Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2014ko apirilaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1748

AGINDUA, 2014ko apirilaren 9koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Ralstonia solanacearum deituriko organismo kaltegarriaren aurkako babes-neurri osagarriak ezartzen dituena.

Ralstonia solanacearum bakterioak «usteltasun arrea» izeneko gaixotasuna sortzen du patata-tuberkuluetan, eta patata, tomate eta beste landare solanazeo batzuk zimeldu egiten ditu. Beraz, mehatxu larria da labore horientzako. Bakterio hori noizbehinka detektatu izan da gure ingurunean.

Bakterio batzuk, horien artean bakterio hau, ibai-ibilguetan bizi da, eta, hori dela-eta ureztaketa-ura ibai horietatik hartzen duten nekazaritza-ustiategiak behin eta berriz kutsa daitezke. Bakterio horiek ur-ibilgu horietara iritsi ez daitezen, komeni da beharrezko babes-neurriak hartzea.

Bakterio hori duten likidoak ibai-ibilguetan botatzeko arriskurik handiena patatak garbitzen dituzten enpresek eta instalazioek dute. Horregatik, neurriak hartu behar dira Ralstonia solanacearum bakteriorik ez dezaten izan fluido horiek.

Urriaren 22ko 1644/1999 Errege Dekretuak, zeina landare-osasunari buruzko 43/2002 Legearen bidez indarrean baitago, Ralstonia solanacearum. organismoa errotik kentzeko eta kontrolatzeko programa ezartzen du. Errege Dekretu horren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, autonomia-erkidegoek neurri osagarriak edota zorrotzagoak hartu ahalko dituzte organismoari aurre egin eta zabaldu ez dadin.

Landare-osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen 20. artikuluak dio, bestalde, izurrite baten aurka egiteko betebeharra dutenek laguntza teknikoa eta, hala badagokio, gaiari dagokion arauan xedatutako laguntzak izango dituztela.

Beraz, ureztaketako eta ibai-ibilguetako ura bakterio horretaz kutsatzeko dagoen arriskua gutxitzeko neurri osagarriak hartzea da agindu honen xedea, eta, era berean, betebehar hori betetzetik sortutako gastuak –zati batean gutxienez– konpentsatzeko laguntza-erregimen bat ezartzea.

Agindu hau lantzeko orduan, honako erakunde hauei egin zaie kontsulta: Foru Aldundiak, nekazaritzako lanbide-erakundeak eta patataren sektoreko erakundeak eta industriak. Horiek horrela, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
BABES-NEURRI OSAGARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Patatak transformatzeko eta garbitzeko prozesuetatik sortutako fluidoak Ralstonia solanacearum bakterioa dutela-eta kutsadura-iturri bihurtzeko arriskua gutxitzeko neurri osagarriak ezartzea da agindu honen xedea.

2.– Era berean, agindu honen bidez ezarritako neurri osagarriak betetzetik sortutako gastuak zati batean konpentsatzeko neurriak ezartzen dira.

2. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, patatak garbitzen dituzten industria, fabrika eta instalazioak, prozesu horretatik sortutako likidoak eta fluidoak isuri aurretik egoki tratatzera behartuta daude, Ralstonia solanacearum bakterioa eliminatzeko, baldin eta horrelakorik bada.

2.– Aipatu idatzi-zatian xedatutakoa betetzeko, patatak garbitzen dituzten industria, fabrika eta instalazioetan lanean aritzen diren pertsona fisikoek zein juridikoek bakterioa tratatzeko eta kontrolatzeko plan bat aurkeztu beharko diote, agindu hau indarrean jarri eta bi hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzan nekazaritza-alorrean eskumena duen zuzendaritzari, zeinek onartu egin beharko baitu.

3.– Agindu hau argitaratu ondoren jartzen diren industrien edo instalazioen kasuan, jarduera abian jarri eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute plan hori.

3. artikulua.– Tratamendu-plana.

Aurreko artikuluan aipatzen den tratamendu-planak gutxienez honako neurri hauek ezarriko ditu:

a) Industrietako, fabriketako eta instalazioetako ur-jarioak identifikatzea.

b) Ralstonia solanacearum bakterioa eliminatzeko ezarriko diren metodoen deskribapena, baldin eta bakterio hori badago.

c) Isuri aurretik, laginak hartzeko jarritako guneak identifikatzea, tratamenduaren eraginkortasuna egiaztatzeko.

4. artikulua.– Zehapen-erregimena.

1.– Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, landare-osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen IV tituluan aurreikusitako kontrolak, kautela-neurriak eta zehapenak aplikatuko dira.

2.– Eusko Jaurlaritzan nekazaritza-alorrean eskumena duen zuzendaritzaren pertsona titularrak eskumena izango du agindu honetan xedatutakoa ez betetzeagatik irekitako zehapen-espedienteak ebazteko.

II. KAPITULUA
LAGUNTZAK

5. artikulua.– Laguntzak.

1.– Agindu honen 2. artikuluan xedatutakoa betetzeko beharrezko instalazioak jartzetik sortutako gastuak diruz lagunduko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, betiere landare-osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen II. tituluaren IV. kapituluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden industria, fabrika eta instalazioetan –non patatak garbitzen direnez bakterioa tratatzeko eta kontrolatzeko plan bat gauzatzera behartuta baitaude– aritzen diren pertsona fisikoek zein juridikoek jaso ahalko dituzte laguntza horiek, betiere, aurreko artikuluaren arabera, daukaten plana onartzen bazaie, eta, horrez gain, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak egunean izatea.

b) Enpresa eskatzailea ez dagoela zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolamendurako Printzipioen Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Aurreko artikuluan xedatutakoa betetzeko beharrezko diren instalazioen kostuen % 80koa izango da diru-laguntza, betiere 5.000 euroko gehienezko muga dagoelarik instalazio bakoitzeko. Ondorio horietarako, patatak garbitzen dituzten edozein motatako industrietan, fabriketan eta instalazioetan diharduten operadoreek bakterioa tratatzeko eta kontrolatzeko plana gauzatzeko beharrezko kostuen ebaluazio bat aurkeztuko dute, 2.2 eta 2.3 artikuluetan aurreikusitako planarekin batera.

6. artikulua.– Laguntzen finantzazioa eta bateragarritasuna.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan urtero helburu horretarako ezarriko diren aurrekontu-kredituen kargura finantzatuko dira laguntza horiek.

2.– Beste herri-administrazio batzuk helburu bertsuekin emandako laguntzekin bateraezinak izango dira laguntza horiek.

7. artikulua.– Eskabidea.

1.– Bakterioa tratatzeko eta kontrolatzeko plana onartzeko eskaerarekin batera edo plana onartu eta hilabeteko epean aurkeztu ahalko dute diru-laguntza jasotzeko eskabidea pertsona edo erakunde interesatuek. Agindu honen eranskinean jasota dagoen eskabide-inprimaki normalizatuan egingo da eskaera.

2.– Eskabideari honako agiriok erantsiko zaizkio:

● Enpresaren datuak.

● Instalazioaren eta tratamendu-planaren txosten deskribatzailea, zeinak agindu honen 3. artikuluan aurreikusitako neurriak barne hartuko baititu.

● Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-betebeharrak betetzea eta dagokion foru-ogasunari ordaindu beharreko zergen-ordainketa egunean izateko betebeharra programa hau kudeatzen duen organoak egiaztatuko du automatikoki, baldin eta erakunde eskatzaileak horretarako baimena ematen badio.

● Erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko eta pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso dituela, edo ez; ez dagoela lehen jasotako laguntzaren bat itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean edo prozedura hori amaitu dela; ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio edo zigor arloko zigorrik eta legezko debekurik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean aurreikusitakoa barne; aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.

● IFKren kopia eta hirugarrenen alta inprimakia.

8. artikulua.– Kudeaketa-organoa, inspekzioa, ebazpena eta ordainketa.

1.– Nekazaritzaren jarduera-arloan eskumena duen saileko nekazaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

2.– Eskabideak aurkeztu ondoren, nekazaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako pertsona titularrak ebazpena emango du, eskabidea aurkeztu eta lau hilabeteko epean. Epe hori igarota, esanbidezko ebazpenik ez bada eman eta jakinarazi, ulertuko da eskabideak onartu egin direla, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3.– Laguntzak ematea ukatu egingo da. Baldin eta laguntzak egotzi behar zaizkion aurrekontuan kreditu egokirik eta nahikorik ez badago nahi den xedea lortzeko, eta laguntza gehiago ematea eten egingo da. Horiek horrela, programa hau indarrean dagoen bitartean ekonomia-ekitaldi batean kalte-ordain hau emateko kontsignatutako kreditua agortu egiten bada, nekazaritza-alorrean eskumena duen sailburuordetzako pertsona titularrak ebazpen bat emango du egoera hori ezagutaraztearren; ebazpen horretan, kreditua zein egunetan agortu den adieraziko da, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Aurrekontu-ekitaldi batean, ekitaldi horretako aurrekontu-kredituekin gauzatu ezin diren jarduerak burutzeko laguntza-eskaerak badaude, ukatu egingo dira. Nolanahi ere, aipatu eskabideak hurrengo ekitaldian aurkeztu ahalko dira. Kasu horretan, ebazpen-prozesuan denborazko hurrenkera iraunarazteko, aurreko ekitaldian aurrekontu-krediturik ez izateagatik erantzunik eman ez zitzaien eskabideen data mantenduko da, baldin eta ekitaldi honetan berriro aurkezten badira.

4.– Nekazaritza-alorrean eskumena duen sailburuordetzako teknikariek aurreikusitako jarduerak burutu direla eta tratamendu-plana eta kontrola gauzatzearen kostuen gaineko dokumentazioa aurkeztu dela egiaztatu ondoren ordainduko zaizkie laguntzak erakunde onuradunei. Diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean egin beharko da egiaztapen hori.

9. artikulua.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Diru-laguntza emateko oinarria izan den ekintza burutzea.

b) Diru-laguntza eman duen entitatearen aurrean, laguntza ematerakoan kontuan hartu diren eskakizunak eta baldintzak bete direla egiaztatzea, bai eta ekintza burutu izana ere. Alde horretatik, diru-laguntza eman eta ordaindu ondoren, laguntza kudeatzen duen organoak diru-laguntza eman zaien instalazioak ikuskatu ahalko ditu, jarritako xedea lortzeko erabiltzen direla egiaztatzeko.

c) Beraien aginpideak bete behar horretan, baliteke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo eskudunek informaziorik eskatzea, agindu honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta, eta, beraz, informazio hori eman egin beharko zaie, eta egiaztatze-jarduerei men egin.

d) Diru-laguntza ematen duen erakundeari bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta diru-laguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketen berri ere.

e) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, laguntza onartu egiten dutela ulertuko da, ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunetan.

f) Emakumeenganako eta gizonenganako tratua berdina izatea esparru guztietan, kanpoko zein barruko esparruetan.

2.– Agindu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko harremanetan, idatzizkoetan zein ahozkoetan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea eta aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela bermatuko da.

10. artikulua.– Baldintzak aldatzea eta baldintzak ez betetzea.

1.– Laguntzak emateko orduan kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egiten badira ezertan, baina, hori bai, laguntzen xedea bete egin bada hala ere, edo, beste diru-laguntza batzuk jaso dituela-eta, gehienez jaso zitekeen laguntza gainditu egiten bada, baliteke diru-laguntzak emateko ebazpena aldaraztea horrek. Laguntza bakoitzeko kudeaketa-organoak, halakoetan, aldaketa-ebazpen bat egin beharko du, eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa berriro zehaztu han.

2.– Baldin eta pertsona onuradunek agindu honetan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, jasotako zenbatekoa eta zenbateko horri legez aplika dakizkiokeen legezko interesak itzultzera behartuak izango dira, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean aurreikusitakoari eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuari jarraituz. Aipatu lege horren testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen.

11. artikulua.– Laguntzak elektronikoki bideratzea.

1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak laguntza hauek bide elektronikoz izapidetzeko bitarteko elektroniko egokiak dituenean, eskatzaileen eta pertsona arduradunen eskura jarriko dira. Bitarteko horiek erabiltzeko prozedura honako hauek kontuan izanik garatuko da: 21/2002 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa; eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren Ebazpena, 2006ko otsailaren 9koa, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (PLATEA) ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

2.– Kasu horretan, erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Aurrez aurre zein bide elektronikoz eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta abar nola egin https://www.euskadi.net webgunean zehazten da.

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea. Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan egiten dira, bitarteko elektronikoen bidez: http://www.euskadi.net/misgestiones

4.– Izapidetze elektronikoa abian jartzen denean, bide elektronikotik erabiltzeko eskabide-eredu normalizatuak eta horiek erabiltzeko jarraibideak agindu honen bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako ebazpenean eta nekazaritza-alorrean eskumena duen organoaren webgunean argitaratuko dira.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu honetan aurreikusitako kalte-ordainak finantzatzeko, 2014ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura emateko zenbateko osoa 10.000 euro dira.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Hurrengo ekitaldietan –eskabide berriak edo aurreko urteetako eskabideak erantzuteko daudela-eta beharrezkoa bada–, agindu honetan aurreikusitako kalte-ordainak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura dagokion ekitaldian emateko diru-laguntzen zenbateko osoa nekazaritza-alorrean eskumena duen zuzendaritzako pertsona titularraren ebazpen bidez jakinaraziko da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 9a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala