Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2014ko abuztuaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3440

157/2014 DEKRETUA, uztailaren 29koa, Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordea arautzen duena.

Otsailaren 10eko 31/2009 Dekretuaren bidez, Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea sortu eta arautu zen. Horrenbestez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko abenduaren 26an onartutako Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Hezkuntzako Euskal Planaren (2008-2011) kudeaketan eta garapenean aholku emateko eta parte hartzeko organo bat eratzea onetsi zen.

2010eko ekainaren 8an, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Hezkuntzako Euskal Plana Birformulatzea (2008-2011). Planari beste izen bat jarri zitzaion: Bizikidetasun Demokratikoa Sustatzeko eta Indarkeria Deslegitimatzeko Plana (2010-2011). Plan horretan, Aholku Batzordea mantentzea proposatu zen, hura kudeatu eta koordinatze aldera, baina batzordearen izena ere aldatu zen, eta aurrerantzean Bizikidetasun Demokratikoa Sustatzeko eta Indarkeria Deslegitimatzeko Aholku Batzordea izango zen. Era berean, batzordearen osaera eta metodologia birformulazioaren planteamendu berrietara egokitu ziren. Hala, urtarrilaren 11ko 1/2011 Dekretuaren bidez otsailaren 10eko 31/2009 aldatu zen, adierazitako moduan.

2013ko azaroaren 26an, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen 2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Plana – Gizartea elkartzea helburu. Planaren bultzada, kudeaketa eta koordinazioa Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari dagokio, eta besteak beste helburu hauek ditu:

– Bake eta Bizikidetza Plan honen ahalik eta kudeaketarik hoberena gauzatzeko bide ematea eta ezarritako helburuak lortzen laguntzea.

– Erakundeek eta gizarte zibilak elkarrizketak izateko, entzuteko, kontsultatzeko eta elkarlanean jarduteko dinamikak antolatzea bizikidetza hobetzeko.

– Ahaleginak egitea plan honen kudeaketa ahalik eta gizarte-, politika- eta erakunde-arloko adostasun handienetan oinarritzeko.

– Ebaluazio-metodologia zorrotza eta erabilgarria bermatzea plan hau hobetzeko, eta, hala badagokio, zuzentzeko bere aplikazioari buruzko azterketa oinarri hartuta.

Planaren jarraipenari dagokionez, dokumentuan hiru lan-lerro ezartzen dira:

– Erakunde arteko Batzordearen ardura izango da Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa dinamizatzea eta koordinatzea.

– Koordinazio Batzorde bat eratuko da Eusko Legebiltzarrarekin, parlamentuko taldeekin adostasuna lortzeko.

– Aholku Batzordearen xedea izango da erakundeen eta gizarte zibilaren arteko harremanak sustatzea, Bake eta Bizikidetza Planaren helburu nagusia dena, alegia gizartea elkartzea, bultzatzeko.

Aholku Batzordeari dagokionez, planak berak jasotzen du Bizikidetasun Demokratikoa Sustatzeko eta Indarkeria Deslegitimatzeko egungo Aholku Batzordeak egokitu beharko duela Bake eta Bizikidetza Plan berriak gizartea elkartzeko duen helburu horretara. Beraz, batzordeak bere jardunbideari eutsiko dio eta funtzionamendua eta osaera berregituratuko ditu, dekretu berri bat onartuta.

Horregatik guztiagatik, lehendakariak hala proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko uztailaren 29an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordea arautzea.

2. artikulua.– Atxikipena.

Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordea (aurrerantzean Aholku Batzordea) Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari atxikita egongo da, azken horren egitura organikoan sartu gabe.

3. artikulua.– Helburuak eta eginkizunak.

1.– Aholku Batzordeak helburu hauek ditu:

a) Bake eta Bizikidetza Planaren printzipio gidari nagusietako bat edukiz hornitzea: gizartearen parte-hartzea.

b) Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak sustatzen edo arlo horietako edozeinen inguruko heziketan diharduten gizarte-erakundeentzat parte hartzeko bide bat eskaintzea.

c) Esparru horretan erakunde arteko koordinazio-bide bat ezartzea.

d) Planean berariaz jasotakoen osagarri izango diren ekintzak bultzatu eta proposatzea, edozein arlotan.

e) Planaren eta haren baitako politiken ebaluazioa, jarraipena eta aholkularitza-lana egiteko tresna eta organo osagarria izatea.

2.– Aholku Batzordearen eginkizunak honakoak dira:

a) Planaren ildo estrategikoen eta haren baitako ekimenen bilakabide arruntari buruz iritzia ematea.

b) Planaren eta haren baitako ekimenen edozein aldaketari buruz iritzia ematea.

c) Planaren eta haren baitako ekimenen bilakabidean eragina izan lezakeen araudia aldatzeko edozein proposameni buruz iritzia ematea.

d) Planarekin eta haren baitako proiektu eta ekimenekin osagarriak izan daitezkeen proposamenak bideratzea eta horiek egokiak diren baloratzea.

e) Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari aholku ematea planaren eta haren baitako proiektu eta ekimenen bilakabideari buruz, eta idazkaritzak egin diezazkiokeen kontsultei erantzutea.

3.– Aholku Batzordearen eginkizunak garatu beharko dira aintzat hartuz, aktiboki, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzearen helburua eta emakumeek eta gizonek planaren inguruan dituzten egoerak, baldintzak, asmoak eta beharrizanak.

4. artikulua.– Osaera.

1.– Aholku Batzordea honako organoek osatzen dute:

a) Osoko Bilkura.

b) Batzorde Iraunkorra.

c) Lan-batzordeak.

2.– Aholku Batzorde hau osatzeko pertsonak izendatzeko orduan, ahaleginak egingo dira emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin; orekatutzat joko da sexu bakoitzaren ordezkaritza gutxienez % 40koa denean.

5. artikulua.– Osoko Bilkura.

1.– Osoko Bilkurako lehendakaria bakea, bizikidetza eta giza eskubideak sustatzearen arloan eskarmentua duen itzal handiko pertsona independente bat izango da, eta Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak izendatuko du.

2.– Aholku Batzordearen Osoko Bilkurako kideak honakoak izango dira:

a) Lehendakaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren ordezkari bat, zuzendari maila duena; pertsona hori Aholku Batzordeko lehendakariordea izango da.

b) Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko ordezkari bat, zuzendari maila duena.

c) Gazteriaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaria.

d) Hezkuntza Berriztatzearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaria.

e) Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

f) Foru-aldundien hiru ordezkari, lurralde histokiko bakoitzetik bana. Ordezkarion izendapena korporazio bakoitzaren funtzionamendu-arauen arabera egingo da.

g) Euskadiko udalerrien hiru ordezkari, ordezkaritza handiena duen Euskadiko Udalen Elkarteak izendatuko dituena.

h) Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko lehendakaria; pertsona hori Aholku Batzordeko bigarren lehendakariordea izango da.

i) Xede nagusi eta funtsezkoa Euskal Autonomia Erkidegoan bakea, bizikidetza eta giza eskubideak sustatzea duten elkarte eta erakundeen lau ordezkari; pertsona horiek aipatu elkarte eta erakundeek hautatuko dituzte, horiek aurkezten dituzten hautagaien artetik. Horretarako, Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroaren ardura izango da hautaketa-prozesu bat antolatzea, non foroan dauden zein ez dauden erakundeek parte hartu ahal izango duten.

j) Euskadiko Eskola Kontseiluaren bi ordezkari, kontseiluak berak izendatuak haren funtzionamendu-arauen arabera.

k) Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) ordezkari bat, unibertsitateak berak izendatua haren funtzionamendu-arauen arabera.

l) Arartekoaren ordezkari bat, erakunde horrek berak izendatua.

m) Euskal Irrati Telebistaren (EITB) ordezkari bat, erakunde horrek berak izendatua haren funtzionamendu-arauen arabera.

3.– Idazkaritza-lanak Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko teknikari batek egingo ditu; idazkari nagusiak izendatuko du, eta hitza izango du baina botorik ez.

6. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

Batzorde Iraunkorra lehendakariak eta bi lehendakariordeek osatzen dute, eta horien eginkizuna da osoko bilkurak prestatzea, gai-zerrenda onartzea eta funtzionamendu-araudiaren arabera eskuordetu zaizkion funtzioak betetzea.

7. artikulua.– Lan-batzordeak.

1.– Kontseiluaren Osoko Bilkurari dagokio lan-batzordeak sortzea, desegitea eta horien osaera, helburuak eta funtzionamendu-arauak zehaztea. Batzordeok izaera egonkorrez edo koiunturalez eratu ahal izango dira.

2.– Batzordeen eginkizuna izango da proposamenak edo irizpenak lantzea; horiek Osoko Bilkuran aurkeztuko dira, hark azter ditzan eta, hala badagokio, onartu eta bideratu ditzan.

8. artikulua.– Aholku Batzordea osatzen duten pertsonen jardunbidearen iraupena.

1.– Aholku Batzordea osatzen duten pertsonen jardunbideak iraungo du haiek izendatzeko orduan abian dagoen Bake eta Bizikidetza Planak indarrean jarraitzen duen arte, eta kargua berritzeko mugarik ez da egongo, non eta berariaz edo tazituki bestelako iraupenik zehazten ez den, ordezkatua dagoen erakunde edo instituzio bakoitzak aplikatu beharreko arauen arabera. Izendapenen indarraldia amaituta, batzordekideek jardunean jarraituko dute, harik eta titular berria izendatu arte.

2.– Batzordekideen jardunbidea ezarritako iraupena baino lehen iraungi ahal izango da honako kasuetan:

a) Baliogabetzea eta kargu-uztea, herri-administrazioak edo gizarte-erakundeek hitzartutakoa.

b) Kargua dela-eta izendatutako batzordekideen kasuan, kargu hori galtzea.

c) Uko egitea, Aholku Batzordeko lehendakariari aurkeztua.

d) Heriotza.

e) Kargu publikoetarako gaitasungabetzea edo kargugabetzea dakarren ebazpen irmoa, judiziala zein administratiboa.

3.– Lehendakariaren kasuan, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren ebazpen baten bidez zehaztuko da zenbat denboraz beteko duen kargua; baldin eta berariazko adierazpenik egiten ez bada, izendapena egiterakoan indarrean dagoen Bake eta Bizikidetza Planaren iraupen bera izango du karguak.

9. artikulua.– Funtzionamendu-araudia.

Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordearen Osoko Bilkurari dagokio batzordearen funtzionamendu-araudia onartzea; hark ad hoc eratutako batzorde bati eskatuko dio funtzionamendu-araudia egin eta alda dezala.

10. artikulua.– Bilkuretara deitzea.

1.– Batzordearen Osoko Bilkurak urtean bi bilera egingo ditu, gutxienez. Halaber, bildu ahal izango da lehendakariak deialdia egiten duenean, haren ekimenez edo funtzionamendu-araudiak ezarritakoaren arabera.

2.– Batzorde Iraunkorra behar adina aldiz bilduko da, eta, betiere, haren lehendakariaren ekimenez eta osoko bilkurak egin baino lehen.

3.– Lan-batzordeak bilduko dira haiek eratzeko arauak betez eta funtzionamendu-araudian jasotako xedapenen arabera.

11. artikulua.– Urteko memoria.

Aholku Batzordeak haren jarduerak azaltzen dituen urteko memoria egin beharko du eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari aurkeztu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira otsailaren 10eko 31/2009 Dekretua, Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea sortzen eta arautzen duena, eta urtarrilaren 11ko 1/2011 Dekretua, Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea sortzen eta arautzen duen otsailaren 10eko 31/2009 Dekretua aldatzekoa, eta baita dekretu honetan ezarritakoaren aurka dagoen maila bereko edo apalagoko beste edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko uztailaren 29an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala