Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2014ko uztailaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2987

EBAZPENA, 2011ko maiatzaren 24koa, Ingurumeneko sailburuordearena, hondakin ez-arriskutsuen zabortegi proiekturako ingurumeneko baimen bateratua ematen duena, Ortuellako udalerrian (Bizkaia) Garbiker AB (SA)k sustatua.

AURREKARIAK

2009ko azaroaren 30ean, Mikel Huizi Leiza jaunak, Garbiker AB (SA) enpresaren izenean eta ordezkaritzan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Ortuellako udalerrian (Bizkaia) hondakin ez-arriskutsuen zabortegi proiekturako. Eskaerarekin batera honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– «Orconerako (Ortuella-Bizkaia) hondakinen zabortegi kontrolatua zigilatzeko eta ingurumena berreskuratzeko proiektua» (2009ko azaroa).

– Txostena: «Orconerako zabortegi kontrolatuaren eta hari erantsitako meatze-putzuaren egonkortasunaren kontrola. Instrumentazioa eta auskultazioa 2005eko otsailetik 2009ko urrirako denboraldian» (2009ko azaroa).

– Txostena: «Geosintetikoen instalazioko kontrola eta kalitate-bermea Orconerako (Bizkaia) zabortegi kontrolatuan. Lixibiatuen putzua berriro instalatzea eta inpermeabilizazioa sendotzea. Instalazio-ziurtagiria.»

Erreferentzia-baimena eskatzeko orduan, Garbiker AB (SA) enpresak, besteak beste, irekitzeko lizentzia zuen, Ortuellako Udalak 1996ko uztailaren 23an emanda.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2011ko otsailaren 17an emandako ebazpenaren bidez, Garbiker AB (SA) enpresak sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2011ko martxoaren 24an.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluek arautzen dutena betez, 2011ko maiatzaren 9an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Ortuellako Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, espedientean ageri den emaitza jasoz.

2011ko maiatzaren 11n, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Garbiker AB (SA) enpresaren esku utzi zuen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egindako ebazpen-proposamena erantsita.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, baimen honetan sartzen dira, 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatu ez arren, lege horren aplikazio-eremukoak diren jardueren instalazioetan gauzatzen diren eta jarduera horrekin zerikusi teknikoa duten ekoizpen-elementu eta -linea guztiak.

16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumeneko baimen bateratua behar dute 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. Legearen 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplikatu behar den instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten Herri Administrazioen artean koordinatutako prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen araudiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bilduko dira. Garbiker AB (SA) enpresaren kasuan, baimen hauek behar ditu, ingurumen-arloko beste zehaztapenen artean: atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak igorriz.

16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak jarduera sailkatuetarako udal-lizentziaren prozedura ordezkatzen du, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuan aurreikusten zena; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua udal agintarientzat loteslea izango da, baldin eta lizentzia ukatzeko edo neurri zuzentzaileak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Garbiker AB (SA) enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak; horiez gain, espedientean sartu dira Ortuellako Udalaren txostenak.

Azkenik, instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak.

Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen-proposamena sinatu eta Garbiker AB (SA) enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da, eta organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako araudiaren 13. artikuluan eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuko 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Arau hauek arautzen dutena kontuan hartu da: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2011ko maiatzaren 10ean emandako ebazpen-proposamena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea; Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplika daitekeen gainerako araudia. Eta, ondoren, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Helbide soziala Bilbao udalerriko (Bizkaia) Kale Nagusiko 44. zenbakian eta IFK: 48.212.567 duen Garbiker AB (SA) enpresari ingurumeneko baimen bateratua ematea Ortuellako udalerriko Orconera auzoan (48530) hondakin ez-arriskutsuen zabortegirako, ebazpen honen bigarren atalean ezarritako baldintzekin.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskineko 5.4 kategorian sartuta dago jarduera: «Mota guztietako hondakinen zabortegiak, egunean 10 tonatik gora hartzen dituztenak, edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera dutenak, hondakin geldoen zabortegiak izan ezik».

Garbiker AB (SA) enpresaren jarduera hondakin ez-arriskutsuen zabortegi baten mantentze-lanak egitea eta hura itxi ondorengo kontrola egitea da.

Zabortegia Ortuellako udalerrian dago, Orconera eta Cadegal auzoen artean, eta 165.600 m2-ko azalera du.

Zabortegia kokatuta dagoen erregistro-partzelak erreferentzia hau du:

Zenbakia: 3987. Liburukia: 1328. Liburua: 85. Orria: 189. Inskripzioa: 1. Partzela: S-1.

Garbiker AB (SA) enpresak zabortegia ustiatzeko lanak egiten ditu, bai eta zabortegiko azpiegituren mantentze-lanak ere.

Instalazioa honela dago sailkatuta: hondakin ez-arriskutsu mistoetarako zabortegia (funtsean, hondakin organiko edo biodegradagarriak nahiz hondakin ez-organikoak dira) (B3 azpikategoria),·otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena. Gaur egun, zabortegian ez da hondakinik hartzen.

Instalazioan, hondakin lixibiatuak sortzen dira gehienbat, eta kanpoko araztegi batera eramaten dira kudeatzeko.

Bigarrena.– Garbiker AB (SA) enpresak Ortuellako udalerrian sustatutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren jarduera ustiatzeko baldintza eta eskakizun hauek ezartzea:

A) Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da seiehun mila (600.000) euroko zenbatekoaz, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo haien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatutako ingurumena konpontzeko eta berreskuratzeko kostuak.

Garbiker AB (SA) enpresak erantzukizun zibileko asegurua eguneratu izanaren ziurtagiria igorri behar du urtero Ingurumen Organora, eta polizan edozein aldaketa gertatu bada, ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio. Gainera, kontratatutako aseguru berria osatzen duten baldintza orokor, berezi eta berariazkoen kopia ere igorriko da.

B) Sustatzaileak finantzen azterketa eguneratua aurkeztu beharko du, eta, bertan, honako hauek adieraziko dira: instalazioa ezartzeko eta ustiatzeko kostuak; A puntuan (erantzukizun zibileko asegurua) ezarritako bermeetatik eratorritako gastuak; zabortegia ixteak eta ondorengo 30 urteko aldirako mantentze-lanek eragindako kostuak; eta baimen honetan ezarritako eskakizun guztien kostuak ere, neurri babesleak eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa betetzeari buruzkoak, bai eta inplementatuko den instalazioaren kostua ere, D.3.4 atalean ezarritakoaren arabera. Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

Finantzen azterketa horretan, gastuek eta diru-sarrerek partidaka eta urteka xehatuta egon beharko dute, aurreikusitako ustiapen-planarekin bat etorriz.

Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 14. artikuluaren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera, Organo horrek hiru urtean behin eguneratuko du fidantza, prezioen indize orokorraren aldaketaren arabera, eta fidantza eratzen den egunean indarrean dagoen indizea hartuko da oinarritzat.

C) Garbiker AB (SA) enpresak instalazioaren eta Administrazioarekiko harremanen arduradun teknikari bat izendatu beharko du. Izendapen horiek Garbiker AB (SA) enpresaren legezko ordezkari batek eta izendatutako pertsonak sinatutako dokumentu batean jasoko dira, eta datu hauek erantsiko dira: izen-abizenak, NAN, harremanetarako helbidea eta prestakuntza teknikoa. Garbiker, AB (SA) enpresak aipatu izendapen horiek Ingurumen Organoari jakinaraziko dizkio.

D) Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Organoan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira, indarrean den araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Obra-faseko baldintza orokorrak.

D.1.1. Jarduketa-eremua mugatzea.

a) Obrak eta lurzoruaren okupazioa ekartzen duten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan garatuko dira. Ahalik gehiena murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa aipatutako mugetatik kanpo.

b) Adierazitako eremu horretatik kanpo ustekabeko kalteren bat sortuz gero, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honen D.1.7 atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

c) Obrarako sarbideak, makinak gordetzeko guneak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi batean metatzeko guneak proiektatzean, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan. Obrak hasi aurretik, aurreko alderdiak xehetasunez adierazten dituen mugaketa egingo da kartografian. Mugaketa hori obra-zuzendaritzak onartu beharko du, ebazpen honen D.1.7 atalean aipatzen den ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.2.– Lurzorua eta urak babesteko neurriak.

a) Obrako makinak edukitzeko eta horien mantentze-lanak egiteko tokia drainatze naturaleko saretik bereiziko da. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez dezaten. Ezin izango da erregairik zamatu, oliorik aldatu eta tailerreko lanik egin adierazitako gunetik kanpo.

b) Eraikuntza-lanak egin bitartean, ahalik material xehe gutxiena bota behar da drainatze naturaleko sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta egingo dira, obren ondorioz kutsatutako urak bertan biltzeko.

D.1.3.– Hauts-isurtzeak gutxitzeko neurriak.

a) Obrak dirauen artean, bideak eta ibilgailuak igarotzeko beste lekuak garbitzeko kontrol zorrotza burutuko da, bai obrek erasandako ingurunean, bai horietarako sarbideetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema bat eduki beharko da.

b) Obra-guneetako irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak izango dira. Gailu horien ezaugarriak eta kokaleku zehatza ebazpen honen E.1.8 puntuak aipatzen duen agirian jaso beharko dira.

D.1.4.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.

Eraikuntza-fasean, proiektuan eta Ebazpen honetan deskribaturiko neurriak aplikatu beharko dira, makineriaren baldintzei dagokionez, aire zabalean erabiltzeko makinek ingurunean egiten dituzten soinu-igorpenak, haien mantentze-lanak eta lan-ordutegiak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak ezarritakoa betetzeko (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu zuen Errege Dekretu hori).

D.1.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak, Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean, eta aplikatzekoak diren berariazko araudietan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

b) Obran sortutako hondakin guztiak, haien baliotzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, hondakin-balorizatzaile baimendu bati igorri beharko zaizkio. Kasu honetan soilik ezabatu ahal izango dira hondakinak: aldez aurretik behar bezala egiaztatzen bada ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikaren, ekonomiaren edota ingurumen aldetik.

c) Zabortegira bideratu behar diren berrerabili edo baliotu gabeko materialak zabortegietan hondakinak onartzeko irizpide eta prozeduren arabera kudeatu behar dira.

d) Betelanak egiteko edo lurra egokitzeko hondakinak kudeatzeko, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoa jarraituko da.

e) Hondaketa-soberakinetarako betelan bat sustatu nahi bada, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoa betez, dagokion betelan-proiektua idatzi beharko da, Udalaren edo Organo honen lizentzia lortzeko, arau horretako 26. artikuluan ezartzen denaren arabera.

f) Olio erabiliak ondorengo araudiei jarraituz kudeatuko dira: irailaren 29ko 259/1998 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko olio erabilien kudeaketa arautzen duena, eta ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duena.

Olio erabiliak kubeta edo segurtasun-sistema barruko andeletan biltegiratuko dira aldi baterako, kudeatzaile baimenduak jaso arte, andel nagusia hausteagatik edo estankotasuna galtzeagatik olioak sakabanatzea saihesteko. Horretarako, kontratistak berak dituenak edo Garbiker AB (SA) enpresak Orkonerako zabortegiko instalazioetan dituenak erabiliko dira.

g) Hondakinak kudeatzeko araudia betetzea errazteko, lan guztietan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren ildotik, gune espezifiko bat prestatuko da, eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) aldi baterako gordeko dituzten instalazio estaliak; horietatik bereizita, edukiontzi espezifikoak jarriko dira hondakin ez-arriskutsu eta geldoentzako. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurketa edo lurrunketa direla-eta edukia ez galtzeko. Era berean, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, eta abar) instalatuko dira obran zehar, eta izaeraren arabera bereiziko dira. Hori guztia, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu aurretik egingo da, eta horretarako, kontratistak dituenak edo Garbiker AB (SA) enpresak Orkonerako zabortegiko instalazioetan dituenak erabiliko dira.

D.1.6.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obrak bukatu ondoren, eremua ondo garbitu beharko da, proiektuaren eragin-eremutik obra-hondakin guztiak kenduz.

D.1.7.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du obra-zuzendaritzak. Baldintza-agiriak obraren zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak emateko, aldez aurretik aholkularitza ematen duten adituek egindako txostena aztertu beharko da.

D.1.8.– Lan-programa diseinatzea.

Kontratistak ekintza-proposamen xehatu batzuk egin beharko ditu ondorengo azpiataletan adierazitako alderdiei buruz. Proposamen horiek, ebazpen honetan kasu bakoitzerako ezartzen diren irizpideen arabera diseinatuko dira eta obra-zuzendaritzak espresuki onetsi beharko ditu, aurreko atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak aurrez txostena eginda. Ondoren lanak burutzeko programan txertatuko dira. Hauek dira agiriak:

a) Kontratistaren instalazio-eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak eta gaiak aldi baterako biltegiratzeko elementuei buruzkoak, ebazpen honen D.1.1 atalean agintzen denaren arabera.

b) Kartografian xehetasunez adieraztea intereseko landaredi-guneak, ebazpen honen D.1.2 atalak adierazitakoak, baldin eta haietan ez bada okupazio zuzenik egingo.

c) Ebazpen honen D.1.3 atalean adierazten diren solido esekiak atxikitzeko elementuen xehetasunak eta kokapena.

d) Ebazpen honen D.1.4 atalean aurreikusitako ibilgailuak garbitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena.

D.1.9.– Obran jardunbide onak egiten direla kontrolatzea.

Obrak egin bitartean jardunbide egokiak egiten direla kontrolatuko da, eta arreta berezia jarriko zaie eragindako azalerari eta ingurune urtarraren babesari, hondakinen kudeaketari (hondeaketako soberakinak barne), solido esekiei eusteko elementuen funtzionamenduari, egiten den hautsari eta zaratari, eta ebazpen honetan adierazitako gainerako alderdiei.

D.1.10.– Obra-amaierako txostena.

Obra bukatu eta hilabeteko epean, obra-zuzendaritzak sinatutako obra-amaierako ziurtagiria bidali behar dio Garbiker AB (SA) enpresak Ingurumen Organoari. Agiri hauek jaso behar ditu:

– Obrak egitean sortu diren intzidentziak.

– Ebazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaileen betetze-maila, eta hondeaketa-materialen kudeaketa zuzena gauzatzeko ingurumen-organoak agindutako neurriena.

– Obrak egin bitartean egin diren aldaketak, baldin eta halakorik egin bada. Xehetasunez azaldu behar dira aldaketa horiek agirien bidez, eta agiri horien artean jaso behar dira aldaketek segurtasunari edo ingurumen-babesari kalterik egin ez diotela egiaztatzekoak (beharrezkoa den kasuetan, hori justifikatzen duten kalkuluak emango dira). Horiez gainera, «as built» planoak jasoko dira.

– Obrak egitean bete den ingurumen-zaintzako programaren emaitzen txostena, hondeaketa-materialen azken norako zehatza eta haien kopurua adierazita.

– Eraikitze-kalitatearen berme-kontrolaren emaitzak jasotzen dituen txostena, eta, bereziki, geosintetikoen instalazioarena eta lekuan trinkotutako material mineralekin egindako hesi geologiko artifizialen instalazioarena.

D.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.2.1.1.– Gasen karakterizazioa eta haiek kudeatzeko proposamena.

Sustatzaileak agiri hauek aurkeztu behar ditu ebazpen hau eman ondorengo sei hilabeteko epean:

– Putzuetako gasak karakterizatzeko analisiak eta hiri-izaerakoak ez diren hondakin geldoen geletan biltzen diren gasenak. Kontrol-erakunde baimendu batek egin behar ditu analisi horiek, eta parametro hauek erregistratuko ditu: eguna eta ordua, emaria, CH4, CO2, O2, N2, H2O, gasen tenperatura eta hezetasun erlatiboa, presio atmosferikoa, airearen hezetasun erlatiboa eta tenperatura gasak neurtzeko kanpainaren aurreko eta ondorengo 48 orduetan.

– Adierazi berri diren analisien emaitzetan oinarrituz eta jarraian adierazitako irizpideen arabera, zabortegian sortutako gasak tratatzeko sistemaren proiektua aurkeztuko da.

Analisien datuak ikusita, zabortegiak isurtzen dituen gasak bildu eta tratatzeko sistema bat ezarri behar du Garbiker AB (SA) enpresak. Sistema hori ezarri baino lehen, Ingurumen Organoari aurkeztu behar dio, hura onar dezan. Irizpide hauek bete behar dira:

– Putzuetako metano-kontzentrazioa % 40koa (bolumenari dagokionez) baino handiagoa baldin bada, energetikoki aprobetxatzeko instalazio batera bideratuko da erauzitako gasa.

– Putzuetako metano-kontzentrazioa % 25 eta % 40 bitartekoa baldin bada, ultrairagazpenaren edo antzeko teknika baten bidez mintza bereizteko sistema ezarriko da, erreusean metano-kontzentrazioa areagotzeko (iragazi gabeko frakzioa). Horrela, zabortegiko gasa energetikoki aprobetxatzeko instalazio batera eraman daiteke frakzio hori; beste frakzioa, aldiz, zuzira eramango da erre dadin.

– Putzuetako metano-kontzentrazioa % 25 eta % 15 bitartekoa baldin bada, erauzitako gasa zuzenean bidaliko da zuzi batera, erretzeko.

– Putzuetako metano-kontzentrazioa % 5 eta % 15 bitartekoa baldin bada, erauzitako gasa zuzira bidaliko da erretzeko, baina, aldez aurretik, beste erregairen batekin aberastu beharko da, erretzeko modukoa izan dadin.

– Putzuetako metano-kontzentrazioa % 5ekoa baino txikiagoa baldin bada, atmosferara isur daiteke hura, erauzketa bortxaturik egin beharrik izan gabe (erauzketa pasiboa).

Erauzketaren emariak eta presioak egokiak izan behar dute putzuaren eragin-eremua 25 metrokoa izan dadin eta, era berean, zabortegiaren azalera osoa har dezan. Aire nabarmenik ez sartzeko moduan egingo dira lanak, zabortegiaren zigilatu gabeko eremuetatik barreiatutako isuririk egin ez dadin atmosferara.

Zabortegia ustiatzean sortutako gasen erauzketa gasak drainatzeko HDPEzko tximinien bidez egingo da, legarrezko inguratzailearekin artekatua. Azken tratamendua zuziaren bidezkoa baldin bada, gasek 1.000-1.200 şC bitarteko tenperaturara iritsiko dira zuzian, eta gutxienez 0,3 segundotan (egonaldia), beharrezko turbulentzia mantenduz.

D.2.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

D.2.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortzen duen jarduera-mota nagusia: hondakin ez-arriskutsuen zabortegia.

Jarduera-taldea: 0-Zerbitzuak.

EJSN: 92150. Zaborrak eta hondakinak errausteko eta ezabatzeko zerbitzua.

(Ikus .PDF)

Nerbioi behealdea/Ibaizabal ibaietako saneamendu-sistema orokorrean urak isuri eta arazteko erregelamenduak, 1989ko martxoaren 16an argitaratuak, arautzen diren isuri-balioak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar zaio ingurumen-organo honi, edo, hura ez bada, hondakinei buruzko 10/1998 Legeak arautzen duen moduan kudeatu direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

Berariaz zehaztu behar da lurpeko urak kontrolatzeko sareari buruzko informazioa, gurpilak, metakinen kubetak garbitzeko erabiltzen den uraren tratamendua eta kutsadura ekar dezaketen bestelako euri-urena, bestelako ur zikinik dagoen zehaztu behar da eta efluente bakoitzari dagokion informazio orokorra eman behar da (kudeaketa, isuri-puntuen UTM koordenatuak, efluente bakoitzaren emari eta bolumen maximoak, etab.).

D.2.2.2.– Isurien muga-balioak.

Isurien muga-balio hauek bete behar dira, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak alor horretan ezartzen dituen xedapenak aintzat hartuta:

(Ikus .PDF)

D.2.2.3.– Araztu eta ebakuatzeko instalazioak.

Gaur egungo instalazioek zabortegiaren beheko aldeko putzu batera daramatzate lixibiatuen efluenteak.

Gutxienez, ondorengo kontrol-kutxetak edo -puntuak jarriko dira; kutxeta edo puntu horiek isurketen lagin adierazgarriak jasotzeko behar diren ezaugarri guztiak izango dituzte:

– Lixibiatuak kontrolatzeko kutxeta.

– Perimetro-kanaletako euri-urak biltzeko kutxeta.

– Lurpeko urak jasotzeko kutxeta.

Kontrol-elementu hauek jarriko dira gutxienez:

– Emari-neurgailua isuri-ontziaren eta lixibiatuen putzuaren artean.

– Piezometroak.

Emari-neurgailuak 10 minuturo gordeko ditu erregistratutako datuak, formatu elektronikoan.

D.2.3.– Plantan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren arautegi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatzen da sortzen diren hondakin-mota ezberdinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu egin behar da eta horretarako balioztatzegune baimendu batera eraman behar dira. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira, balioa emateko beste modu material edo energetikoen aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken norakoa zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoa betez, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik; hala, jardueraren ekoizpen-gorabeherei eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioari begiratu behar zaie beti. Datu horiek jardueraren adierazletan ageri dira. Beti izango da betetzekoa 16/2002 Legearen 10. artikuluak (2.d idatzi-zatian) agintzen duena; hala ere, instalazioan egiten diren aldaketak kalifikatzeko, ingurumen-baimena egokitzea eskatu beharko da, baldin eta hondakin-kopurua handiagoak sortuko badira eta horrek aldatu egingo baditu aldez aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak.

Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo, oso bustita daudelako, isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharren ondorioz gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urez bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko zaio gertatutakoa ingurumen-organoari.

D.2.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hau da hondakin arriskutsuak sortzeko prozesua:

Zerbitzu orokorrak.

Identifikazioa: A48212567/4800007503/B0019.

Prozesuaren kodea: B0019.

Hondakin arriskutsuak hauek sor daitezke:

  • Hondakina: Erabilitako olioa.
  • - Hondakinaren kodea: Q7//R13//L8//C51//H5/6//A920//B0019.
  • - EHZ: 130205.
  • - Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorrak azpiprozesuan sortzen dira, makinen olioak birjartzeko lanetan.

  • Hondakina: «Fluoreszenteak eta lanpara ultramorea».
  • - Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H14//A920//B0019.
  • - EHZ: 200121.
  • - Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorrak azpiprozesuan sortzen dira, lanpara fluoreszenteak berritzeko lanetan.

  • Hondakina: «Berun azidozko bateria erabiliak».
  • - Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C18/23//H8//A920//B0019.
  • - EHZ: 160601.
  • - Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorrak azpiprozesuan sortzen dira, bateriak berritzeko lanetan.

  • Hondakina: «Metalezko ontzi hutsak».
  • - Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41/51//H5//A920//B0019.
  • - EHZ: 150110.
  • - Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Ontziak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira.

  • Hondakina: «Plastikozko ontzi hutsak».
  • - Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41/51//H5//A920//B0019.
  • - EHZ: 150110.
  • - Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Ontziak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira.

  • Hondakina: «Olio-iragazkiak».
  • - Hondakinaren kodea: Q9//R13//S35//C51//H5//A920//B0019.
  • - EHZ: 160107.
  • - Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Xurgatzaileak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira.

  • Hondakina: «Erregai-iragazkiak».
  • - Hondakinaren kodea: Q9//R13//S35//C51//H5//A920//B0019.
  • - EHZ: 160121.
  • - Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Xurgatzaileak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira.

  • Hondakina: «Presiozko ontziak (sprayak, aerosolak)».
  • - Hondakinaren kodea: Q6//R13//S12/36//C41//H3B//A920//B9017.
  • - EHZ: 160504.
  • - Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Ontziak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira.

  • Hondakina: «Botoi-pilak».
  • - Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C16//H6//A920//B9107.
  • - EHZ: 160603.
  • - Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorren azpiprozesuan sortzen dira.

  • Hondakina: «Gai arriskutsuekin kutsatutako materialak (trapuak, eskularruak eta xurgatzaileak)».
  • - Hondakinaren kodea: Q5//D15// S40//C41/51//H5//A920//B9107.
  • - EHZ: 150202.
  • - Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Materialak eta xurgatzaileak biltzeko azpiprozesuan sortzen dira.

a) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistema bereiziak erabiliko dira, baldin eta, haien isuriren bat gertatu eta beste gai batzuekin nahasten badira, arriskutsuago bihur badaitezke edo kudeatzen zailagoak gerta badaitezke.

b) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak (maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzkoa, betearazteko oinarrizko araudia onartzen du Dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

c) Aurreko paragrafoan adierazten diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan behar du; etiketa 1988ko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Organoari bidaliko zaio hondakina lehenengoz atera aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetan jasotzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena eginda dagoela, araudian zehaztutako aurretiaz, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko du jatorritik helmugaraino. Garbiker AB (SA) enpresak artxibategian gorde behar ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtez gutxienez.

g) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

h) Garbiker AB (SA) bi arau hauek agindutako moduan kudeatu behar du erabilitako olioa: ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duena, eta irailaren 29ko 259/1998 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan olio erabiliaren kudeaketa arautzen duena.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, tresna elektriko eta elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek betetzekoa izango dute otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretua, pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa. Baimendutako kudeatzailearen onarpen-agiria izateko, eraman aurretiazko jakinarazpena egiteko eta kontrolaren eta jarraipenaren agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak gaika bildutako udal-hondakinekin eta horien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman-izanaren egiaztagiriak bost urtez gorde behar dira gutxienez. Beti adierazi behar dira sortutako ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinen kantitateak hondakinak sortzeko kontrol-erregistroan.

j) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2000ko ekainaren 29ko eman zuen 2037/2000/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Garbiker AB (SA), berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko, edo, bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko lanetan nahiz desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

k) Aurreko e) eta f) (kudeatzaileak EAEn daudenean) adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidali behar dira, eta, bidalketa hori egiteko, IKS-eeM Sistemaren bidezko transakzio elektronikoak egingo dira, lehentasunez.

l) Izena eta kodea ezarri behar zaie hondakin arriskutsuei, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriei erreparatuta eta baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan dezakete, baina, beste batzuk, oinarrizkoak diren aldetik eta, haien izaerarengatik, bere horretan mantendu behar dira sortze-jardueran. Hondakin-mota zehazten eta hondakin horrek dituen osagai arriskutsuak adierazten dituzte kode horiek (ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota); horrez gainera, hondakina zer jarduerak eta zer prozesuk sortzen duten adierazten dute (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota). Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa organo honek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioztatzea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

D.2.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Hondakin ez-arriskutsu hauek adierazi ditu sustatzaileak:

(Ikus .PDF)

Urtean sortutako hondakin ez-arriskutsuen kopuruak aurkeztu behar dira eta horiek kudeatzeko modua zehaztu behar da.

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati emango zaizkio.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.

c) Oro har, hondakinak ebakuatu aurretik, baimendutako kudeatzaile batek onartzen dituela dioen agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta dituela. Agiri horren kopia bidali behar zaio Ingurumen Sailburuordetzari, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Beharrezkoa bada, arrazoitu egingo da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetan jasotzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Garbiker AB (SA) enpresak artxibategian erregistratu eta gorde behar ditu onarpen-agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, aginduzkoak direnean, bost urtean gutxienez.

d) Halaber, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuarekin, hondakinak zabortegian utzita eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde behar dira.

e) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kontrolerako erregistro horren kopia.

f) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira c) eta d) ataletan (kudeatzailearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dagoenean) eta e) atalean adierazitako agiriak, eta bidalketa hori transakzio elektroniko bidez egingo da, IKS-eeM Sistema erabilita lehentasunez.

D.2.4.– Lurzorua babesteko baldintzak.

a) Lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena aurkeztu behar da, behar bezala betetzeko otsailaren 14ko 9/2005 Legeak, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituenak, eta 1/2005 Legeak arautzen dituen betebeharrak. Hori horrela, lurzorua babesteko beharrezko neurri guztiak, egoki irizten diren neurri guztiak edo Ingurumen Organoak eskatzen dituenak hartu behar ditu Garbiker AB (SA) enpresak.

Zerrendatu diren prebentzioko eta babeseko neurririk ez duen isurtze-jardueraren arrisku-iturriak dakartzan arriskuen karakterizazio kualitatiboa egingo du txosten horrek, eta, berariaz, adieraziko du zer eremutan utzi diren hondakinak gutxienezko babes-barrerarik jarri gabe. Hondakinak hondakindegietan utzita ezabatzeko modua arautzekoa den 2001eko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren I. eranskineko 4. puntuak arautzen ditu gutxienezko babes-barrera horiek. Txosten horren edukiak bete egin behar du 49/2009 Dekretuaren I. eranskineko 3.4 puntuak araututakoa. Dekretuak, zehazki, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen du.

b) Ingurumen-arriskuen ebaluazio bat bidali behar zaio ingurumen-organo honi, behar bezala baloratzeko lurzoruen eta uren babes-maila, eta berariaz, 1481/2001 Errege Dekretuaren I. eranskineko 3. puntuak deskribatzen dituen gutxieneko babes-barrerarik ez duten eremuetako lurzoruak, lurpeko urek eta lurgaineko urek izan dezaketen arriskua. Ebaluazio horrek kontuan hartu behar du, bereziki, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduko III. tituluko II. kapituluaren 3. sekzioak arautzen duena (apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuak onartu zuen erregelamendu hori eta gerora urriaren 30eko 1315/1992 Errege Dekretuak aldatu zuen) eta aurreko errege-dekretuko I. eranskineko 2. sekzioak «uren kontrola eta lixibiatuen kudeaketa» araututakoa. Horrez gain, uren alorrean eskudun den organoak emandako txosten bat bidali behar zaio ingurumen-organoari.

Otsailaren 24ko 49/2009 Errege Dekretuak I. eranskinean (Hondakindegi-mota guztietarako betekizun orokorrak) arautzen duena aintzat hartuta, azterlan baten bidez egingo da arrisku-ebaluazioa, eta ebaluazio horrek adierazitako eranskinaren 3.4 puntuan adierazten diren faseak izango ditu gutxienez.

c) Lur-mugimenduak dakartzaten lanak egin behar badira jarduera produktiboetan eta bestelako jardueretan, jarduera horien sustatzaileak karakterizatu egin beharko ditu hondeatu behar dituen materialak (lurrak, obra-hondakinak, etab.). Horren helburua izango da jardun kutsatzaileek material horiek erasan ote dituzten egiaztatzea, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztea. Jarduerarik hartu ez duen eremuren batean egiten baldin badira obrak, posible izango da karakterizazio hori ez egitea, baina beti justifikatu beharko da behar bezala eremu horrek ez duela aldez aurretik jarduerarik hartu.

Soberako materialak instalazio berean berrerabili nahi baldin badira, material horiek nahitaezkoa izango dute otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak, arautzen duen EBA-B (industria-erabilera) balioa baino txikiagoa izatea; hala, lur horien hidrokarburo-edukiak ez du arriskugarria izan behar. Soberako materialak hondakindegira eraman nahi baldin badira, haien karakterizazioa egingo da, arau honek agintzen duen moduan: otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena. Otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako EBA-A balioak baino txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur naturaltzat hartuko dira, eta, beraz, ez zaie erabilera-aukerarik murriztuko.

Era berean, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 10. artikuluko 2. paragrafoak arautzen duena aintzat hartuta, kutsadura-zantzuak hautematen badira jarduera ezartzeko edo zabaltzeko hondeatze-lanetan edo lur-mugitzeetan, lan horien arduradun zuzenak horren berri eman beharko dio udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, beharrezkoa izango balitz hartu beharreko neurriak ezar ditzan, 17. artikuluko seigarren paragrafoak agindutakoa betez.

D.2.5.– Zaratari buruzko betekizunak.

Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak jarriko dira:

a) Neurriak hartuko dira ondorengo indize akustikoak ez gainditzeko:

a.1.– Jardueraren ondorioz, etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundoko zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Jardueraren ondorioz, etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundoko zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB (A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB (A) ere.

b) Zamatzeko eta deskargatzeko lanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handitu behar sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

D.3.– Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia zigilatzeko obrak gauzatzeko baldintzak eta betekizunak.

a) Zabortegiaren azken zigilatzearen segida geruza hauen bidez egingo da (goitik behera):

– Belarkiez landatuko da gainaldea. Zabortegiaren zigilatze-eremuaren gainean zuhaixkak edo zuhaitzak landatzeko, behar bezala egiaztatu beharko da aleen helduaroko tamainak eta sustraiak, sakontasunak, motak, kokapenak edo haientzat ezarritako babesek ez dutela kaltetuko drainatze-geruzaren, geomintzaren edo zigilatzearen hesi geologiko artifizialaren segurtasunari edo funtzionaltasunari. Era berean, landaketak ez du irristaduren aurreko segurtasun-faktorea 1,5etik behera murriztuko.

– Gutxienez 0,15 metroko lodiera izango duen landare-lurzoruzko geruza.

– Gutxienez 0,60 metroko lodiera izango duen estaldura-lurzoruzko geruza.

– Iragazketako ur garbien geruza drainatzailea. Ale formako material natural baten geruzaz osatuta egon daiteke (legarrezkoa edo hareazkoa), azpitik sastatzearen aurkako geozuntzaren bidez geomintzaz bereizia, eta gainetik iragazki-geruzaren bidez, edo drainatzaile-geokonposatuaren bidez. Nolanahi ere, geruza drainatzaile horren igorgarritasuna drainatze-luzeraren, drainatzearen isurialdearen eta gaineko lurzoruaren estaldura-geruzaren eroankortasun hidrauliko asearen arabera kalkulatuko da. Horrela, ezarritako geruzaren igorgarritasunak kalkulatutako igorgarritasunarekiko ( 6ko segurtasun-faktorea (SF) izan dezan eta geruza horren barruan lodiera aseak geruzaren lodiera edo 0,30 m gainditu ez ditzan; txikiena den neurria, hain zuzen ere.

– 1,5 edo 2 mm-ko lodiera duen dentsitate altuko polietilenozko geomintza (HDPE).

– Hesi geologiko artifiziala. Hesia 0,60 metroko lodiera eta ( 10-9 m/s-ko iragazkortasuna duen geruza mineral trinkotuaz osatuta egongo da, 0,15 m-ko 4 geruzaz eraikia. Xede horretarako, ezaugarri horiek dituzten hondakin trinkotuak edo antzeko babesa bermatzen duen bentonitazko geokonposatua erabil daitezke.

– Erregularizazio-geruza, 0,50 m-ko lodierakoa, Proctor Aldatua entseguaren gehienezko dentsitatearen % 95era trinkotutako hondakin hautatuaz osatua.

– Gasak drainatzeko geruza, sortutako gas-emaria husteko diseinatua, zabortegiaren barruan presiorik sor ez dadin. Geruza horren lanari esker, ez da atmosferara isuriko gas-emari hori eta ez da kaltetuko hondakin-masaren nahiz zabortegiaren zigilatzearen egonkortasun mekanikoa.

Bestelako zigilatze-segidak proposa daitezke, baina behar bezala justifikatu beharko dira instalazioaren arazo zehatzei ematen zaien irtenbidea.

Geruzak ezpondaren eremuetan jarri aurretik, zigilatzea osatzen duten geruzen egonkortasunaren azterketa egin beharko da, irristaduraren aurrean geruzek ( 1,5-eko segurtasun-faktorea dutela bermatzeko.

Horrela zehaztuko da behin betiko zigilatze-azaleraren azken morfologia: utziko den hondakin-masa itxi ondoren 30 urteetan sortuko diren asentuen balioespena egingo da, eta zigilatze-segidan erabilitako materialek asentu horien ondorioz jasango dituzten deformazioei eutsiko dietela justifikatzeko kalkuluak egingo dira. Era berean, asentatzearen ondoren behin betiko zigilatzearen azalerak jariatze-ur garbiak biltzeko areken bidean gutxienez % 2ko isurialdea duela justifikatu beharko da, eta areka horiek diseinuko emari-ahalmenari eusteko gai izango direla.

Gas-tximinien diseinuak eta horiek zabortegiaren zigilatzearekin lotzeak kontuan hartu beharko du utzi beharreko hondakin-masaren asentuen eragina, lotura horietan hausturak saihesteko.

Putzuetatik erauzitako zabortegiko gasa gasak balioztatzeko instalazioraino eramateko hodi-sarearen trazadura diseinatzerakoan, kontuan hartu beharko da horrek ez duela oztopatu behar mantentze-lanak egiteko perimetro-bidetik zabortegi barrura ibilgailuz sartzea.

Bi sare paralelo jarriko dira zabortegitik erauzitako gasak bideratzeko: sareetako batetik bideratuko dira CH4 ugari duten gasak, eta bestetik bideratuko dira gutxi dutenak.

b) Zabortegiaren gainaldearen birmoldaketa amaitu ondoren, haren azaleraren plano takimetriko bat altxatuko da, malda egokien gainean egiteko zigilatze-sekuentzia eta zabortegiak hartuko duen eremua eta zigilatuko den eremua zehazteko. Gutxienez metro bateko zabalerako zerrenda gehigarria hartuko du hark, birmoldaketaren ostean zabortegiak hartuko duen azalerarekiko. Plano takimetriko horren gainean, zigilatze-lanak egitean hauteman daitezkeen lixibiatu-sorburuak kokatuko dira, eta hauek adieraziko dira haietako bakoitzean: emaria, pH-a, tenperatura, eroankortasun elektrikoa eta neurtze-data.

c) Zigilatze-lanetan zehar zigilatze-proiektua modu nabarmen batean aldatzeko premia sortzen baldin bada, Ingurumen Organoari emango zaio premia horren berri, hura egiteko baimena eman dezan.

d) Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia zigilatu ondoren, zigilatze-lana ebazpen honetan ezarritako baldintza eta betebeharren arabera eta ebazpenaren oinarri diren agiri teknikoek adierazitako moduan bete dela egiaztatu beharko du zigilatze-lanen zuzendariak. Egiaztapena egiteko, zabortegia zigilatu dela adierazten duen obra-amaierako ziurtagiria izenpetuko du obra-zuzendariak, eta dokumentazio hau erantsiko zaio ziurtagiri horri:

– Eraikitze-proiektua («as built» izaerakoa), dagokion lanbide-elkargo ofizialaren oniritzia jasota duena. Proiektu horrek plano-sorta egoki bat izango du, eta behar bezala justifikatuko du obra-fasean egin diren aldaketek ez dutela murriztu ebazpen honetan eta haren oinarri diren agirietan ezarritako baldintza eta eskakizunen segurtasun-alderdirik. Horrez gainera, obra bukatzerakoan ikusi ezingo diren elementuen eta haien ezaugarrien argazki-erreportajea erantsiko da, ikuspegi panoramiko orokorrak, xehetasunezko ikuspegiak eta azken horiek planoan duten kokalekua erakutsiko dituena.

– Zigilatze-sekuentziaren landare-lurraren geruzaren gainazalaren plano topografikoa, UTM-ETRS98 koordenatuetan eta kota absolutuetan.

– Eraikitze-kalitatea kontrolatzeko eta bermatzeko programaren emaitzak. Programa horrek barne hartuko ditu eginiko lanak deskribatzen dituen memoria, emaitzak eta ondorioak laburbiltzen dituzten taulak barne; horrez gain, programan jasoko dira esparruko eta laborategiko emaitza analitiko guztiak jasotzen dituzten eranskinak (azken horien txosten osoak gehituko dira) eta laginketa-puntuen kokapena plano takimetrikoan.

e) Ingurumen Organoari aurkeztu behar zaio aurreko atalean adierazitako obra amaierako ziurtagiria eta hari erantsitako dokumentazioa, onarpena eman diezaion. Aurkeztutako agiriak egokiak direla ikusi eta egiaztapen-bisita egin ondoren, zigilatze-lanak egiten amaitzeko eta itxi ondorengo aldia abiatzeko onarpen-erabakia emango du ingurumen-organoak.

E) Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ondorengo betekizunak:

a) Nerbioi behealdeko/Ibaizabaleko saneamendu-sistema orokorrera hondakin-urak isuri eta haiek arazteko jarduera arautzen duen erregelamenduak agintzen dituen isuri-balioak bete behar dira.

Berariaz zehaztu behar da lurpeko urak kontrolatzeko sareari buruzko informazioa eta kutsadura ekar dezaketen bestelako euri-urena, bestelako ur zikinik dagoen zehaztu behar da, eta efluente bakoitzari dagokion informazio orokorra eman behar da (kudeaketa, isuri-puntuen UTM koordenatuak, efluente bakoitzaren emari eta bolumen maximoak, etab.).

b) Garbiker AB (SA) enpresaren egitekoa izango da zabortegia itxi ondorengo mantentze-lanen eta kontrolaren arduraduna, eta eginkizun horiez arduratuko den pertsonaren izena jakinaraziko dio ingurumen-organoari.

c) Posta-helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa edo edozein komunikabide eta kontaktu, edo itxi ondorengo kontrolaz arduratuko den pertsona aldatzen badira, horren berri eman behar du zabortegiaren titularrak.

d) Itxi ondorengo kontrola eta zainketa-aldia 30 urtekoa izango da, zabortegiaren jarduera eten eta zigilatzea bukatzen den data onartzen den unetik kontatzen hasita. Epe hori aldatzea erabaki dezake ingurumen-organoak, baldin eta hori egitea komeni bada, itxi ondorengo kontrolen emaitzei erreparatuta. Ingurumen-organoak emandako ebazpen bidez erabakiko da, sustatzaileak berariaz eskatu ondoren, noiz amaituko den zabortegia itxi ondorengo aldia eta noiz amaituko diren itxiera-gairako betebeharrak. Atal honetan arautzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu behar da ebazpen hori eman aurretik.

e) Garbiker AB (SA) enpresak erabakiko du nork zainduko dituen zabortegia itxi ondorengo lanak behar bezala betetzen direla. Izendatutako enpresa ez bada zabortegiaren titularra, izendapen horrek urtebeteko iraupena izango du gutxienez. Izendapen horren berri eman behar zaio ingurumen-organoari, izendapena egin eta 15 eguneko epean, eta zabortegiaren titularraren ordezkariaren onarpen-sinadura, itxi ondorengo zainketaz arduratuko den enpresako ordezkariaren onarpen-sinadura eta titularrak emandako agirien zerrenda xehatua jasoko ditu. Zabortegiari dagozkion administrazio-eskakizun guztiak jasoko ditu zerrendak, bai eta zabortegia zigilatzean eta itxi ondorengo zainketan zehar sortutako agiri tekniko guztiak ere.

f) Obrak eta/edo jarduerak egin nahi baldin badira zabortegian hura itxi ondoren, ingurumen-organoaren baimena izan beharko da haiek egin aurretik. Nolanahi ere, jarduera horiek zigilatze osoa, perimetro-kanalen funtzionamendua, egonkortasuna edo itxi ondorengo kontrol-sistemaren elementuetan eraginik ez dutela, eta garatu nahi den jardueraren erabilerarako edo jarduerarako arrisku onartezina eragingo ez duela ziurtatu beharko zaio ingurumen-organoari. Horrela eginez gero, horiek birjartzeko nahikoa neurri zuzentzaile aurreikusi dela ziurtatu beharko da.

Horretarako, zigilatzean sortzen den zuhaitz- edo zuhaixka-landaredia ezabatu egingo da.

Ereiteen mantentze-lanak egin beharko dira, hala nola, ebakitzeak, ongarritzeak eta ureztatzeak.

Zigilatutako eremuan landare-espezie inbaditzailerik ez dela ezartzen zainduko da. Halakorik ezarriko balitz, haien ugaltzea kontrolatuko da eta errotik kentzeko neurriak hartuko.

Berritu egingo dira zigilatutako eremu guztiak, bai zabortegiko partzelakoak, bai instalazio lagungarriek hartzen dituztenak, bai haietara joateko bideak. Horixe bera egingo da zerbitzu-sareak egiteko eta lixibiatuak ebakuatzeko eremuekin, bai eta, berritze-planean ageri ez arren, zigilatze-lanak amaitu ondoren kaltetuak suertatzen diren eremuekin.

Inolaz ere ez da baimenduko zabortegia itxi ondorengo fasean barrena zabortegiaren zigilatzea bizilekurako erabiltzea. Halaber, ez da baimenduko zigilatze-sekuentziako ur garbien drainatze-geruzaren gainazaletik 50 cm baino gutxiagora hurbil daitekeen jarduerarik.

F) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan adierazitako moduan eta hurrengo ebazpen-ataletan araututako moduan beteko da ingurumena zaintzeko programa:

F.1.– Airearen kalitate-kontrola.

F.1.1.– Isuri atmosferikoen kontrola.

– Zabortegiko isuriak kontrolatu behar ditu Garbiker AB (SA) enpresak, informazio hau aintzat hartuta:

(Ikus .PDF)

– Kontrol-erakunde baimendu batek (KEB) egin behar ditu aurreko atalean adierazi diren neurketa guztiak (ordubeteko hiru neurketa, gutxienez, zortzi orduan zehar neurtuta; eta dioxinak eta furanoak ere neurtzen direnean, 6-8 orduko neurketa bat). Ingurumen Sailburuordetza honek prestatutako «KEBen gutxieneko txostenean» ezarritakoaren arabera egin behar dira aldizkako kontrol horiei buruzko txostenak. Edonola ere, Sailburuordetzak ezarritako eskakizun tekniko guztiak bete behar dituzte isurien gaineko kontrolek eta betekizunek.

– Kontrol-erakunde baimendu batek eskatzen diren parametro guztien gainean egindako neurketak bidali behar dira.

Parametro hauek neurtu behar dira gutxienez: CO, CO2, O2, H2S eta CH4, presio atmosferikoa eta airearen tenperatura. Horien barne-neurketa bat egingo da hilero ustiaketa-garaian eta sei hilean behin zabortegia itxi ondorengo ustiaketa-garaian.

Ingurumen Organoak erabakiko du, emaitzei erreparatuta, aldiroko kontrolak ezarriko diren ala ez.

F.1.2.– Atmosferara egindako immisioak kontrolatzea.

Immisioko laginketa-datuak biltzeko kanpaina bat egingo da urtean behin gutxienez, bai langileen lan-eremuetan edo lan-ingurunean, bai instalazioaren ingurunean.

Baldintza okerreneko egoeretan egin behar da laginketa hori. Lan-ingurunearen gaineko eragina baloratuko da, eta, horretarako, laginketak egingo dira lan eta eragiketetan, sarbideetan, eta antzeko eremuetan.

Analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

Ingurumen Organoak erabakiko du, emaitzei erreparatuta, aldiroko kontrolak ezarriko diren ala ez.

F.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

F.2.1.– Obrak egin aurreko kontrola.

a) Lur gaineko urak: hidrologia-datuen inbentarioa egiteko bi kanpaina egingo dira, eta hauek neurtuko dira: emaria, eroankortasuna, pH-a eta tenperatua.

b) Lurpeko urak: hidrologia-datuen inbentarioa egiteko bi kanpaina egingo dira, eta hauek neurtuko dira:

(Ikus .PDF)

c) Lixibiatuak: lixibiatuak kontrolatzeko sistemak indarrean jarraituko du (zabortegiaren beheko aldean etengabeko kontrola egingo duen kutxeta), baina, horrez gain, kontrol hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

F.2.2.– Kontrola obrak egin bitartean.

a) Lur gaineko urak:

(Ikus .PDF)

b) Lurpeko urak:

(Ikus .PDF)

c) Lixibiatuak: hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

(*) Emari-neurgailuaren neurtze-kalibraketa.

F.2.3.– Obra-amaierako kontrola.

Obrak egin ondorengo ingurumen-egoera zehazteko, hauek egingo dira:

a) Lur gaineko urak kontrolatuko dira, leku hauetan:

– Ekialdeko drainatzea-sareko hustubidea (kolektorea eta/edo bideko kontagailua). Parametro hauen analisia egingo da: emaria, elektrizitate-eroankortasuna, pH-a, tenperatura, solido esekiak, DQO, DBO5, N-NH4+, guztirako fosforoa, C10-C40 hidrokarburoak, fluoruroak, fenolak, sulfatoak, kloruroak, alkalinotasuna, aluminioa, artsenikoa, kadmioa, beruna, burdina, nikela, zinka, kobrea, kromoa, manganesoa eta eztainua.

– Mendebaldeko drainatze-sareko hustubidea. Parametro hauen analisia egingo da: emaria, elektrizitate-eroankortasuna, pH-a, tenperatura, solido esekiak, DQO, DBO5, N-NH4+, guztirako fosforoa, C10-C40 hidrokarburoak, fluoruroak, fenolak, sulfatoak, kloruroak, alkalinotasuna, aluminioa, artsenikoa, kadmioa, beruna, burdina, nikela, zinka, kobrea, kromoa, manganesoa eta eztainua.

b) Lurpeko urak kontrolatuko dira, leku hauetan:

– Zabortegiaren putzuaren beheko aldea. Parametro hauen analisia egingo da: emaria, elektrizitate-eroankortasuna, pH-a, tenperatura, solido esekiak, DQO, DBO5, N-NH4+, guztirako fosforoa, C10-C40 hidrokarburoak, fluoruroak, fenolak, sulfatoak, kloruroak, alkalinotasuna, aluminioa, artsenikoa, kadmioa, beruna, burdina, nikela, zinka, kobrea, kromoa, manganesoa eta eztainua.

– Zabortegiko putzuaren goiko aldea. Parametro hauen analisia egingo da: emaria, elektrizitate-eroankortasuna, pH-a, tenperatura, solido esekiak, DQO, DBO5, N-NH4+, guztirako fosforoa, C10-C40 hidrokarburoak, fluoruroak, fenolak, sulfatoak, kloruroak, alkalinotasuna, aluminioa, artsenikoa, kadmioa, beruna, burdina, nikela, zinka, kobrea, kromoa, manganesoa eta eztainua.

– Lixibiatuak: Etengabeko kontrola egiteko ezarrita dagoen sistemak egiten dituen kontrolaz gain, parametro hauek kontrolatuko dira lixibiatuak kontrolatzeko kutxetaren lanak amaitzen direnean: elektrizitate-eroankortasuna, pH-a, tenperatura, solido esekiak, DQO, DBO5, N-NH4+, guztirako fosforoa, C10-C40 hidrokarburoak, fluoruroak, fenolak, sulfatoak, kloruroak, alkalinotasuna, aluminioa, artsenikoa, kadmioa, beruna, burdina, nikela, zinka, kobrea, kromoa, manganesoa eta eztainua.

F.2.4.– Zabortegia itxi ondorengo kontrola.

a) Lur gaineko urak:

(Ikus .PDF)

(*) Parametro bakoitzaren bilakaera kontrolatzeko aukera eman behar dute hautemate-atariek eta goi-mugek.

(**) Erregistratutako balioei begiratu ondoren, adierazitako parametroen kontrola eta kontrol horien maiztasuna aldatzeko aukera izango da.

(***) Sei hilean behin egingo dira kontrolak zabortegia itxi ondorengo bigarren urtetik aurrera.

b) Lurpeko urak:

(Ikus .PDF)

(*) Parametro bakoitzaren bilakaera kontrolatzeko aukera eman behar dute hautemate-atariek eta goi-mugek.

(**) Erregistratutako balioei begiratu ondoren, adierazitako parametroen kontrola eta kontrol horien maiztasuna aldatzeko aukera izango da.

(***) Sei hilean behin egingo dira kontrolak zabortegia itxi ondorengo bigarren urtetik aurrera.

c) Lixibiatuak: hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

(*) Parametro bakoitzaren bilakaera kontrolatzeko aukera eman behar dute hautemate-atariek eta goi-mugek.

(**) Erregistratutako balioei begiratu ondoren, adierazitako parametroen kontrola eta kontrol horien maiztasuna aldatzeko aukera izango da.

(***) Neurriarekin jarraitu ala ez baloratuko da zabortegiaren itxiera onartu ondorengo bigarren urtetik aurrera.

(****) Sei hilean behin egingo dira kontrolak zabortegia itxi ondorengo bigarren urtetik aurrera.

c.1.– Kudeatzaile baimendu batek bilduko baditu lixibiatuak, hilero bidaliko zaio ziurtagiria Ingurumen Organoari. Ziurtagiriak lixibiatu-garraio bakoitzaren alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:

– Zabortegiko lixibiatuen irteera-data.

– Garraiatutako lixibiatuen bolumena.

– Lixibiatuen helmuga.

– Lixibiatuak garraiatu dituen enpresa.

– Garraioa egin duen ibilgailuaren matrikula.

c.2.– Zerrendatu diren lagin-puntu guztien UTM koordenatuak aurkeztu behar dira.

c.3.– Enpresaren «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko ditu kanpoan egiten den kontrol guztiak (bai laginak hartzeko garaian, bai ondorengo analisiak egitean), eta goiko puntuetan adierazitako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu behar du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual adierazgarria.

c.4.– Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergora bidaliko dira, laginak hartu eta hilabeteko (1) epean.

c.5.– Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira laginketak.

c.6.– Isurketak baimeneko baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta F.2.4.c) ataleko parametro guztiek ezarritako mugak betetzen badituzte.

c.7.– Parametro baimendu bakoitzaren gainean egingo da kontrol bakoitza, eta baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta F.2.4.c) ataleko parametro guztiek ezarritako mugak betetzen badituzte.

F.3.– Datu meteorologikoen bilketa.

Erregistratutako meteorologia-parametroen kontrola egingo da. Euskal Meteorologia Zerbitzuaren meteorologia-estazio automatikoen sareak erregistratutako datuak balia daitezke meteorologia-kontrola egiteko.

Zabortegian bertan dagoen kabina baten bidez egiten bada kontrola, erregistro automatikoak egingo dituen plubiometro bat ezarriko du Garbiker AB (SA) enpresak, zabortegiaren instalazioek hartzen duten eremuan. Euskal Meteorologia Zerbitzuko meteorologia estazio automatikoen sareko datuekin osatuko dira bildutako datuak.

Prezipitazioa erregistro automatikoko euri-neurgailuak kontrolatuko du, eta estazio meteorologiko automatikoak, berriz, tenperatura, haizearen indarra eta norabidea, hezetasuna, presioa eta eguzki-erradiazioa.

Taula honetan adierazten da zer maiztasunez egingo den parametro horien erregistroa eta kontrola:

(Ikus .PDF)

Parametro horiek neurtzeko maiztasuna alda dezake ingurumen-organoak, baldin eta egiaztatzen bada balantze hidrologikoa ez dela tresna eraginkorra isuri-ontzian lixibiatua metatzen den ebaluatzeko edota hura kokatuta dagoen lekuan filtraziorik gertatzen den hautemateko.

F.4.– Zabortegiaren balantze hidrikoa.

Kanpoko erakunde batek zabortegiaren balantze hidrikoa egingo du urtero. Horretarako, erregistratutako lixibiatuen emariaren datuak eta erregistratutako datu meteorologikoak eta zabortegiaren gainazalean sortzen diren aldaketen plano topografikoak (zigilatutako eremuak, isurketarako eremuak, eta abar.) erabiliko dira.

Itxi ondorengo aldiko lehen balantzeak zabortegiaren portaera hidrodinamikoaren analisia jasoko du, erregistratutako emariaren eta eroankortasun elektrikoaren datuetatik eta itxi aurreko eta ondorengo balantze hidrikoaren konparazio-lanetik abiatuta.

F.5.– Isuri-ontziaren topografia kontrolatzea.

Oinarrizko proiektuan jasotako proposamenaren arabera kontrolatuko da isuri-ontziaren topografia. Kontrol topografiko horren emaitzek hauek jasoko dituzte: neurtzeko bitarteko eta materialak, gertatutako intzidentziak, aldi bateko bilakaeraren grafikoak, erregistratutako datuak euskarri elektronikoan (kalkulu-orria), eta horien interpretazioa.

Kontrol-lanaren barruan, inklinometroak jarriko dira zabortegiaren ezpondan.

Urtero zabortegiaren betetze-lanen plano topografiko eguneratu bat egingo da, behar bezala zehazteko zabortegiaren mugak, zabortegiaren eremu zigilatua, eta azken urtean hondakinak utzi diren zabortegiaren eremuak. Beti adieraziko dira eremu horien azalerak eta zer egunetan egin diren aldaketan zabortegiaren gainaldean.

F.6.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Ingurumena zaintzeko programak jardueraren parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko. Horretarako, sustatzaileak proposamen bat aurkeztuko du, adierazle horiek eta horien analisia egiteko sistematika zehazteko. Analisi-sistematika horren bidez, enpresak zabortegiaren ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko ezarri dituen neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatuko da.

F.7.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustiko hauen hasierako ebaluazioa egin behar da: 60 segundotan Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da zer maiztasunekin egingo diren neurketak aurrerantzean.

b) Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak ENAC erakundeak akustikaren esparruan espazio- eta denbora-laginketak egiteko baimendu dituen entsegu-laborategiek egin behar dituzte. Ebaluazio-erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du ingurumen-organoak.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

F.8.– Emaitzak kontrolatzea eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, martxoaren 30a baino lehen beti. Emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako txosten bat bidali behar da. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak nahiz ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

Txosten horretan jasoko dira, era berean, zabortegian hondakinak uzteagatik urte horretan kobratuko diren zenbatekoak, hondakinen motaren edo multzoen arabera banakatuta. Urtero emango dira datu horiek, egiaztatzeko behar bezala betetzen dela 2001eko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuak, hondakinak hondakindegietan utzita ezabatzea arautzen duenak, 11. artikuluan arautzen duena:

a) Bukatutako urteari dagokion balantze ekonomikoa, kontzeptuak –bereziki, aurreikusi gabeko kontzeptuak– zehaztuz.

b) Ebazpenaren B atalean aipatutako finantza-azterketaren eguneratzea. Bertan, diru-sarrerak, aurreikusitako obren gastuak, ustiaketa-gastuak, eta, halakorik bada, bermeen zenbatekoaren eguneratzea eta bestelako finantza-alderdiak jaso beharko dira. Horrela, justifikatu egin behar da diru-sarrerek estali egingo dituztela zabortegiaren instalazioak, ustiapenak, zigilatzeak eta itxi ondorengo mantentze-lanek sortutako gastuak.

c) Emaitza ekonomikoei erreparatuta, zabortegiaren instalazioa, ustiapena, zigilatzea eta itxi ondorengo mantentze-lanetatik sortutako gastuak finantzatzeko helburua zer neurritan bete den adieraziko da, eta negatiboa izanez gero, hartu beharreko neurriak zehaztuko dira.

Publikoak ez diren zabortegien kasuan, bermeen zenbatekoa eguneratuko da ekitaldi bakoitzaren hasieran, haiei kontsumoko prezioen indize (KPI) nazionala aplikatuz.

Horrez gainera, hurrengo urtean egitekoak diren obren eta hondakinek beteko dituzten eremuen aurreikuspena gehituko da, eta agiri horretan, behar bezala adieraziko dira gutxi gorabeherako kotak, aurreko urtean utzitako hondakinen bolumenaren kalkulua, soberakin-gaitasuna eta urte horretan utzitako hondakinen batez besteko dentsitatea.

F.9.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin behar du sustatzaileak, eta agiri horretan adierazi behar ditu baimen-eskaeran proposatu zituen betebeharrak eta ebazpen honetan agintzen zaizkionak. Programak behar bezala zehaztu behar ditu kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, aurrekontua adierazi behar du.

Zabortegiko jardueraren ohiko adierazleak eta horiek analizatzeko sistematika adieraziko dira ingurumena zaintzeko programan, enpresak ingurumen-egoera hobetzen dela ziurtatzeko ezarri dituen neurriak eta mekanismoak (ingurumen-adierazleak) eraginkorrak direla egiaztatzeko.

G) Prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak normalak ez diren egoeretan.

G.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Mantentze-lanek urtero sorraraz ditzaketen isurien eta hondakinen aurretiazko zenbatespena egin behar du enpresak, eta, beharrezkoa baldin bada, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamen bat egingo du.

G.2.– Jarduera egiteari uztea, itxi ondorengo aldia amaitzean.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (90.002 epigrafea «Hondakinak tratatzeko jarduerak»), eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela-eta, Garbiker AB (SA) enpresak hasiera eman behar dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

G.3.– Funtzionamendu anomaloetarako jardunbideak eta prebentzio-neurriak.

Egoera anomaloetan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira sustatzaileak aurkeztutako agirietan jasotako proposamenean. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua izan behar da instalazioen egoera bermatzeko, eta, bereziki, ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri izango diren baliabideak eta ezarri diren segurtasun-neurriak adierazi behar dira eskuliburu horretan Isuri-ihesen aurrean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta xehetasunez azalduko dira alderdi hauek guztiak: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa-mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak. Berariaz, urtero egin behar dira zuzi-erregailuaren mantentze-lanak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso behar du, eta alderdi hauek adieraziko ditu: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Era berean, ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gertaerena ere.

d) Ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira jarduera egiteko behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak.

e) Adierazi berri den prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan, zuziaren instalazioaren egoera ona bermatzeko neurriak eta D.3.3 atalean jasotako ustiapenerako baldintzak betetzeko modua adieraziko da.

f) Larrialdi-egoeretan berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

g) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura. Ez dira tratamenduko plantara eramango eraginkortasunean eragin dezaketen produktuen jarioak.

h) Hidrokarburo-bereizgailua aldian-aldian ikuskatuko da, hondakinak pilatu ez daitezen. Aldian-aldian kendu behar dira dekantagailuetan eta bereizgailuetan metatutako lohiak eta flotatzaileak. Hondakin horiek baimendutako kudeatzaile bati eman behar zaizkio.

i) Kudeatzaile baimendu batek aldian-aldian kendu behar ditu bereizgailuan metatutako lohiak, olioak eta koipeak, isuritakoaren kalitateari erasan ez diezaioten substantzia horien metaketek.

j) Hidrokarburo-bereizgailuaren mantentze-lan egokiak egingo dira, ondo garbituko dira eta aldiro kenduko han metatutako lohiak eta flotagarriak, kudeatzaile baimendu batek ken ditzan.

k) Biltegien hondoan edo putzuetan pilatzen diren solidoak ez dira ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten den bitartean; behar bezala kudeatuko dira edo zabortegira eramango dira.

l) Arazte-prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak aldizka aterako dira instalazioa behar bezala ibil dadin. Behar izanez gero, andel iragazgaitzetan eta hondoan hustubiderik ez dutenetan biltegiratuko dira.

m) Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

n) Arazteko instalazioek lohien tratamendua badute, xukatutako ura instalazioaren sarrerara birzirkulatuko da, hori tratatzeko.

o) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta legedi horrek ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

p) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko. Kasu honetan, hauek azpimarratu behar dira:

Hidrokarburoak xurgatzeko gaiak eduki behar dira estazioan, erroilu-erakoak, pikortatuak edo antzekoak, berehala aplikatu ahal izateko istripuzko jariorik edo ihesik gertatzen bada.

Ebazpen honen D.3.4 atalean deskribatutako jarduerak egiteaz gain, behar bezala isolatuko dira gasolioa biltegiratzeko eta maneiatzeko instalazioak, hausturek, istripuzko gainezkatzeek eta bestelako gertakariek eragin ditzaketen jarioei aurre egiteko.

Ebazpen honetako D.3.4 atalak arautzen duena betetzeko, nahitaezkoa izango da instalazioa ustiatzeko protokolo edo eskuliburu bat izatea eta inplementatzea. Enpresa espezializatu baten egin behar du plan hori, eta han jaso behar da nola egingo diren ekipo elektromekanikoen, zunden, mintzen, dosifikatze-gailuen, kontrolerako elementuen eta gainerako tresnen mantentze-lanak. Horrez gainera, nahitaezkoa izango da enpresa espezializatu batek araztegiaren mantentze-lanetarako protokolo edo eskuliburu bat egitea, eta bertan jasotzea nola egingo diren ekipo elektromekanikoen mantentze-lanak, arbastu-garbiketak, soberako solido eta lohien purgak, etab. Azken protokolo edo eskuliburu horretan adieraziko da nola egingo den lohien kontzentrazioaren aldizkako jarraipena erreaktore biologikoan, haiek garbitu eta erretiratzeko.

Era berean, nahitaezkoa izango da kontratu bat sinatzea araztegiaren mantentze-lanak egiteko eta prozesuek, errendimenduak eta arazketak, ekipo elektromekanikoek eta sentsoreek funtzionamendu egokia dutela ikuskatzeko.

Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

q) Desezadura-sistema bat jarriko da, biogasaren hezetasun-maila ihintz-puntutik nahikoa urrun dagoela ziurtatzeko.

r) Egun oso haizetsuak iragartzen badira (haizearen abiadura > 60 km/h), aldez aurretik jasoko dira haizeak arrastaka eraman ditzakeen materialak (plastikozko poltsak, eta abar).

s) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen intzidentzia edo anomaliaren bat gertatzen baldin bada (besteak beste, ustekabeko isuria, isurtzeko muga-balioak gainditzea, edo zabortegiaren zigilatzearen edo itxi ondorengo sistemaren elementuren baten funtzionamenduari edo osotasunari eragin diezaiokeen beste edozein), Garbiker AB (SA) enpresak berehala eman behar dio intzidentzia edo anomalia gertaera horren berri Ingurumen Sailburuordetzari

t) Egoera horietan, hondakinak arriskutsuak badira edo arriskutsuak direla susmatzen bada, berehala emango zaio horren berri faxez edo posta elektronikoz (jaso izanaren adierazpenarekin) Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari, intzidentzien erregistroan idatzitako datuak erantsita.

u) Intzidentzia edo anomalia larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, eta nolanahi ere ezbeharrezko isuria edo airerako isuria bada, SOS Deiak eta Udalari jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, datu hauek agertuko dira:

– Gertakari-mota.

– Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Iraupena.

– Ustekabeko isurketa bada, emaria eta isuritako gaiak.

– Mugak gaindituz gero, isuriei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen balioespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Prebentziozko neurriak berriro gerta ez dadin.

– Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

v) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu behar da. Egiaztapen hori egiteko, eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak aurkeztuko zaizkio Ingurumen Sailburuordetza honi.

H) Neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera izango da, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan, baldin eta arau berriak indarrean jarri baldin badira alor horretan edo sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri funtsezkoetara egokitzeko premia sortzen baldin bada. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, bai jardueraren sustatzaileak hala eskatu duelako, bai, ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzek aldaketak egiteko premia bistaratu dutelako.

I) Urtero, Garbiker AB (SA) enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara eta uretara egindako isurtzeei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi inbentarioa, botatako eta eskualdatutako kutsagarrien inbentarioa, landu eta eguneratzeko. Hori horrela, bete egingo ditu kutsagarrien isurtze eta eskualdatzeen europar erregistro bat ezartzen duen 2006ko urtarrilaren 18ko 166/2006 (EE) Erregelamenduak arautzen dituen irizpideak.

Igorritako datuei dagokienaren hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen bidaliko da informazio hori, eta, zehazki, Ingurumen Deklarazioaren bidez emango da, hori baita kanpoko erakundeek eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak ingurumen-informazioa batak besteari elektronikoki emateko ardatza. Informazio-bidalketa hori egiteko eragiketek aintzat hartzen dituzte Ingurumen Deklarazioko datu teknikoak eta ingurumen-prozedurari dagozkion datuak, eta, berariaz, IKS-eeM sistemako (www.eper-euskadi.net web-orrian dago eskuragarri), hau da, Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemako, erakunde bertsioa baliatu behar da informazio hori Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailera bidaltzeko. Datu horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroan sartuko dira, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, hau da, E-PRTR-Europa erregistrora bidaltzeko.

Era berean, ebazpen honetan adierazten diren gainerako informazio-trukeak aipatu ingurumen-adierazpenaren bidez egingo dira, lehentasunez.

Informazio hori publikoa izango da, eta bete egingo du ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, partaidetza publikorako eta ingurumen gaietan justiziara heltzeko eskubideak arautzekoa den uztailaren 18ko 27/2006 Legea –lege horrek 2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak kontuan hartzen ditu–. Era berean, beti beteko da abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoa.

J) Instalazio horietan erabiltzen eta sortzen diren substantziek –eta, zehazki, 1907/2006 EE Erregelamenduan erregistratu eta ebaluatzeko aurreikusitako prozesuan identifikatu diren substantziek– giza osasunarentzat eta ingurumenarentzat izan dezaketen arriskuen berri eman behar diote instalazioaren titularrek agintaritza eskudunari. Hori egitean, aintzat hartuko da zer arautzen duen 2007ko apirilaren 21eko 509/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. puntuak.

K) Jakinarazi egin behar dira instalazioetan egiten diren aldaketa guztiak. Jakinarazpen hori egiteko, helbide elektroniko honetan agertzen den formularioa beteko da:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/es/contenidos/informacion/ippc/es_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc

Eskatutako aldaketa kalifikatu eta hura funtsezkoa den ala ez argituko du ingurumen-organo honek. Erabaki hori hartzeko, Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzkoa den uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10.2 artikulua bete behar du.

Era berean, eskatutako aldaketak baimendu aurretik, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko da, baldin eta Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeko IB eranskinean, edo proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko I. eranskinean adierazitako egoeretakoren batean eskatu baldin bada aldaketa hori.

Eskatutako aldaketa ez baldin badago jasota ez 3/1998 Legearen IB eranskinean ez 1/2008 Errege Dekretu Legegilearen I. eranskinean, baina bai horren II. eranskinean, ingurumen-organoak gehienez ere hiru hilabeteko epean erabakiko du aldaketa horri ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion ala ez; betiere, behar bezala bete ondoren Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak egoera horietarako arautzen duena.

Hirugarrena.– Ebazpen hau eraginkorra izango bada, agiri bidez egiaztatu behar zaio Ingurumen Sailburuordetzari, aldez aurretik, behar bezala betetzen direla ebazpen honen Bigarren ataleko honako puntu hauetan arautzen diren betekizunak:

A (erantzukizun zibileko asegurua);

B (finantza-azterketa eguneratua);

C (instalazioko arduradun teknikoaren informazioa);

D.2.2.1 (BBUP erregelamendua betetzen dela egiaztatzeko analisi-kontrolak);

D.2.4.a) (Lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena);

D.2.4.b) (Arriskuen ebaluazio eguneratua);

D.2.4.b) (Uren alorreko eskumena duen organoaren txostena);

F.1.1 (Atmosferara egindako isurien kontrola);

F.1.2 (Atmosferara egindako immisioen kontrola);

F.2.1 (isuri-kontrolak);

F.3 (Datu meteorologikoen bilketa);

F.4 (Zabortegiaren balantze hidrikoa);

F.7 (Zaraten kontrola);

F.9 (Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina);

G.1 (Geldialdi programatuetan sortutako isurtze eta hondakinen balioespena);

G.3.c) (Ustiapenari buruzko eskuliburua);

G.3.f) (Larrialdi-egoeretarako materialen zerrenda);

G.3.v) (Suteen aurkako babes-neurriak);

Agiri horiez gainera, berariazko adierazpen bat aurkeztu behar da, egin asmo diren obren eta instalazioen burutze-epea zehazteko. Ebazpen honen ataletan baimendutako edo agindutako obrak eta instalazioak izan behar dute.

Horrez gainera, baimen hau indarrean jarri aurretik, instalazioak aurkeztu den proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla egiaztatu behar zaie ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoei, baldin eta ikuskapen-bisita bat egiten baldin badute instalaziora. Ikuskapen-bisita egin aurretik, baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar du sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan. Teknikari aditu batek egindako egiaztagiria izan behar du.

Ebazpen honek 6 hilabeteko epea ezartzen du atal honetan adierazi diren betekizun horiek guztiak betetzeko. Epe horren kontaketa Ingurumen Sailburuordetzak ingurumeneko baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko ematen duen ebazpen hau jakinarazten den egunetik kontatzen hasiko da.

Udal-jatorrikoak ez diren hondakinak kudeatzeko, ezinbestekoa izango da ebazpen honek D.2.3. atalean arautzen dituen betekizunak betetzea. Zabortegiko gelak eraikitzeko obrak amaitu ondoren sustatzaileak izango dituen betekizunak adierazten ditu, zehazki, atal horrek.

Adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen denean, ingurumeneko baimen bateratuaren eraginkortasuna adierazteko ebazpena emango da. Emango den ebazpenak zigilatze-lanen amaiera onartu, zigilatutako eremuari dagokion lurzoruaren kalitate-adierazpena egin eta itxieraren ondoren aldiari hasiera emango dio.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen bateratua ofizioz aldatzeko aukera izango da, baldin eta uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluak arautzen dituen egoeretakoren bat gertatzen bada.

Artikulu hori betetzekoa den arren, aldatu egin daitezke ebazpen honen baldintzak eta ingurumena zaintzeko programan jasotako baldintzak, baldin eta jardueraren sustatzaileak horrela eskatzen baldin badu eta behar bezala justifikatzen baldin badu haiek aldatzeko premia. Gainera, ofizioz aldatu ahal izango dira, honako egoera hauetan:

– Arau berriak indarrean jartzen direnean.

– Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko jakintza adierazgarri berrietara egokitzeko beharra ikusten baldin bada, bereziki sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

– Egiaztatzen baldin bada, ingurumena zaintzeko programa jasotako emaitzen edo bestelako oharpenak aztertu ondoren, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak ez direla behar bestekoak beren xedea lortzeko.

Bosgarrena.– Titulartasun-aldaketaren bat gertatzen baldin bada ebazpen honen xede den hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren proiektuan, horren berri eman behar du Garbiker AB (SA) enpresak, titulartasun-aldaketa hori onar dezan Ingurumen Sailburuordetzak.

Edonola ere, zabortegiak eta bere instalazio osagarriek okupatutako lursailaren titulartasuna transmititzen bada edo hori edukitzea bertan behera uzten bada, ebazpen honetan aurreikusitako betebeharrak betetzen jarraitu beharko da. Aintzat hartuta zer arautzen duen 21. eta 24.4. artikuluetan otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak –hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen du dekretu horrek–, hilabetetik beherako epe batean jakinarazi behar zaio titulartasun-aldaketa hori (salmenta, lagapena edo dagokiona) ingurumen-organoari, aldaketa hori formalizatzen denetik kontatzen hasita. Ingurumen-organoak agirien bidez onartu behar du eskualdaketa hori, dagokion ebazpena emanda.

Seigarrena.– Baimen hau iraungi egingo da egoera hauek gertatzen baldin badira:

– Ez baldin bada epearen barruan egiaztatu behar bezala bete direla ebazpen honen hirugarren atalean arautzen diren baldintzak, ingurumen-baimen bateratua eraginkorra izateko bete behar direnak; eta interesdunak ez baldin badu, epea amaitu baino lehen, epe horren luzapen justifikatua eskatu.

– Garbiker AB (SA) enpresaren nortasun juridikoa iraungitzen bada, indarreko arauek ezarritako kasuetan.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Garbiker AB (SA) enpresari, Ortuellako Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei

Zortzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen da.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Alde horretatik, bete egingo da azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, eta, gerora, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutakoak, 114. artikuluan eta ondorengoetan arautzen duena.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko maiatzaren 24an.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.


Azterketa dokumentala