Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2014ko maiatzaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1984

AGINDUA, 2014ko apirilaren 8koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bitartez, baimendu egiten da Santurtziko El Bullon 302 Igorritako Antolamendu Areako zuzkidurazko bizitokietarako estandarrak betetzea, udalerriko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean lehendik dauden lurzoru-erreserbetan.

Santurtziko udalerriko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketaren dokumentuak, El Bullon 302 Igorritako Antolamendu Areari buruzkoak, memorian justifikatzen du lehendik ere lurzoru-erreserba nahikoa badagoela plangintzan zuzkidurazko bizitokietarako, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 81. artikuluan eskatutako gutxieneko proportzioan; aipatutako 2/2006 legearen 105.5 artikuluan eta uztailaren 3ko hirigintzako estandarrei buruzko 123/2012 Dekretuak 18.3 artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera.

GERTAKARIAK

Ezarritako prozedurarekin bat etorriz, Santurtziko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketaren espedienteak, El Bullon 302 Igorritako Antolamendu Areari buruzkoak, Bizkaiko Hirigintza Plangintzarako Atalaren txostena jaso du 2013ko abenduaren 18an egindako 7/2013 bilkuran, behin betiko onartua izan aurretik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail hau eskuduna da aztertzen den espedientea ebazteko, hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuak 18.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Aurkeztutako dokumentuak Santurtziko El bullon 302 Igorritako Antolamendu Areak bete beharreko zuzkidurazko bizitokietarako estandarren konpentsazioa proposatzen du plangintzan lehendik ere dauden lurzoru-erreserbetan. Zuzkidurazko bizitokien estandarra betetzearren, 1.258,53 m2 dituen lurzoru-azalera bat kalifikatu beharko da, 2/2006 Legearen 81. artikuluaren arabera. Kasu honetan, gehiegizko 739,05 m2-ko lursail-azalera duen 402 Igorritako Antolamendu Arean eta gehiegizko 1.000 m2-ko lursail-azalera duen 403 Igorritako Antolamendu Arean.

Ikusi dira Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretua, baita Bizkaiko Hirigintza Plangintzarako Atalak emandako aldeko txostena ere. Horiek horrela, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuarekin bat etorrita, Santurtziko El Bullon 302 Igorritako Antolamendu Areak bete beharreko zuzkidurazko bizitokietarako estandarra udalerriko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean lehendik ere dauden lurzoru-erreserbetan betetzea baimentzea; zehazki, 402 eta 403 Igorritako Antolamendu Areetan.

Bigarrena.– Baimen hori Santurtziko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren testuari, espedientea bete izanaren justifikazioa eransteari baldintzatua geratuko da, 2/2006 Legearen 105. artikuluaren eta 123/2012 Dekretuaren 18. artikuluaren arabera.

Hirugarrena.– Baimen hori aurreko ataletan ezarritako baldintzetan ematen da, eta ez du baliorik izango behin betiko onarpena, zuzkidurazko bizitokietarako estandarrak betetzeari dagokionez, eskumena duten esparruren batean (hartzailea edo igorlea) aldaketarik eragiten duten beste baldintza batzuekin ematen bada.

Laugarrena.– Santurtziko Udalari Agindu honen berri ematea.

Agindu hau behin betikoa da eta administrazio-bidea amaitzen du. Interesatuek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Halaber, nahi izanez gero eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Kasu horretan ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri berraztertzeko errekurtsoa espresuki erabaki edo bere ustezko gaitzespena gertatu arte.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko apirilaren 8a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ordezkoa, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren hamaikagarren xedapen gehigarriarekin bat eginez– 20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala