Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2014ko abuztuaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3439

1/2014 LEGEA, ekainaren 26koa, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituena.

Eusko Legebiltzarrak ekainaren 26ko 1/2104 Legea, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen Dituena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA
I

Euskal Autonomia Erkidegoan hainbat arau eman dira kargu publikodunen bateraezintasunen arloan; hasieran, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legea eta, ondoren, abenduaren 20ko 32/1983 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoan Herri Jardunean Aritzeagatikako Elkartuezinei buruzkoa (aurrerantzean, 32/1983 Legea). Azken hori berariaz egindako lehen legeetako bat izan da, kargu publikodunek aginduta dauzkaten eginkizun publikoetan gardentasuna, eraginkortasuna eta arduraldia bermatzea helburu nagusi izan duena, baita kargu publikodunen independentzia eta inpartzialtasuna arriskuan jar ditzaketen edo eginbehar publikoak betetzeko kaltegarri izan daitezkeen jarduerak edo interesak saihestea ere. Hori guztia Konstituzioaren 103.3 artikuluan ezarritakoan kokatzen da, artikulu horrek esaten baitu legez arautuko direla bateraezintasunen sistema eta eginkizun publikoetan inpartzialtasunez jarduteko bermeak.

Lege honek beste urrats bat egiten du bide horretan sakonduz; izan ere, kargu publikodunaren kontzeptua bera zabaltzen da, legean arautzen den kontrol- eta berme-sisteman Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoan eginkizun publikoak betetzen dituztenen unibertso ahalik eta handiena sartzeko. Eta hori guztia interes orokorraren lehentasuna ziurtatzen duten printzipioak, betebeharrak, bermeak, prozedurak eta zehapenak arautuz egiten da.

Legeak, hortaz, eginkizun publikoetan dihardutenen betebehar etikoari eta, orobat, betebehar sozialari erantzutea du helburu, hain zuen ere babestu nahi duelako interes komuna kudeatzen dutenengan gizarteak jarritako konfiantza legitimoa eta, orobat, bizitza politikoan aritzen direnen jardunaren gardentasuna.

Alabaina, nabaria da legea eguneratu beharra dagoela, edo erregulazio berria behar duela, hainbat arrazoirengatik.

Hori dela eta, bide eman zaio erregimen juridikoaren hobekuntzari, behar diren aldaketak ezarriz denboraren joanean atzeman diren hutsuneak betetze aldera, eta bideratu da orobat eskakizun eta kautela berriak sartzea, horiek berma dezaten ez dela gertatuko kargu publikoak betetzen dituztenen objektibotasuna, inpartzialtasuna eta independentzia arriskuan jar ditzakeen egoerarik, eta indar dezaten kargu publikodunek, zerbitzari publiko diren aldetik, herritarren aurrean eman behar duten irudia.

Eremu horretan kokatzen da, alde batetik, gizartean dabilen eskaera, jarduera publikoan gardentasun handiago izatekoa, eta bestetik, kargu publikodunaren erregimen juridikoaren zenbait alderdi aldatzearen komenigarritasuna haren independentzia, inpartzialtasuna eta funtzio publikoetan eduki beharreko arduraldi esklusiboa indartzeko.

Ikusten da, halaber, kargu publikoetan ari direnen bateraezintasun-araubide orok argitzat eta gidatzat izan behar dituela printzipio etiko eta portaerazko batzuk, haien jokaeran objektibotasunez eta inpartzialtasunez jarduteko arriskuak eragozteko. Printzipio horiek, kargu publikodunen portaeran balio etikoak indartzera zuzendutako beste neurri edo jarduketa batzuez landa, informatu behar dituzte arlo honetako legeak eta erregelamenduak.

Aurrekoari lotzen zaizkion alderdi batzuk jaso dira, adibidez, nola tratatu aurkako interesak izan ditzaketen kasuak, kargu publikodunek parte hartzen dutenean beren edo familiakoen interes pribatuak tartean diren gai batzuen inguruko erabakietan, eta, bereziki, inhibitzeko edo abstenitzeko betebeharra ezartzen da interes-gatazka izan dezaketen gaiak ebazteari dagokionez.

Muga edo kontrol gehigarriak sartu dira kargu publikodunen jarduera pribatuei dagokienez haietan aritzeari utzi ondoren, berme berriak ezarriz, beraien inpartzialtasuna eta independentzia ukitua izan ez dadin kargu publikoan ari direlarik.

Hobetu da, orobat, jardueren eta ondare-ondasun eta -eskubideen adierazpen eta erregistrorako prozedura Jaurlaritzako kideei, Administrazioko goi-kargudunei eta zuzendaritza-taldekideei dagokienez.

Nabarmentzekoa da, berebat, zehapen-araubide bat ezarri dela, halako moldez non bateraezintasunen arloan jarritako betebeharrak ez betetzeak zigor efektiboak ekar ditzan, dagozkien arau-hausteak eta zehapenak tipifikatuz, eta dagokion irekitze- eta zehapen-prozedura finkatuz.

Lege honetako xedapenak Autonomia Estatutuaren 10. artikuluaren 2 eta 24. paragrafoetan aitortutako eskumenez baliatuta ematen dira, hain zuzen ere Autonomia Estatutuko paragrafo horiek Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa ematen baitiote, hurrenez hurren, autogobernu-erakundeen antolaketa, araubide eta funtzionamenduaren gainean eta Euskadiko sektore publikoaren gainean.

II

Legeak sei kapitulu ditu, eta sei xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bi, gai hau eraginkortasunez eta gardentasunez arautzeko beharrezko diren arloez dihardutenak.

I. kapituluan, legearen xedea eta aplikazio-eremua zehazten dira.

Xedeak barne hartzen du kargu publikodunen jokabide-kodean agintzen duten printzipio orokorrak ezartzea, interes-gatazkak sor ditzaketen egoerak arautzea eta bateraezintasun-araubidea finkatzea, hori guztia interes orokorra nagusituko dela bermatzeko.

Aplikazio-eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzura diharduten kargu publikodunak sartzen dira, baita legean zehaztutako beste kargudun batzuk ere, haien izaera eta eginkizunei erreparatuta lege-araubide honetan sartu beharrekotzat jotzen direlako. Hortaz, lehendakaria, Jaurlaritzako kideak eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean jasotako Administrazioko goi-kargudunak ez ezik, lege honen aplikazio-eremuan sartzen dira, oro har, sektore publikoaren zerbitzura egonik, zuzendaritza-eginkizunak edo horien parekoak betetzen dituzten langileak ere.

Beharrezko ñabardurekin sartzen dira, halaber, gizarte, ekonomia edo kulturarekiko interesetan partaidetza- edo ordezkaritza-eginkizunak edo aholkularitza eta kontrolekoak betetzen dituzten organoetako kideak. Era berean, sorrera-arauen arabera Eusko Legebiltzarrari funtzionalki lotuta dauden organoetako kideei ere aplikatuko zaie lege-araubide hau.

Hala eta guztiz ere, azken organo horiei dagokienez, lege hau aplikatzeko baldintza izango da organo horien berariazko legeriarekin bateragarria izatea. Formula hori erabiltzea erabaki da aipatutako organoetako zenbait kidek estatutu juridiko propioa dutelako eta horrek zaildu egiten duelako lege honen xedapenak egokitzea; aitzitik, ez dago inolako arazorik beste kargu batzuei aplikatzeko. Horrek esan nahi du berariazko legerian ezarritako bateraezintasun-araubidea errespetatzen duela lege honek eta, aldi berean, aplikatu beharrekotzat jotzen dituela jarduketako eta jokabideko printzipioak, kargu publikodun guztiek bete beharrekoak direlakoan.

Ezarritako lege-sistemak bermeak eman nahi dizkie herritarrei ziur egon daitezen eginkizun publikoetan ari direnek, hautaketa parlamentarioan edo konfiantza politikoan oinarritutako izendapenaren edo hautapenaren ondorioz denean, edo gai publikoen zuzendaritzarako beharrezkotzat iritzitako gaitasunak izateagatik izendatuak direnean, norgehiagoka-prozeduretan parte hartu gabe, jokabide etikoko kode bat onartzen dutela eta, betiere, esleituta dauzkaten eginkizunen kudeaketarekin bat etor daitezkeen interes partikularren aurretik interes orokorrak jartzen dituztela.

Legearen garapenari eta aplikazioari ziurtasun juridikoa emateko, Jaurlaritzak kargu publikoen katalogoa onar dezala aurreikusten da, lege honetan ezarritako araubide juridikoaren menpe dauden kargu publikoak identifikatzeko eta horiei buruzko informazioa izateko.

II. kapituluak funtzio garrantzitsua du: kargu publikodunen jokabide-kodea zuzentzen duten printzipio orokorrak ezartzea.

Horren helburua ez da mugatzen zerbitzari publikoari dagokionez babestu eta bermatu nahi den eredua adieraztera edo ezagutaraztera; horrez gain, arau-testua da eta, hortaz, lege-indarrez ezartzen dira karguari dagokion funtzio publikoan jardutean aintzat hartu beharreko betebeharrak.

Agerikoa da jasotako printzipioak dagoeneko etika publikoaren edo Zuzenbide Estatuaren berezko arauen parte direla. Hala ere, honelako lege batean, bidezkoa ez ezik, beharrezkoa ere bada printzipio horiek adieraztea eta jasota uztea. Hortaz, ez da hutsala zerbitzu publikoak erregimen demokratiko batean izan behar dituen balioen eta misioaren funtsa gogoratzea edo laburbiltzea eta, hortaz, kargu publikodunek jokabide-kodea osatzen duten oinarrizko printzipioak sustatu eta errespetatzeko duten betebeharra adieraztea.

Beste alde batetik, kudeaketa publikoaren ikuspegi modernoak erronka bat dakar berekin, jokabide pertsonaletatik abiatu eta jokabide horiek erakundeen prozedura eta egituretan duten proiekzioa sartzeraino iristen dena.

Izan ere, lege honen bidez bereizte bat egiten da gidatzat erabili beharko diren printzipio eta balioetan, printzipio-banantze berria emanez, aurreko arauetan ageri ez dena eta zerbitzu publikoaren alderdi guztiak modu ordenatuan biltzen dituena.

Jokabidearen oinarrizko ildoak osotasuna eta gardentasuna dira, eta horiek zehazteari ekiten zaio elkarrekiko lotura duten hiru mailaren bidez:

– Banakako jokabidearen printzipioak, izaera pertsonaleko konpromiso gisa.

– Kalitate instituzionalaren printzipioak, erakundearen helburuak lortze aldera.

– Herritarrei dagozkien printzipioak, herritarrak zerbitzu eta politika publikoen hartzaile diren aldetik.

Bestalde, funtzio publikoko jardunean sor daitezkeen interes-gatazken gaiari ere heltzen zaio. Hartara, ulertzen da ezen, interes orokorrak edo publikoak eta interes pribatuak batera biltzen direnean, kargu publikodunak ez duela esku hartu behar edo parte hartu behar, eta, beraz, arau batzuk ematen dira parte ez hartzea formalizatzeari buruz eta, hala badagokio, gaia hartu behar duen organoari buruz.

Hortaz, izan litezkeen interes-gatazkak ezagutzeko eta haiek kontrolatzeko tresna egokiak izatearren, izendapenaren aurreko bi urteetan egindako jarduerak adierazteko beharra ezartzen da.

III. kapituluan, printzipioen katalogoa ezarri ondoren eta hura betez, bateragarri diren jarduerak modu tasatuan mugatzen dira.

Lehenengo eta behin, kargu publikodunaren araubidearen oinarrizko bi alderdi biltzen dira: arduraldi esklusiboa eta ordainsari bakarra. Arduraldi esklusiboaren ondorioz, karguan jardutea bateraezina izango da beste edozein jarduerarekin, legeak berak baimendutakoak edota Jaurlaritzak interes publikoko arrazoiengatik berariaz baimendutakoak salbuespen direla. Ordainsari bakarraren printzipioak, berriz, debekatu egiten du beste edozein ordainsari jasotzea aurrekontu publikoen kontura edota jarduera pribatutik eratorrita, arauan bertan ezarritako salbuespenak salbuespen.

Bi printzipio horiek, nahiz eta ñabardura desberdinak izan, bateraezintasunei buruzko arau guztietan jarduten dira eta bi norabidetan zabaltzen dute «bateraezintasun ekonomikoaren printzipioa» deiturikoa, kargu publikoan jarduteko inpartzialtasun-bermea betetzeari ez ezik eraginkortasunari ere lotzen zaizkiolarik.

Horiek horrela izanik ere, arau hauen bitartez ez da kargu publikoen ordainsari-araubide bat ezartzen ari, hau ez baita horretarako lekua; printzipio bat finkatzen ari da, ordainsari bakarraren printzipioa, arduraldi esklusiboarenaren ondorio dena, esan nahi baita, aurrekontu publikoen kargura ordainsari bakar bat jasoko dela.

Bateraezintasun funtzionalen ikuspuntutik, legeak zilegi diren jarduerak finkatzen ditu, zehatz-mehatz; beste guztiak, beraz, bateraezinak dira. Bateragarriak diren lau jarduera mota bereizten dira: pribatuak, publikoak, hautapen bidezko karguenak eta irakaskuntzakoak. Horietan aritzeak ezin du mugatu edo arriskuan jarri kargu publikodunaren jarduna, ezta interes orokorra kaltetu ere.

Kargua utzi ondorengo bi urteetan jarduera pribatu jakin batzuetan aritzeko debekua arautzen da zehatz-mehatz. Jarduera horietan hasteko asmoa aldez aurretik adierazi beharko da, organo eskudunak azter dezan. Muga hori dela eta, kargua utzi ondoren, kargu publikodunek ezin izango dute inolako zerbitzurik eman edo lan- edo merkataritza-harremanik izan karguaren berezko zereginen ondorioz beraiekin harreman zuzena izan duten enpresa edo sozietate pribatuekin.

Azkenik, jardueren izaerari dagokionez, zehazten dira zer prozedura jarraitu behar diren eta nori dagokion kargu publikodunen jardueren izaera aztertzeko, ezagutzeko eta mugatzeko eskumena, bai eta, beharrezkoa denean, noren eskumena den jarduerarako baimena ematea ere.

IV. kapituluak jarduerak eta ondare-ondasunak eta -eskubideak adierazteko beharraz dihardu, legearen aplikazio-eremuan sartzen diren kargudunek zeregin publikoetan objektibotasunez eta inpartzialtasunez jarduten dutela kontrolatu eta bermatzeko. Bereizi egiten dira jardueren adierazpena eta ondare-ondasunen eta -eskubideen adierazpena, eta bakoitzerako edukiak finkatzen. Mugak jartzen zaizkio merkataritza-sozietateetan ondare-partaidetzak izateari, eta prozedura bat arautzen da baloreak eta finantza-aktiboak jaulkitzen dituzten merkataritza-sozietateak arautzeko, ikuskatzeko edo kontrolatzeko eskumenak dauzkatenen balore eta aktiboen kontrola eta kudeaketa bermatzeko.

V. kapituluak legean ezarritako betebeharren kudeaketarako eta kontrolerako organoak arautzen ditu. Eginkizun horiek Pertsonalaren Erregistroko Zerbitzuari atxikitzen zaizkio, legea kudeatzeko eta aplikatzeko funtsezko organoari, eta haren mende jarri da Jardueren eta Ondare Ondasunen eta Eskubideen Erregistroa. Legebiltzarrari informatu beharra ere kapitulu honetan jasotzen da.

Azkenik, VI. kapituluak zehapen-araubidea ezartzen du legea betetzen ez denerako. Egin daitezkeen arau-hausteak tipifikatzen ditu, bestelako erantzukizunen kalterik gabe, zehapenak eta dagozkien neurri osagarriak, prozedura eta instrukzioa egiteko eta ebazteko organo eskudunak.

Xedapen gehigarrietan, lege hau zenbait karguri aplikatzeko irizpideak biltzen dira, kargu horiek berariazkotasun nabaria badute dagozkien legeen arabera; sektore publikoko entitateek egiten dituzten izendapenak jakinaraz ditzaten agintzen da, eta funtzio publikoaren diziplina-araudia lege hau aplikatu behar duten organoen zerbitzura dauden enplegatu publikoen betebeharrera egokitzen da.

Xedapen iragankorretan, lege honen aurretik indarrean zegoen araubidearen arabera egindako adierazpenak berritzeko betebeharra ezartzen da, bai eta lege hau indarrean sartu aurretik baimendutako bateragarritasunak berraztertzeko beharra ere. Horrez gain, erregelamenduzko zenbait xedapenen indarraldia ere berrikusten da.

Xedapen indargabetzaileak aipagai du, berariaz, abenduaren 20ko 32/1983 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoan Herri Jardunean Aritzeagatikako Elkartuezinei buruzkoa. Lege horrek izaera orokorra zuen, bere baitan hartzen baitzituen langile guztiak izan kargudunak –hautapanezkoak nahiz ez hautapenezkoak–, izan enplegatu publikoak, eta, orobat, euskal administrazio publiko guztiak; hala ere, haren indargabetzeak ez du esan nahi bateraezintasun-araubiderik ez dagoenik lege honen esparrutik kanpo geratzen diren langileentzat, baizik eta beste arau batzuk izango direla aplikagarri, batez ere abenduaren 26ko 53/1984 Estatuko Legea, Administrazio Publikoen Zerbitzura Dauden Langileen Bateraezintasunei buruzkoa.

I. KAPITULUA
XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua.– Xedea.

Lege honen xedea da:

1.– Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren kargu publikodunen jokabide-kodea zuzentzen duten printzipioak ezartzea, betiere interes orokorra defendatzera bideratuta.

2.– Interes publiko eta partikularren arteko gatazka-egoerak prebenitu, saihestu edo konpontzeko neurriak ezartzea, interes orokorra gailenduko dela bermatuz.

3.– Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren kargu publikodunen bateraezintasun-araubidea ezartzea, betetzen duten funtzio publikorako arduraldi esklusiboaren printzipiotik eratorria, eta, halaber, jardueren eta ondare-ondasunen eta -eskubideen adierazpena.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoaren zerbitzura dauden kargu publikodun hauei aplikatzen zaie:

a) Lehendakariari eta Jaurlaritzako gainerako kideei.

b) Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 29. artikuluan aipatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko goi-kargudunei, eta dagokien sorrera-arauan edo izendapenean haiekin parekatuta daudenei.

c) Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko zuzendaritza-taldekideei –Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 7. artikuluan zehaztuta daudenei–, betiere parekatuta badaude indarrean dagoen arautegiaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko goi-kargudunekin.

d) Eusko Jaurlaritzak edo lege honen aplikazio-eremuan sartuta dauden kargu publikodunetako batek zuzendaritza- edo administrazio-kargu bat betetzeko izendatzen dituzten pertsonei, halako karguak izaera eta kapitalaren zatirik handiena pribatua duten erakundeetan badaude, edo kargua dagoen erakundearen kontrola, Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan adierazitakoaren arabera, hainbat administrazio publikori edo haien sektore publikoei badagokie, betiere izendatze-egintzan hala ezarrita dagoenean.

e) Arartekoari eta arartekoaren ondokoari; Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kideei eta epaitegi horretako Idazkaritza Nagusiko titularrari; Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko eta Lan Harremanen Kontseiluko Lehendakaritzako eta Idazkaritza Nagusiko titularrei; Datuak Babesteko Euskal Bulegoko Zuzendaritzako titularrari, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoko kideei.

f) Euskal Autonomia Erkidegoaren edo Eusko Legebiltzarraren zerbitzura dagoen beste edozein pertsonari, baldin eta dagokion organoaren sorrera-arauan edo izendapenean artikulu honetan aipatzen diren kargu publikodunetako baten batekin parekatuta badago.

2.– Lege hau aplikatuko zaie, halaber, zuzendariaren pareko edo goragoko maila duten Euskal Autonomia Erkidegoko behin-behineko langileei.

3. artikulua.– Legearen aplikazio-eremuaren salbuespenak.

1.– Lehendakariari ez zaio lege honen VI. kapituluan araututako zehapen-araubidea aplikatuko. Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduan ezarrita dauden Jaurlaritza sustatzeko eta kontrolatzeko prozedurak baliatuko dira lehendakariari eskatzeko lege honetan ezarritako aginduak bete ditzala.

2.– Halaber, zenbait organo edo erakundetako kideei ere ez zaie aplikatuko lege honen VI. kapituluko zehapen-araubidea, ezta hierarkia-posizioaren erabilera, kontrola edo goi-mailako erabaki-gaitasuna eskatzen duten aginduak ere, baldin eta dagokien organo edo erakundearen sorrera-arauan ezarrita badago, haien izaeraren funtsezko elementu gisa, iraupen zehatzeko agintaldia dutela edo berariazko sistemak dituztela agintea utzi eta berritzeko edo, oro har, beste edozein metodo beren erabakien eta jardunaren autonomia bermatzeko.

Lege hau eta lege honetan aurreikusitako zehapenak betetzeari buruzko kontrola aplikatuko zaie organo edo erakunde horietako kideei dagozkien sorrera-, antolaketa- edo funtzionamendu-arauetan ezarritako prozedurak baliatuta edo, halakorik izan ezean, erregelamenduz ezartzen diren prozeduren bidez, betiere haien jardunaren eta erabakien autonomia babestuta.

4. artikulua.– Kargu publikoen katalogoa.

1.– Jaurlaritzak, ezarritako irizpideekin bat etorriz, dekretu bidez onartuko du, lege hau indarrean sartzen denetik 15 eguneko epean, lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren kargu publikoen katalogoa.

2.– Kargu publikoen katalogoak izaera eratzailea izango du eta beharrezkoa izango da kargu publikoa katalogoan azaltzea legea aplikatu ahal izateko.

3.– Kargu publikoen katalogoa etengabe eguneratuko da, eta katalogoaren ardura eta kudeaketa administratiboa lege honen bidez sortzen den Pertsonalaren Erregistroak hartuko du.

4.– Kargu publikoen katalogoa eskura izango dute herritar guztiek Eusko Jaurlaritzaren web orriaren bidez.

II. KAPITULUA
KARGU PUBLIKODUNEN JOKABIDE KODEA ZUZENTZEN DUTEN PRINTZIPIO OROKORRAK

5. artikulua.– Printzipioak eta balioak.

1.– Osotasuna da, lege honen ondorioetarako, kargu publikodunek eta parekatutakoek atxikimendu sistematiko eta iraunkorra izatea honako printzipio hauei: onestasunari, inpartzialtasunari, objektibotasunari eta esparru juridikoarekiko eta pertsona guztiekiko errespetuari.

2.– Kargu publikodunak eta parekatutakoak gardentasunez arituko dira beren eginkizunetan, non eta legezko salbuespenik eman ez den. Gainera, dagozkien erakunde eta sailetan gardentasuna benetan ezartzearen aldeko jarrera izango dute, eta orobat, gobernu irekiaren, datuen berrerabilpenaren eta Administrazio elektronikoaren alde agertuko dira.

3.– Kargu publikodunek eta parekatutakoek aipatu balio eta printzipioen arabera beteko dituzte beren eginkizunak, nola banakako jokabidean hala dagokien instituzioaz edo erakundeaz baliatzean eta orobat herritarrekiko portaeran, hurrengo artikuluetan garatzen diren erara.

6. artikulua.– Banakako jokabidearen printzipioak.

1.– Kargu publikodunek eta parekatutakoek fede onez, inplikazio handiz eta zerbitzu publikorako ardura osoz beteko dituzte beren eginkizunak, eta soil-soilik aginduta dauzkaten eginkizunen xederako.

2.– Beren erabakien eta ekintzen erantzule izango dira eta betetzen duten karguari dagozkion kontrolak egin beharko dituzte, karguan dihardutela egindakoaren edo ez egindakoaren ondorioak beren gain hartuta, eta agintari nahiz instituzio eskudunak jakinaren gainean jarriko dituzte eta haiei lagunduko diete edozein jarduketa irregularren berri badute.

3.– Inpartzialtasun-, ekuanimitate- eta objektibotasun-printzipioak errespetatuko dituzte, eta irizpide independentea izango dute, interes partikular oro baztertuz. Halaber, ez dute parte hartuko beren objektibotasunari eragin diezaiokeen kausaren bat duten gaietan.

4.– Beren eskumenak erabiltzearen ondorioz eta kausaz ezagutzen dituzten egitate edo informazioei isil-gordean eutsiko diete, eta ezin izango dute beren zereginak betetzean eskuratutako informazioa baliatu edo eman, ez agintaldian ez kargua utzi ondoren, beren buruaren edo hirugarren baten onurarako. Halaber, beren eginkizunekin bateragarriak ez diren egoerak, jarduerak edo interesak saihestuko dituzte, ez dute beretzat oparirik onartuko ohiko, gizarteko edo kortesiazko usadioez aparte, eta ez dute abantailazko mesederik edo zerbitzurik ere onartuko.

5.– Beren postuetan dihardutela eta beren eskumenak baliatzean lagundu beharko dute, beti, ekitaldi publikoetan zein pribatuetan, ordezkatzen duten edo zerbitzuak ematen dituzten instituzioaren izen ona, duintasuna eta irudia zaintzen.

6.– Kargu publikoak betetzen dituztenen trataera ofiziala jauna/andrea izango da, eta, ondoren, kargu, postu, lan edo mailaren izena aipatuko da.

7. artikulua.– Kalitate instituzionalaren printzipioak.

1.– Kargu publikodunek eta parekatutakoek baliabide publikoen eraginkortasuna eta efizientzia bilatuko dute, agindutako zerbitzu publikoaren kalitatea eta jasangarritasuna bermatuz.

2.– Beren eginkizunak beteko dituzte, beti, ikuspegi estrategikoari eta planifikazioari lehentasuna emanez, arazoen eta etorkizuneko erronken irtenbidea aurreikuste aldera.

3.– Sormena eta berrikuntza sustatzen dituen kultura-molde bat ezarri eta sustatu beharko dute, bai erakundean bertan bai dagokien sailean ematen diren zerbitzuetan.

4.– Estrategiak, helburuak eta baliabideak ildo beretik joatea bilatu beharko dute goi-mailako zuzendaritzako maila politikoak eta zuzendaritzako nahiz bitarteko mailak aintzat hartuta, eta, halaber, dagokien erakundean lan egiten duten gainerako pertsonak ere.

5.– Karguari lotutako eginkizunak etengabeko ahaleginaz bete beharko dituzte, gidatzen duten saileko edo unitateko prozesuen, produktuen eta zerbitzuen emaitzak beti hobetzeko eta pertsonen gaitasun profesionalak garatzeko.

8. artikulua.– Herritarrekiko harremanetarako printzipioak.

1.– Kargu publikodunek eta parekatutakoek pertsonen duintasunaren errespetua izango dute printzipio nagusi, herritarrak zuzentasun osoz tratatuko dituzte eta aurkari politikoen bizitza pribatuan sartzea saihestuko dute.

2.– Genero-berdintasuna sustatuko dute eta berdin tratatuko dituzte egoera berean dauden pertsonak, diskriminazio oro saihestuz.

3.– Herritarrek politika publikoen diseinuan eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea sustatuko dute.

4.– Herritarren hizkuntza-eskubideak baliatzea bermatuko dute, euskararen normalizazioa bultzatzea bereziki aintzat hartuta eta haren erabilera sustatuta.

5.– Kultura-ondarea eta ingurumena babestea bultzatuko dute, beren eskumenen barruan.

9. artikulua.– Interes-gatazka.

Interes-gatazka izango da lege honek obligatutako subjektuek parte hartu behar dutenean interes orokorra edo beren eginkizunari dagokion interes publikoa eta norberaren interes pribatuak edo hirugarren pertsonekin partekatutakoak edo zuzeneko senideek dituztenak aldi berean biltzen dituzten gaiekin lotutako erabakietan, lege honetan ezarritako eran.

10. artikulua.– Parte ez hartzeko eta inhibitzeko betebeharra.

1.– Administrazio-prozedura erkidea arautzen duen arautegian ezarritako parte ez hartzeko kasuez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuko kargu publikodunek ez dute parte hartuko beren interesak, ezkontide edo izatezko bikotekidearenak edo laugarren mailara arteko odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideen interesak edo hirugarren pertsonekin partekatzen dituztenak agertzen edo bultzatzen diren jarduera, erabaki edo ekimenetan.

2.– Halaber, ez dute parte hartuko zenbait enpresa, sozietate edo erakunderen interesak ukitzen dituzten gaietan edo gai horien inguruko erabakietan, baldin eta beren zerbitzu-harremana hasi aurreko bi urteetan enpresa, sozietate edo erakunde horietako zuzendaritza- edo gobernu-organoetan kargu publikodun gisa izan badira bai kargu publikodunak berak bai ezkontide edo izatezko bikotekideak edo bigarren mailara arteko odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideak edo berekin interes partekatuak dituzten hirugarren pertsonak.

3.– Parte ez hartzeko betebehar horren kontrol egokia egiteko, lege honetan arautzen diren jardueren adierazpenak egingo dituzte.

4.– Parte ez hartzeko adierazpena idatziz egingo da, eta kargu publikoa mendeko duen saileko titularrari edo hura izendatu zuen organoari jakinaraziko zaio, eta, jasota gera dadin, baita lege honen 24. artikuluan aipatutako kudeaketa-organoari ere, bost egun balioduneko epean.

5.– Kargu publikodunak ez balu beteko parte ez hartzeko betebeharra, hura mende duen saileko buruak edo izendatu zuen organoak inhibitzea agindu behar dio, aldez aurretik iritzia agertzeko aukera emanda, eta Pertsonalaren Erregistroari horren berri eman beharko dio. Parte ez hartzeko betebeharra duen kargu publikoduna Jaurlaritzako kidea bada, agindua lehendakariak eman beharko du, Jaurlaritzari horren berri eman ondoren. Inhibitzeak berekin dakar ordenamenduan aurreikusita dauden ordezkotza- edo ordezpen-mekanismoak abian jartzea.

6.– Espediente edo prozedura batean interesa duten pertsonek espediente edo prozedura izapidetzeko, haren instrukzioa egiteko edo ebazpena emateko eskumena duen kargu publikoduna errekusatzea sustatu dezakete, parte ez hartzeko ezarritako kasu berberetan eta administrazio-prozedura erkidea arautzen duen arautegian ezarritako prozeduraren arabera.

7.– Parte hartu behar ez eta parte hartzen duen kargu publikodunak dagokion administrazio-erantzukizuna izango du.

11. artikulua.– Etika eta gobernu onaren kodea.

Lege honetako 5, 6, 7 eta 8. artikuluetan araututako jarduera- eta jokabide-printzipioak etika eta gobernu onaren kode batean jaso eta garatuko dira. Ahalik zabalkunde eta publizitate handiena emango zaio kodeari, eta hari atxikitzeko eta haren jarraipen eta ebaluazioa egiteko sistema batez hornituko da.

III. KAPITULUA
KARGU PUBLIKODUNEN BATERAEZINTASUN ARAUBIDEA

12. artikulua.– Arduraldi esklusiboa.

1.– Lege honen aplikazio-eremuan dauden kargu publikodunek arduraldi esklusiboz beteko dituzte eginkizunak eta ezin izango dute aldi berean, ez berek ezta ordezpen edo ahalordetze bidez ere, ezein postu, kargu, ordezkapen, lanbide, merkataritza-jarduera, jarduera profesional edo industria-jardueratan aritu, publikoetan zein pribatuetan, norberaren kontura edo inoren kontura izan.

2.– Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez die eragiten lege honetan ezarritako salbuespenei ezta Jaurlaritzak, interes publiko bereziko arrazoiengatik, sektore publikoan bigarren postua betetzeko ematen dituen baimenei ere, eta, horrelako kasuetan, ezin da ordainsari bat baino gehiago jaso.

13. artikulua.– Ordainsari bakarra.

1.– Lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren kargu publikodunek ezin izango dute ordainsari bat baino gehiago jaso administrazio publikoen edo haien mendeko edo haiei lotutako erakundeen aurrekontuen kontura, ezta jarduera pribatutik datorren beste ezein ordainsari ere, lege honetan ezarritako salbuespenen kasuan izan ezik.

2.– Lege honen ondorioetarako, kargu publikodunaren ordainsaritzat ulertzen da izendapenaren edo hautapenaren ondorioz betetzen den lanpostuari dagokion ordainketa ekonomikoa, zeinaren barruan sar daitezkeen, aplikagarri zaion legean errekonozitutakoaren arabera, zenbateko ez-bermatuko pizgarriak.

3.– Ez dira ordainsaritzat joko zerbitzuagatik izandako gastuen kalte-ordain gisa jasotzen dituzten zenbatekoak.

4.– Eskubide pasiboen pentsioak eta Gizarte Segurantzaren pentsioak jasotzea bateraezina da lege honen aplikazio-eremuan sartzen diren kargu publikoak betetzearekin, Gizarte Segurantzaren gaineko legerian sektore publikoko lanpostu bat betetzearekin berariaz bateragarritzat jotzen direnak izan ezik. Bateraezintasun-kasua dagoenean, pentsioa eten egingo da izendapena edo hautapena egiten denean.

14. artikulua.– Bateragarritasuna jarduera pribatuekin.

1.– Kargu publikoa betetzea bateragarri izango da ondoren zehazten diren jarduera pribatuekin, baldin eta jarduera horietan aritzeak arriskuan jartzen ez badu kargu publikodunak bere eginkizunean eduki beharreko inpartzialtasuna edo independentzia, betiere hierarkia administratiboari kalterik ekarri gabe:

a) Norberaren edo familiaren ondarea administratze hutsa, lege honetako 22 eta 23. artikuluetan jarritako mugak gainditu gabe.

b) Noizbehinka parte hartzea kongresu, jardunaldi, mintegi, ikastaro eta hitzaldietan, baita komunikabideetako mahai-inguru nahiz saioetan ere, baldin eta parte-hartze hori ez bada lan-harreman baten edo zerbitzuak emateko kontratu baten ondorio.

c) Sortutako nahiz produzitutako literatura-, arte-, zientzia- edo teknika-lanak merkaturatzea eta argitaratzea, baldin eta lan-harreman bat edo zerbitzuak emateko kontratu bat ez bada horien sorburu.

d) Ordainsaririk jaso gabe parte hartzea irabazi-asmorik gabeko fundazioetan, elkarteetan edo erakundeetan, bai eta gizarte-balioak sustatzen dituzten interes sozial edo kulturaleko jardueretan aritzea ere.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako jardueretan aritzeak ezin izango du eragotzi edo kaltetu kargu publikodunaren eginbeharrak eta obligazioak zuzen eta zorrotz betetzea, ez du arriskuan jarriko karguan inpartzialtasunez edo independentziaz jardutea eta ez dio interes publikoari kalterik eragingo.

15. artikulua.– Bateragarritasuna jarduera publikoekin.

1.– Kargu publikoa betetzea bateragarri izango da jarduera publiko hauekin:

a) Dagozkion erakunde-karguetan jardutea eta Eusko Legebiltzarrak, lehendakariak edo Jaurlaritzak berariaz ordezkari modura agintzen dizkionak betetzea.

b) Estatuko edo nazioarteko antolakundeetan edo konferentzietan, edo erakunde publikoen artean eratutako beste batzuetan, aldi baterako misioak edo ordezkaritza-lanak egitea.

c) Organismoetako, sozietateetako edo beste edozein entitate publikotako kide anitzeko organoetan, zuzendaritzako organoetan edo administrazioko kontseiluetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa ordezkatzea.

d) Sozietateetako, fundazioetako, partzuergoetako edo edozein erakunde pribatutako zuzendaritza- edo gobernu-organoetan Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa ordezkatuz parte hartzea.

2.– Aurreko paragrafoetan adierazitako kasuetan, kargu publikodunek ez dute inolako ordainsaririk jasoko, agindutako ordezkaritza-lanak betetze aldera egindako gastuen kalte-ordaina izan ezik.

3.– Baldin eta organo edo entitateen bileretako parte hartzeak edo asistentziak errekonozituta badauka dieta edo antzeko beste kontzeptu bat jasotzeko eskubidea, zenbatekoa zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuko du organismo, sozietate edo entitateak.

16. artikulua.– Bateragarritasuna hautapenezko karguekin.

1.– Jaurlaritzako kideek bateragarria dute Jaurlaritzako kargua betetzea eta Eusko Legebiltzarreko kide izatea, Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legean jartzen duen bezala.

2.– Lege honen aplikazio-eremuan dauden kargu publikodunek, lehendakariak izan ezik, bateragarria dute beren jarduera toki-erakundeetako hautetsi izatearekin edo berrogeita hamar mila biztanle baino gutxiagoko udalerrietako alkate izatearekin, salbu eta toki-erakundean arduraldi esklusiboa edo ordu kopuru jakin bateko arduraldi finkoa badute, betiere legearekin bat etorrita.

3.– Kargu publikodunek bateragarri dituzte halaber kargu publikoari dagozkion eginkizunak hautapenezko karguei espresuki legez bidez ezartzen zaizkienekin.

4.– Kasu guztietan, artikulu honetan aipagai diren jarduerei dagokienez, kargu publikodunek soilik jardueretako bakar bati dagokion saria jaso ahal izango dute, berariazko arautegiaren arabera beste jarduerari egoki dakizkiokeen dieta eta kalte-ordainak jasotzeari kalte egin gabe.

17. artikulua.– Bateragarritasuna unibertsitate-irakaskuntzan jardutearekin eta enplegatu publikoen prestakuntzarekin.

1.– Lege honen aplikazio-eremuan dauden kargu publikodunek bateragarri izango dituzte beren eginkizunak unibertsitate-irakaskuntzan eskola ordainduak ematearekin, baldin eta jarduera hori ez bada haien arduraldiaren kalterako izaten eta inoiz ere ez bada hirurogei eskola-orduko kopurua urtean gainditzen.

2.– Halaber, eta aurreko paragrafoan zehaztutako muga berekin, administrazio publikoetako langileen prestakuntzarako zentro ofizialek antolatzen dituzten mintegi, jardunaldi eta konferentzietan ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta parte-hartzea iraunkorra ez bada eta betetzen duten karguagatik, lanbide-espezialitateagatik eta sektore publikoko administrazio-antolakuntzan duten lekuagatik parte hartzen badute.

18. artikulua.– Kargu publikoa utzi ondoko debekuak.

1.– Kargu publikoak betetzen dituztenek, kargua uzten duten egunetik hurrengo bi urteetan, kargua dela-eta zuzeneko harremana izan duten enpresa, sozietate edo beste edozein entitate pribaturi ezingo diote inolako zerbitzurik eman, eta ezingo dute, haiekin, inolako lan-harremanik edo merkataritza-harremanik izan, kasuan kasuko araudiaren arabera egoki dakizkiekeen kalte-ordainei edo prestazioei kalte egin gabe.

2.– Ondorio horietarako, pentsatuko da zuzeneko harremana egon dela baldin eta aipatu enpresa, sozietate edo entitateekin lotutako ebazpenik eman badute kargu publikodunak edo beraren menpeko organoek, dela eskuordetzaz dela ordezpenez, edo goragoko organoek, kargudunaren proposamenez, edo, orobat, esku hartu badute enpresa, sozietate edo entitate horiekin lotutako ebazpenen bat hartu duen kide anitzeko organoren baten bileretan.

3.– Aurreko paragrafoan erabilitako zuzeneko harremanaren kontzeptutik kanpo geratzen dira honako hauek: enpresa, sozietate edo entitate horiek modu orokorrean jarri diren betekizun edo baldintza objektibo batzuk bete behar dituen talde batekoak badira eta talde horretakoak izate soilak eragin badu haiei buruzko ebazpenak hartzea edo ematea, eta betekizun edo baldintza haiek ez badaude norgehiagoka ari diren hainbat subjekturen arteko ezein administrazio-prozedura lehiakorretan.

Orobat, ez da zuzeneko harremantzat joko ebazpena, norgehiagoka bidezko administrazio-prozedura baten barruan hartuta, kide anitzeko organo tekniko batek proposatutako moduan ematen bada, betiere organo horren ahalmenetako bat ebazpenak proposatzea denean, eta ebazpena ematen duen kargu publikodunak ez badu erabakirik hartu kide anitzeko organoaren osaeraz.

4.– Halaber, artikulu honen lehen paragrafoan aipatutako kargu publikodunek, eta denbora-bitarte berean, ezin izango dute egin, ez beren kasa, ezta zuzenean edo zeharka haien % 10eko partaidetza baino handiagoa duten sozietate edo enpresen bitartez ere, laguntza teknikoko kontraturik, zerbitzukorik edo antzekorik Administrazioarekin eta sektore publikoko organismo, entitate edo enpresekin, baldin eta horietan kargu publikodun gisa zerbitzurik eman badute, zuzenean edo enpresa kontratatzaile edo azpikontratatzaileen bidez.

5.– Kargu publikoa utzi eta hurrengo bi urteetan, berriro jardunean hasi baino lehen, egin asmo dituzten jarduerei buruzko adierazpena egin beharko dute.

Adierazpena lege honetako 24. artikuluan aipatzen den kudeaketa-organoan egingo da. Hilabeteko epean, organo horrek bere iritzia azalduko du egin asmo den jardueraren bateragarritasunari buruz eta interesdunari eta hura zerbitzua ematekoa den enpresa edo sozietateari jakinaraziko die.

6.– Lege honetako 24. artikuluan aipatzen den kudeaketa-organoak irizten dionean ezen egin nahi den jarduera pribatuak urratu egiten duela aurreko 1. paragrafoan aurreikusitakoa, hala jakinaraziko die ukitutako pertsonari eta hura zerbitzua ematekoa den enpresa edo sozietateari 10 eguneko epean, eta horiek egoki iritzitako alegazioak egingo dituzte. Alegazioak aztertuta, 10 eguneko epean, dagokion ebazpena proposatuko dio organo eskudunari.

7.– Interesdunen alegazioak iristen direnean edo emandako epea amaitzen denean, Pertsonalaren Erregistroak ebazpen-proposamen bat egingo dio funtzio publikoaren ardura duen saileko titularrari, eta hark dagokion ebazpena emango du artikulu honetako arauarekin bat etorriz jakinarazi den jardueraren bateragarritasunari buruz, gehienez ere hilabeteko epean, aurreko 5. paragrafoan ezarritako hasierako adierazpenetik kontatzen hasita. Hilabeteko epe hori igarotakoan ebazpenik ez bada eman jardueraren bateragarritasunari buruz, interesduna hasi ahal izango da jarduera horretan.

19. artikulua.– Bateragarritasun-prozedurak eta organo eskudunak.

1.– Jarduera publiko edo pribatuan aritzeari dagokionez 14, 15, 16, 17 eta 18. artikuluetan jasotako kasu guztietan, beharrezkoa izango da bateragarritasun edo bateraezintasuneko berariazko adierazpen bat egitea.

2.– Kargua utzi ondoko hurrengo bi urteetan jarduera pribatuetan aritzearen bateragarritasunari dagokionez, funtzio publikoaren arloa menpean duen saileko titularrari egokituko zaio ebazpena ematea.

3.– Gainerako kasuetan, bateragarritasun-eskaerari buruz ebaztea, funtzio publikoaren arloa menpean duen saileko titularrak txostena egin ondoren, instantzia hauei egokituko zaie:

a) Gobernu Kontseiluari, lege honetako 2.1 artikuluko a) idatz-zatian sartutako kargu publikodunen bateragarritasun-eskaerei dagokienez.

b) Dagokion saileko titularrari, lege honetako 2.1 artikuluko b), c), d) eta f) idatz-zatietan eta 2.2 artikuluan sartutako kargu publikodunen bateragarritasun-eskaerei dagokienez.

c) Eusko Legebiltzarreko lehendakariari, honakoen bateragarritasun-eskaerei dagokienez: arartekoa, arartekoaren ondokoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko idazkari nagusia eta epaitegi horretako kideak eta, halaber, organo orotako kideak eta menpeko langileak baldin eta dagokien organoa sortzeko arauan Eusko Legebiltzarraren ordezkari, mendeko, kontseilari edo aholkulari gisa kalifikatuta badaude, arduraldia Aurrekontu Orokorretan ezarritako kredituen kontura ordaintzen bazaio eta aukeraketa-, hautapen- edo izendapen-sisteman ez bada jarraitu behar publizitate- eta norgehiagoka-printzipioetan oinarritutako prozedurarik, salbu eta beste arau batean horri buruzko xedapenik badago.

d) Funtzio publikoaren arloan eskumena duen saileko titularrari, honakoen bateragarritasun-eskaerei dagokienez: Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren mendeko kargu publikodunak, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko kideak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko kideak, Lan Harremanen Kontseiluko kideak, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko kideak, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria, Lehiaren Euskal Agintaritzako kideak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoko zuzendaria, baita parte hartzeko, aholku eskatzeko, aholku emateko edo kontrolerako organo orotako kide izendatutakoak baldi eta den delako organoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari edo instituzionalari lotuta badago eta organoaren sorrera-arauan independentzia ematen bazaio bere eginkizunak betetzeko.

4.– 18 artikuluko 5. paragrafoan ezarritako prozedura eragotzi gabe, dagokion ebazpena jakinarazteko gehieneko epea ezingo da izan bateragarritasun-eskaeraren data baino hilabete gehiagokoa. Epe hori luzatu ahal izango da, prozedura-arautegian ezarritako eran, espedientea instruitzen duen organoak eskatuta.

5.– Bateragarritasun-prozeduretako isiltasuna negatibotzat ulertuko da.

IV. KAPITULUA
KARGU PUBLIKODUNEN BETEBEHARRAK

20. artikulua.– Jardueren adierazpena.

1.– Lege honen aplikazio-eremuan dauden kargu publikoetakoren bat betetzen duen orok jarduera publiko eta pribatuen gaineko adierazpen bat egin beharko du, erregelamendu bidez xedatzen den moduan. Adierazi beharreko jarduerak honako hauek izango dira:

a) Zerbitzu-harremana hasten duenean, bere aldetik edo ordezpen edo ahalordetze bidez egiten dituen jarduerak.

b) Kargu publikodun gisa bere zerbitzu-harremana hasi aurreko bi urteetan izan dituen jarduerak.

c) Kargu publikoa utzi eta hurrengo bi urteetan, bere aldetik edo ordezpen edo ahalordetze bidez egingo dituen jarduera pribatuak.

2.– Aurreko paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan aipatutako adierazpenak Jardueren eta Ondare Ondasunen eta Eskubideen Erregistroan aurkeztuko dira, hilabeteko epean, kargua hartzen denetik eta, hala badagokio, lehendik eginda dauden adierazpenen inguruabarrak nahiz edukia aldatzen direnetik zenbatzen hasita. Artikulu honetako 1. paragrafoko c) idatz-zatiko adierazpenak, ordea, lege honetako 18. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo dira.

3.– Kargu publikodun gisa sortutako zerbitzu-harremana hasi aurretik egiten ziren edo konprometituta zeuden irakaskuntza-jarduerei buruzko adierazpena harreman hori hasi aurretik egingo da, eta etenda geratuko da kargu-hartzea Gobernu Kontseiluak bateragarritasunaren inguruko erabakia hartu arte.

21. artikulua.– Ondare-ondasunen eta -eskubideen adierazpena.

1.– Lege honen aplikazio-eremuan dauden kargu publikoak betetzen dituztenek ondare-ondasun, -eskubide eta -betebehar guztien adierazpena egin beharra daukate, erregelamendu bidez ezartzen den moduan. Ondare-adierazpenean, gutxienez, honako hauek jasoko dira:

a) Dauzkaten ondare-ondasun, -eskubide eta -betebeharrak.

b) Balore edo finantza-aktibo negoziagarriak.

c) Sozietate-partaidetzak.

d) Sozietateen izena eta xedea, edozein dela ere sozietatearen mota, haietan interesak badituzte honako hauek: kargu publikoduna nahiz ezkontidea, zeinahi ere den ezkontzaren ondasun-eraentza, edo izatezko bikotea, eta menpeko seme-alabak edo tutoretzapeko pertsonak.

e) Partaidetzako sozietateen izena eta xedea, baldin eta aurreko d) idatz-zatiaren arabera adierazpena egin beharra daukaten sozietateen partaidetzakoak badira.

2.– Ondare-adierazpenarekin batera, honako hau ere aurkeztu beharko dute: zerbitzu-harremana hasten duten zerga-ekitaldian eta aurre-aurreko ekitaldian errenta eta ondarea zergapetzen dituzten eta legez egin behar izan dituzten zerga-adierazpenen kopia soila. Urtero-urtero, hurrengo ekitaldietan egiten dituzten zerga-adierazpenen kopia soila aurkeztu beharko dute. Gainera, nahi izanez gero, zerga horiei buruzko ezkontideen edo izatezko bikotekideen adierazpenak ere aurkeztu ahalko dituzte.

3.– Zerbitzu-harremana hasten den egunetik edo bukatzen den egunetik, hilabeteko epea egongo da ondare-ondasunen eta -eskubideen adierazpena egiteko, eta epe bera egongo da, lehendik adierazitakoaren edukian ezer aldatzen bada, halako adierazpena egiteko, erregelamenduz xedatzen den moduan. Betebehar bera ezartzen da zerbitzu-harremana bukatu eta hurrengo bi urteetarako.

22. artikulua.– Ondare-mugak sozietate-partaidetzetan.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoarekin edonolako itun edo kontraturik daukaten enpresetan, edo enpresa horiekin azpikontratuak dauzkaten enpresetan, edo arlo publikoko edozein erakundetatik diru-laguntzak jasotzen dituztenetan, lege honen aplikazio-eremuan dauden kargu publikoak betetzen dituztenek ezin dute eduki, ez zuzenean ez zeharka, % 10 baino partaidetza handiagoa, ez beren kasa, ez ezkontidearekin batera –ezkontza-eraentza edozein delarik ere–, ez izatezko bikotearekin batera, ez eta menpeko seme-alabekin edo tutoretzapeko beste inorekin batera ere.

2.– Merkataritza-sozietateetan, dagokion sozietatearen kapital sozial harpidetua 600.000 euro baino gehiago bada, edo aurrekontuen legeetan ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada, aurreko paragrafoko debekua aplikagarri izango zaie aipatutako subjektuei baldin eta horiek biltzen dituzten partaidetzek, % 10 ez izanagatik ere, enpresaren kapitalean posizioa nahikoa badute haren jarduna nabarmen baldintzatzeko.

3.– Kargu publikodun bat artikulu honetan debekatutako ondare-egoeran badago, izendatzen dutenetik hiru hilabeteko epea izango du alde batera uzteko aurreko paragrafoetan ezarritako mugak gainditzen dituzten partaidetzak. Debekatutako ondare-egoera horretara karguan dagoela iristen bada, oinordetzaz edo doako beste titulu baten bidez, ondarea eskuratzen duenetik hiru hilabeteko epean ere utzi beharko ditu ezarritako mugak gainditzen dituzten partaidetzak.

4.– Bai artikulu honetan araututako ondare-egoerak bai partaidetza-eskualdaketak Pertsonalaren Erregistroan deklaratu beharko dira, Jardueren eta Ondare Ondasunen eta Eskubideen Erregistroan haien idatzoharra egiteko.

23. artikulua.– Baloreak eta finantza-aktiboak kontrolatzea eta kudeatzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko kargudunek merkatu antolatu bateko balore eta beste finantza-aktibo negoziagarri batzuk jaulkitzen dituzten merkataritza-sozietateak arautzeko, ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskumenak dituzten karguak betetzen badituzte eta sozietate horietako baloreek edo finantza-aktiboek loturaren bat badute kargudunek berek edo haiengandik bananduta ez dauden ezkontideek –ezkontzaren ondasun-eraentza ondasunen bananketako eraentza ez bada– edo menpeko seme-alaba adingabeek edo tutoretzapeko pertsonek titular gisa dituzten balore eta finantza-aktiboekin, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean erregistratutako finantza-entitate bat kontratatu beharko dute balore eta finantza-aktibo horiek kudeatzeko eta administratzeko baldin eta haien zenbatekoa 100.000 euro baino gehiagokoa bada, kargua hartu deneko egunaren aurreko hiruhileko batez besteko kotizazioaren arabera kalkulatuta.

2.– Kontratatutako finantza-entitateak kontratuan ezarritako errentagarritasun- eta arrisku-jarraibideak baino ezin izango ditu kontuan hartu balore eta aktiboak kudeatu eta administratzeko, eta ezin izango die inbertsiorako jarraibiderik eskatu aurreko zenbakian aipatuta dauden pertsonei, ezta haiengandik horrelakorik jaso ere. Orobat debeku da inbertsioen osaera haiei jakitera ematea, non eta ez diren inbertsio kolektiboko erakundeak edo non eta, arrazoi justifikatu bategatik, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak ez duen baimena ematen.

3.– Finantza-entitatearekin sinatutako kudeaketa- eta administrazio-kontratuaren kopia soil bat Pertsonalaren Erregistroan aurkeztuko da, haren idatzoharra egiteko eta ondare-ondasunei eta -eskubideei buruz egindako adierazpenarekin batera artxibatzeko.

V. KAPITULUA
LEGEAN EZARRITAKO BETEBEHARREN KUDEAKETA ETA KONTROLA

24. artikulua.– Interes-gatazken espedienteak kudeatzeko ardura duen organoa.

1.– Funtzio Publikoaren Zuzendaritzako Pertsonalaren Erregistroko Zerbitzua arduratuko da kargu publikoen katalogoaren, bateraezintasun-araubidearen eta lege honetan kargu publikodunei ezartzen zaizkien betebeharren kudeaketa administratiboaz. Era berean, organo horri dagokio Jardueren eta Ondare Ondasunen eta Eskubideen Erregistroa eramatea, eta artxibatutako eta idatzitako dokumentu eta datuen zaintzaz eta segurtasunaz arduratuko da.

2.– Pertsonalaren Erregistroak autonomia osoz jardungo du interes-gatazkei buruzko espedienteen kudeaketarekin zerikusia duten gaietan.

3.– Interes-gatazkei buruzko espedienteak izapidetzen dituzten Pertsonalaren Erregistroko enplegatu publikoek beren eginkizunak betetzean ezagutzen dituzten datu eta informazioei buruzko sekretua gordetzeko betebehar iraunkorra izango dute.

25. artikulua.– Jardueren eta Ondare Ondasunen eta Eskubideen Erregistroa.

1.– Jardueren eta Ondare Ondasunen eta Eskubideen Erregistroa sortzen da, lege honetan kargu publikodunei ezartzen zaizkien adierazpen eta betebehar dokumentalak gordailutu, artxibatu, zaindu eta inskribatzeko, eta, behar izanez gero, haiei buruz informatzeko eta haiek egiaztatzeko.

2.– Erregelamenduz zehaztuko dira erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua. Betiere, datuen aldaezintasuna eta iraupena bermatuko dituen kudeaketa dokumentaleko sistema batean oinarritu beharko da, eta datuak eskuratzean eta erabiltzean bermatu behar den segurtasunaren arabera eratuko da.

26. artikulua.– Atalak.

1.– Erregistroak bi atal izango ditu: Jardueren Atala eta Ondare Ondasunen eta Eskubideen Atala.

2.– Jardueren Atalean, lege honen 20. artikuluan arautzen diren adierazpenak erregistratuko dira. Atala izaera publikokoa da eta haren edukia eskuratzea, betiere, Erregistroaren antolaketako eta funtzionamenduko erregelamenduzko arauan ezartzen diren baldintzetan eta prozeduraren arabera ezarriko da, eta arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa; 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa; azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 37. artikulua; lege hau, eta aipatutako legeen garapeneko kasuan kasuko arauak.

3.– Ondare Ondasunen eta Eskubideen Atalean, lege honen 21. artikuluan arautzen diren adierazpenak eta haiei erantsitako dokumentazioa erregistratuko dira. Atala izaera erreserbatukoa da, eta haren edukia kontsultatzeko aukera, Erregistroaren antolaketako eta funtzionamenduko erregelamenduzko arauan ezartzen diren baldintzetan eta prozeduraren arabera, honako pertsona, organo eta erakunde hauek bakarrik izango dute:

a) Adierazpena egin zuen pertsonak, edozein kasutan.

b) Karguduna organikoki mendeko duen sailburuak, kargudun horrena bada eskuratu nahi den adierazpena edo dokumentazio osagarria, eta soilik lege honetan ezarritako aginduak betetzeko, betetzea berari egotzi bazaio, eta hala dela egiaztatzen badu datuak eskuratzeko eskabidean.

c) Gobernu Kontseiluak, aurreko b) idatz-zatian ezartzen diren kasu beretan eta muga berdinekin.

d) Legebiltzarrak eta, zenbait kasutan, ikerketako legebiltzar-batzordeek, Legebiltzarraren Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, datu pertsonalen izaera erreserbatua bermatuko duen prozedura baten bitartez, harik eta datuok behin betiko legebiltzar-egintza batean agertzea ezinbesteko ez den arte. Datuak jendaurrean ezagutaraztea ekarriko duen egintza edo prozedura batean txertatu behar hori aldez aurretik balioetsiko edo adieraziko da, ikerketa-batzordeko lehendakariaren ebazpen espresu baten bitartez, edo Legebiltzarreko Lehendakaritzaren ebazpen baten bidez, Mahaiak erabaki ondoren, gainerako kasuetan.

e) Zehapen-espediente batean aurretiazko informazioko edo instrukzioko eginkizunak betetzen dituenak, lege honen 30 eta 31. artikuluetan ezarritakoaren arabera, datu eta informazioen izaera erreserbatua gordeko du bere jardunean, harik eta bere eginkizuna betetzeko hori posible den bitartean. Betiere, ebazpen arrazoitua beharko da, datu horien publizitatea gerta litekeen prozedura edo egintza batean txertatzeko.

4.– Organo judizialek eta Fiskaltzak ere eskura izango dute Jardueren eta Ondare Ondasunen eta Eskubideen Erregistroan bildutako informazioa, beren eginkizunak betetzeko eta legeria prozesalarekin bat etorrita.

27. artikulua.– Egiaztapena eta informazioa.

1.– Lege honetako 24. artikuluan aipatzen den Pertsonalaren Erregistroak zainduko du kargudunek betetzen dituztela lege honetan ezartzen diren jardueren eta ondare-ondasunen eta eskubideen adierazpenak aurkezteko betebeharrak, eta, beharrezko denean, betebehar horiek betetzeko eskatuko du, eta horretarako, 10 eguneko epe luzaezina emango du. Era berean, lege honetan ezarritako adierazpenak eta dokumentazioa jasoko ditu, eskakizun formalak betetzen direla egiaztatuko du, eta atzematen dituen akatsak zuzentzeko eskatuko.

2.– Eusko Jaurlaritzak, sei hilean behin, informazioa bidaliko du Legebiltzarrera, kargu publikodunen lege honetako betebeharren betetze-mailari buruz.

3.– Informazio horrek, gutxienez, honako hauei buruzko datuak bilduko ditu: adierazpena egitera behartuta dauden kargudunen kopurua, Erregistroan ageri diren adierazpenen kopurua, atalka sailkatuta, kargutik kentzea dela-eta egiten diren adierazpenak eta eginbehar horiek epearen barruan ez betetzea dela-eta egin diren errekerimenduen kopurua.

4.– Baldin eta zehapen-prozeduraren bat ebatzi izan balitz, zehatzeko ebazpenaren kopia bidaliko zaio Eusko Legebiltzarreko Mahaiari.

VI. KAPITULUA
ZEHAPEN ARAUBIDEA

28. artikulua.– Arau-hausteak.

1.– Lege honetan ezarritakoaren aurkako arau-hauste oso larriak dira:

a) Kargu publikodunen jokabide-kodean agintzen duten printzipio orokorrak, II. kapituluan aipatuak, ez betetzea.

b) Kargu publikodunen bateraezintasun-araubide materiala, III. kapituluan aipatua, ez betetzea.

c) Datu edo dokumentu faltsuak dituzten adierazpenak aurkeztea.

d) Lege honetako 22. artikuluan sozietate-partaidetzei buruz ezartzen diren ondare-betebeharrak ez betetzea.

e) 23. artikuluan aipatzen diren betebeharrak, merkatu antolatu batean negoziagarri diren baloreak eta beste finantza-aktibo batzuk kudeatzeari buruzkoak, ez betetzea.

f) Parte ez hartzeko betebeharra ez betetzea, hori bidezko denean.

2.– Arau-hauste larriak dira:

a) Jarduerak edo ondare-ondasun eta -eskubideak Erregistroan ez adieraztea, hori egiteko errekerimenduaren ondoren.

b) Lege honetan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharrekoak diren datu eta dokumentuak nahita ez aurkeztea.

3.– Arau-hauste arintzat jotzen da jarduerak edo ondare-ondasunak eta -eskubideak Erregistroan ez adieraztea ezarritako epeetan, horretarako egiten den errekerimenduaren ondoren zuzentzen bada.

4.– Jardueren edo ondare-ondasun eta -eskubideen adierazpena ez aurkeztea ez da arau-hauste izango, Pertsonalaren Erregistroak errekerimendua egin ondoren, akats hori horretarako emandako epean zuzentzen denean.

29. artikulua.– Zehapenak.

1.– Arau-hauste oso larriak eta larriak honela zehatuko dira: legea ez betetzeari buruzko adierazpena eginez eta adierazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.

2.– Arau-hauste oso larriari dagokion zehapenak, era berean, honako hau eragingo du:

a) Kargu publikotik kendua izatea, non eta dagoeneko ez den kargua utzi.

b) Kargu publikoa betetzeagatik dagokion pentsioa, kalte-ordaina, prestazio ekonomikoa edo harkizun ekonomikoa jasotzeko eskubidea galtzea, osorik edo zati batean.

c) Behar ez bezala jaso diren diru kopuruak itzultzeko betebeharra. Kopuru hori ehuneko hamarreraino gehituko da, baldin eta itzulketa zehapen-espedientearen ebazpena jakinarazi eta ondorengo hilean egiten ez bada. Itzultze-ezagatiko gehikuntza hori honako hauei jarraiki zehaztuko da: itzultze-ezaren arrazoiak, itzulketa gauzatzeko erakutsi den prestasuna eta igaro den atzerapen-denbora.

d) Lege honetako 2. artikuluan sartutako edozein kargu publiko betetzeko desgaikuntza 5 urtetik 10erainoko aldi batean.

Aurreko letran aurreikusitako neurria mailakatzeko, lege honetan zehaztutako jarduera- edo jokabide-printzipioak ez begiratze hori nolakoa izan den ebaluatuko da, bai eta interes publikoari kalterik eragin ote zaion, jokabide horrek herritarrengan izan duen eragina eta, hala balegokio, bateraezinak diren jarduera publikoetan aritzeagatik diru-kopururik bidegabeki jaso ote den.

3.– Kapitulu honetan xedatutakoa gainerako erantzukizunengatik dagozkion betebeharren kalterik gabe ulertu behar da, baldin eta beste erantzukizunik balego. Horrela bada, beste erantzukizun batzuen zantzurik izanez gero, Gobernuaren zerbitzu juridiko zentralei aginduko zaie dagozkion akzioak balia ditzaten.

4.– Arau-hausteak delitu edo zigor arloko hutsegite izan badaitezke, Administrazioak Fiskaltzari jakinarazi beharko dizkio egitateak, eta bere esku dituen agiri guztiak eman beharko dizkio hari; halaber, prozedura bertan behera utziko du harik eta epaileak prozesu penala amaiarazten duen ebazpena eman artean.

5.– Lege honetako 18. artikuluko 5. paragrafoan aurreikusitako kasuan, enpresa, sozietate edo erakundeak artikulu horretako 1. paragrafoan ezarritakoa hautsi duen pertsonaren kontratazioarekin jarraitzen badu, lege hau ez betetzeari buruzko adierazpenak berekin ekarriko du enpresa edo sozietateak Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoarekin kontratatzeko debekua, kontratatutako pertsona enpresako antolakundean dagoen bitartean, eta, gehienez ere, bi urte iraungo du debeku horrek, kargu publikotik kentzen dutenetik.

6.– Arau-hauste arinei dagokien zehapena ohartarazpena da.

30. artikulua.– Aurretiazko informazioak.

1.– Lege honetako 24. artikuluan aipatzen den organoak, zehapen-espediente bat hasi baino lehen, informazioa biltzeko isilpeko jarduketak gauzatu ahal izango ditu, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 69. artikuluan zehaztutako baldintzetan, espediente hori hasteko arrazoirik ba ote den ikuste aldera. Interesdunari jakinarazi beharko zaio jarduketa horiek hasi direla, eta bidezko iritzitako ekarpenak aurkezteko aukera ere emango zaio.

Halaber, organo horrek, lege honetan agindutakoa ez betetzea dela-eta salaketak aurkezten badira, aztertu egingo ditu salaketok.

2.– Aurretiazko informazioen emaitzarekin, Pertsonalaren Erregistroak txosten bat prestatuko du funtzio publikoaren arloan arduradun den saileko titularrarentzat, eta hark ebazpen arrazoitu bat emango du, jardundakoa behin betiko artxibatzeko edo, bestela, espedientea irekitzeko aginduz. Erasandako karguduna Jaurlaritzako kide bat bada, Jaurlaritzari egokituko zaio espedientea irekitzeko agindua ematea, aipatutako sailburu horrek proposatuta.

31. artikulua.– Zehapen-prozedura.

1.– Pertsonalaren Erregistroari dagokio zehapen-espedienteen instrukzioa egitea.

2.– Prozedura aldebiko espediente baten bidez gauzatuko da, erregelamenduz ezarriko den eran, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritako printzipioen arabera eta lege honetan ezarritako printzipioen arabera.

3.– Izaera publikoko fitxategi, artxibo edo erregistroek, eta bereziki zerga-administrazioetakoek eta Gizarte Segurantzako entitate kudeatzaileetako eta zerbitzu komunetakoek, informazioa, datuak eta laguntza emango dizkiote instrukzio-organoari, eskatzen dituenean, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, eta, hala izatera, zerga-araudian eta aplikagarri den gainerako legerian ezarrita dagoen moduan.

32. artikulua.– Zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

1.– Zehapen-prozedura hastea agintzeko eskumena funtzio publikoaren arloan eskumena duen saileko buruari dagokio, erasandako kargu publikoduna Jaurlaritzako kidea denean izan ezik, orduan Jaurlaritzari berari baitagokio prozedura hastea.

2.– Dagozkion espedienteen instrukzioa lege honetako 24. artikuluan aipatzen den organoak egingo du.

3.– Legearen ez-betetzea Jaurlaritzako kideren batek egina bada, lehendakariari egokituko zaio zehapen-espedientea ebaztea, Gobernu Kontseiluari informazioa eman ondoren.

4.– Gobernu Kontseiluari dagokio hutsegite oso larriak eta larriak zehatzea. Hutsegite arinak zehatzea funtzio publikoaren arloan eskumena duen saileko buruari dagokio.

5.– Ezarritako zehapenak Legebiltzarrari jakinaraziko zaizkio.

33. artikulua.– Preskripzioa eta iraungipena.

Zehatzeko prozeduraren preskripzio- eta iraungipen-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa izango da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lurralde historikoak.

1.– Lurralde historikoetako foru-aldundietan eta haien sektore publikoan diharduten kargu publikodunen jokabide-kodea eta bateraezintasun-araubidea dagokien araudian ezarritakoa izango da.

2.– Hala ere, kargudun horiei honako hauek aplikatuko zaizkie: 5. artikuluan, 6. artikuluan (6. paragrafoa izan ezik), 7. artikuluan eta 8. artikuluan ezarrita dauden jarduera- eta jokabide-printzipioak, 9. artikuluan eta 10. artikuluan (1, 2 eta 7. paragrafoetan) dauden interes-gatazkari buruzko arauak eta, haien araudian zehazten diren baldintzetan, arduraldi esklusiboari eta ordainsari bakarrari dagozkien printzipioak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Toki-erakundeak.

Toki-erakundeetako kideei 5. artikuluan, 6. artikuluan (6. paragrafoa izan ezik), 7. artikuluan eta 8. artikuluan ezarritako jarduera- eta jokabide-printzipioak aplikatuko zaizkie.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arartekoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

Eusko Legebiltzarrak, Arartekoaren Erakundeari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokienez, lege honetan arautu diren erregistroen sorrera bermatuko du bere administrazio-zerbitzuez baliatuta eta gainerako prozedurak arautuko ditu.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bateraezintasunen iraupena.

1.– Zenbait kargu publikorentzat haien eginkizunen berezitasuna dela-eta ezarritako bateraezintasun edo betebeharren iraupenari kalterik egin gabe aplikatuko dira lege honetako aginduak.

2.– Halaber, lege honetan abstentzio eta inhibiziorako arrazoien inguruan ezarritako aginduak aplikatzeak ez du eragotziko zenbait kargu publikoduni beren eginkizuna betetzen duten postu edo organoagatik dagozkien bateraezintasun edo betebeharrek beren hartan irautea, haien araubidea zorrotzagoa baldin bada.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Izendapenak komunikatzeko betebeharra.

Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten erakunde eta sozietateek lege honetako 24. artikuluan aipatzen den organoari jakinarazi beharko dizkiote egiten dituzten izendapen edo kargu-emateak, baldin eta lanpostu haien titularrak kargu publikodunaren izaera badu, lanpostu horiek lege honen aplikazio-eremuan bilduta egoteagatik.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Sekretu-betebeharra haustea.

Aldatu egiten da Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 83. artikuluko e) idatz-zatia. Aurrerantzean honela geratuko da idatzita:

«e) Legez sekretu ofizialekotzat aldarrikatu edo horrelakotzat sailkatuak izan direnak argitaratzea edo horietaz behar ez bezala baliatzea, bai eta beren eginkizunak Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legeko 24. artikuluan aipatzen den organoan eta Jardueren eta Ondare Ondasun eta Eskubideen Erregistroan betetzerakoan ezagutzen dituzten datu eta informazioei buruzko sekretua gordetzeko betebeharra ez betetzea ere, betebehar hori kargu publikodunen bateraezintasunen arloko legerian ezarrita baitago».

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lege hau indarrean sartu aurretik izendatu ziren kargu publikodunen adierazpenak berritzea.

Gaur egun lege honetan aipatutako kargu publikoak betetzen ari direnek sei hilabeteko epea izango dute, 4. artikuluan aipatutako katalogoa onartzen denetik, lege honetan ezarritakoarekin bat datozen jardueren eta ondare-ondasun eta -eskubideen adierazpenak aurkezteko.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Legeak aldez aurretik baimendutako bateragarritasunak.

1.– Lege honetako 24. artikuluan aipatzen den organoak aztertuko ditu lege hau indarrean sartu baino lehenago jarduerak gauzatzeko eman ziren bateragarritasuneko baimen guztiak, baimen horiek lege honetan bildutako aginduetara egokitzen direla egiaztatzeko.

2.– Baldin eta irizten bazaio honako lege hau indarrean sartu aurretik bateragarri moduan baimenduta zegoen jardueraren bat lege honetan ezarritakoaren aurkakoa dela, idatzi arrazoitu bat bidaliko dio erasandako interesdunari, eta epe bat emango dio, hark egoki iritzitakoak aurkez ditzan. Jardundakoaren ondoren, irizpide berari eusten badio, hau da, aurretik baimendutako jarduera ez dela bateragarria lege honen arabera, horri buruzko txostena aurkeztuko dio 19. artikuluan ezarritakoaren arabera eskumena duen organoari. Hark, gerora sortutako bateraezintasuna adieraziko du, eta adierazpen horrek interesdunari jakinarazten zaionetik izango du eragina.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Erregelamenduzko xedapenen indarraldia.

Harik eta lege hau erregelamenduz garatzen ez den arte, indarrean jarraituko dute, lege horren aurka ez doazen puntu guztietan, arau hauek:

a) 129/1999 Dekretua, otsailaren 23koa, Jaurlaritzako kideen, Administrazioko goi-kargudunen eta zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sozietate publikoen zuzendaritza-taldekideen jarduerak eta ondarezko eskubide-ondasunak adieraztea eta erregistratzea arautzeko dena.

b) 130/1999 Dekretua, otsailaren 23koa, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzeko dena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira lege honen aurka egiten duten maila bereko edo beheragoko arau guztiak eta, bereziki, abenduaren 20ko 32/1983 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoan Herri Jardunean Aritzeagatikako Elkartuezinei buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– 18. artikulua aplikatzea.

Lege honetako 18. artikulua aplikagarri izango zaie lege hau indarrean sartu ondoren izendatzen diren kargu publikodunei.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean sartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 30a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala