Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2014ko urtarrilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
200

EBAZPENA, 2013ko azaroaren 25ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena. Honen bidez, Galdakaoko EH Bilduk 2013ko uztailaren 10eko Ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten da.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko uztailaren 10eko Ebazpenaren bidez erabaki zen Galdakaoko Udalak sustatutako «Ordaine auzoan betelana egiteko plan berezia»k ez duela ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura igaro behar.

2013ko irailaren 3an, Galdakaoko EH Bildu udal-taldeak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen 2013ko uztailaren 10eko Ebazpen horren aurka. Bertan, hau eskatzen zuen:

– Ebazpen horren deuseztasuna deklara zedila, jarraian laburbiltzen diren arrazoi hauengatik.

– Burutu nahi den betelana lurzoru urbanizaezin gisa katalogatutako lursailean dago, partez Sistema Orokor Hidrologiko gisa Ekologia eta Paisaia Babesaren pean, eta partez Nekazaritza eta Abelazkuntza Babeseko eremu gisa, Galdakaoko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren arabera. Hori dela eta, harrigarri zaie lursail hori egokia dela esatea. Halaber, Bilbo Metropoliko Lurralde Zati Planean eta Nekazaritza eta Basozaintzako Lurraldeko Arlo Planean bildutako hainbat hirigintza-kategoria aipatzen dira, eta eransten dute batasunaren intereseko hainbat espezie dagoela, txilardi lehor europarrak, kasu.

– Garraio eta Hirigintza Sailak 2009-07-15ean adierazi zuen ez zegoela nahikoa aurrekontu betelana Bizkaiko Foru Aldundiak interes publikoko deklaratzearen bidez izapidetzeko.

– Indarreko Lurraldearen Antolamenduko Artezbideen arabera, debekatuta dago hondakin solidoen zabortegiak eta hondakindegiak instalatzea Babes Bereziko kategoriako lursailean. Hondakindegia izan edo betelana izan, trataera bera eman behar zaio.

– Betelan bat egitea industria-jarduera da, beraz, beste industria-jarduera baten baldintza berak eskatzen ditu.

– Dena dela, ingurumenaren ebaluazio-prozedura egin dadila, proiektuak eragin zuzena baitu 211/2012 Dekretuaren III. eranskinean zehaztutako irizpideetan ingurumenaren gaineko eragin posiblea zehazteko, hauen ondorioz: oso bolumen handia; sarkura handiko paisaia-eragina; intereseko landare eta zuhaitzak egotea; nekazaritza eta abeltzaintzaren alorreko katalogazioa. Horregatik guztiagatik egin behar da proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Aintzat hartu da Galdakaoko Udalak sustatutako «Ordaine auzoan betelana egiteko plan berezia»ren helburua betelana non egin zehaztea dela.

Aintzat hartu da errekurritutako ebazpena emateko planen eta programen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoari doituko zaiola. Aipatu artikuluak arautzen du ebaluazioa igaro behar izatea xedatzea, kasuz kasuko azterketaren bidez, eta, zehazki, hau ezartzen du:

«1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen I A eranskinaren 9. paragrafoan jasotako planek eta programek ingurumen-ebaluazio estrategikoa jaso beharko dute, Ingurumen-organoak hartutako erabaki arrazoitu eta publiko bidez, betiere ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketela ondorioztatzen bada.

2.– Horretarako, organo sustatzailea ingurumen-organoari zuzenduko zaio kontsulta bat eginez, zeinari agiri hauek erantsiko baitzaizkio: planaren edo programaren helburuak, haren aplikazio-eremua, planean biltzen diren jarduerak eta planean ze leku duten, baita planaren aplikazio-eremuaren ezaugarrien deskripzio bat ere.

3.– Organo sustatzaileak igorritako agiriak ikusi ondoren, ingurumen arloko organoak, dekretu honen III. eranskinean jasotako irizpideak aplikatuz, erabakiko du ea planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura igaro behar duen ala ez, aldez aurretik 9. artikuluan adierazitako administrazio publikoei kontsulta eginda, betiere.

4.– Erabaki hori ebazpen bidez hartuko da, eta organo sustatzaileari jakinaraziko zaio hilabeteko epean, 2. paragrafoan ezarritakoari jarraituz egin den eskaera jaso eta biharamunetik hasita. Ingurumen-organoak epe bera izango du bere erabakiaren berri emateko bitarteko elektronikoen bitartez.

5.– Ingurumen-organoak irizten badio aztertutako planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategikoa igaro behar duela, organo sustatzaileari jakinaraziko dio dekretu honetako 8. artikuluan aipatzen den hasteko agiria igorri behar duela ebazpenarekin batera. Fase horretan egindako kontsultak dekretu honen 9. artikuluaren ondorioetarako egindako kontsulta gisa erabili ahal izango ditu ingurumen-organoak».

Aintzat hartu dira ingurumenaren gainean izan lezaketen eraginen garrantzia zehazteko irizpideak, eta hauek dira aplikazio-arauaren III. eranskinean jasotako planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa igarotzeko irizpideak:

«1.– Planen eta programen ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparru bat, proiektuen kokaleku, izaera, neurri edo funtzionamendu-baldintzak zehaztuz, edo baliabideak esleituz.

b) Planak edo programak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, are hierarkizatuta daudenetan ere.

c) Plana edo programa egokia den ala ez ingurumen-gogoetak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren, bereziki.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk.

e) Plana edo programa egokia den ala ez ingurumenaren arloko erkidego- edo estatu-legedia ezartzeko (adibidez, hondakinen kudeaketarekin edo ur-baliabideen babesarekin lotutako planak edo programak).

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezaketen guneen ezaugarriak, bereziki honako hauek kontutan hartuta:

a) Ondorioen probabilitatea, iraupena, maiztasuna eta itzulgarritasuna.

b) Ondorioen izaera metakorra.

c) Ondorioen mugaz haraindiko izaera.

d) Giza osasunerako edo ingurumenerako arriskuak (adibidez, istripuek eragindakoak).

e) Ondorioen magnitudea eta espazio-irispidea (eragina jasan lezakeen udalerriaren eremu geografikoa eta tamaina).

f) Honako hauengatik eragina jasan lezakeen gunearen balioa eta kalteberatasuna:

1) Natura-ezaugarri bereziak edo kultura-ondarea.

2) Ingurumen-kalitateko estandarrak edo gehienezko balioak gainditzea.

3) Lurzoruaren ustiapen intentsiboa.

4) Erkidegoko, nazioarteko, estatuko edo autonomiako eremuetan aitortuta dauden babes maila duten habitat, espezie edo paisaien gaineko ondorioak».

Aintzat hartu da, goian transkribatutako 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzak eraginpeko herri-administrazioei kontsulta egin ziela jakiteko Ordainen betelana egiteko Plan Bereziak ondoriorik bazuen ingurumenean.

Aintzat hartu da ingurumenaren arloan eskumenak dituzten organoek (Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza eta Ura-Uraren Euskal Agentzia) hurrenez hurren jakinarazi zutela Planaren eraginpeko eremuan ezin zitekeela aurreikusi betelana egiteak ingurumen-inpaktu garrantzitsuak eragingo zituenik eta geroko betelanaren tokia baimentzekoa zela iritzi ziotela, horretarako ezarritako neurriak betetzen baziren, betiere.

Aintzat hartu da, kontuan izanik Plan Bereziaren edukia, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren III. eranskineko irizpideak eta kontsultak izapidetzean jasotako txostenak, ingurumen-organoak ondorioztatu zuela Ordainen betelana egiteko Plan Bereziak ez duela ingurumen-eragin nabarmenik izango, sustatzaileak bere eskabidean eta ingurumen-organoak bere 2013ko uztailaren 10eko Ebazpenean zehaztutako babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak hartzen badira, betiere.

Aintzat hartu da ingurumen-organoak egindako izapidetzearen helburua «Ordainen betelana egiteko plan berezia»k ingurumen-inpaktuaren ebaluazio estrategikoko prozedura igaro behar duen ala ez erabakitzea baizik ez dela, eta erabaki horrek ez du baldintzatzen plana onartu edo baztertzeko eskumena duen organoaren azken erabakia.

Aintzat hartu da errekurritutako ebazpenak ez duela izan behar, eta, ondorioz, ez duela inongo zehaztapenik betelanaren proiektua baimendu behar izateaz ala ez.

Aintzat hartu da errekurritutako ebazpena horretarako ezarritako prozedurari jarraituz eman zela, aplikazio-araudiak zehaztutako irizpideak kontuan hartuz eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak esleituta dituen eskumenak betez; beraz, ezin da adierazi Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62. artikuluan xedatutako inongo deuseztasun-kausen pean erori denik.

Aintzat hartu da errekurtsogileak iritzi diola hala badagokio egingo den betelan-proiektuaren eraginak nabarmenak direla eta plana ingurumen-ebaluazio estrategikoaren pean jarri behar dela; baina ez du iritzi hori indartzen duen argudiorik eman, eta iritzi hori ez dute babesten prozeduran parte hartu duten herri-administrazioaren organoek esanek.

Aintzat hartu da, planak ingurumen-ebaluazio estrategikoa igaro behar ez izatea erabakitzeari buruz, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren nahia prozeduran parte hartu duten ingurumen arloko organo eskudunek adierazitako garrantzia handiena kontuan hartuz osatu dela.

Organo honek eskumena du gora jotzeko errekurtso hau ebazteko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Lege eta dekretu hauek ikusi ditut: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteko Lege Orokorra; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, konposatu organiko hegazkorrak igortzen dituzten instalazioei buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; bai eta gainerako arau aplikagarriak ere. Horrenbestez, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Ezestea Galdakaoko EH Bildu udaleko taldeak Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko uztailaren 10eko Ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa. Ebazpen horren bidez erabaki zen Galdakaoko Udalak sustatutako «Ordaine auzoan betelana egiteko plan berezia»k ez duela ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura igaro behar.

Bigarrena.– Ebazpen hau Galdakaoko EH Bildu udaleko taldeari eta Galdakaoko Udalari jakinaraztea.

Hirugarrena.– Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpen honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera; horretarako bi hileko epea egongo da, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 25a.

Ingurumeneko sailburuordea,

JOSÉ ANTONIO GALERA CARRILLO.


Azterketa dokumentala