Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2013ko urriaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
4417

1/2103 LEGEA, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoa.

Eusko Legebiltzarrak urriaren 10eko 1/2103 Legea, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Bizialdi osoan ikasten jardutea sustatzea da Europaren modernizazio-prozesuaren ekimen garrantzitsuenetako bat, XXI. mendean. Bai Lisboa 2000 Estrategiak, bai Europa 2020 Estrategiak berretsi egin dute bizitza osoan zehar ikasten jardutea sustatu beharra dagoela, eraldaketan modu eraginkorrean aurrera egin ahal izateko, eta horrela, Europa ezagutzaren gizartearen eta ezagutzaren ekonomiaren aldetik aurreratua bihurtu ahal izateko.

Gizarte parte-hartzaileago, kulturaniztunago eta iraunkorrago bat sortzeak gaitasun pertsonalak hobetzea eskatzen du, herritarrak gizarte konplexuago batean ondo molda daitezen.

Herritarren hezkuntza-maila eta bizi-itxaropena igo izanak ikasteko behar berriak sortu ditu, garapen pertsonalari lotuta.

Teknologiak eta produkzio-sistema bilakaera azkarra izaten ari direnez, horrek guztiak ikaskuntzak, gaitasunak eta trebakuntza profesionalak etengabe egokitu eta birdefinitu beharra eskatzen du.

Egoera horren eraginez, hezkuntza eta prestakuntza beste ikuspegi batetik landu behar dira, ezagutzaren gizarteak dituen erronka berriei aurre egin ahal izateko, gizarte horren ezaugarri nagusiena baita herritarrek bere osotasunean hobetu egin dutela hezkuntza eta prestakuntzako maila.

Ezinbestekoa da herritarrei garapen pertsonal, sozial eta profesionala izateko aukera eskaintzea, elkarri erabat loturik dauden arloak direla kontuan izanda.

Beharrezkoa da bizitza osoan ikasten aritzea sustatuko duen sistema integratu bat bultzatzea, Haur Hezkuntzan hasi eta erretiroa hartu eta gero ere jarraituko duena, eta herritar guztiak horretan jarriko dituena; oinarrizko gaitasunak eskuratu eta garatzen direla ziurtatu behar luke sistema horrek, eta pertsona guztiak, batez ere kaltetuenak direnak, gizarte, ekonomia, politika eta kulturako arloetan bateratu daitezela eta horietan parte hartu eta ekimena nahiz sormena izan dezatela sustatu.

Bizialdi osoko ikaskuntzaren kontzepzio berri horrek pertsona prozesuaren erdi-erdian kokatzen du. Helburua pertsonak gizarteko herritar aktibo gisa garatzea da, eta ondorioz, jasoko duten prestakuntza ez da izango, besterik gabe, gaitasun profesionalak eskuratzeko edo dagoeneko badituztenak sendotzeko; baita gaitasun pertsonal eta sozialak eskuratzeko nahiz sendotzeko ere. Bizialdi osoko ikaskuntzak funtsezko erregistro-aldaketa dakar. Pertsona da ikaskuntzaren erdigunea. Egia esan, pertsonaren eskaritik abiatuta ari gara hitz egiten eta ez eskaintzatik, beharretatik abiatuta eta ez eskain dezakedan horretatik.

Eginkizun hori aurrera eramateko, aldaketa handiak egin behar dira orain arte egon den hezkuntza- eta prestakuntza-ereduan. Eta aldaketa horren ondorioz, ikaste-prozesua bizitzaren une jakin batean gertatzen dela pentsatzetik, pertsonaren bizitza osora luzatzen dela pentsatzera igaro behar da. Horrekin batera, ikasteko modu malguagoak finkatu beharra ere badakar aldaketa horrek, eta baita igarobide hobeak egotea hezkuntzaren, prestakuntzaren eta lan-munduaren artean; gainera, ikastea testuinguru formaletara, arautuetara mugatzen duen ideia gainditu behar da, eta ikasteko beste bide batzuk ere baloratu eta aitortu behar dira, esate baterako testuinguru formaletan ikastea, eta baita testuinguru informaletan ikastea ere.

Era berean, bizitza osoan ikastea ahalbidetuko duen sistema bat martxan jartzeak prestakuntza nork eskainiko duen aldatzea eta orain arteko ideia tradizionala aldatzea dakar, izan ere orain arte eginkizun hori erakundeek onartzen zituzten zentroei aitortzen zitzaien: ikastetxeei, lanbide heziketako zentroei eta unibertsitateei. Horrekin batera, erakunde publikoen arteko elkarlana ere beharrezkoa izango da, eta baita erakunde publiko horien eta eragile pribatuen arteko lankidetza ere. Esandakoez gainera, orientazio-sistema iraunkor bat ere behar izango da, pertsonek beren ibilbidean lagun izan dezaten beren bizitza-proiektua zehazten eta aurrera eramaten laguntzeko.

Bizialdi osoko ikaskuntzaren kontzepzio berriaren beste ezaugarri garrantzitsu bat hauxe da: bizitzako aldi guztietan ikasten da, eta ez bakarrik ekintza formalizatuen bidez. Erabat baztertu behar da bakarrik eskolan edo hezkuntza-sistemaren bidez ikasten dela dioen ideia. Pertsonek badituzte ikasteko beste bide batzuk ere: laneko esperientziaren bidez, aurrera daramaten jarduera bitalaren bidez (ikaskuntza informala), zuzenean egiaztagiririk ematen ez duten prestakuntza-ekintzen bidez (ikaskuntza ez-formala), edo arauturik dauden eta egiaztagiri ofizial bat ematen duten ikasketen bidez (ikaskuntza formala).

Bizialdi osoko ikaskuntza sustatu beharra behin eta berriz azpimarratu izan da europar gomendioetan, legedi organikoan eta euskal legedian.

Europar Batasunak, Etengabeko Ikaskuntzaren Memoranduma eta «Etengabeko ikaskuntzaren esparru europarra mamitzen» izeneko komunikazioa argitaratuta, prozesu bat abiarazi zuen, eta horren baitan, Europa mailako hainbat erakunde eta organismoren ebazpen batzuen bidez, hezkuntzaren eta prestakuntzaren europar esparrua eraikitzeko bidean aurrera egiten joan da, eta bide horretan, bizialdi osoko ikaskuntzak ezinbesteko eginkizuna dauka herritar aktiboak, gizarte-kohesioa, garapen pertsonal eta profesionala, egokitzeko gaitasuna eta lana eskuratzeko modua izateko.

Ildo horretan, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoa, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoa, eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa, bat datoz bizialdi osoko ikaskuntza garapen pertsonala areagotzeko eta enplegua lortzeko faktoretzat jotzeko orduan; eta horrekin batera, bi legeek diote prozedura malguagoak jarri behar direla hezkuntza-mundutik lan-mundura jauzi egiteko orduan, edo lan-esperientziari esker edo prozedura ez-formalei esker ikasitakoak aitortzeko beste bide batzuk jarri behar direla.

Unibertsitateko irakaskuntzari dagokionez, Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoak eta hori aldatzen duen 4/2007 Lege Organikoak garrantzi berezia ematen diote bizialdi osoko ikaskuntzari garapen pertsonalean eta kultura, zientzia, teknika eta ekonomia arloko garapenean, eta, horretaz gain, unibertsitate-esparru bateratu baterako printzipioak ezartzen dituzte, mugikortasuna, titulazioen aitortza eta etengabeko prestakuntza oinarri. Bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, bere helburuen artean jasotzen du ikasleei prestakuntza intelektual, zientifiko, humanistiko eta teknikoa eskaintzea, eta baita gaitasun profesionala ematea ere; horrekin batera, bizialdi osoko prestakuntza iraunkorra eskaintzen laguntzea ere aipatzen du helburuen artean. Horrekin batera, lege horrek dio unibertsitateek, beren kabuz edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin hitzarmenak sinatuta, ezagupenak eta gaitasunak bizialdi osoan zehar eguneratu ahal izateko programak eskaintzeko aukera izango dutela, eta irakasgai horiek emateko, baliabide ez-presentzialak erabiltzea sustatuko dutela.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak hainbat jarduera eraman ditu aurrera bizialdi osoko ikaskuntzarekin loturik, bai Eusko Jaurlaritzak bai toki-administrazioek sustaturik. Jarduera horiek Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko Liburu Zurian jasotako helburuen artean sartzen dira.

Azken urteetan lortutako esperientzia kontuan harturik, lege hau sustatzeko unea da, kontuan izanda lehen helburua duela lege-esparru bat zehaztea, bizialdi osoko ikaskuntzaren sistema eraginkor bat sustatu eta arautzeko, Europako gomendioekin, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko Liburu Zurian jasotako helburuekin, eta gorago aipaturiko lege organikoetan jasotakoarekin bat; horren guzti horren xedea da parte hartzen dutenek lana lortzeko eta gizarteratzeko aukera gehiago izatea eta etorkizunean zahartze aktiboa izan dezaten prestatzea.

Horretarako, lege honetan bizialdi osoko ikaskuntza euskal herritar guztien eskubidetzat hartzen da, eta prestakuntzako eskaintza zabal baten bidez gauzatuko da, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Urrutiko prestakuntza-eskaintza sustatuko da, batez ere informazio eta komunikazioko teknologien bidez, horiei esker herritarrek prestakuntza-eskaintza hurbilago izan dezaten, era malguan, prestakuntzaz batera beste eginbehar batzuk (norberarenak, familiakoak, gizartekoak edo lanarlokoak) aurrera eramateko modua izateko. Gainera, legeak lan-esperientziaren bidez edo bide ez-formal edo informalen bitartez ikasitakoa aitortzeko bidea ezartzen du, euskaraz, gaztelaniaz edo beste hizkuntzetan gaitasun profesionalak eta ez profesionalak aitortu, ebaluatu eta egiaztatzeko tresna bat abian jarrita.

Legearen bigarren helburua da Euskadiko lanbide-heziketan izandako aldaketak jaso eta sustatzea, eta baita arlo horri buruzko oinarrizko legerian izandako aldaketak ere.

Lanbide-heziketak aldaketa nabarmenak izan ditu Euskadin 90eko hamarkadatik aurrera, eta ekoizpen-arloarekiko beste lankidetza-eredu batetik eta inplikaziotik egin da aurrera ordudanik, enpresen beharrizanak kontuan izanda eta euskal langileen prestakuntzan modu aktiboan parte hartuta. Aldaketa horiekin batera, Eusko Jaurlaritzak hainbat erakunde sortu ditu, lanbide heziketaren sistema garatzen ari zen eginkizun berriei zerbitzua eskaintzeko; hauek dira batzuk: Lanbide Heziketaren Euskal Kontseilua, Hobetuz-Lanbide Heziketa Jarraiturako Euskal Fundazioa, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokia, Kualifikazio Profesionalen eta Lanbide Heziketaren Euskal Erakundea, edo Lanbide Heziketaren Gaitasuna eta Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentzia.

Aldaketa horiek guztiak gure Autonomia-Erkidegoan errotzen hasi eta bilakaera izaten ari ziren bitartean, Estatuan aldaketa garrantzitsua gertatu zen lanbide-heziketa ulertzeko moduan eta arlo horren legezko antolamenduan.

Ekainaren 19ko 5/2002 Legeak, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoak, sistema bat ezarri zuen, uneoro bermatu ahal izateko kualifikazio profesionalak eta lan-merkatuaren beharrizanak bat etorriko zirela. Gainera, lanbide-heziketa sistema bakar gisa konfiguratu zuen, tradizionalki hasierako prestakuntza arautuaren eta lanerako nahiz etengabeko prestakuntzaren artean egiten zen bereizketa gaindituta. Horrela, lanbide-heziketako tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak izango dira Kualifikazioen Katalogo Nazionala erreferentziatzat duten lanbide-prestakuntzako eskaintza, hori langileek mugitzeko aukera izateko ezinbesteko baldintza baita. Bukatzeko, lege horrek laneko esperientziari esker lortutako gaitasun profesionalak aitortzeko bidea ezarri zuen.

Ondorioz, lege honen bidez Lanbide Heziketako sistema bateratu bat ezarri nahi da, eta bizialdi osoko ikaskuntza oinarri hartuta, euskal herritarrek beren lan-bizitza osoan izango dituzten kualifikazio- eta birkualifikazio-premiak ase nahi dira, pertsonon lan-egoera dena delakoa izanik ere. Lanbide-heziketa aldi zehatz bateko prestakuntzatzat ulertzea gainditu nahi du legeak; lanean hasi aurretik jasotzen den edo laneko gorabeheraren baten ondorioz berreskuratzen den prestakuntza modua izatea alde batera utzi nahi du. Horren ordez, lanbide-heziketa kualifikazioak eskuratu eta eguneratzeko benetako eskubidetzat hartzea lortu nahi da, eta baita lan-esperientziaren bidez edo ikasteko bide ez-formalen nahiz informalen bidez eskuratutako gaitasun profesionalak aitortu eta egiaztatzea ere.

Legeak garrantzi berezia ematen dio orientazioari bizialdi osoko ikaskuntzaren markoan, jabeturik herritarrek beren bizitzan zehar gero eta trantsizio gehiago izango dituztela prestakuntzaren eta lan-munduaren artean, bai eta prestakuntzaren bidez langabeziaren eta enpleguaren artean ere.

Orientazioak eginkizun erabakigarria izan behar du pertsonek bizitzan zehar hartzen dituzten erabaki garrantzitsuetan, eta beraz, orientazioari esker, gaitasun handiagoa eskuratu behar dute eta beren proiektu profesionala seguruago kudeatzen lagundu behar die, bai eta norberaren bizitzaren eta bizitza profesionalaren artean oreka hobea lortzen ere.

Esandakoaren ondorioz, legearen hirugarren helburua da bizitza osorako orientazio-sistema bat sustatzea, eta bertan bateraturik egongo lirateke, erakunde bakoitzak dituen eskumenak errespetatuta, orientazioaren inguruko eskumenak dituzten erakundeek aurrera eramaten dituzten orientazio-jarduerak, eta enpleguaren arloko politiketan eta gizarteratzearen arloan duten eginkizuna indartu egingo litzateke.

Legearen artikuluetan zehar jasota ageri den laugarren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa osatzen duten erakundeen arteko elkarlana sustatzea, eta beste horrenbeste egitea administrazio horien eta aipagai dugun eremuan diharduten gainontzeko eragileen artean.

Beste alde batetik, bizi-itxaropenak 80 urteko adina gainditzen du Euskadin eta erretiratuta 15 urte baino gehiago bizi izango den biztanleriaren sektore handi bat dago. Hori dela eta, erretiratutako herritargoaren ikasketa-grinari eta -beharrei erantzungo dien, eta zahartze aktiborako prestatuko duen euskal ikaskuntza sistema bat bultzatzea da legearen helburuetako beste bat.

Legeak koordinaziorako esparru batzuk zehazten ditu, betiere erakunde bakoitzaren eskumenak errespetatuta, hain zuzen ere bikoiztasunak saihestu eta ahalegin guztiak ahalik eta errentagarrien bihurtzeko. Ondorioz, Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseilua sortzen da, eta aukera ematen da eremu bereko beste kontseilu batzuk sortzeko, prestakuntzaren arloko premiak zein diren detektatu, erakundeek eta eragileek –publiko zein pribatuek– dituzten eskaintzak koordinatu, eta emaitzak ebaluatzeko gune gisa; gainera, hori guztia egiteko ez da beharrezkoa erakunde berriak edo egitura egonkorrak sortzea.

Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko legeak atariko kapitulu bat eta beste lau kapitulu ditu.

Atariko kapituluan, ondorengoak zehazten dira: legearen xedea zein den, oinarrizko zein kontzeptutan oinarritzen den, zein pertsonari zuzendurik dagoen, eta bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemak oinarrizko zein ezaugarri dituen: zeintzuk diren helburuak, planak eta programak, kalitatearen bermea, berrikuntzaren aldeko ahalegina, malgutasuna eta mugikortasuna.

Lehenengo kapituluan, bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemako eragileak zein diren eta prestakuntza-eskaintza zein den zehazten da, hau da, zein diren prestakuntza eskainiko dutenak, zein eremu eta programa hartzen dituen, prestakuntza jasotzeko nahiz programa eta ekintzak aurrera eramateko zein baldintza bete beharko diren, eta lege honen bidez aitortutako prestakuntzako ekintzak nola egiaztatuko diren. Era berean, urrutiko prestakuntza sustatzea aurreikusten du, eta baita Urrutiko Heziketako Euskal Institutua (UHEI) sortzea ere.

Bigarren kapituluan, lanbide-heziketako sistema bateratuaren helburuak eta tresnak zein diren zehazten da, eta prozedura bakar bat jasotzen da lan-esperientziaren bidez eta prestakuntzako bide ez-formalen eta informalen bidez lortutako gaitasun profesionalak aitortzeko. Bukatzeko, eskaintza bateratua arautzen da, eta horretan, zentro bateratuen definizioa, eginkizunak eta autonomia zehazten dira.

Hirugarren kapituluan, bizitza osorako orientaziorako sistema bateratuaren oinarriak ezartzen dira; hau da, zein zerbitzuk osatzen duten, funtzionamendua zein printzipioren araberakoa izango den, eta zein eginkizun izango dituen. Era berean, bizialdi osoko ikaskuntzako programetan orientazioa ere sartu beharra dagoela ezartzen da, eta, horrekin batera, administrazioek zerbitzu horietan langile egokiak jarri beharko dituztela.

Bukatzeko, laugarren kapituluan, bizialdi osoko ikaskuntzako prozesuaren inguruan egongo diren ekimenak nola koordinatu zehazten da, eta Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseilua sortzea jasotzen da, bai eta, hala badagokio, eremu bereko beste kontseilu batzuk ere, sisteman parte hartzeko eta sistema koordinatu eta planifikatzeko organo izango direnak. Gai horren inguruan, legeak erakunde bakoitzaren eskumenak errespetatzen ditu, eta kontseilu horri administrazio publikoen eta erakunde pribatuen artean programak koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko lana jartzen dio.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du hezkuntza-gaietan, betiere Konstituzioaren 27. artikuluaren eta hori garatzen duten lege organikoen kalterik gabe eta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion eskumenak eta eskumen horiek betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskaritza errespetatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoak, gainera, baditu eskumenak enplegurako lanbide-heziketaren esparruan. Eskumen horiek lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko lan-legeria betearazteko funtzioak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzteko azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuan daude araututa.

Halaber, azaroaren 25eko 29/1983 Legeak HABE institutua sortu zuen, helduak alfabetatzeko eta berreuskalduntzeko eta euskaltegiak erregulatzeko erakunde gisa. Arau horrek HABEri helburutzat jarri dio erregulatzea eta bultzatzea euskararen irakaskuntza helduen arloan.

Legea idazteko orduan, parte hartzean oinarritutako metodologia jarraitu da, hain zuzen ere lege-proiektua herritarrek dituzten beharrizan berrietara egokitzeko eta hori guztia gizarteko sektore guztien aniztasuna eta integrazioa oinarri harturik egiteko.

ATARIKO KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta definizioa.

1.– Lege honen xedea da bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistema antolatzea eta arautzea, jendeak etengabeko prestakuntzan eta kualifikazioan dituen beharrei erantzun eraginkorra emateko, eta, hartara, garapen pertsonala, soziala eta profesionala sustatzeko. Horretarako, egoki diren jardunak programatu, koordinatu, gauzatu eta ebaluatzeko behar diren mekanismoak ezartzen ditu.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak, beste administrazio publiko batzuekin eta hezkuntza-, gizarte- eta ekonomia-eragileekin koordinatuta, bizialdi osoko ikaskuntza bultzatuko du, sustapen pertsonala, enplegua lortzeko gaitasuna eta kohesio soziala bermatzeko bitarteko gisa, eta baita aktibo sentitzeak eta ezagutzaren gizartean parte hartzeak dakarren gogobetetasuna ziurtatzeko.

3.– Bizialdi osoko ikaskuntzaz dihardugunean, hauxe ulertu behar dugu: pertsonek eremu formaletan, ez-formaletan eta informaletan aurrera eramandako jarduera oro, beren ezagutzak, gaitasunak eta jarrerak hobetzeko, betiere ikuspegi pertsonal, sozial eta profesionaletik begiratuta.

4.– Lege honetan esaten direnetarako, bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistematzat hartuko da aurreko paragrafoan aipatzen diren helburuak lortzeko behar bezala antolaturik dauden eremu, plan, programa, tresna eta eragileen multzoa.

2. artikulua.– Oinarrizko kontzeptuak.

Lege honetan esaten direnetarako, honako definizioak hartuko dira kontuan:

– Hasierako prestakuntza: Hezkuntza-sisteman jasotako prestakuntza, alde batera utzirik zenbat iraun duen, eskolaratzea hasten denetik amaitu arte, dela utzi egin delako irakaskuntza edo lanean hasteagatik; tartean izan daiteke unibertsitateko irakaskuntza ere.

– Gaitasuna: Ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak erabiltzeko ahalmena, testuinguru eta egoera pertsonal, profesional zein sozialetan emaitza egoki eta eraginkorra lortzeko.

– Oinarrizko gaitasunak: Pertsona gisa errealizatzeko eta garatzeko, gizartean modu aktiboan parte hartzeko edo lana lortzeko gaitasuna hobetzeko beharrezko jotzen diren gaitasunak dira.

– Lanbide-gaitasuna: Jarduera profesionala produkzioaren eta enpleguaren eskakizunen arabera betetzeko behar diren ezagutzen eta gaitasunen multzoa. Gaitasun profesionalak kualifikazio profesionalen gaitasun-unitateetan bilduta daude.

– Lanbide-kualifikazioa: Lan batean garrantzia duten lanbide-gaitasunen multzoa da, eta modulu bidezko prestakuntzaren edo beste era bateko prestakuntzaren bidez eta laneko esperientziaren bidez eskura daitezke.

– Ikaskuntza edo hezkuntza formala: titulu edo ziurtagiri ofiziala eskuratzeko den prestakuntza-prozesu egituratua.

– Ikaskuntza edo hezkuntza ez formala: titulu edo ziurtagiri ofiziala eskuratzeko ez den prestakuntza-prozesu egituratua.

– Ikaskuntza edo hezkuntza informala: egituratu gabeko prestakuntza-prozesua, familian, lanean edo aisialdian egiten diren eguneroko jardueren ondoriozkoa.

– Urrutiko prestakuntza: bertaratu gabe edo noizean behin bertaratuz jasotzen den irakaskuntza, prestakuntza-jarduera batik bat bitarteko telematikoen bidez gauzatzen duena.

– Unitatea edo gaitasun elementua: egiazta daitekeen unitate partzial eta metagarri txikiena, baliozkotzeak edo salbuespenak egiteko lanbide-heziketako tituluen, lanbide- edo prestakuntza moduluen, profesionaltasun-tituluen edo unibertsitate-irakaskuntzako kredituen artean, Kredituen Transferentziarako Europako Sistemaren esparruan.

– Ikaskuntza-proiektua: pertsonek berek gaitasunak eskuratzeko, eguneratzeko, osatzeko eta handitzeko eraikitako proiektua, hezkuntza-sistemaren barruko eta kanpoko orientazio-zerbitzuen laguntzarekin prestatua.

3. artikulua.– Hartzaileak.

1.– Bizialdi osoko ikaskuntzako sistemaren plan eta programen hartzaileak hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direlarik, hasierako prestakuntzaren ondoren ikaskuntza-jarduera bati heltzen dioten, edo garapen pertsonal edo sozialerako edo lanbide-kualifikazioa hobetu eta eguneratzeko ibilbideak egiten ari diren pertsona guztiak.

2.– Lehentasuna emango zaie kualifikazio txikiena duten edo gizartean edo lanean baztertuta egoteko arriskua duten pertsonei, bai eta hezkuntza-behar bereziak dituzten pertsonei.

4. artikulua.– Helburuak.

1.– Bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemak honako helburu hauek ditu:

a) Euskal herritar guztiei bermatzea aukera izango dutela, berdintasunez, bizialdi osoan ikasteko eta garapen pertsonalerako eta gizarteratzeko beharrezkoak diren oinarrizko gaitasunak eskuratzeko.

b) Euskal herritarren ezagutzak eguneratu eta gaitasun profesionalak hobetu daitezen bultzatzea, horixe baita herritarrek enpleagarritasun eta ongizate sozial eta ekonomiko handiagoa izateko bermerik hoberena.

c) Bizialdi osoko ikaskuntzaren kultura sendoa sustatzea, etengabe ikasteak duen garrantziaren berri eman eta pertsonak motibatuta, beren prestakuntza-ibilbideak premia eta interes pertsonalen arabera egokitzeko.

d) Pertsona nagusientzako ikaskuntza-eskaintza global bat eskaintzea, dituzten ezagutzak landu eta zabaldu nahi badituzte.

2.– Horretarako, Eusko Jaurlaritzak hartu beharreko neurriak hartuko ditu, ondorengoak lortzeko:

a) Herritar guztiek beren bizialdi osoko ikaskuntza-ibilbideak egin ditzaten sustatzea, hezkuntza sistemaren barruan eta kanpoan eskuratutako heziketaren arabera, gaitasunak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaltzeko asmoz eta, horrela, garapen pertsonal, sozial eta profesionala areagotzeko.

b) Erraztasunak ematea ikasketak goiz utzi zituzten gazte zein helduei ikasketei berriz ekiteko eta osatzeko, bai eta helduei ere ikasten jarraitu ahal izateko.

c) Ikaskuntza-ibilbide malguak bultzatzea, ikasketa-maila desberdinen arteko loturak hobetzeko, maila batzuetatik besteetara eta prestakuntzatik lanera pasatzea errazteko, eta premia eta interes pertsonalen araberako prestakuntza-ibilbideak egitea errazteko.

d) Lan-esperientziaren eta bide ez-formal zein informalen bitartez ikasitakoa aitortzea sustatzea.

e) Kualifikazio-eskariei eta bizialdi osoko ikaskuntzako aukerei buruzko informazio- eta orientazio-zerbitzuetarako bidea erraztea eta bermatzea.

f) Aisialdi aktiboa sustatzea eta pertsonek kulturaren arloko ezagutzak izateko duten gogoa asetzea.

g) Belaunaldi askotako kideak elkartzeko guneak eta arloak sortzea, metatutako kapital pertsonal eta sozial hori elkarrekin baliatu ahal izateko.

h) Hezkuntzaren kalitatea eta bikaintasuna hobetzea, ikaskuntza eraginkorragoa eta baliabideen erabilera efizienteagoa izan dadin, eta pertsona bakoitzak ikasteko dituen trebetasunak erabat gara ditzan.

i) Bizialdi osoko ikaskuntzaren esparruan lanean diharduten administrazio publikoen eta erakunde pribatuen prestakuntza- eta orientazio-jardunak koordinatzea, ikaskuntzako ibilbide koherenteak eta haietarako irispidea bermatuz.

j) Irakaskuntza-modalitate ez-presentzialak erabiltzen dituzten irakaskuntzak indartzea, antolatzea eta eguneratzea, ikaskuntza lan- edo familia-bizitzarekin uztartu behar dutenentzat baliabide erakargarriak izan daitezen.

k) Bizialdi osoko ikaskuntzan barne-mugikortasuna bultzatzea, EAEko prestakuntza-eskaintzaren barruan, eta kanpo-mugikortasuna, batez ere Europako hezkuntza-esparruan.

l) Bizialdi osoko ikaskuntzako sistema behar adina baliabide hornitzea eratzeko eta gauzatzeko.

5. artikulua.– Plan eta programen ezaugarriak.

Bizialdi osoko ikaskuntzako sistemaren plan eta programek bermatuko dute ezen jardueren eskaintza, ahal den neurrian, bi hizkuntza ofizialetan izatea, prestakuntza-eskaintza behar bezala emateko herritarrek aukeratutako hizkuntzan. Gainera, jarduera horiek ezaugarriok izango dituzte:

1.– Ikaskuntza-metodo aktiboak bultzatzea, autonomia pertsonala sustatzeko, ikasten ikasteko gaitasuna garatzeko eta erabiltzaileek beren ikaskuntza-ibilbidea taxutzen parte har dezaten bultzatzeko, orientaziorako sistema bateratuko zerbitzu desberdinetako orientatzaileen laguntzaz.

2.– Ikaskuntza-jarduerak ikaskuntzan dauden aukeren bidez ematea: aurrez aurre egonda edo urrutitik.

3.– Prestakuntza-eskaintza eta gaitasunak eskuratu eta garatzeko prozesuen eskaintza gizartearen eskakizunen eta ingurune produktiboaren arabera egokitzea, prestakuntza-ekukiak etengabe eguneratuta.

4.– Bide ematea lan-esperientziaren bidez eta ikaskuntza-bide ez-formal edo informalen bitartez lortutako ezagutzak kapitalizatzeko.

5.– Hezkidetzako helburuak barne hartzea, eta gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna sustatzea.

6.– Bazterkeria jasateko arriskua duten edo hezkuntzako beharrizan bereziak dituzten pertsonei, bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemarako irispidea erraztea eta modu egokian erantzutea.

7.– Orientazioa, generoaren ondoriozko baldintzatzerik gabe, pertsonei laguntzeko oinarrizko osagai gisa sartzea, pertsonon proiektu pertsonalak mamitu eta gauzatzeko orduan.

8.– Prestakuntzan, orientazioan eta sistemaren koordinazioan esku hartuko duten eragileen gaikuntza sustatzea, eta horrekin batera, prestakuntza hori produkzio-sistemaren bilakaerari eta herritarrek dituzten ikaskuntza-premiei egokitzea.

9.– Sisteman diharduten administrazioen eta eragileen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatzea.

10.– Diagnostiko- eta prospekzio-azterlanak egitea, etengabe eguneratzeko prestakuntza-edukiak eta prestakuntzako eragileen ezaugarriak eta gaitasunak.

11.– Prestakuntzako eragileen ezaugarriak planifikatu, ezarri eta eguneratzea, bereziki gaitasun linguistiko, digital eta sozialei dagokienez.

12.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Sistemaren prestakuntza-jardueren kurrikuluma garatzea, kaltetu gabe horregatik unibertsitateari esleitutako eskumenak.

13.– Irakaskuntzen jasotzaile diren pertsonen arabera, hirugarren hizkuntza batean ere garatzea eduki-eskaintza nahiko bat.

6. artikulua.– Kalitate-bermea.

1.– Kalitatea bizialdi osoko ikaskuntzako sistemaren planen eta programen multzoaren oinarrizko printzipioa da, eta ikaskuntzaren emaitzak, ematen diren zerbitzuen eraginkortasuna eta efizientzia, eta hartzaileen eta beste interes-taldeen gogobetetasuna hobetzera zuzenduta egongo da.

2.– Eusko Jaurlaritzak bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sisteman kalitatearen kultura indartzea suspertuko du, barne- eta kanpo-ebaluazioko prozesuen bidez, bai eta emaitzak eta errendimendua hobetzeko prozesuen bidez, eta orobat kalitatea bermatzeko esparruaren Estatuko eta Europako sarean parte hartuz.

3.– Lanbide-heziketako eta bizialdi osoko ikaskuntzako euskal kontseiluek, bakoitzak bere esparruaren barruan, Euskadiko bizialdi osoko ikaskuntzako programen kalitatea bermatzeko marko bat onartu, eta betetzen den ebaluatuko dute.

4.– Prestakuntza-eskaintzen malgutasuna, barietatea eta kalitatea bermatzea, eta, zehatzago, funts publikoen bidez finantzatutako prestakuntza-programa eta -edukien, eta prestakuntzaren hornitzaile diren eragileen kalitatea.

7. artikulua.– Berrikuntza.

Eusko Jaurlaritzak eta bizialdi osoko ikaskuntzako sistemaren eragile guztiek berrikuntza- eta ikerketa-proiektuak bultzatuko ditu bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren eremuan, eta emaitzak plan eta programak garatzeko baliatuko ditu. Lehentasuna emango zaie honako gai hauek lantzen dituzten proiektuei:

1.– Sistemaren premiak eta baliabideak, eta sistema behatu eta koordinatzeko tresnak.

2.– Gazte eta helduen gaitasunei buruz gizarteak eta produkzio-sistemak eskatzen dutenaren bilakaera.

3.– Eremu honetan ari diren giza kapitalaren prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa.

4.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eremu honetan duten aplikazioa.

5.– Bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako ikerketa-ildo eta -taldeen sustapena.

8. artikulua.– Sistemaren malgutasuna eta loturak.

1.– Ikaskuntzako ibilbideak eta ikaskuntzako ekintzak garatu ahal izatea eta prestakuntzatik lan mundura jauzi egitea errazteko, Eusko Jaurlaritzak bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren programek modulu bidezko egitura izatea sustatuko du, eta horrekin batera, hezkuntza-sistemaren nahiz lan-munduaren bizialdi osoko ikaskuntzaren euskal sistemako programa ez-formalen eta informalen artean loturak egotea bultzatuko du, dagokion erregelamendu garapenaren bitartez.

2.– Hezkuntzako eta enplegu-prestakuntzako eskumenak dituzten sailek laneko esperientziaren bidez nahiz ikaste-prozesu ez formal eta informalen bitartez ikasitakoak aitor daitezela zehaztuko eta sustatuko dute, aitortza horren bidez lanbide-heziketako tituluak eta egiaztagiriak eskuratu ahal izateko eta, beharrezkoa balitz, unibertsitatez kanpoko ikasketetan, unibertsitatekoetan eta lanbide-heziketakoetan hasi ahal izateko.

3.– Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan eta unibertsitateko irakaskuntzan sartzen laguntzeko ikaskuntza-ibilbide eta ikaskuntza-ekintzak antola daitezen sustatuko du.

4.– Unibertsitateko ikasketak, tituluak eta diplomak baliozkotzea unibertsitateen eginkizuna da. Salbuesteen eta baliozkotzeen arloan indarrean den legeriaz bat, hezkuntza- eta enplegu-gaietan eskumena duten sailek, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateekin batera, bakoitzak bere eskumenen barruan diharduela, unibertsitate-irakaskuntzako ECTS kredituen eta goi-mailako lanbide-heziketako moduluen arteko baliozkotze eta salbuesteak ezarriko dituzte. Halaber, baliozkotze eta salbuespenak finkatuko dituzte unibertsitate-ikasketak egin eta lanbide-heziketako tituluak edo profesionaltasun-ziurtagiriak lortu nahi dituztenentzat.

5.– Orientazio-sistema bateratua osatzen duten zerbitzuek informazioa eta aholkua emango diete pertsonei, lotura horiek kontuan har ditzaten beren trantsizioetan eta proiektu pertsonaletan.

9. artikulua.– Mugikortasuna eta lankidetza.

1.– Eusko Jaurlaritzak ahalegina egingo du ikasle, irakasle eta langile guztiei mugitzeko erraztasunak ematen, bai ikastera beste norabait joatekotan badira, bai beste herrialde batzuetako erakunde, ikastetxe edo lan-zentroekin elkarlanean aritzekoak badira.

2.– Eusko Jaurlaritzak ahalegina egingo du mugikortasun-proiektuak bultzatzeko, eta elkarlanerako hitzarmenak sortuko ditu Europako gobernuekin eta hezkuntza nahiz prestakuntzako arloan eskumenak dituzten bestelako organismo eta erakundeekin.

3.– Eusko Jaurlaritzak ahalegina egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateek beste herrialde batzuetako unibertsitateekin elkarlanerako akordioak sina ditzaten; hala, ikasleak, irakasleak zein ikertzaileak errazago mugituko dira.

4.– Mugikortasun-proiektuen xedea da prestakuntza hobea eta enplegua lortzeko aukera hobeak ematea ikasleei, aukera izan dezaten ikastera beste autonomia-erkidegoren batera joateko edo beste herrialderen batera joateko. Kanpoko ikasketa-egonaldi horietan honako helburuak bete nahi dira:

a) Prestakuntza hobetzea, prestakuntzako eta ekoizpeneko beste erakunde eta egitura batzuekin harremanak izatearen bitartez.

b) Norberaren gaitasunak eta gaitasun profesionalak beste edozein inguru soziokulturaletan edo ekoizpeneko inguruetan ere aplikatzea.

c) Hizkuntza-gaitasunak eta kulturen arteko komunikazioa hobetzea.

5.– Beste herrialde batzuetako erakunde, ikasketa-zentro edo lan-zentroekin elkarlanean aritzeak helburu hauek betetzen ditu:

a) Irakaskuntza eta ikaskuntzako prozesuen kalitatea eta berrikuntza bultzatzen ditu, berrikuntza pedagogiko, teknologiko edo kudeaketakoak elkarrekin trukatzeko aukera ematen delako hala.

b) Ikasle, irakasle nahiz prestakuntza-zentroei bilguneak uzten dizkie elkarrekin trukean aritzeko, eta aukera ematen zaie hezkuntzarekin eta prestakuntzarekin lotutako bestelako egituretara joateko, sistemak nazioartean zabaltzeko helburuz.

c) Aukera ematen dute trukerako sare nazional eta internazionaletan parte hartzeko eta lan egiteko.

d) Europako eta nazioarteko ikerketa-sare kooperatiboetan parte hartzea sustatzen du.

I. KAPITULUA
BIZIALDI OSOKO IKASKUNTZAKO EUSKAL SISTEMAREN TRESNAK
1. SEKZIOA
ERAGILEAK, EREMUAK ETA PROGRAMAK

10. artikulua.– Bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren eragileak.

1.– Bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren eragileak hauek dira: garatzen diren plan eta programen markoan diharduten entitateak, direla publikoak edo pribatuak. HABE, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoa dena, izango da organo eskuduna bete beharreko baldintzak ezarriko dituena euskarako ezagupenak eskuratzeko eremuan garatu beharreko jarduerei dagokienez, kaltetu gabe horregatik gaia dela-eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei esleitzen zaizkien eskumenak.

2.– Lege honen xedeak gauzatuko direla ziurtatzeko, Eusko Jaurlaritzak, tartean diren toki-administrazio eta gainerako organismo guztiekin batera, ahalegina egingo du 12. artikuluan zehaztutako lehentasuneko programak eskaintzen dituzten zentro eta entitate publikoek elkarrekin lan egin dezaten, sare batean. Eskualdez eskualde koordinatu beharko dute eskaintzen dutena, erabiltzeko dauden baliabide publikoak behar bezala erabiliz.

3.– Euskal Herriko unibertsitateek ahalegina egingo dute bizialdi osoko ikaskuntzari bultzada emateko, unibertsitateari atxikitako edo bertan integratutako zentroetan horretarako jarduerak eginez.

11. artikulua.– Esparruak.

Lege honetan ezarritako helburuak lortu aldera, honako esparru hauetan garatu ditzakete beren jarduketak bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemako eragileek:

1.– Oinarrizko gaitasunak eskuratzea eta garatzea.

2.– Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemako titulazioak lortzea.

3.– Lanbiderako kualifikazioak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea.

4.– Goi-mailako ikasketetako titulazioak eskuratzea.

5.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzen gaitasunak eskuratzea.

6.– Euskadiko hizkuntza ofizialetan eta beste batzuetan gaitasunak eskuratzea.

7.– Ikaskuntza ez-formala garapen pertsonal eta sozialerako, eta kultura-aberastasuna.

12. artikulua.– Programak.

1.– Bizialdi osoko ikaskuntzako programak herritar batzuentzako eta inguruko produktibo baterako direnez bereziki, haien premien eta egoeraren arabera egokitu behar dira programok. Aurrez aurreko eskolen bidez edo urrutitik landu daitezke.

Programa horien zehaztapenetan, gutxienez, informazioa jasoko da eragileei buruz, prestatzaileen titulazioari eta esperientziari buruz, jasotzaileei buruz, aurreikusitako jarduketa nagusiei buruz eta edukien programazioari buruz –ezarritako helburu eta baldintzekin eta beraien tenporalitatearekin bat etorriz–, bai eta ezartzen den ebaluazioarekin eta kalitatea bermatzeko markoarekin lotutako beste alderdi batzuei buruz ere.

2.– Finantziazio publikoa eskuratzeko, honako programa hauek daukate lehentasuna:

a) Oinarrizko gaitasunak eta oinarrizko hezkuntzari dagokion titulu akademikoa lortzeko programak.

b) Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako tituluak eta lan-sistemako profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko programak.

c) Lanbide-heziketako eskaintzara iristeko prestaketa-programak.

d) Unibertsitateko irakaskuntzara iristeko prestaketa-programak.

e) Lanbide-kualifikazioak eta birkualifikazioak emateko programak.

f) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzen oinarrizko gaitasuna emateko programak.

g) EAEko hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntza batzuetan gaitasuna izatea sustatzeko programak; bereziki, helduentzako alfabetatze- eta euskalduntze-programak.

3.– Bizialdi osoko ikaskuntzak bere baitan hartzen du hasierakoa ez den unibertsitate-prestakuntza ere, barruan sartuta prestakuntza arautua eta etengabea: titulu propioak, espezializazio-diplomak, aditu- edo espezialista-tituluak, unibertsitate-hedakuntzako kurtsoak eta beste titulu eta ziurtagiri batzuk.

4.– Lehentasunezko programa horiez gain, beste programa batzuk ere landuko ditu, lagungarri izateko pertsonen garapenerako, beraien espezializazio eta eguneratze teknologiko eta profesionalerako, beraien prestakuntza kultural, zientifiko eta humanistikorako, pertsona nagusien prestakuntzarako eta aisialdi aktiboaren sustapenerako, eta orobat interes komunitarioko jarduera programatuetan parte-hartze soziala eta hiritarra faboratzeko.

5.– Bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemak programa global eta espezifiko bat izango du bere baitan pertsona nagusien ikaskuntza eta sustapen aktiborako. Programa horrek pertsona hauei zuzendutako unibertsitate-hedapeneko ikastaroak izango ditu bere baitan.

Erakunde eskudunek eskaintza bariatu eta malgu bat sustatuko dute, herritargoaren sektore honen ezaugarriei eta ikaskuntza beharrei egokituko dena.

13. artikulua.– Ikaskuntza-programetan sartzeko baldintzak.

1.– Bizialdi osoko ikaskuntzako programek baldintzak jarri ahal izango dituzte programa horietan sartzeko. Programak behar bezala lantzeko beharrezko jakintzak badituztela ziurtatzeko izango dira baldintza horiek.

2.– Diploma edo titulu propioak eskuratzeko prestakuntza- eta ikaskuntza-eskaintzara sartu ahal izateko baldintzak unibertsitateek berek ezarriko dituzte.

14. artikulua.– Prestakuntzako programak eta ekintzak lantzeko baldintzak.

1.– Prestakuntzako eta ikaskuntzako programak edo ekintzak bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemako eragileek garatu ahal izango dituzte, baldin eta programa horietako bakoitzerako ezarri diren baldintzak (langileak, lekuak, ekipamenduak eta baliabideak) behar bezala betetzen badituzte, kalitatezko eskaintza bat bermatzeko helburuaz.

2.– Ikasketaren bat egitera iristeko programak edo unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemako tituluak eskuratzeko programak, hezkuntzako administrazioak behar bezala baimendutako zentroetan emango dira.

3.– Erkidegoko hizkuntza ofizialen gaitzea bultzatzeko programak hartarako baimendutako eta homologatutako instituzio, zentro edo erakundeek emango dituzte.

4.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko programak eman ahal izango dituzte: erreferentzia nazionaleko ikastetxeek, lanbide-heziketako ikastegi bateratuek eta Lanbidek akreditatutako ikastetxe edo prestakuntza-erakunde publiko eta pribatuek.

5.– Lanbide-heziketako tituluak edo ziurtagiri profesionaletako tituluak eskuratzeko prestakuntza- eta ikaskuntza-ekintzak ematen dituzten zentroek, titulu edo ziurtagiri horiek arautzen dituzten arauetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte.

6.– Gainontzeko programetarako, eskumena duten administrazioek erregelamendu bidez ezarriko dute zein baldintza bete beharko duten ikastetxeek edo prestakuntza-erakundeek eta irakasleek edo prestatzaileek, lege honetan aurkeztutako programen ezaugarriak eta helburuak betetzeko.

15. artikulua.– Egiaztapena eta aitorpena.

1.– Eusko Jaurlaritzak eta unibertsitateek bakoitzak berari dagozkion titulu eta ziurtagiriak emango dituzte.

2.– Eusko Jaurlaritzan hezkuntzan eta enplegurako prestakuntzan eskumena duten sailei edo, kasuan kasu, unibertsitateei dagokie lan-esperientziaren bidez edo ikaskuntza-prozesu ez-formalen nahiz informalen bidez lortutako lanbide-gaitasunak ebaluatzea, egiaztatzea eta aitortzea. Unibertsitateek, berriz, gaitasun-unitateen bitartez objektibatu beharko dituzte gaitasunak.

3.– Eusko Jaurlaritzak eskumena dauka lege honen baitan sortutako prestakuntza egiaztatze aldera diplomak eta ziurtagiriak sortzeko, baldin eta hezkuntzako titulazioetan edo lan-ziurtagirietan jasota ez badaude.

2. ATALA
URRUTIKO PRESTAKUNTZA

16. artikulua.– Urrutiko ikaskuntza.

1.– Eusko Jaurlaritzak, batez ere informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez, urrutiko hezkuntzako eskaintza zabala, eguneratua eta kalitatezkoa bultzatuko du, bai euskaraz bai gaztelaniaz.

2.– Eskaintza horren barruan hainbat motatako irakaskuntza, euskarri eta eduki sartuko dira, esparru formalekoak eta esparru ez-formalekoak, eta, baliabide eta modu didaktiko egokiak erabiliz, helduen etengabeko prestakuntza- eta birkualifikazio-premiei erantzutera zuzenduko da lehentasunez, eta jasoko du pertsona nagusiek beren garapen pertsonalerako duten interesa ere.

3.– Eusko Jaurlaritzak urrutiko hezkuntzako material didaktiko zehatz eta egokituen garapena bultzatuko du, Autonomia Erkidegoko errealitate sozioekonomikoak, kulturalak eta linguistikoak eskatzen dituen ikaskuntza-beharrizanei (edo gaitasunak eskuratu eta garatzeko beharrizanei) erantzuteko.

4.– Euskadiko unibertsitateek zehaztuko dituzte, beren autonomia erabiliz, eskaintzen dituzten programen baldintzak; eta urrutiko ikaskuntzarako modalitate zabal, eguneratu eta kalitatezkoa bultzatuko dute eremu birtualaren bidez eta informazio- eta komunikazio-teknologien bidez.

17. artikulua.– Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua sortzea.

1.– Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua (UHEI) sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan unibertsitateaz kanpoko eta lanbide-heziketako urrutiko hezkuntzaz arduratuko den zentro publiko bakarra izateko.

UHEIk irakaskuntzako arlo hauetan egingo du lan:

a) Oinarrizko hezkuntzan eta batxilergoan, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak ezartzen dituen baldintzen arabera; Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako eta beste hizkuntza batzuetan gaikuntzan, euskarari dagokionez gaian eskuduna den HABE erakundeak ezarritako baldintzetan.

b) Lanbide-heziketako tituluei eta profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien irakaskuntzetan, hezkuntza- eta enplegu-gaietan eskumena duten sailek ezarritako baldintzen arabera.

c) Erkidegoko hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntza batzuetan gaitzeko ikasketetan.

d) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergo eta Lanbide Heziketako graduatu-tituluak lortzeko probetarako pertsona nagusiak prestatzeko kurtsoetan.

e) Helduak prestakuntza-zikloetara edo unibertsitatera iristeko prestaketa-ikastaroetan.

f) Aurreko 12. artikuluan jasotako prestakuntza-programetatik, Eusko Jaurlaritzaren iritziz UHEI bidez emateko modukoak direnetan.

2.– Urrutiko prestakuntza-programetan, irakaskuntza-ikaskuntzako eta ebaluazioko jarduerak aurrez aurre egin beharra ezarriko da beharbada, eta horretarako sare bat edukiko du UHEIk, zentro laguntzaile publiko nahiz pribatuez osatutakoa, zeinek urrutiko moduluak eskaini ahal izango baitituzte hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak ezarritako baldintzetan.

3.– Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak arautuko du gaur egun urrutiko irakaskuntza ematen duten ikastetxeetatik zein eta zer-nola sartuko diren Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan.

18. artikulua.– Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren autonomia.

1.– Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua autonomoa izango da nola antolatu eta zer-nolako pedagogia eta kudeaketa eramango duen erabakitzeko, bere eskaintza jasotzekoak diren ikasleen premietara ahalik ondoen egokitzeko moduan, Eusko Jaurlaritzak adierazitakoaren arabera. Gainera, hezkuntza-arloko zein gizarte-arloko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritu ahal izango da, ikertzeko, hezkuntza-materiala prestatzeko eta material horren hedapena proposatzeko, eta urrutiko hezkuntzaren bidez egokienak izan daitezkeen hezkuntza-erantzunak esperimentatu eta ebaluatzeko.

2.– Hezkuntza gaietan eskumena duen sailak arautuko du Urrutiko Hezkuntzarako Euskal Institutuaren antolaketa eta funtzionamendua, irakasleen dedikazio-araubidea, eta gobernu-organoak eta irakaskuntza koordinatzeko organoak, zentro honen berezitasun eta ezaugarri zehatzetara egokituz. Halaber, berak ezarriko ditu ikasleak hartzeko arauak eta prozedurak, lehentasuna emanez bakoitzaren ibilbide pertsonalari eta profesionalari, eta aukera emanez ikasteaz gain beste ekintza eta ardura batzuetan jarduteko.

19. artikulua.– Zentro kolaboratzaileak.

1.– Aurreko 12. artikuluan ezarritako lehentasunezko programak eskaintzen dituzten bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemako eragileek badute aukera Urrutiko Hezkuntzarako Euskal Institutuaren zentro kolaboratzaile izateko.

2.– Honako baldintza hauek bete behar dituzte zentroek, urrutiko lanbide-heziketako tituluak edo ziurtagiriak ematen dituzten programetako kolaboratzaile izateko:

a) Kasuan kasuko lanbide-heziketako tituluetan edo lanbide-ziurtagirietan ezarritako baldintzak betetzea.

b) Lanbide-heziketako tituluak modu presentzialean emateko baimena edukitzea, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak emanda, edo hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak akreditatuta egotea lanbide-ziurtagiriak modu presentzialean emateko.

c) Hezkuntzaren eta enpleguaren gaineko eskumenak dituzten sailek, elkar hartuta, zentro kolaboratzaile izendatzea.

II. KAPITULUA
LANBIDE HEZIKETAKO EUSKAL SISTEMA BATERATUA
1. ATALA
LANBIDE HEZIKETAKO SISTEMA BATERATUAREN HELBURUAK ETA ANTOLAKETA

20. artikulua.– Definizioa.

Lanbide-heziketako sistema bateratua da, izan, dena delako lanbidea behar bezala betetzeko kualifikazioa eskuratzeko, enpleguan sartzeko eta gizartean, kulturan eta ekonomian parte aktibo izateko gaitzen duten prestakuntza- eta ikaskuntza-ekintzek osatzen duten multzoa. Horren barruan sartzen dira hasierako lanbide-heziketako ikasketak, lanean hasteko edo lanera itzultzeko ekintzak, enpresetan prestakuntza etengabea lantzeko ekintzak, lanbiderako gaitasunak hartzeko eta hartutakoak eguneratzeko helburuarekin.

21. artikulua.– Helburuak.

1.– Lanbide-heziketako sistema bateratua bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren osagaietako bat da, eta ondoko helburuak ditu:

a) Jarduera profesionalak garatzeko gaitasuna ematea: batetik, sustapen profesionaleko itxaropen pertsonalak ase ahal izateko eta, bestetik, produkzio-sistemaren prestakuntza-beharrizanei erantzuteko.

b) Lanbide-kualifikazioa ofizialki ebaluatzea eta egiaztatzea, erreferentziatzat Lanbide Kualifikazioen Katalogoa hartuta, ikaskuntza nola egin den kontuan izan gabe.

2.– Horretarako, Eusko Jaurlaritzak hartu beharreko neurriak hartuko ditu, ondorengoak lortzeko helburuz:

a) Kalitatezkoa, eguneratua eta jasotzaileei egokitua izango den prestakuntza-eskaintza sustatzea.

b) Gaitasunak eskuratu eta garatzeko ikaskuntza-eskaintza malgutzea, urrutiko lanbide-heziketako eskaintza zabala eginez.

c) Lanbide-heziketako eskaintza bateratua egitea –hasierako lanbide-heziketarena zein enplegurako prestakuntzarena–, titularitate publikoko edo pribatuko ikastetxe-sare zabal baten bidez.

d) Ikasle, langile eta langabetuei orientazioa ematea, emakume edo gizon diren begiratu gabe, bakoitzaren interes eta gaitasunen araberako ibilbide pertsonalak eta profesionalak definitzeko eta lortzeko.

e) Ekintzailetza-gaitasuna garatzen duten programak sartzea prestakuntza-eskaintzan.

f) Administrazio publikoen eta enpresen eta gizarte-eragileen arteko lankidetza indartzea prestakuntza-eskaintzak planifikatzean, diseinatzean eta gauzatzean.

g) Hasierako lanbide-heziketako ekintzak eta enplegurako prestatzeko ekintzak koordinatzea, baliabide publiko zein pribatuak behar bezala erabiltzeko.

22. artikulua.– Tresnak.

Lanbide-heziketako sistema bateratua honako tresna hauek osatzen dute:

a) Lanbide Kualifikazioen Katalogoak.

b) Lanbide-kualifikazioak aitortu, ebaluatu, egiaztatu eta erregistratzeko sistemak.

c) Lanbide-heziketako zentroen sareak.

d) Lanbide-heziketaren eta enpleguaren arloan informazioa eta orientazioa emateko zerbitzuen sareak.

e) Lanbide-heziketaren kalitatea bermatzeko markoak.

23. artikulua.– Arauketa eta koordinazioa.

1.– Eusko Jaurlaritzari dagokio, gizarteko eragileekin eta bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemako eragileekin batera, lanbide-heziketako sistema bateratuari bultzada ematea, arautzea eta koordinatzea. Eginbehar hori garatzeko, Lanbide Heziketako Sistema Bateratua Garatzeko Sailarteko Batzordea erabiliko du.

2.– Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokia eta Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutua dira Lanbide Heziketako Sistema Bateratua Garatzeko Sailarteko Batzordeari laguntzeko organo teknikoak (bakoitza bere zereginetan, sorrerako dekretuan bati eta besteari ezarritakoaren arabera), lanbideen eta lanpostuen jarraipena egiteko, indarra hartzen ari diren lanbideak identifikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan zein kualifikazioren premia dagoen hautemateko, eta lanbide-heziketako modulukako katalogoa prestatu eta eguneratuta edukitzeko.

3.– Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua da kontsultetarako eta parte hartzeko organoa administrazio publikoentzat, eragile sozialentzat eta lanbide-heziketako ikastetxeentzat; Eusko Jaurlaritzari ere berak emango dio aholku lanbide-heziketaren inguruan, bazter utzi gabe Euskadiko Eskola Kontseiluak eta Lanbideren Administrazio Kontseiluak horretarako dauzkaten eskumenak.

24. artikulua.– Prestakuntza eta ikaskuntzako eskaintza.

1.– Gaitasunak eskuratu eta garatzeko ikaskuntza-eskaintzak egitura modularra, malgua eta kalitate onekoa izango du, herritarren eskarietara, produkzio-sistemaren beharrizanetara eta bi horien bilakaerara egokitutakoa.

2.– Gaitasunak eskuratu eta garatzeko ikaskuntzan zer eskainiko den, Lanbide Kualifikazioen Katalogoaren arabera erabakiko da, nagusiki.

3.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio lanbide-heziketako titulazioak lortzeko ikaskuntza-eskaintza bateratuko ekintzak antolatzea.

4.– Lanbide-ziurtagiriak ateratzeko eskaintza bateratuko ikaskuntza nola antolatu, eta enplegua lortzeko prestakuntzako beste programa batzuk nola antolatu, hori enplegu-prestakuntzako gaietan eskumena daukan sailak erabakiko du.

5.– Hezkuntzan eta enplegu-prestakuntzan eskumena daukaten sailek zehaztuko dute lanbide heziketan zer prestakuntza emango den, Lanbide Heziketako Euskal Plana kontuan hartuta eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak nahiz Lanbidek ezarritako irizpideak jarraituz.

25. artikulua.– Onarpen-irizpideak.

1.– Hezkuntzan eta enplegu-prestakuntzan eskumena duten sailek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, lanbide-heziketako eskaintza bateratuko ikastaroetako onarpen-irizpideak arautuko dituzte.

2.– Titulu akademikoak eta lan-arloko tituluak lortzeko programetan ikasleak onartzeko irizpideen kasuan, urrutiko ikasketei dagokienez, berariazko arauak aplikatuko dira, ikasketa horiek dituzten ezaugarrien arabera. Eskumena duten sailek arautuko dituzte onarpen-irizpideak, prestakuntzako ibilbide pertsonal eta profesionalei lehentasuna emanez.

26. artikulua.– Prestakuntza egiaztatzea, aitortzea eta baliozkotzea.

1.– Enplegu-prestakuntzako gaietan eskumena duen sailak dagokion profesionaltasun-ziurtagiria emango die profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten gaitasun-unitateei lotutako lanbide-modulu guztiak gainditu direla egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoa lortu dutenei.

2.– Hezkuntza gaietan eskumena daukan sailak aitortuko ditu enplegu-prestakuntzan eskumena daukan sailak egiaztatutako gaitasun-unitateak gainditu izana, lanbide-ziurtagiria edo egiaztagiri partzial metagarria emanez. Gaitasun-unitate horiek bakoitzari dagokion lanbide-moduluen bidez baliozkotuko dira, lanbide-heziketako titulu bakoitza arautzen duen araudiaren arabera.

27. artikulua.– Enpresen eta enpresa-erakundeen lankidetza.

1.– Lanbide-heziketako sistema bateratua garatzeko, beharrezkoa da, eta halaxe sustatuko da, administrazio publikoek eragile sozialekin lankidetza eta partaidetza izatea, batez ere ordezkaritza handiena duten antolakundeekin; orobat enpresa, profesional, unibertsitate eta lanbide-heziketako zentroekin ere, batez ere gorabideko, hazkundeko edo berrikuntzako sektoreei dagokienez. Enpresek banaka edo taldean –ordezkatzen dituzten antolakundeen bidez– parte hartu ahal izango dute.

2.– Lankidetza horrek honako helburuetakoren bat izango du:

a) Lantokietan prestakuntza arautua jasotzea, egonaldien bidez.

b) Lanbide-heziketako tituluetan edo profesionaltasun-ziurtagirietan sartzen diren lanbide moduluak ematea enpresen instalazioetan bertan.

c) Produkzio-sistemako profesional gaituek prestakuntza-sisteman edo irakasleak prestatzeko programetan parte hartzea.

d) Enpresek ikastetxeetako instalazioak eta ekipamendua erabiltzea, irakaskuntza- eta prestakuntza-jardueretan trabarik egiten ez badute.

e) Langileen eta irakasleen eguneratze profesionala, irakasleek egonaldiak eginez enpresetan.

f) Enpresetan egindako prestakuntza-ekintzak baliozkotzea, hezkuntza- eta lan-arloko administrazioek araututako eran, enpresetako langileek lanbide-heziketako titulua edo profesionaltasun-ziurtagiria eskuratu ahal izateko.

g) Prestakuntza-premiak diagnostikatzea.

h) Berrikuntza-proiektuak elkarrekin garatzea.

3.– Lankidetza hori hitzarmenen bidez edo administrazioek beren eskumenen barruan zehaztutako beste formula batzuen bidez formalizatuko da.

4.– Lanbide-heziketako ikastetxeek, enpresekin, ekonomia sozialeko eragileekin eta eragile sozialekin batera, batez ere ordezkaritza handiena duten organizazioekin batera, proiektu estrategiko komunak bultzatzeko aukera izango dute, ekimen pribatuaren bidez finantzatuko direnak osorik edo partez.

Eusko Jaurlaritzak baimendu eta, hala badagokio, finantzatuko ditu proiektu horiek, baldin eta berritzaileak badira, ingurumena errespetatzen badute, ekintzailetza bultzatzen badute eta beste arrazoi estrategiko batzuk kontuan hartuta, eta proiektuen exekuzioaren jarraipena ere egingo du.

28. artikulua.– Irakaskuntzarako instalazioak eta ekipamenduak.

Lanbide-heziketako zentro publikoetarako instalazioak eta ekipamenduak eraiki, handitu edo berritzeko inbertsioak finantzatzeko, hein batean edo guztiz, honako erakunde hauen funtsetara jo daiteke:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra.

b) Tokiko administrazioak; horretarako, lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dira administrazioen artean.

c) Sektore pribatua, hezkuntza-arloko edo lan-arlo administrazioarekin erabakitako baldintzetan; instalazioak eta ekipamenduak txandaka, oraintxe prestakuntzarako oraintxe lan egiteko, erabiltzeko aukera izatea aurreikusi ahal izango da.

29. artikulua.– Mugikortasuna bultzatzea.

1.– Lanbide-heziketako sistema bateratuak ikasleen eta irakasleen mugikortasuna bultzatuko du, bai eta ikastetxeen, irakasleen eta ikasleen lankidetza ere, nazioko eta nazioarteko hezkuntza sareetan, 9. artikuluan esaten denaz bat.

2.– Mugikortasun-proiektuek lanbide-heziketaren kalitatea eta berrikuntza sustatzea izango dute helburu, ikastetxeetan eta enpresetan egonaldiak eginez, horrela, arlo pedagogikoko, teknologikoko edo kudeaketako berrikuntzak eta lanbide-heziketako beste sistema batzuk ezagutu ahal izateko.

2. ATALA
LAN ESPERIENTZIA ETA BESTELAKO IKASKUNTZA EZ-FORMALAK NAHIZ INFORMALAK AITORTZEA

30. artikulua.– Definizioa.

Gaitasun profesionalak aitortzeko, ebaluatzeko eta egiaztatzeko sistema da: lanean edo beste prestakuntza-bide ez-formal edo informal batzuetan lortutako gaitasunak ebaluatzeko, aitortzeko, egiaztatzeko eta erregistratzeko egiten diren jardueren multzoa.

31. artikulua.– Prozedura.

1.– Prozedura bakarra egongo da lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen edo informalen bitartez lortutako gaitasun profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko, hezkuntza-arlorako eta lan-arlorako balioko du, eta Eusko Legebiltzarrak jarriko du martxan, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluari galdetu ondoren. Prozeduraz arduratuko den antolakuntza-egitura ere Jaurlaritzak ezarriko du.

2.– Prozedura horretan, erreferente modura, Lanbide Kualifikazioen Katalogoa erabiliko da, eta, beti, ebaluaketa fidagarria, objektiboa eta teknikoki zorrotza egingo dela bermatzeko moduko irizpideak erabiliz garatuko da.

3.– Hezkuntzako eta enplegu-prestakuntzako eskumenak dituzten sailek aitortuko dituzte prozedura horren bidez egiaztatutako gaitasun-unitateak, profesionaltasun-titulu eta -ziurtagirietako lanbide-moduluen edo prestakuntza-moduluen baliozkotzeei edo salbuesteei dagokienez.

4.– Hezkuntzako eta enplegu-prestakuntzako eskumenak dituzten sailek orientazio-zerbitzu batzuk bermatuko dituzte beharrezko informazioa, aholkularitza eta akonpainamendua eskaintzeko, herritarrek ondo arrazoituta erabaki ahal izan dezaten sisteman parte hartu edo ez.

5.– Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak parte hartuko dute gaitasunak aitortu, ebaluatu eta egiaztatzeko sistemaren garapena eta emaitzak jarraitzeko eta ebaluatzeko lanean.

3. ATALA
ESKAINTZA BATERATUA

32. artikulua.– Lanbide-heziketako eskaintza bateratua.

1.– Lege honetan ezarritako helburua betetzeko, hezkuntzako eta enplegu-prestakuntzako eskumena daukaten sailek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ahalegina egingo dute hasierako lanbide-heziketa eta enplegurako prestakuntza ematen duten zentroen sare zabala sortzeko.

Sare hori ondorengoek osatuko dute:

a) Lanbide-heziketako ikastegi bateratuek.

b) Lanbide-heziketako tituluak emateko baimena duten ikastetxe publikoek eta pribatuek.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegu-prestakuntza emateko akreditaturik dituen ikastetxe pribatuek.

2.– Prozedura bat taxutuko da hasierako lanbide-prestakuntza emateko baimena duten ikastetxeek enplegurako lanbide-prestakuntza ere eman dezaten, beharrezko baldintzak betetzen badituzte. Prozedura hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta hezkuntzako eskumenak dituen sailak zehaztuko dute.

3.– Sareko zentroek, hezkuntzako eta enplegu-prestakuntzako eskumenak dituen sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eskuratu ondoren eta haien baldintzen menpe, aukera izango dute prestakuntza-programak eskaintzeko, baimenduta dauzkaten eta lanbide Kualifikazioen Katalogoko gaitasun-unitateekin lotuta dauden lanbide-heziketako tituluetan edo profesionaltasun-ziurtagirietan oinarrituta. Programa horietan katalogoarekin lotuta ez dagoen bestelako prestakuntza osagarria sartzeko aukera ere badago. Prestakuntza-programa horiek gaindituz gero, horretan eskumena daukan administrazioak emandako ziurtagiria lortuko da. Ziurtagiri horretan, halaber, prestakuntza horri lotuta dauden gaitasun-unitateak ere zehaztuko dira.

33. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastegi bateratuak.

1.– Lanbide-heziketako ikastegi bateratuak dira: hezkuntzako eta enplegu-prestakuntzako gaietan eskudunak diren sailek erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen dituztelarik, baimenduta dauzkaten familia edo arlo profesionaletako lanbide-heziketako tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera daramaten prestakuntza-eskaintza guztiak, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalekin lotuak, ematen dituztenak.

2.– Lanbide-heziketako ikastegi bateratuek, beren prestakuntza-ekintzen artean, eskaini behar dituzte: hasierako lanbide-heziketak berezkoak dituen ikaskuntzak, lanik ez dutenak lanean hasteko edo atzera lana aurkitzeko ekintzak, eta lanean ari diren langileak etengabe prestatzeko ekintzak.

3.– Baimenduta dauzkaten familia edo arlo profesionaletako prestakuntza eskaintzeaz gainera, ikastegi bateratuek informazio- eta orientazio-zerbitzuak ere eduki behar dituzte, eta, beharrezkoa baldin bada, ikaskuntza ez-formalen bidez edo lan-esperientziaren bidez gaitasunak ebaluatzeko zerbitzua ere bai, lanbide-kualifikazioetarako eta lanbide-prestakuntzarako sistema nazionalaren barruan.

4.– Lanbide-heziketako ikastegi bateratuak publikoak nahiz pribatuak izan daitezke.

5.– Lanbide-heziketako ikastegi bateratu pribatuak itundutzat jotzeko, legeak ezarritako itun araubidea bete eta haren mende egon behar dute.

34. artikulua.– Lanbide-heziketako ikastegi publiko bateratuen autonomia.

1.– Lanbide-heziketako ikastegi publiko bateratuek antolaketarako, pedagogiarako eta ekonomia-arloa nahiz langileak kudeatzeko autonomia izango dute, Eusko Jaurlaritzak erabakitzen duenaren arabera.

2.– Lanbide-heziketako ikastegi publiko bateratuek behar bezala bermatu behar dute helduek eta langileek irispidea izango dutela beren prestakuntza- eta zerbitzu-eskaintzara, bakoitzaren ibilbide profesionala eta gorabehera pertsonalak kontuan hartuta.

3.– Lanbide-heziketako ikastegi publiko bateratuek aukera dute, beren autonomiaren barruan, enpresa, erakunde eta entitateekin akordio eta hitzarmenak sinatzeko, bai azpiegiturak edo eskura dauden baliabideak denen artean hobeto aprobetxatzeko helburuz, bai lege honetan aurreikusitako helburuak betetzen lagunduko duten beste ekintza batzuk hobeto baliatzeko helburuz.

35. artikulua.– Unibertsitate-sistemako ikastegiak eta prestakuntza-eremuak, xedeak eta eskaintza.

1.– Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek ahalegina egingo dute bizialdi osoko ikaskuntzari bultzada emateko, berei atxikitako zentroetan horretarako jarduerak eginez.

2.– Unibertsitateek etengabeko eta bizialdi osoko prestakuntzara bideratutako egiturak sortu ahal izango dituzte; egitura horiek bizialdi osoko ikaskuntzako sisteman integraturik egon beharko dute. Egitura horiek arduratuko dira bizitza osoan zeharko prestakuntza guztiaren plangintza, proposamena, kudeaketa eta jarraipena egiteaz.

3.– Prestakuntza presentziala, erdipresentziala eta ez presentziala izan ahalko da.

4.– Bizialdi osoko etengabeko prestakuntzaren barruan ondokoak sartzen dira: orain unibertsitate-masterren titulu gisa eskaintzen den prestakuntza-eskaintza finkatu eta aitortua; gaurko graduondoko tituluen pareko espezializazio-diplomak, aditu- edo espezialista-tituluak; unibertsitate-ikasketak luzatzeko ikastaroak, hala nola diren helduentzako unibertsitate-ikastaroak; eta bestelako titulu eta ziurtagiriak.

5.– Etengabeko prestakuntzaren xedea da lanbide-eskaera betetzea hobekuntza, gaurkotze edo espezializazio profesionalaren bidez, eta gizartearen eskaerari erantzuna ematea, parte-hartze aktiboa eta gizarte-integrazioa ahalbidetuko dituen eta bizi-kalitatea hobetzea ekarriko duen garapena bideratuz gizarte-, kultura- eta hezkuntza-mailan.

6.– Unibertsitate-sistemako bizialdi osoko ikaskuntzaren prestakuntza-eskaintzaren helburua da prestakuntza humanista eta teknikoa, gizarte-kohesioa eta enplegagarritasuna areagotzea, eta zuzenduta dago ezarritako sarrera-baldintza guztiak betetzen dituzten entitate (enpresak eta erakundeak) eta pertsona ororentzat.

36. artikulua.– Kalitatea bermatzeko sistema.

1.– Etengabeko prestakuntza kudeatzeaz arduratzen diren organoek kalitate-sistema bat edukiko dute beren irakaskuntzen emaitzen bikaintasuna erdiesteko bide gisa eta, hala dagokionean, egiaztapen- eta akreditazio-prozesu baterako baldintza gisa.

Edonola ere, erakundeak ezarritako bikaintasun-irizpideekin bat datozen emaitzak lortzen lagunduko duten neurriak ezarriko dira. Neurri horien bidez baloratu egingo da prestakuntza-proposamenen egokitasuna eta garrantzia, partnerren kalitatea jarduketa bateratuetan, aurrekontu-doiketa, eta abar.

2.– Unibertsitateek kalitatea bermatzeko barne-sistema bat ezarri beharko dute beren tituluentzako.

37. artikulua.– Elkarrizketa sozialerako organoak.

1.– Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen arabera, Euskadiko Unibertsitate Kontseilua da euskal unibertsitate-sistemako koordinazio-organoa eta Eusko Jaurlaritzaren kontsulta- eta aholkularitza-organoa unibertsitateei dagokienez.

2.– Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua da unibertsitate-sistema publikoaren xedeak eta helburuak zehazteko orduan koordinazio-, aholkularitza- eta partaidetza-organoa; eta Gizarte Kontseiluaren bidez gizarteak parte hartzen du unibertsitatearen gobernuan eta zuzendaritzan.

38. artikulua.– Enpresen eta enpresa-erakundeen lankidetza.

Beharrezkoa da, eta halaxe sustatuko da, administrazio publikoek lankidetza izatea enpresekin, enpresa-elkarteekin, merkataritza-ganberekin, profesionalekin, eragile sozialekin eta lanbide-heziketako zentroekin, batez ere gorabideko, hazkundeko edo berrikuntzako sektoreei dagokienez. Enpresek banaka edo taldean –ordezkatzen dituzten antolakundeen bidez– parte hartu ahal izango dute.

39. artikulua.– Baliabide tekniko eta pertsonalak.

1.– Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateek garatuko dituzten bizialdi osoko ikaskuntzako prestakuntza-programak eta ekintzak aurrera eramateko, nahitaezkoa izango da baldintzak betetzea prestakuntza-proposamen bakoitzerako beharko diren langile, espazio, ekipamendu eta baliabideei dagokienez, unibertsitateek eurek dituzten baliabideak kontuan hartuz.

2.– Unibertsitateek, batez ere campus birtualaren eta informazio eta komunikazioaren teknologien bidez, urrutiko hezkuntzarako modalitate zabala, gaurkotua eta kalitatezkoa bultzatuko dute.

III. KAPITULUA
BIZIALDI OSOKO ORIENTAZIO SISTEMA BATERATUA

40. artikulua.– Bizialdi osoko orientazio-sistema bateratua.

1.– Bizialdi osoko orientaziotzat ulertzen da prozesu jarraitu bat, herritarrari akonpainamendua emateko, bere bizitzako edozein unetan, bere gaitasunak eta interesak zehazten, hezkuntza, ikaskuntza eta enpleguari buruz erabakiak hartzen, eta ikaskuntzako, txertaketa profesional edo sozialeko, edo interes pertsonaleko proiektu bat definitzen, planifikatzen eta kudeatzen.

2.– Bizialdi osoko orientazio-sistema integratua osatuko dute: herritarrak hezkuntza-testuinguruan eta testuinguru profesional, pertsonal eta sozialean informatzea eta aholkatzea eta, hala badagokio, akonpainamendua ematea helburutzat duten eragile, tresna eta ekintza guztiek.

3.– Orientazio-sistema bateratua zerbitzu hauek osatuko dute:

a) Hezkuntza-sistemako orientazio-zerbitzuek.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio- eta orientazio-zerbitzuek.

c) Toki-administrazioetako informazio- eta orientazio-zerbitzuek.

d) Bizialdi osorako ikaskuntzaren inguruan lanean dabiltzan gizarte-eragileen eta erakundeen informazio- eta orientazio-zerbitzuek.

4.– Eusko Jaurlaritzak orientazio-zerbitzuen arteko lankidetza-formulak sustatuko ditu, haien arteko koordinazio eraginkorra bermatzeko; eta, informazio garrantzitsua partekatu ahal izateko tresnen erabilera ere sustatuko du. Era berean, zerbitzu horien eta herritarrari kasu egiteko edo premia bereziak dituztenei kasu egiteko beste zerbitzu batzuen arteko harremana ere sustatuko du.

Administrazio bakoitzak bere eskumenekoa den orientazio-zerbitzuaren aldizkako ebaluazioak egingo ditu eta, kasuan kasu, zerbitzuaren kalitatea bermatuko duten hobekuntza-ekintzak ezarriko dira.

5.– Orientazio-zerbitzu horien titularitatea daukaten administrazio eta erakundeei dagokie zerbitzuaren antolaketaz, zereginak zehazteaz eta finantzazioaz arduratzea. Jarduketa-ildo espezifikoak ezarri ahal izango dituzte, jasotzaileek eskatzen duten zerbitzu-motaren arabera.

6.– Lanbide-heziketaren esparruan, hezkuntzan eta enplegurako formakuntzan eskumena duten sailek zehaztuko dute, eragile sozialek ere parte hartuz, zer-nolako orientazio-eredua garatu behar den, zer-nolako neurriak, tresnak eta baliabideak behar diren bizialdi osoko orientazioaren eginkizunak garatzen laguntzeko, eta zer-nolako lankidetza-formulak behar diren sail bakoitzaren zerbitzuak eta eginkizunak definitzeko.

7.– Goi-mailako prestakuntzaren esparruan, Euskal Herriko unibertsitateek, enplegurako prestakuntzan eskumena duen sailarekin elkarlanean, ezarriko dituzte garatu beharreko orientazio programak, informazio- eta orientazio-lana egiteko beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak, bai eta unibertsitatearen eta Administrazioaren arteko elkarlan-formulak.

41. artikulua.– Orientazio-sistema bateratuaren printzipioak.

Bizialdi osoko orientazio-sistemek printzipio hauen arabera lan egingo dute:

1.– Faboratuko dute herritarrak protagonista izatea ikaskuntza, prestakuntza, laneratze eta bizitza profesional edo sozialeko beren ibilbidea eraikitzen.

2.– Herritar guztien irispidean izango dira, kontuan hartu gabe beraien prestakuntza, egoera pertsonal, profesional edo soziala eta kokapen geografikoa. Horretarako, baliabide eta erreminta telematikoak erabiliko dituzte, herritarrek irispide ez-presentziala eduki ahal izateko orientazio-zerbitzuetara.

3.– Emango duten arreta izango da indibiduala, pertsonalizatua, genero-baldintzapenetatik askea, malgua eta erabiltzaileen behar eta interesekin konprometitua, betiere zainduz erabiltzaileek emandako informazio pertsonalaren isilpekotasuna eta pribatutasuna.

4.– Zerbitzuaren kalitatea bermatuko dute.

5.– Zerbitzuen arteko koordinazioa eta lankidetza eta erreminta komunen garapena sustatuko dute, bakoitza zein herritar-talderi zuzentzen zaion kontuan hartuta.

6.– Zerbitzua premia bereziak dituztenei edo gizartetik at geratzeko arriskuan direnei eskaintzea erraztuko dute.

42. artikulua.– Orientazio-zerbitzuen zereginak.

Sistema osatzen duten orientazio-zerbitzuek eginkizun hauek bermatu behar dituzte, gutxienez:

1.– Herritarrei informazioa eta aholkua ematea ikaskuntza, lanbide edo bizitzako ibilbideak taxutzeko, zeinak koherenteak izango baitira herritarren jomuga eta gaitasunekin eta, hala badagokio, lan-eskaintza eta -eskaerekin.

2.– Ezagutzera ematea bizialdi osoko ikaskuntzako zein plan- edo programa-eskaintza dagoen, eta informazioa eta aholkua ematea dauden ikaskuntza-aukerei buruz, kontuan izanik informazioa eskatzen duten pertsonen baldintzak, beharrak eta interesak.

3.– Informatzea eta aholkatzea okupazioen profil profesionalei eta beraien joerei buruz, enplegura iristeko posibilitateei eta erlazionatutako prestakuntza-aukerei buruz, era horretara errazteko lanean hastea eta berriro sartzea, enpleguan hobetzea eta mugikortasun profesionala.

4.– Informazioa eta aholkua ematea titulu akademikoei eta ziurtagiri profesionalei buruz, eta lan munduan eskatzen diren gaitasun eta kualifikazioak lortu, ebaluatu eta egiaztatzeko posibilitateei buruz, edo ezartzen diren antzeko beste programa batzuei buruz.

5.– Ikasleak eta, hala badagokio, beren familiak orientatzea beren inguruabar pertsonaletara ondoen egokitzen diren ikasketa akademiko edo profesionaletarako, edo ikaskuntzako beste eremu batzuetarako, egindako aukera motibazio-iturri izan dadin eta planteatutako prestakuntza eta ikaskuntzako helburuak lortzera eraman dezan.

6.– Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko informazioa antolatzen, eguneratzen eta ebaluatzen parte hartzea, zainduz informazio hori egokitzea, edukiz, argitasunez eta irisgarritasunez, jasotzaile diren pertsona-mota ezberdinei.

7.– Irakasleekin eta prestakuntza-arduradunekin lankidetzan jardutea, beren programetan lan-orientazioari buruzko informazioa eta prozedurak jaso ditzaten, bai laneko irtenbide eta aukerei buruzkoak, bai garapen pertsonalari eta norberaren ibilbide profesionala kudeatzeko trebakuntzari lotutako gaitasunekin zerikusia dutenak.

8.– Zerbitzua emateko beharrezko datu informatizatuen sistema erabiltzea eta, beharrezkoa baldin bada, sistema hori mantentzen eta ebaluatzen laguntzea.

9.– Bete behar duten zereginarekin zerikusia daukaten beste erakunde eta zerbitzu batzuetako profesionalekin koordinatzea, batez ere beren herri, eskualde eta sektoreetan.

10.– Laneko esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen edo informalen bidez lortutako gaitasunak aitortzeko, ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduretan parte hartzea, prozesu osoan zehar informazioa eta akonpainamendua eskainiz.

43. artikulua.– Orientazioa bizialdi osoko ikaskuntzako sistema bateratuko plan eta programetan.

Bizialdi osoko ikaskuntzako planen barruko programek, zehaztasunen artean, orientazioaren planteamendua jaso beharko dute, erregelamenduz ezarriko diren arauen arabera. Programetan zehaztu beharko dira, gutxienez, eragileak, zein talderentzat diren, aurreikusitako jarduera nagusiak (kapitulu honetan ezarritako printzipio eta eginkizunekin ados), eta beste alderdi batzuk kalitatea bermatzeko ezartzen den politikarekin zerikusia dutenak.

44. artikulua.– Orientazio-zerbitzuetako langileak.

Gai honetan eskumenak dituzten administrazioek eta gainerako erakundeek, zeinek bere eskumenen eremuan, ezarriko dituzte orientazio-zerbitzu egoki baten garapena bermatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak, profil profesionalak eta hautaketa-prozedura.

Bizialdi osoko ikaskuntzako sistemara bildutako orientazio-zerbitzuen titular diren administrazio, eragile sozial eta erakundeek adostuko dute orientazio-zerbitzu batzu eta besteetako langileen prestakuntza espezifiko eta komuna, kontuan izanik bakoitza zuzentzen zaion populazio-sektorearen ezaugarriak eta eskatzen den zerbitzu-mota, eta adostuko dituzte orobat langile horien etengabeko prestakuntzarako mekanismoak.

IV. KAPITULUA
GIZARTEAREN PARTAIDETZA, KOORDINAZIO LANA ETA FINANTZAZIOA

45. artikulua.– Bizialdi osoko ikaskuntzako kontseiluak.

1.– Lege honen helburuak bermatzearren, Eusko Jaurlaritzak eta toki-administrazioek bizialdi osoko ikaskuntzako kontseiluak sortzea bultzatu ahal izango dute.

2.– Kontseilu horiek bi helburu izango dituzte: batetik, ziurtatzea bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemako eragile guztiek parte hartzen dutela; eta bestetik, bizialdi osoko ikaskuntzako planak eta programak bultzatzea, koordinatzea eta ebaluatzea.

3.– Bizialdi osoko ikaskuntzako kontseiluak izango dira Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseilua eta sortzen diren lurralde, eskualde eta herri mailako beste kontseilu batzuk.

4.– Bizialdi osoko ikaskuntzako plan eta programek osotasunean jasoko dituzte Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren proposamenak, horiek erreferenteak izango baitira prestakuntza eta orientazio profesionalaren planifikazioari, garapenari, kalitatea bermatzeko markoari eta ebaluazioari dagokionez.

46. artikulua.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseilua.

Lege honen helburuak bermatzeko, Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseilua sortzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko bizialdi osoko ikaskuntzarako sistemako eragileen koordinaziorako eta parte hartzeko organo gorena izango da, eta bizialdi osoko ikasketen plan eta programak bultzatu, koordinatu eta ebaluatuko ditu.

47. artikulua.– Eginkizunak.

Hona hemen Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseiluaren eginkizunak:

1.– Egoeraren diagnosia egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren erronkak identifikatzea.

2.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Plana egitea. Egin beharko du eragileen ekimenak koordinatuz eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak lanbide-heziketari buruz ematen dituzten jarraibideei kasu eginez, bai eta nola Gizarte Ongizaterako Kontseiluak helduen ikaskuntzari dagokionez emandako norabideak jarraituz.

3.– Onartzea bizialdi osoko ikaskuntzaren kalitatea bermatzeko markoa, errespetatuz Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak lanbide-heziketako programetarako prestatutako markoa, eta ebaluatzea marko horren helburuen betekuntza eta etengabeko hobekuntzarako neurrien hartzea.

Bizialdi osoko ikaskuntzaren kalitatearen bermearen esparruan, prestatzaileen eta orientatzaileen ezaugarri profesionalak eguneratzerako proposamenak sartuko dira, eta orobat bizialdi osoko ikaskuntzarako euskal sistemaren ikasketa, orientazio, kudeaketa eta kalitateko helburuen ebaluaziorako adierazleak ere.

4.– Bizialdi osoko ikasketetarako kualifikazioen euskal esparrua eratzea, erreferentziazko esparru amankomun bat sortzeko, konbertsio-mekanismoa izan dadin kualifikazio-sistema eta -maila desberdinetarako, bai hezkuntza orokorrerako eta goi-mailakorako, bai hezkuntza ez formalerako eta lanbide-heziketarako.

5.– Aldian-aldian, Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Planaren garapena eta emaitzak ebaluatzea.

6.– Baliabide publikoak eta pribatuak erabiltzeko orduan, bikoiztasunak ekiditea eta eragimena bermatzea.

7.– Bizialdi osoko ikaskuntzako programen eta jardueren berri zabaldu beharra sustatzea.

8.– Bizialdi Osoko Prestakuntzako Planak dakartzan prestakuntza-programetan eta -ekintzetan administrazioen, erakundeen, entitate publiko eta pribatuen eta pertsonen partaidetza sustatzea.

9.– Lurralde, eskualde edo herrietako kontseiluekin koordinatzea eta haien ekimenak biltzea.

10.– Erregelamenduz agindutako beste edozein egiteko.

48. artikulua.– Osaera.

1.– Hezkuntza-gaietan eskumena duen saileko arduradunak izendatuko ditu Bizialdi Osoko Ikaskuntzarako Euskal Kontseiluko kideak, baina proposamena beste hauek egingo diote: Eusko Jaurlaritzan gai honetako eskumenak dauzkaten sailek; toki-administrazioek; Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik zabalena duten enpresaburu-elkarteek, ekonomia sozialeko eragileek eta eragile sozialek; Euskadiko unibertsitateek; lanbide-heziketako ikastetxeen elkarteek; bizialdi osoko ikaskuntzako sistemako eragileek; eta arlo honetan lan egiten duten ospe handiko pertsonek. Lurralde, eskualde eta herrietan sortzen diren kontseiluetako ordezkariek ere parte hartu dezakete kontseilu honetan.

2.– Hezkuntza-gaietan eskumena duen saileko burua bera edo hark izendatzen duen ordezkoa izango da Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseiluko lehendakaria.

3.– Eusko Jaurlaritzak erabakiko du Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseiluak nola osaturik egon behar duen, kideak nola izendatu behar diren, barrutik nola antolatu behar den, eta zein prozedura bete behar dituen jarduteko eta akordioak hartzeko.

49. artikulua.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Plana.

1.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskadiko Planaren erreferentea izango dira lege honen itzalpean garatzen diren plan eta programa guztiak.

2.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Plana urte anitzekoa izango da eta Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseiluak egingo du. Premien eta eskarien diagnosi batetik abiatuko da, zeinak beste jarduketa-eremu batzuk ere kontuan izan beharko bailituzke (sozioekonomikoa, industriala, enplegu, zientzia eta teknologia), eta programetako helburuak, estrategiak eta kalitatea bermatzeko markoa jasoko ditu.

Hainbat urtetarako balioko du, eta, lurraldeetan, eskualdeetan edo herrietan planik baldin bada, beren baitara bilduko du.

3.– Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskadiko Planaren barruan dauden prestakuntza-ekintzetan, adierazita utzi beharko da plan horren barruan daudela.

50. artikulua.– Lurralde, eskualde eta herrietako kontseiluak.

1.– Bizialdi osoko ikaskuntzako planak, programak eta ekintzak lurralde, eskualde eta herrietako prestakuntza- eta ikaskuntza-premietara hobeto egokitzearren, lurraldekako, eskualdekako eta herrikako kontseiluak sortu daitezke.

2.– Prestakuntza-premien diagnosia egin ondoren, kontseilu hauek hiru helburu izango dituzte: beren jardun-esparrurako bizialdi osoko ikaskuntzako plana egitea; baliabideak lortzeko eta egokitzeko ardura hartzea; eta plan horren jarraipena eta ebaluaketa egiten parte hartzea.

3.– Eusko Jaurlaritzak erabakiko du kontseilu hauek nola osaturik egon behar duten, kideak nola izendatu behar diren, barrutik nola antolatu behar diren, eta zein prozedura bete behar dituzten jarduteko eta akordioak hartzeko.

51. artikulua.– Beste administrazio publiko eta erakunde pribatu batzuekiko lankidetza.

Bizialdi osoko ikaskuntzako planetako helburuak lortzearren, Eusko Jaurlaritzak toki-administrazioekiko eta erakunde pribatuekiko lankidetza sustatuko du. Horretarako, tartean diren instituzio eta erakundeen arteko akordioak edo itunak erabil daitezke.

Alde horretatik, elkarrekin behaketa-tresnak garatzeko eta ikasketa-sareak sortzeko ahaleginak egingo dira, hautemandako premiei erantzuteko moduko proiektu koordinatuak garatu ahal izateko.

52. artikulua.– Finantzaketa.

1.– Lege honetan ezarritako helburuak modu eraginkorragoan bete ahal izateko, Eusko Jaurlaritza eta toki-administrazioak koordinaturik arituko dira. Koordinazio hori egiteko, Eusko Jaurlaritzaren eta dena delako administrazio eskumendunaren arteko akordioak edo itunak erabil daitezke.

2.– Lege honetan aurreikusita dauden programak finantzatzeko, baliabide publikoak edo pribatuak erabil daitezke. Lege honetan jasotako helburuak eta programak finantzatzeko, Eusko Jaurlaritza eta toki-administrazioak Europar Batasunetik datozen diruak erabiltzea bultzatuko dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira Lege honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Hezkuntza Administrazioari baimena ematen zaio Laudioko Udalarekin hitzarmen bat sinatzeko, Laudioko Lanbide Heziketako Udal Zentroa zentro publikoen sarean sartze aldera.

Bigarrena.– Autonomia-araubidea.

Lege honetako 34. artikuluak aurreikusitako autonomia-araubidea hedatu egiten zaio Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Ikasketaren Berrikuntzarako Zentroari (TKNIKA), zeina sortu zen martxoaren 1eko 39/2005 Dekretuaren bidez.

Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 16ko 1/1993 Legearen bigarren sekzioko IV. kapituluko V. tituluan aurreikusitako autonomia-araubidea, hedatu egiten zaio unibertsitatez kanpoko Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeari (ISEI-IVEI), zeina sortu zen otsailaren 6ko 14/2001 Dekretuaren bidez.

Hirugarrena.– Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan (UHEI) integratzea.

Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan (UHEI) integratzen dira: Urrutiko Oinarrizko Heziketako Euskal Ikastetxea (UOHEI), ekainaren 11ko 189/1985 Dekretuaren bidez sortutakoa eta urriaren 27ko 289/1998 Dekretuak aldatutakoa; Ramiro de Maeztu Urrutiko Batxilergo Institutua, Indalencio Bizkarrondo «Bilintx» Bizkaiko Urrutiko Batxilergo Institutua eta maiatzaren 31ko 102/2011 Dekretuaren bidez sortutako EAEko Urrutiko Lanbide Heziketako Institutua.

Aipatutako zentroen egungo langileak Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuko langile gisa adskribatu eta integratuko dira, maila funtzional eta organikoan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Kreditu-gehikuntza dakarten lege honetako xedapen guztiak 2013-2014 aurrekontu-ekitaldian sartuko dira indarrean, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduko 136.1 artikuluan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Laneko esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez lortutako lanbide-gaitasunak egiaztatzeko ordaindu beharreko tasa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 11ko 1/2007 Legegintza Dekretuan, IV. tituluan, beste kapitulu bat gehitzen da, IX.a, idazkera honekin:

«IX. KAPITULUA. LANEKO ESPERIENTZIAREN BIDEZ EDO PRESTAKUNTZA BIDE EZ-FORMALEN BITARTEZ LORTUTAKO LANBIDE GAITASUNAK EGIAZTATZEKO ORDAINDU BEHARREKO TASA

95. sexies artikulua.– Zergapeko egitatea.

Tasaren zergapeko egitatea da aholkularitzako eta gaitasunak ebaluatzeko zerbitzu teknikoak eskaintzea lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez lortutako gaitasun profesionalak egiaztatzeko probetarako.

95. septies artikulua.– Sortzapena.

Tasa ordaindu beharra sortuko da zergapeko egitatea osatzen duten zerbitzuak ematen diren unean. Alabaina, prozeduraren faseetako bakoitzean izena emateko orduan eskatuko da ordainketa, subjektu pasiboaren autolikidazio bidez.

95. octies artikulua.– Subjektu pasiboa.

Zergapeko egitatea osatzen duten zerbitzuak eskatzen edo jasotzen dituzten pertsona fisikoak izango dira tasa honen subjektu pasiboak.

95. nonies artikulua.– Zenbatekoa.

Hauek izango dira tasaren zenbatekoak:

1.– Aholkularitza-fasean izena ematea: 24 euro.

2.– Lanbide-gaitasuna ebaluatzeko fasean izena ematea: 12 euro, gaitasun-unitate bakoitzeko.

95. decies artikulua.– Salbuespenak eta hobariak.

Tasatik salbuetsita egongo dira:

a) Langabeak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda badaude eta orientazio-prozesu pertsonalizatu batetik pasata badaude.

b) Terrorismoaren biktima diren eskatzaileak, baldin eta kalte fisiko edo psikofisiko bereziki larriak jasan izana egiaztatzen badute; haien ezkontideak edo antzeko afektibitate-harremanarekin iraunkorki bizi direnak, eta beraien seme-alabak».

Bigarrena.– Garapen eta exekuziorako gaikuntza.

Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio amorez eta, bere eskumenen eremuan, lege honen garapen eta exekuziorako beharrezkoak diren izaera orokorreko xedapenak eman ditzan.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 15a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala