174. zk., 2014ko irailaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (248 KB - 10 orri.)
- EPUB (254 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3846
160/2014 DEKRETUA, uztailaren 29koa, ehiza-baimena eta ehizatzeko gaitasunaren azterketa arautzen dituena.
Ehizaren 2011ko martxoaren 17ko 2/2011 Legearen 5. artikuluan xedatzen da ehiza-baimena duen edonork ehizatu ahal izango duela eta baimena lortzeko Eusko Jaurlaritzak arauz ezarritako gaitasun-probak gainditu beharko direla.
Gaur egun, ehizan egiteko gaitasun-ziurtagiria lortzeko prozedura arautzen duen 1990eko maiatzaren 2ko 124/1990 Dekretuak arautzen du ehizatzeko gaitasuna eta ezagutza egiaztatzeko prozedura: ehizari lotutako gaien gaineko proba teoriko bat gainditzean datza. Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 1991ko ekainaren 6ko Aginduan dago garatuta dekretu hori: agindu horrek ehiza-gaitasuna neurtzeko probak arautzen ditu. Halaber, 1996ko maiatzaren 21eko 117/1996 Dekretuak –1996ko irailaren 24ko 227/1996 Dekretuak aldatu zuen– Euskal Autonomia Erkidegoko ehiza-baimena arautzen du: foru-organoek ematen dute, eta autonomia-erkidegoaren lurralde osoan ehizatzeko gaitzen du.
Bi hamarkada baino gehiago igaro dira Euskal Autonomia Erkidegoan ehiztariaren azterketa ezarri zenetik. Azterketa hori aitzindaria izan zen estatuan, eta, beste leku batzuetako baimenak onartzeko arauak egin zirenean, ez zegoen erreferentziarik beste lekuetan nola arautuko zen jakiteko. Euskal Autonomia Erkidegoan ehizaren bertako legea onartzeak ehiza-baimenak emateko sistema berrikustera behartzen gaitu. Ehizatzeko gaitasuna egiaztatzea ehiza-baimena aurrenekoz eskuratzeko aurretiazko ezinbesteko baldintza denez, berrikusketa hori baliatuz araudi biak testu bakarrean batzea aukeratu da.
Testua hiru kapitulutan egituratuta dago. Lehenak dekretuaren xedea zehazten du, eta edukia azaltzen du. II. kapitulua ehiza-baimenaren ingurukoa da, eta bertan arautzen dira: baimena lortzeko prozedura, berariazko modalitateetarako baimenak eta legearen 9. artikuluan xedatutako arau-hausteen erregistroa. III. kapituluan, ehizatzeko gaitasunaren azterketa eta deialdiak egiteko prozedura arautzen dira.
Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegorako Autonomia Estatutuko 10.10 artikulu-zatiak ehizaren gaian erkidegoari ematen dion eskumenaren babesean eman da, eta behar bezala errespetatu da lurralde historikoetako foru-organoek araudia garatu eta betearazteko duten eskumena, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzko 1983ko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.c) letraren arabera.
Dekretu hau prestatzeko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundietan ehizaren arloan eskumena duten sailetan egin da kontsulta, eta sektorearen ordezkari diren elkarteetan ere bai.
Ondorioz, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko uztailaren 29an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea ehiza-baimena emateko prozedura eta ehizatzeko gaitasunaren azterketa arautzea da.
II. KAPITULUA
EHIZA-BAIMENA
2. artikulua.– Kontzeptua.
1.– Ehiza-baimena agiri izenduna eta besterenezina da, eta aldean eraman behar da edozein ehiza motatan jarduteko.
2.– Ehiza-baimenak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundietako organo eskudunek emango dituzte.
3. artikulua.– Gaitzea.
1.– Edozein foru-aldundik emandako ehiza-baimenak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan ehizatzeko gaitzen ditu titularrak: betiere, ehiza baimenduta dagoen lurrean.
2.– Araututako edozein ehiza-modalitatetan Euskal Autonomia Erkidegoan ehizan jarduteko gaitzen du ehiza-baimenak, hegazti harrapari bidezko ehizarako eta arku bidezko ehizarako izan ezik; bi horietarako, baimen berezia behar da.
4. artikulua.– Balioa.
Ehiza-baimenak urtebeteko indarraldia du, ematen den edo berritzen den egunetik hasita.
5. artikulua.– Baldintzak.
1.– Aurreneko ehiza-baimena eskuratzeko, baldintza hauek bete behar dira:
a) Hamalau urtetik gora izan. Adin hori beteta izan eta 18 urte bete ez dituztenek legezko ordezkariaren baimena eduki behar dute.
b) Ehizatzeko gaitasunaren azterketa gainditu.
c) Ehizatzeko gaitasunik gabe uzteko zehapen bat betetzen egon ez eta ehizaren arloko zehapen irmorik ordaintzeke izan ez.
d) Dagokion tasa ordaindu.
2.– Ehiza-baimena berritzeko, baldintza hauek bete behar dira:
a) Ehizatzeko gaitasunik gabe uzteko zehapen bat betetzen egon ez eta ehizaren arloko zehapen irmorik ordaintzeke izan ez.
b) Dagokion tasa ordaindu.
6. artikulua.– Baimena emateko prozedura.
1.– Aurreneko ehiza-baimena eskuratzeko interesa dutenek edozein foru-aldunditan eskatu ahal izango dute, gai horretan eskumena duen sailean, aldundiek zehaztutako eran.
2.– Dagokion tasa ordainduta, baimena berritutzat hartuko da.
3.– Foru-aldundiek egiaztatu egingo dute eskatzailea ez dagoela ehizatzeko gaitasunik gabe utzita.
4.– Dagokion foru-aldundiko organo eskudunak emango du ehiza-baimena, aldundian eskaera jasotzen denetik gehienez ere 15 egun balioduneko epean.
7. artikulua.– Editatzea.
Ehiza-baimena III. eranskineko ereduaren arabera editatuko da.
8. artikulua.– Aldi baterako ehiza-baimenak.
1.– Salbuespen gisa, aldi baterako ehiza-baimenak eman ahal izango zaizkie beste autonomia-erkidego batzuetan edo atzerrian bizi direnei, Euskal Autonomia Erkidegoko ehiza-baimena ez badute eta kasu hauetakoren batean badaude:
a) Ehiza-lehiaketa ofizialetan parte hartu behar dutenak.
b) Hil gabeko ehiza-ibilbideetan, hegazti harrapari bidezko ehiza-erakustaldietan edo ehiza-jarduerak egiteko eremuetan egiten diren antzeko jardueretan parte hartu nahi dutenak.
c) Behar bezala baimendutako ehizaldietan puntualki parte hartuko dutenak.
2.– Aldi baterako ehiza-baimena eskuratu nahi dutenek honako hauek bete beharko dituzte:
a) Beren nortasuna egiaztatu.
b) Bizi diren tokian emandako ehiza-baimena eduki, egin nahi duten ehiza-jarduerarako gaitzen dituena.
c) Adierazpen bat sinatu, ehizatzeko gaitasunik gabe utzita ez daudela eta ehizaren arloko ordaindu gabeko zehapen irmorik ez dutela dioena.
3.– Aldi baterako baimenaren balioa, gehienez ere, ondoz ondoko hamabost egun naturalekoa izango da.
4.– Pertsona bakoitzak, gehienez ere, aldi baterako bi baimen eskuratu ahal izango ditu ehiza-denboraldi bakoitzean.
5.– Aldi baterako ehiza-baimenak ez du ematen Euskal Autonomia Erkidegoko ehiza-baimena eskuratzeko eskubiderik.
6.– Lehen artikulu-zatiko a) eta b) letretako kasuetan, aldi baterako baimena eskatu duten pertsonen zerrenda bat bidaliko du Euskadiko edo lurraldeko Ehiza Federazioak dagokion lurraldeko foru-aldundira, lehiaketa edo jarduera egin aurretik, behar adinako aurrerapenez.
9. artikulua.– Ehiza-baimen bereziak.
1.– Hegazti harrapari bidezko ehizan jarduteko, honako hauek bete beharko dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko ehiza-baimena eduki.
b) Ehiza-modalitate horretan jarduteko gaitasunaren ziurtagiria eskuratu, foru-aldundiek antolatu edo homologatzen dituzten ikastaroak gaindituta.
c) Hegazti bat eduki, dagokion lurraldeko hegazti harraparien erregistro ofizialean inskribatutakoa, edo dagokion foru-aldundiak aintzatetsitako beste erregistro ofizial batean inskribatutakoa.
d) Hegazti harrapariak edukitzea eta modalitate horretan jardutea arautzen duen foru-araua bete.
2.– Arku bidezko ehizan jarduteko, honako hauek bete beharko dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko ehiza-baimena eduki.
b) Ehiza-modalitate horretan jarduteko gaitasunaren ziurtagiria eskuratuta edukitzea, foru-aldundiek antolatu edo homologatzen dituzten probak gaindituta.
c) Dagokion arma-baimena edukitzea, agintaritza eskudunak emana.
d) Modalitate horretan jardutea arautzen duen foru-araudia betetzea.
10. artikulua.– Arau-hausteen erregistroa.
1.– Ehizaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzaren mende dago arau-hausteen erregistroa.
2.– Foru-aldundiek eta ehizatzeko gaitasunik gabe utz dezaketen gainerako herri-administrazioek ematen duten informazioarekin osatu eta eguneratuko da erregistroa.
3.– Erregistro horretan inskribatuko dira egindako arau-hausteak eta zehapen nagusiak nahiz osagarriak; horien ondorioz ehiza-baimena baliogabetzen bada edo eskuratzeko gaitasunik gabe uzten bada, gaitasungabetze-aldia zenbatekoa den adieraziko da.
4.– Era berean, gaitasungabetze-aldia amaitu ondoren ehiza-baimena berriro eskuratzeko gaitasun-proba gainditu behar dela adieraziko da, horrela dagokionean.
5.– Foru-aldundietan ehizaren gaian eskumena duten organoek eta gainerako herri-administrazioek erregistro hori kontsultatzeko sarbidea izango dute, ehizaren inguruko baimenak emateko.
III. KAPITULUA
EHIZATZEKO GAITASUNAREN AZTERKETA
11. artikulua.– Kontzeptua.
1.– Aurreneko ehiza-baimena eskuratzeko, ehizari lotutako gaietan ezagutza egiaztatu behar da, ehizatzeko gaitasunaren azterketa gaindituta.
2.– Azterketa gainditzea beharrezkoa izango da, halaber, martxoaren 17ko 2/2011 Ehiza Legean aurreikusitako 59.2 artikuluaren kasuan.
12. artikulua.– Deialdia.
1.– Ehizaren gaian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak bi azterketa-deialdi egingo ditu urtero ehizatzeko gaitasuna egiaztatzeko:
a) Lehenbiziko proba egun berean eta ordu berean egingo da hiru lurralde historikoetan.
b) Bigarren proba lurralde historiko bakarrean egingo da, txandaka.
2.– Deialdiak, gutxienez, honako eduki hau izango du:
a) Izena emateko prozeduraren eta eskaerak aurkezteko epeen azalpena.
b) Egingo diren galderen kopurua, azterketa gainditzeko zuzen erantzun beharreko galderen kopurua eta proben iraupena.
c) Azterketen tokia, eguna eta ordua. Azterketaren deialdia, gutxienez, azterketa-eguna baino bi hilabete lehenago egingo da.
d) Kalifikazio-epaimahaiaren eraketa.
e) Azterketa egiteko ordaindu behar den tasaren zenbatekoa.
13. artikulua.– Baldintzak.
Ehizatzeko gaitasunaren azterketa egiteko interesa dutenek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Hamalau (14) urte beteta izan, edo probara aurkezten den urtean bete.
b) Azterketa egiteko tasa ordaindu, 1/2007 Legegintzako Dekretua, irailaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena, edo hori ordezkatzen duen araua betez. Ez dira azterketarako inskribatutzat joko inskripzio-epea amaitu baino lehen tasa ordaindu ez dutenak.
c) Ehizatzeko gaitasunik gabe uzteko zehapen bat betetzen egon ez.
14. artikulua.– Eskaerak.
Eskaera-orrian, gutxienez, datu hauek eskatuko dira:
a) Nortasun Agiri Nazionaleko izena eta zenbakia edo, hala dagokionean, indarrean dagoen pasaportekoak edo Atzerritarraren Identifikazio Agirikoak. Azterketa egiteko, proba egiteko unean, ezinbestean aurkeztu behar da eskaeran adierazi den identifikazio-agiriaren jatorrizkoa.
b) Ehizatzeko gaitasunik gabe uzten duen zehapen bat betetzen ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena.
c) Urte bakoitzeko lehenbiziko deialdian, azterketa non egin nahi den.
15. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Azterketa egiteko izen-ematea era telematikoan burutuko da.
2.– Euskal Administrazioaren ordainketa-pasabidearen erabilera sustatuko da tasa ordaintzeko.
16. artikulua.– Azterketaren edukia.
1.– Dekretu honen II. eranskinean jasotako gai-zerrendaren gainekoa izango da proba.
2.– Test erako galdera-sorta bati idatziz erantzutean datza azterketa; deialdi bakoitzean zehaztuko da zenbat galdera izango diren. Azterketa gainditzeko, gutxienez galderen ehuneko 75 erantzun beharko dira zuzen.
17. artikulua.– Epaimahaien izaera, osaera eta jokaera.
1.– Organo deitzaileak eskatuta, probetako garapena zainduko duten epaimahaien osaeraren proposamena bidaliko diote foru-aldundietan eskumena duten organoek ehizaren gaian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari.
2.– Proposamen hori ikusita, organo deitzaileak epaimahai bat eratuko du lurralde historiko bakoitzean. Proben deialdiaren ebazpenean emango da jakitera epaimahaien osaera.
3.– Epaimahaiak honela osatuko dira:
a) Lehendakari bat, probetako gaietan espezializatuta dauden funtzionarioen artetik izendatu beharko dena.
b) Epaimahaikide bat.
c) Idazkari bat, hitza eta botoa izango dituena.
4.– Titular bakoitzarentzat ordezkoak izendatuko dira, absentzia, gaixorik egotea edo epaimahaira agertzea eragozten duen beste edozein legezko zergati gertatzen denerako.
5.– Epaimahaietan parte hartzeagatik emandako laguntzak zerbitzuaren araberako kalte-ordainen gaineko araudi aplikagarriaren arabera ordainduko dira.
18. artikulua.– Ebazpena.
1.– Epaimahaiek ehizaren gaian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari bidaliko diote, ehizatzeko gaitasunaren azterketa egiten den egunetik gehienez zazpi egun naturaletan, beren ustez azterketa gainditu dutenen eta gainditu ez dutenen proposamena.
2.– Proposamen horren arabera, zuzendari eskudunak behin-behineko zerrendaren berri emango du, gehienez proposamena jaso eta astebetera. Behin-behineko zerrenda hori argitara emango da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundien webguneetan eta Eusko Jaurlaritzako ehizaren gaian eskumena duen sailarenean.
3.– Interesdunek probaren galdera jakin batzuen balioaren aurka egin dezakete, gehienez ere proba egiten den egunetik hiru egun naturaleko epean.
4.– Aurkatze horiek, jasotzen direnetik hiru egun naturaleko epean ebatziko dira, eta, horren ondoren, ehizaren gaian eskumena duen zuzendariak zazpi egun naturaleko epean ebatziko du deialdia.
5.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute ebazpenaren aurka, dagokion organoaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Proba gainditzen duten izangaien zerrendak jendaurrean jarriko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundien webguneetan eta Eusko Jaurlaritzako sail eskudunarenean.
19. artikulua.– Gaitasun-ziurtagiria.
Interesdunak eskatuta, ehizaren gaian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariak emango die, azterketa gainditzen dutenei, Euskal Autonomia Erkidegoan ehizan jarduteko gaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiria.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Ehiza-baimena emateko, baliozkoak izango dira dekretu honetan araututako azterketarekin homologagarria den ehizatzeko gaitasunaren azterketa bat gainditu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak, beste autonomia-erkidego batzuek edo Europar Batasuneko gainerako estatu kideek emanak.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honen I. eranskinean zerrendatzen diren autonomia-erkidegoetako bizilagunen kasuan, mota baliokideko indarreko ehiza-baimenak edo hori edukitzearen egiaztatzeak aurreko paragrafoan aipatutako ziurtagiriaren ondorio berak izango ditu.
LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira: 1990eko maiatzaren 2ko 124/1990 Dekretua, ehizan egiteko gaitasun-ziurtagiria lortzeko prozedura arautzen duena; 1991ko ekainaren 6ko Agindua, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, ehiza-gaitasuna neurtzeko frogak arautzen dituena; eta 117/1996 Dekretua, maiatzaren 21ekoa, Euskal Autonomi Elkarteko ehiza baimena arautzeko dena.
BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da maila bereko edo apalagoko beste edozein xedapen, baldin eta arau honekin bat ez badator.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ehizaren gaian eskumena duen sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honen I. eranskina aldatzeko, dekretu honetan araututakoarekin gaitasun azterketa homologarria ezartzen duten Autonomia Erkidegoak sartzeko, edo bere kasuan, azterketa egiteari uzten diotenak kentzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2014ko uztailaren 29an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
UZTAILAREN 29KO 160/2014 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
EHIZA-BAIMENAK EMATEKO ELKARREKIKOTASUNAREN PRINTZIPIOA APLIKATU BEHARREKO AUTONOMIA-ERKIDEGOEN ZERRENDA
● Asturias, Ehizaren 1989ko ekainaren 6ko 2/1989 Legearen 30. artikuluko «A» motako baimenen kasuan.
● Kanariak, Kanarietako Ehizaren 1998ko uztailaren 6ko 7/1998 Legearen erregelamendua onartzen duen 2003ko apirilaren 7ko 42/2003 Dekretuaren 7. artikuluko «A» motako baimenen kasuan.
● Galizia.
● Nafarroa.
● Errioxa.
UZTAILAREN 29KO 160/2014 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
EHIZATZEKO GAITASUNAREN AZTERKETAKO IKASGAIAK
1. gaia.– Ehiza-legeria eta ingurumen-araudia.
Nazioarteko hitzarmenak, Europar Batasuneko araudia, estatuko araudia, autonomia-esparruko legeria eta lurralde historikoena.
2. gaia.– Ehizaren erregulazioa.
Ehizaren definizioa eta ehizan jarduteko betebeharrak.
Ehiza-espezieak.
Lurren sailkapena, 2011ko Ehiza Legearen arabera: ehiza-lurrak, ehizarako ez diren lurrak eta ehiza-araubide bereziko lurrak.
Ehiza seinaleztatzea.
Kalteen erantzukizuna.
Ehiza motak.
Delituak eta arau-hausteak.
Ehizakien garraioa, salerosketa eta kontsumoa.
Trofeoen homologazioa.
3. gaia.– Ehiza-antolamendua.
Populazioen funtzionamendua, ehiza-aldiak, ehiza-plangintza.
4. gaia.– Ezagutzeko espezieak: ehiza-espezieak eta nahas daitezkeen beste batzuk.
5. gaia.– Identifikatzeko arazoak.
Ehiza basoan, ehizaleku finkoan, eremu hezeetan, eremu zabaletan, itsasertzean.
6. gaia.– Armak eta ehiza-txakurrak.
Armak eta munizioak: arma-kategoriak; erabiltzeko eta edukitzeko baimenak; su-arma motak eta munizio-motak.
Ehiza-txakurrak: txakur erakusleak, arrasto-txakurrak, jazarpen-txakurrak, txakur lasterkariak, jasotzaileak eta altxatzaileak. Txakurrak zaintzeko eta istripua izaten dutenerako gomendioak. Txakurrak identifikatzea eta kontrolatzea.
7. gaia.– Etika, segurtasuna eta jokaera ehizan.
UZTAILAREN 29KO 160/2014 DEKRETUAREN III. ERANSKINA
EHIZA-BAIMENAREN EZAUGARRIAK
EZAUGARRI OROKORRAK
– Materiala: PVC.
– Mota: CR-80 estandarra.
AURREALDEA:
(Ikus .PDF)
Aurrealdean jasotako informazioa:
● titularraren NAN zk.
● Titularraren izen-abizenak.
ATZEALDEA:
Testua:
Agiri honek Euskal Autonomia Erkidegoan ehizatzeko ahalmena ematen dio titularrari.
Baimen honen titularraren nortasuna NAN edo pasaportearen bidez frogatuko da.
Ehiza-baimen honek ez du baliorik izango, baldin eta eransten ez bazaizkio dagokion tasa ordaindu izanaren frogagiria eta ehiztariaren erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat sinatu dela eta kontratua indarrean dagoela egiaztatzen duen agiria.