Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2014ko irailaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3854

AGINDUA, 2014ko irailaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2014. urtean kultura-arloko jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta kultura-ekintza bereziak antolatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren arabera (EHAA 243 zk., 2012ko abenduaren 17koa), Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eskumenekoak dira arte eta kultura jarduerei dagozkien zereginak eta horien zabalkundeari dagozkionak. Aipatutako zereginak, sail honen Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagozkio, betiere Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9k 193/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera (2013ko apirilaren 24ko EHAA, 78. zk.).

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta diru-laguntzerako indarrean dagoen arautegia honako honetan jasotzen da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategineko VI. tituluan – EONALTB– 1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, onartu zuen testu bategin hori.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, egokia da jardunbide bat ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta kultura-ekintza bereziei laguntzeko. Jardunbide hori, bestalde, sail horren eskumenen esparruan sartzen da, eta hainbat kultura-arlotan jarduerak antolatzeko diru-laguntzak eskainiz gauzatzen da, bereziki, honako arlo hauetan: ikus-entzunezkoak, antzerkia, dantza, musika, ikusizko arteak eta literatura. Neurri horri esker, kultur ekoizpena gizarte osoaren eskura jarri nahi da, herritar guztiek kultura adierazpide guzti horietaz goza dezaten.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da: kultura-arloko jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta kultura-ekintza bereziak antolatzeko, 2014ko ekitaldiko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea eta deialdia egitea, bereziki honako kultura-arlo hauetan: ikus-entzunezkoak, antzerkia, dantza, musika, ikusizko arteak eta literatura. Kultura-ekintzok espezializazio- edo berezitasun-maila handikoak izan beharko dute, eta interes berezia sortu, Euskal Autonomia Erkidegoko kulturaren eremuan.

2.– Diru-laguntzak jasotzeko, jarduerek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Erakunde antolatzailearen egoitza soziala edozein delarik ere, programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2014ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

b) Diru-laguntzen deialdi honetara aurkeztutako programek edo jarduerek ekonomikoki bideragarriak izan behar dute. Hori egiaztatzeko, aurrekontu orekatua aurkeztu beharko da, eta hartan, agindu honen 11. artikuluan ezarritako finantzazio-mugak errespetatu beharko dira.

3.– Deialditik kanpo geratuko dira:

a) Kultura-programazio orokorrak; alde horretatik, diru-laguntzen deialdira aurkezteko, jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta ekintza berezi zehatzak aukeratu beharko dituzte eskatzaileek, beren programazioetatik.

b) Batez ere, ikus-entzunezkoei, antzerkiari, dantzari, musika, ikusizko arteari eta literaturari dagokienez, kulturaren arloei lotutako edukirik ez duten jarduerak.

2. artikulua.– Hautapena eta baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraz emango dira, hain justu ere 12. artikuluan ezarritako balioespen-irizpideak kontuan izanik, aurkeztutako eskabideak konparatuaz, horiei lehentasunezko hurrenkera bat ezartzeko. Eta balioespen-fasean, artikulu horretan zehaztu puntuazioa edo hortik gorakoa lortzen dutenek bakarrik eskuratuko dituzte diru-laguntzak; eta diru-laguntza horiek ahalik eta handienak izango dira, betiere 11. artikuluan ezarritako mugen arabera.

2.– Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak finantzatzera bideratutako kredituaren zenbatekoa, guztira, hirurehun eta laurogeita hamar mila (350.000) eurokoa izango da; halere, zenbateko hori handitu ahal izango da, lehenengo xedapen gehigarrian ezartzen denari jarraikiz.

3. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honekin bat etorriaz, pertsona fisikoek zein juridikoek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak. Guztiarekin ere, pertsona horiek publikoak zein pribatuak izan daitezke.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Zergekiko betebeharrak (Ogasuna) eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izan beharko dituzte eskatzaileek.

2.– Onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta izan beharko dira honako zehapen- edo itzulketa-prozedurak: eite bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek abiarazitakoak.

3.– Ezin izango dute eskuratu diru-laguntzarik edo laguntzarik honako hauek: laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten pertsonek edo entitateek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

5. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Eskabideetan sartuko da badagoela aukera laguntza eskatzen duen erakundeak honako hau baimen dezan, espresuki: gainerako datuak edo agiriak organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatzea, bai bide presentziala, bai elektronikoa erabilita, eta, betiere, Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenen kalterik gabe.

2.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek edo erakundeek zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu baitzen.

3.– Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute interesdunek. Estatu espainiarretik kanpo izanez gero egoitza fiskala, kontuan izanik elkarreragingarritasun-sistemak kasu hauetan ez direla operatibo, egiaztagiri eguneratua aurkeztu beharko da: zergekiko obligazioak egunean izateari buruzko egiaztagiria, organo eskumendunak emandakoa. Kasu bietan ere, egiaztagiriek ez dute izango 3 hilabetetik gorako antzinatasuna.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta aurtengoan minimis arauaren mendeko laguntzarik jaso den jakinaraztea (Ikus. Bigarren Xedapen Gehigarria).

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrena, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

6. artikulua.– Diru-laguntzen izapidetze elektronikoa.

1.– Pertsona interesdunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak–, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- onartzen duenak.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak, bide presentziala zein elektronikoa erabiliz, nola izapidetu behar diren azaltzen dituzten argibideak daude ikusgai Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan:

https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/jaialdiak/y22-izapide/eu

4.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –presentziala edo elektronikoa–, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe xedatzen da-eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan.

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.net/misgestiones

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu babespeko laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskaerak aurrez aurre egin ahal izango dira, Herritarren Arretarako Bulegoetan, lurralde-ordezkaritzetan edo beste organo hauetan: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitakoetan; betiere, behar bezala betetako instantzia normalizatuen bitartez.

Bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira eskabideak, euskadi.net egoitza elektronikoan sartuta https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/jaialdiak/y22-izapide/eu

3.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

4.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Pertsonari edo entitateari buruzko agiriak:

– Pertsona fisikoen kasuan, eskabide sinatzen duen sinatzailearen identitatea egiaztatzea: Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo antzeko agiri bat, edo elektronikoki ofizioz egiaztatzeko baimena.

– Pertsona juridikoen kasuan:

a) Eraketa-eskritura eta estatutuak. eta bai dagozkion erregistro publikoetan inskribaturik izatea egiaztatzeko agiria. Administrazioaren menpeko erregistroetan inskribatutako erakundeek ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, baldin eta eskabidean adierazten badute zein erregistrotan dauden inskribaturik, eta ez da aurkeztu beharko inskripzio horren egiaztagiririk.

b) Identifikazio fiskalaren zenbakiaren egiaztagiri-txartela.

c) Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren egiaztatzeko agiria eta bai ordezkari horrek duen boterearen egiaztatzeko agiria ere.

– Ondoko obligazioak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenak:

a) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan edo oraingoan minimis erregimenari lotutako beste laguntza batzuk lortu badira, horren berri ematea, agindu honen xedapen gehigarrietatik bigarrenarekin bat etorriaz.

2.– Jarduerari buruzko dokumentazioa:

– Jardueraren proiektuaren gaineko memoria zehatza: gutxienez, 12.1 artikuluan jasotako baliospen irizpideak betetzearen gaineko zehaztasunak jasoko ditu eta euron exekuzio-egutegia.

– Jardueraren gaineko gastuen eta diru-sarreren gaineko aurrekontu desglosatua eta zehatza.

– Xede bererako eskatutako beste diru-laguntza eskaeren zerrenda eta bakoitza zertan den zehaztea.

3.– Eskaera egin duen pertsona edo erakundea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzen Saileko Hirugarrenen erregistroan edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren alta izeneko agiria aurkeztu beharko du eskaerarekin batera.

4.– Erabilitako kanala edozein delarik ere (presentziala edo elektronikoa), agiri elektronikoek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, betiere halakorik bada, eta ahal delarik ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.

b) Gainontzeko dokumentazioa, ahal delarik, PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektronikoaren gehienezko tamaina hauxe izango da: 30Mb.

9. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabideak aurkezteko epea igaro eta eskabideak eta gainontzeko agiriak aztertu ondoren, agiriak falta edo akatsen bat dagoela atzemanez gero hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona fisiko edo juridiko interesatuari, agiriak aurkeztu edo akatsak zuzendu ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Sustatzeko zuzendariari dagokio agindu honetan arautu eta deitutako diru-laguntzak kudeatzea.

11. artikulua.– Diru-laguntzen muga eta bateragarritasuna.

1.– Agindu honetara biltzen diren programek edo jarduerek jasoko duten diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango aurkeztutako aurrekontuaren % 50etik gorakoa.

2.– Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek xede bera betetzeko ematen dituztenekin, baina ezin da inolaz ere gain-finantziaziorik gertatu; kasu horretan, bidezkoa izango da diru-laguntza murriztea, diruz lagundutako jardueraren guztizko kostuaren mugaraino.

12. artikulua.– Jarduerak baloratzeko eta hautatzeko, eta diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.

1.– Aurkeztutako proiektua baloratzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jardueraren interes kulturala eta kalitate artistikoa (puntuazio osoaren % 45, gehienez). Proiektu bakoitzean, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, batez ere:

a.1) Kultura intereseko elementuak:

– Jardueraren garrantzi kulturala.

– Jarduera zenbat ediziotan garatu den, eta gizartean zenbateraino dagoen erroturik.

– Jardueraren eremu-hartzailean antzekorik ez egotea.

– Gaiaren aldetik, berritzaile izatea.

– Proiektua garatzeko moldea hartzaile berriak erakartzeko modukoa izatea, batez ere haur eta gazteen artean.

– Emakumeek proiektuan ekarpen eta partaidetza profesionala izatea, eta, oro har, generoaren ikuspegia integratuta egotea.

a.2) Kalitate artistikoko elementuak:

– Proiektuan parte hartzen duten talde artistiko eta teknikoak.

– Antzeztu edo proiektatuko diren lanak edo eduki kulturalak.

– Lan eta eduki horiek egokitzeko modua eta proiektuaren garapena.

– Proiektua taularatzeko proposamena.

b) Jardueraren guztizko aurrekontuarekiko autofinantzaketa-gradua (lor daitekeen puntuazio maximoaren % 30era arte).

c) Euskara erabiltzea (lor daitekeen puntuazio maximoaren % 15era arte).

d) Jarduera zein lurralde-esparrutara zuzendurik dagoen, eta ekintzak nolako zabalkunde eta oihartzuna izango duen kanpoan (lor daitekeen puntuazio maximoaren % 10era arte). Jarduerak lurraldeen arteko oreka lortzeko egiten duen ekarpena ere balioetsiko da.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako irizpideak aplikaturik, puntuazio osoaren % 50 lortzen duten proiektuak bakarrik hautatuko dira.

3.– Hautatutako proiektuetako bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa kuantifikatzeko, banaketa-sistema bat erabiliko da, zeinaren arabera deialdiko zuzkidura ekonomikoa haien artean honelaxe banatuko den: balorazio-fasean lortutako puntuazioaren proportzioarekin bat etorriaz, eta azkenik esleitzen den zenbatekoak ez du gaindituko 11.1 artikuluan ezarritako muga maximoa.

4.– Aipatu muga aplikatzearekin ondorioz soberan kopururen bat gelditzen bada, parametro berberak erabilita hautatutako gainontzeko proiektuen, zehazki, laguntzaren muga maximoa lortu ez dutenen artean banatuko da soberakin hura; eta soberan diren gainontzeko kopuruak banatzeko ere prozedura berbera erabiliko da, harik eta deialdiko zuzkidura amaitu arte edo, kasua bada, eskabide guztiek laguntzaren muga maximoa lortu arte.

13. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.

1.– Balioespen Batzorde bati egokituko zaio aurkezten diren eskabideak, dagokion ebazpen-proposamena hartzea –loteslea izango ez den arren– eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igortzea.

2.– Balioespen Batzordeko kideak honako hauek izango dira:

– Presidentea: Clara Montero Tellechea, Kultura Sustatzeko zuzendaria.

– Kideak:

José Luis Ibarzabal Egibar, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako kultura plangintzako teknikari dena.

Imanol Arana Ariz, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako kultura plangintzako teknikari dena.

Marta Merino Ortiz de Landaluce, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako kultura plangintzako teknikari dena.

– Idazkaria: Faustino Kanalaetxebarria Zamora, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari dena, hitz egiteko eskubidearekin, baina botoa emateko eskubiderik gabe.

Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa bete beharko da.

3.– Eskabideak behar bezala ebaluatu ahal izateko, Balioespen Batzordeak, beharrezko jotzen duen bakoitzean, egoki iritzitako argibideak azaltzeko eskatu ahal izango die eskabidegileei, eta, era berean, jardueren arduradunekin elkarrizketak egin ahal izango ditu.

4.– Ebazpen-proposamena diru-laguntza ematearen aldekoa denean, bertan honako datu hauek adierazi beharko dira, gutxienez:

a) Erakunde, enpresa, elkarte edo pertsona onuraduna.

b) Diruz lagunduko den jarduera.

c) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

d) Agindu honetan ezarritako beste edozein betebehar, diru-laguntza jasoko duen proiektua gauzatuko dela bermatze aldera betiere.

14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, Balorazio Batzordeak proposatuta.

2.– Hartzen den ebazpenaren bidez zehaztuko du ea eskatutako diru-laguntza ematen den ala ez; ematen bada, honako hauek adierazi beharko dira: pertsona onuradunaren izena edo izen soziala, diruz lagundutako jarduera, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, eta hori urteka nola banatzen den. Eta ukatzen bada: eskatzailearen izena edo izen soziala, eta laguntza zergatik ukatu den.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

4.– Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio; halere, eta jendea jakitun izan dadin, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, diru-laguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako proiektua jasoaz.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikuluan xedatutako ondorioetarako.

15. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan

1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da erakunde interesdunak edo haren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak Posta Zerbitzuaren hartu-agiria sinatzen duenean edo jakinarazpena onartzen ez duenean; eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza jaso eta biharamunetik hasiko da zenbatzen.

2.– Izapideak telematikoki eginez gero, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena gauzatutzat joko da interesdunak, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak hura jaso izana elektronikoki sinatzen duen unean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea honelaxe zenbatuko da: jakinarazpeneko egintza izana elektronikoki sinatzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesatuaren edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatu.

16. artikulua.– Betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntza jaso dutela nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoetan. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.

2.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

3.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako, salbu eta 6. atalean aldaketen onarpenari buruz ezarritakoa aplikatzekoa bada.

4.– Ikuskatze-lana egiteko beharrezko duen dokumentazioa eman beharko diote Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, diruz lagundutako proiektuak behar bezala gauzatu direla bermatze aldera.

5.– Agindu honen babesean jasotako diru-laguntzei dagokienez, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren jardunean eskatzen dieten argibide oro eman beharko dute onuradunek.

6.– Deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea diruz lagundutako proiektua. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epe horren barruan ez da berariazko jakinarazpenik egin, planteatutako aldaketa onartu egin dela ulertu beharko da.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Agindu honetan aukeratutakoarekin bat etorriaz ematen diren diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira, honako prozedura honen arabera:

a) Emandako diru-laguntzaren % 50 egiten duen zenbatekoa lehen ordainketan, emate-ebazpena jakinarazi ostean.

b) % 50 egiten duen bigarren ordainketa: 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere emandako diru-laguntza justifikatu ostean eta 18. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriaz.

18. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta kitapena.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun diren pertsonek edo erakundeek, diruz lagundutako jarduerak amaitu ondoko bi hilabeteko epean beherago zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, edonola ere, 2015eko martxoaren 31 baino lehen:

a) Jarduera egin ondorengo memoria; bertan, gutxienez, agindu honetako 12.1 artikuluan ezarritako balioespen-irizpideak bete direla aipatu beharko da.

b) Diruz lagundutako jarduera garatzean izandako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda eta balantzea. Gainera, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuarekin bat etorriz, gastu eta diru-sarrera horien faktura edo ordainagiriak aurkeztuko dira -jatorrizkoak edo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren lurralde-ordezkaritzetan konpultsatutako fotokopiak-.

Diru-laguntzaren zenbatekoa ez bada jardueraren gastu-aurrekontu osoaren % 30etik gorakoa, justifikatu beharreko gastuak ere ez dira izango diru-laguntzaren zenbateko horretatik gorakoak. Halako kasuetan, jardueraren gastu zein diru-sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da; pertsona eta erakunde onuradunak, gainera, konpromisoa hartuko du jardueraren guztizko gastuaren justifikazioa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eskura jartzeko, erakunde horrek hala eskatzen badio. Hartara, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatu ahal izango dira laginketa-tekniken bidez, eta diru-laguntza egoki aplikatu den jakiteko froga nahikoak lortuko dira. Horretaz gain, hasiera batean aurkeztu gabeko frogagiriak aurkezteko eskatu ahal izango zaio pertsona eta erakunde onuradunari.

c) Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein laguntzen zerrenda.

d) Jardueraren karietara argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta bestelako material grafikoen edo entzunezkoen hizkuntza bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesaren aipamena espresuki adierazita agertu behar da, eta bai dagokion web orriaren helbidea ere.

2.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik ere beste laguntza edo diru-laguntzaren bat jaso bada, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, hala badagokio, likidazio-ebazpena emango du –betiere, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera aurkeztu diren agiriak ikusirik, eta aurkeztu diren proiektuetako aldaketez eta horien jakinarazpenaz 16.6 artikuluan ezartzen dena kontuan harturik, diru-laguntzaren helburua bete dela jotzen bada–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diru-laguntzak itzultzeko ezartzen duen prozedurarekin bat etorriz (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

3.– Justifikazioak Herritarrentzako Arreta Bulegoetara, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Lurralde Ordezkaritzetara edo Eusko Jaurlaritzaren erakunde laguntzaileetara bertaratuta aurkez daitezke, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira, http://www.euskadi.net/misgestiones gunean.

4.– Modu presentzialean zein elektronikoan, egiaztagiriak izapidetzeari buruzko zehaztapenak eskura dira euskadi.net egoitza elektronikoan, agindu honetako 6. artikuluan zehaztutako helbideetan.

19. artikulua.– Ez-betetzeei buruzko araubidea.

1.– Baldintzak ez direla bete ulertuko da honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik edo partez, agindu honetan aurreikusita ez dauden jardueretarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, esleipen-ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako jarduera aldatzea, osorik edo partez, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak horretarako onespenik eman gabe agindu honetako 16.6 artikuluan adierazten den eran.

e) Bestelako xedapenetan ezarritako baldintza orokorren bat ez betetzea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura laguntza publikoak eskuratzen dituztenentzat ezarrita dagoen arau-hauste erregimenaren menpe egongo dira laguntza hauen pertsona edo erakunde onuradunak kasu guztietan.

3.– Artikulu honetan adierazitako egoeraren bat gertatu dela egiaztatzen baldin bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-zenbatekoak eta dagozkien lege-interesak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako moduan, eta horietan ezarritakoa beteta.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza programetarako erabilitako zenbatekotik dirua soberan gelditzen bada, 2. artikuluan adierazitako kopurua gehitu daiteke, eskatutako diru-laguntza kopurua kontuan hartuta, betiere Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen bidez, zeina EHAAn argitaratuko den diru-laguntzak ebatzi aurretik.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (CE) Araudiaren menpe egongo dira (2013ko abenduaren 24koo EBAO, L 352/1. zk.); araudi hori Europar Batasuneko Itunaren 107.(87) eta 87.(88) artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Laguntza hauek de minimis moduan izendatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako guztizko laguntza ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa, aurreko bi zerga-ekitalditan edo korritzen duenean. Diru-muga horretatik behera, laguntzek merkataritzan eraginik ez dutela eta lehiakortasuna desitxuratzen ez dutela jotzen da, eta beraz ez dira sartzen Europar Batasunaren Ituneko 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoarekin bat, deialdi honen izapideak egiterakoan bildutako datu pertsonalak, deialdiko parte hartzaileek tratatzeko eta argitaratzeko baimena emana dutenak, fitxategi batean sartuko dira; fitxategi horren helburua izango da diru-laguntzen deialdi hau eta deialdi honekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo –espediente kudeatzea eta parte hartzaileei deialdiaren garapenaren berri ematea. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritza izango da fitxategi horren arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 1 Vitoria-Gasteiz). 01010 Vitoria-Gasteiz. Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesatuek Kulturako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 9a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala