Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2014ko urriaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4477

AGINDUA, 2014ko apirilaren 29koa, Herri Administrazio eta Justiziako Sailburuarena, «Dorreko Etxea Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Aztertu da «Dorreko Etxea Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2014ko urtarrilaren 2an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskari bat sartu zen, «Dorreko Etxea Fundazioa» delakoaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko, Julian Ereñaga Celayetak, Maria Angeles Azcarate Aguirrek, Jesus María Arrieta Sagastik, Jose Angel Agirre Elustondok eta Angeles Bengoa Albisuk sortu zuten fundazio hori.

Eskabideari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– 2014ko martxoaren 28an Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen.

Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

«Haurrentzako eta Gazteentzako euskaraz antolatutako aisialdi egitasmoak bultzatu.

Euskararen erabileraren normalizazioaren aldeko ekimenak sustatu.

Euskal Kultura indartzeko izan daitezkeen proiektuak lagundu».

Laugarrena.– Estatutuen 5. eta 6. artikuluetan jasotakoaren arabera, fundazioaren egoitza Eskoriatzan (Gipuzkoa) Hidalga kalean 23. zenbakian dago, eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.

Bosgarrena.– Hasierako dotazioa eskrituran jasotako ondasun higiezinek osatuko dute eta beraien balorazioa 173.816,88 eurokoa izango da. Fundatzaileek eskritura publikoan deskribatuta dauden bost finketan dituzten partaidetza guztiak ekartzen dituzten Fundazioaren hornidurara.

Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzkoen arabera egin da Fundazioaren eraketa.

Aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta F-367 erregistro-zenbakiarekin, Donostiako (Gipuzkoa) «Dorreko Etxea Fundazioa» erakundearen eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere (patronatu horren kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira), 2012ko urtarrilaren 13an, Juan Ramon Manzano Malaxechevarria notarioaren aurrean emandako eskritura publikoan (38/2012 protokolo-zenbakia) xedatu bezala (eskritura hori zuzendu egin zen 2012ko martxoaren 5ean notario beraren aurrean emandako eskritura publikoaren bidez; protokolo-zenbakia: 232/2012).

Bigarrena.– Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 29an.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala