Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2014ko urriaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4478

28/2014 EBAZPENA, urriaren 2koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki bat argitaratzeko dena. Erabaki horren bidez baimena ematen da Bilboko metropoli-trenbideko azpiegitura Urdulizen lurperatzeko eraikuntza-lana Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uzteko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, irailaren 30ean egindako bileran, Bilboko metropoli-trenbideko azpiegitura Urdulizen lurperatzeko eraikuntza-lana Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uztea baimentzea erabaki zuenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Bilboko metropoli-trenbideko azpiegitura Urdulizen lurperatzeko eraikuntza-lana Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uztea baimentzeko erabakiaren testua, ebazpen honen eranskin gisa doana, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 2a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK URRIAREN 2AN EMANDAKO 28/2014 EBAZPENARENA.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko irailaren 30ean hartutako erabakia, Bilboko metropoli-trenbideko azpiegitura Urdulizen lurperatzeko eraikuntza-lana Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uztea baimentzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta haien egitekoak eta jarduera-eremuak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13. artikuluak Ingurumen Lurralde Politika Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.

Ingurumen Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta egitekoak xedatzen dituen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.d) artikuluak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren esku uzten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilboko metropoli-trenbidearen inguruan dituen eskumenetan sartzen diren proiektuak, obrak eta gainetiko jarduketak.

Urdulizeko geltokiaren inguruko trenbide zatia lurperatzea aurreikusi da, Bilboko metropoli-trenbidearen 1. linean eta Plentzia-Bilbao BI-634 errepidean.

Jarduera hori honako artikulu hauetan xedatutako eskumenen markoan dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.2. artikuluari dagokionez, 10.32. eta 12.9. artikuluetan, eta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean; eta lege hori, trenbide-garraio arloari dagokionez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean xedatutakoak osatzen du.

Bizkaiko Garraio Partzuergoa sortzeko 1975eko abenduaren 30eko 44/1975 Legearen testuinguru politiko eta instituzionala Autonomia Estatutuak eta harekin batera emandako xedapenek gainditu zuten, batez ere, Red Ferroviaria Vasca–Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak. Red Ferroviaria Vasca–Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikita dago. Erakunde publiko horren jarduerak barne hartzen du bai Jaurlaritzak haren gomendio utzitako trenbide-azpiegiturak eraikitzea, bai azpiegitura berri horiek zaindu, kudeatu eta administratzea, zuzenean zein hirugarrenen bitartez. Halaber, berari dagokio Jaurlaritzak agindutako beste edozein eginkizun, baldin eta zuzenean zein zeharka trenbide-garraioko azpiegiturak eraikitzeari, zaintzeari eta administratzeari badagokio.

Halaber, bigarren xedapen gehigarriak xedatutakoarekin bat: «Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak bere gain hartzen du Bilboko metropoli-trenaren linea berriak eraikitzeko ardura; orobat, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren titularitateko trenbide-azpiegitura osatzen duten ondasun guztiak kudeatzeko ardura».

Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki du Red Ferroviaria Vasca–Euskal Trenbide Sareari urtero honako ardura hau ematea: Bilboko metropoli-trenaren 1. eta 2. lineetako proiektuak eta obrak egiteko eta jarraipena eta kontrola egiteko beharrezko jarduera materialak, tekniko-juridikoak eta zerbitzukoak egitea. Alde horretatik, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2014ko uztailaren 29an hartutako erabakiaren bidez, Red Ferroviaria Vasca–Euskal Trenbide Sarearen gomendio uzten da, beste lan batzuen artean, honako lan hau: Bilboko metropoli-trenbideko 1. linean, Urdulizeko geltokia lurperatzeko eraikuntza-proiektua egitea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak esaten duenez, «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzukoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».

Agindu horretan xedatutakoaren arabera, kudeatzeko gomendioa administrazio bereko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen artean egiten bada, administrazio horren arauetan ezarritakoari begira formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten organo edo erakundeek berariaz hartutako akordioari begiratuko zaio.

Bilboko metropoli-trenaren 1. lineako Urdulizeko geltokiaren inguruko trenbidea lurperatzeko beharrezko lanak egiteko jarduera material, tekniko edo zerbitzukoei dagokienez, eraikuntza-proiektua idatzi ostean, jarduera hori Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uzteko aldeko arrazoi teknikoak eta materialak daude, interes publikoak eraginkortasun handiagoaz lortze aldera.

Horren arabera, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta bilkuran eztabaidatu ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA:

«Lehena.– Eraikuntza-proiektua idatzita, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari honako ardura hau ematea: Bilboko metropoli-trenaren 1. lineako Urdulizeko geltokiaren inguruko trenbidea lurperatzeko azpiegitura eraikitzeko beharrezko lanak egitea; hala ere, horrek ez du ekarriko ez eskumenaren titulartasuna lagatzea, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea.

Bigarrena.– Aipatutako gomendioa burutzeko baldintza zehatzak erabaki honen eranskinean datoz jasota.

Hirugarrena.– Kudeatzeko gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea».

ERANSKINA

1.– Gomendioaren xedea.

Kudeatzeko gomendio honen xedea da Bilboko metropoli-trenbidea Urdulizen lurperatzeko azpiegituraren eraikuntza-lanak egiteko bete beharreko baldintza teknikoak xedatzea.

2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.

Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatu aurretik, zenbait figura juridiko definitzea komeni da:

Administrazioa:

Ingurumen eta Lurralde Politika Saila. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.

Enkarguaren zuzendaria:

Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren gainbegiratupean lan egingo du. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren eskuordetzan ere jardun ahal izango du talde horrek.

Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS):

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, agiri honetan zerrendatutako lanak egingo dituena.

ETSren ordezkaria:

Goi mailako teknikaria izango da, eta ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa egiteko, eta Administrazioan ETSren izenean jarduteko. ETSko talde osoa ordezkari horren mendekoa izango da. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.

3.– ETSk egin beharreko lanak.

Garraio Partzuergoko Kontseilu Nagusiak aldeko txostena egin ostean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Urdulizeko lurperatze-lanak egiteko beharrezko eraikuntza-proiektuak onartuko ditu.

Proiektuak onartu ostean, ETSk bere gain hartuko ditu lizitazioa eta obra zibila, azpiegiturari dagokionez.

ETSk honako ardura hauek izango ditu: segurtasunean eta lan-osasunean maila egokiak izateko prebentzio-lan guztien jarraipena egitea, eta bermatzea eraikitzen diren egitura, osagai eta instalazio guztiak indarrean dauden legeen babespean egiten direla, onartutako proiektua oinarritzat hartuta.

4.– Obrak amaitzea.

Bilboko metropoli-trenbidea Urdulizen lurperatzeko azpiegitura (gomendio honetako hirugarren atalean deskribatuta dago) egiteko aurreikusitako inbertsioa honako zenbateko honetan zenbatetsi da: hamabi milioi, ehun eta hamar mila, bostehun eta laurogeita hamabi euro eta hirurogeita hemezortzi zentimo (12.110.592,78 euro), BEZik gabe.

Kontseilu nagusiak gastua baimendu eta bideratu ostean, Bizkaiko Garraio Partzuergoko Kontseilu Nagusiak ETS funtsez hornituko du, Urdulizeko lurperatze-obra zibila finantzatzeko beste emango dio, eta erakunde publikoak lan horiek egin bitartean behar dituen laguntza-zerbitzuak ere emango dizkio.

5.– Gomendioaren indarraldia.

Gomendio hau indarrean izango da Bilboko metropoli-trenbidea lurperatzeko azpiegitura egiten guztiz amaitu arte.


Azterketa dokumentala