Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2014ko apirilaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1753

AGINDUA, 2014ko apirilaren 9koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinen bidez, batetik, ezartzen baita gutxieneko ekoizpen- eta merkaturatze-bolumena, eta baita ekoizle elkartuen gutxieneko kopurua ere nekazarien elkarte gisa aitortua izateko txerriaren sektorean, eta, bestetik, aldatzen baita 2010eko azaroaren 24ko Agindua, gutxieneko ekoizpen- eta merkaturatze-bolumenari dagokionean, eta baita ekoizle elkartuen gutxieneko kopurua dagokionean ere, nekazarien elkarte gisa aitortua izateko ardiaren sektorean.

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien elkarteei eta horien batasunei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuaren bidez ezarri ziren Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpena elkarrekin merkaturatzen duten nekazarien elkarteak eta horien batasunak aitortzeko oinarrizko arauak.

Dekretu horren 2. artikuluaren arabera, izendapen hori lortzeko, gutxieneko ekoizpen- eta merkaturatze-bolumenak bete beharko dira, bai eta produktu bakoitzerako edo produktu-multzoetarako elkartean gutxienez egon beharreko kide kopurua ere. Produktuak eta kopuruak eranskinean jasota daude. Halaber, 7. artikuluak dioenez, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu baten bidez, nekazarien elkarteei nahiz horien batasunei aldatu egin ahal izango zaizkie –produktu bakoitzari edo produktu-multzoei dagokienez– gutxieneko ekoizpen- eta negozio-bolumenak, bai eta elkartean nahiz batasunean gutxienez egon beharreko kide kopurua ere. Kopuruak eta produktuak dekretu honen eranskinean jaso dira; beste produktu batzuk edo beste produktu-multzo batzuk ere sartu ahal izango dira.

Txerri-ekoizleek adierazi dute urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuan xedatutakoari atxikitzeko eta sektore horretan nekazarien elkarte bat eratzeko interesa; beraz, gutxieneko ekoizpen- eta negozio-bolumenak ezartzen dira, bai eta ekoizle elkartuen gutxieneko kopurua ere, eta aipatu dekretuaren eranskinean sartzen dira.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2010eko azaroaren 24ko Aginduaren bidez ezarri ziren, ardi- eta ahuntz-okelaren eta ardi-esnearen sektorean diharduten nekazarien elkarte gisa aitortzeko, gutxieneko ekoizpen- eta merkaturatze-kopurua eta elkartutako ekoizleen gutxieneko kopurua. Ardi-esnearen ekoizleek justifikatzeko memoria aurkeztu dute, eta, haiei eragiten dietenean, parametro horiek aldatzeko eskatu dute.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gutxieneko ekoizpen- eta negozio-bolumen hauek eta gutxieneko ekoizle-kopuru hau ezartzea, txerriaren sektoreko nekazarien elkartearen izendapena jasotzeko txerriaren sektorean:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Aldatzea Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2010eko azaroaren 24ko Agindua, gutxieneko ekoizpen- eta merkaturatze-bolumena ezartzekoa, bai eta ekoizle elkartuen gutxieneko kopurua ere, gutxieneko ekoizpen- eta merkaturatze-bolumenari dagokionean, nekazarien elkarte gisa aitortua izateko ardi- eta ahuntz-okelaren sektorean eta ardi-esnearen sektorean, eta gutxieneko ekoizpen- eta negozio-bolumen hauek ezartzea, bai eta gutxieneko ekoizle elkartuen kopurua ere, nekazarien elkarte gisa aitortuak izateko ardi-esnearen sektorean:

(Ikus .PDF)

Hirugarrena.– Barne hartzea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien elkarteei eta horien batasunei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuaren eranskineko aurreko ebatzietan ezarritako gutxieneko ekoizpen- eta negozio-bolumenak, bai eta gutxieneko ekoizle elkartuen kopurua ere.

Laugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bosgarrena.– Agindu honek, sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, nahiz eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 9a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala