera ekonomikoaren etekin garbia zehazteko arauetan, zehaztu egiten da gastuaren 100eko 10eko forfaitean zergaren foru arauaren 27. artikuluko 5. erregelaren bigarren apartatuko a) letran aipatutako errentamendu, lagapen edo balio-galera gastuak ere sartuta daudela.

– Berriro ezartzen da kapitalizazio eragiketetatik edo bizitza edo elbarritasun aseguru kontratuetatik eratorritako etekinen eta lan etekinen arteko koordinazioa, 2012tik aurrera arrazoi teknikoengatik 10/2006 Foru Arauan onartutakoari jarraituz.

– Ondare irabazi eta galeren eremuan, zordunaren eta bere bermatzailearen ohiko etxebizitza ordainean emateko kasua sartuta gelditzen da zergadunaren ohiko etxebizitzaren exekuzio hipotekarioko prozedura batetik eratorritako ondare irabazietarako onartutako salbuespenean. Era berean, doitu egiten da salbuespena lortzeko interesatuaren ondareari buruzko baldintza.

– Arlo horretan bertan, doitu egiten da galera ez-konputagarrien tratamendua, zergaldian jokoaren ondorioz izandako ondare galerak ez-konputagarritzat hartze aldera, zergaldi berean jokoan ere izandako irabaziak gainditzen dituen zenbatekoari dagokionez.

– Zehaztu egiten da, atzerriko ondasun eta eskubideei buruzko informazio obligazioa bete gabe duten ondare elementuetatik eratorriak diren ondare irabazi ez-justifikatuen kasuetan zehapenaren oinarria zehazteko, ez direla kontuan hartuko aurreko ekitaldietako konpentsatu, kendu edo aplikatu gabeko kopuruak ere, baldin eta oinarri likidagarria gutxitu badezakete.

– Konpondu egiten da euskarazko testuan izandako akatsa, 100eko 10ean finkatu beharrean 100eko 25ean finkatu baitzen zerga oinarri orokorreko ondare irabazi eta galerak integratu eta elkarrekin konpentsatzetik ateratzen den saldo negatiboa oinarri bereko etekin positiboekin konpentsatzeko muga.

– Zehaztu egiten da, artikuluetan nahiz xedapen iragankorretan, ezkontidearen aldeko gizarte aurreikuspeneko sistemetan egindako ekarpenengatik egiten den murrizpenaren aplikazioa inoiz ere ez dagoela lotuta ekarpena egiten duen zergadunaren erretiroari buruzko egoerarekin, eta, nolanahi ere, ekarpena bere alde duen ezkontidearen egoerarekin lotuta egongo dela.

– Aurreko ahaideei buruzko kenkarietan nahiz desgaitasunari eta menpetasunari buruzko kenkarietan, baldin eta kenkarirako eskubidea ematen duen pertsona egoitza batean bizi bada, kendu egiten da fakturaren titulartasunaren eta kenkariaren aplikazioaren arteko lotura, betiere egoera horrek lehenaldian zergaren kudeaketan eragindako arazoak saiheste aldera (2009az geroztik konponduta gelditu ziren, une hartan indarrean zegoen 10/2006 Foru Arauaren aldaketaren bidez).

– Ohiko etxebizitzaren eskurapenari lotutako kenkariari dagokionez, berriro sartzen da, kenkaria aplikatu ahal izateko, etxebizitzaren jabetza osoaren eskurapenari buruzko beharkizuna, ohiko etxebizitzako berrinbertsioko salbuespenaren erregulazioan ere sartuta dagoen bezala.

– Kenkari berean, argitu egiten da, gainera, izaera orokorrez, zergadunarentzat ohiko etxebizitza izan den etxebizitza ez dela halakotzat hartuko bertan bizitzeari uzten zaionetik aurrera.

– Inbertsioetako eta beste jarduera batzuetako kenkarian, hiru aldaketa egiten dira:

• Aukera ematen da jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergaren zergadunek sozietateen gaineko zergan kultura sustatzeko jasota dauden pizgarriak aplikatzeko.

• Autolikidazioa aurkeztean erabilitako aukerak zuzentzeko araubide homogeneo bat mantentze aldera, ahalbideratu egiten da hasieran erabilitako aukera aldatzea, horrela, behin zerga autolikidatzeko borondatezko epea amaituta, eta betiere aurretik Zerga Administrazioak errekerimendurik egin ez badu, autolikidazioa aurkeztean erabilitako aukera zuzendu ahal izan dadin.

• Kooperatibak sartzen dira sorreragatik kenkarirako eskubidea ematen duten entitateen artean.

– Autolikidatzeko obligazioari dagokionez ere, hiru aldaketa nagusi egin dira:

• Kanpoan uzten da, autolikidatzeko betebeharra dakarten kapitalaren etekinen eta ondare irabazien 1.600 euroko mugari dagokionez, atxikipen oinarria oinarri likidagarrian integratu beharreko kopuruaren arabera zehazten ez den inbertsio kolektiboen akzioen edo partaidetzen eskualdaketetatik edo itzulketetatik datozen ondare irabazien kasua.

• Doitu egiten da 12.000 eta 20.000 euro bitarteko lan etekinak dituzten zergadunen autolikidazio betebeharra, baldin eta horiekin bizi diren ordaintzaileengandik pentsio osagarriak edo urteko mantenuak jasotzen badituzte.

• Zabaldu egiten da zerga onuren galerei buruzko kasuaren aplikazio eremua, horrelako kasuetan izaera orokorrez autolikidatzeko betebeharra ezartzeko.

– Kendu egiten da hamargarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuko bigarren paragrafoa. Izan ere, lehendik apartatu horretako lehen paragrafoan jasotako informazio betebehar baten ingurukoa da, inbertsio kolektiboko erakundeak kudeatzen dituzten sozietateei eta entitate merkaturatzaileei dagokienez.

– Loteria sari batzuen gaineko karga bereziaren atxikipen araubidea ituntzean Ekonomia Itunean egindako aldaketaren bidez, bermatu egiten da administrazioen artean sarien jasotzaileei buruzko informazioa ematea. Horregatik, bidezkoa da jasotzaileek sariak aitortzeko betebeharra aldatzea eta, beraz, betebehar horretatik kanpo gelditzen dira atxikitako sariak dituzten zergadunak.

– Doitu egiten da negoziaziora onartutako baloreetatik datozen ondare irabazien tributazioaren aukerako araubideari buruzko erregulazioa, eta bere aplikazio eremutik kanpo gelditzen dira balore horietatik datozen harpidetzako eskubideen eskualdaketa kasuak.

– Zergaren araudia pentsio plan eta fondoei buruzko funtsezko araudian egindako aldaketara egokitzen da. Aldaketa horren helburua zen pentsio planetan kontsolidatutako eskubideen itzulketa ahalbideratzea partaidearen ohiko etxebizitzaren gaineko exekuzio prozedura baten kasuan, baldin eta itzulketa horren bidez etxebizitza besterentzea saihestu badaiteke. Aurrerantzean, jasotzen diren kopuru horiek pentsio planen tratamendu fiskal orokorrari lotuta egongo dira.

– Informazio eskas baten ondorioz arrisku handiko finantza produktuetan inbertitu zuten aurreztaileek beren aurrezpenak galtzeak dakartzan efektuak arintze aldera, araubide bat ezartzen da mendeko zorretik eta lehentasunezko partaidetzetatik eratorritako etekin negatiboak eta ondare galerak aurrezpen errentaren beste osagaiaren saldo positiboekin konpentsatzeko.

– Lan sozietateei buruzko arau partikularrei dagokienez, eta fiskalitateak haien jarraipena eta kideen belaunaldien arteko ordezkapena oztopa ez ditzan, berariazko araubide bat ezartzen da lan sozietate horien mota laboraleko akzioak edo partaidetzak eskualdatzean agerian jarritako ondare irabazi eta galerak zehazteko. Araubide horretan sozietate kontratuen, kontratu sozialen edo sozietatearekin formalizatutako kontratuen bidez zehaztutako prezioa da erreferentzia.

– Hobetu egiten da 2014aren aurreko zergaldietan murriztu gabeko gizarte aurreikuspeneko sistemen aldeko soberazko ekarpenen araubide iragankorra. Hori horrela, araubide horretan sartuta gelditzen da Kirolari profesionalen gizarte aurreikuspeneko mutualitateari eta desgaituen aldeko gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenetatik datozen soberakinen zerga tratamendua. Gainera, egokitu egiten dira araudiari buruzko erreferentziak soberakin bakoitza eragin zuen ekitaldiaren arabera.

– Etekin irregularrei aplikagarri zaizkien integrazio portzentajeen araubide iragankorrean nahiz jarduera ekonomiko baten hasieran inbertitzeko kreditu entitateko gordailuei lotutako kenkariaren araubide iragankorrean, zehaztu egiten da aplikagarria den 10/2006 Foru Arauaren idazkera.

– Zuzendu egiten da hogeita zortzigarren xedapen iragankorrean izandako akatsa. Izan ere, berez jarduera ekonomikoetatik datozen konpentsatu gabeko saldo negatiboak direnak jarduera horietatik datozen konpentsatu gabeko zerga oinarri negatibotzat hartuta zeuden.

– Indarrean jartzen da berriro 2007an desegindako ondare sozietate estataletako bazkideentzat hasiera batean aitortuta zegoen irteerako zerga araubidea.

– Lan etekinen arloan, aseguru kolektiboen etekinak sartuta geratzen dira gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kapital moduan jasotzen diren gainerako zenbatekoetarako ezarrita dagoen 100eko 100etik beherako integrazio mugaren konputuan.

Lehenago aipatutakoren arabera, beste zerga aldaketa batzuei buruzko II. kapituluak bost artikulu ditu, eta beste hainbeste zerga figura aldatzen dituzte; zehazki, honako hauek: oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga, aseguru primen gaineko zerga eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga, bai eta Zergen Foru Arau Orokorra ere. Aldaketa horietako gehienek foru arau hau indarrean jartzen denetik aurrera izango dituzte ondorioak.

Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari dagokionez, zergaren zerga-oinarriaren 100eko 75eko murrizpena ezartzen da, ezkontideak edo izatezko bikote kideak eta zuzeneko ahaide jakin batzuek banakako enpresa bat, negozio profesional bat edo entitateetako partaidetzak «inter vivos» eskuratzen dituztenean, baldin eta kasu horiei aplikagarri bazaie Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Arauaren 27. artikuluan jasotako hobaria, titularraren erretiroaren edo ezintasun iraunkorraren kasuetan (absolutua edo baliaezintasun handia).

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan, hainbat araudi bidalketa zuzendu eta eguneratzeaz gain –besteak beste emakida administratiboen karga tasa ezartzen duena (100eko 4ko tasan zergapetuko dira, 100eko 2,5aren ordez)–, doitu egiten da zerga oinarria baloratzeko erregela, legez etxebizitza errentamendutzat hartutako higiezinen errentamenduen kasuan, kontuan hartuta Etxebizitzak alokatzeko merkatua malgutu eta sustatzeko ekainaren 4ko 4/2013 Legeak kontratu luzapenen arloan egindako aldaketa.

Bestetik, zehaztu egiten dira zerga kuota erregularizatzeko modua eta epea, hain zuzen ere, eskurapenaren ohiko bizilekua izateko erabiltzeagatik etxebizitzaren eskurapena 100eko 2,5eko tasan zergapetuta egonik, ohiko etxebizitzatzat hartzeko beharkizunak betetzen ez diren kasuetarako.

Gainera, zergaren salbuespenen arloan:

– Salbuespena ezartzen zaie Konkurtso Legean jasotako birfinantzaketa akordioetan edo ordainketako akordio estrajudizialetan sartutako kitak edo gutxipenak dituzten eskriturei, subjektu pasiboa zorduna denean.

– Sartu egiten da merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritzako ASAP programan sartutako etxebizitzen errentamenduen eraketari buruzko salbuespena.

– Sozietateen gaineko zergaren erreformaren ondorioz eta, hori dela bide, etxebizitza errentamenduko entitateen araubide berezia indargabetu denez eta higiezinen errentamenduko jarduera kualifikatua duten entitateen araubide berezi berri bat onartu denez, doitu egiten da indargabetutako araubide berezian jasotako hobaria gozatzen zuten errentamenduen eraketaren salbuespena.

Aseguru primen gaineko zergari dagokionez, aukera ematen da Espainia ez den europar esparru ekonomikoko beste estatu batean establezimendua duten eta Espainian zerbitzu prestazio librean aritzen diren aseguru entitateen ordezkari fiskala nahitaez Gipuzkoan kokatuta ez egoteko, baizik eta Espainian.

Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren arloan, hainbat zuzenketa egiteaz gain, hobekuntza teknikoak sartzen dira, besteak beste:

– Ondasun higiezinak alokatzeko jardueretan, estatuko kuota bereziak lurralde erkidean jasotakoekin berdintzen dira.

– Sartu egiten dira ibilgailu elektrikoen karga energetikoari lotutako jarduerak jasotzeko behar diren epigrafeak, eta kirol apustuak, loteriak eta beste joko batzuk antolatu eta egitearekin lotutako jarduerak behar bezala antolatzeko behar diren azpiepigrafeak.

Zergen Foru Arau Orokorrari dagokionez, nahiz eta nagusiki araudi bidalketa jakin batzuen zuzenketak eta doiketak sartu, zerga arloko jakinarazpenen erregulazioa egokitzen da Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak eta Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoen erabilera arautzen duen irailaren 28ko 23/2010 Foru Dekretuak jasotako xedapenetara. Gainera, zerga-bilketa organoei ematen zaie likidazio administratiboen kasuan erantzukizun deklarazioak egiteko eskumena, deklarazioa ordainketako borondatezko epea amaitu aurretik egiten bada ere.

Gainera, foru arauak bi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta amaierako xedapen bat ditu.

Lehen xedapen gehigarrian, zerga iruzurraren aurka egiteko neurri bat sartzen da: onartu egiten da «terminal fiskala» izeneko fakturazio sistema. Sistema hori esperientzia pilotu moduan sartu zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduan kolektibo jakin batzuei zuzenduta. Sistema software informatiko batean oinarritutako fakturazio sistema bat da, fakturak prozesatu, erregistratu eta kudeatzeaz gain, fakturazio horri buruzko informazioa Zerga Administrazioaren zerbitzari bati igortzen dio. Sisteman sartzea borondatezkoa da; sistemak zerga tratamendu onuragarri bat du eta, esperientzia pilotuan ez bezala, asmoa da erregelamenduz zehaztuko diren jarduera sektorean aritzen diren pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek aplikatzea.

Bigarren xedapen gehigarrian, bestetik, ohiko etxebizitza ordainetan ematea ez oztopatzeko neurri bat sartzen da, etxebizitzari Gipuzkoako Foru Aldundia titular duten zerga zorretatik datozen hipotekaren ondorengo kargak ezarri zaizkionean. Xedapen horri jarraituz, Foru Aldundiak karga horiek deuseztatuko ditu.

Xedapen indargabetzaileak xedapen generiko bat jasotzen du.

Azkenik, amaierako xedapen bakarrak dio foru araua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko dela indarrean, nahiz eta horrek ez duen eragotziko horren xedapenetan espresuki aipatutako ondorioak izatea.

I. KAPITULUA.
PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA ALDATZEA

1. artikulua.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aldatzea.

Honako aldaketak sartzen dira urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin:

Bat.– 4. artikuluaren 3. apartatua honela geratzen da idatzita:

«3.– Lurralde espainiarrera aldatzeagatik zerga egoitza Gipuzkoan kokatzen duten pertsona fisikoek aukera izango dute ez-egoiliarren errentaren gaineko zergagatik tributatzeko, egoitza aldatzen den zergaldian eta hurrengo bostetan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunak izateari utzi gabe, betiere honako baldintza hauek betetzen badira erregelamenduz ezartzen den eran:

a) Bereziki kualifikatutako lanak egiteko etortzea lurralde espainiarrera, baldin eta lan horiek, zuzenean eta nagusiki, ikerketa eta garapen jarduerarekin edo arauz ezartzen diren bestelakoekin erlazionatuta badaude. Ondorio horietarako, ikerketa eta garapen kontzeptuak sozietateen gaineko zergaren foru arauan definitutakoak dira.

b) Lurralde espainiarrera etorri aurreko lehen 10 urteetan Espainian egoiliarrak ez izana.

c) Toki aldaketa hori lan kontratu baten ondorioz gertatzea. Baldintza hori betetzen dela ulertuko da Espainiako enplegu-emaile batekin harreman laboral bat, arrunta zein berezia, nahiz harreman estatutario bat hasten denean, edo, toki aldaketa enplegu-emaileak aginduta izanik, honen aldetik toki aldaketaren gutuna dagoenean eta zergadunak lortzen dituen errentak lurralde espainiarrean kokatutako establezimendu iraunkorraren bidez lortutakotzat kalifikatu ezin daitezkeenean.

d) Lanak Espainian egitea. Baldintza hori betetzen dela ulertuko da, nahiz eta lanen zati bat atzerrian egin, baldin eta lan horiei dagozkien ordainsarien batura urte natural bakoitzean jasotako lan kontraprestazio guztien 100eko 15etik gorakoa ez bada. Berdin da ordainsari horiek espainiar lurraldean lortutako errentatzat hartzen diren edo ez, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginak 13. artikuluaren 1. apartatuko c) letran jasotakoa aplikatuta. Lan kontratuan ezarritakoaren indarrez, zergadunak taldeko beste enpresa bateko eginkizunak bere gain hartzen dituenean Espainiako lurraldetik kanpo, Merkataritza Kodeak 42. artikuluan jasotako eran, aurreko muga 100eko 30ekoa izango da.

Atzerrian egindako lanengatik jasotako berariazko ordainsarien zenbatekoa frogatzerik ez dagoenean, lan horiei dagokien ordainsaria kalkulatzeko langileak atzerrian eman dituen egun kopurua hartuko da kontuan.

e) Lan horiek egitea egoitza Espainian duen enpresa edo entitate batentzat edo, bestela, lurralde espainiarrean egoiliarra ez den entitate batek bertan kokatua duen establezimendu iraunkor batentzat. Baldintza hori betetzen dela ulertuko da zerbitzu horien onuradunak honako hauek direnean: egoitza Espainian duen enpresa edo entitate bat edo, bestela, lurralde espainiarrean egoiliarra ez den entitate batek bertan kokatua duen establezimendu iraunkorra. Toki aldaketa enpresa talde baten barruan gertatu bada, Merkataritza Kodeak 42. artikuluan ezarritakoari jarraituta, eta bakar-bakarrik ondorio hauetarako, beharrezkoa izango da langilea egoitza Espainian duen taldeko enpresak kontratatzea edo lurralde espainiarrera egin beharreko toki aldaketa enplegu-emaileak agintzea.

f) Lan harreman horretatik eratortzen diren lan etekinak ez-egoiliarren errentaren gaineko zergatik salbuetsita ez egotea.

Apartatu honetan jasotakoaren arabera tributatzea aukeratzen duen zergadunak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa aurkeztu eta sinatzeko obligazioa du. Dena den, zilegi izango da autolikidatzeko obligazioaren ordez aitortzeko obligazioa betetzea erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan tributatzea aukeratzen duen zergaduna aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergari lotuta geratuko da obligazio errealagatik.»

Bi.– 9. artikuluaren 17. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«17.– Atzerrian egindako lanengatik jasotzen diren lan etekinak, baldintza hauek betetzen badira:

1.– Lan horiek egitea Espainian egoitzarik ez duen enpresa edo entitate batentzat edo atzerrian kokatuta dagoen establezimendu iraunkor batentzat, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan. Zehazki, gertatzen bada lanak hartu behar dituen entitateak lotura bat duela langilea enplegatu duen entitatearekin edo haren zerbitzuak jasotzen dituen enpresarekin, sozietateen gaineko zergaren foru arauak 44.1 artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dira.

2.– Lanak egiten diren lurraldean zerga honen antzeko edo pareko zerga bat aplikatzea, eta herrialde edo lurralde hori paradisu fiskaltzat kalifikatuta ez egotea. Baldintza hori betetzen dela ulertuko da lanak egiten diren herrialde edo lurraldeak nazioarteko zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmena sinatua duenean Espainiarekin eta hitzarmen horretan informazioa elkarri trukatzeko klausula jasotzen denean.

Atzerrian eman diren egunetan sortutako ordainsariei aplikatuko zaie salbuespena, urtean 60.100 eurori gehienez.

Atzerrian destinaturik dauden zergadunentzat, salbuespen hori bateraezina izango da errenta zergaren erregelamenduak tributaziotik kanpo geratzen diren soberakinetarako aurreikusten duen araubidearekin, zenbatekoa edozein dela ere. Zergadunak aukeran du salbuespen honen ordez soberakinen araubidea aplikatzea.

Langilearen atzerriratzeak gertatu behar du langilea enplegatzen duen enpresa edo entitateak nazioz gaindiko zerbitzu prestazio bat egiteagatik. Enpresa edo entitate horrek Espainian eduki behar du egoitza.

Salbuespen hau ez zaie aplikatuko mugaldeko langileei.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 115. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, zergadunak, aplikazioaren ekitaldiko autolikidazioa aurkeztean, adierazi behar du zer hautatzen duen: salbuespen hau aplikatzea edo soberakinen araubidea aplikatzea.»

Hiru.– 18. artikuluko aurreneko c) letra, gaztelaniazko testuari dagokiona, kendu eta a) letra jartzen da haren ordez.

Lau.– 20. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetako b) letrak honela berridazten dira hurrenez hurren:

«b) 19. artikuluaren 2. apartatuko a) letran aipatzen diren integrazio portzentajeak aplikatzeko kontuan hartuko den etekinaren zenbatekoak ezingo du gainditu erregelamenduz finkatzen den kopurua etekinaren sorreraldiko urte kopuruarekin biderkatuta ateratzen den emaitza.»

«b) Erosketa-aukera baldintza berberetan eskaini behar zaie enpresan, taldean edo enpresako azpitaldeetan langileek parte hartzeko planek aurreikusten dituzten kategoria edo kolektiboetako langile guztiei. Letra honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, parte hartze planak, gutxien-gutxienik, planak ukitutako langileen kategoriak eta kolektiboak identifikatzeko irizpideak definitu behar ditu. Eskaintzak egiten badira onuradunak irizpide horien arabera izendatu ez dituzten partaidetza planetan oinarrituta, eskaintza horiei ez zaie aplikatuko apartatu honetan jasotakoa.»

Bost.– 23. artikuluaren 3. apartatua honela geratzen da idatzita:

«3.– Aurreko apartatuetan aipatu diren hobariak honela gehituko dira:

a) 100eko 100, desgaitasun maila % 33koa edo handiagoa eta % 65ekoa baino txikiagoa duten langile aktibo desgaituentzat.

b) 100eko 250, desgaitasun maila 100eko 33koa edo handiagoa eta 100eko 65ekoa baino txikiagoa duten langile aktibo desgaituentzat, baldin eta mugikortasun mugatuko egoeran badaude. Mugikortasuna mugatua dutela ulertuko da abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuak, desgaitasun maila aitortu, ezarri eta kalifikatzeko prozedurari buruzkoak, II. eranskinean jasotzen duen baremoaren A, B edo C letretako egoeretan sartuta daudenean edo baremo horren D, E, F, G edo H letretan 7 puntu edo gehiago lortzen dituztenean. Orobat, 100eko 65eko edo hortik gorako desgaitasuna duten langile aktibo desgaituentzat ere 100eko 250 gehituko da hobaria.»

Sei.– 27. artikuluko 6. erregela honela geratzen da idatzita:

«6.a Ez dira kengarriak izango aisiarako edo ur kiroletarako itsasontziak edo aireontziak erosi, errentatu, konpondu, mantendu edo balioa galtzearekin zerikusia duten gastuak eta ontzi horien erabilerari lotutako bestelakoak.

Garraiobide horiek jarduera ekonomiko bati bakarrik atxikirik badaude, aurreko paragrafoan aipatzen diren gastuak kengarriak izango dira, baldin eta horrek berekin ez badakar jardueraren etekin garbia negatiboa izatea.

Hala ere, adierazitako muga ez da aplikagarria izango, zergadunak frogatzen badu badituela behar diren baliabide material eta pertsonalak aipatutako jarduera ekonomikoa –esandako garraiobideok ustiatzea– denboran zehar modu jarraituan egiteko.»

Zazpi.– 28. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Honela jokatuko da etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren modalitate erraztuan kalkulatzeko:

a) Lehendabizi, sarrerak eta gastuak kalifikatu eta kuantifikatuko dira, sozietateen gaineko zergaren foru arauan eta aurreko artikuluko erregeletan xedatutakoaren arabera, honako hauek kanpoan utzita: narriaduragatik izandako galerak, amortizazioak, foru arau honek 27. artikuluaren 5. erregelako bi apartatuaren a) letran jasotako kopuruak, eta jarduerari atxikitako ondare elementuetatik eratorritako irabazi eta galerak.

b) Aurreko letran aipatu diren sarrera eta gastuen arteko diferentzia kalkulatuko da, eta hortik ateratzen den emaitzari 100eko 10 kenduko zaio amortizazioengatik, narriadurak eragindako galerengatik, foru arau honen 27. artikuluko 5. erregelaren bigarren apartatuko a) letran aipatzen diren errentamendu, lagapen edo balio-galera gastuengatik, eta gastu frogagaitzengatik.

c) Aurreko b) letran esandakoaren arabera ateratzen den emaitzari jarduerari atxikitako ondare elementuen irabazi eta galerak gehitu edo kenduko zaizkio, foru arau honek 25. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoari jarraikiz.»

Zortzi.– 33. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita gaztelaniaz:

«1.– Kapital higigarriaren etekin osotzat hartuko dira hauek:

a) Edozein entitate motaren funts propioetan parte hartzeagatik lortutako etekinak.

b) Kapital propioak hirugarrenei lagatzeagatik lortutako etekinak.

c) Kapitalizazio eragiketetatik, bizitza edo elbarritasun aseguruen kontratuetatik eta kapital ezarpenen errentetatik datozen etekinak.

d) Kapital higigarriaren beste etekin batzuk.»

Bederatzi.– 36. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«1.– Halakotzat hartzen dira kapitalizazio eragiketetatik edo bizitza zein elbarritasun aseguruen kontratuetatik lortutako diruzko edo gauzazko etekinak, non eta ez diren lan etekin gisa zergapetu behar foru arau honek 15etik 18ra arteko artikuluetan jasotakoaren arabera. Zehazki, honako erregela hauek aplikatuko zaizkie kapital higigarriaren etekinei:»

Hamar.– 42. artikuluaren e) letra honela berridazten da:

«e) Zordunaren edo haren bermatzailearen ohiko etxebizitza ordainean emateagatik, baldin eta ordainean emate hori egiten bada hipotekaz bermatuta dauden zorrak, kreditu-entitateekin edo modu profesionalean maileguak zein hipoteka-kredituak ematen dituen beste edozein entitaterekin hartutakoak, kitatzeko.

Orobat, ondare irabaziak aurreko baldintzak betetzen dituen etxebizitza eskualdatzeagatik lortzen direnean, salbuetsita egongo dira eskualdaketa hori hipoteka judizial edo notarialen exekuzioetan egiten denean.

Ezinbesteko baldintza izango da beti ohiko etxebizitzaren jabeak ez izatea zorra bere osoan ordaintzeko eta etxebizitza besterentzea ekiditeko aski den beste ondasun edo eskubiderik.»

Hamaika.– 43. artikuluaren e) letra honela berridazten da:

«e) Zergaldian zehar jokoan izandako galerengatik gertatutakoak, baldin eta zergaldi berean jokoan lortutako irabaziak baino handiagoak badira.

Ez dira inoiz ere konputatuko foru arau honen hemezortzigarren xedapen gehigarrian aipatutako jokoetan parte hartzetik datozen galerak.»

Hamabi.– 47 artikuluaren 1. apartatuko d) letraren azken paragrafoa eta n) letra honela berridazten dira:

«Aurreko paragrafoetan xedatutakoa hala izanik ere, eskualdatzen dena inbertsio kolektiboko erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legearen Erregelamenduak –uztailaren 13ko 1082/2012 Errege Dekretuaren bidez onartuak– 79. artikuluan aipatzen dituen inbertsio funts kotizatuetako partaidetzak badira eta eskualdaketa balore burtsan egin bada, eskualdaketa balioa 1. apartatu honetako a) letran jasotakoaren arabera kalkulatuko da.»

«n) Urriaren 15eko 1282/2010 Errege Dekretuak araututako futuro eta aukeren merkatuetan burututako eragiketetan, lortutako etekina ondare irabazi edo galeratzat hartuko da eragiketak zergadunak gauzatutako jarduera ekonomikoen garapenean hitzartutako eragiketa nagusi bat estaltzea ez dakarrenean; izan ere, kasu horretan, titulu honetako III. kapituluan aurreikusitakoaren arabera tributatuko dute.»

Hamahiru.– 48. artikuluaren 1. apartatuko azken paragrafoa honela berridazten da:

«Apartatu honetan aurreikusitako araubidea ez da aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeen akzio edo partaidetzak berreskuratu edo eskualdatzetik datorren zenbatekoa zergadunaren esku jartzen bada edozein bitarteko dela medio. Araubide hori ere ez da aplikatuko eskualdatzen edo berreskuratzen dena edo, hala badagokio, harpidetzen edo eskuratzen dena artikulu honetan aipatzen diren inbertsio kolektiboko erakundeen ondarea adierazten duten partaidetzak badira edo mota horretako inbertsio sozietateen akzioak badira. Ezinbestekoa da inbertsio kolektiboko erakunde horiek inbertsio funts kotizatuak izatea Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legearen Erregelamenduak, uztailaren 13ko 1082/2012 Errege Dekretuaren bidez onartuak, 79. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.»

Hamalau.– 50. artikuluaren 4. apartatuko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Zehapenaren oinarria aipatutako prezeptua aplikatuta ateratzen den kuota osoaren zenbatekoa izango da. Zehapenaren oinarria kalkulatzeko eta ez bestetarako, egiaztatu nahi den ekitaldian aurreko ekitaldietako zenbatekoak geratzen direnean konpentsatzeko, deduzitzeko edo aplikatzeko, zenbateko horiek ez dira kontuan hartuko zerga oinarria edo oinarri likidagarria edo kuota osoa gutxitu badezakete.»

Hamabost.– 56. artikuluaren 4. apartatua honela geratzen da idatzita:

«4.– Artikulu honetan aipatzen den aitorpen informatiboa zein eredutan eta non, nola eta zein epetan aurkeztu behar den Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak erabakiko du.»

Hamasei.– 65. artikuluko a) eta c) letrak honela geratzen dira idatzita:

«a) Foru arau honek 62. artikuluan aipatzen dituen etekinak –jarduera ekonomikoenak izan ezik– eta errenta egozpenak zergaldi bakoitzean, beraien artean eta inolako mugarik gabe, elkarrekin integratu eta konpentsatu ondoren ateratzen den saldoa.»

«c) Ondare eta galera irabaziak, ondorengo artikuluan jasotakoak izan ezik, zergaldi bakoitzean beraien artean bakarrik integratu eta konpentsatu ondoren ateratzen den saldo positiboa.

Artikulu honetako c) letran aipatutako integrazio eta konpentsazioak saldo negatiboa ematen badu, haren zenbatekoa artikulu honetako a) eta b) letretan jasotako errenten saldo positiboarekin konpentsatu behar da, hau da, zergaldi berean lortutako saldo positiboarekin. Saldo positibo horren 100eko 10 izango da muga. Konpentsazio hori egin eta saldo negatiboa ateratzen bada, zenbateko hori ondorengo 4 urteetan konpentsatuko da, artikulu honetako aurreko letretan ezarri den hurrenkera berberari jarraituz. Hurrengo ekitaldi bakoitzak onartzen duen gehieneko kopuruan egin beharko da konpentsazioa, eta ezingo da egin lau urteko epetik kanpo, hurrengo ekitaldietako ondare galerekin metatuta.»

Hamazazpi.– 71. artikuluaren 3. apartatua honela geratzen da idatzita:

«3.– Aurreko artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemetan ekarpenak egin dituzten bazkide, partaide, mutualista edo aseguratuek aukera izango dute ekarpenak hurrengo bost urteetan murrizteko, aipatutako muga errespetatuz beti, baldin eta horien kopuruak zerga oinarri orokorrean murriztu ezin izan badira artikulu honen 1. apartatuko a) letran ezarrita dagoen gehieneko muga gainditzeagatik eta, betiere, murrizpenaren ekitaldian ez badaude erretiro egoeran.

Modu berean jokatu ahal izango da bai kontribuzio enpresarialek euren muga gainditzen dutenean, bai artikulu honen 1. apartatuko c) letran aipatzen den baterako muga aplikatu behar den kasuetan.

Era berean, aurreko artikuluko 3. apartatuan xedatutakoaren arabera egindako ekarpenak ezin izan badira zerga oinarri orokorrean murriztu apartatu horretan ezarritako muga gainditzeagatik, hurrengo bost ekitaldietan murriztu ahal izango dira, baldin eta horiek murrizten diren ekitaldian bazkide, partaide, mutualista edo aseguratua den ezkontidea edo izatezko bikote-laguna erretiro egoeran ez badago. Ekarpenak edo kontribuzioak ezin izan badira zerga oinarri orokorrean murriztu hura nahikoa ez izateagatik, hurrengo bost ekitaldietan murriztu ahal izango dira, haiek gainditu gabe, baldin eta murrizten diren ekitaldian bazkide, partaide, mutualista edo aseguratua den ezkontidea edo izatezko bikote-laguna erretiro egoeran ez badago.

Erregela horiek ez zaizkie aplikatuko beren araudi finantzarioan jasotako gehieneko mugak gainditzen dituzten ekarpen eta kontribuzioei.»

Hamazortzi.– 72. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«1.– Foru arau honen 70. artikuluan aipatzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemetan egindako ekarpenak zerga oinarri orokorrean murriztu daitezke, baldin eta horiek egin badira 100eko 65eko edo hortik gorako desgaitasun fisiko edo zentzumenezkoa duten pertsona desgaituen alde, 100eko 33ko edo hortik gorako desgaitasun psikikoa duten desgaituen alde, edo, maila kontuan hartu gabe, Kode Zibilean jasotako kausengatik epaileak deklaratutako ezinduen alde. Murrizpenak gehieneko muga hauek izango ditu:»

Hemeretzi.– 81. artikuluaren 4. apartatua honela geratzen da idatzita:

«4.– Aurreko ahaideak egoitzetan bizi badira, kenkaria mailarik gertueneko ahaideek egingo dute baldin eta frogaturik uzten badute aurreko ahaidearen egoitzako egonaldi gastuak beraiek ordaindu dituztela. Gastu horiek maila bereko ondorengo ahaide batek baino gehiagok ordaindu badituzte, kenkaria zati berdinetan hainbanatu eta egingo da beren artean.»

Hogei.– 82. artikulua honela geratzen da idatzita:

«82. artikulua.– Kenkaria desgaitasun edo mendetasunagatik.

1.– Desgaitasuna edo mendetasuna duen zergadun bakoitzeko, jarraian zehazten den kenkaria aplikatuko da erregelamenduz ezartzen den desgaitasun edo mendetasuna maila eta hirugarren pertsonengandik jaso beharreko laguntza kontuan hartuta:

(Ikus .PDF)

Aurreko paragrafoan aipatutako desgaitasun edo mendetasun maila eta bertan adierazitako puntuak abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren I. eranskinean eta otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretuan ezarritako eran neurtuko dira. Azken Errege Dekretu horrek autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritako mendetasun egoera baloratzeko baremoa onartu zuen.

Kenkari bera aplikatuko da ezkontideak edo izatezko bikote-lagunak desgaitasuna edo mendetasuna duenean eta apartatu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituenean.

2.– Kenkari hori bera aplikatuko da, era berean, ondorengo edo aurreko ahaide bakoitzeko edo laugarren mailarainoko zeharkako ahaide bakoitzeko, hura barne, haren adina edozein dela ere, baldin eta pertsona hori, zergadunarekin bizi izanik eta haren urteko errentak, salbuetsiak kanpoan utzita, lanbidearteko gutxieneko soldata bi halakoak izan gabe, desgaitua edo mendekoa bada.

Kenkari hau bateragarria izango da aurreko artikuluetan esandakoaren arabera egin daitezkeen kenkariekin.

Aurreko edo ondorengo ahaideak eta odolkidetasun zein ezkontza bidezko laugarren mailarainoko zeharkakoak egoitzetan bizi badira, kenkaria mailarik gertueneko ahaideek egingo dute baldin eta frogatzen badute ahaidearen egoitzako egonaldi gastuak beraiek ordaindu dituztela. Gastu horiek maila bereko ondorengo ahaide batek baino gehiagok ordaindu baditu, kenkaria zati berdinetan hainbanatuko da haien artean.

Era berean, kenkari hau egin daiteke desgaitua edo mendeko pertsona zergadunari lotuta badago tutoretza edo harrera arrazoiak direla medio, eta apartatu honetako lehen paragrafoan adierazitako errenta maila betetzen bada. Tutoretzak edo etxeko harrerak adingabeak babesteko gaietan eskudun den entitate publikoarekin hitzartua izan behar da.

3.– Aurreko apartatuan aipatutako ahaide edo asimilatuen artean ageri ez den 65 urteko edo hortik gorako pertsona bakoitzeko, zilegi izango da 1. apartatuan ezarritako kenkariak aplikatzea, betiere desgaitasun edo mendetasun maila eta hirugarren pertsonen laguntza beharra kontuan hartuta, zergadunarekin bizi denean eta haren urteko sarrerak, errenta salbuetsiak kanpoan utzita, lanbidearteko gutxieneko soldata bi halakoak baino txikiagoak direnean.

4.– Mendetasuna edo desgaitasuna duen pertsonak zerga honen autolikidazioa aurkezten badu, aukeran izango du kenkari osoa berak aplikatzea edo, bestela, kenkari osoa berarekin bizi den zergadunak aplikatzeko uztea. Bigarren aukeraren alde eginez gero, eta desgaitua edo mendekoa zergadun batekin baino gehiagorekin bizi bada, kenkaria zati berdinetan hainbanatu eta egingo da zergadun bakoitzeko.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak 115. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, aipatutako aukera autolikidazioa aurkezteko unean egin beharko da.»

Hogeita bat.– 87. artikuluaren 1., 5., 6. eta 8. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Zergadunek 100eko 18ko kenkaria aplika dezakete ohiko etxebizitza erosteko zergaldian inbertitutako kopuruengatik, haien kontura joan diren erosketa gastuak barne.

Orobat, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabiltzeagatik zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18 kendu dezakete, besteren finantzaketak haien kontura eragin dituen gastuak barne.

Ondorio horietarako, etxebizitza erosketatzat hartuko da haren jabetza osoa eskuratzea, eta kontsiderazio horrek ez du baliorik galduko jabetza hori beste titularkide batzuekin partekatzeagatik.»

«5.– Artikulu honetan jasotako ondorioetarako, ohiko etxebizitzaren erosketarekin parekatuko dira:

a) Ohiko etxebizitza birgaitzeko erabili diren diru kopuruak.

b) Erregelamenduz ezarritako formalizazio eta erabilera baldintzak betez, kreditu entitateetako kontuetan gordailatzen diren kopuruak, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak bakar bakarrik ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen badira kontua ireki denetik 6 urte igaro baino lehen.

Kenkarirako eskubidea sortu duten diru kopuruak osorik sartzen badira berriro kreditu entitate berean edo beste batean zergaren sortzapena gertatu aurretik, haiek erabiltzeari buruzko baldintza ez da bete gabekotzat hartuko.

Zergaduna letra honetako lehen paragrafoan aipatzen den epea amaitu aurretik hiltzen bada, etxebizitza kontuko kopuruak ohiko etxebizitzaren erosketan edo birgaikuntzan erabiltzeko obligazioa ez da bete gabekotzat hartuko.

Ezin izango da berriro egin letra honetan aipatzen diren kontuetan gordailatutako diru kopuruen kenkaririk, aurrez kenkarirako eskubidea sortu badute, ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen direnean.

c) Ohiko etxebizitza bilakatuko den higiezinaren azalera eskubidea eskuratzea, jabetza publikoko lursail baten gainean.

d) Erregelamendu bidez ezartzen diren kasuak.»

«6.– Birgaikuntzatzat hartuko dira jabeak bere ohiko etxebizitzan egindako obrak, baldin eta ebazpen batek jarduketa babestutzat kalifikatu edo aitortu baditu Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak –ondare hiritartua eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak– xedatutakoaren arabera, edo, hala badagokio, babesteko jarduketa gisa kalifikatu badira abenduaren 12ko 2066/2008 Errege Dekretuak edo hura ordezkatzen duten antzeko arauek ezarritakoari jarraiki.»

«8.– Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergadunak, hiru urteko epe jarraituan, egoitza gisa daukan eraikina. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste zirkunstantzia batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo harekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren desgaitasun mailara edo zergaren kuota osoan kenkaria egiteko eskubidea ematen duen pertsonarenera, senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste enplegu bat lortzea, zirkunstantzia ekonomikoengatik etxebizitza epe barruan ezin ordaintzea, edo antzeko beste egoerak gertatzea.

Ohiko etxebizitza izan denak izaera hori galduko du zergadunak bertan bizitzeari uzten dion unetik. Salbuespenak ezarri ahal izango dira erregelamendu bidez.

Ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera finka erregistral bakarra osatzen dutenean.

Familia unitateko kideak ondasun higiezin hiritar baten baino gehiagoren titularrak badira, haietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitzatzat. Horretarako, familia unitateak bere bizitza interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat.»

Hogeita bi.– 88. artikuluaren 1. eta 4. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Zerga honen zergadunek portzentaje eta muga berdinekin aplikatu ahal izango dituzte sozietateen gaineko zergaren foru arauak aktibo ez-korronte berrietan egindako inbertsioak pizteko eta zenbait jarduera egitea sustatzeko V. tituluko III. kapituluan aurreikusten dituen kenkariak, baita hamabosgarren xedapen gehigarriak jasotakoak ere.»

«4.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak 115. artikuluaren 3. apartatuan jasotakoaren ondorioetarako, artikulu honetan aurreikusitako kenkariak aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa da zergadunak, dagokion ekitaldiko autolikidazioa aurkezten duenean, berariaz adieraztea kenkariak aplikatu nahi dituela. Zergaldi baterako egindako aukera geroago aldatu daiteke, behin zerga autolikidatzeko borondatezko epea amaituta, baldin eta zerga administrazioak ez badu aurretik inolako errekerimendurik egin.»

Hogeita hiru.– 89 bis artikuluaren 2. apartatuko a) letra honela geratzen da idatzita:

«a) Sozietate anonimo, erantzukizun mugatuko sozietate, sozietate kooperatibo, lan sozietate anonimo edo erantzukizun mugatuko lan sozietate bat izatea, Kapital Sozietateen Legearen testu bateginak (uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak), kooperatibei buruzko legeriak eta Lan Sozietateei buruzko martxoaren 24ko 4/1997 Legeak ezarritako baldintzetan, eta ezein merkatu antolatutan negoziatzeko onartuta ez egotea. Baldintza hori akzio edo partaidetza edukitzen den urte guztietan zehar bete behar da.»

Hogeita lau.– Honela berridazten dira 96. artikuluaren 1. apartatuko bigarren paragrafoa eta 4. apartatua:

«Familia unitateko kideak lurralde desberdinetan bizi eta batera tributatzea aukeratzen dutenean, foru arau honen 2. artikuluko 1. zenbakiaren a) letran xedatutakoa aplikatuko da.»

«4.– Zergaldi baterako egindako aukera aldatu egin daiteke gerora, zerga autolikidatzeko borondatezko epea bukatu arte.»

Hogeita bost.– 97. artikuluaren 4 apartatuko bigarren paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Urtean zehar familia unitateko kideren bat hiltzen bada, familia unitateko gainerako kideek batera aitortzea aukera dezakete eta euren autolikidazioan hildakoaren errentak sartu. Gainera, hildakoak foru arau honen VII. tituluko II. kapituluan jasotako kenkari pertsonal eta familiarretarako eskubidea sortu badu, autolikidazioan kenkari horiek ere sartu ditzakete, haien zenbatekoa egun horretara arte proportzionalki murriztu gabe.»

Hogeita sei.– 101. artikulua honela geratzen da idatzita:

«101. artikulua.– Autolikidatzeko betebeharra.

1.– Zergadunek erregelamenduz ezartzen diren muga eta baldintzak betez aurkeztu eta sinatu behar dute zerga honen autolikidazioa.

2.– Hala ere, zergadunek ez dute autolikidazioa egin beharrik izango beraiek lortu dituzten errentak honakoak bakarrik direnean:

a) 12.000 euro bitarteko lan etekin gordinak urtean, banaka aitortzen bada. Baterako tributazioan, muga hori etekin mota hau lortzen duen zergadun bakoitzari aplikatuko zaio.

b) 12.000 eurotik gorako eta 20.000 euro bitarteko lan etekin gordinak urtean, banaka aitortzen bada, non eta ez dauden sartuta ondorengo 3. apartatuan jasotako kasuetako batean. Baterako tributazioan, muga hori etekin mota hau lortzen duen zergadun bakoitzari aplikatuko zaio.

c) Kapitalaren etekin gordinak eta ondare irabaziak, salbuetsitakoak barne bi kasuetan, batera hartuta haien urteko kopurua 1.600 eurokoa baino handiagoa ez bada.

Letra honetan xedatutakoa ez da aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeen partaidetzak edo akzioak berreskuratu edo eskualdatzeagatik lortutako ondare irabaziei dagokienez, baldin eta haien atxikipen-oinarria, erregelamenduz ezartzen denari jarraikiz, ez bada zehaztu behar zerga oinarrian txertatu beharreko zenbatekoaren arabera.

3.– Aurreko apartatuko b) letran aipatzen diren zergadunak behartuta daude zerga honen autolikidazioa aurkeztera kasu hauetan:

a) Lan etekinak ordaintzaile batengandik baino gehiagorengandik jasotzen dituztenean.

b) Ekitaldiaren barruan lan kontratu bat baino gehiago sinatu dutenean, laborala izan edo administratiboa izan, edo indarrean zegoena luzatu dutenean.

c) Ezkontide edo izatezko bikote-lagunarengandik pentsio konpentsagarriak jasotzen dituztenean edo foru arau honen 9.1 artikuluan aipatutakoak ez diren urteko mantenuak eskuratzen dituztenean, baldin eta foru arau honen 18. artikuluko i) letran aurreikusitakoaren arabera lan etekintzat hartzen badira.

d) Erregelamenduz ezartzen diren kasuetako batean sartuta daudenean.

Dena den, apartatu honetan jasotakoaren ondorioz zergaduna autolikidazioa aurkeztera behartuta badago, bi hauen artean aukera dezake:

– zerga honen xedapen orokorrei jarraituz tributatzea, edo

– lan etekinak bakarrik kontuan hartuz tributatzea, honako erregela hauen arabera:

a) Lan etekinetarako ezarritako atxikipen portzentajeen taulak lan etekin osoen gainean aplikatuko dira, betiere foru arau honen 9. artikuluaren arabera salbuetsita daudenak kanpoan utzita. Horretarako, atxikipenari lotutako etekinen zenbatekoa zehazteko erregelak hartuko dira kontuan, bai eta zerga sortzen den egunean indarrean dauden atxikipen taulak finkatu eta aplikatzeko erregelak ere.

b) Lan etekinei egindako atxikipenen eta konturako sarreren zenbatekoa gutxituko zaio aurreko a) letran ezarritakoa aplikatu ondoren ateratzen den kopuruari. Hortik ateratzen den kopurua ordainduko zaio Foru Aldundiari, eta erregelamenduz finkatzen den eran zatikatu daiteke. Tributatzeko prozedura hau erabiliz gero, ez da inoiz itzulketarik egingo.

c) Inoiz ez da aplikatuko gastu kengarririk, hobaririk, murrizpenik, kenkaririk, baterako tributazioaren erregelarik edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudian jasota dagoen beste edozein pizgarririk.

4.– Salbuespen, hobari, murrizketa, kenkari edo beste edozein zerga onuraz gozatzeko ezarrita dauden baldintza, epe edo zirkunstantzietako bat betetzen ez duten zergadunek autolikidazioa aurkezteko obligazioa izango dute, baldin eta ez-betetze horrek berekin badakar Zerga Administrazioari zirkunstantzia horren berri ematea edo erregularizazio edo diru sarreraren bat egin behar izatea.

5.– Zergadunek beraiei buruz eskatzen diren datu guztiak bete behar dituzte autolikidazioetan, eta finkatuta dauden edo finkatzen diren dokumentu eta frogagiriak erantsi ere bai.

6.– Kausatzailearen ondorengoak behartuta daude zerga honetan egin gabe geratu diren autolikidazioak aurkeztera eta sinatzera, zehapenak izan ezik, martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 39. artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.– Zergadunek bizilekua aldatzen badute, Zerga Administrazioari horren berri eman behar diote, horrek zerga exijitzeko eskumenean aldaketak eragiten dituenean.

8.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak onartuko ditu autolikidazio ereduak eta autolikidatzeko modalitate erraztu edo bereziak, eta berak ezarriko du horiek nola eta zein epetan aurkeztu eta zer baldintza eta zer kasutan aurkeztu ahal izango diren autolikidazioak bide telematikoz.

9.– Foru Aldundiak ezarritako bitartekoak, prozesu informatiko zein beste mota batekoak, edo bestelako zerbitzuak erabiliz edo haietan baliatuz egin daitezke zerga honen autolikidazioak, erregelamenduz ezartzen denari jarraituz.»

Hogeita zazpi.– 102. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Zergadunek, autolikidazioa aurkeztearekin batera, zerga zorra zehaztu behar dute, eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak erabakitako tokian, moduan eta epeetan ordaindu.»

Hogeita zortzi.– 104. artikuluaren d) letra honela geratzen da idatzita:

«d) 82. artikuluan desgaitasuna edo mendetasuna dela-eta araututa dagoen kenkaria.»

Hogeita bederatzi.– 111. artikuluaren 4. apartatua honela geratzen da idatzita:

«4.– Itzulketa egiteko epea behin igarota, hura ordaintzea ez bada oraindik erabaki zerga Administrazioari egotzi beharreko arrazoiengatik, itzultzeko dagoen kopuruari aplikatu behar zaio Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak 26. artikuluaren 6. apartatuan aipatzen duen berandutze interesa, zergadunak zertan eskatu gabe. Aipatutako epea amaitu ondorengo egunetik hasi eta itzulketa jasotzeko eskubidea aitortzea erabakitzen den egunera arte aplikatuko da berandutze interesa.»

Hogeita hamar.– 114. artikuluaren azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak onartuko ditu erabili beharreko aitorpen ereduak.»

Hogeita hamaika. Hamargarren xedapen gehigarriaren 1. eta 5. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Erregelamendu bidez, informazioa emateko betebeharrak ezarri ahal izango zaizkie inbertsio kolektiboko erakundeak kudeatzen dituzten sozietateei, inbertsio sozietateei, Espainian edo atzerrian egoiliartutako inbertsio kolektiboko erakundeen akzioak edo partaidetzak lurralde espainiarrean komertzializatzen dituzten entitateei, eta zerbitzu-prestazio askean jarduten duen entitate kudeatzailearen ordezkariari –hainbat zerga neurriri buruzko apirilaren 6ko 2/2004 Foru Arauaren bosgarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera izendatutako ordezkariari–, erakunde horien akzio edo partaidetzen gaineko eragiketei dagokienez, haien salmenta eta erosketa eragiketen emaitzari buruz daukaten informazioa ere barruan sartuta.

«5.– Azaroaren 18ko 41/2003 Legeak, pertsona desgaituen ondarea babesteari eta xede horrekin Kode Zibila, Prozedura Zibilaren Legea eta zerga araudia aldatzeari buruzkoak, 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoaren arabera, babestutako ondareetarako ekarpenen formalizazioan esku hartzen duten pertsonek ekarpen horiei buruzko aitorpen bat aurkeztu behar dute erregelamenduz ezartzen den eran. Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak erabakitzen duen leku, modu eta epean egingo da aitorpena.»

Hogeita hamabi.– Hamaikagarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Hamaikagarrena.– Judizialki aitortutako ezintasunen zerga araudia.

100eko 65eko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat foru arau honetan berariaz aurreikusita dauden xedapenak berdin aplikatuko zaizkie ezintasuna Kode Zibilean jasotako arrazoien arabera judizialki aitortua duten desgaituei ere, nahiz eta haien desgaitasuna maila horretara iritsi ez.»

Hogeita hamahiru.– Hemezortzigarren xedapen gehigarriaren 7. apartatua honela geratzen da idatzita:

«7.– Xedapen honetan aurreikusitako sariak jaso dituzten zergadunek autolikidazio bat aurkeztu behar dute karga berezi honengatik, kasuan kasuko zerga zorra kalkulatu, eta zenbatekoa Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak erabakitako lekuan, eran eta epeetan ordaindu.

Alabaina, autolikidazio hori ez da aurkeztu beharko lortutako sariaren zenbatekoa aurreko 2. apartatuan aipatutako zenbateko salbuetsia baino txikiagoa denean edo haren gainean atxikipena edo kontutako sarrera aplikatu denean aurreko 6. apartatuan jasotakoaren arabera.»

Hogeita hamalau.– Hogeigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«Bat.– Foru arau honen 47.1.a) artikuluan aipatzen diren baloreak kostu bidez eskualdatzen dituzten zergadunek bi hautu hauen artean egin dezakete: artikulu horretan eskualdaketaren ondare irabazia kalkulatzeko xedatutakoa aplikatzea, edo, bestela, eskualdaketa balioari ehuneko 3ko karga berezia aplikatzea, baldin eta balio hori ekitaldi bakoitzean 10.000 euro baino txikiagoa bada eskualdatutako balore guztiei dagokienez.

Xedapen honetan jasotakoa ez zaio aplikatuko balore horietatik eratorritako harpidetza eskubideen eskualdaketari, eta haien eskualdaketa balioa ere ez da konputatuko eskualdatutako balore multzoaren eskualdaketa balioa, aurreko paragrafoan aipatu duguna, kalkulatzeko. Harpidetza eskubide horien eskualdaketatik eratorritako ondare irabazia kalkulatzeko, foru arau honen 47.1 artikuluko a) letraren bigarren paragrafoan ezarritakoari jarraituko zaio.

Xedapen honetan aurreikusitako tributazioaren aldeko hautua berariaz adierazi behar da hura aplikatuko den ekitaldiko autolikidazioan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorraren 115.3 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Zergadunak hautazko araubide hori aplikatzea erabakitzen badu eta balore homogeneoak badaude, ulertuko da zergadunak eskualdatutakoak hark lehenengo eskuratutakoak direla.»

Hogeita hamabost.– Xedapen gehigarri bat eransten da, hogeita laugarrena, eduki hau duena:

«Hogeita laugarrena.– Pentsio planetako eskubide kontsolidatuak jasotzea ohiko etxebizitzaren gainean exekuzio prozedura bat dagoenean.

1.– Pentsio planetako partaideek eskubide kontsolidatuak jasotzen badituzte Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, jasotako kopuruei aplikatuko zaie foru arau honetan pentsio planen prestazioetarako aurreikusita dagoen zerga araubidea, eskubide horien lehen ordainketaren 100eko 60ko integrazioa ere barne.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa berdin aplikatuko zaie foru arau honen 70. artikuluan aipatzen diren aurreikuspen plan aseguratuetako, gizarte aurreikuspen plan enpresarialetako eta gizarte aurreikuspeneko mutualitateetako aseguratuei ere, aipatutako zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako erabilgarritasunaren ondorioz haietatik ordainketak jasotzen dituztenean.

3.– Aseguratuek aseguru kolektiboetako eskubide kontsolidatuak jasotzen dituztenean aipatutako zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, aseguru kolektiboen prestazioetarako ezarrita dagoen zerga araubidea aplikatuko da.

Zehazki, foru arau honen 19.2.c) artikuluan ezarritakoaren indarrez aplikatu behar den portzentajea kalkulatzeko, aseguru kolektiboetatik jasotako kopuruak erretiro prestazioekin parekatuko dira.»

Hogeita hamasei.– Xedapen gehigarri bat eransten da, hogeita bosgarrena, eduki hau duena:

«Hogeita bosgarrena.– 2015eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik datozen errenta negatiboak, mendeko zorrarengatik edo lehentasuneko partaidetzengatik sortutakoak, konpentsatzea eta integratzea.

Foru arau honen 66. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoa gorabehera, apartatu horretako a) eta b) letretan aipatzen diren saldo negatiboak baldin badatoz mendeko zorraren baloreek edo maiatzaren 25eko 13/1985 Legeak, finantza-bitartekarien inbertsio-koefizienteen, baliabide propioen eta informazio-obligazioei buruzkoak, bigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan jaulkitako lehentasuneko partaidetzek eragindako kapital higigarriaren etekin negatiboetatik, edo haien zergatia baloreak berrerosi eta harpidetzeko edo haiek trukatzeko eragiketetan jasotako baloreen eskualdaketak sortutako kapital higigarriaren etekin negatiboak edo ondare galerak badira, saldo negatibo horien zatia esandako b) edo a) letran aipatzen den saldo positiboarekin konpentsatu ahal izango da hurrenez hurren, 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen sortutakoa bada.

Konpentsazio hori egin ondoren saldo negatiboa ateratzen bada, zenbateko hori hurrengo lau urteetan konpentsatu ahal izango da, aurreko paragrafoan ezarritako eran.

Aipatutako a) eta b) letretan adierazi den saldo negatiboa, 2010, 2011, 2012 eta 2013ko zergaldietakoa, 2014ko urtarrilaren 1ean konpentsatu gabe badago eta apartatu honen lehen paragrafoan aurreikusitako errentetatik badator, zilegi izango da saldo hori 2014ko zergalditik aurrerako saldo positiboarekin konpentsatzea –b) edo a) letran aipatutakoarekin hurrenez hurren–, betiere baldin eta foru arau honen 66.1 artikuluan aipatzen den lau urteko epea amaitu ez bada.

Apartatu honen lehen paragrafoan adierazitako errentetatik zer saldo negatibo eratortzen den zehazteari begira, gertatzen bada saldo negatibo hori zehazteko garaian beste izaera bateko errentak hartu direla kontuan eta saldo horrek geroago konpentsazio partziala izan duela, ulertuko da konpentsazioak lehendabizi beste izaera bateko errentei dagokien saldoaren zatiari eragin ziola.

Hogeita hamazazpi.– Xedapen gehigarri bat eransten da, hogeita seigarrena, honela dioena:

«Hogeita seigarrena.– Lan Sozietateen akzio edo partaidetzak eskualdatzea.

Lan sozietateetako mota laboraleko akzio edo partaidetzen eskualdaketan agerian jartzen diren irabaziak eta galerak kalkulatzeko, sozietate-kontratuek, kontratu sozialek edo sozietatearekin formalizatuek ezarritako prezioa alderdi independenteek merkatuko baldintza normaletan adostutako preziotzat hartuko da foru arau honen 47.1 artikuluko b) letraren bigarren paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako.»

Hogeita hamazortzi.– Hemezortzigarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:

«Hemezortzigarrena.– Araubide iragankorra gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako soberako ekarpenetarako, 2014 baino lehenagoko zergaldietan murriztu ez direnean.

1.– Gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako soberako ekarpen eta kontribuzioak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak 73.3 artikuluan eta zazpigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan aipatuak, baldin eta badatoz 2009, 2010 eta 2011ko ekitaldietatik –2011ko abenduaren 31n indarrean zegoen idazkeraren arabera–, eta 2012 eta 2013ko ekitaldietatik –2013ko abenduaren 31n indarrean zegoen idazkeraren arabera–, eta 2014ko urtarrilaren 1ean murriztu gabe badaude, foru arau honen 71.1 artikuluan eta bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako mugak errespetatuz murriztu ahal izango dira, foru arau honen 70.5 artikuluan erretiro egoerari buruz ezartzen den muga aplikatu gabe.

2.– Zergadunak gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako soberako ekarpenak, ezkontidea edo izatezko bikote-laguna bazkide, partaide, mutualista edo titular den kasuetan, baldin badatoz 2009, 2010 eta 2011ko ekitaldietatik –10/2006 Foru Arauaren 73. artikuluko 3. apartatuak 2011ko abenduaren 31n indarrean zeukan idazkeraren arabera–, eta 2012 eta 2013ko ekitaldietatik –10/2006 Foru Arau horren 73.4 artikuluak 2013ko abenduaren 31n indarrean zeukan idazkeraren arabera–, eta 2014ko urtarrilaren 1ean murriztu gabe badaude, gehienez ere 2.400 euro murriztu ahal izango dira urtean, bazkide, partaide, mutualista edo aseguratuaren erretiro egoera kontuan hartu gabe.

3.– Pertsona desgaituen alde eratutako gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako soberako ekarpenak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak 74.2 artikuluan aipatuak, baldin badatoz 2009, 2010 eta 2011ko ekitaldietatik –2011ko abenduaren 31n indarrean zegoen idazkeraren arabera–, eta 2012 eta 2013ko ekitaldietatik –2013ko abenduaren 31n indarrean zegoen idazkeraren arabera–, eta 2014ko urtarrilaren 1ean murriztu gabe badaude, foru arau honen 72.1 artikuluan ezarritako mugak errespetatuz murriztu ahal izango dira.»

Hogeita hemeretzi.– Hogeigarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:

«Hogeigarrena.– Etekin irregularrei aplikatu beharreko integrazio portzentajeen araubide iragankorra.

1.– Foru arau honen 19.2 eta 25.4 artikuluetan ezarritakoa gorabehera, etekinak denboran zehar era irregular nabarmenean lortutakotzat kalifikatuta badaude Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauan ezarritakoarekin bat –2013ko abenduaren 31n aplikagarri zegoen idazkeraren arabera–, eta 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen hitzartutako kontratu edo akordioetatik badatoz, 10/2006 Foru Arauaren idazkera horretan ezarritakoa aplikatuko zaie.

2.– Foru arau honen 30.3 eta 39.3 artikuluetan ezarritakoa gorabehera, etekinak 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen izenpetutako kontratu edo akordioetatik badatoz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauan ezarritakoa aplikatuko zaie, 2013ko abenduaren 31n aplikagarri zegoen idazkeraren arabera.

3.– Foru arau honen 19.2, 25.4, 30.3 eta 39.3 artikuluetan ezarritakoa gorabehera, foru arau hau indarrean jarri aurretik lortutako etekinei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauan ezarritako integrazio portzentajeak aplikatu bazaizkie, eta zatika kobratzen badira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauan ezarritakoa aplikatuko zaie, 2013ko abenduaren 31n aplikagarri zegoen idazkeraren arabera.»

Berrogei.– Hogeita batgarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:

«Hogeita batgarrena.– Jarduera ekonomiko bat hasteko gordailuak kreditu entitateetan egiteagatik aplikatzen den kenkariaren araubide iragankorra.

Zergadunek 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen gordailuak egin badituzte kreditu entitateen kontuetan, horren helburua izanik beharrezko gastu eta inbertsioak egitea ekonomia jarduera bat abian jartzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak hogeita batgarren xedapen gehigarrian ezartzen duen moduan, eta data horretan oraindik ez badira hiru urte igaro kontua ireki zenetik, bada, orduan, kenkari hori aplikatzen jarraitu dezakete xedapen horrek 2013ko abenduaren 31n aplikagarri zuen idazkeran ezarritako eran.»

Berrogeita bat.– Hogeita bigarren xedapen iragankorraren lehen paragrafoa honela berridazten da:

«Foru arau honen 27. artikuluko 5. erregelaren 3. zenbakiko a) letran aipatzen diren ibilgailuen kasuan –jarduera bati bakarrik atxikiak–, 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen eskuratu badira, ondare irabaziak edo galerak kalkulatuko dira letra horrek dioenari jarraituta, berezitasun hauekin:»

Berrogeita bi.– Hogeita zortzigarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:

«Hogeita zortzigarrena.– Foru arau hau indarrean jarri aurretik egindako jarduera ekonomikoen etekinetatik datozen saldo negatiboak konpentsatzea eta jarduera ekonomiko horiekin lotuta aplikatu ez diren kenkariak aplikatzea.

1.– Zergadunaren jarduera ekonomikoetatik datozen saldo negatiboak konpentsatu gabe badaude foru arau hau aplikagarria den zergaldiaren hasieran, foru arau horren 65. artikuluko b) letran ezarritako epean konpentsatu daitezke. Saldo negatibo horiek kalkulatzen diren zergaldia amaitu eta hurrengoa hasten denetik aurrera kontatuko da epe hori.

2.– Zergadunaren inbertsioengatik eta bestelako jarduera ekonomikoengatik egin beharreko kenkariak ez baziren aplikatu kuota osoa ez zelako nahikoa foru arau hau aplikatu beharreko zergaldiaren hasieran, 88. artikuluan ezarritako epean aplikatu ahal izango dira. Kenkari horietarako eskubidea sortu den zergaldia amaitu eta hurrengoa hasten denetik aurrera kontatuko da epe hori.»

Berrogeita hiru.– Amaierako bigarren xedapena honela geratzen da idatzita:

«Bigarrena.– Arauak emateko ahalmena.

Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru arau hau garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.»

Berrogeita lau.– 26. azken paragrafoa kentzen zaio 19. artikuluaren 2. apartatuko b) letrari, eta paragrafo bat gehitzen zaio artikulu horren 2. apartatuari, eduki hau duena:

«100eko 100etik beherako integrazio portzentajeak aplikatzeko aintzat hartuko diren etekinak, apartatu honetako b) eta c) letretan aipatuak, ezingo dira izan urtean 300.000 euro baino handiagoak. Zenbateko horren gaineko soberakina 100eko 100ean integratuko da.»

Berrogeita bost.– 26. artikuluaren 4. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«Zergadunak ondare elementuak jarduera bati atxikitzeak edo aktibo ez-korronteak hartatik desatxikitzeak ez du ekarriko ondare aldaketarik, betiere ondasun edo eskubideek haren ondarearen parte izaten jarraitzen badute.»

Berrogeita sei.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita bederatzigarrena, honela dioena:

«Hogeita bederatzigarrena.– Martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak, Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bategina onartzekoak, hogeita laugarren xedapen iragankorrean jasotakoaren babesean desegin eta likidatu diren ondare sozietateetako bazkideen araubidea.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergen zergadunak ondare sozietateetako bazkide badira eta sozietate horiei aplikagarri bazaie martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak, Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bategina onartzekoak, hogeita laugarren xedapen iragankorrean xedatutakoa, zergadun horiek xedapen iragankor horren 2. apartatuko d) letran jasotakoa aplikatuko dute.»

Berrogeita zazpi.– Xedapen gehigarri berri bat eransten da, hogeita zazpigarrena, honela dioena:

«Hogeita zazpigarren xedapen gehigarria: merkantzien errepide bidezko garraio jarduerei zuzeneko zenbatespenaren modalitate erraztua ezartzeko arau bereziak.

Merkantzien errepide bidezko garraio jardueren etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren modalitate erraztua erabiliz kalkulatzeko, Foru Arau honen 28.1.b) artikuluan aipatzen den portzentajea honako hau izango da urtearen arabera:

(Ikus .PDF)

Xedapen honetan xedatutakoa aplikatzearen ondorioetarako, merkantzien errepide bidezko garraio jardueratzat joko dira apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak onartutako jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifetako 722 epigrafean daudenak.»

II. KAPITULUA
ZERGA ARLOKO BESTE ALDAKETA BATZUK

2. artikulua.– Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga aldatzea.

2011ko abenduaren 28tik aurrerako ondorioekin, 6. apartatua gehitzen zaio Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauaren 19. artikuluari. Honela dio:

«6.– Ezkontideak edo izatezko bikote-lagunak (maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratuak), aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, edo ondorengo ahaideek edo adoptatuek «inter vivos» eskuratzen badute banakako enpresa bat, negozio profesional bat edo entitate-partaidetza bat, eta horiei aplikagarri bazaie abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzkoak, 27. artikuluan araututako hobaria, orduan eskurapen horrek 100eko 75eko murrizpena izango du zergaren zerga oinarrian, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Dohaintza-emaileak hirurogeita bost urte edo gehiago eduki behar ditu, edo ezintasun iraunkorreko egoeran egon, dela erabatekoa dela baliaezintasun handia.

b) Dohaintza-emailea zuzendaritza lanak egiten ari bada, eskualdaketaren unetik beretik lan horiek egiteari utzi behar dio eta ezin du jaso lan horiei dagozkien ordainsariak.

Ondorio horietarako, besterik gabe sozietatearen Administrazio Kontseiluko kide izatea ez da sartuko zuzendaritza funtzioen barruan.

c) Dohaintza-hartzaileari dagokionez, dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo 10 urteetan, bere esku mantendu behar du eskuratutakoa, eta Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauaren 27. artikuluan araututa hobarirako eskubidea eduki behar du, non eta epe horretan ez den hiltzen. Halaber, dohaintza-hartzaileak ezin izango du egin erabilpen egintzarik edo sozietate-eragiketarik, zuzenean edo zeharka eskurapenaren balioa nabarmen murriztu dezaketenean.

Entitate-partaidetzen eskurapenetan, murrizpena kalkulatuko da kontuan hartuta zer proportzio gordetzen duten elkarren artean jarduera ekonomikoari atxikitako aktiboen balioak –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoarekin gutxitua– eta entitatearen ondare garbiaren balioak; hala behar denean, erregela horiek berak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan ere, haien entitate edukitzaileen partaidetzen balioa zehazteko.

Apartatu honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez badira, ordaindu beharko dira murrizpenaren ondorioz ordaindu ez den zerga zatia eta bidezkoak diren berandutza interesak.

Apartatu honetan jasotako murrizpena aplikatzearen ondorioetarako, dohaintza-emaileak oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den momentuan bete behar ditu abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzkoak, 27. artikuluan aurreikusten dituen baldintza eta beharkizunak. Dena den, 27. artikuluaren 3. apartatuko c) letrako baldintza betetzeari dagokionez, dohaintza-emailearen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa hartuko da kontuan, hain zuzen ere eskualdaketa egin aurreko lehen zergaldiari dagokiona.»

3. artikulua.– Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauan:

Bat.– 10. artikuluaren 2. apartatuko e) letra honela geratzen da idatzita:

«e) Legez etxebizitza errentamendutzat hartzen diren finka hiritarren errentamenduetan, kontratuak irauten duen denboragatik guztira ordaindu beharrekoa izango da oinarria. Zenbat irauten duen agertzen ez bada, likidazioa egingo da urte bat konputatuta, baina horrek ez du galaraziko urteko likidazio gehigarriak egin behar izatea Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak aurreikusten duen nahitaezko luzapena gertatzen denean –hiru urte gehienez, edo, kasua bada, urte bat gehiago–. Gainerako errentamenduetarako, oinarritzat hartuko da kontratuan hitzartutako edo legez jasotako iraupen osoarengatik ordaindu beharreko zenbateko osoa, bai eta hitzartu edo aplika daitezkeen luzapenei dagozkienak ere.»

Bi.– 11. artikuluaren 1. apartatuaren c) letra honela geratzen da idatzita:

«c) Aurreko bi letretan xedatua aintzat harturik ere, etxebizitzen eskualdaketak, elkarrekin eskualdatzen diren eta eraikin berean dauden gehienez ere bi unitateko garaje plazak eta eranskinak barne, % 2,5eko tasaren arabera tributatuko du eskuratzailea familia ugariaren titularra denean, edota kasu hauetan:

– Etxebizitzak eskualdatzen direnean, hauen azalera eraikia 120 metro koadrotik gorakoa edo 96 metro koadro erabilgarritik gorakoa ez denean.

– Familia bakarreko etxebizitzak eskualdatzen direnean, horien azalera eraikia 120 metro koadrotik gorakoa ez denean edo 96 metro erabilgarri baino gehiago ez dituztenean, eta lursailaren azalera, eraikinak hartzen duena barne, 300 metro koadro baino gehiagokoa ez denean. Familia bakarreko etxebizitzatzat hartuko da sarrera independentea duena, bai bakartua, binakakoa, atxikia edo ilaran antolatua izan.

100eko 2,5eko tasaren aplikazioaren ondorioetarako, azalera eraikitzat hartuko da fatxadetako perimetro lerroen barruan (kanpoko zein barrukoetan) eta mehelinetako ardatzen artean dagoena.

Estalita dauden hegalkinak, balkoiak edo terrazak azalera eraikiaren parte izango dira alboetatik hormek mugatuta daudenean; bestela, horien azaleraren % 50 baino ez da konputatuko, modu berean neurtuta.

Ondorio horietarako, negozioetarako lokalak ez dira etxebizitza­ren eranskintzat hartuko, etxebizitzarekin batera eskualdatu arren.

100eko 2,5eko tasa aplikatzeko, ondoko baldintzak bete beharko dira:

a') Eskuratzailea tasa hori aurrez aplikatu ez izana etxebizitza hori edo beste bat erosteko unean, eskuratutako titularitate portzentajea dena dela.

b') Etxebizitza eskuratzailearen ohiko etxebizitza gisa erabiltzea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 10/2006 Foru Arauak, abenduaren 29koak, eta hau garatzeko xedapenek aurreikusten dituzten baldintzetan.

Aipatu foru arauak etxebizitza ohikotzat hartzeko jasotako baldintzak betetzen ez badira, subjektu pasiboak hasierakoaren autolikidazio osagarria aurkeztu beharko du, bidezko berandutza interesak sartuta, ez-betetzea gertatu eta ondorengo hogeita hamar eguneko epean.

Artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, zergapekoa pertsona fisikoa delarik lokal bat egokitzen bada etxebizitza izateko, lokala jarduera ekonomiko bati atxikita ez dagoela, Zerga Administrazioak, zergapekoak aurrez eskaturik, itzuli egingo du benetan ordaindutako zergaren eta eskuratutako higiezinari b) eta c) letretan adierazitakoen artean dagokion tasa aplikatzetik ateratzen den zenbatekoaren arteko aldea. Horretarako, dena den, zerga tasa hori aplikatzeko beharrezko baldintzak betetzeaz gain, zergapekoak 18 hilabeteko epea izango du, eskuraketatik kontatzen hasita, etxebizitza gisa erabiliko duen lokalaren lehen erabilerarako edo lehen okupaziorako lizentzia jaso duela frogatzeko. Itzulketa horrek ez du berandutza interesik sortuko.»

Hiru.– 14. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Administrazio emakidek eskubide-eraketa gisa tributatuko dute beti, 11.1.d) artikuluan ezarrita dagoen karga tasa aplikatuta, haien izaera, iraupena eta xede dituzten ondasunak edozein direla ere.»

Lau.– 16. artikulua honela geratzen da idatzita:

«16. artikulua.– Bahiaren, hipotekaren edo antikresiaren hartzekodunaren eskubideetan subrogatzea eskubide eskualdaketatzat hartuko da, eta 11.1.f) artikuluan ezartzen den tasaren arabera zergapetuko da.»

Bost.– 41. artikuluaren I. apartatuko B) letraren 33. zenbakia honela berridazten da 2014ko martxoaren 9tik aurrerako ondorioekin:

«33.– Maileguen, kredituen edo zordunaren beste obligazio batzuen zenbatekoen kitak edo minorazioak jasotzen dituzten eskriturak, kita eta minorazio horiek birfinantzaketa-akordioetan edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak ezartzen dituen ordainketa-akordio estrajudizialetan sartzen direnean, baldin eta subjektu pasiboa zorduna bada.»

Sei.– 41. artikuluaren I apartatuko B) letraren 35. zenbakia honela berridazten da:

«35.– Etxebizitza errentamenduak eratzea programa hauek aintzat hartuta: "Bizigune" Etxebizitza Hutsen Programa», abenduaren 23ko 466/2013 Dekretuak arautua, Merkatu Libreko Etxebizitzen Alokairurako bitartekaritzako ASAP programa, martxoaren 27ko 43/2012 Dekretuak arautua, eta foru zein udal esparruko antzeko beste plan edo programak.

Era berean, salbuetsita egongo dira zerga oinarrian errentak ez sartzeko araubideaz gozatzen duten errentamenduak –araubide horrek ezarrita egon behar du sozietateen gaineko zergaren foru arauaren 115. artikuluak higiezinen errentamendua jarduera kualifikatu gisa duten entitateetarako aurreikusten duen araubide bereziaren esparruan–, betiere baldin eta errentamendu horien xedea sozietateak etxebizitza errentamenduak egitea bada. Ondorio horietarako, etxebizitza errentamendutzat bakar-bakarrik hartuko da Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 2. artikuluan definitutakoa.»

4. artikulua.– Aseguru Primen gaineko Zerga aldatzea.

13.– artikulua aldatzen da urriaren 21eko 70/1997 Foru Dekretuan, zeinak Gipuzkoako zerga araudia egokitzen baitu zerga, administrazio eta gizarte alorreko neurriei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legeak xedatutakora aseguru primen gaineko zergari dagokionez, eta honela geratzen da idatzita:

«13. artikulua.– Zerga ordezkaria izendatzea eta Zerga Administrazioari jakinaraztea.

Europako esparru ekonomikoko beste estatu batean, Espainia ez den beste batean, ezarrita dauden aseguru entitateek Espainian jarduten badute zerbitzu prestazio librean, Espainian helbideraturiko zerga ordezkari bat izendatu behar dute, haien ordezkari jardun dezan foru dekretu honetan xedatutakoa betetzearen ondorioetarako.

Subjektu pasiboak edo haren ordezkariak izendapenaren berri eman behar dio Zerga Administrazioari, behar diren frogagiriak aurkeztuta.»

5. artikulua.– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bategina onartzen duen apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailean:

Bat.– Honela berridazten da «I. eranskinaren» (Tarifak) lehen sekzioko 391. taldea:

«391. taldea. Prezisio, neurketa eta kontrol tresnen fabrikazioa.

Kuota:

Langile bakoitzeko: 7,218155 euro.

Kw bakoitzeko: 5,415119 euro.

Oharra: talde honen barruan honako hauek fabrikatzea sartzen da: gas, ur eta beste likidoetarako kontagailuak (erregaien hornigailuetarako kontagailuak barne); neurtu, kontrolatu eta erregulatzeko aparatuak (erregulatzaileak, maila adierazleak, dentsimetroak, etab.); nabigazio eta aeronautikarako aparatuak; hidrologia, geofisika eta meteorologiarako aparatuak; laborategiko aparatuak; prezisio balantzak; prezisioaren dimentsioa neurtzeko tresnak; marrazkilari, delineatzaile eta pantografoentzako aparatu eta tresnak; kalkulurako tresnak; irakaskuntza eta demostraziorako materiala (anatomiako maketak, etab.), bai eta haien piezak eta osagarriak fabrikatzea ere.

Ondorio informatiboetarako soilik, subjektu pasiboak ondoko epigrafeetan ageri den sailkapenaren arabera aitortu behar ditu egiten dituen jarduerak:

391.1 epigrafea. Elektrikoak ez diren kontagailuak.

391.2 epigrafea. Nabigazio eta aeronautikarako tresnak eta aparatuak.

391.3 epigrafea. Topografia, meteorologia, hidrologia eta geofisikarako tresnak eta aparatuak.

391.4 epigrafea. Dentsitatea, tenperatura, presioa, hezetasuna eta antzekoak neurtu, kontrolatu eta erregulatzeko tresnak eta aparatuak.

391.5 epigrafea. Materialen entsegu mekanikoetarako tresnak eta aparatuak.

391.6 epigrafea. Prezisio balantzak eta prezisioaren dimentsioa neurtzeko beste tresna eta aparatu batzuk.

391.7 epigrafea. Prezisio, neurketa eta kontrolerako beste tresna eta aparatu batzuk.

391.8 epigrafea. Prezisio, neurketa eta kontrolerako tresna eta aparatuen osagarriak, zatiak eta pieza solteak.»

Bi.– Honela berridazten da «I. eranskinaren» (Tarifak) lehen sekzioko 508. taldea:

«508. taldea. Interes ekonomikoko taldeek eta aldi baterako enpresa batasunek egindako era guztietako obren eraikuntza.

Oharra: eraikuntza jarduerak egiten dituzten interes ekonomikoko taldeek eta aldi baterako enpresa batasunek talde honengatik hartu behar dute alta zergaren matrikulan, inolako kuotarik ordaindu gabe. Horrek ez du galaraziko dena delako talde edo batasuna eratzen duten enpresei dagokien tributazioa exijitzea.»

Hiru.– «I. eranskinaren» (Tarifak) lehen sekzioko 655. taldeari eduki hau gehitzen zaio:

«655.4 epigrafea. Eremu pribatuan ibilgailu elektrikoetarako energia birkargatzeko zerbitzuak.

Probintziako kuota: 1.200,00 euro.

655.5 epigrafea. Eremu publikoan ibilgailu elektrikoetarako energia birkargatzeko zerbitzuak.

Xede horretara bideratutako 1.000 aparatuko edo zatiki bakoitzeko: 66,00 euroko kuota probintziala.

655.4 eta 655.5 epigrafeetarako oharra: zerga honen araudiak jarduera hasteagatik aurreikusten duen salbuespena aplikatzearen ondorioetarako, bi epigrafe hauetako jarduerak independentetzat hartuko dira 655. taldeko gainontzeko jarduerekiko.»

Lau.– Honela berridazten da «I. eranskinaren» (Tarifak) lehen sekzioko 861. taldea:

«861. taldea. Hiri izaerako ondasun higiezinen alokairua.

861.1 epigrafea. Etxebizitzen alokairua:

Estatuko kuota berezia: etxebizitzei ondasun higiezinen gaineko zergaren ondorioetarako esleitutako katastro balioaren 0,10.

Oharrak:

1.a Epigrafe honek barne hartzen du etxebizitzara destinatutako era guztietako higiezinen alokairua, erosteko aukeraduna zein aukerarik gabea.

2.a Jarduera honengatik 601,01 eurotik beherako kuotak dituzten subjektu pasiboen tributazioa zero kuota izango da.

861.2 epigrafea. Lokal industrialen alokairua eta b.i.s.g.ko beste alokairu batzuk.

Estatuko kuota berezia: lokal industrialei eta epigrafe honetan sailkatutako gainerako ondasunei ondasun higiezinen gaineko zergaren ondorioetarako esleitutako katastro balioaren ehuneko 0,10.

Oharrak:

1.a Aurreko epigrafean sailkatu ez diren lurren, lokal industrialen, negozio-lekuen eta gainerako hiri ondasun higiezinen errentamendua hartzen du barne epigrafe honek.

2.a Jarduera honengatik 601,01 eurotik beherako kuotak dituzten subjektu pasiboen tributazioa zero kuota izango da.»

Bost.– «I. eranskinaren» (Tarifak) lehen sekzioko 982. taldeari eduki hau gehitzen zaio:

«982.5 epigrafea. Kirol apustuak, loteriak eta beste joko batzuk antolatzea eta egitea, oro har.

982.51 azpiepigrafea. Ondoko azpiepigrafeetan sartzen ez diren kirol apustuak, loteriak eta bestelakoak jokoak antolatzea eta egitea.

Gutxieneko udal kuota: 500,27 euro.

Probintziako kuota: 1.250,66 euro.

Estatuko kuota berezia: 2.562,84 euro.

982.52 azpiepigrafea. Estatuko Loteria eta Apustuen Estatu Sozietatearen merkataritza sarean sartuta dauden loteria, kirol apustu eta beste joko batzuen saltzaile ofizialak.

Kuota: 219,12 euro.

Oharra: azpiepigrafe honetan sailkatutako subjektu pasiboek ahalmena izango dute Estatuko Loteria eta Apustuen Estatu Sozietatearenak ez diren beste edozein loteria banatzeko eta saltzeko, baimenduta egonez gero.

982.53 azpiepigrafea. Estatuko Loteria eta Apustuen Estatu Sozietatea ez beste erakunde batzuenak diren loteria, kirol apustu eta beste joko batzuen saltzaile ofizialak.

Kuota: 187,73 euro.

Oharra: azpiepigrafe honetan sailkatutako subjektu pasiboek ahalmena izango dute Estatuko Loteria eta Apustuen Estatu Sozietatearen loteria banatzeko eta saltzeko, baimenduta egonez gero.

982.54 azpiepigrafea. Kirol apustuak, beste joko batzuk eta askotariko loteriak jasotzeko baimena duten saltzaile ez ofizialak.

Kuota: 121,74 euro.

Oharra: beren jarduera taberna, denda, eta antzeko establezimenduetan betetzen duten saltzaileen jarduera nagusia ez bada kirol apustuak, jokoak eta loteriak jasotzea, azpiepigrafe honi esleitutako kuotaren 100eko 10 gehitu beharko diote beren jarduera nagusiagatik ordaindu behar duten kuotari.»

Sei.– II. eranskinaren (Jarraibideak) 14. erregelako 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Elementu tributarioak aplikatzeko arau orokorrak.

Elementu tributarioen gorabeherak 100eko 20tik gorakoak badira, aldaketatzat hartuko dira foru arau honen 14.2 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako.

Abeltzaintza independenteko jardueretan, 5 urtean behin bakarrik izango da aldaketa horien berri emateko obligazioa, zergadunek beren borondatez ekitaldi bakoitzerako alta edo baja aitorpenak egitea eragotzi gabe.»

6. artikulua.– Zergen foru arau orokorra aldatzea.

Aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean:

Bat.– 68. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Irabazten den preskripzioak ondorio berberak ditu zerga zorra ordaintzera behartuta dauden guztientzat, aurreko artikuluko 9. apartatuan xedatutakoan izan ezik.»

Bi.– 79. artikuluaren 1. apartatuko azken paragrafoa honela berridazten da:

«Zergapekoak Zerga Administrazioari eskatu ahal izango dio, erregelamenduz ezarriko den eran, kautelazko neurriak har ditzala aurreko paragrafoetan aipatutako bermeen ordez. Horrelakoetan, ez da aplikatuko foru arau honen aurreko artikuluko 6. apartatuan xedatutakoa.»

Hiru.– 105. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Erregelamenduz ezarriko da zein baldintza bete behar diren jakinarazpenak bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz egin daitezen, jakinarazpen horien araudian ezarritakorekin bat.»

Lau.– Zenbakia aldatzen zaio 174. artikuluko azken apartatuari, 6.a izatetik 7.a izatera pasatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«7.– Zerga Administrazioak debeka dezake sozietate baten ondasunak edo haien gaineko eskubideak xedatzea, haren aurka zerga-bilketako prozedurarik zertan abiarazi gabe, baldin eta zergapekoari sozietate horren akzioak edo partaidetzak enbargatu bazaizkio eta zergapeko horrek kontrola baldin badu –merkataritza-kodearen 42. artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera–, dela osoa edo partziala, zuzena edo zeharkakoa, ondasun higiezin horien titularra den sozietatearen gainean, baita kontu bateratuak aurkezteko betebeharrik ez izan arren. Bidezko manamenduaren bidez, xedatzeko debekuari buruzko idatzohar prebentiboa egin ahal izango da dagokion erregistroan, eta manamendu horretan justifikatuko da erregistroko titularra ez den pertsonaren aurka hartutako kautelazko neurria baliozkoa dela, kontrol harreman bat egiten ari delako. Manamenduan bertan kontrol harreman horren egitatezko baldintza zehaztuko da.

Ondasun higiezinen kasuan, debekuaren prebentziozko idatzoharra jabetzaren erregistro eskudunean finkei irekitako orrian egingo da.

Xedatzeko debekua ezartzen duen neurriaren kontrako errekurtsoa aurkezteko, ez da beste zergatikorik onartuko neurria onartzeko bete behar diren egitatezko baldintzetako bat ez betetzea baizik.

Zergapekoari dagozkion partaidetza edo akzioen enbargoa edozein kausa dela-eta iraungitzen denean kenduko da neurria. Era berean, Zerga Administrazioak bere esku du xedatzeko debekua kentzea, hura mantentzeak kalte konpongaitzak edo konponezinak eragin ditzakeenean, betiere sozietateak behar bezala frogatzen baditu.»

Bost.– 179. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:

«2.– Likidazio administratiboen kasuan, erantzukizunaren aitorpena zerga-bilketako organoak egingo du beti, baita ordaintzeko borondatezko epea amaitu aurretik egiten bada ere.»

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– «Terminal fiskalaren» sistema eta zerga tratamendua.

1.– «Terminal fiskalaren» sistema fakturazio sistema bat da, Ogasun eta Finantza Departamentuak hornitutako software informatiko batean oinarrituta dagoena. Ondasun salmentan edo zerbitzu prestazioan egindako fakturak prozesatu, erregistratu eta kudeatzeko, eta haiei buruzko informazioa Ogasun eta Finantza Departamentuaren zerbitzari batera bidaltzeko erabiliko da.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek –jarduera ekonomikoak egiten dituztenek–, sozietateen gaineko zergaren zergadunek, eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek dute «terminal fiskalaren» sistema aplikatzeko aukera, betiere baldin eta, erregelamenduz ezarriko diren jarduera sektoreetakoak izanik, beren borondatez sistema horretara atxikitzen badira.

Sistema hau aplika dezaketen jarduera sektoreak erregelamenduz ezartzearen ondorioetarako, amaierako kontsumitzaileari ondasunak saltzea edo zerbitzuak ematea izan behar dute sektore horiek ezaugarri nagusi.

2.– «Terminal fiskalaren» sistemara atxikitzen diren zergadunek 100eko 10eko murrizpena aplikatuko dute, fakturazio sistema honetara bildutako jarduerei dagokienez, negozio-zifra garbiaren gainean, eta zergadun horiek ez badute eramaten kontabilitatea Merkataritza Kodearen arabera, murrizpen hori ondasun salmentetatik –ondare elementuak sartu gabe– eta zerbitzu prestazioetatik datozen sarrera gordinen gainean aplikatuko da. Zergaduneko urtean aplika daitekeen murrizpena ezin da izan 6.000 euro baino handiagoa.

Murrizpen hori aplikatzeko baldintzak erregelamendu bidez ezarriko dira.

3.– Aurreko apartatuaren arabera sarrera gordinen gainean aplika daitekeen murrizpena bateraezina izango da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduak –urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onartuak– seigarren xedapen iragankorraren 2. apartatuko b) letraren hirugarren paragrafoan aurreikusten duen 100eko 75eko gastu kengarriarekin.

Bigarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldeko zerga zorretik datozen hipoteka-kargak kitatzea ohiko etxebizitza ordainean ematen den kasuetan.

1.– Zordunaren ohiko etxebizitza zorren ordainean ematen bada martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-Dekretuak, baliabiderik gabeko hipoteka-zordunak babesteko presako neurriei buruzkoak, eranskinaren 3. apartatuan ezartzen duen eran –eranskin horretan jasotzen da «Ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka bermea duten zorrak modu bideragarrian berregituratzeko Jardunbide Egokien Kodea»–, Gipuzkoako Foru Aldundiak kitatu egingo ditu etxebizitzaren gainean bere alde dituen kargak, baldin eta hipotekaren ondoren ezarri badira eta Aldundiaren titulartasuneko zerga zorretatik badatoz.

Xedapen gehigarri honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, zerga zorrak aipatzen direnean zor horiek ez ezik zerga zehapenetatik datozenak ere aipatzen ari dira.

Xedapen gehigarri honetan ezarritakoa berdin aplikatuko zaie zordun nagusiaren bermatzaileei ere, euren ohiko etxebizitzari dagokionez, hipoteka-zordunarentzat ezarritako baldintza berberetan.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa aplikagarria izan dadin, baldintza hauek bete behar dira:

a) Martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-Dekretuak, baliabiderik gabeko hipoteka-zordunak babesteko presako neurriei buruzkoak, eranskinaren 3. apartatuan aipatzen dituen zordunen ohiko etxebizitza izan behar du –eranskin horretan jasotzen da «Ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka bermea duten zorrak modu bideragarrian berregituratzeko Jardunbide Egokien Kodea»–.

Ondorio horietarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 87.8 artikuluan halakotzat definitutakoa.

b) Aurreko letran aipatu diren zordunek ez dute eduki behar zorra bere osoan ordaintzeko eta etxebizitza besterentzea ekiditeko aski den beste ondasun edo eskubiderik.

c) Ohiko etxebizitzaren gainean ezarritako kargek bermatzen duten zerga zorraren zenbatekoa ezin da izan 15.000 euro baino handiagoa. Kasu berezietan, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera utzi ahal izango du baldintza hau bete beharra.

d) Aurreko a) letran aipatu diren zordunek bidezko eskabidea aurkeztu behar dute Gipuzkoako Foru Aldundian, eta eskabide horretan ordainketa plan bat zehaztu, bai ohiko etxebizitzaren gainean ezarritako kargekin bermatu den zerga zorra ordaintzeko (hurrengo artikuluan aipatzen diren kitatze gastuak barne), bai Gipuzkoako Foru Ogasunarekin izan ditzakeen bestelako zorrak ordaintzeko. Hala kasu batean nola bestean, behar diren berandutza interesak aplikatuko dira, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak ezarritakoari jarraituz. Era berean, titular moduan dauzkaten ondasun eta eskubideen zerrenda ere aurkeztu beharko dute.

3.– Aurreko 1. apartatuan aipatutako kitapenarekin zerikusia duten gastu guztiak 2. apartatuaren a) letran adierazitako zordunen kontura joango dira, nahiz eta Foru Aldundiak aurreratuko dituen eta ordainketa planean haien itzulketa sartuko den.

4.– Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuari baimena ematen zaio Gipuzkoako Foru Aldundiaren titulartasuneko zerga zor eta zehapenetatik datozen kargak, ohiko etxebizitzaren gainean ezarritakoak, kitatu daitezela agintzeko, martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-Dekretuak, baliabiderik gabeko hipoteka-zordunak babesteko presako neurriei buruzkoak, eranskinaren 3. apartatuan aipatzen dituen kasuetan –eranskin horretan jasotzen da «Ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka bermea duten zorrak modu bideragarrian berregituratzeko Jardunbide Egokien Kodea»–.

5.– Xedapen gehigarri honetan jasotakoa aplikatuko zaie bertan ezarritako beharkizunak betetzen dituzten egoera guztiei, baita egoera horiek xedapen hau indarrean jarri aurretik gertatu direnean ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira foru arau honetan ezarritakoaren aurka doazen xedapen guztiak.

AMAIERAKO XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan berariaz jasotako ondorioak eragotzi gabe.


Azterketa dokumentala