Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2014ko otsailaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

DONOSTIA-SAN SEBASTIÁNGO LEHEN AUZIALDIKO 3 ZENBAKIKO EPAITEGIA
844

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 653/13 prozeduraren ondoriozkoa.

Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.

Judizioa: ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak. 653/13.

Alderdi demandatzailea: Jacqueline Maria Acaro Martin.

Alderdi demandatua: Jorge Luis Morocho Pauta.

Judizio horretan, 2013-09-17ko epaia eman da eta epaitza honako hau da hitzez hitz:

EBAZTEN DUT:

Baietsi egiten dut, partez, Juan Ramón Álvarez Uría epaitegietako prokuradoreak Jacqueline María Acaro Marín andrearen izenean eta ordez aurkeztutako demanda, Jorge Luis Morocho Pauta jaunaren aurkakoa.

Neurri hauek hartzea erabaki dut:

1.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko erregimena. Seme adingabea Jacqueline María Acaro Marín andrearekin eta beraren babespean geratuko da.

2.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala erdibana izaten jarraituko dute aitak eta amak. Guraso biek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak zera dakar: adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra. Erabakiak hartzeko, egokiena duten komunikazio-bidea hautatu beharko dute; hala egin ondoren, errespetatu eta bete egingo dute. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:

a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.

b) Ikastetxea aukeratzea, eta ikastetxea aldatzea.

c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.

d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.

e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.

Zaintza ez duen gurasoari aitortu egiten zaio adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, semearen tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango ditu.

Semearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.

3.– Bisita-erregimena, komunikazioak eta bisitak. Ez da ezartzen egonaldi-, komunikazio- eta bisita-erregimenik, jagoletzarik gabeko gurasoa bere seme adingabearekin egon dadin, baina aitak eta amak besterik erabaki dezakete, libreki, betiere alabaren alde eginda; gurasoei eskatzen zaie alderdi horiei buruzko akordioak lor ditzaten.

Adostasunik ez badago, ez da erregimen subsidiariorik ezarriko, eta aitak eskatu beharko du, hala nahi badu, egonaldi-, komunikazio- eta bisita-erregimen bat ezar diezaiotela, adingabearen interesen babesaren araberakoa izango dena, bien arteko harremanik eza luzatzen bada.

4.– Mantenu-pentsioa. Jagoletza ez duen gurasoak XXXXX adingabeko alabaren mantenu-pentsioa ordaindu beharko du, harik eta hura adinez nagusi izatera iritsi eta ekonomikoki independentea izan arte edo izateko moduan egon arte. Pentsio hori hilean 250 eurokoa izango da, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio jagoletza duen gurasoari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera; lehen eguneratzea 2015eko urtarrilaren batean gauzatuko da.

Zaintza ez duen gurasoak zuzenean ordaindu behar dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.

Independentzia ekonomikorik ez duen bitartean semeak dituen aparteko gastuak erdi bana ordainduko dituzte aitak eta amak, betiere ados badaude eta agiri bidez hala egiaztatzen badute; adostasunik ez bada, bai kasuan batean eta bestean, epailearen aldez aurretiko baimena beharko da. Ebazpen honen oinarri juridikoetan ezarritakoarekin bat etorriz, kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion aseguru pribatuan sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.

5.– Estatuko lurraldetik ateratzeko debekua. Auzi-jartzaileak eskatu arren, ez da erabaki Espainiatik ateratzeko debekua ezartzea.

Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.

Auzialdi honetan sortutako kostuak ez zaizkio berariaz inori ezartzen.

Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, apelatutako ebazpena zein den, eta zein erabaki aurkaratzen diren (PZLb, 458.2 artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori kontsignatu beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen Gordailu eta Kontsignazioen kontuan. IBAN zenbakia hauxe da: ES55 0049 3569 9200 0500 1274; eta kontzeptua: 1847 0000 00 0653 13. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Alderdi demandatzaileari ez zaio apelazio-errekurtsoa onartuko, baldin eta idatziz adierazten ez badu epemugatutako errentak eta kontratuaren arabera aurretiaz ordaindu beharrekoak ordainduta dituela (PZL, 449.1 artikulua).

Eta lehen auzialdi honetan behin betiko epaituz, erabaki eta sinatu dut.

Alderdi demandatuaren gaur egungo helbidea edo bizilekua ezezaguna denez gero, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, ediktu hau EHAAn argitaratzea ebatzi du epaileak, epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.

Donostia, 2014ko otsailaren 4a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala