125. zk., 2014ko uztailaren 3a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (350 KB - 24 orri.)
- EPUB (322 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2985
EBAZPENA, 2010eko ekainaren 10ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Ingurumen Baimen Bateratua ematen duena Oñartxoko hondakin egonkortuen eta solidotuen (inertizatuen) zabortegia zigilatzeko eta ondoren kontrolatzeko, Hierros Egino, S.L. enpresak sustaturik Azkoitiko (Gipuzkoa) udalerrian.
AURREKARIAK
2009ko apirilaren 24an, José Luis Zurutuza Arratibel jaunak, Hierros Egino, S.L. enpresaren izenean eta berori ordezkatuz, Ingurumen Baimen Bateratua eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari, Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Oñartxoko hondakin egonkortuen eta solidotuen zabortegia zigilatzeko eta ondoren kontrolatzeko, Azkoitiko (Gipuzkoa) udalerrian. Eskaerarekin batera honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:
– Oñartxoko zabortegiko Ingurumen Baimen Bateratua eskatzeko proiektua. Azkoitia. I. liburukia. Proiektu teknikoa (2009ko apirila).
– Oñartxoko zabortegiko Ingurumen Baimen Bateratua eskatzeko proiektua. Azkoitia. II. liburukia. Proiektu ez-teknikoa (2009ko apirila).
– Oñartxoko zabortegiko lixibiatuak kudeatzeko aukeren azterketa. Azkoitia (2009ko urtarrila).
– Oñartxoko zabortegiaren azterketa hidrogeologikoa eta balantze hidrikoa. Azkoitia. Lixibiatuen eboluzio-joerak (2009ko urtarrila).
– Oñartxoko zabortegiko goiko zabalgunea zigilatzeko proiektua. Azkoitia (2008ko otsaila).
– Oñartxoko zabortegiko Ingurumen Baimen Bateratua eskatzeko proiektua. Agiri osagarriak. 2009ko iraila.
– Oñartxoko zabortegiko Ingurumen Baimen Bateratua eskatzeko proiektua. Agiri osagarriak. 2009ko azaroa.
Erreferentziako baimena eskatzeko unean, Hierros Egino, S.L. enpresak, besteak beste, 1994ko irailaren 28ko Jarduera Lizentzia zuen. Halaber, enpresa sustatzaileak hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimenak zituen: hondakin inerteen eta inertizatuen zabortegi bat instalatzeko baimena, 1996ko uztailaren 3koa, eta zabortegi aurreko ezponda zigilatzeko baimena, 2007ko irailaren 28koa, hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeari buruzko arautegia betez.
Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2009ko azaroaren 10ean emandako Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Hierros Egino, S.L. enpresak sustatutako proiektua, 30 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2009ko abenduaren 17an. Era berean, 2009ko abenduaren 9an, auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion. Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2010eko otsailaren 9an Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Azkoitiko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, espedientean ageri den emaitza jasoz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, kutsaduraren prebentzioari eta kontrol bateratuari buruzkoak,1. artikuluan xedatutakoaren arabera, Lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitzea eta kontrolatzea, kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistema bateratu bat ezarriz, ingurumena oro har babestearren.
Apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren, uztailaren 1eko Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duenaren, 3. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, baimen horretan sartzen dira ekoizpen-elementu eta lerro guztiak, 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusia dutenak.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluan xedatutakoa betez, Ingurumen Baimen Bateratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen horren oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, arautegia instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten Herri Administrazioen artean koordinatutako prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztearren eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen arautegiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira.
Hierros Egino, S.L.ren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: altzairutegi-hautsaren hondakin egonkortuen eta solidotuen (inertizatuen) zabortegia zigilatzeko baimena, ibaira botatzeko baimena eta, ingurumen-arloko beste zehaztapen batzuen artean, lurzoruaren kutsadura prebenitzeari eta zuzentzeari dagozkion baimenak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartzen dute, nahitaezko txostenak eginez.
16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ingurumen Baimen Bateratua emateko prozedurak jarduera sailkatuetarako udal-lizentziaren prozedura ordezkatzen du, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuan aurreikusten zena; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzaren behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, Ingurumen Baimen Bateratua loteslea izango da udal-agintarientzat, baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-gaiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Hierros Egino, S.L.ri dagokion Ingurumen Baimen Bateratuaren prozeduran sartu dira Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorreko izapideak, bai eta Azkoitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak ere, espedienteak ageri den emaitzarekin.
Azkenik, instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak zehazte aldera, eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko baldintzak zehazte aldera, Ebazpen Proposamen hau egiterakoan kontuan izan da teknika erabilgarri onenen erabilera, bai eta hondakinak zabortegira eramanez ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuak ezarritako neurriak eta baldintzak ere.
Ondorengo arautegia ikusi da: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2010eko maiatzaren 10ean emandako ebazpen-proposamena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea; proiektuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatua), bai eta aplika daitekeen gainerako arautegia ere, eta honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Helbide soziala Urrategi auzoko Oñeder baserrian (Azkoitia, Gipuzkoa) duen eta IFK: B 20074829 duen Hierros Egino, S.L.ri Ingurumen Baimen Bateratua ematea Azkoitiko Oñartxoko hondakin egonkortuen eta solidotuen (inertizatuen) zabortegia zigilatzeko eta ondoren kontrolatzeko, Ebazpen honen bigarren atalean ezarritako baldintzekin.
Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskineko 5.4 kategorian sartutako jarduera da: «Mota guztietako hondakinen zabortegiak, egunean 10 tonatik gora hartzen dituztenak, edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera dutenak, hondakin inerteen zabortegiak izan ezik».
Hierros Egino, S.L.ren jarduera izango da Oñartxoko altzairutegi-hauts egonkortuen eta solidotuen (inertizatuen) hondakinen zabortegia zigilatzea eta ondoren kontrolatzea. Erabili izan den bitartean zabortegi horretan sartu diren hondakin bakarrak altzairutegi-hauts inertizatuak izan dira, zabortegiaren alboko eta gaineko ipar-mendebaldeko inertizatze-plantatik etorriak, eta Oñeder, S.A.k ustiatu du 2006ra arte.
Zabortegia lohiz bete zen 2006an, eta gaur egun ez dago jarduerarik bertan.
Oñartxoko depositua Azkoitian dago, Gipuzkoako mendebaldean, Urola ibaiaren ezkerraldean, hirigunetik hego-mendebaldera. Azkoitia eta Zumarraga lotzen dituen errepidetik (GI-631) iristen da bertara, Oñartxoko Poligonoan zehar, errepide hori hasten denetik 500en bat metro hegoaldera.
Zabortegia kokatzen den eremuaren gutxi gorabeherako koordenatuak honako hauek dira:
– X= 554.583.
– Y= 4.780.561.
Oñartxo errekaren arroak 258.000 m2 inguru ditu, jabetzako lursailek 50.000 m2 inguru, eta altzairutegi-hautsen hondakin inertizatuen zabortegiak 38.882 m2 (biltegi berriak 17.159 m2 eta biltegi zaharrak 21.723 m2).
Zabortegiaren gaina itsas mailatik 186,60 metrotara dago, eta beheko aldea, berriz, 160 metrotara.
Hondakin egonkortuen eta solidotuen (inertizatuen) zabortegia irazgaiztuta dago geosintetikoen bidez, eta lixibiatuen bilketa honako hauetara zabaltzen da:
– Biltegi Zaharreko Draina.
– Biltegi Berriko Draina.
– Segurtasun Draina, ontzi irazgaiztuaren azpian, azal azpiko urak eta biltegi zaharretik etor litezkeenak jasotzeko.
Biltegietatik eta drainetik datozen lixibiatuak kutxatila handi batean jasotzen dira, zabortegira daraman errepidearen alboan, eta sarrerak etengabe erregistratzen dira emari-neurgailuen bidez. Kutxatilak baditu beste bi ur-sarrera ere: lehenengoa, HMko magaleko lurpeko uren zati bat biltzen duen iturburu batekoa; bigarrenak HMko magaleko zepa-depositu bat zeharkatzen duen ura biltzen du.
Bilketarako kutxatila horrek lixibiatuak ponpatzen ditu, bulkatzeko bi ponparen bidez, lixibiatuen baltsa batera (zabortegiaren gainean dago eta 6.000 m3 arte bil dezake).
Proiektuan aurreikusitako prozesuek teknikarik onenak erabiltzen dituzte, ingurumena osoki babesteko, kutsaduraren prebentzioari eta kontrol bateratuari buruzko arautegiak agindu moduan.
Bigarrena.– Hierros Egino, S.L. enpresak Azkoitiko udalerrian sustatutako Oñartxoko hondakin egonkortuen eta solidotuen (inertizatuen) zabortegia zigilatzeko eta ondoren kontrolatzeko baldintza eta eskakizun hauek ezartzea.
A) Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu behar da, milioi bat (1.000.000) eurokoa, ondorengoak estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteen ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak. Aseguru hori gutxienez 30 urtez mantendu behar da, zabortegia zigilatzen den unetik aurrera.
Hierros Egino, S.L.k kontratatutako aseguruaren baldintza orokorren, partikularren eta berariazkoen kopia bidali behar dio Ingurumen Organoari, hark onar dezan.
Erantzukizun zibileko asegurua eguneratu izana egiaztatzen duen agiria bidali behar zaio Ingurumen Organoari urtero. Polizan aldaketarik izanez gero, Ingurumen Organoari jakinarazi eta kontratatutako aseguru berriaren baldintza orokorren, partikularren eta berariazkoen kopia igorri behar zaio.
B) Bi milioi berrehun eta laurogeita lau mila zazpiehun eta laurogeita zortzi (2.284.788) euroko fidantza jartzea, hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuko 14. artikuluari jarraituz. Fidantza horren zenbatekoa erabakitzen da zigilatzea eta ondorengo mantentze-lanak kostatuko direnaren arabera, gutxienez 30 urtez eta luzatzeko aukerarekin, eta lixibiatuak kudeatzea kostatuko denaren arabera. Era horretan betetzen dira Administrazioarekiko betebehar guztiak, baldin eta jarduera bertan behera utziko balitz.
Fidantza uneoro eraginkorra dela ziurtatze aldera, hiru urtez behin berrituko da, Prezioen Indize Orokorra aldatzen denaren arabera, eta fidantza eratutakoan indarrean dagoen oinarrizko indizean oinarrituta.
Hierros Egino, S.L.k baimen honen indarraldia amaitu baino gutxienez urtebete lehenago aurkeztu behar du zabortegia itxi ondorengo mantentze-lanen kostuari buruzko finantza-azterketa bat, oinarritzat hartuta Ingurumena Zaintzeko Programa, bai eta Hierros Egino, S.L.k kutsagarritasuna murrizteko har litzakeen neurriak ere.
C) Hierros Egino, S.L.k Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio lan hauetaz arduratzen denaren izen-abizenak, NANa, jakinarazpenetarako helbidea eta titulazioa:
– Administrazioarekiko harremanak.
– Baimenaren bidez ezarritako baldintzak, neurri babesleak eta zuzentzaileak, eta Ingurumena Zaintzeko Programa betetzeari buruzkoak.
– Lixibiatuen tratamendua eta isurketaren kudeaketa bateratua.
Era berean, datu horietan dagoen edozein aldaketa jakinaraziko da, beharra balego.
D) Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira neurri babesleak eta zuzentzaileak, indarrean dagoen arautegiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:
D.1.– Zabortegiaren egokitze- eta zigilatze-lanen baldintza orokorrak.
Zigilatze-lanak egiteko orduan, Hierros Egino, S.L.k bete egin behar du «Oñartxoko (Azkoitia) zabortegiko goiko zabalgunea zigilatzeko proiektua» izeneko dokumentua (Hirigintza, S.A.k idatzia 2008ko otsailean), bai eta Ebazpen honetako baldintzak ere.
D.1.1.– Jarduketa-esparrua mugatzea.
a) Dauden instalazioen dokumentazio deskribatzailea aurkeztu behar da, gehienbat lixibiatuen fluxuari dagokionez (kanalak, hodiak, kutxatilak, etab.).
b) Bai obrak bai lurzorua okupatzen duten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan garatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa aipatutako mugetatik kanpo.
c) Esparru horretatik kanpo ustekabeko eraginik sortuz gero, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, aurrez Ebazpen honen D.1.10 atalean adierazitako Ingurumen Aholkularitzaren txostena eginda.
d) Ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko moduan proiektatuko dira obrako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, eta hondeaketa-lurren eta hondakinen aldi baterako metaketak. Obrak hasi aurretik, aurreko alderdiak xehetasunez adierazten dituen mugaketa egingo da kartografian. Mugaketa hori Obra Zuzendaritzak onartu behar du, Ebazpen honetako D.1.10 atalean aipatutako Ingurumen Aholkularitzaren aurre-txostena eginda.
D.1.2.– Zigilatze-lanak hasi aurreko baldintzak.
Hierros Egino, S.L.k Obra Zuzendaritza izendatu behar du, eraikitzailearen eta sustatzailearen mende ez dagoena.
Halaber, zabortegia zigilatzeko geosintetikoen kalitatea bermatzeko kontrolaz arduratuko den eta sustatzailearen eta eraikitzailearen mende ez dagoen enpresa bat izendatu behar du. Enpresa hori izango da Ebazpen honetako E.2 ataleko baldintzak betetzen diren egiaztatzeko arduraduna.
Obrak hasi aurretik, Hierros Egino, S.L.k geosintetikoen kalitatea bermatzeko kontrola egingo duen enpresa arduradunaren eta zuzendaritza teknikoaren izendapenaren berri eman behar dio Ingurumen Organo honi.
D.1.3.– Zabortegia ixteko segida.
a) Goiko zabalgunea zigilatzeko segidak geruza hauek izango ditu (goitik behera):
– Estaltzeko lurzorua, gutxienez 0,50 m-ko lodiera duena.
– Abisuzko geoehuna, polipropilenozkoa (PP), gramaje izendatua 300 g/m2 edo hortik gorakoa.
– Estaltzeko lurzorua, gutxienez 1,00 m-ko lodiera duena.
– Abisuzko geoehuna, polipropilenozkoa (PP), gramaje izendatua 400g/m2 edo hortik gorakoa.
– Dentsitate altuko geomintza, 2 mm lodi, bi aldeetatik testurizatua, irazgaizteko osagai nagusi gisa edo lehen mailako barrera hidrauliko gisa.
– Bentonitazko geokonposatua, gramaje izendatua 3.700 g/m2 edo hortik gorakoa.
– Hondakina.
Bestelako zigilatze-segidak proposa daitezke, modu egokian justifikatuz instalazioaren gorabehera zehatzei emandako soluzioa. Dena dela, zigilatzea osatzen duten geruzek = 1,5eko segurtasun-faktorea eduki behar dute irristaduren aurrean.
b) Asentatzeak/deformazioak kontrolatzeko plan bat diseinatuko da, egindako aurreikuspenak betetzen diren egiaztatzeko. Plan horrek zehaztu egin behar ditu erabili beharreko kontrol-metodoak (asentatze-plakak, inklinometroak, zigilatutako zabortegiaren gainazaleko topografia-kontrolerako mugarriak, etab.), kontrol-lekuak, neurketen maiztasuna, neurketa-prozedurak eta egindako aurreikuspenak betetzearen egiaztapen-prozedura.
Zabortegiaren egonkortasuna aztertzeko erabilitako materialen parametro geoteknikoak ahal dela in situ egindako proben bidez lortuko dira. Irristaduraren aurrean, segurtasun-faktorea honelakoa izan behar da:
– Egoera normalean: = 1,50.
– Ustekabeko egoeran (drainatze-sistemaren akatsa): = 1,30.
Topografia-kontrol horren emaitzen txostenean honako datu hauek jasoko dira: neurtzeko bitarteko eta materialak, gertatutako gorabeherak, aldi bateko eboluzioaren grafikoak, erregistratutako datuak euskarri elektronikoan (kalkulu-orria), eta horien interpretazioa. Analizatutako egoerak bat etorri behar du aurkeztutako zabortegi-diseinuarekin.
c) Zabortegia egokitzeko eta zigilatzeko lanak burutzen diren bitartean funtsezko aldaketak ekar ditzakeen aldaketarik eginez gero proiektuan, Ingurumen Organo honi jakinaraziko zaio balorazioa egin dezan, eta hala badagokio, burutu aurretik onar dezan.
D.1.4.– Lurzorua eta urak babesteko neurriak.
a) Hierros Egino, S.L.k bete egin behar ditu honako dokumentu honen 13. ataleko gomendio guztiak: «Oñartxoko zabortegiaren azterketa hidrogeologikoa eta balantze hidrikoa. Lixibiatuen eboluzio-joerak (2009ko urtarrila)».
b) Lixibiatuak biltzeko hobia egokitu eta, ondoren, estankoa dela egiaztatu behar da.
c) Ebazpen hau eman eta berehala hasiko da E.1.c) puntuan adierazitako kontrolen sistematika.
d) Egoki diren lanak egin behar dira zabortegiaren goialdean, zabortegira doan ura minimizatzeko.
e) Obrako makinak edukitzeko eta haien mantentze-lanak egiteko tokia drainatze naturaleko saretik bereiziko da. Zola irazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez dezaten. Ezin izango da erregairik zamatu, oliorik aldatu eta oro har tailerreko lanik egin adierazitako gunetik kanpo.
f) Ingurumena lehengoratzeko eta zabortegia zigilatzeko orduan, drainatze-sare naturalera doazen jalkin xeheak minimizatuz egingo da. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta egingo dira, obren ondorioz kutsatutako urak bertan biltzeko.
g) Zabortegia fasetan eta eremuka zigilatuko da. Lamina irazgaitzak instalatu ondoren (geokonposatuak eta geruza mineral artifiziala), berehala estali behar dira babeserako geoehunaren bidez, erradiazio ultramorearen eragina murrizteko.
h) Zigilatzeko geruzak ipiniko dira horretarako eguraldia egiten duenean bakarrik, fabrikatzailearen oharrei jarraituz eta geosintetikoentzat ezarritako kalitate-kontrolaren arabera.
D.1.5.– 6.000 m3-ko lixibiatuen baltsa tratatzea eta hustea.
Zabortegiaren gaineko 6.000 m3-ko baltsan metatutako lixibiatuak Oñartxo errekara isuri aurretik tratatu egin behar dira, Ebazpen hau onartzen denetik 3 hilabeteko epean lixibiaturik egon ez dadin baltsan.
Lixibiatu horiek CO2 borborraren bidez tratatuko dira baltsan bertan, eta pH eta metalen parametroak muga-balioen barruan daudenean ibaira isurtzeko prest egongo dira, lehenbizi Ingurumen Organoari eta Uraren Euskal Agentziari jakinarazi eta haiek onartuta.
Honako hauek izango dira hustu ahal izateko baldintzak:
– 8 m3/h huste-emaria, lohiaren fasera heldu arte.
– pH-a eta metalak astero aztertzea.
– Baltsan geratutako lohiak xurgatu eta baimena duen kudeatzaile batek kudeatuko ditu, D.1.8 atalari jarraituz.
– Ingurumen Organoari eta Uraren Euskal Agentziari (Gipuzkoako Ordezkaritza) jakinarazi behar zaio lohiaren fasera heldutako unea, lohiak kudeatzeko bidea, kudeaketa horren hasiera-data eta lohien kudeaketa egokia egiaztatzeko dokumentazioa.
D.1.6.– Hauts-isuriak gutxitzeko neurriak.
a) Zigilatzeak iraun bitartean, bideak eta ibilgailuak igarotzeko lekuak garbitzeko kontrol zorrotza burutuko da, bai obrek erasandako ingurunean, bai horien sarbideetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema bat eduki behar da.
b) Obren irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak ezarriko dira. Instalazio horien ezaugarriak eta kokaleku zehatza Ebazpen honen D.1.11 puntuak aipatzen duen agirian jaso behar dira.
c) Ibilgailuen eta makinen joan-etorriak eragindako partikula solidoen eta hautsen isuriak gutxitzeko ahalegina egingo da.
D.1.7.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.
Zabortegia zigilatzeko fasean barrena, proiektuan eta Ebazpen honetan deskribatutako neurriak ezarri behar dira, makinek bete beharreko baldintzei, horien mantentze-lanei eta lan-ordutegiei dagokienez.
D.1.8.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
a) Zabortegia zigilatzean sortutako hondakinak kudeatzeko orduan –baita hondeaketakoak, ebakietakoak, enbalajeak, lehengai errefusak eta garbiketakoak ere–, hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legea eta aplikatzekoak diren berariazko arautegiak beteko dira.
b) Zabortegia zigilatzean sortutako hondakinak balorizatzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, hondakinak balorizatzeko gune baimendu batera igorri behar dira. Hondakin horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira.
c) Zabortegira bideratu behar diren berrerabili edo balorizatu gabeko materialak kudeatu behar dira zabortegietan hondakinak onartzeko irizpide eta prozeduren arabera.
d) Hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko dira betelanak egiteko edo lursailak egokitzeko hondakinak.
e) Hondeaketako soberakinentzako betelan bat egin nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua betez, betelan-proiektua idatzi behar da, Dekretu horren V. eranskinari jarraituz (bertan zehazten da betelanak kokatzeko proiektu teknikoen eduki minimoa), eta proiektu hori Ingurumen Organo honi aurkeztu behar zaio, burutu aurretik baimena eman dezan.
f) Olio erabiliak arautegi hauei jarraituz kudeatuko dira: irailaren 29ko 259/1998 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko olio erabilien kudeaketa arautzen duena, eta ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duena.
Kudeatzaile baimendunak jaso arte, olio erabiliak kubeta edo segurtasun-sistema barruko gordailuetan gordeko dira aldi baterako, gordailu nagusia hautsi edo estankotasuna galduz gero oliorik sakabana ez dadin. Horretarako, kontratistak berak dituenak edo Hierros Egino, S.L.k Oñartxoko zabortegiko instalazioetan dituenak erabiliko dira.
g) Hondakinak kudeatzeko arautegia errazago bete ahal izateko, lan guztietan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri behar dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzetik, makinen mantentze-lanak egitetik edo hondakinak erretzetik ez da inola ere efluente kontrolatu gabekorik sortuko.
Horren ildotik, gune espezifiko bat prestatu eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak –olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar– aldi baterako gordetzeko instalazio estaliak; horietatik bereizita, edukiontzi espezifikoak jarriko dira hondakin ez-arriskutsu eta inerteentzat. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta barrukoa ez galtzeko. Era berean, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak eta abar) ezarriko dira obran zehar, eta izaeraren arabera bereiziko dira. Hori guztia, aipatutako gune garbian aldi baterako biltegiratu aurretik egingo da, eta horretarako, kontratistak dituenak edo Hierros Egino, S.L.k Oñartxoko zabortegiaren instalazioetan dituenak erabiliko dira.
D.1.9.– Obraren garbiketa eta akabera.
Ingurumena lehengoratu eta zabortegia zigilatu ondoren, eremua ondo garbitu behar da, obra-hondakin guztiak kenduz proiektuaren eragin-eremutik.
D.1.10.– Ingurumen Aholkularitza.
Zabortegia zigilatu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenean eta, oro har, neurri babesleetan eta zuzentzaileetan kualifikatutako aholkularitza jaso behar du. Baldintza-agiriak Obra Zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak emateko, aldez aurretik aholkularitza ematen duten adituek egindako txostena aztertu behar da.
D.1.11.– Lan Programa diseinatzea.
Kontratistak ekintza-proposamen xehatu batzuk egin behar ditu, ondorengo azpiataletan adierazitako alderdiei buruz. Proposamen horiek, Ebazpen honetan kasu bakoitzerako ezarritako irizpideen arabera diseinatuko dira eta Obra Zuzendaritzak espresuki onetsi behar ditu, aurreko atalean aipatutako Ingurumen Aholkularitzak aurrez txostena eginda. Ondoren, Lan Programan txertatuko dira. Honakoak dira agiriok:
a) Kontratistaren instalazioen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, bai eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeari buruzkoak ere, Ebazpen honen D.1.8 atala betez.
b) Ebazpen honen D.1.6 atalean aurreikusitako solido esekiak atxikitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena.
c) Ebazpen honen D.1.6 atalean aurreikusitako ibilgailuak garbitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena.
D.1.12.– Jardunbide egokien kontrola obren garapenean zehar.
Obrak garatu bitartean jardunbide egokien kontrola egingo da, arreta berezia jarriz eragindako azalerari eta ingurune urtarraren babesari, hondakinak kudeatzeari (hondeaketako soberakinak barne), solido esekiei eusteko gailuen funtzionamenduari, hautsa eta zarata sortzeari, eta Ebazpen honetan adierazitako beste alderdi batzuei.
D.1.13.– Obra-amaierako txostena.
a) Zabortegia egokitu eta zigilatu ondorengo hilabeteko epean, Obra Zuzendaritzak sinatutako obra-amaierako ziurtagiria bidali behar dio Hierros Egino, S.L.k Ingurumen Organoari. Honako agiriak jaso behar ditu:
– Zigilatzean zehar gertatutako gorabeherak.
– Ebazpen honetan jasotako neurri babesleen eta zuzentzaileen betetze-maila, bai eta hondeaketa-materialak ongi kudeatzeko Ingurumen Organoak eskatutako neurrien betetze-maila ere.
– Eraikuntza Proiektua («as built»), dagokion elkargo ofizial profesionalak oniritzia emanda. Bertan agertuko dira: plano-jokoa; obra-fasean egindako aldaketek Ebazpen honetan eta Ebazpenaren oinarri diren agirietan ezarritako segurtasuna murrizten ez dutela adierazten duen justifikazioa; eta obra bukatzean ikusi ezin diren elementuen eta euren ezaugarrien argazki-erreportajea, bai xehetasunen ikuspegiak zein planoan duten kokalekua azalduz, bai ikuspegi panoramiko orokorrak azalduz.
– Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko eta Bermatzeko Programaren emaitzak, batik bat geosintetikoak edo barrera geologiko artifizialak ipintzearen emaitzak (in situ trinkotutako material mineralez egindakoak). Programa horren barruan joango da eginiko lanak deskribatzen dituen memoria (emaitzak eta ondorioak laburbiltzen dituzten taulak barne), bai eta landako eta laborategiko emaitza analitiko guztiak jasotzen dituzten eranskinak (azken horien txosten osoak sartuko dira) eta laginketa-puntuen kokapena ere plano takimetrikoan.
– Zigilatze-segidaren goiko lurzoru-geruzaren plano topografikoa, UTM-ETRS98 koordenatuetan eta kota absolutuetan.
– Ingurumen-kontrolen emaitzak. Bertan sartuko dira neurtzeko erabilitako metodoen eta aparatuen deskribapena, lortutako emaitzak, horien interpretazioa, eta ondorioak eta gomendioak.
b) Aurreko atalean adierazitako obra-amaierako ziurtagiria eta horri erantsitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzari aurkeztu behar zaizkio, hark onar ditzan. Aurkeztutako agiriak egokiak direla ikusi eta egiaztapen-bisita egin ondoren, Ingurumen Organoak zigilatzea bukatzea eta itxi ondorengo aldia abiatzea onartuko du.
E) Hondakin egonkortuen eta solidotuen (inertizatuen) zabortegia itxi ondorengo baldintzak.
E.1.– Baldintza orokorrak.
a) Hierros Egino, S.L. enpresa zabortegia ustiatzen duen erakundea den heinean, zabortegia itxi ondorengo mantentze-lanen, zaintzaren eta kontrolaren arduraduna izango da, eta funtzio horietaz arduratuko den pertsonaren izena jakinarazi behar dio Ingurumen Organoari.
b) Posta-helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa, komunikatzeko eta kontaktatzeko edozein bide, edo itxi ondorengo kontrolaz arduratuko den pertsona aldatzen badira, zabortegiaren titularrak jakinarazi egin behar du.
c) Zabortegiaren bizi kutsatzailearen eboluzioa kontrolatze aldera eta itxi ondorengo aldiaren iraupena ebaluatze aldera, lixibiatu gordinaren karakterizazioa egin behar da, araztegian tratatu baino lehen. Biltegi berrian, biltegi zaharrean nahiz segurtasun-drainean egingo dira kontrolak.
d) Itxi ondorengo kontrola eta zainketa-aldia gutxienez 30 urtekoa izango da, luzatzeko aukerarekin, zigilatzea bukatu izana onartzen den unetik kontatzen hasita. Ingurumen Organoak hala irizten badio, data hori aldatu ahal izango da, itxi ondorengo kontroletan lortutako emaitzen arabera. Itxi ondorengo aldiari dagokionez, sustatzaileak horrela eskatuta, Ingurumen Organoak emandako Ebazpen bidez ezarriko dira itxi ondorengo aldiaren bukaera eta horren inguruan ezarritako betebeharren epe-betetzea. Aldez aurretik atal honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu behar da.
e) Hierros Egino, S.L.k zabortegia itxi ondorengo zainketak betetzeaz arduratuko den enpresa izendatuko du. Enpresa hori zabortegiaren titularra ez bada, titularrak enpresa hori gutxienez urtebeterako izendatuko du. Izendapen horren berri eman behar zaio Ingurumen Organoari, izendapena egin eta 15 eguneko epean, eta horren barruan joango da zabortegiaren titularraren ordezkariaren onarpen-sinadura, itxi ondorengo zainketaz arduratuko den enpresako ordezkariaren onarpen-sinadura eta titularrak emandako agirien zerrenda xehatua. Agirien artean egongo dira zabortegiari dagozkion administrazio-eskakizun guztiak, eta zigilatzean eta ordura arteko itxi ondorengo zainketan zehar sortutako agiri tekniko guztiak.
f) Itxi ondorengo aldian zehar kokapenean jarduerak egin nahi izanez gero, aldez aurretik Ingurumen Organoaren baimena izan behar da. Nolanahi ere, Ingurumen Organoaren aurrean ziurtatu behar da jarduera horiek ez diotela eragiten zigilatzearen osotasunari, perimetro-kanalen jardunari, itxi ondorengo kontrol-sistemaren egonkortasunari edo elementuei, eta pertsonentzako arrisku onartezinik ez dakartela.
Horretarako, zigilatzearen gainean sortutako zuhaitz edo zuhaixkak ezabatu egingo dira.
Inola ere ez da baimenduko zigilatutako zabortegian bizitzea hura itxi ondoren. Beste edozein erabileratarako, baimena eman behar du Ingurumen Organo eskudunak, lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko otsailaren 4ko 1/2005 Legeko prozeduraren bidez. Halaber, ez da baimenduko zigilatze-segidako ur garbien drainatze-geruzaren gainazaletik 50 cm baino gutxiagora dagoen jardunik.
g) Hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuko II. eranskina –h) puntua– betez eta zabortegiei buruzko 99/31/EE Zuzentarauaren 5.3 artikulua betez, debekatuta dago zabortegian hondakin likidorik isurtzea.
E.2.– Lixibiatuen isurketa.
E.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, gune hartzailea eta kokapena.
Isurketa sortzen duen jarduera-mota nagusia: Hondakin egonkortuen eta solidotuen zabortegia.
Jarduera-taldea: 0-Zerbitzuak.
Mota-Taldea-EJSN: Gai arriskutsuekin –16-28.51 Hondakin ez-arriskutsuak tratatzea eta ezabatzea.
(Ikus .PDF)
E.2.2.– Gehienezko isurketa-emariak eta -bolumenak.
a) Zabortegiko lixibiatuak:
(Ikus .PDF)
E.2.3.– Isurketaren muga-balioak.
Ibilgura egiten den isurketaren ohiko kutsadura-parametroak honako hauek izango dira soil-soilik, bakoitzerako zehazten diren gehienezko balioekin:
a) Zabortegiko lixibiatuak:
(Ikus .PDF)
Metalen kontzentrazioak elementu horien «guztizko» edukiari dagozkie.
Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isurketaren ondorioz aipatutako kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.
Baimen honek ez du babesten baldintza honetan esplizituki adierazi ez den beste gairik isurtzea, bereziki gai arriskutsurik (maiatzaren 23ko 606/2003 EDaren hirugarren xedapen gehigarria).
E.2.4.– Arazketa- eta ebakuazio-instalazioak.
Sustatzaileak aurkeztutako agirietan oinarriturik, arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek jarduera hauek hartuko dituzte barne:
a) Biltegi Zaharretik eta Biltegi Berritik datozen lixibiatuak tratatzea.
Sortutako lixibiatua 200 m3-ko kutxatila batean bildu, eta handik bakoitza 100 m3-ko zortzi biltegi elikatzen dira. Beraz, erregulazio-bolumen osoa 1.000 m3-koa izango da.
Ondoren, lixibiatua erreaktore batera eraman, bertan soluzio azido edo alkalino bat gehitu eta pH-a doitzen eta erregulatzen da. pH-a doitu ondoren, lixibiatua lurrungailu batean tratatzen da, korrosiboentzat berezia den bero-ponpa bikoitz baten bidez, jarraituan lan egin eta emaria 1.500 l/h inguru duena.
Kondentsatutako lurruna destilatuen depositura bidali eta, handik, ur destilatua bidaltzen da pH-a doitzeko erreaktorera, 4 m3-ko edukiera duenera.
PH-a tratatu ondoren tratamendu-irteerara bidaltzen da, hau da, kontrol-kutxatila berezi batera, UTM-ETRS98 koordenatu hauetan kokatua:
X: 554.658.80.
Y: 4.780.398.62.
Kontzentratuak 50 m3-ko depositu batean metatu, eta han behar bezala kudeatzen ditu kudeatzaile baimendunak. Hondakin horiek zuzen kudeatu izanaren ziurtagiriaren kopia bidaliko zaio Ingurumen Sailburuordetzari.
Tratamendurako instalazioan automatismo-, zaintza- eta kontrol-sistema hauek egongo dira, gutxienez:
– Tratatzeko biltegietako uren pH-aren kontrola.
– Lurrungailuaren irakite-galdaretan sortutako destilatu- eta kontzentratu-emariaren kontrola (Lurrungailuaren automata, irteera erregistratuekin).
– Lurrungailuaren irakite-galdaretako aparren igoeraren kontrola, eragingailu pneumatikoen bidez eta lurrungailuaren automatan apar-kontrakoa automatikoki dosifikatzeko tenporizadoreekin.
– Lurrungailuko irteerako ur destilatuen eroankortasunaren kontrola, irteera-erregistroarekin.
– Osagai elektrikoen funtzionamendu-akatsen detektorea, magnetotermikoen bidez.
– Alarmen historiaren erregistroa, PLC bidez.
b) Segurtasun Drainetik datozen lixibiatuen tratamendua.
Sortutako lixibiatua 300 m3-ko kutxatila batean gorde eta handik 100 m3-ko bi depositu gehigarritara eramaten da. Beraz, guztizko erregulazio-emaria 500 m3-koa izango da.
Lixibiatu horiek pH-a doitzeko depositu baten bidez tratatuko dira, soluzio azido edo alkalino bat gehituta. Ondoren, lixibiatua erretxina selektiboen ekipo batean tratatu (beruna), ioi-trukearen bidez lixibiatuan dauden kutsagarriak harrapatu eta berunik gabeko efluente bat lortzen da. Erretxina selektiboen ekipo horrek dimentsionatuta egon behar du 6-8 m3/h-ko tratamendu-emari baterako.
Prozesuan erabilitako erretxina birsortu egiten da soluzio azido edo alkalino bat erabiliz, eta hasierako egoerara eramaten du. Birsorkuntzako eluatuak bidaltzen dira Biltegi Zaharretik eta Biltegi Berritik datozen lixibiatuen deposituetara, eta handik lurrungailura.
Tratatutako efluentea tratamendu-irteerara bidaltzen da, hau da, kontrol-kutxatila berezi batera, UTM-ETRS98 koordenatu hauetan kokatua:
X: 554.660.37.
Y: 4.780.404.50.
Tratamendurako instalazioan automatismo-, zaintza- eta kontrol-sistema hauek egongo dira, gutxienez:
– Segurtasun Draineko uren pH-a erregulatzea eta kontrolatzea.
– Osagai elektrikoen funtzionamendu-akatsen detektorea, magnetotermikoen bidez.
– Alarmen historiaren erregistroa, PLC bidez.
Ezohiko plubiometria-punta baten ondorioz erregulazio-emariak aski ez badira, edo isurketaren osaeragatik zailtasunak badaude mugak betetzeko, neurriak hartu behar dira hori konpontzeko eta Ebazpen honetako baldintzak betetzeko, eta neurri horiek Ingurumen Sailburuordetzari eta Uraren Euskal Agentziari aurkeztu behar zaizkie lehenbizi, onar ditzaten.
c) Isurketa hustea. Kontrol-kutxatila.
Lurrungailutik datozen urak eta erretxina-ekipotik datozen urak zein bere aldetik eramango dira, eta bakoitzak bere kontrol-kutxatila izango du.
Ondoren, bi fluxuak nahaste-puntu batean elkartuko dira, 1,20 x 1,20 m-ko kutxatila baten gainean, UTM-ETRS98 koordenatu hauetan:
X: 554.666.76.
Y: 4.780.417.29.
Kutxatila horrek kontrol-elementu hauek eduki behar ditu: Ph-metroa, emari-neurgailu totalizatuak eta eroankortasun-neurgailua.
Nahaste-kutxatilaren ondoren, lixibiatua zangan zehar joango da iparreko zorroten mailakaturaino, eta han bere trazatua eta altimetria hartzen du, briden bidez ainguratutako hormigoizko paramentuaren gainean.
Lixibiatua Urola ibaiaren alboko kutxatila batera heldu, eta handik ibaira joango da. Honako hauek dira kutxatila horren UTM-ETRS98 koordenatuak:
X: 555.086,45.
Y: 4.780.281,89.
Uraren Euskal Agentziak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena duen lekuan kokatuko dira kutxatilak.
Gutxienez ondorengo kontrol-tresnak egongo dira:
– Emari-neurgailua Biltegi Zaharreko eta Biltegi Berriko lixibiatuak jasotzeko sarean, Segurtasun Drainean eta tratamendu-sistemen sarrera bakoitzean (lurrungailua eta erretxina selektiboak).
– Ph-neurgailua, emari-neurgailu totalizatzailea eta eroankortasun-neurgailua lixibiatu tratatuen nahaste-kutxatilan, alarma-sistemekin, neurketen toki-adierazpenarekin eta biltegiratze jarraituarekin euskarri informatikoan.
– Plubiometroa.
– Lurpeko urak kontrolatzeko piezometroak. Gutxienez, zabortegitik uretan gora joanda, lurpeko uren sarrera-fluxuaren norabidean dagoen puntu batean eta, gutxienez, zabortegitik uretan behera eta irteera-fluxuaren norabidean bi puntutan.
E.2.5.– Isurketen kontrol kanona.
Uraren Legearen Testu Bateginaren 113. artikulua eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Arautegiko (606/2003 Errege Dekretua) 291. artikulua aplikatuz, honako hau da Isurketen Kontrol Kanonari dagokion zenbatekoa:
(I.K.K.): Isurketen Kontrol Kanona= V x Pu.
Pu = Pb x Cm.
Cm = C2 x C3 x C4.
Osagaiak ondokoak izanik:
V = Baimendutako isurketaren bolumena (m3 urtean).
Pu = Isurketaren kontroleko prezio unitarioa.
Pb = Oinarrizkoa prezioa m3-ko isurketaren izaeraren arabera.
Cm = Isurketaren maiorazioko edo minorazioko koefizientea.
C2 = Isurketaren ezaugarrien araberako koefizientea.
C3 = Isurketaren kutsadura-mailaren araberako koefizientea.
C4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea.
Lixibiatuen isurketa:
(Ikus .PDF)
Cm = 1,28 x 0,5 x 1,12 = 0,716800.
Pu = 0,03005 x 0,716800 = 0.021540 euro/m3
Isurketen Kontrol Kanona = V x Pu = 56.799 x 0,021540 = 1.223,45 euro urtean.
Zenbateko hori ez da aldatuko isurtzeko baimena edo Isurketen Kontrol Kanonaren kalkulua osatzen duten faktoreetako bat aldatzen ez den artean.
Urte natural bakoitza bukatu ondoren, administrazio eskudunak urte horri dagokion likidazioaren berri emango dio instalazioaren titularrari.
Isurketen Kontrol Kanona autonomia erkidegoek edo tokiko korporazioek saneamendu- eta arazketa-lanak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekiko independentea izango da (TRLA 113.7 artikulua).
F) Lan-arriskuen prebentziorako baldintzak.
Zabortegia zigilatu eta itxi ondoren, bai eta egokitze-lanetan zehar ere, beharrezko neurriak hartu behar dira istripuak saihestu eta horien ondorioak mugatzeko, bereziki azaroaren 8ko 31/1995 Legea, lan-arriskuen prebentziorako dena, eta hori garatzen duten arauzko xedapenak aplikatzea, aurkeztutako agirietako «Segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana» V. agirian deskribatutakora egokituz, batik bat lixibiatuak biltzeko hobia desgasifikatzeari dagokionez.
G) Ingurumena Zaintzeko Programa.
Ingurumena Zaintzeko Programa bat etorriko da sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioarekin (Oñartxoko Zabortegiaren Ingurumen Baimen Bateratua Eskatzeko Proiektua. Agiri osagarriak. 2009ko iraila eta 2009ko azaroa) eta atal hauetan xedatutakoarekin:
G.1.– Uren eta efluente likidoen kalitate-kontrola.
a) Isuritako uraren kalitatearen kontrola (lurpeko uren kontrola, lixibiatuen kontrola eta gainazaleko uren kontrola) sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoari jarraituz burutu beharko da.
G.1.1.– 6.000 m3-ko lixibiatuen baltsa hustu bitarteko kontrola.
6.000 m3-ko lixibiatuen baltsa hustu bitartean, honako kontrol hauek egingo dira:
(Ikus .PDF)
G.1.2.– Itxi ondorengo kontrola.
a) Azaleko urak:
(Ikus .PDF)
b) Lurpeko urak:
(Ikus .PDF)
c) Lixibiatu gordinak (zabortegiko irteera-fluxua, tratatu aurretik):
(Ikus .PDF)
(*) Detekzio-atariek eta goiko mugek posible egin behar dute parametro bakoitzaren eboluzioa kontrolatu ahal izatea.
(**) Parametro bakoitzaren kontrola eta maiztasuna berrikusi egin ahal dira, erregistratutako balioen arabera. Segurtasun-draineko ur baxuko aldian hartuko da urteko lagina.
d) Tratatutako lixibiatuak:
(Ikus .PDF)
Beren konposizioagatik ezin isuri diren eta kudeatzaile baimenduak bilduko dituen lixibiatuen kasuan, egindako lixibiatu-garraio bakoitzaren gutxienez alderdi hauek jasoko dituen egiaztagiria bidaliko zaio Ingurumen Organoari hilero:
– Zabortegiko lixibiatuen irteera-data.
– Garraiatutako lixibiatuen bolumena.
– Lixibiatuen helmuga.
– Lixibiatuak garraiatu dituen enpresa.
– Garraioa egin duen ibilgailuaren matrikula.
a) Kanpoan egiten den kontrol bakoitza, laginak hartzea nola ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoaren 255. artikulua) eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan.
Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira laginak hartzen direnetik hilabete bateko (1) epean.
Karakterizazioen eta kontrolen emaitzak euskarri elektronikoan bidaliko dira, ahal dela.
b) Isuritako uraren kalitatearen kontrola (lurpeko uren kontrola, lixibiatuen kontrola eta gainazaleko uren kontrola), sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoari jarraituz burutu behar da.
c) Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, E.2.3 atalean agertzen diren parametro guztien ezarritako mugak betetzen baditu.
G.2.– Isuri-ontziaren topografiaren kontrola (ixtean eta itxi ondoren)
Isuri-ontziaren topografiaren kontrola bat etorriko da sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin («Oñartxoko Zabortegiaren Ingurumen Baimen Bateratua Eskatzeko Proiektua. Agiri osagarriak. 2009ko iraila eta 2009ko azaroa».
a) Obrak egin baino lehenagoko kontrolak: 0 maila ezarriko da mugarriak eta oinarriak neurtuz, lehengoratuz, nibelatuz eta triangelatuz, eta eskualdeko sare ofizialari erreferentzia eginez.
b) Obrak egin bitarteko kontrolak: eremua hilero ikuskatzea, lurraren ezegonkortasuna behatzea eta topografia-kontrola egitea (mugarriak eta oinarriak).
c) Obrak egin ondorengo kontrola: eremua ikuskatu, lurzoruaren ezegonkortasuna behatu eta topografia-kontrola egingo da (mugarriak eta oinarriak).
d) Itxi ondorengo kontrola. Urteroko topografia-kontrola.
Topografia-kontrol horren emaitzetan sartuko dira neurketako bitarteko eta materialak, gertatutako gorabeherak, aldi bateko eboluzioaren grafikoak, erregistratutako datuak euskarri elektronikoan (kalkulu-orria), eta horien interpretazioa.
G.3.– Datu meteorologikoen bilketa.
Parametro meteorologikoen gaineko kontrola egingo da. Horretarako, Hierros Egino, S.L.k erregistro automatikoko euri-neurgailu bat izango du biltegiko instalazioen esparruaren barruan. Bildutako datuak Meteorologiako Euskal Zerbitzuko Ibai Eder estazio meteorologiko automatikokoekin osatuko dira.
Erregistro automatikoko euri-neurgailuan prezipitazioa kontrolatuko da, eta estazio meteorologiko automatikoan tenperatura, haizearen indarra eta norabidea, hezetasuna, presioa eta eguzki-erradiazioa. Informazio hori sei hilero bidaliko zaio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari.
G.4.– Zabortegiaren balantze hidrikoa.
Kanpoko erakunde batek zabortegiaren balantze hidriko bat egin behar du urtero. Horretarako, Ibai Ederreko estazioan erregistratutako lixibiatuen emariaren datuak eta erregistratutako datu meteorologikoak eta zabortegiaren gainazalean sortzen diren aldaketen plano topografikoak erabiliko dira. Kontuan hartuko dira sarrerak (zabortegian sortutako emariak eta), tratatzeko gaitasuna, irteerak eta baltsetako barne-biltegiratzearen aldaketa.
Itxi ondorengo lehen balantzean zabortegiaren portaera hidrodinamikoaren analisia sartuko da, erregistratutako emariaren eta eroankortasun elektrikoaren datuetatik abiatuta eta itxi aurreko eta ondorengo balantze hidrikoaren alderaketatik abiatuta.
G.5.– Tresnen kontrola.
Urtean behin, tresneriaren kontrolean espezializatutako enpresa batek txosten bat egingo du neurri zuzentzaileen funtzionamenduari eta prozesuen eta inguruneko kalitatea kontrolatzeko sistemen funtzionamenduari buruz, arreta berezia jarriz lixibiatu-emariak kontrolatzeko tresnetan.
G.6.– Jardueraren adierazleak.
Hierros Egino, S.L.k proposamen bat bidaliko dio Ingurumen Sailburuordetzari, bere jardueraren adierazleekin. Horretarako, proposatutako parametroek posible egin behar dute ingurumena hobetze aldera enpresak ezarritako neurriak eta mekanismoak egiaztatu ahal izatea, eta urtero bidaliko da horien txostena.
G.7.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.
Ingurumena Zaintzeko Programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, ingurumenean aditua den erakunde aske batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, bai eta laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez badira.
G.8.– Ingurumena Zaintzeko Programari buruzko agiri bategina.
Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina landu behar du, 2009ko apirileko Oñartxoko zabortegiaren Ingurumen Baimen Bateratua eskatzeko proiektuan proposatutako betekizunak bilduz, bai eta 2009ko iraileko eta abenduko agiri osagarrietan eta Ebazpen honetan proposatutakoak ere. Programa horrek honako hauek zehaztu behar ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua adierazi behar da.
Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika aipatu behar du, ingurumena hobetzeko ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).
H) Ezohiko egoeretako prebentzio-neurriak eta jardunerako baldintzak.
H.1.– Jarduera etetea, itxi ondorengo aldia bukatuta.
Hondakinak isurtzeak lurzorua kutsa dezakeela jasotzen dutenez lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen II. eranskinak, bai eta lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatuak daudela deklaratzeko irizpideak eta arauak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuak ere, hondakinak ezabatzeko instalazio horien titular diren pertsona fisiko edo juridikoek lege horrek lurzorua kutsa lezaketen jardueretarako ezartzen dituen betebehar guztiak bete behar dituzte.
Lurzorua ez kutsatzeari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko otsailaren 4ko 1/2005 Legea betez, Oñartxoko zabortegiko gainazal zigilatuko lurzoruaren kalitatea deklaratuko du Ingurumen Sailburuordetzak, Ebazpen honetako eta aurkeztutako Zigilatze Proiektuko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak onartu ondoren, Hierros Egino, S.L. hasi ahal izan dadin zabortegia itxi ondoko jarraipen-kontrolak egiten.
H.2.– Ezohiko funtzionamenduetarako prebentzio-neurriak eta jokabideak.
Ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriez eta funtzionamendu-baldintzez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:
a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki behar da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Isuri-ihesetan lurzorua babesteko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko dira eraikuntzako materialak (irazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak, kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.
b) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu araztegiak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko. Kasu honetan, baldintza hauek azpimarratu behar dira:
– Araztegia ustiatzeko enpresa espezializatu batek egindako protokolo edo eskuliburu bat egongo da nahitaez, eta bertan agertuko dira ekipo elektromekanikoak, zundak, erretxinak, dosifikatu eta kontrolatzeko tresnak eta abar aztertzeko eta mantentzeko lanak.
– Hondakin-urak ezin dira «bypass» bidez isuri araztegietan.
c) Arazte-prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak aldizka aterako dira, instalazioa behar bezala ibil dadin. Behar izanez gero, depositu irazgaitzetan eta hondoan hustubiderik ez dutenetan biltegiratuko dira.
d) Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko urak kutsatzeko arriskua dagoen guneetan.
e) Erregistro bat ere eduki behar da, eta bertan eman behar da aldizkako mantentze-lanen berri, bai eta antzemandako gorabeheren berri ere.
f) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko material guztiak edukiko dira, behar adina: berriro ontziratzeko erreserba-edukiontziak; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak; hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.
g) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.
h) Itxi ondorengo fasean zehar, ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean (besteak beste, ustekabeko isuria, isurketaren muga-balioak gainditzea, edo zabortegiaren zigilatzearen edo itxi ondorengo sistemaren elementuren baten funtzionamenduari edo osotasunari eragin diezaiokeen beste edozein), Hierros Egino, S.L.k gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman behar dio Ingurumen Sailburuordetzari.
i) Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Azkoitiko Udalari ere jakinarazi behar zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali behar zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, gutxienez, datu hauek agertuko dira:
– Gertakari-mota.
– Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
– Iraupena.
– Ustekabeko isurketa bada, emaria eta isuritako gaiak.
– Mugak gaindituz gero, isuriei buruzko datuak.
– Eragindako kalteen balioespena.
– Hartutako neurri zuzentzaileak.
– Prebentzio-neurriak, berriro gerta ez dadin.
– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.
j) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean den arautegian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu behar da. Abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua aplikatu behar bada, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio erakunde eskudunek emandako egiaztagiriak. Horren ezean, erakunde eskudunaren aurrean egindako eskaeraren kopia aurkeztu behar da.
Bestela, 2267/2004 Errege Dekretu hori zergatik ezin den aplikatu justifikatu behar da. Gainera, instalazioek suteen aurkako babesaren arloko exijentziak betetzen dituztela egiaztatu behar da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaio enpresa instalatzaileak egindako ziurtagiria, suteen aurka babesteko instalazioen arautegia onartzen duen azaroaren 5eko 1942/1993 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita. Halaber, tresna, ekipo eta sistemen mantentze-lanak Errege Dekretu horretan finkatutakoaren arabera burutzen direla egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar da. Agiri horiekin batera, baimendutako enpresa instalatzaile edo mantentzaileak industria-erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztu behar da.
l) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala gomendatzen badu, neurri babesleak zein zuzentzaileak eta Ingurumena Zaintzeko Programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesleak zein zuzentzaileak eta Ingurumena Zaintzeko Programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, Ingurumena Zaintzeko Programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
J) Hierros Egino, S.L.k atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin-mota guztiei buruzko datuak jakinaraziko dizkio urtero Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Poluitzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, E-PRTR Inbentarioko emisioei eta Ingurumen Baimen Bateratuei buruzko informazioa ematea arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari jarraiki.
Informazio hori osatzen duten datuak ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali behar dira, Ingurumen Adierazpenaren bidez. Ingurumen Adierazpen horretako datu teknikoak edota prozedura-datuak bidaltzen dira IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi.net helbidean eskuragai), Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro horretatik bidaliko zaizkio datuak Europako Ingurumen Agentziari, E-PRTR-Europa erregistroari, alegia.
Era berean, Ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatu Ingurumen Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.
Informazio hori publikoa izango da, ingurumen arloan informazioa eskuratzeko, publikoak parte hartzeko eta ingurumen gaietan justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legeari jarraiki (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak kontuan hartzen ditu) eta, betiere, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa bermatuko da.
K) Ingurumen Baimen Bateratu horren mendeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri behar dute kutsaduraren prebentzioari eta kontrol bateratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.
Era berean, aplikagarria izango da otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoak, 50. artikuluan ezarritakoa. Artikulu horren arabera, baldin eta proiektua aldatzeak edo handitzeak eragin negatiborik sor badezake ingurumenean, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako azterketaren prozeduraren mende jarriko da.
Hirugarrena.– Hierros Egino, S.L.k Ingurumen Organoaren aurrean egiaztatu behar du Ebazpen honetako bigarren ataleko ondorengo puntuetan ezarritako baldintzak betetzen dituela, ebazpen hau jakinarazten denetik gehienez 6 hilabeteko epean: A (erantzukizun zibileko asegurua); B (fidantza eta finantza-azterketa); C (eskatutako arduradunen datuak); D.1.1.a) (instalazioen plano deskribatzaileak), D.1.2 (Obra Zuzendaritzaren eta kalitatea kontrolatzeko erakundearen jakinarazpena, geosintetikoen kalitateari buruzkoa); D.1.4 («Oñartxoko zabortegiaren azterketa hidrologikoa eta balantza hidrikoa» delakoaren 13. ataleko gomendioak betetzearen ziurtagiria); D.1.5 (Lixibiatuen baltsa zuzen tratatu eta hustu izanaren ziurtagiriak: lohien analitikak eta kudeaketa-agiriak); D.1.13 (zabortegia egokitzeko eta zigilatzeko lanak bukatu izanaren ziurtagiria); E.2.4 (arazteko elementu guztiak eta zaintza- eta kontrol-sistema guztiak eskura dauden ziurtagiria); E.2.4.a) (Kontzentratuak ongi kudeatzearen ziurtagiria); G.2 (topografia-kontrola); G.3 (parametro meteorologikoen bilketa); G.4 (zabortegiko balantze hidrikoa); G.6 (jardueraren adierazleen proposamena); G.8 (Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina); H.2.a) (Prebentzioko mantentze-lanen eskuliburua); H.2.f) (larrialdietarako materialen zerrenda); H.2.j) (suteen kontrako babesaren ziurtagiriak).
Halaber, lehen aipatutako epean, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu behar du teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, alegia aurkeztutako proiektuan eta Ebazpen honetan xedatu moduan eraiki eta hornitu direla instalazioak. Dena dela, baldintza horiek bete ote diren egiaztatzeko, Ingurumen Organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek ikuskapen-bisita egingo dute, hala badagokio.
Adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzean ebazpena emango da, Ingurumen Baimen Bateratua eraginkortzat joz.
Ebazpen horren eraginkortasuna izango da zigilatzearen amaiera onartzeari buruzkoa, zigilatutako gainazaleko lurzoruaren kalitateari buruzkoa, eta itxi osteko aldia hasteari buruzkoa.
Laugarrena.– Ingurumen Baimen Bateratu hori 8 urteko epean egongo da indarrean, aurreko atalean ezarritakoaren arabera ondorioak dauzkan egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, baimena berritu beharko da, eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.
Ingurumen Baimen Bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin behar du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua betez.
Bosgarrena.– Edonola ere, Ingurumen Baimen Bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan eta Jabari Publikoko Urguneen Erregelamenduaren 261. artikuluan ezarritako kasuetan, baldin eta erkidego barruko edo erkidego arteko arrora egiten bada isurketa.
Artikulu hori betetzeari kalterik egin gabe, Ebazpen honen baldintzak aldatu ahal izango dira –Ingurumena Zaintzeko Programan jasotakoak barne–, jardueraren sustatzaileak eskatuta, behar bezala justifikatuz gero. Gainera, ofizioz aldatu ahal izango dira, honako egoera hauetan:
– Arautegi berri bat indarrean jartzen bada.
– Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitu beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.
– Ingurumena Zaintzeko Programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesleak, zuzentzaileak edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.
Seigarrena.– Ebazpen honen xede den hondakin ez-arriskutsuen zabortegian titulartasun-aldaketarik eginez gero, Hierros Egino, S.L.k aldaketa hori jakinarazi behar du, Ingurumen Sailburuordetzak onar dezan. Edonola ere, zabortegiak eta bere instalazio osagarriek okupatutako lursailaren titulartasuna transmititzen bada edo haren jabetza bertan behera uzten bada, Ebazpen honetan aurreikusitako betebeharrak betetzen jarraitu behar da. Edozein titulartasun-aldaketa eginez gero (salmenta, lagapena, etab.) Ingurumen Organoari jakinarazi behar zaio, formalizatu eta hilabeteko epea baino lehen, eta Ingurumen Organoak aldaketa hori onartu behar du, dagokion ebazpena igorriz.
Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:
– Ebazpen honetako hirugarren atalean Ingurumen Baimen Bateratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla ez egiaztatzea epearen barruan, interesdunak epea luzatzeko eskatzen ez badu, behar bezala justifikatuta.
– Hierros Egino, S.L.ren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen arautegian ezarritako kasuetan.
– Baimenaren eraginkortasuna adierazten duen Ebazpenean xedatutakoak.
Horrez gain, ibilgura isurtzeko baimena ezeztatu ahal izango da, Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduko 263. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintzetan, erkidego barruko edo erkidego arteko arrora isuriz gero.
Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Hierros Egino, S.L.ri, Azkoitiko Udalari, Ingurumen Baimen Bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.
Bederatzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Hamargarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hori guztia azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 114. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraiki (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).
Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 10a.
Ingurumeneko sailburuordea,
NIEVES TERÁN VERGARA.