Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2014ko urriaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4483

AGINDUA, 2014ko urriaren 21ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena; honen bidez, unibertsitatez kanpoko ikasketak -heziketa-zikloak izan ezik- ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei dei egiten zaie hezkuntzaren bikaintasuneranzko prestakuntza-proiektuak egin ditzaten, 2014-2015 ikasturtean.

Hortaz, gogoeta-prozesu baten ondoren, eta hezkuntza-komunitateko eragileek egindako ekarpenak kontuan hartuta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Prest_Gara Plana onartu du 2014-2017rako, unibertsitateaz kanpoko irakasleak etengabe prestatzeko. Prest_Gara egitasmoak sailarentzat lehentasunezkoak diren bost ekintza-ildoak biltzen ditu, deialdi ezberdinen bidez. Hona hemen ekintza-ildo horiek: 1) Eleaniztasunerantz; 2) Sare_Hezkuntza; 3) Aniztasunean batera bizitzen ikasten; 4) «Ikasten ikasteko» eta «izaten ikasteko» oinarrizko gaitasunen garapena; eta 5) Bikaintasunerantz, jardun egokietatik eta ekintzailetasunetik abiatuta.

Deialdi hau bosgarren ekintza-ildoarekin lotuta dago -Bikaintasunerantz, jardun egokietatik eta ekintzailetasunetik abiatuta-. Prest_Gara Planean ikaslearen inguruan biratzen da hezkuntza-komunitate osoa (ikastetxea, irakasleak, familiak, ingurunea), bai eta beste edozein prestakuntza- eta berrikuntza-jarduera ere. Ikaslea da hezkuntza-sistemaren azken hartzailea. Hala, zuzentasunetik abiatuz eta bikaintasuneranzko bidean, hizkuntza-, zientzia-, matematika- eta gizarte-gaitasunetan trebatu nahi da ikaslea; horretaz gainera, tresna eta estrategia egokiak eta nahikoak eman nahi zaizkio gizarte demokratiko, zuzen, berdintasunezko eta parte-hartzaile bateko kide izan dadin.

Zuzentasun eta bikaintasun hori lortzeko, etengabe hausnartu, gaurkotu eta hobetu behar da ikastetxeko heziketa-lana eta ikasketa. Ikastetxea zein irakaslea funtsezkoak dira irakatsi eta ikasteko prozesuan, eta parte aktiboa hartu behar dute etengabe hobetzeko prozesuan.

Horregatik, Prest_Gara planak proposatzen du prestakuntza- eta berrikuntza-jarduerak eta -proiektuak ikastetxeen barrutik eta haien premietatik abiatzea, soluzioak ikastetxean bertan aplika daitezen, eragin nabaria izan dezaten, eta hasierako egoera aldatzen dela ikus dadin. Ikastetxe jakin baten barruko bikaintasun-proiektuek eta -esperientziek eragin handiagoa dute, irakasleei, gainerako langileei eta ikasle guztiei eragiten baitie, eta antolaketa aldatzeko bidea izan daitezke.

Premisa horietatik abiaturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikastetxe guztiak gonbidatzen ditu proiektuak aurkez ditzaten, irakasleen etengabeko prestakuntza berrikuntzaren bidetik eramateko, eragin positibo bat sortuz ikastetxearen ohiko dinamikan.

Horiek horrela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako EAEko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin (EAEko herri-administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan) eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, abenduaren 20ko 4/2013 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekonturik badagoenez (4/2013 Legearen bidez EAEko 2014ko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea da diru-laguntzak ematea 2014-2015 ikasturtean zehar hezkuntza-sistemaren bikaintasuneranzko bidean ondoren aipatzen diren prestakuntza-proiektu motaren bat egiten duten ikastetxeei, hain zuzen, unibertsitatez kanpoko edozein maila eta motatako ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei -heziketa-zikloak soilik ematen dituztenei izan ezik-.

Berrikuntza-proiektu integralak.

Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

2. artikulua.- Onuradunak.

Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun izan daitezke itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoak, baldin eta EAEn unibertsitatez kanpoko edozein irakaskuntza-maila edo mota emateko baimena badute, heziketa-zikloak soilik ematen dituztenak izan ezik.

3. artikulua.- Deialdiaren hornidura ekonomikoak eta diru-laguntzak emateko prozedura.

1.- Helburu hori lortzeko, 464.900 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

2.- Hornidura hori honela banakatuta geratzen da, diruz lagun daitezkeen proiektu-modalitateen eta lurralde historikoen arabera:

a) 40.000 euro berrikuntzako proiektu integraletarako, lurraldeka honela banatuta: 4.000 euro Araban, 20.000 euro Bizkaian eta 16.000 euro Gipuzkoan.

b) 424.900 euro hezkuntza-berrikuntzarako prestakuntza-proiektuetarako, lurraldeka honela banatuta: 72.233 Araban, 199.703 euro Bizkaian eta 152.964 euro Gipuzkoan.

3.- Lurralde historiko bakoitzeko eta diruz lagun daitekeen proiektu-modalitate bakoitzeko, dagokion esleipen-prozedura gauzatuko da, eta diru-laguntzak emateko lehiaketa-prozedura baliatuko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, haien artean lehentasunak jartzeko, I. eranskineko balorazio-baremoa kontuan hartuta, eta soilik esleituko dira, betiere agindu honetan jarritako gehieneko kopurua kontuan hartuta, 12. artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu dutenen artean puntuaziorik handiena eskuratu dutenak. Balorazio-fasean lortutako puntuazioari jarraituko zaio, goitik behera, ezarritako onuradunen gehieneko muga bete arte, edo, hala badagokio, dagokion prozedurari esleitutako diru-hornidura agortu arte.

4.- Berrikuntzako proiektu integralei dagozkien prozedurak ebatziko dira lehenik eta behin, eta prozeduraren batean esleitutako diru-hornidura agortzen ez bada, bai eskatutako baldintzak betetzen dituzten proiektu integral nahikoa aurkeztu ez delako bai eman diren zenbatekoak gehienez eman daitezkeenak baino baxuagoak direlako, soberan geratzen den zenbatekoa lurralde historiko horretako berrikuntzako prestakuntza-proiektuei dagokien hornidurari gehituko zaio. Halaber, berrikuntzako prestakuntza-proiektuei dagozkien prozeduraren bat ebatzi ondoren zenbatekoren bat soberan geratzen bada, zenbateko hori gainerako lurralde historikoei esleitutako hornidurei gehituko zaie, proportzioan.

4. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.- Deialdi honen kontura, bikaintasuna lortzeko prestakuntza-proiektu bakarra finantzatuko da ikastetxe bakoitzeko. Ikastetxe berak modalitate bakoitzeko eskabide bat aurkezten badu, berrikuntzako proiektu integrala baloratuko da lehenik eta behin; hala, proiektu horri diru-laguntza ematen bazaio, berrikuntzarako prestakuntza-proiektua ez da sartuko balorazio-fasean, eta dagokion esleipen-prozeduratik kanpo geratuko da.

2.- Diru-laguntzak zer proiektu finantzatzeko eman diren kontuan hartuta, proiektuak garatzeari eta gauzatzeari zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko soil-soilik baliatuko dira diru-laguntzak; adibidez, hizlariak kontratatzeko eta irakasleek proiektuarekin lotutako jarduerak egiteko. Prestakuntza-jardueraren gastu gisara hartu ahal dira honako hauek: prestakuntza-jardueraren kostua -prestakuntza ematen duen erakundearen aurrekontuaren arabera-, eta hizlariaren lekualdatze-dietak edo ostatu- edo jan-edanetarako gastuak, prestakuntza ematen duen erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatze- edo jan-edanetarako gastuak.

3.- Proiektuarekin lotura zuzena duten gastuen % 100ekoa izan daiteke diru-laguntzaren zenbatekoa. Ikastetxe bakoitzari berrikuntza-proiektu integralerako gehienez emango zaion laguntza 4.000 eurokoa izango da. Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektu bakoitzari 3.000 emango zaizkio gehienez.

5. artikulua.- Baztertzeak.

Baztertu egingo dira deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, bai eta honako hauek ere:

Eleaniztasuna bultzatzeko «Eleaniztasunerantz» lehentasunezko lerroari heltzen dioten proiektu integralak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, lerro hori beste deialdi batzuetan sartzen delako.

Irakaskuntza-lanaren ondorio diren, ikastetxeko ohiko jardueraren parte diren, eta irakasleengana bai baina irakatsi eta ikasteko prozesuetara bideratuta ez dauden proiektu integralak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

Heziketa-zikloei besterik ez dagozkien proiektu integralak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

6. artikulua.- Berrikuntza-proiektu integralak.

1.- Ikastetxeak bultzatu nahi duen hezkuntza-ereduaz sakon hausnartzeko proiektuak dira, era horretan ekin ahal izateko aldatu nahi den hezkuntza-jardueraren zeharkako alderdi nagusiei, ikasturte bat baino gehiago eskatzen dutenei eta hezkuntza-komunitatearen akordioa eskatzen dutenei.

2.- Hezkuntza berriztatzeko proiektu integralen erreferentzia ikastetxeko hezkuntza-proiektua eta hobekuntza-plana izango da -ebaluazio diagnostikoaren ondorio dena-, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ezarritako oinarrizko gaitasun bati edota ildo nagusi bati helduko dio. Honako atal hauek sartu behar dira barruan:

Diagnostikoa.

Helburu estrategikoak.

Helburu orokorrak.

Hartzaileak.

Aurrekontua.

Gauzatuko diren ekintzak, irakasleentzako prestakuntza-jarduerak barne.

Plangintza eta gauzatzeko egutegia. Garapen-faseak eta epeak.

Proiektua ebaluatzeko eta emaitzak neurtzeko irizpideak.

3.- Hezkuntza berriztatzeko proiektu integralean sartuta egon behar du klaustro osoak. Proiektu bakoitzak gutxienez 45 ordu izango ditu garatzeko eta gauzatzeko.

7. artikulua.- Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

1.- Beren helburua da ikastetxean garatzen den hezkuntza-jardueraren arloren batean ekitea, ikasturte bakar baten barruan.

2.- Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak kontuan izan behar du ikastetxearen hobekuntza globala, eta erreferentzia nagusiak izango ditu ebaluazio diagnostikotik datorren hobekuntza-plana eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ezarritako ildo nagusiak, eta arreta berezia jarriko du irakatsi eta ikasteko prozesuetan eta oinarrizko gaitasunen garapenean.

3.- Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuan ezarriko dira hura garatu ahal izateko prestakuntza- edota berrikuntza-jarduera guztiak. Gutxienez hezkuntza-etapa batean aplikatuko da eta hango irakasleek parte hartu beharko dute. Proiektua diseinatzerakoan, kontuan hartuko dira baloratuko diren bost atalak, I. eranskinean ezartzen den ebaluatzeko baremoaren arabera.

4.- Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak eragiten dien irakasleen % 80 inplikatu behar da gutxienez, eta kontuan hartuko dira proiektuko ataza bakoitzean parte hartzen duten lagunak. Proiektu bakoitzak gutxienez 30 ordu izango ditu garatzeko eta gauzatzeko.

8. artikulua.- Baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.

1.- Laguntzen onuradun izateko, ikastetxe eskatzaileak ezin dira egon zigor-arloko zehapena edo administrazio-zigorra dela-eta, diru-laguntzak edo laguntzak jasotzeko aukera galtzeko egoeran edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, betiere otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren 4/2005 Legearen arabera eta kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean.

2.- Titular pribatua duten ikastetxe eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izan beharko dituzte. Hori dela eta, erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

3.- Eskabideetan, diru-laguntza eskatzen duen zentroaren titularrak berariaz adieraziko du onartzen duela gainerako datuak edo agiriak kudeaketa-organoak lortzea edo egiaztatzea, herri-administrazioari dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak baztertu gabe.

4.- Eskaeran sartutako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

Ez dela eskuratu helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta zentroak betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

Eskabidea egin duen ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak ezagutzen duela proiektua eta onartu egin duela.

Proiektuak.net-en proiektuaren datuak bete dituela.

9. artikulua.- Proiektua aurrera eramateko laguntzak.

1.- Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak zaindu behar du proiektu integrala eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua martxan jartzen direla; eta ikasketaburutzak garapen guztia koordinatu behar du, edo, bestela, irakasle bat jarri behar du koordinatzaile moduan. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketaburutzari proiektuaren garapenari buruzko eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen direnean.

2.- Ikastetxeak bere burua antolatzeko duten autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-orduak egokitu ahal ditu proiektuetan egiten duten lanera, hala eskola-orduen kopurua nola horien banaketa; betiere, kasuan kasuko ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.

3.- Proiektu Integral bat edo Hezkuntza Berriztatzeko Prestakuntza Proiektu bat onartuta duten ikastetxe guztiek erreferentziako aholkulari bat gutxienez izango dute Berritzegunean, eta hura arduratuko da, ikastetxean proiektua koordinatzeaz arduratzen den pertsonarekin batera, proiektuaren jarraipen- eta ebaluazio-lanak egiteaz.

10. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira euskadi.net-en egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.net helbidean; horretarako, azaroaren 6ra arte epea egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ikastetxe bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal du bikaintasuna lortzeko prestakuntza-proiektu mota bakoitzeko. Proiektu mota bakoitzeko eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, guztiak deuseztatuko dira.

2.- Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/. Interesa duten ikastetxeek 3. artikuluko 1. paragrafoan aipatutako jarduera bat edo batzuk egiteko eskaera egin dezakete.

3.- Zentro eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Legearen, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoaren, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

Eskaeraren ondoko izapideak, ematea edo ukatzea ebatzi arte, hala nola justifikazio-izapidea, honako honen bidez egiten dira: https://www.euskadi.net/misgestiones

4.- Interesa duen ikastetxeak Proiektu Integralaren edo Hezkuntza Berriztatzeko Prestakuntza Proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontuen datuak bete behar ditu http://www.proiektuak.net helbideko aplikazio informatikoan, eta Ikastetxeko Hobekuntza Plana gehituko du.

5.- Eskabideetan daturen bat betetzea falta bada, edo agiriren bat faltako balitz, eskabidea egin duen ikastetxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean bete gabe utzitakoa betetzeko edo falta diren agiriak aurkezteko, eta hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela ohartaraziko zaio.

11. artikulua.- Organo kudeatzailea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak.

12. artikulua.- Ebaluazio-batzordea.

Ebaluazio-batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, eta hauek osatuko dute batzorde hori:

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburua.

Hezkuntza Berriztatzeko Lurraldeburutzen arduradunak edo haiek izendatutako ordezkariak.

Berritzeguneko zuzendari bat, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatua.

Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuko teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatua.

13. artikulua.- Eskabideak aukeratzea.

1.- Proiektuak aukeratzeko, I. eranskinean eskaerak balioesteko ezarritako baremoa hartuko da kontuan. Gutxienez 12 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ukatu egingo dira.

2.- Proiektuen balorazioa egoki egiteko, ebaluazio-batzordeak eskatu ahal izango ditu laguntza-zerbitzuen txostenak ikastetxeek aurkeztu duten proiektuari buruz.

3.- Ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamena prestatu eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio. Proposamen horretan honako hauek ere jasoko dira: onartuak izan daitezen proposatzen diren proiektu integralak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuen zerrenda eta haietako bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren proposamena. Baztertutako eskaeren zerrenda eta haiek baztertzeko arrazoiak ere jasoko dira.

14. artikulua.- Ebazpena.

1.- Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebaluazio-batzordeak egindako proposamena ikusita, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hileko epean emango du deialdiari buruzko ebazpena.

2.- Ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek haren berri izan dezaten.

3.- Baldin eta epe horren barruan ez bada ebazpenik ematen, eskabideak ukatu egin direla jo ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.- Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza sailburuordeari, jakinarazpen elektronikoa egin eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

5.- Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

15. artikulua.- Ziurtagiriak.

Proiektuan parte hartzen duen irakasle bakoitzak proiektua garatu eta burutzeko jarritako orduen % 80 gainditzen badu, eta proiektu horren egikaritze-memoriak balorazio positiboa jasotzen duen bakoitzean, parte-hartzaile bakoitzari ofizioz eta banaka ziurtatuko zaizkio proiektu mota bakoitzerako ezarritako orduak: 45 ordu, proiektu integrala bada; 30 ordu, hezkuntza berritzeko prestakuntza-proiektu bat bada. Hala ere, ikastetxe batek ikasturte berean deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez, irakasle bakoitzak gehienez ere 90 orduren ziurtagiria jaso ahal izango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako deialdien barruan egindako prestakuntza-proiektuengatik.

16. artikulua.- Diru-laguntzen bateraezintasunak.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako beste edozein laguntzarekin, nahiz iturri publikoetakoak nahiz pribatuetakoak.

17. artikulua.- Hautatutako ikastetxeen berariazko betebeharrak.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, hamar eguneko epean -deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera- ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Proiektua Ikastetxeko Urteko Planean sartzea.

c) Emandako helbururako erabiltzea diru-laguntza hori, hau da, onartutako berrikuntza proiektu integrala edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua eta hartan jasotako jarduerak egiteko.

d) Tokiko Berritzegunearekin, Hezkuntza Ikuskaritzarekin eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin kolaboratzea proiektuaren edota esperientziaren aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan.

e) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako dirua dela eta.

f) Proiektua edota esperientzia gauzatu izana justifikatzeko agiriak ezarritako epean eta moduan aurkeztea.

18. artikulua.- Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.- Ikastetxe onuradunei eman beharreko diru-laguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehendabizikoan, hautatutako parte-hartze proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 73; zenbateko hori ordainduko da esleipen-ebazpena jakinarazi eta gero, diru-laguntzari ukorik egiten ez bazaio.

b) Bigarren ordainketa, 2015ean egingo dena, hurrengo paragrafoan adierazitako eran emandako diru-laguntza justifikatu osteko ordainketari dagokio.

2.- 2015eko ekainaren 15a baino lehen, zentro onuradunek proiektuaren garapenari eta haren ebaluazioari buruzko txosten bat eta proiektuak eragindako gastuen justifikazio-kontu erraztua aurkeztu beharko dute http://www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunean.

Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira, eraginaren adierazle gisa: landutako material digitalen kopurua eta edukia; baliabide digitalak ezarri dituzten taldeen kopurua; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa eta ea prestakuntzaren barruan ikasgelan prestakuntzaren bat ezarri den.

Justifikazio-kontuan jarduerak eragindako gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Diru-laguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbiderapenen berri ere eman beharko da.

3.- Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak justifikazio-kontuko gastuen egiaztagiriak igortzeko eskatuko die proiektu integralak aurkeztu dituztenetaraiko hiru ikastetxe onuraduni, lurralde bakoitzeko bati, baita berriztatzeko proiektuak aurkeztu dituztenetariko beste zortzi ikastetxe onuraduni ere (Arabako bi, Bizkaiko hiru eta Gipuzkoako beste hiru), diru-laguntza egoki erabili dela frogatzeko.

19. artikulua.- Laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatuz gero, jakinarazi egin behar da eta diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute emandako diru-laguntzaren zenbatekoa gainditzen, laguntza hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

20. artikulua.- Jarraipena eta ebaluazioa.

1.- Ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion Berritzeguneko batzorde pedagogikoak txosten bat egingo du hezkuntza berriztatzeko aukeratutako prestakuntza-proiektuen garapenaren gainean. Txosten horiek Irakaslegoaren Hobekuntzarako Zerbitzuari eta Hezkuntza Berriztatzeko Lurraldeburutzari igorriko zaizkio, eta ikastetxe bakoitzaren eskura egongo dira bertan.

2.- Baldin eta ikasturtean zehar gorabeheraren bat gertatzen bada hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetako edozeinen garapenean, eskualdeko Berritzeguneko zuzendaritzak Lurraldeburutzari jakinarazi eta egoki irizten dion txostena bidaliko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, zuzendaritza horrek deialdi hau egoki betetzeko bidezko neurriak hartu ahal izan ditzan.

3.- Hezkuntzako Ikuskaritzak ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan kontrolatuko du zenbateraino betetzen diren hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektu onartuak; proiektu horiek ikastetxeko urteko planean jaso behar dira, eta, hala ez bada, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio.

21. artikulua.- Ez betetzearen araubidea.

1.- Erakunde onuradunak esleitutako eta jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere, baldin eta honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Erakunde onuradunak diru-laguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen berariazko xederako.

b) Ez gauzatzea diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera.

c) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

d) Ez betetzea, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako betebeharrak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo emakida-ebazpenean ezarritakoak.

2.- Itzulketa egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren kargura ordaindu beharreko diru-laguntzen berme eta itzulerei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta haien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan horretarako berariaz jasotako prozedura erabiliko da, bidezko diren gainerako egintzak alde batera utzi gabe. Kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

22. artikulua.- Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Prestakuntza eta Berrikuntza Proiektuak» izeneko fitxategian sartuko dira, 19. zenbakiaz, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Prozedura-gaietan Agindu honek aurreikusten ez duen guztirako azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 21a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala