237. zk., 2014ko abenduaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (361 KB - 28 orri.)
- EPUB (313 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
5304
227/2014 DEKRETUA, abenduaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea laguntzeko Europako Erkidegoak emandako neurriak garatu eta aplikatzekoa.
Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintzako ekoizpenaren lehiakortasuna areagotzeko eta ardoen kalitatea finkatzeko, ardogintza eta mahastizaintzako merkatuen antolakunde bateratu bat ezarri zen. Merkatuen Antolakunde Bateratua (MAB) honako arau hauen arabera erregulatu zen: Kontseiluaren 2008ko apirilaren 29ko 479/2008 (EE) Erregelamendua, eta Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua (Kontseiluaren 479/2008 (EE) Erregelamendua garatzeko arauak ezartzen dituena), zeina Batzordearen 2010eko irailaren 1eko 772/2010 (EB) Erregelamenduak aldatu baitzuen. Berriki, aldatu egin da Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 (EE) Erregelamendua, Batzordearen 2013ko martxoaren 8ko 202/2013 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren bidez.
Kontseiluaren 479/2008 (EE) Erregelamendua indargabetu egin zen, eta Kontseiluaren 1234/2007 (EE) Erregelamendura gehitu zen (MEKentzako erregelamendu bakar moduan ezagutuak), 2009ko maiatzaren 25eko 491/2009 (EE) Erregelamenduaren bitartez. 1234/2007 (EE) Erregelamendua ere indargabetu egin da, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EE) Erregelamendu berriki onartura gehitu da (horren bidez, nekazaritza produktuen merkatuen antolaketa komuna sortzen da, eta 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) erregelamenduak indargabetzen).
Estatu mailan, 2013ko uztailaren 20an, argitara eman zen uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretua, espainiar mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko 2014-2018 programako neurriak aplikatzekoa (ekainaren 27ko 549/2014 Errege Dekretuak aldatu zuen). Dekretu horrek indargabetu egiten ditu otsailaren 27ko 244/2009 Errege dekretua (otsailaren 19ko 168/2010 Errege Dekretuak aldatutakoa) eta urriaren 31ko 1547/2011 Errege Dekretua.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzeko maiatzaren 7ko 5/2004 Legeak ezarri du mahastiaren eta ardoaren ordenamendua. Bestalde, Europako Erkidegoko erregelamenduak eta Estatuko oinarrizko araudia garatu eta aplikatzeko arauak abenduaren 22ko 630/2009 Dekretuak ezarri zituen (630/2009 Dekretua, abenduaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea laguntzeko Europako Erkidegoak emandako neurriak garatu eta aplikatzekoa). Dekretu hori azaroaren 15eko 234/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen.
Erkidegoko erregelamenduan eta Estatuko oinarrizko araudian egindako oinarrizko aldaketek, era berean, ezinbesteko egiten dute MAB horren garapenerako eta aplikaziorako araudiaren aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoan. Berritasun ugari sartu dira, eta, horien artean, aipagarria da etorkizunean, zenbait baldintzaren pean, lagungarriak izan ahalko direla Europar Batasunaren barruan egindako informazio- eta -sustapen-ekintzak. Aipagarria da, halaber, inbertsioetarako ezarri den neurri berria.
Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko Europako Erkidegoak emandako neurriak garatu eta aplikatzeko araudia ezartzea, eta horretan, abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua ordezkatzen du.
Dekretu hau egiteko kontsulta egin zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei; jatorrizko deitura babestua duten ardoen Kontseilu Erregulatzaileei; bai eta sektoreko elkarte eta erakunde profesionalei ere.
Aginduzko irizpen egokia eman ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2014ko abenduaren 9an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea, aplikazio eremua eta definizioak.
1.– Dekretu honen xedea da Europako Erkidegoko erregelamendua eta Estatuko oinarrizko araudia garatzeko eta aplikatzeko arauak ezartzea, Euskadiko Autonomia Erkidegoan, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko neurri hauei lotuta:
a) Sustapena.
b) Inbertsioak.
c) Mahastien berregituraketa eta birmoldaketa.
d) Azpiproduktuen ezabaketa.
2.– Dekretu honen aplikaziorako, uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuan ezarritako definizioak hartuko dira kontuan; edo, bestela, hori aldatzen edo ordezten duten arauetan ezarritakoak.
2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa, emateko prozedura.
1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsetik etorriko dira (NBEF), eta haien zenbateko osoa Euskal Autonomia Erkidegoan helburu hori betetzeko izendatutakoa izango da, deialdi edo epealdi bakoitzean, Europako Erkidegoko eta Estatuko erregelamenduetan eta erabakietan ezarritakoarekin bat.
Laguntza horiek Erakunde Ordaintzailearen bitartez ordainduko dira, urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan ezarritakoarekin bat (194/2006 Dekretua, urriaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duena), behin Erakunde Ordaintzailearen Zuzendariak xede horretarako ebazpenak eman ondoren.
2.– Laguntza horiek lehiaketa bidez emango dira, non horien guztizko zenbatekoak ez duen gaindituko aurrez aipatutako esleipena edo, hasierako esleipen hori handitzea adosten bada, haren eguneraketatik eratorritakoa, Dekretu honetan jasotako laguntza bakoitzaren prozedura eta lehenespen-irizpideekin bat.
3. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
1.– Ezingo dira Dekretu honetan jasotako laguntzen kontura finantzatu Euskadiko Landa Garapenerako Programan bildutako neurriak, ez eta europar funtsekin finantzatutakoak ere.
2.– Laguntza hauek ezingo dira inola ere Eusko Jaurlaritzak edo Foru Aldundiek helburu berdinerako finantzatutako beste edozein laguntzekin batera hartu edo horiekin osatu. Zehazkiago, bateraezinak izango dira landa-garapenerako programetatik eratorritakoekin.
3.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzetako bakoitzaren deialdi-aginduan adieraziko da zein diren aipatutako agindua argitaratzen den unean xede berarekin edo antzekoarekin indarrean dauden eta, horren ondorioz, dekretu honetan arautzen diren laguntzekin bateraezinak diren diru-laguntzen programak.
4. artikulua.– Onuradunak.
1.– Dekretu honetan ezarritako laguntzen onuradunek, pertsona fisikoak zein juridikoak izan, bete egin beharko dituzte laguntza-lerro bakoitzean zehaztutako baldintzak eta betebeharrak.
2.– Dekretu honetan aurreikusitako edozein laguntzaren pertsona onuradun guztiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Dagokion Foru Ogasunarekin dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoak egunean edukitzea.
b) Itzulketa- edo zigor-prozedurarik aribidean ez izatea, laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dion zigor administratiborik edo penalik ez izatea, edo legez debekatua ez izatea halakorik eskuratzea.
3.– Titulu honetan arautu diren diru-laguntza eta bestelako laguntzen deialdietara ezin izango dira aurkeztu, bidezko zehapenak ezarritako epean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide debeku horrekin zehatutako pertsona fisikoak edo juridikoak, ez eta sexuaren ziozko bereizkerian erortzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso dutenak ere.
5. artikulua.– Onuradunen eskubideak eta betebeharrak.
Dekretu honen bidez erregulatutako laguntzen pertsona onuradunek betebehar hauek izango dituzte, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebehar orokorrez eta lurralde historikoetako laguntzak erregulatzeko foru-arauetan ezarritako izaera bereko betebeharrez gain:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, onartu egiten dutela joko da, ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunetan. Dena den, sustapenari eta inbertsioei lotutako programei dagozkien laguntzak berariaz onartu behar dira, Dekretu honen 12.3 eta 21.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat.
b) Laguntzak zer helburu zehatzekin eman diren, haiek betetzeko erabiltzea, kasuan-kasuan, emakida- edo likidazio-ebazpenean ezarritako baldintzekin bat.
c) Behar adina informazio ematea Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien sail eskudunei, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Europar Batasuneko organo eskudunei, Dekretu honen kargura jasotzen diren diru-laguntzen gainean dituzten zereginak bete ditzaten.
d) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraiki.
2.– Dekretu honen aplikazioak bere baitan dakarren edozertan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek herri-administrazioekin euskaraz edo gazteleraz egiteko eskubidea dute bai idatziz bai ahoz, eta aukeratzen duten hizkuntzatan erantzungo zaie. Eskubide hori bermaturik izango dute.
6. artikulua. – Baldintzak aldatzea eta ez betetzea.
1.– Laguntzak ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere, laguntzaren helburua bete dela ikusita, eta, hala badagokio, diruz lagun daitekeen zenbatekoa gainditzen bada, baliteke diru-laguntzak emateko Ebazpena aldatzea. Ondorio horietarako, laguntza-erregimen bakoitzaren kudeaketa-organo eskudunak dagokion Aldaketa Ebazpena emango du; bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.
2.– Pertsona onuradunek Dekretu honetan edo dekretua garatzen duten foru-araudietan ezarritako baldintzak beteko ez balituzte, laguntza-erregimen bakoitzean zehaztutako xedapen espezifikoen kalterik gabe, jasotako zenbatekoa itzuli eta hari dagozkion legezko interes aplikagarriak ordaindu beharko lituzkete, Erkidegoko erregelamendu aplikagarriekin, 1/1997 Dekretuarekin (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena), 698/1991 Dekretuarekin eta foru-araudi aplikagarriekin bat.
3.– Iruzurra edo arduragabekeria larritzat joko balitz, onuraduna zigortua izango litzateke, 5/2004 Legearen V. tituluan ezarritakoarekin bat (5/2004 Legea, maiatzaren 7koa, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa), bai eta 1/1997 Dekretuaren III. kapituluaren VII. tituluan ezarritakoarekin bat ere (1/1997 Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).
II. KAPITULUA
SUSTAPENERAKO LAGUNTZAK
7. artikulua.– Erreferentziako eta aplikazioko arauak
1.– Sustapenerako laguntzak arau hauen arabera emango dira: dekretu hau, zuzeneko aplikazioko Erkidegoaren erregelamendua, eta uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretua edo hori aldatzen edo ordezten duten arauak. Zuzeneko aplikazioko erkidego-erregelamendua eta estatuaren oinarrizko araudia izango dira erreferentziako arauak dekretu honen ondorioetarako.
2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako erreferentziako araudia osatzeko arauak, alderdi teknikoak zehazteko arauak, eta erreferentziako araudian egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egitekoak, dekretu honen 9. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko dira. Halaber, agindu honetan, eranskin gisa, jasoko da ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko araudia, bai erreferentziakoa bai garapenekoa.
8. artikulua.– Onuradunak.
Sustapenerako laguntzen onuradunek, pertsona fisiko zein juridiko izan, baldintza hauek bete beharko dituzte, 1. atalean iragarritako erreferentziako araudian ezarritakoez gain:
a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) Industria ardogileei dagokienean, dagokien elikagaien industrien erregistroan izena emanda eta datuak eguneratuta izatea. Eskatzailea esportatzaileen elkarte edo partzuergo bat bada, erregistro horretan izena emanda izatea, gutxienez, hura osatzen duten enpresen 2/3ek.
9. artikulua.– Eskabideak formalizatu eta aurkeztea.
1.– Urtero, Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko eskumena duen sailaren titularrak emandako agindu baten bidez, deialdi bat egingo da, kapitulu honetan iragarritako laguntzak emateko.
2.– Halaber, agindu honetan, ekitaldi bakoitzerako eskabideak aurkezteko epe bat ezarriko da, eta jakinez gero, deialdi horretarako Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren karguan emango diren laguntzen zenbateko osoa jakinaraziko da.
3.– Horrez gain, agindu honetan, eranskin gisa, jasoko da ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko araudia, bai funtsezkoa bai garapenekoa, 7. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat.
4.– Eskaerak Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunean aurkeztuko dira, deialdi-agindu horretan onartutako ereduak barne hartzen dituzten inprimakietan, eredu horietan zehaztutako dokumentazioarekin batera.
10. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Eusko Jaurlaritzan elikagaien industriaren arloan eskumena duen zuzendaritza izango da laguntza horien kudeaketa-organoa. Kudeaketa-lan horien testuinguruan, eskaerak aztertu eta baloratu ostean, behin-behineko zerrenda bat egingo du, hautatutako programa lehenetsiekin.
2.– Aurkeztutako eskaerak balioesteko, balorazio-batzorde bat eratuko da, hauek osatuta: elikagaien industriaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularra edo haren ordezkoa, (batzordeko zuzendaria izango da), eta batzordekide izango diren beste bi pertsona. Azken bi horiek elikagaien industriaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzako teknikarien artean hautatuko dira, eta sailburuordetzaren titularraren ebazpenez izendatuko. Izendapen-ebazpenean batzordeko idazkaria era izendatuko da, zeinak hitza izango baitu, baina botorik ez.
3.– Balorazio Batzordeak aurkeztutako eskaeren lehenespen-proposamen bat egingo dio Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunaren titularrari, hark lehenespen-zerrenda hori elikagaien industrien arloko ministerio eskudunaren batzordera bidal dezan, uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera osatutakoa, programa horiek ebalua ditzan.
4.– Urtero, behin Autonomia Erkidegoek ardoaren MABean aurkeztutako sustapen-programa guztiak ebaluatu ondoren, elikagaien industriaren arloko ministerio eskudunak onartutako programen behin betiko zerrenda igorriko dio Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko sail eskudunari.
11. artikulua.– Balioesteko irizpideak.
1.– Aurkeztutako eskabideak balioesteko, erreferentziako araudian ezarritako balioespen- eta ebaluazio-irizpideak aplikatuko dira.
2.– Halaber, Euskal Autonomia erkidegoarentzako interesa balioesteko irizpide orokor osagarri hauek aplikatuko dira:
a) Kalitate-bereizgarrien pean dauden produktuen programa.......... 6 puntu gehienez.
b) EAEn eraldatutako produktuak hartzen dituen programa............. 4 puntu gehienez.
Balioespen-irizpide hauek garatu eta zehaztu ahal izango dira, dekretu honen 9. artikuluan ekitaldi bakoitzerako aurreikusten den deialdi-aginduan.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Eusko Jaurlaritzan elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak, onartutako behin betiko zerrenda ikusi ondoren, deialdia ebatziko du.
2.– Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epealdi horretan berariazko ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluaren arabera.
3.– Ebazpen positiboa izanez gero, ebazpena jakinarazi ondoko hamabost egunen barruan, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Industriako zuzendari eskudunari jakinarazi beharko diote onuradunek onartzen dutela ezarritako baldintzen ebazpena, edo, horrela badagokio, uko egiten diotela. Ebazpenaren jakinarazpenaren ondoko bi hilabeteetan, onuradunek betearazpen-onaren bermea aurkeztu beharko diote organo horri, Batzordearen martxoaren 28ko 282/2012 (EB) Betearazpen Erregelamenduan (LCEur 2012, 435) aurreikusitako baldintzen arabera, proiektuaren betearazpen egokia ziurtatzeko. Berme horren zenbatekoa erkidegoaren finantzazioaren ehuneko 15ekoa izango da.
4.– Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak arlo horretako ministerio eskudunari jakinaraziko dizkio prozeduraren baitan emandako onarpenak, ukoak eta uzteak.
5.– Onuradunek hitzartutako neurriak exekutatu behar dituzte, gutxienez, erreferentziako araudian ezarritako guztizko aurrekontu onartuaren ehunekoan.
13. artikulua.– Ekintzak eta programak aldatzea.
1.– Onuradunek aurreikusitako ekintzen aldaketa eska dezakete, betiere, agerian geratzen bada proposatutako aldaketekin emaitza hobeak lortuko direla, erreferentziako araudian horri buruz ezarritakoarekin bat.
2.– Aldaketa-eskaera horiek idatziz aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunean.
14. artikulua. Aurrerakinen eta ordainketen finantzaketa.
1.– Kapitulu honetan iragarritako diru-laguntzak jaso ditzaketen proiektuak eta ekintzak Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren karguan finantzatuko dira, erreferentziako araudian horretarako zehaztutako zenbatekoetan eta ehunekoetan.
2.– Pertsona onuradunek aurrerakin bat eska dezakete, erreferentziako araudian zehaztutako gehieneko zenbatekoa eta baldintzak betetzen dituena, Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien zuzendaritza eskudunean, Erakunde Ordaintzailearen aldeko berme bat eratzen bada, erreferentziako araudian ezarritako zenbatekoa bermatzen duena. Bermeak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian utziko dira.
3.– Ordainketak ondorio horietarako erreferentziako araudian ezarritakoarekin bat egingo dira, eta Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunean eskatu behar dira.
4.– Ordainketa baldintzapekoa da. Onuradunek ziurtatu egin beharko diote zuzendaritza horri bete egin dutela aplikagarri den araudia. Horrez gain, araudian jasotako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bai eta ikuskatzaile gisa legez aitortutako pertsona edo sozietate batek ikuskatutako kontuak eta ikusketa-txostenak ere.
15. artikulua.– Bermeak kentzea.
1.– Dekretu honen 12.3 artikuluan jasotako exekuzio onaren bermea aurrez kenduko da EAEko Erakunde Ordaintzaileak hura bertan behera uztea adosten duenean, behin laguntzaren xedea bete izana egiaztatutakoan.
2.– Dekretu honen 14.2 artikuluan jasotako aurrerakinaren bermea kentzeko, EAEko Erakunde Ordaintzaileak behin betiko aitortu beharko du onuradunaren eskubidea laguntza jasotzeko.
16. artikulua.– Kontrolak.
1.– Laguntzaren onuradunek ziurtatu beharko dute programen barruan erabiltzen den informazio- eta sustapen-materialak betetzen dituela, bai erkidegoaren araudia, bai programa garatzen den hirugarren lurraldeko legeria. Horretarako, onuradunak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dio elikagaien-industriaren arloko eskumena duen zuzendaritzari, materiala egokia dela eta dagokion araudi aplikagarria betetzen duela adierazita.
2.– Eusko Jaurlaritzako elikaduraren industrien arloko zuzendaritza eskudunak urteko kontrolen plan bat egingo du; bai eta egindako kontrolen emaitzen urteko txosten bat ere, eta arlo horretako eskumena duen ministerioari igorriko dio.
III. KAPITULUA
INBERTSIOETARAKO LAGUNTZA
17. artikulua.– Erreferentziako eta aplikazioko arauak.
1.– Sustapenerako laguntzak arau hauen arabera emango dira: dekretu hau, zuzeneko aplikazioko Erkidegoaren erregelamendua, eta uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretua edo hori aldatzen edo ordezten duten arauak. Zuzeneko aplikazioko erkidego-erregelamendua eta estatuaren oinarrizko araudia izango dira erreferentziako arauak dekretu honen ondorioetarako.
2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako erreferentziako araudia osatzeko arauak, alderdi teknikoak zehazteko arauak, eta erreferentziako araudian egindako aldaketen ondorioz beharrezkoak diren egokitzapenak egitekoak, dekretu honen 9. artikuluan aurreikusitako deialdi-aginduan ezarriko dira. Halaber, agindu honetan, eranskin gisa, jasoko da ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko araudia, bai erreferentziakoa bai garapenekoa.
18. artikulua.– Onuradunak.
Inbertsioetarako laguntzen onuradunek, pertsona fisiko zein juridiko izan, baldintza hauek bete beharko dituzte, 1. atalean iragarritako erreferentziako araudian ezarritakoez gain:
a) Establezimendua, non inbertsioa egingo baita, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egotea.
b) Fisikoki upategi bati lotuta ez dauden merkaturatze-proiektuetarako inbertsioen kasuan, edo beste estatu kide batean merkaturatzekoetan, eskatzailearen helbide fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan egotea.
19. artikulua.– Deialdia eta eskabideen aurkezpena.
1.– Urtero, Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko eskumena duen sailaren titularrak emandako agindu baten bidez, deialdi bat egingo da, kapitulu honetan iragarritako laguntzak emateko.
2.– Halaber, agindu honetan, ekitaldi bakoitzerako eskabideak aurkezteko epe bat ezarriko da, eta jakinez gero, deialdi horretarako Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren karguan emango diren laguntzen zenbateko osoa jakinaraziko da.
3.– Horrez gain, aipatutako aginduan, eranskin gisa, jasoko da ekitaldi bakoitzean aplikatu beharreko araudia, bai funtsezkoa bai garapenekoa, 17. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat.
4.– Eskaerak Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunean aurkeztuko dira, deialdi-agindu horretan onartutako ereduak barne hartzen dituzten inprimakietan, eredu horietan zehaztutako dokumentazioarekin batera.
20. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Eusko Jaurlaritzan elikagaien industriaren arloan eskumena duen zuzendaritza izango da laguntza horien kudeaketa-organoa. Kudeaketa-lan horien testuinguruan, eskaerak aztertu eta baloratu ostean, behin-behineko zerrenda bat egingo du, hautatutako programa lehenetsiekin.
2.– Aurkeztutako eskaeren balorazioa egiteko Balorazio Batzordea osatuko da. Hauek osatuko dute batzorde hori: elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunaren titularrak edo bere ordezkoak, Batzordeko zuzendaria izango dena, eta elikagaien industriaren arloko sailburuordetza eskudunaren zuzendaritzetako langile teknikoen artean aukeratutako bi pertsonek, hitza eta botoa duten batzordekideak izango direnak. Horiek ebazpen bidez izendatuko ditu elikagaien industriaren arloko sailburuordetza eskudunaren titularrak; azken hori izango da Batzordeko idazkaria.
3.– Balorazio Batzordeak aurkeztutako eskaeren lehenespen-proposamen bat egingo dio Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunaren titularrari, hark lehenespen-zerrenda hori elikagaien industrien arloko ministerio eskudunaren batzordera bidal dezan, uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera osatutakoa, programa horiek ebalua ditzan.
4.– Urtero, behin Autonomia Erkidegoek ardoaren MABean aurkeztutako sustapen-programa guztiak ebaluatu ondoren, elikagaien industriaren arloko ministerio eskudunak onartutako programen behin betiko zerrenda igorriko dio Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko sail eskudunari.
21. artikulua.– Ebazpena.
1.– Eusko Jaurlaritzan elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak, onartutako behin betiko zerrenda ikusi ondoren, deialdia ebatziko du.
2.– Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epealdi horretan berariazko ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluaren arabera.
3.– Ebazpen positiboa izanez gero, ebazpena jakinarazi ondoko hamabost egunen barruan, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Industriako zuzendari eskudunari jakinarazi beharko diote onuradunek onartzen dutela ezarritako baldintzen ebazpena, edo, horrela badagokio, uko egiten diotela. Ebazpenaren jakinarazpenaren ondoko bi hilabeteetan, onuradunek betearazpen-onaren bermea aurkeztu beharko diote organo horri, Batzordearen martxoaren 28ko 282/2012 (EB) Betearazpen Erregelamenduan (LCEur 2012, 435) aurreikusitako baldintzen arabera, proiektuaren betearazpen egokia ziurtatzeko. Berme horren zenbatekoa erkidegoaren finantzazioaren ehuneko 15ekoa izango da.
4.– Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunak arlo horretako ministerio eskudunari jakinaraziko dizkio prozeduraren baitan emandako onarpenak, ukoak eta uzteak.
5.– Onuradunek hitzartutako neurriak exekutatu behar dituzte, gutxienez, erreferentziako araudian ezarritako guztizko aurrekontu onartuaren ehunekoan; horrez gain, egindako inbertsioak operatiboak direla egiaztatu beharko da.
22. artikulua.– Ekintzak eta programak aldatzea.
1.– Onuradunek aurreikusitako ekintzen aldaketa eska dezakete, betiere, haien xedea aldatzen ez bada, ondorio horietarako erreferentziako araudian ezarritakoarekin bat.
2.– Aldaketa-eskaera horiek idatziz aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunean, erreferentziako araudian aurreikusitako datetan.
23. artikulua.– Finantzaketa, aurrerakinak eta ordainketak.
1.– Kapitulu honetan iragarritako diru-laguntzak jaso ditzaketen proiektuak eta ekintzak Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren karguan finantzatuko dira, erreferentziako araudian horretarako zehaztutako zenbatekoetan eta ehunekoetan.
2.– Pertsona onuradunek aurrerakin bat eska dezakete, erreferentziako araudian zehaztutako gehieneko zenbatekoa eta baldintzak betetzen dituena, Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien zuzendaritza eskudunean, Erakunde Ordaintzailearen aldeko berme bat eratzen bada, erreferentziako araudian ezarritako zenbatekoa bermatzen duena. Bermeak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian utziko dira.
3.– Ordainketak ondorio horietarako erreferentziako araudian ezarritakoarekin bat egingo dira, eta Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunean eskatu behar dira.
4.– Ordainketa baldintzapekoa da. Onuradunek ziurtatu egin beharko diote zuzendaritza horri bete egin dutela aplikagarri den araudia. Horrez gain, araudian jasotako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bai eta ikuskatzaile gisa legez aitortutako pertsona edo sozietate batek ikuskatutako kontuak eta ikusketa-txostenak ere.
24. artikulua.– Bermeak kentzea.
1.– Dekretu honen 21.3 artikuluan jasotako exekuzio onaren bermea aurrez kenduko da EAEko Erakunde Ordaintzaileak hura bertan behera uztea adosten duenean, behin laguntzaren xedea bete izana egiaztatutakoan eta onartutako aurrekontuaren ezarritako ehunekoa inbertsio eragingarritan exekutatu izana egiaztatutakoan.
2.– Dekretu honen 23.2 artikuluan jasotako aurrerakinaren bermea kentzeko, EAEko Erakunde Ordaintzaileak behin betiko aitortu beharko du onuradunaren eskubidea laguntza jasotzeko.
25. artikulua.– Kontrolak.
Eusko Jaurlaritzako elikaduraren industrien arloko zuzendaritza eskudunak urteko kontrolen plan bat egingo du; bai eta egindako kontrolen emaitzen urteko txosten bat ere, elikagaien industrien arloko ministerio eskudunari igorriko diona.
IV. KAPITULUA
MAHASTIAK BERREGITURATZEKO ETA BIRMOLDATZEKO PLANENTZAKO LAGUNTZAK
26. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.
1.– Mahastiak ardogintzarako mahatsa ekoizteko erabiltzen dituzten mahastizainek mahasti horiek berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzak eska ditzakete, 2013ko abenduaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat.
2.– Laguntza jasotzen duten mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko planak soilik izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eta honako jatorrizko deitura bati atxikitako ardogintzarako mahatsa ekoizten duten mahastiei buruzkoak: Errioxa Kalifikatutako Jatorrizko Deitura, Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava Jatorrizko Deitura, Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia Jatorrizko Deitura, Getariako Txakolina/Txakoli de Getaria/Chacolí de Getaria Jatorrizko Deitura eta Cava Jatorrizko Deitura edota etorkizunean aitor daitekeen kalitatezko beste edozein ardo.
27. artikulua.– Onuradunak.
Laguntza hauen onuradun izan ahalko dira «mahasti» SIGPAC erabilerako lursailak dituzten nekazaritza-ustiategien titularrak, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Nekazaritza-ustiategia Nekazaritzako Ustiapenen Erroldan izena emanda egotea edo lursail horiek errolda horretan jasota egotea.
b) Dagokion lurralde historikoko Mahastizaintza Erregistroan izena emanda izatea.
c) «Mahasti» SIGPAC erabilerako lursailek aurreko artikuluan jasotako jatorrizko deituratako bati edo kalitateko ardoetako bati atxikita egotea.
d) Mahastiaren berregituraketa-plana aurkeztea, banakoa edo taldekoa.
e) Mahasti-lursail guztiak erregularizatuta izatea, indarrean dagoen araudian jasotakoarekin bat.
28. artikulua.– Berregituraketa- eta birmoldaketa-planak.
1.– Berregituraketa- eta birmoldaketa-erregimena banako zein taldeko berregituraketa- eta birmoldaketa-planen bidez gauzatuko da. Plan horiek dagozkien neurriak eta eginkizunak jaso behar dituzte, eta mahastizainek aurkeztuak izan behar dute, ustiategia zer lurralde historikotan kokatuta dagoen, dagokion foru-aldundiak onar dezan.
2.– Kapitulu honen ondorioetarako, neurritzat hartuko dira azalera jakin bateko mahasti baten berregituraketa edo birmoldaketa helburu duen ekintzen multzoa.
3.– Berregituraketarako edo birmoldaketarako laguntzak jarduera hauetako baterako edo gehiagotarako soilik eman daitezke:
a) Barietate-aldaketak.
b) Mahasti-birlandaketak.
c) Mahastien kudeaketa-tekniken hobekuntza.
29. artikulua.– Berregituraketa- eta birmoldaketa-planek bete beharreko baldintzak.
1.– Taldeko berregituraketa- eta birmoldaketa-planak izan behar dute. Dena den, egoera konkretuak hala eskatzen badu, baimen daitezke banako planak ere.
2.– Taldeko berregituraketa- eta birmoldaketa-planak haietan partaide diren mahastizainen artean adostutakoaren testuinguruan gauzatuko dira.
3.– Berregituraketa-plan bat taldekotzat jo dadin, 5 mahastizain barne hartu behar ditu gutxienez.
4.– Berregituraketa- eta birmoldaketa-planak gauzatzeko epea bost urtekoa izango da gehienez. Eskatzaileak ezingo du ordainketa-eskaerarik egin 2018ko uztailaren 31tik aurrera, eta neurriaren ordainketa ezingo da 2018ko finantza-ekitaldiaren ondoren luzatu.
5.– Laguntzak eskatu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte mahastien berregituraketa-eta birmoldaketa-planek:
a) Berregituraketa- eta birmoldaketa-planek barne hartzen dituzten mahasti-sailak laborantzarako baliatu behar dira gutxienez 10 urtez, neurria gauzatu osteko kanpainatik aurrera. Baldintza hori urratuz gero, onuradunak jasotako laguntzaren zenbateko osoa itzuli eta dagozkion interesak ordaindu beharko ditu, 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, ezinbesteko kausa edo egoera berezi hauetan izan ezik:
1) Mahastizainaren heriotza.
2) Mahastizainaren epe luzerako lanerako ezgaitasuna.
3) Agintari eskudunek aitortutako hondamendi naturalek sailak kaltetu izana.
4) Bermedun erakunde batek egiaztatutako arazo fitosanitarioak.
5) Nahitaezko desjabetzea, plana onartzeko unean aurreikusi ezina.
b) Plan horietan ezingo da erabili Euskal Autonomia Erkidegoan baimenduta edo gomendatuta ez dagoen barietaterik.
c) Sail horietan egiaztagiridun mentagaiak eta landare-materialek erabiliko dira nahitaez. Laguntza jaso ahal izateko, nahitaez aurkeztu beharko dira mintegiak edo baimendun merkaturatzaileak emandako faktura, originala edo kopia konpultsatua, eta hura ordaindu izanaren ziurtagiria.
d) Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko plan baten testuinguruan berregituratu edo birmoldatuko den azalera osoak gutxienez 10 ha izan behar ditu taldeko planen kasuan, eta 0,3 ha norbanakoen planen kasuan. Hala eta guztiz ere, Txakolinaren jatorrizko izendapenean dauden lursailen tamaina txikia dela-eta, zonalde horietan taldekako planak onartu ahal izango dira, 5 ha-ko gutxieneko azalerarekin.
e) Neurria berriro txertatzeko edo eramate-sistemak aldatzeko ekintzetara mugatzen bada, gutxieneko azalera hasierakoa izan daiteke.
f) Mahastizain eta urte bakoitzeko, berregituratu edo birmoldatzeko gehieneko azaleraren muga 25 hektareatakoa izango da.
30. artikulua.– Eskabideen aurkezpena eta epeak.
Mahastizainak edo taldeko planeko ordezkariak laguntza eskabideak aurkeztu beharko ditu laguntzak kudeatzen dituen erakundean, hurrengo artikuluan azaltzen den dokumentazioarekin batera, bi fasetan:
a) Eskatzaileek, norbanako mailan zein talde mailan, laguntza hauek jaso nahi badituzte berregituraketa- eta birmoldaketa-plana onartzeko eskabide bat aurkeztu beharko dute ustiategia kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundiak zehazten duen erakundean.
b) Plana onetsiz gero, haren exekuzioak irauten duen kanpaina bakoitzean (abuztuaren 1etik hurrengo urteko uztailaren 31ra) exekutatu dituzten edo exekutatuko dituzten neurrien laguntza ordaintzeko eskabidea aurkeztu beharko dute eskatzaileek, dagokion erakunde kudeatzaileak ezartzen dituen baldintzen arabera.
31. artikulua.– Berregituraketa- eta birmoldaketa-planek jaso beharreko dokumentazioa.
1.– Onartuak izateko aurkeztuko diren mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko planen proiektuek dokumentazio hau ere jaso beharko dute.
a) Planarekin lortu nahi diren helburuak.
b) Planaren kokalekua eta identifikazioa.
c) Taldeko plana izanez gero, taldea osatzen duten mahastizainen identifikazioa.
d) Lursailen kokalekua eta ezaugarriak, hasierakoak eta berregituratu ondorengoak (aldaerak, formazio-sistemak, landaketa-markoa, etab.), plana osatzen duten lursailak Nekazal Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sisteman (SIGPAC) duten identifikazioarekin.
e) Proiektuan jaso diren landaketa-eskubideak, ustiategiaren barnean edo kanpoan landatzeko eskubideak zehaztuz.
f) Lursail bakoitzean garatu beharreko jarduketak. Kostuen azterketa eta jarduketak gauzatzeko aurreikusitako egutegia.
g) Planean parte hartzen duena lursailaren jabea ez bada, berregituratu edo birmoldatu beharreko lursailaren jabearen, edo hala badagokio, titularraren baimena.
h) Neurria exekutatu ondorengo kanpainatik zenbatzen hasiz gutxienez 10 urtez lursaila lantzeko konpromisoa, laguntza eskatzen duenaren aldetik.
i) Dagokion lurralde historikoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan eta Mahasti Erregistroan izena emanda izanaren ziurtagiria.
2.– Lursailak berregituratu edo birmoldatzeko planak dirauen kanpainatako bakoitzean, urte horretan berregituratutako edo birmoldatutako edo beharreko sailengatik laguntza eskatzen badu, onuradunak eskaera-inprimakia aurkeztu beharko du, eta harekin batera, zerga-arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela frogatzeko egiaztagiriak.
32. artikulua.– Laguntza-motak eta zenbatekoa.
1.– Laguntzen helburuak hauek izan daitezke:
a) Planean parte hartzen duten ekoizleen galerak konpentsatzea, plana aplikatzeak eragindakoak badira.
b) Mahastiak berregituratzeak eta birmoldatzeak eragiten dituen kostuetan parte hartzea.
2.– Ez da laguntzarik emango helburu hauetarako:
a) Bizitza naturalaren bukaerara iritsi diren mahastien ohiko berrikuntzarako, hau da, saila bera birlandatzeko, barietate eta laborantza-metodo berberak erabiliz.
b) Azken 10 urteetan laguntzak jaso dituzten sailetarako, salbu eramate-sistema ordezkatzen bada –landare-sarez edo beste sistema batez–. Epe horren hasieratzat hartuko da eskatzaileak sail horretarako laguntzaren ordainketa eskatzen duen unea.
c) Landaketa berriak esleitzeagatik landatutako mahastiak berritzeko, emate horretatik 10 urte arte igaro ondoren.
d) Mahastien landaketaren gainean indarrean dagoen araudia urratzen duten mahastien titularrei laguntzeko, ustiategiko saila edozein dela ere.
e) Mahastiaren kudeaketarako eguneroko lanetarako.
3.– Diru-sarreren galeragatik mahastizainei esleituko zaien konpentsazioa bi kanpainatan emango da. Konpentsazioa berregituratu edo birmoldatutako lursaila kokatuta dagoen lurralde historikoko kalitatezko ardoaren eremuan azken hiru kanpainetan mahatsak izan duen batez besteko balioaren % 25ekoa izango da. Foru-aldundiek ezar dezakete konpentsazio horiek lurralde historiko horietan mahatsondo zahar eta berriek bi kanpainetan elkarbizitzako itxura hartzea.
Hala ere, ez dute diru-sarreren galeragatik konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik izango berregituratzeko plana aplikatzetik eratorri ez den landaketa-eskubide batek emandako ekarpenekin berregituratutako azalerek.
Mahasti-sail batean egingo diren ekintzak barietate-aldaketa edo eramate-sistema ordezkatzea –landare-sarez batez edo beste sistema batez– badira, diru-sarreren galeragatik konpentsazioa sail horri emateko aukera egongo da, kanpaina baterako.
4.– Mahastia berregituratu eta birmoldatzeko laguntzen zenbatekoak ezingo du IV. eranskinean zehaztutako zenbatekoen % 50 gainditu taldeko planentzat eta % 42,5 norbanako planentzat.
Onuradunak jasotako azken zenbatekoak ez ditu inoiz gaindituko benetan egindako eta faktura eta ordainketa-ziurtagiri bidez ziurtatutako gastuaren ehuneko horiek, nekazariak berak egin ez dituen ekintzak kontuan hartuta.
Ezingo dira ekintza isolatuak finantzatu, salbu gainmentaketa eta eramate-sistema ordezkatzea –landare-sarez batez edo beste sistema batez–. Ez da finantzatuko bigarren eskuko materialik ere.
Ez dira erauzketaren kostuak finantzatuko berregituratzeko plana aplikatzetik eratorriak ez diren birlandaketa-eskubideak erabili diren sailetan.
5.– Mahastizainak berak osorik edo partzialki gauzatutako eragiketen kasuan, horren ondorioz gastuaren egiaztagiririk ez badu, IV. eranskinean bertako lan-indarrerako zehaztutako kostuak hartuko dira kontuan.
6.– Mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak kobratzeko, Batzordearen 2008ko ekainaren 27ko 555/2008 Erregelamenduaren 75. artikuluan ezarria denez, finantza daitekeen sailaren azalera mahatsondo-enborrek hartzen dutena da, gehi sail horren perimetro osoan mahatsondo-kale baten erdiari dagokion eraztun batek hartzen duena.
33. artikulua.– Lehenespen-irizpideak.
1.– Laguntza eskabideen zenbatekoa erabilgarri dagoena baino handiagoa bada, kontuan hartuko diren lehenespen-irizpideak hauek izango dira:
a) Taldeko planek lehentasuna izango dute norbanako planen kaltean.
b) Talde-mailako planen barruan, lehentasuna izango dute emakume, nagusiki horretan diharduten nekazari gazte eta nekazari kopuru handienak dituztenek. Lehenespen-ordena berbera aplikatuko da, hala badagokio, taldeko plan bateko partaideen artean ere.
c) Norbanako planen kasuan, emakumeek aurkeztutakoek izango dute lehentasuna, ondoren nagusiki nekazaritzan diharduten gazteek aurkeztutakoek, jarraian nagusiki nekazari direnek, ondoren nekazari gazteek aurkeztutakoek eta, azkenik, besteek.
d) Aurreko kasuan baldintza berdinetan egonez gero, azalera txikieneko norbanako planei emango zaie lehentasuna.
2.– Dagokion lurralde historikoaren espedienteen kudeaketan aplikatuko ditu irizpide horiek foru-aldundi bakoitzak.
3.– Artikulu honen ondorioetarako, nagusiki nekazaritzat hartuko dira Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikuluan jasotako definizioan zerrendatzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonak.
34. artikulua.– Berregituraketa- eta birmoldaketa-planentzako finantza-esleipenak.
1.– Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunak arlo horretako ministerio eskudunari helaraziko dizkio, uztailaren 31 baino lehen, planei buruzko informazioa eta urte bakoitzerako finantzazio-beharrizanak, I. eranskinean jasotakoarekin bat.
2.– Horretarako, foru-aldundiek beharrezko informazioa bidaliko diote Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunari uztailaren 24a baino lehen, I. eranskineko ereduari jarraiki.
3.– Estatuko araudian jasotakoarekin bat, behin kanpaina bakoitzerako mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko finantza-erabilgarritasuna aitortu ondoren, Nekazaritza eta Landa Garapenerako Sektoreko Konferentziak finkatu egingo ditu, autonomia erkidego bakoitzerako, finantza-esleipenaren hasierako guztizko zenbatekoa eta berregituratu eta birmoldatzeko plana garatu daitekeen guztizko azalera.
4.– Behin Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion esleipena zenbatekoa den jakinda, Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunak dagokion zenbatekoa esleituko dio lurralde historiko bakoitzari, haiek egindako aurreikuspenekin bat.
5.– Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunak hauek helaraziko dizkio, urte bakoitzeko ekainaren 20a baino lehen, Estatuko Administrazio Orokorreko zuzendaritza eskudunari:
a) Indarrean dagoen ekitaldi finantzarioan egiaz egindako ordainketen-deklarazioa, dekretu honen II. eranskinean zehazten den moduan.
b) Finantza-ekitaldiko urriaren 15a arte egin daitezkeen gastu-aurreikuspenak, dekretu honen II. eranskinean zehazten den moduan, betiere benetan egindako gastua ekitaldi horretako finantza-esleipenaren ehuneko 90 baino gehiago baldin bada.
6.– Horretarako, foru-aldundiek beharrezko informazioa bidaliko diote Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunari, artikulu honen 5. puntuan jasotako epea bete baino lehen.
35. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntzak kudeatzea ustiategiak kokatzen diren lurralde historikoetako foru-aldundiei dagokie.
Eginbehar horien testuinguruan, hala badagokie, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko planak ebazpen bidez onetsiko dituzte, 6 hilabeteko epean, 30. artikuluko a) atalean aurreikusitako epea bete eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ebazpen horretan argi azalduko da plana onesteak ez duela esan nahi administrazioak etorkizunean ezer ordaintzeko konpromisoa hartzen duenik.
Behin 6 hilabeteko epea igaro ondoren, ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Era berean, taldeko planetako kideentzat norbanako ebazpen bana emango da. Ebazpen horretan, hala behar izanez gero, argi adieraziko da plana zein lursailentzat onetsi den, eta lursail bakoitzean zer ekintza burutuko diren.
Urtero, berregituraketa- eta birmoldaketa-planak onartu ondoren, dagozkien foru-aldundiek plan horien zerrenda bat helaraziko diote Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunari, plan bakoitzaren onuradunak, taldeko planen ordezkariak, onuradun bakoitzaren lursailak eta lursail bakoitzean burutuko diren ekintzak zehaztuz.
2.– Erakunde kudeatzaileak plan bat onartzetik eratorritako eskubide eta betebeharrak subrogatzea onar dezake, betiere baldintza hauek ematen badira:
a) Lursail-aldaketatan, hasierako lursailean eskatu edo onartu ez den ekintzarik onartzen ez bada berrian, eta ekintza guztiak lursail berrian egiten badira.
b) Subrogazioa mahastizain berri bati emango bazaio, mahastizain horrek subrogatutako lursailengatik laguntza jaso zuen mahastizainak hartu zituen konpromisoak bere gain hartu beharko ditu.
Dagokion foru-aldundiak, urtero, urte horretan baimendutako subrogazioak Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunari helaraziko dizkio.
3.– Kanpaina bakoitzean, exekutatzeko laguntza behar duten neurriak burutu ondoren edo bermatutako neurriak hasi direla behar bezala frogatu ondoren, eta administrazio- zein landa-kontrolak egin eta gero, foru-aldundiek, kudeaketa-erakunde diren aldetik, 30. artikuluko b) fasean jasotako eskabideei dagokien ordainketa-proposamen bat osatu eta helaraziko diote Erakunde Ordaintzaileari, ordaindu beharreko zenbatekoa zehaztu dadin.
Ordainketa-proposamenarekin batera, landa-kontrolen akten kopia bat bidaliko dute, egindako kontrolen txosten teknikoa, eta proposatutako zenbatekoa justifikatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentu oro. Foru-aldundiek laguntza horien kudeaketarako berariaz garatutako informatika-programaren bat baliatuko balute, aski litzateke dokumentazio hori guztia programa horren bidez eskuragarri izatea.
36. artikulua.– Aurrerakinak.
1.– Onetsitako plan baten barruan aurrerakinak eman daitezke hurrengo baldintza hauek betetzen diren kasuetan:
a) Aurrerakinaren zenbatekoa gehienez emandako laguntzaren % 80 izatea.
b) Eskatutako aurrerakina dagoeneko exekutatzen hasi den neurri batentzat izatea. Ondorio horietarako, exekutatzen hasi dela esango dugu landaketa hasita dagoenean edo landarea erosi izanaren faktura aurkezten denean, edo atzeraezina den beste edozein eragiketa behar bezala frogatzen denean.
c) Laguntzaren aurrerakinaren zenbatekoaren % 120 ordezkatzen duen bermea osatu izana. Bermea Eusko Jaurlaritzako nekazaritza-politika komunari dagozkion gastuen Erakunde Ordaintzailearen alde osatuko da. Bermeak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian utziko dira.
2.– Aurrerakinak ematen direnean, nahitaezkoa izango da aurrerakina eman eta hurrengo bigarren kanpaina bukatu baino lehen neurria exekutatzea, 29. artikuluko 5. puntuko a) atalean zehaztutako ezohiko edo salbuespenezko egoeretan izan ezik.
Egoera horietan, exekuzio-epea doitu egin daiteke, aurrerakina itzuli beharrik ez izateko, eta neurria 2018ko uztailaren 31 baino lehen exekutatzen bada, kitapena ordainduko da.
3.– Aurrerakinen onuradunak behartuta egongo dira urte bakoitzeko urriaren 31 baino lehen deklarazio bat aurkeztera, neurri bakoitzerako urriaren 15 baino lehen egindako gastu guztiei buruz, aurrerakinen erabilera egiaztatzeko. Data horretan geratzen den saldoa ere jasoko dute deklarazioan. Deklarazio hori dagokion foru-aldundiak zehazten duen organoan aurkeztuko da.
Urte horri dagozkion komunikazio guztiak jasota, Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren arloko eskumena duen zuzendaritzara bidaliko dituzte datuak foru-aldundiek, urtarrilaren 20a baino aste bat lehenago, zuzendaritzak data horretan FEGA/NBEFera bidal ditzan.
37. artikulua.– Laguntzen ebazpena eta ordainketa.
1.– 35. artikuluko 3. paragrafoan aurreikusitako ordainketa-proposamena eta gainerako dokumentazioa kontuan hartuta, erakunde ordaintzaileko zuzendariak, Erkidegoko araudiak agintzen duena eta beharrezko baldintzak betetzen direla ziurtatzeko kontrolak egin ondoren, aztertutako azalerari eta baliozkotzat jotako ekintzei dagokien zenbatekoa ordaintzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori ordainketa-baimena jaso eta gehienez bi hilabeteko epean emango da.
Taldeko planen kasuan, laguntza emateko ebazpena planeko partaide bakoitzari buruzkoa izango da.
2.– Neurriak exekutatu ondoren ordaindu beharreko laguntzen kasuan, kontuan hartuko dira landa-kontrolen aktan, kontrolen txostenean eta dagozkien ziurtagirietan jasotako intzidentziak, eta ondorengo hau aplikatuko da:
a) Mahastizain batek exekutatu ez duen ekintza bategatik (IV. eranskinean jaso direnen artekoa) ordainketa eskatzen badu, arau-hauste arin gisa hartuko da eta maiatzaren 7ko 5/2004 Legearen (Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa) V. tituluan ezarritakoaren arabera zigortuko da.
Mahastizainak jasotzeko eskubidea duen laguntzaren azken zenbatekoa zehazteko berregituratutako lursailaren neurketa egingo da, Dekretu honen 32.5 artikuluko deskribapenari jarraituz.
b) Onetsitako azalera guztia berregituratu edo birmoldatu ez dela frogatuz gero, neurri hauek aplikatuko dira:
● Onuradunak dagokion azaleraren % 80 baino eremu txikiagoan exekutatu badu neurria, laguntza ukatuko zaio.
● Onuradunak neurria dagokion azaleraren % 80an edo lur zati handiagoan exekutatzen badu, dagokion azalerari eta benetan exekutatuko ekintzei dagokien laguntza emango zaio.
Ondorio hauetarako, eskatutako azaleraren % 80ko betearazpen-ehunekoa betetzen dela zehazteko, ehuneko hori betetzat emango da SIGPAC irizpideen arabera lursailaren azaleraren % 80aren gainean jardun bada.
3.– Laguntzen aurrerakinak eskatu dituztenen kasuan, egindako kontrolen txosten teknikoak neurria exekutatzen hasi dela islatzen badu, emandako laguntzaren % 80ko aurrerakina ordainduko da, gehienez.
4.– Artikulu honen 1. atalean ezarritako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak ezetsitzat joko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– Mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko laguntza horien ordainketa 194/2006 Dekretuan ezarritakoarekin bat egingo da (194/2006 Dekretua, urriaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duena), behin erakunde ordaintzailearen zuzendariak xede horretarako ebazpenak eman ondoren.
6.– Ordaintzeko proposamenak jaso ondoren eta ebazpena jakinarazi aurretik, Erakunde ordaintzaileak dagokion foru-aldundiari osatutako txostenen kopuru zehatza eska diezaioke, dagokion kontrolerako. Foru-aldundiak eskatutako espediente guztien fotokopia konpultsatua entregatu beharko du.
38. artikulua.– Bermeak kentzea.
1.– Onuradunak aurrerakina erabiltzeko neurriak exekutatzeko betebeharra izango du, hura jaso eta hurrengo bigarren kanpaina bukatu baino lehen.
2.– Onuradunak ez baditu neurriak ezarritako epean exekutatzen, ordaindu zaion aurrerakin osoa itzuli, gehi dagozkion interesak ordaindu beharko ditu, aurrerakina ordaintzen den unetik zenbatzen hasita, 29. artikuluko 5. puntuko a) atalean aurreikusitako ezohiko edo salbuespeneko egoerak edo kausak gertatzen badira izan ezik.
3.– Neurriak bukatu ondoren eta bukatu ondorengo bi hilabeteko gehienezko epean, onuradunak horren berri eman beharko dio foru-aldundiari. Erakunde horrek, hartara mahastizainak zenbateko diru-laguntza jasotzeko eskubidea duen zehaztuko du, behin betiko, berregituratu edo birmoldatutako azalera neurtuz, Dekretu honen 32. artikuluko 5. puntuak eta hurrengo paragrafoek adierazitakoarekin bat.
a) Mahastizainak ez badu laguntza jasotzeko bide eman zuen azaleraren % 80, gutxienez, berregituratu edo egokitu, ez du laguntzarik jasotzeko eskubiderik izango, eta jaso zuen aurrerakin osoa gehi horri dagozkion interesak itzuli beharko ditu, aurrerakina ordaintzen den unetik zenbatzen hasita, 29. artikuluko 5. puntuko a) atalean aurreikusitako ezohiko edo salbuespeneko kausak edo egoerak gertatzen badira izan ezik; aurretik bermea itzuli beharko da.
b) Aurrerakinari zegokion lursailaren azaleraren % 80an edo zati handiago batean exekutatu bada berregituraketa edo birmoldaketa, azalerari eta benetan exekutatuko ekintzei dagokien behin betiko laguntza kalkulatuko da.
c) Mahastizainak zenbait ekintza exekutatzeko aurrerakina jaso bazuen eta ez baditu ekintza horietako batzuk exekutatu (IV. eranskinean jaso direnen artean), arau-hauste arin gisa hartuko da hori eta maiatzaren 7ko 5/2004 Legearen (Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa) V. tituluan ezarritakoaren arabera zigortuko da.
4.– Foru-aldundiak Erakunde Ordaintzaileari abala kentzeko eskaeraren, landa-kontrolaren aktaren kopia eta dagokion ordainketa edo dagokion itzulketari ekitea proposatuko duen txosten bat bidaliko dizkio, halaber honako hau kontuan hartuta:
a) Kalkulatutako behin betiko laguntza jasotako aurrerakinaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, onuradunak kopuru bien arteko aldea itzuli beharko du gehi horri dagozkion interesak, aurretik bermea itzuli ondoren. Dagokion zenbatekoa ez bada Erakunde Ordaintzailearen ebazpenean ezarritako epearen barruan ordaintzen, bermea exekutatu egingo da, 29. artikuluko 5. puntuko a) atalean aurreikusitako ezohiko edo salbuespeneko egoerak edo kausak gertatzen badira izan ezik.
b) Kalkulatutako behin betiko laguntza jasotako aurrerakina baino handiagoa bada, bi zenbatekoen arteko aldea ordainduko da eta bermea izapidetu gabe kenduko da.
5.– Onuradunak aldez aurretik ordaindutako neurriak exekutatzeari uko egiten badio, jasotako zenbatekoa itzuli beharko du, horri dagozkion interesak barne, aurrerakina ordaindu zen unetik zenbatzen hasiz.
6.– Bermea itzultzeko eskaera Erakunde Ordaintzailean jaso zenetik berme hori kendu den arte, edo ordainketaren ebazpenera arte edo zor ez dena kobratzearen kasuan itzultzen den arte, ezingo da hilabete baino gehiago igaro.
39. artikulua.– Ez-betetzeak eta bazter uzteak.
1.– Taldeko plan bateko kideetako batek laguntza hauek jasotzeko ezarritako edozein baldintza betetzen ez badu, ez betetzetik eratorritako ondorioak soilik norbanakoari aplikatuko zaizkio, eta ez die planeko gainerako kideei eragingo.
2.– Taldeko plan bat exekutatzeko urteetan zehar zenbait kidek bazter utzi edo kentzeagatik onuradun bakarra geratuz gero, onuradun horrek laguntzak norbanako plana balitz bezala jasoko ditu.
3.– Onuradunak plana bazter uzten badu bere borondatez ordura arte jasotako laguntza guztiak itzuli beharko ditu, gehi horiei dagozkien interesak, eta ezingo du plan berri batean parte hartu bazter utzitako plana bukatzeko geratzen den denboraren epea igaro arte.
40. artikulua.– Baldintzapekotasuna.
1.– Laguntza hauen onuradun guztiek haien ustiategietan eta hiru urtez nekazaritza- eta ingurumen-baldintza onak eta kudeaketa-betekizun legalak bete beharko dituzte, Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1307/2013 Erregelamenduan (EB) eta 79/2010 Dekretuan (martxoaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoan zenbait baldintza aplikatzeari buruzkoa) edo horiek aldatu edo ordezkatzen duen araudian jasotakoaren arabera.
2.– Artikulu honen 1. puntua aplikatzeko, hiru urte horietan onuradunak ez badu laguntzarik eskatu, eskabide bakarra aurkezten duen data berean bere ustiategiko lursail guztiak jasotzen dituen eskabide bakarreko inprimaki bat aurkeztu beharko du, SIGPAC erreferentzia alfanumerikoarekin; baldintzapekotasun kontrolen ondorioetarako.
3.– Aurreko puntuak aipatzen duen betebeharretik salbuetsi daiteke mahastizaina, dagokion foru-aldundiak informazio hori baldin badu integratutako sistemarekin bat etortzea bermatzen duten beste kudeaketa- eta kontrol-sistema batzuen esparruan, 1782/2003 (EE) Erregelamenduko 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– Atal hau dela medio jasotako laguntza ordaindu eta hurrengo hiru urteetan zehar, edozein unetan, onuradunak artikulu honetako 1. paragrafoan xedatutakoa bete ez duela frogatzen bada, laguntzaren zenbatekoa gutxitu edo baliogabetu egingo da, partzialki edo modu osoan, arau-haustea zuzenean onuradunari egotzi ahal zaion ekintza edo huts egitea bada, bete ez izanaren larritasuna, irismena, iraunkortasuna edo errepikakortasunaren arabera, eta onuradunak dagokion zenbatekoa itzuli beharko du, 1. paragrafoan aipatutako xedapenetan adierazitakoaren arabera.
41. artikulua.– Kontrolen araubidea.
1.– Administrazio- eta landa-kontrolak ezartzeko kontuan hartuko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 Erregelamenduan (EB) jasotakoak. Era berean, arreta bereziz aplikatuko dira Batzordearen 2008ko uztailaren 27ko 555/2008 Erregelamenduaren (EE) 81. artikuluan jasotakoak. Kontuan hartuko da, halaber, NBEFk autonomia-erkidegoekin koordinatuta egindako Kontrol Plan Orokorra.
2.– Administrazio-kontrolak: aurkeztutako eskabide guztiak aztertuko dira, eta laguntzak emateko baldintza guztiak betetzen direla bermatu beharko dute. Onuradun eta lursailei buruzko gurutzaturiko egiaztapenen informatika sistema batean oinarrituko dira, zor ez diren ordainketak saihesteko asmoz.
3.– Landa-kontrolak sistematikoki egingo dira, laguntza jaso dezaketen lursail guztietan. Aldez aurretik abisatu gabe egingo dira, onuradunari aurreabisu bat emango zaion arren, betiere kontrolaren xedea arriskuan jartzen ez bada, 48 ordu baino gehiagokoa izango ez den aurretiaz, behar bezala justifikatutako kasuak salbu. Kontrol horietan hauek sartuko dira:
a) Ekintzak exekutatu aurreko kontrolak landa-kontrolen bidez egingo dira. Administrazio-kontrolen bidez ere egin daitezke, betiere, dagokion foru-aldundiak horretarako bidea ematen duen tresna grafikorik duenean. Halakoetan, landa-kontrolak egiteko beharra guztizko kontrolen %5era muga daiteke, administrazio-kontrolen fidagarritasuna egiaztatzeko.
b) Bukatutako ekintzen ordainketen kasuan, laguntza jaso duen lursailak ikuskatuko dira, azalerak egiaztatzeko eta ekintzak burutzen ari direla frogatzeko.
c) Aldez aurretik ordaintzearen kasuan, aurrerakina eskatu duten lursailetan ekintza lagungarriak hasi direla frogatuko da.
d) Bermeak kentzearen kasuan, aldez aurretik ordaindutako ekintzen exekuzioaren maila edo azaleren berregituraketa edo birmoldaketaren maila frogatuko da.
4.– Era berean, ordainketa egin osteko kontrolak egingo dira: urtero azken 10 urteetan berregituraketa eta/edo birmoldaketa bukatu duten lursail guztien % 1 kontrolatuko da, laguntza jaso zuten lursailek uzta izaten jarraitzen dutela eta lagundutako inbertsioei eutsi zaiela frogatzeko.
Administrazio-kontrol bat ere egingo da, urteko uztaren aitorpena, mahastien erregistroaren edo SIGPACaren eguneraketak egiaztatuta.
Berregituraketak egiten direnean, kontrol horiek ez dira ezinbestekoak lursailak ekoizpenerako baliatzen hasi arte.
42. artikulua.– Komunikazioak.
1.– Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunak arlo horretako ministerio eskudunari bidaliko dio, urte bakoitzeko azaroaren 15a baino lehen eta aurreko finantza-ekitaldiari erreferentzia eginez, kapitulu honetako laguntza jaso duten lursailetan egindako landa-kontrolei buruzko urteko txostena, V. eranskinean jasotako ereduaren arabera; horretarako, foru-aldundiek azaroaren 8a baino lehen aipatutako V. eranskinean adierazten den beharrezko informazioa dagokion lurralde historikoari bidaliko diote.
2.– Era berean, Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunak arlo horretako ministerio eskudunari bidaliko dio, urte bakoitzeko azaroaren 15a baino lehen eta aurreko finantza-ekitaldiari erreferentzia eginez, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko erregimenaren aplikazioari buruzko urteko txosten bat; txosten horretan bilduko dira, gutxienez, eragindako azalera, gastatutako aurrekontua eta burutu diren ekintza nagusiak. Horretarako eta ildo horretatik, foru-aldundiek azaroaren 8a baino lehen informazio hori bidaliko diete dagozkien lurralde historikoei.
V. KAPITULUA
AZPIPRODUKTUEN EZABAKETA
43. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Ekoizleak eraldaketan jasotako azpiproduktuak ezabatzera behartuta daude. Nolanahi ere, ardogintzako kanpaina horretan, beren instalazioetan 25 hektolitro ardo edo muztio edo gutxiago ekoitzi dituzten ekoizleak ez daude behartuta ardoa egitearen ondoriozko produktuak ezabatzera.
2.– Ardogintzako edo mahatsaren beste edozein eraldaketako azpiproduktuak ezabatzeko betebeharra partzialki edo guztiz bete ahalko da azpiproduktu horiek baimendutako destilatzaile bati destilatzeko emanez, edo kontrolpean kenduz, betiere dekretu honetako 51. artikuluan ezarritako baldintzak betez.
44. artikulua.– Destilatzaileei emandako produktuen betekizunak.
1.– Destilaziora bideratutako azpiproduktuen alkohol-edukiaren bolumena, azpiproduktuek ekoitziko den ardoarekiko izan behar duten alkohol-edukiaren bolumena zehazteko metodoa, destilaziora bideratutako ardogintzaren azpiproduktuek izan beharreko alkohol puruaren gutxieneko edukia, eta destilatzeko emandako produktuek bete beharreko gainerako betekizunak erreferentziako araudian ezarritakoak izango dira.
2. Ekoitzitako ardoarekin lotuta azpiproduktuek izan behar duten alkohol bolumena zehazteko ardoari alkohol-maila natural hauek aplikatuko zaizkio:
a) Ehuneko 9,0 Bizkaia eta Gipuzkoarako.
b) Ehuneko 9,5 Arabarako.
45. artikulua.– Azpiproduktuak ematea.
1.– Azpiproduktuak hauei eman beharko zaizkie:
a) Baimendutako destilatzaile bati, pertsona fisikoa zein juridikoa izan, mahats-patsaren eta hondarren kasuan.
b) Baimendutako destilatzaile bati edo ozpin ekoizle bati, ardoaren kasuan. Azken kasu horretan, ardoek duten alkoholaren kantitatea entregatu beharreko kantitatetik ondorioztatuko da, ezarritako betebeharra betetze aldera.
2.– Azpiproduktuak baimendutako destilatzaile bati emateko azken eguna erreferentziako araudian ondorio horietarako zehaztutakoa izango da.
46. artikulua. Destilatzaileen baimenena.
Instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dituzten destilatzaileek Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunaren baimena izan behar dute horretarako. Betekizunak, efektuak, laguntza-erregimen honetan parte hartzeko baldintzak eta gainerako betebeharrak ondorio horietarako erreferentziako araudian ezarritakoak izango dira.
47. artikulua.– Azpiproduktuak destilatzeko laguntza.
1.– Laguntza bat emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten baimendutako destilatzaileei, jasotako azpiproduktuak alkohol gordinean destilatzeko eraldatzen dituztenei, ondorio horietarako erreferentziako araudian ezartzen diren baldintzetan.
48. artikulua. Deialdia eta dokumentazioa.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntza jasotzeko, baimendutako destilatzaileak laguntza-eskaera bat aurkeztu beharko du Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunaren aurrean, hori izango baita laguntza horien kudeaketa-organoa.
2.– Urtean behin, Eusko Jaurlaritzako nekazaritza industrien arloko sail eskudunaren titularrak emandako agindu baten bidez, deialdi bat egingo da, kapitulu honetan iragarritako laguntzak emateko. Deialdi horretan ekitaldi bakoitzerako eskabideak aurkezteko epeak ezarriko dira, eta jakinez gero, deialdi horretarako Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren karguan emango diren laguntzen bolumen osoa jakinaraziko da.
3.– Eskaerak Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunean aurkeztuko dira, deialdi-agindu horren eranskinetan jasotako inprimakietan, eredu horietan zehaztutako dokumentazioarekin batera.
49. artikulua.– Destilatzaileari laguntza ordaintzea.
Ordainketak ondorio horietarako erreferentziako araudian ezarritakoarekin bat egingo dira, eta Eusko Jaurlaritzako elikagaien industrien arloko zuzendaritza eskudunean eskatu behar dira. Ordainketa egiteko baldintza izango da zuzendaritza horrek egiaztatu izana onuradunek bete egiten dituztela aplikagarri diren araudietan jasotakoak eta araudi horretan zehaztutako dokumentazioa aurkeztu dutela.
50. artikulua.– Lortutako alkoholaren helburua justifikatzea.
Laguntza jaso duten destilazioetan lortutako alkohola soilik industria- edo energia-helburuetarako erabiliko da, lehia librea ez desitxuratze aldera. Alkohol horren erabilera egokia justifikatzeko, destilatzaileak aplikagarri den erreferentziako araudian helburu horietarako ezarritako dokumentazioa eta informazioa aurkeztu beharko ditu.
51. artikulua.– Azpiproduktuak kontrolpean kentzea.
1.– Azpiproduktuak ezabatzeko horiek kontrolpean kentzeko prozedura erabil daiteke, dagokion foru-aldundiari ezabaketa-sistema hori erabiliko dela jakinarazi bazaio eta horretarako proiektu zehatza aurkeztu bada.
Aipatutako proiektuak produktu motaren erreferentzia izan beharko du eta azpiproduktuak kentzeko proposatutako prozeduraren deskribapen zehatza ere bai. Era berean, beharrezkoa baldin bada, hondakin horien jatorriaren onespena ere bildu beharko da, ingurumenaren arloko aginte eskudunak emana.
Dagokion foru-aldundiak kentze kontrolatu hori baimendu eta behar bezala burutzen dela bermatu beharko du. Baimena Eusko Jaurlaritzako nekazaritzaren arloko zuzendaritza eskudunari jakinarazi beharko zaio gertatzen den unean bertan.
2.– Hondarrak destilatzera bidaltzen ez badira eta kentzen badira, hori egin dela esan daiteke ardogintza-prozesuetan erabiltzea debekatzen duen gisan desnaturalizatu bada, eta hirugarrenei eman izana dagokien erregistroetan jaso bada.
3.– Kenduko diren azpiproduktuen alkohol puruaren gutxieneko edukia destilatzekoak direnen berdina izango da.
52. artikulua.– Ez-betetzeak.
Azpiproduktuak destilategian ez ematea edo, horrelakorik izan ezean, kontrolpean azpiproduktuak ez kentzea arau-hauste arin gisa hartuko da maiatzaren 7ko 5/2004 Legearen (Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa) ezarritakoaren arabera.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Laguntzen tramitazio eta jakinarazpen elektronikoa.
1.– Eskatzaileek eta onuradunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte ebazpen honen bidez ezarritako laguntzak izapidetzeko. Horien erabilera borondatezkoa izango da, eta laguntzaren eskatzaileak zehaztu behar du, berariaz, lehenetsitako edo onartutako bide gisa. Aipatutako baimentzea eskabidean emango da.
2.– Administrazio Elektronikoa arautzen duen otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta EAEko Administrazio Orokorraren erregistroen sarrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak arautuko dute baliabide elektronikoen erabilera laguntza horien izapidetzean.
3.– Prozedura amaitu bitartean egin beharreko izapide guztiak egiteko erabili ahal izango dira baliabide elektronikoak. Eskaera egiterakoan bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili beharko direnik eta, era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du erakunde interesdunak; horretarako, kalitatearen eta elikagaien industrien arloko eskumena duen zuzendaritzari horren berri eman beharko dio, eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du, Administrazio Elektronikoa arautzen duen otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren arabera.
4.– Laguntzen deialdia egiteko aginduan argitaratuko dira laguntza horiek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko argibideak eta dagozkion ereduak.
5.– Laguntzaren eskaeran, prozeduraren izapidetzea egiteko, baliabide elektronikoak erabiltzea lehenetsi eta onartu badu espresuki onuradunak, jakinarazpena modu telematikoan egingo da.
6.– Jakinarazpena egindakotzat joko da interesdunak edo, hala badagokio, legezko ordezkariak edo baimendunak jaso izana elektronikoki sinatzen duen unean.
Eusko Jaurlaritzak helburu horretarako prestatu duen web-orrian, jakinarazpenaren xede den ekintza interesdunaren eskueran jartzen denetik egutegiko hamar egun igaro ondoren, interesduna ez bada jakinarazpenaren edukian sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da. Izapidea gauzatutzat hartuko da eta prozedurari jarraituko zaio, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
7.– Kalitatearen eta elikagaien industriaren arloko eskumena duen zuzendaritzak edozein bide erabiliz adieraziko dio interesdunari jakinarazpena Eusko Jaurlaritzak hartarako ezarritako web-orrian dagoela. Adierazte hori informaziorako bakarrik izango da, eta ez adierazteak ez dio eragingo jakinarazpena zuzen egiteari.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Dekretu honek indarrik gabe uzten du abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua. Euskal Autonomia Erkidegoan mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea laguntzeko Europako Erkidegoak emandako neurriak garatzeko eta aplikatzekoa, azaroaren 15eko 234/2011 Dekretuak aldatutakoa.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Abenduaren 22ko 630/2009 Dekretuaren babesean onartutako mahastien berregituraketa- eta birmoldaketa-planei dagokienean, arau hauek zehazten dira:
a) Haietan jasotako neurriak gauzatu baziren 2013ko uztailaren 31 baino lehen, baina ez baziren ordaindu 2013ko urriaren 15a baino lehen, 2014-2018 ekitaldiaren karguan ordainduko dira, beste izapiderik gabe.
b) Neurriak abian baziren baina ez baziren amaitu 2013ko uztailaren 31 baino lehen, 2014-2018 ekitaldiaren karguan ordainduko dira, Dekretu honen IV. eranskinean jasotako moduluekin eta eragiketekin bat.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Foru-aldundiek Dekretu honen III. kapituluko garapen- eta aplikazio-xedapenak ezar ditzakete, eskumena duten heinean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2014ko abenduaren 9an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.