147. zk., 2013ko abuztuaren 2a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (167 KB - 2 orri.)
- EPUB (98 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
3498
393/2011 DEKRETUA, uztailaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea AB – Centro de Transportes de Bizkaia AB» sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.
Europako herrialdeen arteko merkataritza-harremanak areagotzearen eta garraio-sektoreak hartu duen garrantzia ekonomikoaren ondorioz, aipatu bezalako zentroak sortu dira Europan; zentro horiek, hain justu ere, garraioko eskariaren eta eskaintzaren arteko kontaktua erraztu eta koordinazio intermodala ahalbidetzen dute, eta enpresen koordinazioa, kudeaketa eta antolaketa hobetzen.
Abenduaren 20ko 242/1982 Dekretuaren bidez, Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea AB – Centro de Transportes de Bizkaia AB sozietatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sozietate publiko gisa eratu zen, baina abenduaren 3ko 375/1985 Dekretuaren bidez galdu zuen izaera hori. Sozietate horren xede soziala Bizkaiko Lurralde Historikoan Garraio-Zentro Integratuak eta ibilgailu astunentzako aparkalekuak sustatu, prestatu eta ustiatzea da.
Hitzartutako gehikuntza baino lehenagoko sozietate-kapitala berrogeita hamar milioi zortziehun eta laurogeita hamar mila zortziehun eta berrogeita hamahiru euro eta hirurogeita lau zentimokoa (50.890.853,64) da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hamar milioi ehun eta berrogeita hamazortzi mila bostehun eta berrogeita hamahiru euro eta hirurogeita zortzi zentimoren partaidetza eta sinadura du (10.158.553,68), alegia, kapitalaren % 19,9615.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Erkidegoan kokaturiko garraio-zentro integratuak sustatzeko duen politikari jarraikiz, kontuan hartu da «Bizkaiko Garraio Gunea AB – Centro de Transportes de Bizkaia AB» (Aparkabisa) sozietateak bere kapital soziala gehitzeko egindako aurreikuspen-txostena. Hortaz, sozietatearen kapitala milioi bat laurehun eta laurogeita hemeretzi mila seiehun eta berrogeita sei eurotan eta hogeita hemeretzi zentimotan (1.499.646,39) gehituko da; gehikuntza hori hiru mila ehun eta hemeretzi (3.119) akziotan ordezkatuta egongo dira, eta horietariko bakoitzak laurehun eta laurogei euro eta laurogeita bat zentimoko (480,81) balio izendatua izango du
Kapitala gehikuntzari buruzko aurreikuspen txostena,Sozietateko zuzendari nagusiak egindakoa, aztertu ostean, bidezkotzat jo da, helburu horri begira, kapital horren gehikuntzan parte hartzea. Ondorioz, EAEko Administrazioak sozietatearen kapitalean % 19,9618ko partaidetza izango du, betiere Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110. artikuluan eta gainerako xedapen bateragarrietan adierazitako prozeduraren arabera.
Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta aldez aurretik 2013ko uztailaren 23an egindako Jaurlaritzaren Kontseiluaren bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau:
XEDATZEn DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea aurreikusitako kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman ondoren, «Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea AB – Centro de transportes de Bizkaia AB» sozietatearen Akziodunen Ohiko Batzar Nagusiak gehikuntza onartu ahal izango du. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak berrehun eta laurogeita hemeretzi mila bostehun eta berrogeita lau euro eta hirurogeita hiru zentimoko (299.544,63) ekarpena eginez gauzatuko da gehikuntza eta, ondorioz, sozietatean % 19,9618ko partaidetza izango du aurrerantzean.
2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari edo parte hartzeko kide-eskubideak dituenari baimena ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, akzioak harpidetu eta estaltzeko beharrezkoak diren ordainketak eta ekarpenak egiteko, kapital-gehikuntzak sozietatearen estatutuetan eragiten duen aldaketa onartzeko, bai eta, orokorrean, aurreko artikuluan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren gainontzeko jarduketetan aritzeko ere.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 23an.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GAZAGAECHEVARRIA BASTIDA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.