Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2013ko irailaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3846

ERABAKIA, 2013ko uztailaren 18koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegia onartzeko dena.

Arautegi horren helburua da baliabide elektronikoen erabilera arautzea UPV/EHUren administrazio jardueran, baita unibertsitateak bere kideekin, gainerako herritarrekin eta beste administrazio batzuekin dituen harremanetan ere, bere eskumenen esparruan unibertsitateko administrazioaren eraginkortasuna eta eragimena handitzeko eta administrazio jardueraren gardentasuna bultzatzeko. Horrez gain, arautegi horren bidez UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa ere sortuko da, ekainaren 22ko 11/2007 Legea, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoa (aurrerantzean LAE) betetze aldera.

Arautegia Gobernu Kontseiluan aurkeztu zen 2013ko ekainaren 20an egindako bileran. Ezarritako prozedurak agintzen duenez, Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak emango du irizpena aurkeztutako hiru zuzenketen gainean –lehenago Administrazio Elektronikoko Batzordeak emango du horiei buruzko informazioa–, azken testua Gobernu Kontseiluaren 2013ko uztailaren 18ko bilerara onar dadin eraman baino lehen.

Horregatik guztiagatik, eta ikusita Idazkari Nagusiaren proposamena, Gobernu Kontseiluk honakoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Onartzea UPV/EHUko Baliabide Elektronikoak Erabiltzeko Arautegia eta Egoitza Elektronikoaren sorrera, erantsitako dokumentuan jaso bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2013ko uztailaren 18a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAN BITARTEKO ELEKTRONIKOEN ERABILERA ARAUTZEKO ETA EGOITZA ELEKTRONIKOA SORTZEKO ARAUTEGIA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua eta ezarpen eremua.

1.– Arautegi honen helburua da bitarteko elektronikoen erabilera arautzea UPV/EHUren administrazio jardueran, baita unibertsitateak bere kideekin, gainerako hiritarrekin eta beste administrazio batzuekin dituen harremanetan ere, bere eskumenen esparruan unibertsitateko administrazioaren eraginkortasuna eta eragimena handitzeko eta administrazio jardueraren gardentasuna bultzatzeko. Horrez gain, arautegi honen bidez UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa ere sortuko da, ekainaren 22ko 11/2007 Legea, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoa (aurrerantzean LAE) betetze aldera.

2.– Arautegi hau UPV/EHU osatzen duten organo, zerbitzu eta administrazio unitate guztiei ezarriko zaie eta unibertsitatearekiko harremanetarako bitarteko elektronikoak erabiltzen dituzten unibertsitateko kide guztiek eta kanpoko hirugarrenek nahitaez bete beharko dute.

II. TITULUA
EGOITZA ELEKTRONIKOA

2. artikulua.– Azalpena.

1.– Egoitza Elektronikoa UPV/EHUren webgunea da, www.ehu.es helbide elektronikoan dagoena. Egoitza hori herritarrak unibertsitatearekin harremanetan jartzeko plataforma bat da eta bertan unibertsitateak gestionatutako eta administratutako zerbitzuak biltzen dira. UPV/EHUren Egoitza Elektronikoan zerbitzuok erabili eta izapide elektronikoak egiteko aukera dago, betiere legeak haren ezaugarriei, baldintzei, edukiari eta araubide juridikoari buruz ezarritakoaren arabera.

2.– Egoitza Elektronikoa urteko egun guztietan egongo da erabilgarri, egunean hogeita lau orduz, arrazoi teknikoak direla-eta nahitaez egin beharreko etenak kontuan izan gabe. Arrazoi teknikoak direla-eta erabilgarri egongo ez dela aurreikusten bada, ahalik eta lasterren emango da horren berri UPV/EHUren webgunean eta Egoitza Elektronikoan bertan, eta betiere, datuak kontsultatzeko eta horietara irispidea izateko unibertsitatean dauden bestelako bitartekoak zeintzuk diren adieraziko da.

3.– UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetan egongo da erabilgarri, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, eta hura garatzeko gainerako legeek ezarritakoaren arabera.

3. artikulua.– Printzipioak.

UPV/EHUren Egoitza Elektronikoak, LAEko 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, informazioari eta zerbitzuei dagokienez, honako printzipio hauek beteko ditu: erantzukizuna, publizitate ofiziala, osotasuna, irisgarritasuna, segurtasuna, egiazkotasuna, elkarreragingarritasuna, neutraltasuna, baliagarritasuna, kalitatea eta eguneratzea; eta, bereziki, izaera pertsonaleko datuen babeserako eskubidea errespetatuko du.

4. artikulua.– Titulartasuna, gestioa eta administrazioa.

1.– Egoitza Elektronikoaren titulartasuna UPV/EHUrena izango da.

2.– Idazkaritza Nagusia da UPV/EHUren Egoitza Elektronikoko eduki komunak/erakunde edukiak gestionatzeko eta administratzeko ardura duen organoa. Halaber, LAEn, arautegi honetan eta berau aplikatzeko ematen diren erabakietan adierazitako neurri juridiko eta administratiboak ezartzeko koordinazio eta gainbegiratze lanak egiteko ardura ere badauka.

Egoitza Elektronikoan prozedura batekin lotuta unibertsitateko kideen eskura jartzen diren eduki eta zerbitzuak gestionatzeko ardura prozedura bakoitza arautzeko eskumena duen unibertsitateko organo edo zerbitzuak edukiko du. Ardura hori organo eskudun bakoitzak indarreko arauen arabera esleituta dituen eskumenekin bat etorriko da.

3.– UPV/EHUk beharrezko neurriak hartuko ditu Egoitza Elektronikoaren gestio teknologikoa, administrazio materiala eta mantentzea bermatzeko. Lan guzti horien ardura Informazio eta Komunikazio Teknologien arloan eskumena daukan gerenteordetzarena (aurrerantzean IKT Gerenteordetza) izango da.

5. artikulua.– Egoitza Elektronikoaren edukia.

1.– UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa arautzen duen arautegiak hura osatzen duten edukiak jaso beharko ditu, gutxien dela, honako hauek:

a) Egoitzaren titularraren identifikazioa eta iradokizunak egiteko eta kexak jartzeko dauden bideak.

b) Egoitzak eskaintzen dituen zerbitzu publiko elektronikoen atal espezifiko bat. Horien artean egon beharko dira, besteak beste, Erregistro Elektronikoa, iragarki taula eta, hala badagokio, UPV/EHUko Aldizkari Ofiziala.

c) UPV/EHUko administrazio prozeduren izapideak zertan diren elektronikoki kontsultatzeko aukera emango duen atal bat.

d) UPV/EHUko oinarrizko arauen, unibertsitateak sortutako arauen eta Egoitza Elektronikoan izapidetu daitezkeen administrazio prozedurei ezarri beharreko arauen bilduma.

e) Laguntzeko bulego birtual bat, UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa erabiltzen dutenen ohiko galderak barne hartuko dituena.

Egoitza Elektronikoak komunikazio seguruak eskaintzen dituzten eta egiaztapen kode elektronikoaren bidez autentifikatu beharreko agiriak egiaztatzen dituzten sistemak eduki behar ditu.

2.– Esteken bidez, Egoitza Elektronikoaz kanpoko informazioa eta zerbitzuak kontsultatu eta erabiltzeko aukera egongo da. Kasu horietan, erabiltzaileari ohartarazi egingo zaio Egoitza Elektronikotik noiz ateratzen den.

6. artikulua.– Erregistro Elektronikoa.

1.– UPV/EHUren Erregistro Elektronikoaren zeregina da bitarteko telematikoz igorritako agiriak jasotzea nahiz igortzea eta horien sarrera nahiz irteera erregistroak egitea.

2.– UPV/EHUko Erregistro Elektronikoaren sorrera eta funtzionamendua UPV/EHUko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegian daude araututa. Arautegi hori Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri kontsultak egiteko.

7. artikulua.– Administrazio prozedura elektronikoen katalogoa.

1.– Bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetu daitezkeen administrazio prozeduren katalogoa Egoitza Elektronikoaren web orrian egongo da ikusgai, ondo ikusteko lekuan.

2.– Prozedura bakoitzean eskuragarri egongo da prozedurari berari buruzko informazio orokorra. Informazio horrek honako hauek barne hartuko ditu: izapideak egiteko jarraibide orokorrak, organo eskuduna, administrazioaren isiltasuna, ebazpenaren aurka jar daitezkeen errekurtsoak eta zein organoren aurrean jarri behar diren, epea ere adierazita.

3.– Administrazio prozedurak eta horietarako euskarri informatikoak gehitu edo kentzeko, UPV/EHUko Prozedura Elektronikoen Katalogoa Sortzeko Arautegian ezarritakoa beteko da.

8. artikulua.– Kexen eta iradokizunen postontzi elektronikoa.

1.– Erabiltzaileek egokitzat jotzen dituzten kexak eta iradokizunak aurkezteko formulario bat prestatuko da. Formulario horretarako esteka Egoitza Elektronikoaren orrian egon beharko da.

2.– UPV/EHUri bitarteko hau erabiliz egiten zaizkion kontsultak, gehienez ere, hamabost eguneko epearen barruan erantzungo dira.

3.– Kexa bat edo iradokizun bat aurkezteak ez du, inola ere, berarekin ekarriko administrazio prozedura bat abian jartzea ezta administrazio errekurtso bat jartzea ere; interesdunari horren berri emango zaio halakorik aurkezten duen unean.

9. artikulua.– Aldizkari Elektroniko Ofiziala.

1.– UPV/EHUko Aldizkari Elektroniko Ofiziala, soilik euskarri elektronikoan egongo dena, UPV/EHUren Egoitza Elektronikoan argitaratuko da.

2.– Aldizkariari buruzko arautegi espezifikoa Egoitza Elektronikoan argitaratuko da, UPV/EHUko arauen bilduma jasoko den lekuan.

10. artikulua.– Iragarki Taula Elektroniko Ofiziala.

1.– UPV/EHUko organo eta zerbitzuetako akordioak, erabakiak, jakinarazpenak eta administrazio egintzak Unibertsitateko Iragarki Taula Elektroniko Ofizialean argitaratuko dira nahitaez. Iragarki taula hori Egoitza Elektronikoan egongo da LAEko 12. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Aldizkariari buruzko arautegi espezifikoa Egoitza Elektronikoan argitaratuko da, UPV/EHUko arauen bilduma jasoko den lekuan.

III. TITULUA
IDENTIFIKAZIOA ETA AUTENTIFIKAZIOA

11. artikulua.– Egoitza Elektronikoaren identifikazioa.

UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa gailu seguruen bidezko ziurtagiri espezifiko baten bitartez identifikatuko da. Egoitza Elektronikoaren ziurtagiriaren helburu bakarra egoitza hori identifikatzea izango da.

12. artikulua.– Unibertsitateko kideen borondatearen identifikazioa eta egiaztapena.

1.– UPV/EHUk unibertsitateko kideen eskura jarri beharko ditu eremu elektronikoan burutu beharreko jarduerarako egokiak diren sinadura elektronikorako sistemak.

2.– Organo eskudunaren titularrak ebazpen eta administrazio egintza guztiak edo horietako batzuk elektronikoki izenpetzeko eskumena eskuordetzan eman ahal izango die mendeko organo edo administrazio unitateetako titularrei, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak (aurrerantzean Administrazio eta Prozedura Legea) 16. artikuluan ezarritako mugen barruan.

3.– UPV/EHUren zerbitzura diharduten langileei eta unibertsitateko pertsona bakarreko gobernu eta/edo ordezkaritza organoetako titularrei dagokienez, elektronikoki sortutako agiriak elektronikoki izenpetzeko prozesua errazte aldera, unibertsitateak Portafirma sistema ezarriko du.

13. artikulua.– Erabiltzaileen identifikazioa.

1.– Egoitza Elektronikoan eskaintzen diren zerbitzuetara sarbidea izateko, erabiltzaileek UPV/EHUk onartzen dituen sinadura elektronikoko sistemak erabili ahal izango dituzte. Horiei buruzko informazioa Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri eta sinadura elektroniko aurreratuko sistemak erabili beharko dira agiri elektronikoak osorik daudela eta benetakoak direla egiaztatzea eskatzen duten jardueretan.

2.– Jarduerak edo izapideak interesduna identifikatzea baino eskatzen ez den kasuetan, beste sistema batzuk erabiltzea baimendu ahal izango da. Beste sistema horietan nahikoa izango da erabiltzaileak erregistratu ondoren adostutako gakoak erabiltzea, bi aldeek ezagutzen duten informazioa ematea edo sistema ez kriptografikoak baliatzea. Sistema hori erabili ahal izateko, prozeduretan hala adierazi beharko da.

3.– Pertsona fisiko eta juridikoek ordezkari baten bitartez jardun ahalko dute. Ordezkari horrek, betiere, bere sinadura elektronikoa erabili beharko du, UPV/EHUko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegiko 23. artikuluan zehaztutako baldintzetan.

4.– Halaber, LAEko 22. artikuluan eta UPV/EHUko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegiko 24. artikuluan zehaztutakoaren arabera, interesdunek, unibertsitatean egin beharreko izapide eta jardueretarako, funtzionario publiko gaitu batek bere sinadura elektronikoko sistema erabiliz identifikatzea edo autentifikatzea eskatu ahal izango dute.

14. artikulua.– Administrazio jarduera automatizatua.

1.– Administrazio jarduera automatizatua denean, ondoko sinadura elektronikoko sistema hauek erabili beharko dira:

a) Unibertsitatearen zigilu elektronikoa edo sinatzeko eskumena esleituta duen administrazio organoarena.

b) Unibertsitateari edo kasuan kasuko administrazio organoari lotutako egiaztapen kode segurua.

2.– Zigilu elektronikoan organoaren izen osoa agertuko da eta ezingo da pertsona fisikoei buruzko erreferentziarik egon.

3.– Administrazio organoei lotutako zigilu elektronikoak UPV/EHUko idazkari nagusiaren erabaki bidez sortuko dira, Administrazio Elektronikoko Batzordeak aztertu ondoren.

IV. TITULUA
AGIRI ELEKTRONIKOA

15. artikulua.– Agiri elektronikoa.

1.– Agiri elektronikoa modu elektronikoan dagoen edozein eratako informazioa da; euskarri elektronikoan artxibatuta eta elektronikoki sinatuta dago, formatu jakin batean, eta identifikatu egin daiteke, baita tratamendu berezitua izan ere.

2.– UPV/EHUk agiri administratiboak bide elektronikoa erabiliz balioz emateko beharrezkoak diren mekanismoak ezarriko ditu. Agiri horiek eta paperezkoek ondorio berak sortuko dituzte, betiere, onartutako sinadura elektroniko bat edo gehiago badituzte, eta denbora erreferentzia bat badute, LAEko 29. artikuluak ezarritakoarekin bat.

16. artikulua.– Administrazio egiaztagiri elektronikoak eta datuen transmisioa.

Administrazio sinpletasunaren eta administrazioen elkarreragingarritasunaren printzipioak aintzat hartuta, UPV/EHUk ziurtagiriak, eta oro har, paperezko dokumentuak desagertuz joan daitezela bultzatu behar du, horien guztien ordez, apurka-apurka eta ahal den neurrian, ziurtagiri eta agiri elektronikoak eman daitezela edo datuak transmititu daitezela bultzatuz.

17. artikulua.– Espediente elektronikoa.

1.– Espediente elektronikoa UPV/EHUko organoen, zerbitzuen eta administrazio unitateen jarduera gauzatzen duten egintzen multzo ordenatua da. Egintzok unibertsitatearen eginkizunak eta eskumenak betetzeko balio dute, indarreko arauen arabera, eta hirugarrenen aurrean edo unibertsitatearen beraren esparruan eragina dute.

2.– Espedientea interesdunari bidali ordez, beste aukera bat da, ondorio guztietarako berdin balio duena, espediente elektronikoa haren eskura jartzea. Interesdunak kopia bat eskuratzeko eskubidea izango du LAEn ezarritako baldintzekin eta hura garatzen duten arauekin bat etorrita.

3.– Espediente elektronikoa osatuko du hura izapidetzeko ardura duen organoak, edo, bestela, agiri elektronikoak gestionatzeko politikan zehazturik dagoen organoak.

18. artikulua.– Espediente elektronikoa osatzen duten elementuak.

1.– Interesdunari bidali edo haren esku jarri beharreko espediente elektronikoek osagai hauek izango dituzte:

a) Agiri elektronikoak, espediente batean baino gehiagotan egon daitezkeenak. Salbuespen modura, espedientean sartu behar diren agirien izaera edo luzera dela-eta, ezarritako estandarrei eta prozedurei jarraiki, agiriok espedientean sartu ezin badira edo hori egitea oso zaila bada, espedientearen aurkibidean sartu beharko dira, nahiz eta aparte edo beste formatu batean aurkeztu.

b) Aurkibide elektronikoa, espediente elektronikoaren osotasuna bermatu eta, behar den guztietan, hura berreskuratzeko bidea emango duena, LAEko 32.2 artikuluarekin bat.

c) Aurkibide elektronikoaren sinadura, unibertsitateak edo organo zein erakunde jarduleak onartuta dauden sinadura elektronikoko sistemak erabiliz egina.

d) Espediente elektronikoaren metadatuak. Metadatutzat hartuko da agiri elektronikoei lotutako edozein informazio elektroniko, bitartekotzat har daitekeena, agiriaren edukitik banatuta dagoena eta agiriaren ezaugarrietakoren bat berehala ezagutzeko edo automatizatzeko balio duena, agiriaren beraren eskuragarritasuna, hartarako irispidea, kontserbazioa eta elkarreragingarritasuna bermatzeko. Halaber, espediente elektroniko bat osatzen duten agiriek lotuta izan beharko dituzten metadatuek agiria kokatzeko balioko duen informazioa izan beharko dute, honako hau hain zuzen: agiria zein organok eman duen, agiriaren funtzioa zein den eta zein administrazio prozeduratakoa den.

18. artikulua.– Agiri elektronikoak kontserbatzea eta artxibatzea.

1.– UPV/EHUk agiri elektronikoak kontserbatu eta artxibatuko ditu honako hauek bermatuz: osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, eskuragarritasuna, babesa eta kontserbazioa.

2.– Horretarako, benetako kopiak eta beharrezkotzat jotzen dituen formatu aldaketak egin ahalko ditu, artxibatzea errazteko, funtsezko edukia aldatu gabe, eta agiriak zaharkitzetik eta bestelako inguruabar teknikoetatik babestuko ditu, horiek Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean ezarritakora egokituta.

3.– Agiri elektronikoei dokumentuak gestionatzeko eta artxibatzeko indarrean dauden arauak ezarriko zaizkie, baita dokumentuak deskribatzeko, balioesteko eta garbitzeko arau orokorrak ere.

4.– UPV/EHUko Dokumentuak Balioetsi eta Garbitzeko Batzordeak, kasuan kasuko administrazio prozeduraren arabera, gutxieneko epeak ezarriko ditu agiri elektronikoak kontserbatzeko, suntsitzeko edo betiko gordetzeko, baita erabiltzaileek agiriok eskura izateko ere, legearekin eta hura garatzen duten arauekin bat etorrita.

5.– Bitarteko elektronikoen bidez gordetako agirietara irispidea izateko, Administrazio eta Prozedura legearen 37. artikuluan ezarritakoa bete beharko da, baita abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoan, eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoa ere. Bitarteko elektronikoak erabiliz agirietara irispidea izateko eskubideak berarekin dakar kopia edo ziurtagiri elektronikoak eskuratzeko eskubidea.

V. TITULUA
PROZEDURA ELEKTRONIKOAREN GESTIOA

19. artikulua.– Prozeduraren hasiera.

1.– UPV/EHUk berarekin harremanetan jartzeko eta berak gestionatu eta izapidetutako prozedurak hasteko bitarteko elektronikok erabiltzeko eskubidea bermatuko du. Horretarako, interesdunen eskura jarriko ditu eskaerak egiteko eredu edo sistema elektronikoak, unibertsitatearen Egoitza Elektronikoan argitaratutako prozeduren katalogoan agertzen diren izapide eta prozeduretarako.

2.– Interesdunek agiri elektronikoak eta beharrezkoak diren edo egokitzat jotzen dituzten agirien kopia digitalizatuak gehitu ahal izango dizkiote espedienteari, eskaerarekin batera edo beranduago, baina kopia horiek jatorrizkoarekin bat datozela bermatzeko sinadura elektroniko aitortua erabili beharko dute.

Gerora, prozeduraren izapideen ardura duen organoak herritarrari jatorrizko agiria erakusteko eskatu ahal izango dio, aurkeztutako kopia elektronikoarekin erkatzeko.

3.– UPV/EHUko idazkari nagusiaren erabaki bidez, zenbait administrazio prozedura nahitaez elektronikoki izapidetu behar direla edo unibertsitatearekin harremanetan jartzeko soilik bitarteko elektronikoak erabil daitezkeela ezarri ahal izango da, behar bezala justifikatuta eta LAEko 27.6 artikuluan zehaztutako baldintzekin bat etorrita.

Idazkari nagusiaren erabaki bidez, halaber, bitarteko elektronikoak nahitaez erabili behar direla ezarri ahal izango da unibertsitateko kideei edo UPV/EHUrekin lotura juridikoa duten enpresei edo erakundeei zuzendutako prozeduren kasuan. Prozedura horien zerrenda Egoitza Elektronikoan argitaratuko da.

Artikulu horren ondorioei begira, bermatu beharko da UPV/EHUko langileek beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta giza baliabideen dotazioa eta horien gaineko prestakuntza jasotzen dutela.

20. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa eta amaiera.

1.– Bitarteko elektronikoak erabiliz hasitako prozedura bat osorik euskarri elektronikoan izapidetu ezin denean, organo eskudunak paperean erreproduzitu ahal izango ditu eskaerak, komunikazioak edo bestelako agiri elektronikoak, espedientea izapidetzen jarraitu ahal izateko, betiere jatorrizko agiri elektronikoak modu seguruan artxibatuta.

2.– Osorik modu elektronikoan gestionatutako administrazio prozeduretan, prozedura izapidetzen duen organoak irispide mugatuko zerbitzu elektroniko bat jarriko du interesdunaren esku, «Herritarraren Karpeta» izenekoa, interesdunak, bere burua UPV/EHUk onartutako sinadura sistemaren baten bidez identifikatu ondoren, prozeduraren izapideei buruzko informazioa kontsultatzeko aukera izan dezan, indarrean dauden arauek horretarako mugarik jartzen ez badute.

3.– Osorik modu elektronikoan izapidetu ez diren prozeduretan izapideen egoerari buruzko informaziorako zerbitzu elektronikoak jarriko dira, eta horietan, gutxienez, prozedura zein fasetan dagoen adierazi eta prozeduraren ardura daukan organo edo unitatearen berri emango da.

4.– Osorik modu elektronikoan izapidetutako prozedura amaitzeko egintza edo ebazpena, euskarri elektronikoan egongo dena, Administrazio eta Prozedura Legearen 89. artikuluan ezarritakoaren araberakoa izango da, eta bertan organo eskuduna zein den agertuko da. Organo horrek interesdunari jakinarazpena helarazi beharko dio bere ziurtagirietakoren bat erabiliz.

VI. TITULUA
KONTRATAZIO PROZEDURETARAKO ARAU BEREZIAK

21. artikulua.– Erakundearen web orria.

UPV/EHUren Egoitza Elektronikoak dituen izaera eta funtzioak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Errege Dekretuan (aurrerantzean SPKL) ezarritakoak dira.

22. artikulua.– Kontratatzailearen profila.

1.– UPV/EHUren Egoitza Elektronikoak «Kontratatzailearen profila» izeneko gune bat izango du eta bertan, SPKLk ezarritakoarekin bat, kontratazio organoaren kontratazio jarduerari buruzko datuak eta informazioa argitaratuko dira. Gutxienez, honako hauek argitaratuko dira:

a) Lizitazio iragarkiak.

b) Behin-behineko eta behin betiko esleipenak.

c) Kontratazio orriak.

d) Kontratazio historia.

2.– UPV/EHUren Egoitza Elektronikoak gune horretan argitaratzen den informazioa jendaurrean noiz jarri den egiaztatu ahal izateko baliabideak izan beharko ditu, baita sinadura elektronikoa, denbora zigilua eta bestelako baliabideak ere.

23. artikulua.– Kontratazio elektronikoa.

SPKLn ezarritako moduan, UPV/EHUk lizitazio elektronikoak egin ahal izango ditu sektore publikoko kontratuen printzipio nagusiak bermatuko dituzten plataformen bitartez.

24. artikulua.– Fakturazio elektronikoa.

1.– UPV/EHUk faktura elektronikoak izapidetzeko sistema bat jarriko du Egoitza Elektronikoan. Sistema horrek, dokumentuen gestioa eta identifikazio eta sinadura elektronikoko prozedurak erabiltzeko aukera barne hartuko dituenak, honako hauek bermatuko ditu:

a) Fakturen jatorriaren benetakotasuna eta faktura horien edukiaren osotasuna. Horiek aitortutako sinadura elektronikoaren bidez edo UPV/EHUk onartutako bestelako sinadura moten bidez egiaztatuko dira.

b) Emandako fakturak (hartutakoak zein igorritakoak) beren jatorrizko formatuan irakur daitezkeela bermatzeko moduan kontserbatzea, baita, hala badagokio, horiekin lotutako datuak eta sinadura egiaztatzeko mekanismoak edo baimendutako bestelako elementuak ere.

2.– Fakturazio elektronikoko sistemak erabiliz izapidetzen diren fakturetan indarrean dauden arauek fakturak emateko ezarritako baldintzak bete beharko dira.

VII. TITULUA
BITARTEKO ELEKTRONIKOEN BESTE ERABILERA BATZUK

25. artikulua.– UPV/EHUko kide anitzeko organoek bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– UPV/EHUko kide anitzeko gobernu eta ordezkaritza organoek bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte organoak eratzeko eta erabakiak hartzeko, LAEko lehenengo xedapen gehigarrian xedatutako moduan, Gobernu Kontseiluak hori arautzeko onartuko duen arautegiko baldintzetan.

2.– Aurreko atalean ezarritakoa betetzeari begira, bitarteko elektronikoak erabiltzeko beharrezkoa da kide anitzeko organoetako kide guztiek aitortutako sinadura elektronikoa izatea, beren jarduerak identifikatzeko, egiaztatzeko eta jarduerok osorik daudela eta ezetsi ez direla bermatzeko.

3.– Kide anitzeko organo bakoitzaren barne funtzionamendu arauek bitarteko elektronikoen erabilera onartu beharko dute. Halaber, bitarteko elektronikoak zein bileratan erabiliko diren zehaztu beharko dute, baita bilera horiek egiteko zein euskarri edo sistema elektroniko erabiliko den ere. Bereziki, honako hauei dagozkien zehaztasunak jaso beharko dira: kide anitzeko organoaren deialdia egitea, organoa eratzea, bileraren nondik norakoak, erabakiak hartzea, aktak idaztea eta aktak jakinarazi eta argitaratzea.

4.– Edonola ere, kide anitzeko organoek beren funtzionamenduari buruz modu elektronikoan hartzen dituzten erabakiek ezin dute organoen jardueren erregimen juridikoa aldatu, izapidetze elektronikorako beharrezkoak diren zehaztasunen kasuan izan ezean.

26. artikulua.– Bestelako iragarki taulak eta banaketa zerrendak.

1.– UPV/EHUk arautegi honetan araututako Iragarki Taula Elektroniko Ofizialaz bestelako iragarki taulak sortu ahal izango ditu, hari buruz arautegi honetan zehaztutakoa gorabehera.

2.– Iragarki taulek eta unibertsitateko kideekin komunikatzeko bestelako sistemek, hala nola, banaketa zerrendek, funtzionamendu egokia izango dutela bermatzeko, arau espezifikoak sortuko dira. Arau horiek betetzen ez badira, erantzukizunak eskatu ahal izango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Egoitza Elektronikoa abian jartzea eta bere edukiak zehaztea.

Arautegi honetan aipatutako Egoitza Elektronikoa abian jartzen denetik aurrera, bertan egin daitezkeenak eta edukiak apurka-apurka joango dira osatzen, UPV/EHUko Administrazio Elektronikoa Ezartzeko Planean zehaztutako egutegiari jarraiki.

Bigarrena.– Idazkaritza Nagusiaren eskumenak administrazio elektronikoan.

UPV/EHUn administrazio elektronikoa garatzeko eta ezartzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta jarraibideak emateko eskumena Idazkaritza Nagusiarena izango da.

Hirugarrena.– UPV/EHUren zerbitzura dauden langileen prestakuntza.

UPV/EHUk prestatu egingo ditu prozeduren gestio elektronikoaren ardura duten langileak, arautegi honetan zehaztutakoa behar bezala bete dadin. Halaber, UPV/EHU arautegi honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoez eta giza baliabideez hornituko da.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean sartzea.

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala