Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2014ko abenduaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5312

AGINDUA, 2014ko azaroaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Gernika-Lumoko «San Fidel Ikastola» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuari (Bizkaia) Haur Hezkuntzako 2. zikloko unitateak gehitzeko baimena emateko dena.

Haur Hezkuntzako 2. zikloko bi unitate gehitzeko baimena eskatuz Gernika-Lumon (Bizkaia) dagoen «San Fidel Ikastola» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren erakunde titularraren ordezkariak hasarazitako espedientea aztertu da.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua (apirilaren 9ko BOE), ikastetxe pribatuetan unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenei buruzkoa; otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten derrigorrezko baldintzak ezartzen dituena (martxoaren 12ko BOE), eta gai horretan aplikatu beharreko gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ondoren zehazten den ikastetxeari baimena ematen zaio, 2014-2015 ikasturtetik aurrera, Haur Hezkuntzako 2. zikloko bi unitate gehitzeko:

Kode-zenbakia: 48005469

Izen espezifikoa: «San Fidel Ikastola»

Titularra: Bilboko Elizbarrutia

Helbidea: Carlos Gangoiti, 11

Udalerria: Gernika-Lumo

Lurralde Historikoa: Bizkaia.

Baimena:

– Haur Hezkuntzako 2. zikloko bi unitate gehitzea.

Ikastetxearen osaera:

– Haur Hezkuntzako 1. zikloa: 9 unitate, honelako edukierakoak:

● unitate 1, urtebetetik beherako ikasleentzat, 8 ikaspostuko edukierakoa.

● 4 unitate, urtebetetik bi urtera bitarteko ikasleentzat; bakoitza 13 ikaspostuko edukierakoa.

● 4 unitate, bi urtetik hiru urtera bitarteko ikasleentzat; bakoitza 18 ikaspostuko edukierakoa.

– Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 9 unitate, 218 ikaspostu.

– Lehen Hezkuntza: 12 unitate, 300 ikaspostu.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 9 unitate, 270 ikaspostu.

– Hezkuntza Berezia: 2 gela ireki.

2. artikulua.– Indarrean dagoen araudia betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako unitateetako irakasleen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du ikastetxeak, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxeko titularrarena izango da baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen edo diru-laguntzen deialdien bitartez laguntzarik lortuko denik.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen kontra, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 26a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala