Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

186. zk., 2013ko irailaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4117

AGINDUA, 2013ko irailaren 10ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean kusku biko moluskuak ekoizten diren eremuen sailkapena ezartzeko dena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 854/2004 (EE) Erregelamenduaren bidez, animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialak antolatzeko arau espezifikoak finkatu ziren. Bada, erregelamendu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, agintari eskudunak bere aplikazio-eremuan dauden espezieen ekoizpen- eta berrezarpen-eremuak izendatu eta sailkatu beharko ditu, betiere erregelamendu horretan aurreikusitako hiru kategorien arabera.

Agindu honen helburua da, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean moluskuak ekoizten diren eremuak izendatzea eta sailkatzea. Horretarako, kusku bikoak ekoizten diren eremuetan aldiro egindako analisiak eta laginketak hartu dira aintzat.

C multzoan sailkatutako eremuei dagokienez, ohartarazi beharra dago halakoetan debekatuta dagoela moluskuak ateratzea, berrezarpen-eremurik ez dagoelako.

Azkenik, hidrokarburo poliaromatikoen kontzentrazioari buruzko azterketaren emaitzak ahalbidetzen du muskuiluak (Mytilus edulis eta Mytilus galloprovincialis) harrapatzeko debekua kentzea, eta, beraz, espezie hori sartuta dago ebazpen-zatiaren bosgarren paragrafoan agertzen den zerrendan.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeko itsas-eremuen sailkapena egitea, uraren kalitatea eta horrek akuikulturaren eta itsaski-bilketaren gainean duen eragina aintzat hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan moluskuak ekoizten diren eremuak izendatzea.

Bigarrena.– Hondarribia (Bidasoa ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapenaren C eremua: ibai-ahotik aireportuaren muturrera bitarteko eremu osoa; bertan, debekatuta dago kusku biko moluskuak ateratzea.

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta halakoak ateratzea debekatuta dago:

– Aireportuaren muturretik barrualdera doan eremua.

– Hondarribiko arrantza-portua.

– Hondarribiko kirol-portua.

– Beteranoen dartsena.

Hirugarrena.– Mundaka (Oka ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapeneko B eremua: Arketako azpieremua (ibai-ahotik Sandinderi uhartera bitarteko eremuaren eskuinaldea) eta Kanalako azpieremua (Sandinderi uhartetik Muruetako Ontziolara bitarteko eremua). Moluskuak atera ondoren, arazketa-prozesu baten menpe jarriko dira, bizirik merkaturatu aurretik.

Sailkapeneko C eremua: ibai-ahotik Sandinderi uhartera bitarteko eremuaren ezkerraldea (Portuondo); bertan, debekatuta dago kusku biko moluskuak ateratzea.

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta halakoak ateratzea debekatuta dago:

– Itsasadarrean gora, Muruetako Ontziolatik Gernikara bitarteko eremua.

– Txatxarramendi uharteko zupibeko aldea.

– Mundakako portua.

Laugarrena.– Plentzia (Butroe ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapeneko C eremua: ibai-ahotik Arrainolara bitarteko eremua, Plentziako portua salbu; bertan, debekatuta dago kusku biko moluskuak ateratzea.

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta halakoak ateratzea debekatuta dago:

– Plentziako portua.

– Estuarioaren barnealdea, hau da, Arrainolatik gorako urak.

Bosgarrena.– Agindu honetan ezarritako ekoizpen-eremuen sailkapena aintzat hartu beharko da, honako espezie hauek atera nahi izanez gero:

– Ostra (Ostrea edulis, Crassostrea angulata eta Crassostrea gigas).

– Datila (Pharus legumen, Solen marginatus, Ensis ensis eta Ensis siliqua).

– Berberetxoa (Cerastoderma edule edo Cardium edulis).

– Muxila (Venerupis pollastra, Ruditapes edo Tapes pullastra, Venerupis decussata, Ruditapes edo Tapes decussata, Venerupis semidecussata, Tapes semidecussata edo Ruditapes philippinarum, Venerupis aurea eta Venerupis rhomboides).

– Txirla (Venus striatula eta Chamelea gallina).

– Muskuilua (Mytilus edulis eta Mytilus galloprovincialis).

Seigarrena.– Kirol-arrantzan aritzen direnei debekatu egiten zaie eremu itxietan eta C motako eremuetan, agindu honetako ebazpen-zatiko bosgarren paragrafoan zehaztutako espezieak ateratzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako sailburuordeari, agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren neurriak har ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 10a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala