Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2014ko ekainaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
2724

110/2014 DEKRETUA, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena.

«Bake eta Bizikidetza Plana 2013-2016 – gizarte-topaketa helburu» izeneko Plana Eusko Jaurlaritzak onartu zuen; Planaren ekimenen artean dago Elkarrekin Bonuen Programaren bidez erakundeen eta euskal elkarte-sarearen arteko lankidetza, alegia, erakunde publikoen eta sozialen artekoa, garatzea.

Azken 25 urteetan euskal gizarte zibileko elkarte eta erakundeek eginkizun baliotsua izan dute bakearen eraikuntzan. Aro berri honetan, ekarpen horrek jarraipena izatea sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, erakunde publikoen eta gizarte zibileko eragile antolatuen arteko lankidetza-estrategia baten bidez.

Programa hau errefortzu osagarri bat da, testuinguru historiko berri baterako. Indarkeriaren ondoko egoera honetan, bizikidetzan inbertitzea lehentasuna da, eta Elkarrekin Bonuen Programak lehentasun horri erantzuten dio, hain zuzen ere.

Programa honen bidez, «bonu» izeneko ekarpen ekonomiko bat ematen zaie bake- eta bizikidetza-gaiekin lotutako irabazi-asmorik gabeko elkarteei, hezkuntzaren, tokiko bizikidetzaren edo herritarren parte-hartzearen arloetan prestakuntza- edo dinamizazio-zerbitzuetan jardundako eta justifikatutako ordu bakoitzeko. Zerbitzuen hartzaileak eskolak, udalak edo bestelako erakunde batzuk izan daitezke, eta gai zehatz hauetan eman dakieke zerbitzua: besteak beste, bakearen kultura, giza eskubideak, biktimekiko elkartasuna, adiskidetzea edo gatazken konponketa.

Programa honen bidez lagundutako prestakuntza- edo dinamizazio-ekimen horiek guztiek «Gizalegez, Gizarte- eta Hezkuntza-arloko Konpromisoa» sustatzea izango dute lokarri gisara. Azken horrek indarkeriari aurrea hartzeko eta bake- eta bizikidetza-kultura sustatzeko gutxieneko oinarriak ezartzen ditu, hau da, aipatutako Bake eta Bizikidetza Planak aintzat hartu eta bultzatzen duena.

Ekimen hau garatzeak esan nahi du lankidetzan jardun behar dutela antolatutako gizarte zibileko erakundeek, batetik, eta eskolek, udalek eta bestelako erakunde publikoek, bestetik, honako eduki hauek bultzatzeko:

● Elkarrekin bizitzea da onartzea gure itxaropenak ez direla beti betetzen. Errealitatearen halabehar hori ulertzeko, giza izaeraren mugak onartzearen hezkuntza-esperientzia sustatu behar da. Horrek esan nahi du kontziente izan behar dugula gizakiok izaki mugatuak garela eta, horrexegatik, ezinezkoa dela arrazoi guztia izatea, ez denetarako ahalmena edukitzea, ez eta egia osoaren jabe izatera iristea. Horrek berarekin dakar gure errealitate inperfektuaren faktorea kendu behar diogula gure nahi dudanari.

● Elkarrekin bizitzea da zailtasunen arteko aukerak sustatzen ikastea. Ikaskuntza hori lortzeko funtsezkoa da balio positiboaren esperientzia hezitzailea sustatzea. Esperientzia horri esker ikusiko dugu beti aurki daitekeela fatalismoa, etsipena edota bide ez etikoetara jotzea baino aukera hobe bat. Berarekin dakar gure posibilitate agorrezinaren faktorea gehitu behar diogula gure ahal dudanari.

● Elkarrekin bizitzea da egoera guztietan gure erantzukizun etikoa aintzat hartzea. Berarekin dakar norbanakoaren kontzientzia etikoan sakontzearen esperientzia hezitzailea sustatzea. Dogmatismoaren, haserrearen, oldarkortasunaren, beldurraren edo norberekoikeriaren bulkada hutsa baino gehiago gara... arrazoia eta etikarekin aukeratzeko gaitasuna ditugulako. Horrek esan nahi du gure eginkizun etikoaren faktoreaz zatitu behar dugula gure nahia.

● Elkarrekin bizitzea da giza duintasunarekiko begirunearen balio gorena ulertzea. Giza duintasunaren eta giza eskubideen esperientzia hezitzailea sustatzea. Gizaki guztiek merezi dute begirunea, eta guztiek dituzte eskubideak. Edozein etiketa edo norbanakoaren murrizketa baino gehiago dira pertsonak. Horren jakitun izatea erabakigarria da bizikidetza zibilizatua lortzeko. Berarekin dakar pertsonaren balioa duintasunaren faktoreaz biderkatzea.

Halaber, Programa honek aurreikusten du foru-aldundiak ekimen honetara gehituz horixe bultzatzea, urteroko deialdiak argitaratu aurretik funtsak emanez. Funts horiek foru-aldundi bakoitzaren lurralde-eremuetan abian jartzen diren proiektuak finantzatzera bideratuko dira.

Horrela, honako hau lortu nahi da Programa honekin:

● Euskal gizartean indarkeriaren kulturari aurrea hartzera eta bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen begirunearen kultura sustatzera bideratutako prestakuntza- eta dinamizazio-ekintzak ugaritzea.

● Zeharkako gizarte- eta hezkuntza-konpromisoa sustatzea, hainbat eragilek eremu desberdinetan egiten dituzten ahaleginak gutxieneko oinarri etiko batzuen inguruan biltzeko.

Horregatik guztiagatik, Lehendakaritzak hala proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko ekainaren 17an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Elkarrekin Bonuen Programa sortu eta arautzen da, hots, bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoen sustapena sendotzeko ekimen osagarri bat. Programaren helburu nagusia da bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzera bideratutako elkarte-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza ugaritzea.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak eta hartzaileak.

1.– Elkarrekin Bonuen Programaren bidez diru-laguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek (aurrerantzean Erakunde Onuradunak) eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek (aurrerantzean proiektuen Erakunde Hartzaileak): hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.

2.– Elkarrekin Bonuen Programaren Erakunde Onuradunak dira, horrenbestez, antolatutako gizarte zibileko eragileak, irabazi-asmorik gabekoak, eta bakearen eta bizikidetzaren gaiekin lotutakoak.

Proiektuen erakunde hartzaileak dira:

a) Ikastetxeak, hezkuntzaren arloan.

b) Udalak, tokiko bizikidetza sustatzearen esparruan.

c) Herritarren parte-hartzean interesa duten beste erakunde batzuk.

3.– Elkarrekin Bonuen Programako laguntzak aktibatzeko oinarrizko baldintza da akordioa egotea Erakunde Onuradun baten (euskal elkarte-sareko irabazi-asmorik gabeko erakunde bat) eta Erakunde Hartzaile baten artean (eskola bat, udal bat edo beste erakunderen bat, herritarren parte-hartzearen kasuan) bi erakunde horientzat interesgarria den proiektu bat garatzeko, Programaren esparru tematikoan badago, betiere.

4.– Diru-laguntza bonuak ematean datza; bonu deritzo Erakunde Onuradunek Erakunde Hartzaileentzat prestakuntza- edo dinamizazio-proiektuetan emandako justifikatutako ordu bakoitzaren truke emango den diru-kopuruari, proiektu horiek arlo espezifiko hauekin lotuta dauden heinean: bakearen kultura, giza eskubideak, biktimekiko elkartasuna, adiskidetzea edo gatazken konponketa, besteak beste.

5.– Deialdiaren urteroko ebazpenetan zehaztuko da Eusko Jaurlaritzak proiektuak diruz laguntzeko emango dituen bonuen zenbatekoa. Era berean, deialdiaren urteroko ebazpenetan zehaztuko da Erakunde Hartzaileek (udalak, eskolak eta beste erakunde batzuk herritarren parte-hartzearen kasuan) eman beharko duten gutxieneko zenbatekoa.

3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko proiektuak.

1.– Elkarrekin Bonuen Programa proiektu-mota hauek dinamizatzera bideratuta dago:

a) Hezkuntza-arloko proiektuak.

b) Udalen eremuko proiektuak.

c) Herritarren parte-hartzearen arloko proiektuak.

2.– Proiektuak ekintza hauetakoren baten bidez gauzatu ahalko dira:

a) Prestakuntza goiko arlo horietako edozeinetan.

b) Ekintzen zuzeneko dinamizazioa.

4. artikulua.– Proiektuen baldintzak.

1.– Giza eskubideekin, indarkeriarik ezarekin eta demokraziaren printzipioekin ageriko konpromisoa duten proiektuek bakarrik jasoko dute diru-laguntza, eta «Gizalegez Gizarte- eta Hezkuntza-arloko Konpromisoa» akordioa aintzat hartzen dutenek.

2.– Aipatutako arloetako prestakuntza-ekintzen artean, gutxienez 15 pertsonen parte-hartzea eskatzen duten lan-proposamenak badituzte bakarrik onartuko dira proiektuak.

3.– Hezkuntza-arloko ekintzetarako zuzeneko dinamizazio-proposamenetan, ikastetxe bateko ikasgela, klaustro edo guraso-elkarte oso bati eragiten dioten proiektuak soilik onartuko dira.

4.– Udalen edo herritarren parte-hartzearen arloetako ekintzetarako zuzeneko dinamizazio-proposamenetan, eskakizun hauek betetzen dituzten lan-proposamenak soilik onartuko dira:

a) Zuzeneko informazio-motaren bat gutxienez 500 pertsonari zuzentzen diotenak, gutun, e-mail edo argitalpenen bidez, 1.000 biztanletik beherako udaletan izan ezik.

b) Gutxienez 40 pertsonari eragiten dioten ekintzak, hala nola, hitzaldiak, foroak, edo jardunaldiak.

5. artikulua.– Diru-laguntzen ildoak eta funtsak sortzea.

1.– Elkarrekin Bonuen Programak diru-laguntzen hiru ildo desberdin ditu:

a) Hezkuntza-arloko proiektuetarako diru-laguntzak. Lehendakaritzak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak urtero berariaz bideratutako ekarpenen bidez sortuko dira Laguntza hauetarako funtsak, eta urteroko deialdietan zehaztuko dira.

b) Udal-esparruko proiektuetarako diru-laguntzak. Hiru funts sortu ahal izango dira diru-laguntzen ildo honetarako, lurralde historiko bakoitzarentzat bana. Lehendakaritzak horietako bakoitzari egingo dizkion ekarpenen bidez sortuko dira laguntza horietarako funtsak, bai eta foru-aldundiek egin ditzaketen ekarpenen bidez ere, Dekretu honen I. eranskinean jasotako adendaren bidez programa honetara atxikitzen direnean. Foru Aldundietatik datozen ekarpenei Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean dauden legezko xedapenen testu bateginaren 104. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie (testu bategin hori maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).

c) Herritarren parte-hartzerako proiektuentzako diru-laguntzak; azken hauek Lehendakaritzak urtero emandako funtsen bidez finantzatuko dira osoki.

2.– Urteroko deialdiaren Ebazpenean zehaztuko da ekitaldi bakoitzean funts horietako bakoitzak izango duen zuzkiduraren guztizko zenbatekoa, Lehendakaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta, hala dagokionean, foru-aldundiek egindako ekarpenak zenbatuta.

3.– Deialdi batean emango diren laguntzen guztizko zenbatekoak ezingo du gainditu funts bakoitzera egindako ekarpenen zenbatekoa, edo horiek eguneratzearen ondoriozkoa. Horrenbestez, ez da diru-laguntza gehiagorik emango aipatutako zenbatekoa xahutzen denean eta, beraz, egoera horretan emandako diru-laguntzak ezeztatuko dira. Hala dagokionean, inguruabar baten zein bestearen berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen bidez.

6. artikulua.– Programaren erakunde onuradunak.

1.– Bakearen eta bizikidetzaren gaiekin lotutako irabazi asmorik gabeko erakundeak bakarrik atxiki ahalko zaizkio Elkarrekin Bonuen Programari, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteen edo fundazioen erregistroan izena emanda badute eta beren ekintza-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoa bada.

2.– Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte haien zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskakizun horiek betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du onuradunen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina aplikatuz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori).

3.– Ezingo dute deialdi hau baliatu diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren zehapena duten pertsona juridikoek eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten pean daudenek. Debeku horretan sartzen dira sexuaren ziozko diskriminazioagatik zehatuak izan diren pertsona juridikoak eta debeku horrekin zehatutakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea betez.

7. artikulua.– Deialdia.

1.– Urtero deituko dira dekretu honetan araututako laguntzak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen bidez. Dekretu honek jasotzen dituen laguntza-ildo guztiak edo batzuk deialdi baten barne hartu ahal izango dira, edo deialdiak banan-banan ere egin ahal izango dira.

2.– Deialdiaren urteroko ebazpenean edo ebazpenetan zehaztuko dira honako hauek: deialdiaren xedea, diru-laguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, Bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabidearen eredu arautu bat, diru-laguntza justifikatzeko epea eta modua, eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.

8. artikulua.– Muga kuantitatiboak.

1.– Laguntza hauen erakunde onuradunek ezingo dituzte 40.000 eurotik gorako bonuak pilatu, Dekretu honetan araututako diru-laguntzen ildo ezberdinetatik jasotako kopuruak zenbatuta.

2.– Diruz lagundutako proiektuen erakunde hartzaileek muga hauek izango dituzte, diru-laguntzen ildo bakoitzeko:

a) Hezkuntzaren arloan, ezingo dira ikastetxe bakarrean pilatu 5.000 eurotik gorako bonuak.

b) Tokiko bizikidetzaren arloan, ezingo dira udal bakarrean pilatu zenbateko hauetatik gorako bonuak:

– 5.000 euro, 15.000 biztanlera arteko udaletan.

– 12.500 euro, 15.000 eta 40.000 biztanle arteko udaletan.

– 20.000 euro, 40.000 biztanletik gorako udaletan.

c) Herritarren parte-hartzearen arloan, ezingo dira udal bakarrean pilatu zenbateko hauetatik gorako bonuak:

– 2.000 euro, 100 pertsona baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.

– 5.000 euro, 100 pertsona baino gehiagok eta 500 baino gutxiagok parte hartzen duten ekimenetan.

– 10.000 euro, 500 pertsona baino gehiagok parte hartzen duten ekimenetan.

3.– Dekretu honetan jasotako diru-laguntzek honako lege hau bete beharko dute: 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Batzordearen Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (DOUE, L 352/1, 2013-12-24). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Horrela, muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzarik eragiten ez diotela edota lehiakortasuna faltsutzen ez duela; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

4.– Diru-laguntzaren eskatzaileak urteko deialdi bakoitzean adierazi beharko du ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehienezko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko.

9. artikulua.– Bateraezintasuna.

Dekretu honetan araututako diru-laguntzak ez dira bateragarriak beste erakunde publiko edo pribatu batek xede berberaz emandakoekin.

10. artikulua.– Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Programa honen onuradunek aurkeztu beharreko eskabideak inprimaki normalizatuetan egin beharko dira, eta haiekin batera gutxienez dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) «Gizalegez Gizarte- eta Hezkuntza-arloko Konpromisoa»-n parte hartzeko eta hori bultzatzeko nahiaren aitorpena.

b) Erantzukizunpeko aitorpena, helburu bererako beste laguntzarik ez duela jasotzen adierazten duena.

c) Erantzukizunpeko aitorpena, EAEko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen esparruan hasitako eta oraindik ere izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura batean ez dagoela egiaztatzen duena.

d) Erantzukizunpeko aitorpena, egiaztatzen duena ezen sexuaren ziozko diskriminazioagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala betetzen ez dela ari, edo ez dagoela debeku horrekin zehatuta.

e) Erantzukizunpeko aitorpena, erakunde eskatzaileak laguntza publikoak lortzea eragozten dion zehapenik ez duela egiaztatzen duena, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

f) Erakunde onuradunak eta erakunde hartzaileak proiektuaren garapenerako izenpetutako akordioa, edo erakunde hartzaileak aurkeztutako proiektuari dagokionez hartutako konpromiso ekonomikoa egiaztatzen duen dokumentua.

g) Proiektuaren memoria xehea, datu hauek jasotzen dituena:

● Lan-proposamenaren helburuak.

● Proiektuaren erakunde hartzailea –lan-proposamena egitearekin adostasuna eman duena–, harremanetarako pertsonaren izena, telefonoa eta helbide elektronikoa zehaztuta.

● Ekintzaren deskribapen laburra.

● Inbertitu beharko den ordu-kopurua.

● Aurrekontua, proiektuaren erakunde hartzaileak jasoko duen zerbitzuaren truke ordainduko duen zenbatekoa zehazten duena.

● Jardun-egutegia.

● Proiektuan parte hartuko duten pertsonen kopurua.

● Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko eskura dituen giza baliabideak eta baliabide materialak; adierazi beharko da, gainera, erakundeak ba al duen berdintasunaren arloan ibilbidea edo prestakuntza duen pertsonaren bat.

● Generoaren ikuspuntua nola sartuko den.

2.– Era berean, proiektuak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

3.– Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskaeretan egindako akatsak zuzentzea.

Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak egiaztatuko balu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, erakundeei 10 eguneko gehieneko epea emango diete antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte ulertuko dela eskaerari uko egin diotela, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua, 71. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

12. artikulua.– Diru-laguntza emateko kudeaketak eta prozedura.

1.– Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren eginkizuna izango da, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez, dekretu honetan jasotako laguntzak bideratzeko kudeaketa-lanak egitea.

2.– Eskabideak bata bestearen jarraian aztertuko dira, eskabideen jasotze-hurrenkeraren arabera. Ondorio horietarako, beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu denean joko da eskabidea jasotzat.

3.– Balioespen Batzorde bat eratuko da 5. artikuluaren arabera sortutako funts bakoitzeko, eta batzorde horren kideak deialdia egiteko ebazpenean zehaztuko dira. Hona hemen Batzorde horien osamodua:

a) Lehendakaria: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren titularra.

b) Idazkaria: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria.

c) Batzordekideak: funtsera ekarpenak egin dituen sail edo erakundeak bi ordezkari izendatuko ditu Balioespen Batzorde bakoitzerako. Ekarpenik egin ez bada, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikari batek parte hartuko du Batzordean.

4.– Balioespen Batzordeko kideak izendatzeko orduan, ahaleginak egingo dira gizon eta emakume kopurua berdintsua izan dadin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

5.– Balioespen Batzordeak eskabide guztiak aztertuko ditu dekretu honetan eta dagokion deialdi-ebazpenean laguntza hauetarako ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, eta dagozkion ebazpen-proposamenak helaraziko dizkio Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako titularrari.

13. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren berariazko ebazpen baten bidez gauzatuko da dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, ez onartzeko zein ukatzeko erabakia, proiektu bakoitzarentzat, Balioespen Batzordeak hala proposatu ondoren. Deialdirako prestatutako funtsak agortu arte eman ahalko dira diru-laguntzak.

2.– Ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera organo eskudunaren Erregistroan izapidetzeko sartzen denetik kontatzen hasita; epe hori igaro eta berariazko ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntza eskaera onartutzat hartuko da, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 43. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Ebazpenean zehaztuko da proiektu bakoitzerako emandako bonuen kopurua, bai eta emandako diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa ere.

4.– Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa ezar daiteke Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoa betez.

5.– Era berean, erakunde onuradunei dekretu honetan aurreikusitako bonuak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura amaitzea.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteko betebeharra bazter utzi gabe, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babesean emandako diru-laguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda, zenbatekoak ere adieraziz.

14. artikulua.– Izapidetze telematikoa.

Interesa duten erakundeek laguntza hauetarako prozeduren izapide guztiak baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte, deialdi bakoitzean hala aurreikusten bada.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 10 eguneko epean, biharamunetik kontatzen hasita, erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio. Diru-laguntza onartzeak berekin dakar dekretu honetan eta dagokion urteko deialdian ezarritako arau guztiak betetzea, eta baita beste hauek ere: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko araubide orokorra ezartzekoa eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, arauak eta betebeharrak xedatzekoa, edo hura ordezkatzen duen araua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen.

2.– Erakunde onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, eta baita 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.

3.– Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

4.– Erakunde onuradunek hizkera ez-sexista erabili behar dute, ez dute emakumeen irudi baztertzailerik edo estereotipo sexistarik baliatuko, eta balio hauek agertzen dituen irudi bat sustatuko dute diruz lagundutako proiektuarekin lotutako hedapen-ekintzetan eta argitalpen-materialetan: berdintasuna, gizon eta emakumeen presentzia orekatua, askotarikotasuna, erantzukizun partekatua eta genero-rol zein -identitateen aniztasuna.

16. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Diruz lagundutako proiektu bakoitza gauzatu dela justifikatu ondoren ordainduko dira diru-laguntzak, emandako bonuei dagokien guztizko zenbatekoa bete arte.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dute emandako diru-laguntzaren erabilera justifikatuko duen dokumentazioa, dagokion deialdian zehazten den eran; edonola ere, badira agiri batzuk beti aurkeztu beharko direnak:

a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak, hala nola: programen kopiak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa edo entzunezkoa.

b) Egindako proiektuen memoria xehea, honako datu hauek aipatuz: proiektua zein egunetan gauzatu den, parte hartu duten pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak), generoaren ikuspuntua nola txertatu den, hala badagokio, eta azken balorazio bat.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero –betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, kasuan kasu, edozein erakunde pribatu nahiz publikotik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, non emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko diren.

2.– Edozein arrazoi dela-eta, diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskaeran adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari.

19. artikulua.– Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

1.– Baldintzak ez direla bete ulertuko da kasu hauetan:

a) Bere garaian aurkeztutako proiektua ikusita, jasotako diru-laguntza ez da, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako erabili, beste zerbaitetarako baizik.

b) Hautatutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, aldaketok funtsezkoak ez izanik, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak berariaz baimentzen dituenean.

c) Eskaeran, harekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioan bildutako datuetako edozein gezurrezkoa izatea.

2.– Erakunde onuradunak ez baditu betetzen artikulu honen 1. puntuan ezarritako baldintzak, laguntza emateko ebazpenean edo deialdia arautzeko dekretuan eta ondorengo ebazpenean ezarritako edozein baldintza edota Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan jasotako betebeharrak (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen), laguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo du; dagoeneko jasota baldin badauka, jasotako zenbatekoa itzuli egin beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, legezko interesekin batera; eta dagozkion zigorrak ezarriko zaizkio. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen bermea eta itzulketak arautu eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzekoak, xedatutakoaren arabera.

20. artikulua.– Argitalpena.

1.– Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak beretzat gordetzen du dekretu honetan xedatutakoaren arabera laguntza jaso duten ikerketak eta lanak edozein euskarritan argitaratzeko eskubidea, proiektua entregatzen denetik urtebeteko epean, interesdunak berariaz idatzizko baimena eman ondoren.

2.– Argitalpena gauzatzen bada, lehen edizioaren ustiapen-eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioarenak izango dira, eta diruz lagundutako ikerketa eta lanen egileak edo arduradunak konpromisoa hartuko du aipatu eskubideak doan lagatzeko.

21. artikulua.– Hizkuntza-eskubideak.

Dekretu honen eremuan, herritarrek euskara zein gaztelania erabili ahalko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin dituzten harremanetan, ahoz zein idatziz, eta hizkuntza horretan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Dekretu honetan prozeduraren arloari dagokionez esanbidez arautu ez diren alderdi guztiei aplikatuko zaie Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina ere, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartu baitzuen.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko ekainaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala