Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2014ko otsailaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
834

EBAZPENA, otsailaren 6koa, 2014koa, Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariarena, Ogasun eta Finantzetako sailburuari uzteko dena 2014. eta 2015. urteetarako posta-zerbitzuak burutzeko kontratazioari buruzko eskumenak, Arabako Osasuneko Lurralde Ordezkaritzan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren V. kapituluan eta lehenengo xedapen gehigarrian, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organiko eta funtzionala onartzen duen apirilaren 9ko 192/2013 Dekretuaren 12.d) artikuluan xedatutakoaren arabera, Baliabide Orokorren Zuzendaritzari dagokio kudeaketa zentralizatuko eraikinetarako erabilpen orokorreko arloak edo zerbitzuak kontratatzea, betiere Baliabide Orokorren Zuzendaritzari egotzi bazaizkio.

Era berean, 192/2013 Dekretuaren 12.a) artikuluak Zuzendaritza horri ematen dio eskumena, era zentralizatuan eskuratu behar diren ondasun eta zerbitzuak kontratatzeko prozedurak garatzeari begirako proposamenak egin ditzan.

Gaur egun, posta-zerbitzua modu zentralizatuan kontratatzeak lagundu egiten duela zerbitzuen kudeaketa hobetzen eta gastu publikoa arrazionalizatzen.

136/1996 Dekretuaren 19. artikuluak aukera ematen du Baliabide Orokorren Zuzendaritzaren eskumenak kudeaketa zentralizatukoak ez diren beste eraikin batzuetara hedatzeko. Hitzarmen bidez, administrazio klausula zehatzen pleguetan aurreikuspen berariazkoa ezarriz edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean jasotako formulen bidez gauzatuko da hedapen hori.

Segurtasun-zerbitzua –lehen aipatu eremuan– modu zentralizatuan kontratatu ahal izateko formularik egokiena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13.1 artikuluan eskumenen eskuordetzarako jasotakoa da, honakoa xedatzen baitu:

«1.– Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira –nahiz eta bata bestearen mendekoak ez izan–, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira».

Horregatik, 192/2013 Dekretuaren 3.2.f) artikuluak Ogasun eta Finantzetako sailburuari ematen dizkion kontratazio-arloko eskumenen arabera, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 195/2013 Dekretuaren 6.2 artikuluan xedatutakoa aintzat hartuz, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariari dagokio Osasun Saileko kontratazio-organoari ematen zaizkion ahalmenez baliatzea. Beraz, hau

EBAZTEN DUT:

I.– Ogasun eta Finantzetako sailburuari ematea 2014. eta 2015. urteetan posta-zerbitzua kontratatzeko eskumena (2016. eta 2017. urteetarako luza daitekeena).

Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen irailaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan jasotako honako arlo hauetara hedatuko da eskuordetzea, kontratuari aplikatu beharko baitzaizkio:

– Kontratuaren prestakuntza (II. liburua).

– Kontratuaren esleipena (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

– Administrazioaren eskuduntzak, aldaketa, iraungitzea, lagapena eta azpikontratazioa, izaera orokorrarekin IV. liburukiko I. tituluko I. kapituluan aurreikusten direnak, eta izaera partikularrarekin –hornidura-kontratuetarako– IV. liburukiko II. tituluko IV. kapituluan aurreikusten direnak.

– Kontratua formalizatzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

II.– Kontratazio organoari dagozkion gainerako eskumenak, eta, bereziki, emandako zerbitzuen burutzapenari onespena ematea eta horien ordainketa agintzea, horiek organo eskuordetzailearen esku geldituko dira.

III.– Eskuordetze hau sinatu eta biharamunean indarrean jarriko da.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko otsailaren 6a.

Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria,

MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala