Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2014ko abuztuaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3446

AGINDUA, 2014ko uztailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen Hirigune programa arautzen duena.

Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016ko Ekintza Planak, bere bigarren ardatzean, «Merkataritza-jarduera sustatzea», merkataritza-dinamizazioko ekintzak sostengatzea aurreikusten du udalerri eta auzoetako merkataritza-guneak mantentzeko eta berorietara eskaera erakartzeko helburuarekin. Era berean, ekimen publiko eta pribatuaren arteko lankidetzari garrantzia eman nahi dio, Udalen eta Elkarteen arteko dinamizazio-programak –«Hirigune» izena eman zaie– ezartzearen bitartez.

Euskadiko Merkataritza Egokitzeko 2015 Planetik eratortzen diren jarduera-ildo nagusiak merkataritza garatzeko agertoki lehiakorrago eta profesionalago bat sustatzera bideratuta daude. Merkatua aurrera doa globalizaziora bidean eta tokiko merkataritzak gero eta argiago definituta eduki behar ditu bai bere lehiakortasun-tresnak eta bai bezeroen leialtasuna lortzera orientatu eta finkatu beharreko estrategiak. Horregatik, Lurraldea ardatz estrategikoan kokatuta, ondorengo lan-programa garatu da: Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazioa eta Lehiakortasuna.

Horren ondorio gisa, kontsumitzaileen gustuak eta lehentasunak asetzea eta, hortaz, berorien leialtasuna hobetzea.

Helburu horrek hirugarren sektorerako estrategiak ekarri behar ditu; zonako lankidetza-ekintzak izango dira horiek, inguruneak eskaintzen dituen eremuko edo sektoreko aukerei balioa emateko; horren ondorioz, inguruneak marka-kokapen hobea izango du, eta haren kudeaketa profesionalizatua bermatuko da.

Ekimen publiko eta pribatuaren arteko lankidetzari beharrezkoa eta giltzarria irizten zaio programa honen helburuak lortzeko, bai-eta dauden baliabideen aprobetxamendu onena erdiesteko ere.

Aurkeztutako jarduera-proiektuak globalak eta bakarrak izango dira, udalerrikoak, eta aldeen artean ezarritako helburu guztiak hartuko dituzte barnean, ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-hitzarmena behin sinaturik dela, zeina diru-laguntzaren xede den proiektuaren plangintzarako, jarraipenerako eta ebaluaziorako bitarteko eta tresna izango baita.

Horren guztiaren kariaz, hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Eranskinean –«Oinarri arautzaileak»– xedatzen den bezala, Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzei buruzko deialdi hau onartzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailakren 23a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Lege honen xedea da:

a) Beren jarduera gauzatzen duten hiri-inguruneetako marka-kokapena eta merkataritza arloko lehiakortasuna hobetzera zuzendutako hiri-merkataritzako lankidetza eta dinamizazio estrategien garapena sustatzea.

b) Merkataritza-dentsitate apaleko eremuetan, zonako urteroko lankidetza-proiektuen ezarketa eta garapena sustatzea, beren izaera dela eta, biziberritu nahi diren eremuen merkataritza-hornidura hobetzeko proposamen estrategikoak barnean dituztela.

2.– Esandako programaren arabera, laguntza ekonomikoak emango dira urteko jarduera-proiektu global eta bakarren ezarketa eta garapena sostengatzeko; proiektu horiek udalerrikoak izango dira, izaera estrategikoa dutenak eta aldeen artean adostutako ekintza guztiak hartuko dituzte barnean. Adostasun hori lankidetza-hitzarmen publiko-pribatu baten sinadurarekin gauzatuko da, bakarra udalerri bakoitzeko, beharrezkoa laguntza lortu nahi bada, proiektuarekin batera, eta urtero berretsi beharko da. Esandako adostasunak berariaz jasoko du zer-nolako modua ezarri den diru-laguntzaren xede den proiektuaren plangintza, jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluaren helburuetarako izendatutako baliabide ekonomikoak honako hauek dira: 1.100.000 eurokoa, Udalen jardueretarako; eta 1.645.000 eurokoa Merkatari Elkarteen jardueretarako; baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan eragin horretarako ezarritako dagozkien aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

Agindu honetan araututako laguntzen osoko kopurua aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren beste laguntza-programa batzuk bete ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera, beti ere azken horen erabakiak hartu aurretik. Hala gertatuz gero, argitara emango da Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen Ebazpen bidez.

2.– Nahi den xederako aurrekontuan ez badago kreditu egoki eta nahikorik, laguntzak ukatu egingo dira administrazio-ebazpenaren bitartez. Era berean, diru-laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, gertaera horren berri emateko, arlo honetan eskumena duen Sailburuordetzak administrazio-ebazpen bat jaulkiko du eta bertan adieraziko du zer egunetan agortu den esandako kreditua. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den beste laguntza-eskaerarik.

3.– Diru-laguntzen eskaera-espedienteak era ordenatuan ebatziko dira Agindu honetan galdatutako dokumentazio guztia esandako espedienteetan osatuta geratzen den momentutik aurrera.

3. artikulua.– Laguntzen modalitatea.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bidez gauzatuko dira.

4. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste zeinahi laguntzarekin, betiere helburua berbera baldin bada.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoak ezingo du, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntzak batuta, aurkeztutako aurrekontuaren % 100 gainditu.

Gehiegizko finantzaketa gertatuko balitz, eman beharreko diru-laguntza murriztu egingo da diruz lagundutako proiektua egikaritzeko aurreko lerrokadan ezarritako osoko kostuaren mugaraino.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak eskatu ahal izango dituzte Udalek eta udalerriko Merkatari Elkarteek, baina, aurrez, lankidetza publiko-pribatuko «esparru-akordio» bat sinatu beharko dute biek, eta honako hauek xeheki adierazi beharko dira bertan:

– Helburuak.

– Ekintzak.

– Aurreikusitako egutegia.

– Proiektua gauzatzeko baliabide ekonomikoak eta berorien jatorria.

– Ekintza bakoitzaren estaldura eta arrakasta-maila neurtzeko erabiliko diren adierazleak.

– Existituko ez balitz, proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egingo duen organo baten eraketa.

– Udalerrian existitzen diren merkatari-elkarteen kopurua eta izenak.

a) Udalak:

1) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako 15.000 biztanletik gorako udalerriak. Zerrenda Agindu honetako II. eranskinean dago jasota.

2) 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak, hirigune historikoa baldin badute eta udalerriko merkataritza-establezimenduen kopurua dela eta, biziberritze komertzial baterako potentzialtasuna duten kasuan. Esandako udalak Agindu honetako III. eranskinean daude zerrendatuta.

3) Beren eskualde-ingurunean ekonomia eta merkataritza arloko erreferentziazko gunetzat jotzen diren udalerriak. Esandako udalak Agindu honetako IV. eranskinean daude zerrendatuta.

4) Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako udalerriak, betiere, hala adosten duten udalerrien artean, eskaera elkarrekin aurkezten badute eta jardueren helburua zonako lankidetzako estrategiak garatzea baldin bada eta Agindu honen 6. artikuluko 1.e paragrafoan jasotako jardueretarako soilik den kasuan.

b) Merkatari Elkarteak eta zonako Elkarte Mistoak, baldin eta 2014ko urtarrilaren 1ean ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuak araututako Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan izena emanda bazeuden eta datuak urtero eguneratuta baldin bazituzten.

2.– Merkatari elkarte bat baino gehiago dauden udalerrien kasuan, udalerriko hiri-merkataritzako plataformak edo, halakorik ez balitz, udalerriko merkatari elkarteen multzoak erabakiko du, era adostuan, batera igorriko den beste dokumentu batean, zein elkartek izango duen haien ordezkaritza, bakarra izango baita udalerriko, eta elkartea ordezkatuko duen pertsona izendatuko da eta behar bezainbat ahalmen emango zaio, laguntzaren onuradun gisa dagozkion obligazioak bete ditzan; esandako dokumentuan jasoko da, orobat, elkarte bakoitzak nolako parte-hartze maila izango duen proiektua gauzatzean eta kantitate bat zehaztuko da elkarte bakoitzari dagokion diru-laguntza zenbatekoa izango den erabakitzeko.

Udalerriko merkatari elkarte guztien adostasuna lortuko ez balitz, udalaren eta, elkartekide kopuruari dagokionez, enpresa-ordezkaritza maila handiena duen edo duten merkatari erakundeen artean iritsitako akordioak balioko du.

Horretarako, elkarrekin adostutako dokumentu bat aurkeztu beharko dute, aldeek sinatuko dutena eta bertan islatuko dira esandako akordioa lortzeko egin diren izapideak, akordiotik kanpo geratu diren erakundeak, zer arrazoigatik geratu diren kanpoan eta erakunde sinatzaileen ordezkaritza maila.

Era berean, urteko jardueren eragiketa-plana eta aurreikusitako finantzazio sistema aurkeztu beharko dituzte.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da erakunde onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

4.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten enpresen proiektuak ez dira diruz lagunduko. Horri dagokionez, esandako betebeharrak beteak direla behar bezain maiz egiaztatuko du, automatikoki, Merkataritzaren eskumena duen EAEko administrazioko sailak, erakundeek berariazko baimenik eman beharrik gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraikiz, zeina Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorra onetsi zuen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenetako Hirugarrenak gehitu baitzion legeari.

II. KAPITULUA
UDALEI ZUZENDUTAKO LAGUNTZAK

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Diruz lagun daitezkeen inbertsio-proiektuak jotzen dira ondorengo hauek:

1.– Ikerlanak.

a) Agindu honetan aurreikusitako udalerrietan Merkataritza Biziberritzeko Planak –halakorik ez badute– prestatzeko eta lantzeko ikerlanak, edo, egin zirenetik, 5 urtetik gorako antzinatasuna duten planak eguneratzeko egin beharrekoak.

Diruz lagundu ahal izateko, gutxienez, ondorengo eduki hauek jaso beharko dituzte:

1) Udalerriaren identifikazio-parametroen azterketa.

2) Zonako merkataritza azterketa.

3) Zonako espazio azterketa.

4) Udalerriko hornidura-sistemen azterketa, salerosgaien karga eta deskarga ordenantzei buruzko alderdiak barne direla.

5) Eskaeraren azterketa.

6) Diagnostikoa.

7) Helburuak eta ekintzak zehazten dituzten jarduera proposamenak eta haiek gauzatzea ahalbidetuko duten adierazleak.

b) Txikizkako udal azokak eraldatzea, berregituratzea eta modernizatzea xede duten ikerlanak.

Ikerlan horiek, diru-laguntzarik jaso ahal izateko, gutxienez, ondorengo eduki hauek jaso beharko dituzte:

1) Ikerketaren helburuak.

2) Udalerriaren deskribapen-azterketa.

3) Zonako merkataritza azterketa.

4) Xede-merkatuaren oraingo egoeraren azterketa, espazio, arkitektura eta merkataritza alderdiei dagokienez; irisgarritasuna, dekorazioa eta postuen kokapena ere aztertuko dira.

5) Oraingo kudeaketa-eredua eta baliabideak.

6) Eskaeraren azterketa.

7) Diagnostikoa.

8) Jarduera proposamenak:

– Globalak, azoka osorako, oro har.

– Azokako eskaintza komertzial globala (establezimendu aukera eta tipologia).

– Espezifikoak, salmenta-postu bakoitzarentzat.

– Erabiltzaileei zerbitzuak eskaintzea (etxera banatzea, ordutegiak, txartelak, aparkalekuak, informazio-puntuak,...).

– Produktu-gama berriak sartzea (bidezko merkataritza, produktu ekologikoak, tokikoak, eskuz landuak, jatorri-izendapen babestukoak, geografia-adierazpen babestukoak,...).

– Hondakinak gaika bildu eta tratatzeko sistemak.

– Barne araudia.

9) Proiektuaren bideragarritasuna epe labur, ertain eta luzera.

10) Gauzatzeko egutegi optimoa.

11) Kostuak kalkulatzea.

12) Ondorioak.

c) Hiri-marka ikerketak.

d) Merkataritza eremuak definitzeko ikerketak.

e) Zonako estrategiak garatzeko lankidetza ikerketak.

Diru-laguntzak lortu ahal izateko, inplikatutako udalerrien aldez aurreko berariazko adostasuna izan beharko dute ikerlanek, eta, gutxienez, ondorengo eduki hauek jaso beharko dituzte:

1) Ikerlanaren helburuak.

2) Biziberritu nahi den zonako eskaintza-eskarien azterketa.

3) Zonako espazio eta hirigintza azterketa.

4) Egoeraren diagnostikoa, azterketaren xede den zonako AMIA (Ahuleziak, Mehatxuak, Indarrak eta Aukerak) aintzat hartzen duela.

5) Proiektuko udalerrien jarduera proposamenak –baterakoak eta udalerri bakoitzarenak–, ekintzak eta haiek kontrolatzeko adierazleak zehazturik, behin sektorearekin adostu direnean.

6) Proposamen bakoitzaren gauzatze-egutegia.

7) Proiektuan inplikatutako udal bakoitzaren kostu partikularren eta osokoen estimazioa.

8) Proposatutako inbertsioak finantzatzeko aurreikusitako sistema.

9) Ondorioak.

Batera igorriko den dokumentuan jaso beharko da zein udalek izango duen dagozkion eskumenak egikaritzeko ordezkaritza, adostua eta bakarra izango baita; era berean, akordioa sinatu duen udal bakoitzari dagokion parte-hartze maila ere islatu beharko da, bai-eta bakoitzari dagokion zenbatekoa zehaztu ere, diru-laguntzaren kantitatea erabakitzeko.

2.– Hirigintza-jarduerak merkataritza eremuetan.

Udalerriko MSPB ikerlanean eta 5. artikuluan aipatutako esparru-akordioan jasotako hirigintza-azpiegiturak egokitzeko proiektuetako inbertsioak eta jarduerak dira, Agindu honetako 5. artikuluko 1.a.1), 2) eta 3) paragrafoetan aipatzen diren Udalek egingo dituztenak, xede gisa baldin badute bai udalerriko merkataritza-aktibitateak aurrera egitea eta bai merkataritza kokatuta dagoen ingurunea hobetzea.

Agindu honen eraginetarako, laguntzak jaso ahal izango dituzte udalerriko hirigintza-azpiegiturak merkataritzaren mesedetan egokitzeko beharrezkoak diren ondorengo jarduera hauek:

a) Hiri ingurunean kokatutako kale-merkataritza eta noizbehinkakoa garatzeko eremu espezifikoak egokitzea.

Agindu honen eraginetarako, kale-merkataritza eta noizbehinkakoaren garapen eta hobekuntza gisa hartuko dira esandako merkataritza-aktibitatea eguneratzen eta duintzen duten jarduera haiek, bai-eta hiri-ekonomiak animatzeko duten balioa aitortzen dietenak ere, esate baterako:

1) Salmenta tipologia honetako jarduerak garatzeko erabiltzen diren eremuak edo azalerak egokitzea.

2) Merkataritza-aktibitate honi zerbitzua emateko ekipamendu eta azpiegitura ez-iraunkorrak: karpak, desarma daitezkeen egiturak edo kidekoak.

3) Sostengu-zerbitzuen zuzkidura, hala nola: argindarra, ura, ekipamendu elektronikoa, eta abar.

b) Merkataritza seinaleztapena.

Hemen sartuko dira merkataritza-direktorioen garapena; merkataritza-guneen seinaleak jartzea; eta merkataritza-guneetarako sarbideen adierazpenak.

c) Zutikako paramentuak edo kidekoak, ez-iraunkorrak, merkataritza ardatzen hiri-paisaia eta estetika hobetzea xede dutenak eta aktibitate gabeko lokalei lotuak daudenak.

3.– Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak urtearen hasieratik 2014ko abenduaren 31ra arte gauzatu ahal izango dira.

4.– Ez dira diruz laguntzeko modukoak jotzen BEZa, tasak, profesionalen ordainsariak, etekin industriala, gastu orokorrak ez esandako kostuan zorrotz sartzen ez den beste ezein kontzeptu. Izaera orokorrez, ez dira diruz laguntzeko modukoak izango gero udalerrira itzultzea eskatuko duten jarduera eta/edo inbertsio haiek.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzen zenbatekoa inbertsioen egikaritze materialaren kostuaren % 80 izango da.

6.1 «Ikerlanak» artikuluan jasotako jardueren kasuan, ondorengo gehieneko zenbatekoak ezartzen dira diru-laguntzentzat, ikerlan motaren arabera:

– 6.1.a) artikuluko ikerlanak (MSPB eta eguneratzeak): 25.000 euro.

– 6.1.b) artikuluko ikerlanak (Udal azokak): 12.000 euro.

– 6.1.c) artikuluko ikerlanak (Hiri-marka): 6.000 euro.

– 6.1.d) artikuluko ikerlanak (Merkataritza eremuak definitzea): 6.000 euro.

– 6.1.e) artikuluko ikerlanak (Zonako estrategietarako lankidetza): 12.000 euro.

2.– Nolanahi ere, deialdi eta udalerri bakoitzeko gehieneko diru-laguntzaren muga herri-tramoaren arabera dagokion diru-laguntza udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizienteaz biderkatu eta lortzen den emaitza izango da:

(Ikus .PDF)

Agindu honi dagokionez, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Eustatek 2014ko urtarrilaren batean argitaratutako azkeneko biztanle- eta merkataritza-errolda hartuko dira erreferentzia gisa.

b) Udalerri baten merkataritza-dentsitatea: Txikizkako establezimendu kopurua x 1.000/biztanle kopurua.

c) Merkataritza-dentsitatearen koefizientea: Udalerriaren merkataritza-dentsitatea/EAEko merkataritza-dentsitatea.

3.– V. eranskinean daude jasota udalerri bakoitzaren biztanleriaren eta merkataritza-establezimenduen datuak eta merkataritza-dentsitatea, bai-eta EAEko merkataritza-dentsitatea ere.

4.– Diruz lagundu beharreko eskabideen zenbateko maximoa ez balitzateke iritsiko Agindu honetan aurreikusitako baliabide ekonomikoen osoko zenbatekora, 6. artikuluaren 2. paragrafoan jasotako jardueretarako, soberakinak hainbanatuko dira hasieran emandako diru-laguntzaren % 20ko hazkunde maximora iritsi arte. Kasu horretan, ebazpen gehigarri indibidual bat jaulkiko da eta bertan jaso beharko da esandako inguruabar hori eta diru-laguntzaren osoko zenbatekoa. Halaber, emandako zenbatekoaren % 70 ordainduko da, 17. artikuluan aurreikusiarekin bat etorriz.

8. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, eskaera, jakinarazpen eta gainerako izapide guztiak elektronikoki gauzatuko dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50 zk.) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.

Eskabidera sartzea eta berori betetzea Internet bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: http: //www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/dec.html, esandako webguneko funtzionalitateen bitartez, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik hasita. Eskabide-eredua esandako egoitza elektroniko horretan egongo da eskura.

Espedientera sartzea eta gainerako izapideak beste helbide honetan ere egin ahal izango dira: http://www.euskadi.net/misgestiones.

Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailearen izenean jarduteko gaitasun legala duen pertsonaren sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak xedatu bezala Administrazioak eska litzakeen guztiak ere aurkeztu beharko dira.

Bestela, eskatzaileak ez badu sinadura digitala erabili nahi, eskabidea bete eta http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/dec.html webgunean informatikoki grabatu ondoren, inprimatu, erakundearen legezko ordezkariak sinatu eta Merkataritzako Zuzendaritzara igorriko da, eta proiektua kokatzen den Lurralde Historikoko Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko da, edo Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Zuzenean), edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko, azaroaren 26ko, 38.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan ere aurkeztu ahal izango da eskabidea.

Kasu horretan, eskatzaileak hala lehenetsita edo baimenduta bakarrik egingo dira jakinarazpenak telematikoki.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak konpromisoa hartzen du Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritako babes-mailarekin tratatuko dituela datu guztiak.

Eskaerak aurkezteko epea 2014ko irailaren 30ean amaituko da.

Eskabide bakarra izango da aurreikusitako jarduera-multzoarentzat.

2.– Hizkuntzaren arloko herritarren eskubideak eta botere publikoen eginbeharrak kontuan harturik, erakunde eskatzaileak bi hizkuntza ofizialetako edozein aukeratu ahalko du Administrazioarekin harremanetan jartzeko (Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5 eta 6 artikuluak).

3.– Erakunde eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

a) Laguntza eskatzeko erabakiaren ziurtagiria, organo eskudunak egina, aurkeztutako jarduera bakoitzaren kostua eta eskatutako laguntzaren zenbatekoa zehaztuta.

b) Diru-laguntzaren bidez finantzatu nahi diren jardueren inguruko azalpen-txostena, merkataritza-ikuspegitik egina, Merkataritza Suspertzeko Plan Bereziaren (MSPB) ikerlanean duten kokapena adieraziz, edo horren ordezkoan edo osagarrian dutena, halakorik baldin badago.

Txosten horretan, gutxienez, ondorengo informazioa jaso beharko da:

1) Garatu beharreko jarduera bakoitzaren gauzatze-proiektua, zera adieraziz:

a) Lortu nahi diren helburuak.

b) Gauzatu beharreko ekintzak.

c) Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.

2) Aurrekontu zehatzak, baita partidaz partida ere, kasuan kasu.

3) Gauzatze-egutegia.

4) Dokumentazio grafikoa, jardueren kokaleku izango diren eremuen aurretiko egoeraren argazkiak barne.

c) 5. artikuluan aipatutako esparru-akordioaren kopia, baita ondoren egindako edozein aldaketaren kopia ere.

d) Erakundeak diru-laguntzen bidez finantzatu nahi diren jarduera horiek eta/edo inbertsioak egiteko bestelako diru-laguntzarik jasotzen ez duela egiaztatzen duen ziurtagiria, organo eskudunak egina.

e) Erakunde eskatzailearen zin-egite edo erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo legezko debekurik ez duela jasotzen duena (ildo horretan, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean, otsailaren 18koan, sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).

f) Eskatzailearen «Hirugarren Interesdunaren Alta» izeneko dokumentua, Ogasun eta Finantza Sailak xedatutako ereduan (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net), bakarrik lehenago ez bada aurkeztu edota harrezkero aldaketaren bat izan bada.

III. KAPITULUA
MERKATARI ELKARTEEI ETA ELKARTE MISTOEI ZUZENDUTAKO LAGUNTZAK

9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz laguntzeko modukoak jotzen dira udalerriaren merkataritza garapeneko planteamenduekin bat datozen proiektuak, esparru-akordioan markatutako helburuak lortzera bideratuta daudenak, MSPB ikerlanean edo hura ordezten edo osatzen duen planean jasota daudenak, eta ondorengo eginbide hauek gauzatzen dituztenak:

a) Udalerriko merkataritza dinamizatzera eta sustatzera zuzendutako ekintzak antolatzea eta gauzatzea, berorien helburua merkataritza-fluxuak erakartzea xede duten zonako estrategiak bultzatzea baldin bada.

b) Ingurura merkataritza-fluxuak erakartzea erraztuko duten merkataritzaren zerbitzu osagarriak antolatzea eta sustatzea.

c) Sektorearentzat interes erkidea duten lankidetza-zerbitzuak garatzea eta kontratatzea (eskalako ekonomiak sortzen dituzten proiektuak, negoziazio onuragarriak, etab.).

2.– Diru-laguntza jaso dezaketen aktibitateak urtearen hasieratik 2014ko abenduaren 31ra arte gauzatu ahal izango dira.

3.– Estatutuetako helburua banaketaren aktibitateari lotuta duten Merkatari Elkarteek eta Elkarte Mistoek, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan baldin badute eta Agindu honetako II, III eta IV. eranskinetan jaso gabeko udalerrietan kokatuak baldin badaude, gutxienez 10 merkataritza-establezimendu dituztela, laguntza eskabidea aurkeztu ahal izango dute, bakarra udalerriko, artikulu honetan jasotako aktibitateak garatzeko, eta aurreikusitako gainerako baldintza guztiak bete beharko dituzte, Agindu honetako 5. artikuluan eta MSPB ikerlanean jasotako udalaren eta elkarteen arteko esparru-akordioa izan ezik.

BEZa ez da jotzen diruz laguntzeko modukoa.

10. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Emandako laguntzen zenbatekoa proiektuaren egiazko kostuaren % 80ra irits daiteke.

2.– Nolanahi ere, deialdi bakoitzeko eta udalerriko merkatari elkarte multzorako gehieneko diru-laguntzaren muga merkataritza-tramoaren arabera dagokion diru-laguntza udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizienteaz biderkatu eta lortzen den emaitza izango da:

(Ikus .PDF)

Diruz lagundu beharreko eskabideen zenbateko maximoa ez balitzateke iritsiko Agindu honetan aurreikusitako baliabide ekonomikoen osoko zenbatekora, soberakinak hainbanatuko dira hasieran emandako diru-laguntzaren % 20ko hazkunde maximora iritsi arte. Kasu horretan, ebazpen gehigarri indibidual bat jaulkiko da eta bertan jaso beharko da esandako inguruabar hori eta diru-laguntzaren osoko zenbatekoa. Halaber, emandako zenbatekoaren % 70 ordainduko da, 17. artikuluan aurreikusiarekin bat etorriz.

Agindu honi dagokionez, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Eustatek 2014ko urtarrilaren batean argitaratutako azkeneko biztanle- eta merkataritza-errolda hartuko dira erreferentzia gisa.

b) Udalerri baten merkataritza-dentsitatea: Txikizkako establezimendu kopurua x 1.000/biztanle kopurua.

c) Merkataritza-dentsitatearen koefizientea: Udalerriaren merkataritza-dentsitatea/EAEko merkataritza-dentsitatea.

3.– V. eranskinean daude jasota udalerri bakoitzaren biztanleriaren eta merkataritza-establezimenduen datuak eta merkataritza-dentsitatea, bai-eta EAEko merkataritza-dentsitatea ere.

11. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, eskaera, jakinarazpen eta gainerako izapide guztiak elektronikoki gauzatuko dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50 zk.) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.

Eskabidera sartzea eta berori betetzea Internet bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: //www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/dec.html, esandako webguneko funtzionalitateen bitartez, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik hasita. Eskabide-eredua esandako egoitza elektroniko horretan egongo da eskura.

Espedientera sartzea eta gainerako izapideak beste helbide honetan ere egin ahal izango dira: http://www.euskadi.net/misgestiones.

Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailearen izenean jarduteko gaitasun legala duen pertsonaren sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak xedatu bezala Administrazioak eska litzakeen guztiak ere aurkeztu beharko dira.

Bestela, eskatzaileak ez badu sinadura digitala erabili nahi, eskabidea bete eta http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/dec.html webgunean informatikoki grabatu ondoren, inprimatu, erakundearen legezko ordezkariak sinatu eta Merkataritzako Zuzendaritzara igorriko da, eta proiektua kokatzen den Lurralde Historikoko Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko da, edo Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Zuzenean), edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko, azaroaren 26ko, 38.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan ere aurkeztu ahal izango da eskabidea.

Kasu horretan, eskatzaileak hala lehenetsita edo baimenduta bakarrik egingo dira jakinarazpenak telematikoki.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak konpromisoa hartzen du Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritako babes-mailarekin tratatuko dituela datu guztiak.

Eskaerak aurkezteko epea 2014ko irailaren 15ean amaituko da.

Eskabide bakarra izango da udalerriko eta aurreikusitako jarduera-multzoarentzat.

Izaera orokorrez, eskabide orriekin batera aurkeztu beharreko agiriak honako hauek izango dira:

a) Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duen dokumentazioa. Kasuan kasu, eratze-eskrituraren, estatutuen eta erregistroko izen-ematearen kopia aurkeztu beharko ditu.

Hainbat elkarte ordezkatzen dituzten enpresa-erakundeen kasuan, aipatutako ordezkaritza jasotzen duen hitzarmenaren kopia.

Esandako akordioan ez badute udalerriko elkarte guztiek parte hartzen, azalpen-agiri batean jasoko dira akordioa lortzeko egindako izapideak, zer erakunde geratu diren akordiotik kanpo eta zergatik.

b) Erakunde eskatzailea legez ordezkatzen duen pertsonaren NANaren fotokopia eta berorren ahalorde-agiria, edo, bestela, laguntza-programa hau kudeatzen duen organoaren aldeko berariazko baimena hura lortzeko.

c) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia, edo, bestela, laguntza-programa hau kudeatzen duen organoaren aldeko berariazko baimena hura lortzeko.

d) Diru-laguntzaren bidez finantzatu nahi den jarduera bakoitzaren azalpen-txostena, merkataritza-ikuspegitik egina, Merkataritza Suspertzeko Plan Bereziaren –MSPB– ikerlanean duen kokapena adieraziz, edo horren ordezkoan edo osagarrian duena, halakorik baldin badago.

Txosten horretan, gutxienez, ondorengo informazioa jaso beharko da:

1) Garatu beharreko jarduera bakoitzaren gauzatze-proiektua, zera adieraziz:

a) Lortu nahi diren helburuak.

b) Gauzatu beharreko ekintzak.

c) Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.

2) Sarreren eta gastuen aurrekontu xehetuak.

3) Gauzatze-egutegia.

e) Dagokion Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialeko ziurtagiri eguneratua, Merkatari Elkarteen Erroldan agertzen diren erakunde eskatzailearen datuen ingurukoa.

f) Elkarteko idazkariaren ziurtagiria. Bazkideen zerrenda jaso behar du, eskaera-epea hasi aurreko hilabetean eguneratua, baita azken ekitaldian bildutako kuotak ere. Enpresen zerrenda sexuaren arabera bananduta islatu beharko da; alegia, merkataritza-enpresetako titular diren emakumezkoak adieraziko dira, alde batetik, eta titular gizonezkoak, bestetik.

g) Kasuan kasu, 5. artikuluan aipatutako esparru-akordioaren kopia, baita ondoren egindako edozein aldaketaren kopia ere.

h) Erakunde eskatzailearen zin-egite edo erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik –ez zigor arlokorik ez administrazio bidekorik– edo legezko debekurik ez duela jasotzen duena (ildo horretan, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean, otsailaren 18koan, sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak).

i) Merkatari elkarte bat baino gehiago dauden udalerrien kasuan, horien ordezkari funtzioa betetzen duen erakundeak, gainera, elkarte bakoitzak proiektuaren gauzatzeari dagokionez duen partaidetza maila eta konpromisoa eta dagokion zenbatekoa zehazten dituen dokumentu bat aurkeztu beharko du, diru-laguntza zenbatekoa izango den erabakitzeko. Horrez gain, laguntzaren onuradun gisa dagozkion eginbeharrak betetzeko ahalmena izango duen elkarteko ordezkari baten izendapena ere jaso beharko du.

2.– Hizkuntzaren arloko herritarren eskubideak eta botere publikoen eginbeharrak kontuan harturik, erakunde eskatzaileak bi hizkuntza ofizialetako edozein aukeratu ahalko du Administrazioarekin harremanetan jartzeko (Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5 eta 6 artikuluak).

IV. KAPITULUA
PROZEDURA

12. artikulua.– Prozedura hastea.

Eskabidea aurkeztearekin hasten da prozedura.

13. artikulua.– Zuzenketak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Lurralde Ordezkaritza ohartzen bada aurkeztutako eskabideak errore edo akatsen bat duela, edo zehatza ez dela, eskatzaileari hala jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio zuzentzeko. Gainera, adieraziko dio hala egiten ez badu, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Esandako epe horretan akatsa konpontzen ez bada, Lurralde Ordezkariak ebazpena jaulkiko du adieraziz eskatzaileak atzera egin duela, Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 42. eta 71.1 artikuluetan dioenaren arabera.

14. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Lurralde Ordezkaritzari –inbertsioa egingo den edo aktibitatea gauzatuko den lurraldekoari, hain zuzen– dagokio aurkezten diren eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Eskabide horiek egoki ulertu eta ebaluatzeko, beharrezko irizten zaien argibide eta agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango dizkiote eskatzaileari.

2.– Eskabide bakoitza aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamen bat aurkeztuko da eta berariaz adieraziko da eskatutako diru-laguntza emango den ala ez, eta zenbatekoa izango den.

15. artikulua.– Laguntza ematearen ebazpena.

1.– Merkataritzako zuzendariak, aurreko artikuluan aipatutako proposamenak aurrean dituela, sei hilabeteko epean –laguntza eskabidea aurkeztu zen hurrengo egunetik zenbatuta–, ordenan ebatziko ditu eskabideak, espedientea osaturik geratzen den momentuaren arabera, Agindu honetako 2. artikuluko 3. paragrafoan xedatuarekin bat etorriz.

2.– Erakunde eskatzaileei diru-laguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gainera, onuradunen zerrenda eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan xedatuari jarraiki.

3.– Laguntza ematearen ebazpenak erakunde onuradunaren nortasuna, diruz lagundutako proiektu bakoitzari emandako laguntzaren zenbatekoa, berorren kostu estimatua eta egikaritzeko epea jaso beharko ditu. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Merkataritza eta Turismoko sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epean eta moduan.

4.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen –Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa– 43. artikuluan xedatuarekin bat etorririk, ebazpena emateko epea amaitu, eta interesdunari ez bazaio horren berri eman, laguntza-eskabidea onartu egin dela ulertuko da.

16. artikulua.– Inbertsioen justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunak, behin diruz lagundutako proiektua gauzatu denean, kasuen arabera, gauzatutako proiektu horiei dagokien behar bezainbat justifikazio-agiri (fakturak, ordainketen egiaztagiriak, likidazioen ziurtagiriak partidaka, dokumentazio grafikoa, jardueraren amaierako udal ziurtagiriak, aktibitatearen gastuak eta sarrerak, jarraipen-batzordearen balorazio-agiria, eta, halakorik ez balego, Elkartearen txostena, adierazleen emaitzak, azken egoeraren argazkiak eskabidean aurkeztutakoekin batera alderatzeko...) aurkeztu beharko ditu dagokion Lurralde Ordezkaritzan.

2.– Aurkeztutako proiektua edo proiektuak justifikatzean % 25ekoa baino txikiagoko beherako desbideratzea izan bada aurkeztu zen aurrekontuarekiko –diru-laguntza emateko kontuan hartu zenarekiko, alegia–, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da; horrela, diru-laguntza kalkulatzeko egin zen aurrekontuko zenbatekoari aplikatu zitzaion portzentaje bera aplikatuko zaio benetan gastatu den zenbatekoari.

Beherako desbideratzea % 25ekoa edo handiagoa bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu egin daiteke, emandako diru-laguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla justifikatzen denean izan ezik. Bigarren kasu honetan, aurreko lerrokadan aurreikusitako moduan murriztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa.

Bi kasuetan, entzute-izapidea irekiko da alegazioak aurkeztu ahal izateko eta Agindu honetako 21. artikuluan aurreikusitako espedientea izapidetuko da.

3.– Proiektua gauzatzeko azken data 2014ko abenduaren 31 izango da.

Justifikazio-agiriak hilabeteko epean aurkeztuko dira, onartutako proiektuak gauzatzen direnetik zenbatuta.

4.– Lurralde Ordezkaritzek gastu justifikatuen azterketaren eta aurkeztutako euskarri materialaren bitartez egiaztatuko dute laguntzaren xede izan diren jarduerak gauzatu direla, eta betetzen dituela, azken batean, Agindu honetan ezarritako betekizunak. Halaber, Lurralde Ordezkaritzek kasu guztietan ikuskatuko dute lagundutako inbertsio proiektua, jarduera egikaritu dela eta diruz lagundutako proiektura egokitzen dela egiaztatzeko, eta dagokion agirian edo txostenean jasoko dute lortutako emaitzaren berri.

5.– Aipatutako alderdi guztiak behin egiaztatu dituztenean, Lurralde Ordezkaritzek txosten bat jaulkiko dute eta Merkataritzako zuzendariari igorriko diote; bertan, egindako gastuaren arabera, dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatuko da.

17. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

Laguntzak ondorengo formularen arabera ordainduko dira:

– Esleitutako zenbatekoaren % 70 aldeko ebazpenaren ostean ordainduko da, 18.a) artikuluan aurreikusitako epea igaro ondoren, eta onuradunak uko egin ez badio.

– Geratzen den zenbatekoa diruz lagundutako jarduera eta/edo inbertsio guztiak amaitu ondoren ordainduko da, baina, aldez aurretik, Agindu honetako 16. artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkeztu beharko du erakunde onuradunak.

18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Justu ematen zaien xede horretarako erabili beharko dute diru-laguntza.

c) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jardueren garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari bete beharreko funtzioei buruzko informazioa ematea, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei dagokienez.

e) Udalak: berariaz adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren babesa izan dutela diruz lagundutako jarduera guztietan, Merkataritza Zuzendaritzak bere ikus identitatearen Eskuliburuaren bitartez zehaztutako moduan. Era berean, Merkataritza Zuzendaritzari jakinaraziko diote jarduera bakoitzaren amaiera data.

f) Merkatari elkarteak:

– Idatziz jakinarazi beharko diote dagokion Lurralde Ordezkaritzari, 7 egun balioduneko gutxieneko aurrerapenarekin, diruz lagundutako aktibitateak non, noiz eta zer ordutan izango diren.

– Berariaz adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren babesa izan dutela euskarri, kartel, seinale eta diruz lagundutako jarduera guztietan, berorien dibulgazioa, zabalkundea edo, kasua hala denean, publizitatea egiten duten guztian, Merkataritza Zuzendaritzak bere ikus identitatearen Eskuliburuaren bitartez zehaztutako moduan. Era berean, esandako horietako bakoitzaren ale bat gutxienez entregatuko dute.

– Idatziz jakinarazi beharko diote dagokion Lurralde Ordezkaritzari, diruz lagundutako aktibitateen edozein aldaketa, egitea aurreikusita zegoen data baino lehenago.

– Ez dute ezein euskarritan, publizitatekoa edo informaziokoa izan, hizkera edo irudi sexistarik erabiliko (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Legearen 3. artikulua). Halaber, zuzenean sortzen dituzten agirietan, hizkera inklusiboa izango da.

g) Bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira diruz lagundutako jardueren argitalpen, iragarki eta publizitate guztietan, eta pertsona erabiltzaileei eta kontsumitzaileei erakunde onuradunekin dituzten harremanetan gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Onartu daitekeen bakarra dagokion eskabidean aurkeztutako eta garatu beharreko jardueretan aldaketaren batzuk egitea da. Baina ez da inoiz ere ametituko jarduera batzuen ordez beste batzuk sartzea, ez-eta eskabidean aurkeztu ez ziren jarduerak gehitzea ere.

Eragin horietarako, Merkataritza Zuzendaritzak birdoitu egingo ditu emandako diru-laguntzen zenbatekoak, dagokion likidazio-ebazpenean.

20. artikulua.– Ikuskatzea.

Diruz lagundutako proiektuak aurrera nola doazen eta nola ari diren garatzen ikusteko egoki deritzen ikuskatze eta egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak. Hartara, eskatzen dizkien argibide osagarri guztiak eman beharko dizkiote enpresa onuradunek.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak betetzen ez baditu laguntza emateko ebazpenean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak, Merkataritzako zuzendariak, behar den ebazpena emanez eta ez-betetze horri buruzko espedientea egin ondoren, onartutako diru-kopuruak eskuratzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, bai eta legezko interesak ere, hala baitiote Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira lege-xedapenei dagokienez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira 2010eko uztailaren 28ko Agindua, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena; Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa arautzen zuena, eta hura aldatzen zuten Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko eta 2012ko ekainaren 6ko Aginduak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Oinarriek prozedurari dagokionez aurreikusten ez dituzten kasuetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legea –Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa– ezarriko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala