Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2014ko uztailaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2986

EBAZPENA, 2010eko abuztuaren 23koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Inyectados Gabi, S.A. enpresari ingurumeneko baimen bateratua emateko dena aluminioa injekzioz galdatzeko, Zaldibarko udalerrian (Bizkaia).

AURREKARIAK:

2006ko abenduaren 27an, Ińaki Garitagoitia Otaduy jaunak, Inyectados Gabi, S.A. enpresaren izenean eta ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila zenari eskatu zion ingurumeneko baimen bateratua emateko, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2006 Legeak xedatutakoaren arabera, Zaldibarko udalerrian (Bizkaiko lurralde historikoa) aluminioa injekzioz galdatzeko jarduerarako. Eskaerarekin batera honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Oinarrizko proiektua: memoria, eranskinak eta planoak (2006ko abendua).

– Laburpen ez-teknikoa (2006ko abendua).

Erreferentziako baimena eskatzeko unean, Inyectados Gabi, S.A. enpresak, besteak beste, jarduerarako 2004ko azaroaren 11ko baimena zuen. Baimen hori burdinarik gabeko metalen eta haien aleazioen piezak galdatzeko eman zen. Halaber, enpresa sustatzaileak baimena zuen errekatik ura hartzeko (1997ko apirilaren 4ko baimena). Orobat zuen Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorerako isurketa-baimena eta erregai likidoen instalazioa abian jartzeko agiria (2006ko irailaren 4koa), lurgaineko urak aprobetxatzeari, saneamendu-sistema integralera egiten diren isuriei eta erregai likidoak biltegiratzeari buruzko indarreko araudian ezarritakoaren arabera.

Horren ondoren, 2007ko urtarrilaren 12an, proiektuak Zaldibarko hirigintza-plangintzarekin duen bateragarritasunari buruzko udal-txostena igorri zen.

2007ko urtarrilaren 30ean, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak prozeduran esku-hartzea duten hainbat organori txostenak eskatu zizkion, Ingurumen Organoaren bidez proiektua jendaurrean jartzeko izapidetzea adosteari dagokionez. Zehazki Zaldibarko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoari eskatu zien txostena.

2007ko martxoaren 19an eta urriaren 2an, Ingurumen Organoak agiri gehigarriak gehitzeko eskatu zion sustatzaileari.

Ingurumeneko sailburuordeak 2007ko azaroaren 14an emandako Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri zen, 30 egun baliodunen epean, Inyectados Gabi, S.A. enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahiz Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2007ko abenduaren 3an. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi egunkaritan argitaratu zen 2007ko abenduaren 2an, eta ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.

Jendaurrean jartzeko izapidetze-epea bete ondoren, ikusi dugu alegazio bat aurkeztu dela, zenbait gairi buruzkoa. 1. eranskinean jaso dugu alegazio horren azterketa.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2008ko urtarrilaren 14an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Zaldibarko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoari; espedientean jaso da txosten horien emaitza.

Eskaeraren izapidetzearekin jarraitzeko asmoz, 2008ko ekainaren 26an, 2008ko azaroaren 28an, 2009ko ekainaren 23an eta 2009ko abuztuaren 21ean agiri osagarriak gehitzea eskatu zitzaion sustatzaileari; agiriak 2010eko martxoaren 15ean osatu ziren.

2010eko maiatzaren 7an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Inyectados Gabi, S.A. enpresaren esku utzi zen; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egindako ebazpen-proposamenaren zirriborroa gehitu zitzaion espediente horri.

2010eko maiatzaren 28an sustatzailearen jakinarazpena jaso zen. Jakinarazpen horretan, hainbat ohar zeuden Ingurumeneko Baimen Bateratuaren ebazpen-proposamenaren zirriborroari buruz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horrek atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea du helburu, eta hori ezinezkoa bada, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarri eta ingurumen osoaren babes-maila altua lortzeko.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta gauzatzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta -lerro guztiak; 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusi teknikoa dutenak.

16/2002 Legearen 9. artikuluan xedatutakoa betez, ingurumeneko baimen bateratua behar da 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplikatu beharreko instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten herri-administrazio desberdinen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen araudiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Inyectados Gabi, S.A. enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: saneamendu-sistema orokorrera (Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera) isurtzeko baimena, ibilgura isurtzeko baimena, hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuak sortzeko baimena eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitzeari eta zuzentzeari dagozkionak. Horretaz gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak igorriz.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak jarduera sailkatuetarako udal-lizentziaren prozedura ordezkatzen du, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuan aurreikusten zena; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal agintarientzat loteslea izango da, baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Transkribatutako aginduak aplikatuz, Inyectados Gabi, S.A. enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barnean hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak, eta Zaldibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak eskatu dira; espedientean jaso da txosten horien emaitza.

Instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den arloko legerian ezarritako baldintzak. Zehazki, galdaketaren sektorerako 2005eko maiatzeko BREF agiriaren edukia izan da kontuan (Reference Document on Best Available Techniques in the Smitheries and Foundries Industry).

Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen-proposamenaren zirriborroa sinatu eta Inyectados Gabi, S.A. enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da. Ildo horretan, kontuan hartu behar da organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek sustatzaileak izapide honetan egindako oharrak aztertu dituztela, eta guztiak kontuan hartu direla ebazpen hau lantzeko orduan.

Organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako legearen 13. artikuluan eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Araudi hau ikusi dut: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2009ko maiatzaren 7an emandako ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzkoa; uztailaren 1eko 16/2002 Legea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa; urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, proiektuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen duena; azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta aplikatzeko den gainerako araudia. Eta hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Helbide soziala Zaldibarko (Bizkaiko lurralde historikoa) udalerriko Zubiaurre kaleko 11. zenbakian duen eta IFK: A-48107809 zenbakia duen Inyectados Gabi, S.A. enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea, Zaldibarko udalerrian aluminioa injekzioz galdatzeko jarduerarako, ebazpen honen bigarren atalean ezarritako baldintzekin.

Jarduera Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskineko kategoria honetan dago: «2.5.b) Metal ez-ferrosoak, aleazioa barne, eta berreskuratzeko produktuak (fintzea, galdategian moldekatzea) galdatzeko instalazioak, berunerako eta kadmiorako eguneko 4 tonatik gora, edo gainerako metal guztietarako 20 tona urtzeko gaitasuna dutenak».

Ekoizpen-prozesuak etapa hauek ditu: 1) urtzea: ahalmen ezberdineko 4 labe daude; 2) injekzioa: etapa hori injekzio-geletan gertatzen da; 3) prentsaketa, laguntza-prentsetan; eta 4) ikuskapena, X izpien instalazioan egiten dena. Azaleko akaberaren etapak egiteko (granailaketa edo dardaraketa eta mekanizazioa), kanpoko enpresa bat azpikontratatzen da.

Fluxu-diagrama amaitzeko, produktuak dagokion bezeroen instalazioetara bidaltzen dira. Enpresak, halaber, prozesurako instalazio osagarriak ditu; hala nola, hondakin-uren araztegia, hozte-sistema, zubi-garabiak, konpresoreak eta ur-ponpak.

Fabrikan, energia-mota hauek erabiltzen dira: energia elektrikoa, fabrikaren funtzionamendu orokorrerako eta mantentze-labeetarako; gas naturala, urtze-labeetarako; A gasolioa, makinetarako eta norberaren erabilerarako ibilgailuetarako.

Gaur egun, ez dago isuri atmosferikorik, foku zarratuetatik datorrenik. Instalazio hauek sortzen dituzte isuriak (bildu gabeak): urtze-labeek, injektagailuek eta prentsek.

Hondakin-ur hauek sortzen dira:

– Araztegiko hondakin-ur industrialak, injekzio-prozesuan sortzen diren ur desmoldekatzailedunak arazteko prozesuaren ondorio direnak. Araztegi horretan, injektagailuetako fluido hidraulikoen jarioak ere arazten dira.

– Hozte-sistemako hondakin-ur industrialak, hozte-sistema garbitzearen eta hustearen ondorio direnak.

– Ur sanitarioak.

– Patioko euri-ura.

Hozte-zirkuitutik datozen hondakin-uren fluxuei dagokienez, industriako hozte-sistemei buruzko 2001eko abenduko BREF agiria aplikatzen zaie (Reference Document on the application of Best Available Techniques to Industrial Cooling Systems).

Industria-urak ur sanitarioekin batera isurtzen dira Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera (1. isurketa-puntua). Gainerako urak ere kolektorera isurtzen dira (2. isurketa-puntua). Euri-ur garbiak ibilgura isurtzen dira, sare bereizi baten bidez.

Inyectados Gabi, S.A. enpresaren jardueran, hondakin arriskutsuak sortzen dira, hondakin-uren tratamenduaren ondorio direnak, bai eta mantentze-lanen eta balizko isuriak eta ihesak biltzeko lanen ondorio direnak ere. Horretaz gainera, hondakin ez-arriskutsu hauek sortzen dira: papera eta kartoia, aluminio-aparrak eta burdinarik gabeko metalak.

Europako Batzordearen 2005eko maiatzeko galdaketaren sektoreko BREF agiriak (Reference Document on Best Available Techniques in the Smitheries and Foundries Industry) jasotzen dituen teknika erabilgarri onenen (TEO) artean, neurri hauek jasotzen ditu proiektuak:

– Injekzioa molde iraunkorretan: ur-kontsumoa minimizatzea eta presio altuko injekzio bidez desmoldekatzea; TEO horri lotutako neurriak gaindituz gero, iragazki elektrostatikoa duten kanpaiak erabiltzea.

– Zarata murrizteko neurriak. Estrategia bat ezartzea, neurketa orokorrak eta espezifikoak egiteko, instalazio zaratatsuak ixteko eta beste neurri batzuk hartzeko; hala nola, motelgailuak erabiltzea eta hodiak isolatzea.

– ISO 14001 arauaren araberako Ingurumen Kudeaketarako Sistema bat ari da jartzen enpresa.

Bigarrena.– Honako baldintzak eta eskakizunak ezartzea Inyectados Gabi, S.A. enpresak Zaldibarko udalerrian sustatzen duen aluminioa injekzioz galdatzeko jarduera ustiatzeko:

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Inyectados Gabi, S.A. enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak aplikatu, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala aplikatuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta atal hauetan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak.

Aluminioa injekzioz galdatzeko Inyectados Gabi, S.A. enpresaren instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isuriek ez dituzte gaindituko ebazpen honetan ezarritako balioak.

Era berean, prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren. Isuri ez-zarratu batzuek ez dute arau orokor hori bete beharko, baldin eta ez bada teknikoki eta ekonomikoki bideragarria isuri horiek biltzea eta egiaztatzen bada ingurunean kalte gutxi eragingo dutela.

Neurriak hartuko dira ustekabeko isuririk ez egiteko, eta egiten direnak giza osasunerako eta gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Aluminioa injekzioz galdatzeko Inyectados Gabi, S.A. enpresaren instalazioak ez du foku zarraturik, isuri atmosferikorik egiten duenik. Instalazio hauetan soilik sortzen dira etengabe isuri barreiatuak: urtze-labeetan, injektagailuetan eta prentsetan.

Alde horretatik, Inyectados Gabi, S.A. enpresak proposamen bat bidali beharko du; alegia, isuri barreiatuak kontrolatzeko eta minimizatzeko proposamen bat. Ildo horretan, proposamen horrek aukera hauei buruzko azterlan bat izan beharko du: isuri horiek bildu eta instalazioaren kanpoaldera hustea (geroko fokuetan ezarriko diren isurtzeko muga-balioak betez); instalazioko ateak ixteko kontrola, isuri barreiatu horiek zarratu edo kontrolatu gabeko fokuetatik irten ez daitezen, etab.

B.1.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Foku berriek beheko muga-balioak bete beharko dituzte: prozesu guztietan, 20 mg/Nm3 izango da guztizko partikulen muga, eta, horretaz gainera, urtze-prozesuan, 300 ppm izango da nitrogeno-oxidoen (NOX) muga, eta 500 ppm karbono-monoxidoarena (CO).

Isurtzeko muga-balioak baldintza hauei buruzkoak dira: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Neurtzen diren parametroek ez ditzakete gainditu isurtzeko muga-balioak, arauzko aldizkako ikuskapenetan (hiru neurketa, bakoitza ordubetekoa gutxienez). Parametroak zortzi ordutan zehar neurtuko dira. Neurketa-tolerantzia gisa, kasu guztien % 25ean gainditu ahal izango da muga-balioa, zenbatekoak ez badu muga-balioa % 40tik gora gainditzen. Tolerantzia hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi horretako tolerantzia global gisa, kasuen % 6an, muga-balioa gehienez % 25 gainditzea onartuko da. Tolerantzia horiek izanda ere, gai kutsatzaileak isurtzen dituen fokuaren eraginpeko zonaldean ezin izango dira inoiz higienikoki onar daitezkeen balioak gainditu.

B.1.4.– Gasak bildu eta husteko sistemak.

Gaur egun gasak biltzeko eta kanporatzeko sistemarik ez izan arren, isurtze barreiatuak minimizatzeko asmoz, instalazioak egunero eta astero garbituko dira, kanpoko ateak itxiko, etab. Aipatutako informazio guztia dokumentu honen D.3 paragrafoko prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan jaso eta erregistratu beharko da.

Fokuetako gas-hondarrak kanporatzeko tximiniek beharrezko bitartekoak izan behar dituzte, Industriak atmosferan eragiten duen kutsadurari aurrea hartu eta hori zuzentzeari buruz Industria Ministerioak 1976ko urriaren 18an emandako Agindua bete dezaten; besteak beste, laginak hartzeko puntuetara iristeko sarbide seguru eta errazak izango dituzte. Zehazki, laginak hartzeko aurreikusten diren zuloen kokapen eta ezaugarriei dagokienez, egokitu egin behar dira laginak hartzeko gunetik fluxuaren noranzkoaren eta kontrako noranzkoaren arabera (L1 eta L2 parametroak) neurketa-gunea baino lehenago dagoen gas-fluxuaren edozein perturbaziotara arteko distantziak, 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean ezarritakoaren arabera.

L1 = 8D eta L2 = 2D distantziak betetzen ez diren fokuetan, inoiz ez dira onartuko L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak. Kasu horietan, neurketen txostenean laginketa-planoaren baliozkotasuna justifikatzea eskatuko da.

B.2.– Saneamendu-sarera isurketak egiteko baldintzak.

B.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortzen duen jarduera-mota nagusia: Burdinarik gabeko metalen galdaketa.

Jarduera-taldea: Metala.

Mota-taldea-EJSN:2454.

(Ikus .PDF)

B.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.

a) 1. isurketa: industria-urak.

(Ikus .PDF)

B.2.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Azken isurketak behar bezala bete beharko ditu Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera doazen isurketen erregelamenduan adierazitako mugak eta baldintzak.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.

Hozte-zirkuituak husteko, arauketa egoki bat ezarri eta bermatu behar da. Hona hemen hozte-zirkuituak husteko protokoloa:

1.– Husteko gutxieneko denbora: 72 ordu.

2.– Hondar-kloro askea erreaktiboak gehituz edo beharrezko denboran pausagune bidez, eta abar ezabatzea, eta zuzeneko «in situ» analisi-kontrola, isuri aurretik klororik ez dagoela bermatzeko.

3.– Putzuaren hondoan metatutako lohiak kendu eta hustea, hori isurtzea derrigorrez saihestu behar baita.

B.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hondakin-urak arazteko instalazioetan, funtsean, injekzio-prozesuan sortzen diren hondakin-urentzako araztegi bat dago. Tratamendu-lerroak etapa eta elementu hauek ditu:

– Urak tratamendurako bideratzea.

– Isuriak homogeneizatzea.

– Bahe birakarian araztea, hondakin solidoak kentzeko.

– Olioak bereiztea, dentsitate-ezberdintasuna baliatuz, dekantagailu flotatzaile batean, Skimmers bidez. Bereizitako olioak biltegi batera bidaltzen dira.

– Dosifikatzea eta desemulsionatzailea automatikoki gehitzea.

– pH-a doitzea, automatikoki soda eta polielektrolitoa gehituz (neutralizazio-upela).

– Eskuz dosifikatzea eta malutatzailea gehitzea.

– Dekantatzea, lohiak kentzeko kono-enbor formako dekantagailu estatikoan.

– Isuria azkeneko aldiz iraztea.

– Lohiak loditzea, deshidratatu aurretik.

– Lohiak deshidratatzea, prentsa-iragazkian xukatuz. Xukatzearen efluentea hasierako homogeneizazio-biltegira birbideratzen da.

Egiteko dauden jarduketak.

Sustatzaileak aurkeztutako proiektuaren arabera, patioko euri-urak hidrokarburoen bereizgailu baten bidez bilduko eta araztuko dira. Bereizgailu horrek by-pass bat izango du, eta by-pass horrek gelaxka koaleszente bat. Bereizgailuak bide emango du olio partikulak aglomeratzeko.

Zerbitzuko aire-konpresoreek nahitaez izan behar dute galdaratxoak purgatu ondoren sortutako olioak ezabatzeko ekipamendu berezia.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Inyectados Gabi, S.A. enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, isurketak kontrolatzeko kutxeta bat jarriko da baimendutako hondakin-ur mota bakoitzerako; kutxeta horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte.

Kolektorera konektatu aurreko kutxeta erraz eskuratzeko moduan egongo da; zehazki, fabrikatik kanpo egongo da, ikuskapena egin behar denetan eskura izateko.

B.3.– Instalazioetan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Fabrikan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoa den berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hala badagokio, hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helmuga egokiena erabakitzeko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren hondakin mota ezberdinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu egin behar da eta horretarako balioztatzegune baimendu batera eraman behar dira. Hondakinak deuseztatu ahal izango dira, baldin eta behar bezala egiaztatzen bada horiek balioztatzea ez dela bideragarria teknikaren, ekonomiaren edota ingurumenaren aldetik. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira, balioa emateko beste modu material edo energetikoen aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken norakoa zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraituz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioa kontuan hartu behar dira. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. 16/2002 Legearen 10. artikuluan (2.d idatzi-zatian) ezarritakoaren kalterik gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, sortutako hondakinen kopurua handitzeak aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatzea dakarrenean soilik eskatu beharko da baimena egokitzea.

Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira ezbeharrean gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzari eta Zaldibarko Udalari.

B.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak hauek dira:

  • 1. prozesua: «Hondakin-uren tratamendua».
  • 1. hondakina: «Araztegiko lohiak».
  • - Identifikazioa: A48107809 /4800017926/1/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q8//D9//L27//C24//H5//A241//B0006.
  • - EHZ: 190813.

Hondakin likidoak dira injektagailuetako hondakin-ur industrialen eta fluido hidraulikoen isurien arazketaren dekantazio-etapako lohiak.

Hondakina kudeatzaile baimendu bati ematen zaio.

1.000 litroko bidoietan biltzen da.

  • 2. hondakina: «Araztegiko opilak».
  • - Identifikazioa: A48107809 /4800017926/1/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q8// D9//S27//C24//H5//A241//B0006.
  • - EHZ: 190813.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 10 t.

Hondakin solidoak dira injektagailuetako hondakin-ur industrialen arazketa-instalazioko prentsa-iragazkian sortutako opilak.

Hondakina kudeatzaile baimendu bati ematen zaio.

5.000 litroko metalezko bidoietan biltzen da.

  • 2. prozesua: «Zerbitzu orokorrak».
  • 1. hondakina: «Xurgatzaile kutsatuak».
  • - Identifikazioa: A48107809 /4800017926/2/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q5//R13//S40//C41-51//H5/A241//B0019.
  • - EHZ: 150202.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 9 t.

Hondakin solidoak dira mantentze-lanetan eta zerbitzu orokorren lanetan sortzen diren substantzia arriskutsuekin bustitako xurgatzaileak. Hondakina pabiloi barruan biltzen da, 200 litroko bidoitan. Hondakina kudeatzaile baimendu bati ematen zaio.

  • 2. hondakina: «Fluoreszenteak».
  • - Identifikazioa: A48107809 /4800017926/2/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H6/14//A222//B0019.
  • - EHZ: 200121.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 18 kg.

Hondakin solidoak dira erabileraz kanpoko luminariak ordezkatzeko lanetan sortzen diren luminariak. Hondakina pabiloi barruan biltzen da, bere ontzian bertan. Hondakina kudeatzaile baimendu bati ematen zaio. Kudeatzaile hori arduratzen da hondakina Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinak Kudeatzeko Sistema Integratu bati emateaz.

a) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistema bereiziak erabiliko dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

b) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak (maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzkoa, betearazteko oinarrizko araudia onartzen du Dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

c) Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa 1988ko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetan jasotzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena eginda dagoela, araudian zehaztutako aurretiaz, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko du jatorritik helmugaraino. Inyectados Gabi, S.A. enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokidea, bost urtean gutxienez.

g) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

h) Inyectados Gabi, S.A. enpresak ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren, industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duenaren, eta irailaren 29ko 259/1998 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoan olio erabiliaren kudeaketa arautzen duenaren arabera kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, tresna elektriko eta elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek ezinbestean bete beharko dute otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuak, pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoak, xedatutakoa.

Baimendutako kudeatzailearen onarpen-agiria izateko, eraman aurretiazko jakinarazpena egiteko eta kontrolaren eta jarraipenaren agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere gaika bildutako udal-hondakinekin eta horien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman-izanaren egiaztagiriak gutxienez bost urtez gorde beharko dira. Edonola ere, m) idatz-zatian definitutako hondakinak sortzeari buruzko kontrol-erregistroan behar bezala jasoko dira sortutako ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinen kopuruak.

j) Inyectados Gabi, S.A. enpresak PKB eduki dezaketen gailuak dituenez, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak, eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 EE Arautegian ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Inyectados Gabi, S.A. enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehenago.

l) Inyectados Gabi, S.A. enpresak urteko adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari sortutako hondakin arriskutsuen jatorria zein den, zenbat hondakin sortu den, zer erabilera emango zaien, eta adierazpenari dagokion ekitaldiaren amaieran aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda.

m) Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko da Ingurumen Sailburuordetzara.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketako funtsezko oinarrietako bat bete dadin, hau da, hondakin horiek ahal den gutxien sortzeko, Inyectados Gabi, S.A. enpresak prebentziozko neurriak erabiliz hondakin arriskutsuen sorrera gutxitzeko plana aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetzan, gutxienez lau urtean behin.

o) Aurreko e, f (kudeatzaileak EAEn daudenean), l eta m ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela IKS-eeM Sistema erabilita.

p) Amiantoa duten hondakinak hautemanez gero, Inyectados Gabi, S.A. enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 1991ko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

q) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran. Hondakina zein motatakoa den eta zein osagai arriskutsu dituen (ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota) definitzen dute, bai eta hondakina zein jarduerak eta zein prozesuk sortzen duen ere (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota). Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2007-2010) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa organo honek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioa ematea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

r) Obren ondorioz lurrak mugitu behar izanez gero, jardueraren sustatzaileak hondeatu behar dituen materialen (lurren, obra-hondakinen eta abarren) karakterizazioa egin beharko du, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan diren egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

Karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Sailburuordetzari bidali behar zaizkio, kudeaketa egin aurretik bidali ere, sailburuordetzak azter ditzan. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeko 10. artikuluko 2. paragrafoak ezarritakoa betez, jarduera ezartzeko edo zabaltzeko hondeatze-lanetan edo lur-mugitzeetan kutsadura-zantzuak hautematen badira, lan horien arduradun zuzenak horren berri eman beharko dio udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, hartu beharreko neurriak ezar ditzan sailburuordetzak, 17. artikuluko seigarren paragrafoak ezarritakoa betez, beharrezkoa izango balitz.

B.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

Sustatzaileak zenbat «hiri-hondakin solido» deritzen hondakin ez-arriskutsu sortzen dituen aurkeztu beharko du.

a) «Aluminio-aparrak» hondakinaren kasuan, hondakin horrek ispilu-sarrera du gaur egun indarrean dagoen hondakinen Europako zerrendan. Bada, horiek hondakin ez-arriskutsutzat hartuko dira, baldin eta lehenengo aldiz ebaluatu baino lehenago karakterizatzen badira; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Karakterizazio horretan sartu beharreko parametroak zehaztearren, Ingurumen Sailburuordetzarekin harremanetan jarri beharko dute. Baldin eta hondakina arriskutsua dela erabakitzen bada, ebazpen honetako B.3.1 idatz-zatian jasotako xedapenak aplikatuko dira.

Enpresa honek Zaldibarko instalazioetan «galautsak eta zepak» hondakinekin bateratu daitezkeen hondakinak sortzen baditu eta hondakin horiek «aluminio-aparrak» hondakinekin batera kudeatzen badira, proposa daiteke azken hondakin horiek bereiztea, baldin eta hondakin ez-arriskutsu gisa kudeatzeko moduren bat badago (horren aurretik, hondakin ez-arriskutsuak direla egiaztatu beharko da, dagokion analisien bidez). Gainerako hondakinei dagokienez (galautsak eta zepak), hondakin arriskutsu gisa kudeatu beharko dira, eta B.3.1 ataleko zehaztapenak aplikatuko zaizkie. Hondakin horien berri eman beharko zaio ingurumen-organo honi, Inyectados Gabi, S.A. enpresari emandako Ingurumeneko Baimen Bateratuan jasotako xedapenetan sartzeko.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio –hornitzaileari–, erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati emango zaizkio.

c) Hondakin horiek deuseztatzeko badira, ezingo dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balioztatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, hondakin guztiak hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek emandako onarpen-agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali behar zaio Ingurumen Sailburuordetzari, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Inyectados Gabi, S.A. enpresak artxibategian erregistratu eta gorde beharko ditu onarpen-agiriak, edo horien agiri ofizial baliokidea, horiek derrigorrezkoak direnean, bost urtean gutxienez.

e) Halaber, hondakinak zabortegietan utzita eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.

f) Erregistro bat edukiko du, eta, bertan, ondorengo datu hauek jasoko dira: kopurua, izaera, identifikazio kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera eta lagapen datak, jasotzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.

g) Aurreko d) eta e) (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta f) idatz-zatietan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela IKS-eeM sistemaren bidez.

B.4.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako agindua betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztu duten aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Inyectados Gabi, S.A. enpresak hau guztia bete beharko du:

● Neurri zuzentzaileak ezarri beharko ditu biltegiratze gune hauetarako: likido korrosiboetarako (sodio hipokloritoa, zink kloruroa, hozte-sistemarako produktu kimikoak) ontzi higikorren eta araztegirako likido narritagarrien biltegia, araztegiko lohietarako SOHen (solteko salgaietarako ontzi handien) biltegia, likido korrosiboetarako (sodio hidroxidoa eta burdina kloruroa) ontzi higikorren biltegia. Neurri horiek egokiak izan beharko dute, balizko isuririk sakabana ez dadin.

Orobat ezarri beharko dira neurri zuzentzaile hauek:

● Hautsezko materialak arrastaka eramatea minimizatuko da, neurri orokor hauek ezarriz:

○ Hautsezko gaiak siloetan, pabiloi barruan, edo horrelakorik ezean, haizetik hobekien babestutako tokietan gorde.

○ Haize gogorra dabilenean hautsezko solidoak ez manipulatu.

○ Materialak deskargatzeko garaiera mugatu.

● Lur zatian isurketa, jario edo ihesen eraginpean dauden gainazal guztiak zolatu eta iragazgaiztu egingo dira.

● Isurketak, jarioak edo ihesak eragozteko moduan gordeko dira lehengaiak, erregaiak eta produktuak.

Era horretan, ontzi higikorretan zein finkotan biltegiratutako produktu kimiko likido guztiek (batez ere gai eta prestakin arriskutsuak) eta biltegiratutako erregai likidoek jarioak biltzeko sistema izango dute.

Produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudiak eragindako biltegiratzeek araudi horretan ezarritako babes-neurriak beteko dituzte. Petrolio-instalazioei buruz indarrean den araudiaren mende dauden biltegi guztiek araudi horretan ezarritako babes-neurri guztiak beteko dituzte. Egiaztapen horiek egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

● Hondakin metalikoak barnealdean biltegiratuko dira, edo bestela estalita, lixibiatuak lurzorura eta uretara iragaztea murriztearren.

B.5.– Zaratari buruzko baldintzak.

Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak jarriko dira:

a) Maila hauetara egokitu behar du jarduerak: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 07:00etatik 23:00etara bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko balioetan.

b) Maila hauetara egokitu behar du jarduerak: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 23:00etatik 07:00etara bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko balioetan.

c) Era berean, zarata ezin da 60 dB (A) baino handiagoa izan, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, industria-eremuaren kanpoko itxituran.

d) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa, hain zuzen ere, sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

Sustatzaileak kontrol-kutxetaren UTM koordenatuak aurkeztu behar ditu.

b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek edo saneamendu-sarearen kudeaketa-arduradun den erakundeak egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira laginak hartzen direnetik hilabeteko epean.

c) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

d) Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak beteko ditu, baldin eta B.2.3 atalean adierazitako parametro guztiek ezarritako mugak betetzen badituzte.

e) Hidrokarburoen bereizgailua instalatu ostean, sustatzaileak euri-uren analisia bidali beharko du.

C.2.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduaren adierazle hauen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

(Ikus .PDF)

C.3.– Zarataren kontrola.

Sustatzaileak proposamen bat aurkeztuko du giro-zarata kontrolatzeko. Proposamen horren bidez, foku garrantzitsuenei lotutako zaraten eragin negatiboak arintzeko hartzen diren neurri teknikoen baliozkotasuna bermatuko da.

a) Jarduera garatzen den lur zatiaren kanpoko baldintza akustikoak hiru urtean behin kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldeetan. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak urtero egin ala ez.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak entsegu-laborategiek egin beharko dituzte; ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko laborategiek, hain zuzen ere. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.4.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehenago, ingurumenean aditua den erakunde aske batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, bai eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak ere. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, bai eta laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

C.5.– Ingurumena Zaintzeko Programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua adierazi beharko du.

Ingurumena zaintzeko programan, jardueraren ohiko adierazleak eta horiek analizatzeko sistematika sartuko dira, ingurumen-hobekuntza ziurtatze aldera enpresak berak ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatzeko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, zenbat isuri eta hondakin sortuko diren kalkulatu beharko du enpresak, eta, dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena egin beharko du.

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (27540 epigrafea «Beste burdinarik gabeko metalen galdaketa»), eta lurzoruan kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela eta, Inyectados Gabi, S.A. enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik zenbatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

D.3.– Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen ihesak hautemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Goian aipatutako prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan, atmosferaren kutsadura saihesteko eta zuzentzeko sistemak egoera onean daudela bermatzeko neurriak sartuko dira (arazketa, minimizazioa eta abar).

d) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta, bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita hautemandako gorabeherena ere.

e) Besteak beste, produktu kimikoak (hala nola, olio hidraulikoa, desmoldekatzailea, gasolioa, disolbatzaileak, likido korrosiboak –sodio hidroxidoa, burdina kloruroa–) eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu egin beharko da biltegiratzeko instalazio horiek behar bezala betetzen dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

h) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan eduki ere: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

i) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura; eraginkortasunean eragin dezaketen produktuen jarioak ez dira tratamendu-instalaziora eramango.

j) Pabiloien barruan zolak garbitzetik datorren ura tratamendu-lerrora bidaliko da.

k) Hidrokarburoen bereizgailuak aldian-aldian ikuskatuko dira, hondakinak pilatu ez daitezen; dekantagailuetan eta bereizgailuetan metatutako lohiak eta flotatzaileak aldian-aldian kendu behar dira. Hondakin horiek baimendutako kudeatzaile bati emango zaizkio.

l) Andel, putzu edo terrazen hondoan pilatzen diren solidoak ez dira ibilgura hustuko aldizkako garbitze-lanetan zehar; behar bezala kudeatuko dira edo zabortegi baimendura eramango dira.

m) Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

n) Arazteko instalazioek lohien tratamendua badute, xukatutako ura instalazioaren sarrerara birzirkulatuko da, hori tratatzeko.

o) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

p) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko. Kasu honetan, baldintza hauek azpimarratu behar dira:

Ebazpen honen B.4. atalean deskribatutako jarduerez gain, gasolioa biltegiratzeko eta maneiatzeko instalazioak behar den bezala isolatuko dira, gerta daitezkeen haustura, ustekabeko gainezkatze eta abarrei aurre egiteko.

Enpresak nahitaez izango du araztegia ustiatzeko protokolo edo eskuliburu bat, enpresa espezializatu batek egina, eta ekipo elektromekaniko, zunda, mintz, dosifikatzeko eta kontrolatzeko tresna eta abarren azterketa- eta mantentze-lanak finkatuko dira bertan, bai eta arazketa-prozesurako beharrezko diren erreaktiboen birjarpena ere.

Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta, bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita hautemandako gorabeherena ere.

Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

q) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren bat gertatuz gero (besteak beste, ihesak, jarioak, lurzorua edo urak kutsa ditzaketen hondakin, erregai edo substantzien isuri handiak; suteak), gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari.

r) Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiaki eta Udalari ere jakinarazi beharko die, berehala jakinarazi ere. Horren ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, honako datu hauek agertuko dira:

– Gertakari-mota.

– Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Iraupena.

– Ustekabeko isuria bada, emaria eta isuritako gaiak.

– Mugak gaindituz gero, isuriei buruzko datuak.

– Eragindako kalteak, kalkuluen arabera.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Prebentziozko neurriak, berriro gerta ez dadin.

– Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

s) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua aplikatu behar bada, egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak. Hori egin ezean, egindako eskaeraren kopia aurkeztu beharko zaio erakunde eskudunari.

Bestela, 2267/2004 Errege Dekretu hori zergatik ezin den aplikatu justifikatu beharko da. Horretaz gainera, instalazioek suteen aurkako babesaren arloan ezarritako exijentziak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaio enpresa instalatzaileak egindako ziurtagiria, suteen aurka babesteko instalazioen araudia onartzen duen azaroaren 5eko 1942/1993 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita. Halaber, tresna, ekipo eta sistemen mantentze-lanak Errege Dekretu horretan finkatutakoaren arabera egiten direla egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da. Agiri horiekin batera, baimendutako enpresa instalatzaile edo mantentzaileak industria-erregistroan inskribatuta daudela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

E) Inyectados Gabi, S.A. enpresak urtero jakinaraziko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin-mota guztiei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi Poluitzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, E-PRTR Inbentarioko emisioei eta ingurumeneko baimen bateratuei buruzko informazioa ematea arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari jarraituz.

Informazio hori osatzen duten datuak ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehenago bidali beharko dira, Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-eeM Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi.net web-orrian eskuragarri): Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko; E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Era berean, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatutako ingurumen-adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.

Informazio hori publikoa izango da, ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, publikoak parte hartzeko eta ingurumen gaietan justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legeak xedatutakoari jarraituz –lege horrek 2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak kontuan hartzen ditu– eta, betiere, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa bermatuko da.

G) 2007ko apirilaren 21eko 509/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. atalari jarraituz, instalazioaren titularrek agintaritzari jakinarazi beharko diote instalazio horietan erabiltzen eta ekoizten diren substantziek, 1907/2006 EE Erregelamenduan erregistratu eta ebaluatzeko aurreikusitako prozesuan identifikatu direnek, giza osasunerako eta ingurumenerako izan dezaketen arriskua.

H) Ingurumeneko baimen bateratu honen mendeko instalazioan egiten diren aldaketek bat etorri beharko dute Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da, aldaketak funtsezkoak badira.

Hirugarrena.– Inyectados Gabi, S.A. enpresak ingurumen organoaren aurrean egiaztatu beharko du ebazpen honetako bigarren ataleko ondorengo puntu hauetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituela, ebazpen hau jakinarazten denetik 6 hilabeteko epean gehienez: B.1.2 (isurtze barreiatuak biltzeko eta kanpora ateratzeko proposamena); B.2.4 (by-pass duen hidrokarburoen bereizgailuaren instalazioaren ziurtagiria); B.3.1.e eta B.3.2.d (hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak onartzeko agiriak); B.3.1.m eta B.3.2.f (hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak erregistratzeko eredua); B.3.2.a (hondakinen karakterizazioa eta ispilu-sarrera hondakinen Europako zerrendan); B.3.2.a (galautsik eta zeparik ez sortzearen justifikazioa); B.4 (lurzorua babesteko neurriak); C.1.e (euri-uren analisia, hidrokarburoen bereizgailua instalatu ostean); C.3 (zarata kontrolatzeko proposamena); C.5 (ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina); D.1 (kalkuluen arabera, zenbat isuri eta hondakin sortuko diren mantentze-lanen ondorioz); D.3.g (produktu kimikoak biltegiratzeko ziurtagiriak); D.3.h (larrialdietarako materialen zerrenda); D.3.i (kubetak husteko lanen protokoloa); D.3.s (suteen aurkako babesaren ziurtagiriak).

Halaber, lehen aipatutako epean, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du teknikari eskudunak emandako ziurtagiria. Bertan, instalazioak aurkeztutako proiektuarekin eta ebazpen honetan xedatutakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla ziurtatuko du. Dena den, baldintza horiek bete ote diren egiaztatzeko, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek ikuskapen-bisita egingo dute, hala badagokio.

Laugarrena.– Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urtez egongo da indarrean. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da, eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.

Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Edonola ere, ingurumen-baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuetan.

Artikulu hori betetzearen kalterik gabe, ebazpen honen baldintzak –ingurumena zaintzeko programan jasotakoak barne– aldatu ahal izango dira, jardueraren sustatzaileak eskatuta, behar bezala justifikatuz gero. Horretaz gainera, ofizioz aldatu ahal izango dira, honako egoera hauetan:

– Araudi berri bat indarrean jartzen bada.

– Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada bereziki.

– Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

Seigarrena.– Inyectados Gabi, S.A. enpresak ebazpen honen xede den aluminioa injekzioz galdatzeko jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori jakinarazi beharko du, Ingurumen Sailburuordetzak onar dezan.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:

– Epearen barruan ebazpen honetako hirugarren atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez badu, baldin eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Inyectados Gabi, S.A. enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Inyectados Gabi, S.A. enpresari, Zaldibarko Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hori guztia azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 114. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abuztuaren 23a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN BERGARA.

I. ERANSKINA
ALEGAZIOEI BURUZKO TXOSTENA:

Inyectados Gabi, S.A. enpresak Zaldibarko (Bizkaia) udalerrian sustatzen duen aluminioa injekzioz galdatzeko jarduerari ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduraren barruan ingurumen-organoak sustatutako jendaurrean jartzeko izapidean, alegazio-idazki bat aurkeztu da.

Jarraian, alegazioan adierazitako alderdien inguruan egindako oharrak ikus daitezke:

1.– Alegaziogileak adierazi duenez, Udalak ez dio eman Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak udal horri bidalitako ingurumeneko baimen bateratua eskatzeko proiektuaren kopia kautotua.

Gogoetak:

Inyectados Gabi, S.A. enpresaren ingurumeneko baimen bateratuaren eskabidea jendaurrean jartzeko izapidea egin zen, ebazpen honen arabera: 2007ko azaroaren 14ko ebazpena, Ingurumen sailburuordearena, Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumeneko sustatzen ari diren zenbait jarduerei dagokien ingurumeneko baimen bateratua lortzeko aurkeztu diren proiektuak jendaurrean jartzen dituena (2007ko abenduaren 3ko EHAA, 232. zk.)

Ebazpen horren 2. eta 3. artikuluetan, hauxe jasotzen da:

2. artikulua:

«Iritzitako arrazoibideak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz)».

3. artikulua:

«Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, proiektuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzan egongo dira eskuragarri (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz).

Era berean, adierazitako dokumentazioa herritarrekerrazago eskura dezaten, eranskinean zerrendatutako proiektuak dagokion udaletara bidaliko dira horiek erakusteko jendaurrean jartzeko epean».

Horrelaxe eskuratu dira Inyectados Gabi, S.A. enpresaren ingurumeneko baimen bateratuaren espedienteko agiriak.

2.– Alegazio-idazkian adierazten denez, maiz hausten da neurri zuzentzaile hau: «ez gainditzea 40 dB (A) 22:00ak arte, eta 30 dB (A) goizeko 08:00ak arte, Leq minutu etengabe bateko balioan neurtuta, eta 45 eta 35 dB (A) puntako gehienezko balioetan, inguruko etxebizitzetako logeletan, sukaldeetan eta egongeletan 08:00etatik 22:00etara, hurrenez hurren». Alde horretatik, alegaziogileak bere etxebizitzak eskaini ditu, egoki iritzitako neurketak egiteko.

Gogoetak:

Alde horretatik, hauxe izan behar dugu gogoan: «Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak» atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea du helburu, edo hori ezinezkoa bada, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuko sistema bat ezarriz, horrela ingurumenaren babes maila altua lortzeko.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumeneko baimen bateratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko.

11. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratu honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplikatzeko den instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten herri-administrazio guztien artean koordinatuko den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen legerian aurreikusitako ingurumen-baimen guztiak administrazio-egintza bakar batean bildu nahi dira.

Arlo horretan, proiektu osoaren ebaluazioa egin ondoren, ingurumeneko baimen bateratua emateko eskumena duen organoak ebazpen-proposamena egin behar duela ezartzen da. Legearen 22. artikuluak ingurumeneko baimen bateratuari dagokionez ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpen-proposamen horrek behar bezala jaso behar ditu egindako txosten lotesleetatik ateratako baldintzak. Beraz, baimenak alderdi hauek izan behar ditu kontuan:

a) Isurtzeko muga-balioak, teknika erabilgarri onenetan oinarrituta.

b) Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa bermatzeko baldintzak, hala dagokionean.

c) Instalazioan sortutako hondakinak kudeatzeko erabiliko diren prozedurak eta metodoak.

d) Urrutiko edo mugaz gaindiko kutsadura gutxitzeko baldintzak, hala dagokionean.

e) Mota guztietako isurketak eta hondakinak tratatzeko eta kontrolatzeko sistemak eta prozedurak, neurketak ebaluatzeko neurketa-metodologia, maiztasuna eta prozedurak zehaztuz.

f) Ingurumenari eragin diezaioketen eta ohikoak ez diren egoeretan (martxan jartzea, isuriak, funtzionamendu-akatsak, aldian aldiko geldialdiak edo behin betiko itxiera) ustiaketaren baldintzen inguruko neurriak.

g) Aplikatzekoa den legeria sektorialak ezarritako bestelako neurri edo baldintzak.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruz indarrean dagoen araudian eta alor horretan ingurumenari buruz dagoen araudian xedatutakoa betez, ingurumen organo honek Inyectados Gabi, S.A. enpresak Zaldibarren duen instalazio osoaren balioespen globala egin du, eta jarduera behar bezala egiteko hartu behar dituen neurriak zehaztu ditu.

Horrenbestez, ingurumeneko baimen bateratu honetan, organo honek Inyectados Gabi, S.A. enpresari ezartzea beharrezkotzat jo dituen baldintza eta betebeharrak jaso dira, atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestu, edo hori ezinezkoa denean, kutsadura hori murriztu eta kontrolatzeari buruz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratua ezartzeari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean ezarritako helburuak bete daitezen.

Inyectados Gabi, S.A. enpresak beharrezko neurriak hartuko ditu, instalazioak kanpoko ingurumenera ez igortzeko zaratarik, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskineko B1 taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoa denik. Errege Dekretu horren bidez, azaroaren 17ko 37/2003 Legea, zaratari buruzkoa, garatzen da, arau horren IV. eranskineko prozeduren arabera ebaluatutako zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez. Instalazioa lurzoru industriala nagusi den gune akustiko batean dagoela kontuan hartuta, hauek dira aipatutako muga-balioak, ebazpenaren B.5 atalean jasotakoaren arabera:

«Inyectados Gabi, S.A. enpresak beharrezko neurri guztiak ezarri behar ditu honako zarata-maila hauek ez gainditzeko:

a) Maila hauetara egokitu behar du jarduerak: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 07:00etatik 23:00etara bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko balioetan.

b) Maila hauetara egokitu behar du jarduerak: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 23:00etatik 07:00etara bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko balioetan.

c) Era berean, zarata ezin da 60 dB (A) baino handiagoa izan, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, industria-eremuaren kanpoko itxituran.

d) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.»

Halaber, zarataren kontrolari dagokionez, hauxe esaten da C.4 atalean:

«Sustatzaileak proposamen bat aurkeztuko du giro-zarata kontrolatzeko. Proposamen horren bidez, foku garrantzitsuenei lotutako zaraten eragin negatiboak arintzeko hartzen diren neurri teknikoen baliozkotasuna bermatuko da.

a) Jarduera garatzen den lur zatiaren kanpoko baldintza akustikoak hiru urtean behin kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldeetan. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak urtero egin ala ez.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak entsegu-laborategiek egin beharko dituzte, ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko laborategiek, hain zuzen ere. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira».

Eraikitako instalazioa baimendutako proiektuaren araberakoa dela egiaztatzeari dagokionez, ebazpen honen hirugarren atalean ezarritakoarekin bat, sustatzaileak baldintza jakin batzuk betetzen dituela frogatu beharko du Ingurumen Sailburuordetzan.

Horretaz gainera, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskaritza-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eta aurkeztutako proiektuaren arabera eraiki direla. Horretarako, aipatutako ikuskaritza-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari eskumendun batek egina.

3.– Kutsadura akustikoa pairatzen dutela-eta, alegaziogileak etxebizitzetako arazoa konpontzeko irtenbide bat eskatu du, eta hauxe proposatu: beste etxebizitza bat ematea edo Inyectados Gabi, S.A. enpresari jarduera egitea galaraztea.

Gogoetak:

Gogora dezagun pertsonen osasunaren eta ingurumenaren babesaren ondorioak kontuan hartzen direla ingurumen-organo honek ingurumeneko baimen bateratu bat ematen dionean instalazio bati eta baimen hori emateko ezinbestekoa dela baldintza jakin batzuk betetzea, instalazioak Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen xedea eta xedapenak betetzen dituela bermatzen dutenak.


Azterketa dokumentala