72. zk., 2014ko apirilaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (294 KB - 12 orri.)
- EPUB (335 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1762
EBAZPENA, 2014ko martxoaren 31koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, literatura-itzulpenetarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2.g) atalean aipatzen du, jarduera-arlo gisa, euskal literatura, pentsamendua eta ikerketa sustatzea, pentsamendu eta ikerketa zientifikoko obrak eta euskal pentsamenduko eta kulturako aldizkariak kanpora atereaz. Bestalde, artikulu horren f) zatian Institutuaren funtzioen artean aipatzen da euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.
Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskal literaturako lanak eta Euskal Autonomia Erkidegoko egileenak beste hizkuntzetara itzultzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da ondorengo itzulpen-jarduerak diruz laguntzeko prozedura finkatzea:
– Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak edozein hizkuntzatara itzultzea.
– Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bizi diren idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Deialdi honetarako gehienezko diru-zuzkidura hogeita hemeretzi mila (39.000) eurokoa izango da.
2.– Itzulpen lanak bakarrik ordainduko dira, ondoren zehaztutakoaren arabera:
a) Testuaren zailtasun maila oinarrizkotzat jotzen denean 0,011 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.
b) Testua poesia denean edo hizkuntzaren aparteko zailtasuna legokeenean, 0,017 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta. Balorazio-batzordeak erabakiko du zein testu den aparteko zailtasunekoa.
3. artikulua.– Diru-laguntzen esleipena.
1.– Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Diru-laguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 9. artikuluan finkatutako aukeraketa- eta balorazio-irizpideen araberako hurrenkera ezartzeko.
Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte, betiere % 50eko gutxieneko puntuazioa lortuta.
2.– Proiektu bakoitzak jaso dezakeen diru-kopurua zehazteko kalkulua honela egingo da: deialdi honetan finkatutako tarifen arabera legokiokeen diru-laguntzaren zenbatekoari edo kontratuan ageri den kopuruari (deialdiaren arabera legokiokeena baino txikiagoa bada kontratuan ageri den kopuru hori) balorazioan lortutako puntuazioaren ehunekoa aplikatuko zaio eta hortik sortzen den emaitza izango da jasoko den laguntza.
3.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
4. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Pertsona juridiko pribatua izatea edo beren gizarte-xedeen barruan argitalpen-lanak egiten dituen irabazi asmorik gabeko erakundea izatea.
b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren baitan jarduerarekin zerikusi zuzena duen epigrafean.
2.– Laguntzaren eskaera egin duena itzultzailea edo editorea den kasuan, derrigorrezkoa izango da liburua argitara emango duen argitaletxearekin bi aldeek izenpetutako kontratua aurkeztea. Eskatzailea argitaletxea den kasuan, itzultzaileak eta argitaletxeak izenpetutako kontratua aurkeztu beharko da.
3.– Ez da onartuko nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, «ondasunen erkidego» izaerakoen eta dagokion sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.
4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenek ere.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote, eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.
5. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.
EEIri dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenari jarraipena egingo dio, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerari erantzutera.
6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea eta epeak.
1.– Proiektuko eskaera bana aurkeztuko da. Eskaera egiteko, eranskinez gain, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Itzuli nahi den liburu edo testua Word formatuko euskarri informatikoan.
b) Itzulitako lagina: 25.000 karakterekoa (zuriunerik gabe zenbatuta), euskarri informatikoan.
c) Itzultzailearen curriculuma eta argitaletxearen azken katalogoa.
d) Liburua itzultzeko eta argitaratzeko egile-eskubideen baimena edo ziurtagiria.
e) Itzulpena egiteko kontratua, bi aldeek sinatuta.
f) Jatorrizko lana gaztelaniazkoa bada, egilearen errolda-agiria edo jaiotza-ziurtagiria.
Eranskinak EEIren webgunean izango dira eskuragai, word formatuan, eskatzaileak ordenagailuz bete ahal izateko.
2.– Ebazpen honen babesean aurkezten diren eskabideak ondorengo helbidean aurkeztu beharko dira: Etxepare Euskal Institutua. Prim kalea 7. 20006 Donostia. 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide ere erabil daiteke eskabideak aurkezteko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.
3.– Eskabideak aurkezteko epea: epea bi hilabetekoa izango da, ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
4.– Diruz lagundutako proiektuaren iraupena. Lana 2015eko abenduaren 15a baino lehen argitaratu beharko da.
7. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
8. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzordea osatuko da. Batzordea honela osatuko da:
a) Lehendakaria: EEIko zuzendaria edo eskuordetzen duen pertsona.
b) EEIko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria edo eskuordetzen duen pertsona.
c) Bokalak 3-5 kide, EEIko zuzendariak izendatuko ditu, aditu diren gizon-emakume eta administrazioko teknikarien artetik.
d) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.
2.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
3.– Balorazio Batzordearen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo da azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.
9. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio Batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatu eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.
2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatzak honako hauek izango dira:
a) Jatorrizko itzulgaiaren literatura-arloko interesa: puntuazioaren % 30 arte.
b) Itzulpen-laginaren kalitatea: % 25 arte.
c) Itzultzailearen ibilbide profesionala: % 15 arte.
d) Liburua argitaratuko duen argitaletxearen ibilbide profesionala, katalogoa eta nazioartean lan egiteko irizpideak, plana, proiektua...: % 20 arte.
e) Kontratuan proposatzen diren argitalpenaren ezaugarriak: argitara emango den ale-kopurua, tamaina, formatua eta bestelakoak: % 5 arte.
f) Itzulpena jatorrizko lanetik abiatuta egindakoa izatea: % 5.
10. artikulua.– Ebazpena.
1.– EEIko zuzendariari dagokio Balorazio Batzordeak aurkeztutako ebazpen-proposamena aztertu eta ebazpena ematea.
2.– Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.5.b) artikuluak xedatutakoarekin bat.
3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, gehienez lau hilabeteko epean argitaratuko da ebazpena. Epe hori argitaratu gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren ebazpena argitaratu eta ondorengo hamabost eguneko epean. Onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.
2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea eta diruz lagundutako itzulpena 2015eko abenduaren 15a baino lehen argitaratuko dela bermatzea.
3.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.
4.– Itzulpen lana argitara ematen den euskarrian eta zabalkundea edo aurkezpena egiterakoan EEIren logoa jartzea (EEIren webgunean egongo dena eskuragai) eta bi kasuetan zehatz adieraztea itzulpenerako diru-laguntza jaso duela, honako esaldiaren bidez: liburu honen itzulpenak Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntza izan du. La traducción de este libro ha sido subvencionada por el Instituto Vasco Etxepare, edo dagokion hizkuntzako itzulpena.
5.– Diruz lagundutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako irudi eta materiala erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
12. artikulua.– Ordainketa eta justifikazioa.
1.– Ebazpen honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da prozedura honi jarraituz:
% 75 onartutzat ematen denetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean.
% 25 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean.
2.– Justifikazioa. Bi hilabeteko epea izango da justifikazioa egiteko, argitalpena kaleratzen denetik hasita. 2015eko abenduan kaleratutakoen kasuan, hilabetekoa izango da epe hori.
3.– Justifikazioa egiteko honakoak aurkeztu beharko dira:
a) Itzulitako lanaren argitalpenaren 3 ale, paperean bada, kopia bat euskarri informatikoan edo edizio digitalerako sarbidea.
b) Itzultzailearen lana ordaindu dela egiaztatzen duen bankuko ordainagiria, eskatzailea argitaletxea edo editorea bada.
c) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du onuradunak.
4.– Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
13. artikulua.– Ez betetzeak.
1.– Ebazpen honetan edo izaera orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.
4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu egin ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da eta ebazpena EHAAn argitaratuko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetako laguntzak Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako «minimis» arauaren mende daude. Araudi hori Ituneko 87. eta 88. artikuluak minimis –L 379/5, 28-12-2006– laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (egun Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107 eta 108 artikuluak). Arau horiei jarraiki, enpresa jakin bati emandako laguntza osoak ezin du izan berrehun mila (200.000) eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Deialdi honen harira jakinarazitako datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko dira eta deialdian parte hartzeak esan nahi du eskatzailea horren jakitun dela, Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen ondorioetarako. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako, eta EIEk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako Lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusi, zuzendu edo ezabatzeko edo ez direla jarri nahi adierazteko, honako helbide honetara jo beharko da: Etxepare Euskal Institutua, Prim kalea 7, 20006 Donostia.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2014ko martxoaren 31.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.