202. zk., 2014ko urriaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (268 KB - 7 orri.)
- EPUB (250 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
SEGURTASUN SAILA
4474
AGINDUA, 2014ko urriaren 16koa, Segurtasuneko sailburuarena; honen bidez, «B» motako makinen edo sari programatua duten jolas-makinen eta «C» motako makinen edo ausazkoak direnen ikuskapen teknikoa arautzen da.
4/1991 Legea, azaroaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duena, egin zen Autonomia Estatutuaren 10.35 artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoari jokoaren arloan esleitutako eskumen esklusiboa garatze aldera eta; hain zuzen, lege horrek Jaurlaritzari ahalmena ematen dio bertan ezarritakoa garatu eta betearazteko xedapenak emateko.
Eskumen hori baliatuz, azaroaren 17ko 600/2009 Dekretua onetsi zen, Euskal Autonomia Erkidegoko joko-makina eta -sistemen Erregelamendua onartu baitzuen. Halaber, erregelamendu horretan aldaketa batzuk egin dira uneko errealitate sozialera egokitzeko.
Azaroaren 17ko 600/2009 Dekretuak 58. artikuluan ezartzen du «B» eta «C» motako joko-makinen ikuskapen teknikoa egiteko betebeharra, era horretan egoki funtzionatzen dutela eta homologatzeko behar diren baldintzak, baita indarreko araudian daudenak ere, betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko. Ikuskapen horiek Eusko Jaurlaritzan joko-arloan eskuduna den zuzendaritzak aldez aurretik gaitutako erakundeek egingo dituzte.
Azaroaren 17ko 600/2009 Dekretuak (EHAAren 243. zk., abenduaren 18koa) onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko joko-makina eta -sistemen Erregelamenduaren azken xedapenetako lehenengoak joko-arloan eskuduna den sailaren titularrari ahalmena ematen dio erregelamendu hori garatu eta betearazteko beharrezko xedapenak emateko.
Horrenbestez, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da «B» motako makinen edo sari programatua duten jolas-makinen eta «C» motako makinen edo ausazkoak direnen ikuskapen teknikoa egiteko prozedura arautzea, era horretan egoki funtzionatzen dutela eta indarreko araudian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
2. artikulua.– Ikuskapen-erakundeak.
«B» eta «C» motako makinen ikuskapen teknikoa joko-arloan eskuduna den zuzendaritzak baimendu eta gaitutako eta; halaber, Jokoaren Erregistro Nagusian inskribatuta dauden ikuskapen-erakundeek egingo dute, betiere joko-makina eta -sistemen Erregelamendua onetsi duen azaroaren 17ko 600/2009 Dekretuaren IX. kapituluko 2. atalean ezarrita dagoenarekin bat.
3. artikulua.– Aldizkako ikuskapena.
1.– «B» eta «C» motako makinek kasu hauetan egin beharko dute ikuskapen teknikoa:
a) Makinaren lehenengo instalaziotik bost urte igaro eta gero.
b) Bost urte igaro eta gero ikuskapena bi urtean behin egin beharko da.
c) Instalatu baino lehen, makina Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo instalatuta eta ustiapen-egoeran egon baldin bada.
d) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo instalatuta eta ustiapen-egoeran egon den makinak ikuskapena bi urtean behin egin beharko du, lehenengo ikuskapena egin zuenetik kontatzen hasita.
2.– «B» eta «C» motako makinen ikuskapena instalazioa edo ikuskapena egin zenarekin bat datorren lauhilekoaren barruan burutuko da.
4. artikulua.– Ikuskapena eskatzeko epea.
1.– «B» edo «C» motako makina baten enpresa operadore titularrak makinaren ikuskapena eskatu ahalko du 3. artikuluan zehaztutako epea amaitu baino gutxienez hilabete lehenago.
Ikuskapen-erakundea harremanetan jarriko da makinaren enpresa operadore titularrarekin ikuskapenaren data eta ordua hitzartzeko. Ikuskapena egin bitartean aurrean egon beharko du ikuskatu beharreko makinaren ustiapenaren enpresa operadore titularraren ordezkari batek.
2.– Ikuskapen-erakundeek enpresa operadoreari eman ahalko diote nahitaezko aldizkako ikuskapena burutzeko epemugaren berri.
5. artikulua.– Ikuskapena gauzatzea.
1.– Makinen ikuskapen teknikoek egiaztatu beharko dute makina bakoitzarentzat ezarritako homologazio-baldintza teknikoak betetzen direla. Gainera, indarrean dagoen araudiaren arabera funtzionatzen dutela egiaztatuko dute.
2.– Makinaren ikuskapena makina instalatuta dagoen establezimenduan bertan egin ahalko da, enpresa operadorearen egoitzan edo, bestela, gaitutako ikuskapen-erakundearen egoitzan. Dena den, enpresa operadorearen ordezkari batek aurrean egon beharko du.
3.– Ahal izanez gero, ikuskapenak legezko diruaren erabilera berekin ez dakarten metodoak erabiliz egingo dira. Hori ezinezkoa bada eta ikuskapen-erakundeak beharrezkotzat jotzen badu, diru hori ikuskatu beharreko joko-makinaren enpresa operadore titularrak jarriko du. Ikuskapena amaitu ondoren, ikuskapen-erakundeak ziurtatuko ditu egindako eragiketak agindu honen I. eranskinean agertzen den ereduari jarraituz, enpresa operadorearen ordezkariak eta ikuskapen-erakundeak sinatu beharko baitute.
4.– Ikuskapen-lanak egin bitartean makinak saririk emango balu, ateratakoa enpresa operadorearen ordezkariaren esku geratuko litzateke. Entrega agindu honen I. eranskin gisa agertzen den dokumentuan jasoko da. Dokumentu hori enpresa operadorearen ordezkariak eta ikuskapen-enpresak sinatu beharko dute.
6. artikulua.– Ikuskapenaren emaitza.
1.– Behin ikuskapena gauzatuz gero, ikuskapen-erakundeak ikuskapenaren emaitza jasoko duen fitxa teknikoa beteko du. Fitxa tekniko horren hiru ale beteko dira, horietako bat ikuskapenaren xede den makinaren enpresa operadore titularrari emango zaio, beste bat joko-arloan eskuduna den zuzendaritzari eta azkena ikuskapen-erakundeak gordeko du.
2.– Joko-arloan eskuduna den zuzendaritzak fitxa teknikoaren eredua prestatuko du, ikuskapen-erakundeen esku jarriko baita.
3.– Fitxa teknikoak gutxienez informazio hau bildu beharko du:
a) Ikuskapen-erakundearen datuak. Gutxienez, hauek jasoko dira: izen soziala, inskripzio-zenbakia eta ikuskatzailearen edo ikuskatzaileen identifikazioa.
b) Joko-makina ustiatzeko baimenaren enpresa operadore titularraren datuak. Gutxienez hauek jasoko dira: izen soziala, inskripzio-zenbakia eta haren ordezkariaren identifikazioa.
c) Ikuskapenaren xede den makinaren datuak. Gutxienez hauek jasoko dira: makina-mota, modeloa, fabrikatzailea, erregistro-zenbakia, serie-zenbakia eta fabrikazio-zenbakia.
d) Ikuskapenaren data.
e) Ikuskapenaren edukia.
f) Ikuskapenaren emaitza: aldekoa edo kontrakoa.
g) Ikuskapen-erakundearen adierazpena ikuskapenaren emaitza ziurtatzeko.
h) Hurrengo ikuskapena egin behar den eguna.
7. artikulua.– Ikuskapenaren bereizgarria.
1.– Ikuskapena burutu ondoren, eta aldekoa baldin bada, enpresa operadoreari ikuskapena egin dela egiaztatzen duen bereizgarria emango zaio.
2.– Bereizgarri hori eranskailua izango da; hain zuzen, makinaren gainerako dokumentazioarekin batera jarri beharko dena, zehazki makina ustiatzeko baimenaren goiko eskuin-angeluarekin bat etorriz eta agindu honen II. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz.
3.– Ikuskapen-bereizgarrian ikuskapena egin den lauhilekoa eta urtea jasoko dira, baita hurrengo nahitaezko ikuskapenaren lauhilekoa eta urtea ere.
8. artikulua.– Akatsak.
1.– Joko-makinen ikuskapenean antzemandako akatsak arin edo larritzat hartuko dira.
a) Akats larria: akats larritzat joko da joko-programaren parametroak kaltetzen dituena, hala nola: partidaren prezioa, itzulketaren ehunekoa, jokoaren abiadura, irabazien plana edo jokoari datxezkion beste baldintza batzuk, baita segurtasun-neurriei kalte egiten dietenak ere.
b) Akats arina: akats arintzat joko dira, joko-programaren parametroak kaltetu ez arren, gailu osagarriei eta erabiltzailea babestu eta informatzeari loturik, berekin araudia ez betetzea ekartzen dutenak.
2.– Akatsa arintzat hartzen denean, makinak ustiapen-egoeran jarraitu ahal izango du eta akatsa zuzentzeko, ikuskapen-datatik kontatzen hasita, 4 egun balioduneko epea emango zaio makinaren enpresa operadore titularrari, hori guztia kasuari dagokion zehapen-espedientea ireki daitekeela bazter utzi gabe.
3.– Akatsa larritzat hartuz gero, joko-makina deskonektatu eta zerbitzutik kanpo utzi beharko da, eta; bestetik, adierazitako akatsak zuzentze aldera, ikuskapen-datatik kontatzen hasita, 10 egun balioduneko epea emango zaio enpresa operadoreari, hori guztia kasuari dagokion zehapen-espedientea ireki daitekeela bazter utzi gabe.
4.– Akatsa zuzendu ondoren enpresa operadoreak horren berri emango dio ikuskapen-enpresari eta horrek egiaztatzeko ikuskapena egin beharko du hurrengo 72 orduen barruan.
5.– Ikuskapen-erakundeak enpresa operadoreari bereizgarria emango dio antzemandako akatsak zuzenduta daudela egiaztatu eta gero.
9. artikulua.– Konfidentzialtasuna.
Ikuskatutako «B» eta «C» motako makinen ikuskapena egitean ikuskapen-erakundeek jasoko dituzten informazioa eta datuak, sekretu-betebeharrari eutsiz, isilpean gorde beharko dituzte. Betebehar horrek ikuskapena egin ondoren ere iraun egingo du.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA
2014. urtean ikuskapen teknikoa egin behar duten «B» motako joko-makinek edo sari programatua duten jolas-makinek eta «C» motakoek edo ausazkoak direnek 2015eko apirilaren 30a baino lehen egin beharko dute.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
«B» motako joko-makinek edo sari programatua duten jolas-makinek eta «C» motakoek edo ausazkoak direnek ikuskapen teknikoa egin beharko dute instalatu aurretik; betiere, ikuskapen teknikoa egitea egokitu arren, funtzionamenduan ez badaude.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 16a.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.