133. zk., 2013ko uztailaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (308 KB - 29 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3193
AGINDUA, 2013ko uztailaren 10ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, deialdia egiten duena 2013-2014 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko diru-laguntzetarako eta 2013-2014 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egingo dituzten ahalmen urriko ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko laguntzetarako.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua-– 15. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».
Uztailaren 2ko 181/1985 Dekretuaren eranskineko B.2 puntuak –unibertsitateen arloan estatuaren egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa– ezartzen duenez, erkidego horri eskualdatzen zaio erkidego horretan administrazio-egoitza duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleentzako beka-deialdiak arautzeko eta kudeatzeko zeregina (uztailaren 2ko 181/1985 Dekretuaren bidez, unibertsitateen arloan Transferentzien Bitariko Batzordeak 1985eko martxoaren 25ean hartutako erabakia onetsi zen, maiatzaren 25eko 1014/1985 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera).
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 8., 38. eta 44. artikuluetan arautzen ditu beka eta ikasketetarako laguntzei buruzko gaiak, eta honako hau ezartzen du: unibertsitateen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio oinarrizko legedian bekei, kredituei eta ikasketetarako laguntzei buruz ezarritako sistema orokorra arau bidez garatzea.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak hau xedatzen du 8.2 artikuluan: ikasle desgaituak euskal unibertsitate-sistematik baztertuta gera ez daitezen, Jaurlaritzak arauak ezarriko ditu, bai eta aukera-berdintasunerako politikak bultzatu ere; bekak, laguntzak eta maileguak emango dizkie ikasle horiei.
Eta horren guztiaren ondorioz, diru-laguntzen arloan indarrean den legeriarekin bat etorriaz, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan jasotakoarekin bat etorriaz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Testu bategina), honako hau:
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da beka eta laguntza hauen oinarriak deitzea eta onartzea:
1.– 2013-2014 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekak, agindu honen 1. eranskineko oinarrien arabera.
2.– 2013-2014 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiten dituzten ikasle desgaituen garraio-gastuak ordaintzeko laguntzak, agindu honen 2. eranskineko oinarrien arabera.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
1.– Aurreko artikuluko 1. ataleko beketarako, guztira, 26.577.611 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura; horietatik, 2.200.000 euro erabiliko dira 2013ko ekitaldian ematen diren ebazpenak finantzatzeko, hau da, ekitaldi horretan izapideak amaitu dituzten eskabideak onartzeko. Gainerakoa (24.377.611 euro), berriz, 2014. ekitaldia ematen diren ebazpenak finantzatzeko izango da, betiere 2014an kreditu egokia eta nahikoa badago eta Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak 2007ko apirilaren 26an emandako Aginduan aurreikusitakoaren arabera (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen da).
2.– Aurreko artikuluko 2. ataleko laguntzetarako, 100.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.
3.– Kopuru horiek, dena den, aldatu ahal izango dira, baldin eta eskatutako laguntzen zenbateko osoa aurrekontua baino txikiagoa bada eta aurrekontu-baliabideak agortu gabe geratzen badira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programa batzuk bete ondoren. Laguntzak ebatzi baino lehenago aldatu beharko dira kopuru horiek. Kopuru horiek aldatu edo deialdi horietarako funtsak agortzen badira, horren berri emango da Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Baimena ematen zaio Unibertsitateetako zuzendariari jarraibide zehatzak eman ditzan, agindu honetan xedatutakoa betetzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau egunkari ofizial berean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 10a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
2013-2014 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO ETA GOI-MAILAKO IKASKETAK EGITEKO BEKAK
I. KAPITULUA
XEDEA ETA APLIKAZIO-EREMUA
1. artikulua.– Xedea eta izaera.
1.– Deialdi honen xedea da goi-mailako irakaskuntzetako ikasleei bekak ematea, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza izan eta 2013-2014 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketa hauetakoren bat egiten dutenei Euskal Autonomia Erkidegoan edo Estatuko beste lurralde batean:
a) Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.
b) Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.
c) Titulu ofizial hauek lortzera bideratutakoak: unibertsitateko diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, lizentziaduna, arkitektoa eta ingeniaria.
d) Dagokion Diplomatura, Arkitektura Tekniko edo Ingeniaritza Teknikotik abiatuta, tituludunek egiten dituzten bigarren zikloko unibertsitate-ikasketak (edo horietara sartzeko beharrezkoak diren egokitze-ikastaroak eta prestakuntza osagarriak).
e) 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate ez-presentzialetan emandakoak.
f) Goi-mailako arte-ikasketak.
g) Goi-mailako ikasketa militarrak.
h) Goi-mailako erlijio-ikasketak.
2.– Beka horiek diru-laguntzak dira. Araubide juridikoan aurreikusten ez den guztirako hau aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua, eta batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren araubideari buruzko xedapenak.
II. KAPITULUA
BEKAREN OSAGAIAK
2. artikulua.– Bekaren osagaien zerrenda.
1.– Beka hainbat osagaitan zatituko da, unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteagatik diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuen arabera. Bekadun bakoitzari dagokion bekaren azken zenbatekoa zein den jakiteko, aplikagarriak zaizkion osagai guztiak batu beharko dira, honen guztiaren arabera: bekadunaren, haren familiaren eta ikasketen egoera, eta osagai horien arteko bateraezintasun-erregimena.
2.– Hauek dira bekaren osagaiak:
– Prezio publikoen zenbatekoa.
– Material didaktikoa.
– Soldata.
– Hiriarteko garraioa.
– Probetxu akademikoa.
– Egoitza.
3. artikulua.– Prezio publikoen zenbatekoa.
1.– Prezio publikoen ordainketa zera da: 2013-2014 ikasturteko matrikula edo irakaskuntza-zerbitzuak ordaintzea.
2.– Bekadunek prezio publikoen diru-zenbatekoa eskuratu ahal izango dute, salbuespen hau izan ezik: goi-mailako irakaskuntza Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikastetxeetan egiten dutenek.
3.– Bekaren osagai hori emateko, familia-errentak ezin du gainditu 15. artikuluan zehaztutako 3. muga.
4.– Ikasleak 2013-2014 ikasturtean egiten duen matrikulako irakasgai eta kreditu guztiak hartuko ditu prezio publikoaren zenbatekoak, baldin eta irakasgai eta kreditu guztiak titulu edo espezialitate bakarrarenak badira, titulu hori lortzeko beharrezkoak badira eta lehenengo edo bigarren matrikularenak badira.
5.– Prezio publikoen zenbatekoa kalkulatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitate publikoetan, agindu batek finkatuko du prezioa; 2013-2014 ikasturtean ikasketa-zerbitzuengatik ordaindu beharko diren prezio publikoak arautuko dituen aginduak, hain zuzen ere.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitate pribatuetan, prezioa ez da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan titulu eta ikasketa-plan berarentzat ezarritako prezio publiko ofiziala baino handiago izango. Unibertsitate pribatuen graduko eta masterreko ikasketa ofizialei dagokienez, esperimentazio-mailaren eta jakintza-alorraren arabera ezarriko da prezioa.
c) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko unibertsitateetan, arau hauek aplikatuko dira konpentsatu beharreko prezio publikoak zehazteko:
– Unibertsitate publikoetan, kasu bakoitzeko xedapen arautzaileek ezartzen duten zenbatekoa errespetatu beharko da. Master ofizialeko ikasketetatik prezio berezia dutenek, lanbide-gaitasuna lortzeko ez badira, kredituko 50 euroko muga izango dute; horrela, ez da konpentsatuko kopuru horretatik gorako prezio publikoen kosturik.
– Unibertsitate pribatuetan, prezioak ez du pasako honako muga: eskatzailea bizi den autonomia erkidegoko titularitate publikoko zentroetan, titulazio eta ikasketa-plan berdinerako ezarritako prezio publiko ofizialen muga, alegia. Autonomia erkidego horretan eskaintzen ez diren titulazioei dagokienez, ikasketa horiei dagokien esperimentazio-mailaren arabera ezarriko da laguntzaren zenbatekoa.
d) Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako ikasketak ematen dituzten ikasketa –zentroetan, kasu bakoitzeko xedapen arautzaileek ezartzen duten zenbatekoa errespetatu beharko da.
4. artikulua.– Material didaktikoa.
1.– Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko ikasleek eskuratu behar dituzten liburuen edo/eta materialaren gastuak arintzea da material didaktikoari buruzko osagaiaren helburua.
2.– Bekaren osagai hori emateko, familia-errenta ezin da izan 15. artikuluan zehaztutako 3. maila baino handiagoa.
3.– Familia-errentaren araberakoa izango da material didaktikoari buruzko osagaiaren zenbatekoa:
– Familia-errenta deialdi honetako 15. artikuluan zehaztutako 1. mailaren berdina edo txikiagoa bada: 380 euro.
– Familiaren errentak gainditzen badu deialdi honetako 15. artikuluan zehaztutako 1. muga eta 2. muga bezalakoa edo txikiagoa bada: 307 euro.
– Familia-errenta deialdi honetako 15. artikuluan zehaztutako 2. maila baino handiagoa bada, eta 3. mailaren berdina edo txikiagoa bada: 239 euro.
4.– Material didaktikoari buruzko osagaia ez da bateragarria soldata osagaiarekin.
5. artikulua.– Soldata.
1.– Osagai hau eskatzaileak ikasketan aritzeko dedikazioa ordaintzeko da. Hori dela eta, bakarrik emango zaie baldintza hauek betetzen dituzten ikasleei: ikasketa presentzialak egitea, 21.2 artikuluan ezarritako errendimendu akademikoa betetzea, eta 54 kreditutan, gutxienez, matrikulatzea.
2.– Osagai hau kobratu ahal izateko, familia-errentak ezin du gainditu 15. artikuluko muga. Nahiz eta familia-unitateak diru-sarrerak objektiboki bere gastu-mailatik behera daudela justifikatu, ez badu egiaztatzen zer nolako bizi-baliabideak dituen, diru-osagai hau ukatu ahal zaio.
3.– Soldataren osagaia.3.500 eurokoa da.
4.– Soldata ez da bateragarria material didaktikoaren osagaiarekin eta probetxu akademikoarenarekin.
6. artikulua.– Hiriarteko garraioa.
1.– Hiriarteko garraioaren osagaiaren helburua da ikasleari laguntzea familia-egoitzatik ikastetxerako garraioaren gastua arintzen.
2.– Bekaren osagai hori emateko, familia-errentak ezin du gainditu 15. artikuluan zehaztutako 2. muga.
3.– Ikasketa presentzialen kasuan, eskatzailearen familiak bizilekutzat duen herritik ikastetxearen herrira dagoen tarte motzenaren araberakoa izango da hiriarteko garraioaren zenbatekoa, eskala honen arabera:
– 5 eta 10 kilometro artean: 192 euro.
– 10 eta 30 kilometro artean: 386 euro.
– 30 eta 50 kilometro artean: 763 euro.
– 50 eta 200 kilometro artean: 993 euro.
– 200 kilometro baino gehiago: 1.592 euro.
4.– Eskatzaileak ikasketa ez-presentzialak edo lineako ikasketak egiten baditu, hiriarteko garraioaren zenbatekoa 200 eurokoa izango da, baldin eta eskatzailearen familiak bizilekutzat duen herritik ikastetxearen herrira dagoen tarte motzena ez bada 50 kilometrokoa baino handiagoa.
5.– Hiriarteko garraioa ez da bateragarria egoitza-osagaiarekin.
7. artikulua.– Probetxu akademikoa.
1.– Probetxu akademikoaren osagaiaren helburua da saritzea aurreko ikasturtean 54 kreditutan gutxienez matrikulatutako ikasleen ahalegina (unibertsitate-ikasketak egin bazituzten), baldin beste beka-osagai batzuk eskuratzeko errendimendu akademikoa gainditu badute, 21.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Bekaren osagai hori emateko, familia-errentak ezin du gainditu 15. artikuluan zehaztutako 3. muga.
3.– Osagai hau 200 euro dira.
4.– Probetxu akademikoa ez da bateragarria soldata osagaiarekin.
8. artikulua.– Egoitza.
1.– Egoitza-osagaiaren helburua da unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiten dituzten ikasleei laguntzea ikasturtean zehar egiten duten etxebizitza-aldaketaren gastuak arintzeko, hau da, familiaren bizilekutik errentan hartutako etxe batera edo ikasle-egoitza batera. Osagai hori eskuratzeko, ezinbestekoa da ikastetxean bertan ikastea.
2.– Ikasleak behar bezala egiaztatu beharko du ikasturtean zehar izango duen bizilekua, hots, ikasketak direla-eta ohiko etxebizitzatik kanpo izango duen bizilekua. Familiaren bizitokiaren eta ikastetxearen herriaren artean 50 kilometro baino gutxiago badaude, egiaztatu egin beharko da ikasturtean zehar familiaren bizitokitik kanpo bizitzea ezinbestekoa dela, garraiobideen eskasia eta ikastordutegia dela eta.
3.– Nazioko edo nazioarteko mugikortasun-programetan parte hartzen duten ikasleek egoitza-osagaia eskuratu ahalko dute, baldin eta egiaztatzen badute, programa hori dela-eta, familiaren bizitokitik kanpo sei hilabete edo gehiago egongo direla.
4.– 14. artikuluko 3. atalaren arabera, familiaren laguntza ekonomikorik gabe bizitzeko baliabideak dituzten ikasleek ezingo dute eskuratu egoitza-osagaia; izan ere, ohiko bizilekutzat hartuko da ikasturtean zehar izango duten bizilekua, nahiz eta erroldan ageri den bizilekua ez izan.
5.– Bekaren osagai hau emateko, familia-errentak ezin du gainditu 15. artikuluan zehaztutako 3. muga.
6.– Familia-errentaren araberakoa izango da egoitza-osagaiaren zenbatekoa:
a) Familiaren errenta deialdi honetako 15. artikuluan zehaztutako 1. mugaren berdina edo txikiagoa bada: 3.772 euro.
b) Familiaren errentak gainditzen badu deialdi honetako 15. artikuluan zehaztutako 1. muga eta 2. muga bezalakoa edo txikiagoa bada: 3.336 euro.
c) Familiaren errentak gainditzen badu deialdi honetako 15. artikuluan zehaztutako 2. muga eta 3. mugaren berdina edo txikiagoa bada: 2.903 euro.
7.– Egoitza-osagaia ez da bateragarria hiriarteko garraioaren osagaiarekin.
9. artikulua.– Desgaitasunen bat duten ikasleentzako laguntza berezia:
1.– % 65eko desgaitasuna edo handiagoa legez aitortuta duten ikasleek % 50era arte murriztu ahalko dute ikasgai-kopurua; murrizpen horrek ez du eraginik izango laguntzetan.
2.– Matrikula osorik egiten duten ikasleek % 50 gehiago jasoko dute dagokien bekaren osagai guztietan, prezio publikoen salbuespenean izan ezik.
3.– Bekaren osagai hau emateko, familia-errentak ezin du gainditu 15. artikuluan zehaztutako 3. muga.
III. KAPITULUA
BALDINTZA OROKORRAK
10. artikulua.– Baldintza orokorrak.
Beka eskuratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea, 2012ko abenduaren 31n.
b) Matrikula egitea eta 2013-2014 ikasturtean 1. artikuluan jasotako ikasketaren bat ikastea. Aldi berean hainbat ikasketa eginez gero, ikasketa batentzat soilik jaso ahalko da beka.
Deialdi honetan beka eskatzeko, ikasleek master ofizial bat egin behar dute. Ezinbestekoa da masterraren ikasturtea bat etortzea urte naturalarekin eta 2013. urtean ematea.
c) Eskatzailea atzerritarra bada, egoitza-baimena Espainian izatea, eta eskatzailea edo sostengu ekonomikoa ematen diotenak Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunean zergapekoak izatea, 2012ko ekitaldian.
d) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexua bereiztearren eragindakorik ere, betiere otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
e) Ikasleek ez izatea bekarekin egin nahi dituzten ikasketen maila bereko edo handiagoko titulurik, eta ez betetzea horrelako tituluren bat eskuratzeko legezko baldintzak. Hori dela eta, Diplomatura, Arkitektura Tekniko edo Ingeniaritza Teknikoaren titulua dutenek edo eskuratzeko moduan daudenek ez dute bekarik jasoko, ez gradu-ikasketak egiteko (edo gradu-egokitzapenak egiteko), ezta Lizentziatura, Ingeniaritza edo Arkitektura ikasketak egiteko ere, salbu eta aurretiazko titulazio horietatik abiatuta bigarren zikloko ikasketak egiten badituzte.
f) Ez jasotzea unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekarekin bateraezina den bekarik edo laguntzarik.
11. artikulua.– Bateraezintasun-baldintza.
1.– Goi-mailako ikasketak egiteko edo ikasketa horiek dakartzaten gastuak (matrikula, joan-etorriak edo egoitza) ordaintzeko erakunde publiko edo pribatuek deitutako bekarik edo laguntzarik jasoz gero, ezin izango dira unibertsitate-ikasketak edo goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko bekaren osagai horiek jaso, helburu bera baitute, salbu 2. atalean azaltzen diren salbuespenetan.
Unibertsitate-ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko ikasketak egiteko bekarik jasoz gero, master ofiziala egiten ari diren ikertzaileentzako bekak ere jaso ahal izango dira, berdin izanik zein erakundek ematen dituen.
Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko eskuratutako laguntza guztien zenbatekoak ezingo du gainditu ikasketen kostu erreala.
2.– Salbuespenez, unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beka bateragarria da EAEko ikastetxeetara ikastera joaten diren ahalmen urriko ikasleentzako garraiorako bekarekin. Horretarako, laguntza guztien zenbatekoa ezin da izan garraio-gastuaren % 100 baino handiagoa. Hala gertatzen bada, laguntza murriztuko da, dagokion gehienezko mugaraino.
12. artikulua.– Bekaldiaren iraupena.
1.– Orokorrean, ikasketa-planean ezarritakoa baino urtebete gehiago izan ahal izango da bekadun. Nolanahi ere, Ingeniaritza edo Arkitekturako ikasketen kasuan, epe hori urte bikoa izango da, eta master ofizialeko ikasketen kasuan, zenbat urte izan ikasketa-planak, bakarrik urte horiexetan izan ahal izango da bekadun.
2.– Dena den, eskatzaileak ikasketa ez-presentzialak edo lineako ikasketak egiten baditu, aurreko paragrafoan araututakoa baino urtebete gehiagoz jaso ahalko du beka.
3.– % 65eko desgaitasuna edo handiagoa duten bekadunek ikastordu gutxiago izatea aukeratzen badute, artikulu honetako 1. puntuan ezarritako denbora baino bi urte gehiagoz jaso ahalko dute beka, salbu Ingeniaritza eta Arkitekturako irakaskuntzen kasuan; halakoetan, epe hori lau urtekoa izango da, eta masterreko ikasketen kasuan, berriz, ikasketa-planean zenbat urte ezarri, halako bitan izan ahal izango da bekadun.
4.– Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egin eta ikasketa horiek egitearren beka jasotzen duten eskatzaileek ezingo dute bekarik jaso unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak aldatzen badituzte. Bekarik jasotzeko, kontuan izan beharko da zenbat ikasturtetan jaso zuten unibertsitateko edo goi-mailako aurreko ikasketetan beka, eta ikasketa berrietan kopuru hori gainditu beharko dute, beka jaso ahal izateko.. Salbuespen gisa, unibertsitateko ikasketen lehenengo urtean beka jaso eta ikasketak lehenengo ikasturtean lehenengo aldiz aldatzen dituztenek beka jaso ahalko dute beste ikasketetan, baldin eta 21. artikuluan ezarritako etekin akademikoari buruzko betebeharra betetzen badute.
5.– Master ofizialeko ikasketak eginda dituzten beka-eskatzaileek ezin izango dute beste bekarik jaso beste master ofizial bateko ikasketak egiteko, baldin eta lehenengoagatik bekarik jaso bazuten.
IV. KAPITULUA
BALDINTZA EKONOMIKOAK
13. artikulua.– Familia-unitatea eta kide konputagarriak.
1.– Eskabidean, berarekin bizi diren pertsonak aipatu behar ditu eskatzaileak, bekaren ondorioetarako zer familia-unitate hartu behar den kontuan zehazteko. Familia-unitatea osatzen duten kide konputagarriek beren diru-sarrerak eta ondarea egiaztatu beharko dute, familiaren errenta zehazteko eta baldintza ekonomikoak eta ondarezkoak betetzen dituztela frogatzeko.
2.– Orokorrean, honako hauek dira familiaren kide konputagarriak: 2012ko abenduaren 31n, eskatzailearekin Euskal Autonomia Erkidegoko haren ohiko bizitokian bizi ziren eta 14. artikuluan xedatutakoa betetzen duten pertsonak. Hori egiaztatzeko, dagokion udal ziurtagiria edo bolantea aurkeztu beharko da.
3.– Nahiz eta kide konputagarria ez izan, banatu edo dibortziatu ondoren familiaren egoitzan bizi ez den ezkontideak osabidezko pentsioaren edo janari-pentsioaren kontzeptuan egindako diru-ekarpenak ere familia-unitatearen diru-sarreratzat joko dira. Hala ere, zaintza partekatua adosten bada eta seme-alabak txandaka bi gurasoekin bizi badira, bi gurasoen diru-sarrerak hartuko dira kontuan; seme-alabekin bizi ez den gurasoa kide konputagarri gisa hartuko da, eta guraso bakarreko familiei aplikatzen zaien murrizketaz baliatu ahal izango da familia-unitatea.
4.– Ez da onartuko Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden eskatzaileen beka-eskaerarik, baldin eta ez badira ekonomikoki independenteak, eta haien familia-unitateek eta sostengu ekonomikoa ematen dietenek ezin badute egiaztatu erkidego horretan bizi direla.
14. artikulua.– Nor diren kide konputagarriak.
1.– Eskatzailea independentea ez bada eta familia-unitateko semea edo alaba bada, honako hauek dira kide konputagarriak bekaren ondorioetarako: eskatzailea, aita eta ama, legez banatuta edo dibortziatuta ez badaude eta ezertan eragotzi gabe aurreko artikuluko 3. atalean ezarritakoa. Kide konputagarriak izango dira, halaber, familiaren egoitzan bizi diren hogeita bost urtez azpiko neba-arreba ezkongabeak (eta hortik gorakoak ere bai, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialik badute eta gurasoen menpe badaude).
Horietaz gainera, honako hauek ere familia-unitateko kide konputagarriak izango dira, eskatzailearen aitarekin edo amarekin etxebizitza berean bizi badira:
a) Gurasoen aurreko ahaideak, baldin eta etxebizitza berean bizi direla egiaztatzen badute.
b) Aplikatu beharreko foru-araudian azaltzen den harrera-egoeraren batean dauden pertsonak. Egoera hori alegatu, eta behar bezala egiaztatu egin beharko da.
c) Eskatzailearen aitaren edo amaren ezkontide berria edo izatezko bikotekide edo antzeko bikotekide berria, familiaren etxebizitzan bizi dena. Haren errenta eta ondarea ere kontuan hartuko dira.
Salbuespenez, eskatzailea umezurtza bada, harekin bizi diren beste senideak ere kide konputagarritzat joko dira, baldin eta behar bezala egiaztatzen bada ekonomikoki senide horien mende dagoela eta 2012. urtean ez zegoela sostengu ekonomikoa ematen zion beste inor. Kasu horretan, 17.2 artikuluko diru-sarreren kenkaria aplikatuko da.
2.– Eskatzailea ekonomikoki independentea bada eta familia-unitatea sortu badu, haren etxean bizi diren kide hauek izango dira kide konputagarriak bekaren ondorioetarako: eskatzailea; ezkontidea edo izatezko bikotekidea, hala erregistraturik edo erregistratu gabe dagoena; hogeita bost urtetik beherako seme-alabak (eta adinez nagusiek desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialik badute eta gurasoen mende badaude); harrera-egoeran dauden lagunak, betiere artikulu honetako 1. ataleko b) puntuan harrerari ematen zaion definizioaren arabera, eta eskatzailearen edo haren ezkontide edo bikotekidearen aurreko ahaideak, haiekin bizi badira.
Kide konputagarritzat joko da eskatzailearekin etxe berean bizi den pertsona, nahiz eta haien artean ez izan ahaidetasun-harremanik eta ezin justifikatu alokairuzko etxebizitza partekatzen dutela.
3.– Familia-kide bakarreko unitatea osatzen duen eskatzailea independentetzat jotzeko, horrek bere independentzia ekonomiko eta familiarra egiaztatu beharko du. Hau da, justifikatu egin beharko du, batetik, etxebizitza baten jabe dela edo etxebizitza bat alokatzen duela, eta, bestetik, gastuei aurre egiteko adinako baliabide ekonomiko dituela (mantenua, jantziak, etxebizitza, ikasketak eta garraioa). Eskaera ukatu egingo da, baldin eta ez bada behar bezala egiaztatzen eskatzaileak bere etxebizitza duela eta baliabide ekonomikoak dituela. Salbuespenez, baldintza horiek bete gabe ere familia-harrera egoeran egondako eskatzaileak ere independentetzat joko dira, egoera hori amaitu bada dagoeneko adinez nagusiak direlako.
15. artikulua.– Errenta-mailak.
1.– 2013-2014 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko emango diren bekak familia-errentaren maila hauen araberakoak izango dira:
(Ikus .PDF)
3.235 euro gehituko dira beste kide konputagarriko.
(Ikus .PDF)
3.672 euro gehituko dira beste kide konputagarriko.
(Ikus .PDF)
3.562 euro gehituko dira beste kide konputagarriko.
2.– Beka-eskaera ukatu egingo da, familia-unitatearen errenta familia-kide kopuru horrentzat 3. mailan ezarritako errenta baino handiagoa bada.
16. artikulua.– Nola zenbatesten den familia-errenta.
1.– Familia-errenta zenbatesteko, artikulu honetan ezarritakoa aplikatuko zaio familia-unitateko kide konputagarri bakoitzari; hain zuzen ere, 13. eta 14. artikuluan ezarritakoaren arabera kide konputagarriak diren familia-kideei.
2.– Bekaren ondorioetarako, honela zenbatetsiko da PFEZ aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta:
a) 2012. ekitaldiko PFEZ aitorpeneko bi zenbateko batu behar dira: zerga-oinarri orokorrarena eta aurrezpenaren zerga-oinarriarena. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza zero izango da. Emaitzazko zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio.
b) Hartzaileak, gainera, badauka PFEZren pean ez dauden diru-sarrerarik edo PFEZetik salbuetsitakorik , diru-sarrera horien zenbatekoa gehitu egingo zaio aurreko formularekin ateratako emaitzari.
3.– Bekaren ondorioetarako, honela zenbatetsiko da PFEZ aitorpena aurkeztu behar ez duten kide konputagarrien errenta:
a) 2012ko ekitaldian edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira (lan-etekina, langabeziaren prestazioak eta laguntzak, pentsioak, gizarte-laguntzak, salbuetsitako errentak...), baita hiri-izaerako ondasunen etekina ere, PFEZren ondorioetarako konputagarria dena, aplikatzekoa den zerga-araudiari jarraikiz. Ondasun horietan ez da sartzen ohiko etxebizitza.
b) Konturako atxikipenak eta aplikatzekoak diren gastu kengarriak (Gizarte Segurantza, etab.) kendu behar zaizkio emaitza horri.
4.– Ez da diru-sarreratzat hartuko Administrazio publikoek emandako ikasketa-beken zenbatekoa.
17. artikulua.– Familia-errentaren kenkariak.
1.– Guraso bakarreko familiei aplikatu behar zaien kenkaria:
Lortutako familia-errentari ehuneko hamarreko kenkaria besterik ez zaio aplikatuko, baldin eta eskatzailearen familia-unitatea guraso bakarrekoa bada eta baldintza hauetakoren bat betetzen badu:
a) Eskatzailea guraso bakarreko familia-unitate bateko semea edo alaba da, eta familia-unitateak diru-iturri bakarra du: hain zuzen ere, aitak edo amak besteren kontura egiten duen lana edo/eta jasotzen duen pentsioa (elbarritasun-pentsioa, alargun-pentsioa, zurztasun-pentsioa, osabidezko pentsioa edo/eta janari-pentsioa).
b) Eskatzailea guraso bakarreko familia-unitate bateko aita edo ama da, familia-unitateak diru-iturri bakarra du –hain zuzen ere, aitak edo amak besteren kontura egiten duen lana edo/eta jasotzen duen pentsioa (elbarritasun-pentsioa, alargun-pentsioa, zurztasun-pentsioa, osabidezko pentsioa edo/eta janari-pentsioa)– eta seme-alabekin ez beste inorekin bizi bada.
Edonola ere, familia-errentari kenkari hori aplikatzeko, behar-beharrezkoa da familia-errentan janari-pentsioaren edo/eta osabidezko pentsioaren zenbateko eguneratua sartzea, edo behar bezala egiaztatzea ez dagokiela kobratzea.
2.– Kide konputagarri jakin batzuen diru-sarrerei aplikatu behar zaien kenkaria.
Familian diru-sarrerak dituen kide konputagarri bakoitzaren errentaren ehuneko berrogeita hamarra kendu ahalko zaio familia-errentari. Ez dira, ordea, kide konputagarri hauek kontuan hartuko, sostengatzaile nagusiak baitira:
– Eskatzailea.
– Aita edo/eta ama (eta haren ezkontidea edo bizikidea, hala badagokio), 14.1 artikuluan deskribatutako familia-unitateetan.
– Eskatzailearen ezkontidea edo bikotekidea, 14.2 artikuluan deskribatutako familia-unitateetan.
3.– Familia ugariei aplikatuko zaien kenkaria:
Familia-errentari 500 euro kenduko zaizkio familia-egoitzan bizi den neba-arreba bakoitzarengatik, eskatzailea barne dela, kategoria orokorreko familia ugariak direnean; kopuru hori 765 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugariak direnean. Era berean, eskatzailea familia ugari bateko aita edo ama bada, kenkari hori aplikatu ahalko zaio etxean bizi den seme edo alaba bakoitzarengatik. Kenkari hori aplikatzeko, beharrezkoa izango da familia ugariaren titulua indarrean egotea eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.
4.– Ahalmen-urritasunagatik aplikatuko den kenkaria:
Familia-errentari kenkari bat aplikatu ahalko zaio ahalmen-urritasuna legez aitortua izan eta lan-errentarik edo baliokiderik ez duen kide konputagarri bakoitzarengatik. Kenkaria 1.811 eurokoa izango da ahalmen-urritasuna % 33koa edo handiagoa bada eta % 65koa baina txikiagoa bada, edonor dela ere kide konputagarria. Ahalmen-urritasuna % 65ekoa edo handiagoa bada, kenkaria 4.000 eurokoa izango da, baldin eta eskatzaileak badu ahalmen-urritasun hori; kenkaria 2.881 eurokoa izango da, baldin eta beste kide konputagarri batek badu ahalmen-urritasun hori. Kenkari hori aplikatzeko, beharrezkoa izango da egiaztatzea ahalmen-urritasuna indarrean egotea eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.
5.– Ikasketak direla-eta etxetik kanpo bizitzeagatik aplikatuko den kenkaria:
1.176 euroko kenkaria aplikatuko da, baldin eta gutxienez bi kide konputagarrik 2013-2014 ikasturtean unibertsitate-ikasketak egiten badituzte eta egiaztatzen badute familia-egoitzatik kanpo bizi direla ikasketak direla-eta.
18. artikulua.– Ondasunen eta jarduera ekonomikoen mugak.
1.– Ondasun-mugak.
Eskatutako beka ukatuko da, baldin eta, familia-errenta edozein delarik ere, 2012ko abenduaren 31n familia-unitateko kide konputagarrien ondasunen balioak edo/eta etekinek gainditu egiten badituzte ezarritako mugak.
Atal honetan aipatutako ondasunen balioari % 50eko kenkaria aplikatuko zaio. Horretarako, ondasun horien jabe diren familiako kide konputagarriek eskubidea izan behar dute diru-sarreretan kenkariak izateko; hain zuzen ere, 17.2 artikulua aplikatzen zaielako.
a) Hiri-finken mugak:
– Familiaren hiri-finken katastro-balioen batura 42.900 eurokoa izango da, gehienez. Ohiko etxebizitzaren katastro-balioa ez da kontuan hartuko.
– Ondasunak direla eta, eskatutako beka ukatu egingo da baldin eta ohiko etxebizitzaz gainera, familia-unitatea bi etxebizitza edo gehiago baditu.
–Hiri-finken balioa zenbatesteko, arau hauei jarraitu behar zaie:
* Euskal Herriko udalerrietako hiri-finkak:
Bizkaiko udalerrietan edo katastro-balioak berraztertu edo aldatu ez dituzten Arabako udalerrietan, hiri-finken katastro-balioaren % 100 zenbatuko da.
Katastro-balioak berraztertu edo aldatu dituzten Arabako udalerrietan, hiri-finken katastro-balioaren % 60 zenbatuko da, Vitoria-Gasteizen izan ezik; han % 25 zenbatuko da.
Gipuzkoako udalerrietan, katastro-balioaren % 30 zenbatuko da, Donostian izan ezik; han % 25 zenbatuko da.
* Euskal Herritik kanpo dauden udalerrietako hiri-finkak:
Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak 2013-2014 ikasturteko unibertsitate-ikasleentzat zabaltzen dituen ikasketa beka eta laguntzen deialdietan ezartzen diren arauak aplikatuko dira. Higiezinaren katastro-berrikusketa noiz egin den egiaztatu beharko du eskatzaileak, katastro-balioaren koefiziente murriztaileak aplikatu ahal izateko.
b) Landa-finken mugak:
Familiako landa-finken balio katastralen baturak ezingo du izan 13.300 euro baino handiagoa familiako kide konputagarri bakoitzeko.
c) Balio higigarrien mugak:
Kide konputagarri guztien 2012ko PFEZ aitorpenean (edo foru-ogasunek emandako datuetan), dagozkien datuak hartu, eta kalkulatu egingo da familia osoaren kapital higigarriaren etekin garbia ez dela 2.100 euro baino gehiagokoa. Hala bada, beka ukatuko da, ondare-arrazoiak direla-eta.
2.– Jarduera ekonomikoen mugak.
Jarduera ekonomikoen 2012ko fakturazio-bolumenak ezingo da 169.470 eurotik goragokoa izan, baldin eta jardueraren titularrak familiako kide konputagarrietako bat edo gehiago badira. Enpresa txikiei eta ertainei hori bera aplikatuko zaie, baldin eta titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietako baten bat sozietate horren kidea edo partaidea bada eta bertan lan egiten badu. Titularrak enpresan duen titulartasun- edo partaidetza-portzentajea zenbatekoa, halako portzentajea aplikatuko zaio jarduera ekonomikoaren fakturazio-bolumenari.
V. KAPITULUA
BALDINTZA AKADEMIKOAK
19. artikulua.– Orokorrak.
1.– 2013-2014 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko beka jasotzeko, ikasleek matrikula egin behar dute deialdi honetako 1. artikuluko ikasketaren batean, ikasturte horretan. Horrez gainera, baldintza akademikoak bete behar dituzte, bai eta artikulu honetan jasotako probetxu akademikoaren baldintzak ere.
2.– Ikasleek aldi berean hainbat ikasketa egiten badituzte, bekaren bidez egin nahi dituzten ikasketei buruzkoak izan behar dute betebehar akademikoek eta probetxu akademikoaren betebeharrek.
3.– Ikasle batek ikasturte batez unibertsitate-ikasketarik edo goi-mailako ikasketarik egin ez badu, egindako azken ikasturteari buruzko betebeharrak eskatuko dira.
20. artikulua.– Matrikulatutako kreditu-kopurua.
1.– Oro har, unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beka eskatzen dutenek gutxieneko kreditu-kopuru bat hartu behar dute matrikula egiten dutenean. 2013-2014 ikasturtean egiten duten ikasketa-motaren araberakoa izango da kreditu-kopurua:
a) Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak: eskatzaileek, gutxienez, 54 kredituko matrikula egin beharko dute 2013-2014 ikasturtean.
b) Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak: eskatzaileek 2013-2014 ikasturte osorako matrikula egin beharko dute, ikasketa-planak urtebeteko irauten badu, eta gutxienez 60 kredituko matrikula, beren ikasketa-planak urte bat baino gehiago irauten badu. Masterraren ikasketa-planak ikasturte horretarako kreditu gutxiago dituela egiaztatzen badute, edo zenbait kreditu baliozkotua edo aitortuta, eskatzaileek beka orokorra eskuratu ahalko dute, betiere beren matrikulak gutxienez hogeita hamar kreditu hartzen baditu. Kasu horretan, matrikulak 46 kreditu baino gutxiago hartzen baditu, bakarrik eskuratu ahalko ditu prezio publikoen salbuespeneko osagaiak, hiriarteko garraiokoak eta material didaktikokoak.
c) Titulu ofizial hauek lortzera bideratutako unibertsitate-ikasketak: unibertsitate-diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, lizentziaduna, arkitektoa, ingeniaria, eta goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetan tituluduna: eskatzaileak 54 kreditu gutxienez hartu beharko ditu 2013-2014 ikasturteko matrikulan.
d) Unibertsitate-ikasketetako bigarren zikloren batera sartzeko beharrezkoak diren egokitze-ikastaroak eta prestakuntza osagarriak: eskatzaileak kreditu guztiak hartu beharko ditu 2013-2014 ikasturteko matrikulan. Ikasturte bakar batentzat emango da beka.
e) 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitateetan emandakoak: eskatzaileak gutxienez hogeita hamabost kreditu hartu beharko ditu 2013-2014 ikasturteko matrikulan. Ikasturte bakar batentzat emango da beka.
2.– Artikulu horren 1. atalean araututakoak salbuespen hauek ditu:
a) Matrikulako kreditu-kopurua mugatzen badu unibertsitatearen araudiak, ikasleak beka lortu ahal izango du ahal duen kreditu guztietan matrikulatzen bada, nahiz eta ez iritsi artikulu honek eskatutako gutxienekora.
b) Eskatzaileak ikasketa ez-presentzialak egiten baditu, eta matrikula partziala egiten badu, gutxienez 35 kreditutan matrikulatu beharko da beka lortzeko. Hori dela eta, 54 kreditutik beherako matrikula hartuko da matrikula partzialtzat, honako baldintza hauek betetzen badira:
– Eskatzaileak justifikatzen badu ikasketak lan-jarduerarekin bateratzen dituela.
– Eskatzailea Lanbide Heziketako ikasketetatik badator eta kredituak baliozkotu edo aitortzen bazaizkio azaroaren 14ko 1618/2011 Errege Dekretua aplikatzearen ondorioz (Goi-mailako Hezkuntzako ikasketak aitortzeari buruzko Errege Dekretua).
– Eskatzaileari kanpoko curriculum-praktikaldien kredituak baliozkotu edo aitortzen bazaizkio azaroaren 18ko 1707/2011 Errege Dekretua aplikatzearen ondorioz (Unibertsitate-ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen Errege Dekretua).
Kasu horietako edozeinetan, matrikulak 46 kreditu baino gutxiago hartzen baditu, bakarrik eskuratu ahalko ditu prezio publikoen salbuespeneko osagaiak, hiriarteko garraiokoak eta material didaktikokoak.
c) Gutxieneko 54 kredituetara iristen ez den eta ikasketak amaitzeko falta zaizkion kreditu guztietan –ikasturtean zehar amortizatuko dituen aukera librekoak izan ezik– matrikula egiten duen eskatzaileak beka lortu ahal izango du, baldin eta bekar lorturiko urte-kopuruari buruz –aurtengoa barne– 12. artikuluan xedatutako muga gainditzen ez badu. Salbuespen hau behin baino ez da aplikatuko, eta inoiz ere ez da soldataren osagaia kontuan hartuko. Horrez gainera, 12tik 35era bitarteko kreditu-kopurua hartzen badu matrikula egiten duenean, beka-osagaien zenbatekoa % 50 jaitsiko da, prezio publikoen salbuespenaren osagaia izan ezik; osagai hori osorik ordainduko da. 12 kreditu baino gutxiago hartzen baditu, prezio publikoen salbuespenaren osagaia soilik jasoko du. Salbuespen hau ez zaie aplikatuko master baten azken kredituak egiten dituzten eskatzaileei, baldin eta aurrez matrikulatuta egon badira ikasketa horietan, ikasketa-planetan aurreikusten den besteko ikasturteetan.
d) Eskatzaileak legez aitortutako % 65eko ahalmen-urritasuna edo handiagoa badu, % 50era murriztu ahalko du irakasgai-kopurua; artikulu honetako 1. atalean ezarritako gutxienekoak ere % 50era murriztuko dira. Murrizpen hori erabiltzen duenak atal horretako d) eta e) paragrafoan agertzen diren ikasketak egiteko erabiltzen badu, beka berritu ahalko du, baldin eta matrikulatutako kredituen % 50 gainditzen badu.
3.– Matrikulako gutxieneko kreditu-kopurua zein den jakiteko, kontuan hartu beharko dira arau hauek:
a) Artikulu honetan adierazitako gutxieneko kopuruan ezingo dira sartu espezialitate bat baino gehiagoko irakasgai edo kredituak, ezta dagokion titulua eskuratzeko behar diren kopurutik gorakoak ere.
b) Konbalidatutako, egokitutako edo aitortutako ikasgai edo kredituak ez dira matrikulatutako kreditutzat zenbatetsiko; beraz, eskatzen den matrikula-kredituen gutxienekoa kalkulatzeko unean ez dira batuko. Ikasturte horretan amortizatuko diren aukera askeko irakasgaien kredituak ere ez dira aintzat hartuko.
c) Lau edo sei hileko matrikula duten ikasketa-planetan, beka lortzeko, eskatzaileak artikulu honen 1. atalean ezarritako gutxieneko kredituen ehuneko berrogeita hamarra hartu beharko du matrikulan, eta hurrengo lau edo sei hilabetean matrikula bete beharko du gutxieneko kreditu-kopurua lortzeko. Baldintza hori betetzen ez bada, beka itzultzeko prozedurari ekingo zaio.
21. artikulua.– Aurreko ikasturteko errendimendua.
1.– Bekaren edozein osagai, soldatarena eta probetxu akademikoarena kenduta, lortzeko behar den errendimendu akademikoa.
Unibertsitateko ikasketak edo goi-mailako erlijio- eta militar ikasketak egiteko matrikula lehenengo aldiz egiten duten ikasleak salbu, eskatutako etekin eta probetxu akademikoa betetzen dutela bermatu beharko dute beka eskatzen dutenek, betiere, 2013-2014 ikasturtean egingo dituzten ikasketen arabera:
a) Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak: aurreko ikasturtean gainditutako kredituek ondoren zehaztutakoa gainditu beharko dute, kasuan kasukoa:
– Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko hirurogei.
– Osasun Zientzien ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko hirurogeita hamar.
– Gainerako unibertsitate-ikasketetan eta goi-mailako ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko hirurogeita hamabost.
b) Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak:
i.– Urtebeteko master ofizial bat egiteko, edo bi urteko master baten lehenengo ikasturtea egiteko, eskatzaileak, batez beste eta gutxienez, 6,5eko nota lortu beharko du masterra ikasteko bide ematen duen unibertsitate-tituluko ikasketetan. Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketetan lortutako batez besteko notak 1,17 koefizienteaz biderkatuko dira.
Ii.– Master ofizial baten bigarren ikasturterako beka eskatzen dutenek egiaztatu beharko dute aurreko ikasturtean matrikulatutako kreditu guztiak gainditu dituztela, bai eta masterreko ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkien kreditu guztietan matrikulatu direla ere.
Iii.– Batez besteko nota kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:
– Masterrera bigarren zikloko titulazioetatik jotzen bada, lehen zikloan lortutako kalifikazioak ere aintzat hartuko dira eskatzaileak zer batez besteko nota izan behar duen jakiteko.
– Espediente akademikoaren ziurtagirian bataz besteko nota zenbakien bidez agertzen ez bada, honela baloratuko dira kalifikazioak:
– Ohorezko matrikula (Bikain eta Aipamena) = 10 puntu.
– Bikain (9 eta 10 puntu artean) = 9 puntu.
– Oso ongi (7 eta 8,9 artean) = 7,5 puntu.
– Nahiko edo gai (5 eta 6,9 artean) = 5,5 puntu.
c) Titulu ofizial hauek lortzera bideratutako unibertsitate-ikasketak: unibertsitate-diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, lizentziaduna, arkitektoa, ingeniaria, eta goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetan tituluduna.
Egindako azken kurtsoan gainditutako kredituek edo ikasgaiek ondoren zehaztutakoa gainditu beharko dute, kasuan kasukoa:
– Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko hirurogei.
– Osasun Zientzien ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko hirurogeita hamar.
– Gainerako unibertsitate-ikasketetan eta goi-mailako ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko hirurogeita hamabost.
2.– Soldataren osagaia lortzeko behar den errendimendu akademikoa.
Soldataren osagaiaren helburua da ikasketetarako dedikazio berezia ordaintzea; beraz, errendimendu akademiko hori egiaztatu beharko dute beka-eskatzaileek:
a) Graduko unibertsitate-ikasketetan edo unibertsitatez kanpoko goi-mailako beste ikasketa batzuetan lehen aldiz matrikulatzen diren ikasleek gutxienez 6 puntuko bataz besteko nota egiaztatu beharko dute, unibertsitatean sartzeko probaren fase orokorrean. Unibertsitatean sartzeko probatik sartzen ez direnek 6 puntuko edo hortik goragoko nota beharko dute unibertsitatean sarbidea lortzeko.
b) Bigarren mailan edo hortik goragoko matrikula egiten duten ikasleek –master ofizialeko matrikula egiten dutenek izan ezik– kreditu horiek gainditu dituztela egiaztatu beharko dute, egindako azken unibertsitate-ikasturte edo goi-mailako ikasturtearen aldean.
– Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko hirurogeita bost.
– Osasun Zientzien ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko hirurogeita hamabost.
– Gainerako unibertsitateko eta goi-mailako ikasketetan, matrikulatutako kredituen ehuneko laurogei.
c) master ofizialaren titulu ofiziala lortzeko ikasketetan matrikulatzen diren ikasleek:
– Urtebeteko master ofizial bat egiteko edo bi urteko master baten lehenengo ikasturtea egiteko soldataren osagaia lortzeko, eskatzaileak, batez beste eta gutxienez, 7ko nota lortu beharko du masterra ikasteko bide ematen duen unibertsitate-tituluko ikasketetan. Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketetan lortutako batez besteko notak 1,17 koefizienteaz biderkatuko dira.
– Master ofizial baten bigarren ikasturterako beka eskatzen dutenek egiaztatu beharko dute 7 puntuko batez besteko notarekin gainditu dituztela aurreko ikasturtean matrikulatutako kreditu guztiak.
3.– Probetxu akademikoaren osagaia lortzeko behar den errendimendu akademikoa.
Probetxu akademikoaren osagaia lortzeko, egin behar dituzten ikasketen araberako errendimendu akademiko hori egiaztatu beharko dute eskatzaileek.
a) Graduko unibertsitate-ikasketetan edo unibertsitatez kanpoko goi-mailako beste ikasketa batzuetan lehen aldiz matrikulatzen diren ikasleek gutxienez 9 puntuko batez besteko nota beharko dute unibertsitatean sartzeko probaren fase orokorrean. Unibertsitatean sartzeko probatik sartzen ez direnek 9 puntuko edo hortik goragoko nota beharko dute unibertsitatean sarbidea lortzeko.
b) Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketetako bigarren mailan edo hortik goragoko matrikula egiten duten ikasleek –master ofizialeko matrikula egiten dutenek izan ezik– egindako azken unibertsitate-ikasturtean edo goi-mailako ikasturtean kredituen % 100 gainditu dituztela egiaztatu beharko dute, eta aurreko ikasturtean ikasketa horietarako oro har eskatzen den gutxieneko kreditu-kopuruan matrikulatuta egon izana exijituko zaie.
c) Master ofizialaren titulu ofiziala lortzeko ikasketetan matrikulatzen diren ikasleek:
– Urtebeteko master ofizial bat egiteko edo bi urteko master baten lehenengo ikasturtea egiteko errendimendu akademikoaren osagaia lortzeko, eskatzaileak, batez beste eta gutxienez, 9ko nota lortu beharko du masterra ikasteko bide ematen duen unibertsitate-tituluko ikasketetan. Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketetan lortutako batez besteko notak 1,17 koefizienteaz biderkatuko dira.
– Master ofizial baten bigarren ikasturterako beka eskatzen dutenek egiaztatu beharko dute 9 puntuko batez besteko notarekin gainditu dituztela aurreko ikasturtean matrikulatutako kreditu guztiak.
4.– Egindako azken ikasturtean matrikulatutako kreditu guztiak hartuko dira kontuan, probetxu akademikoaren balioespena egiteko. Eskatzaileak aurreko ikasturtean beka lortu bazuen, egiaztatu egin beharko da, era berean, ikasketa eta ikasturte horretarako gutxieneko kredituen matrikula egin zuela ikasleak. Baldintza hori ez betetzeak bide emango du beka itzultzeko prozedurari ekiteko, egoera horren berri izaten denean.
Ikasketak aldatuz gero, oraingo ikasketetan beka eskuratzeko, utzitako ikasketen azken ikasturtearen etekin akademikoa hartuko da betebehar akademikotzat. Ikasketak plan berrietara egokitzen badituzte, egokitzapen horiek ez dira ikasketa-aldaketatzat joko.
5.– Salbuespenez, honako hauek ez dute bete beharko artikulu honetako 1. atalean eskatzen den errendimendu akademikoaren baldintza: erreferentziako ikasturtean, bizitza arriskuan jarri duten eta ikasketan normaltasunez egitea eragotzi dieten osasun-arazo larriak jasan dituzten eskatzaileek.
VI. KAPITULUA
NOLA AURKEZTU ESKAERAK
22. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Eusko Jaurlaritzaren helbide elektroniko honetan azaltzen den eskaera-eredua bete eta inprimatu beharko dute beka eskatzen dutenek: http://www.euskadi.net/r33-2287/es/contenidos/ayuda_subvencion/general_2012/es_ayuda/ficha_procedimiento.html, eta eskaera horrek erantzukizunpeko adierazpena izango du, hain zuzen ere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. artikuluan aipatzen dena (Testu Bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren bidez onartu zen).
2.– Eskaera behar bezala betetakoan, data eta sinadura jarri eta eskatutako agiriekin batera aurkeztu beharko da eskatzaileak ikasketak egingo dituen unibertsitateko beken unitatean edo izen bereko sailean, edo goi-mailako ikasketen ikastetxean.
Eskaera leku hauetan aurkeztu ahalko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak adierazitako edozein erregistrotan; edo, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko) 38. artikuluan adierazitako lekuetan.
3.– Bekaren eskaera aurkezteak berekin dakar:
a) Interesdunak baimena ematen duela eskaeran jasotako datuak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko fitxategi informatizatuetan sartzeko.
b) Deialdiaren oinarriak onartzea.
c) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari baimena ematea Zerga Administrazioen bitartez datuak eskuratzeko, hain zuzen, familiak zer errenta eta ondasun dituen jakiteko, bekaren ondorioetarako.
23. artikulua.– Eskaera aurkezteko epea.
1.– Orokorrean, 2013ko irailaren 30 arte (egun hori barne) aurkeztu ahalko dira eskaerak.
2.– Eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztu ahal izango dira kasu hauetan:
a) Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikastetxeren batean ikasiz gero, 2013ko urriaren 15era arte luzatuko da epea.
b) Eskatzailearen ikasketak 2013an hasten badira eta ikasketa horietan matrikula egiteko epea aipatutako datak baino geroago hasiz gero, matrikula egitean beka-eskaera egiten bada; epea 2013ko abenduaren 31 arte luzatuko da, gehienez ere.
24. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eusko Jaurlaritzaren helbide elektroniko honetan azaltzen den eskaera-eredua, http://www.euskadi.net/r33-2287/es/contenidos/ayuda_subvencion/general_2012/es_ayuda/ficha_procedimiento.html, deskargatu beharko da; ondo beteta egon behar du, eta eskatzaileak eta familia-unitateko adindun guztiek sinatu behar dute.
2.– Administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria, familiaren etxebizitzan 2012ko abenduaren 31n bizi diren pertsona guztien zerrenda jasotzen dituena.
3.– Bekaren zenbatekoa ordaintzeko, libreta edo kontu-korrontearen fotokopia behar da. Bertan, bezeroaren kontu-kodea agertu behar da, bai eta banketxea edo kutxa, bulegoa, kontrol-digituak eta kontu-korrontearen zenbakia ere. Eskatzaileak kontu horren titularra edo titularkidea izan behar du.
4.– 2012ko ekitaldiko diru-sarreren ziurtagiriak, hau da:
a) Zerga-aitorpena egin duten kide konputagarrien Pertsonen Fisikoen Errentaren gaineko Zerga-aitorpenaren (PFEZ aitorpenaren) fotokopia osoa.
b) PFEZtik salbuetsita dauden errenten eta pentsioen ziurtagiriak, bai eta Gizarte Segurantzaren pentsioen eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo/eta etxebizitzarako laguntza osagarriaren ziurtagiriak ere.
c) Ogasunaren ziurtagiria, 2012ko PFEZaren aitorpena egin ez duten kide konputagarrien aitorpena aurkeztu ez izana egiaztatzen duena.
d) Lan-etekinen egiaztagiria (10T), 2012an PFEZ aitorpena egin ez bada.
5.– Hiri- nahiz landa-ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagirien fotokopia (familia-unitatearen ohiko etxebizitzarena izan ezik), baldin eta kide konputagarriren batek ondasun higiezinak baditu, ohiko etxebizitzaz gainera.
6.– Familiaren errenta garbia kalkulatzean kenkariak aplikatzeko eskubidea ematen duten egoerak egiaztatzeko agiriak; egoera horiek 17. artikuluan adierazita daude (besteak beste, familia ugariaren tituluaren fotokopia eta dagokion Foru Aldundiaren Balioespen eta Orientazio Unitateak hartutako ebazpenaren fotokopia, desgaitasun-maila aitortzen duena).
7.– Eskatzaileak ikasturtean zehar izango duen bizilekuaren egiaztagiria (alokairu-kontratuaren fotokopia, ikasle-egoitza batean lekua erreserbatu izanaren ziurtagiria, ohiko etxebizitzaren jabetzaren justifikazioa, etab.), baldin eta eskatzailea familiaren ohiko etxebizitzatik kanpo biziko bada unibertsitateko ikasketak egiteko 2013-2014 ikasturtean, edo egiaztatzeko eskatzaileak ez duela familiaren laguntza ekonomikorik behar, agindu honen 14.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
8.– Master ofizialari bide ematen dion espediente akademikoaren tituluaren ziurtagiria, baldin eta eskatzaileak masterreko ikasketa ofizialak egiteko eskatzen badu beka, baina masterreko matrikula ez badu egin titulua eskuratu zuen unibertsitate berean.
9.– Ikasketekin batera lanean jarduten duela egiaztatzen duen dokumentazioa (lan-kontratuak, laneko bizitza...), 20.2.b artikuluko matrikula partzialaren salbuespenari begira.
10.– 21.4 artikuluko salbuespena aplikatzeko baloratu behar diren alderdiak egiaztatzen dituen dokumentazioa.
VII. KAPITULUA
IZAPIDEAK ETA ERABAKIA HARTZEKO PROZEDURA
25. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Diru-laguntzak lehiarik gabeko segidako prozeduraren bidez emango dira. Emateko prozedura ofizioz hasiko da, deialdi honen bidez.
2.– Unibertsitateetako zuzendariak emango die ebazpena eskaerei, sei hileko epean, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunean kontatzen hasita.
3.– Epe hori igaro ondoren, interesdunei ez bazaie ebazpenik jakinarazten, beka-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluan arautzen dituen ondorioetarako. Horrek ez du eragozten, dena den, geroago espresuki ebaztea.
26. artikulua.– Bekak kudeatzea.
1.– Unibertsitate Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honen bidez arautzen diren bekak.
2.– Unibertsitateek eta goi-mailako arte ikasketen eta goi-mailako ikasketen zentroek ere lagunduko dute bekak kudeatzen. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitateen Zuzendaritzak aplikazio informatiko bat jarriko du parte hartzen duten erakundeen eskura, beka-eskaerak kudeatu eta izapidetzeko.
3.– Hona nola parte hartuko duten unibertsitate horiek:
a) Eskaerak jasoko dituzte.
b) Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazio gehigarria egiaztatuko dute. Behar izanez gero, antzemandako gabeziak edo akatsak zuzentzeko eskatu ahal izango dute, bai eta aurkeztu gabeko dokumentazioa aurkezteko ere.
c) Egiaztatu egingo dute eskatzaileek bete egiten dituztela eskatutako baldintzak.
d) 2014ko otsailaren 1a baino lehenago, beka eskatu eta eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda bidali beharko dute Unibertsitateen Zuzendaritzara; baldintza horiek betetzen ez dituzten eskatzaileen zerrenda ere bidali behar dute.
e) Prozeduraren ebazpena argitaratuko dute beren kudeaketa-unitateetan.
27. artikulua.– Hautaketa-epaimahaiak.
1.– Aurkeztutako eskaerak aztertuko dituzte hautaketa-epaimahaiek, eta beka eman edo ez erabaki. Egindako bileren akten kopiak Unibertsitateen Zuzendaritzara bidali behar dituzte, epaimahaiburuaren oniritzia jaso ondoren.
2.– Euskal Herriko Unibertsitatean hautaketa-epaimahai bat eratuko da, honela osatuta:
– Lehendakaria: unibertsitateko errektoreak izendatutako erretoreordea.
– Epaimahaiburu-ordea: unibertsitateko gerentea.
– Idazkaria: unibertsitateko gerentziako beken arloko edo bulegoko burua.
– Epaimahaikideak: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko bi ordezkari, Unibertsitateen zuzendariak izendatuak eurak; unibertsitateko bost irakasle, epaimahaiburuak izendatuak; Ikasle-kontseiluko hiru ordezkari, gehienez ere, eta beste pertsona batzuk –ez hiru baino gehiago– epaimahaiburuak beharrezkotzat jotzen baditu.
Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitate pribatuetan, unibertsitatean pertsona bakarreko organo horien eginkizunen baliokideak dituzten pertsonak izango dira hautaketa-epaimahaiaren epaimahaiburu, epaimahaiburuorde eta idazkari.
3.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden unibertsitateetan, eskaerak hautatzeko, Hezkuntza Ministerioaren aginduak xedatzen duenaren arabera sortuko dituzte hautaketa-epaimahaiak (agindu horren bidez egiten da unibertsitateko eta goi-mailako ikasleentzako izaera orokorreko eta mugikortasuneko beken deialdia, 2013-2014 ikasturterako).
4.– Hautaketa-epaimahaiek ahalmena izango dute:
a) Beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak eskatzeko. Agiri horiei esker, bermatu egingo da, batetik, behar adina datu dituztela kasuan kasuko berezitasunei buruz, eta, bestetik, beketarako bideratutako bitartekoak behar bezala inbertitzen direla.
b) Beharrezkotzat irizten diren txosten guztiak eskatzeko. Txosten horien bidez, erabaki-proposamena egiteko kontuan izan behar diren datuak zehaztu, jakin eta egiaztatu ahalko dituzte.
5.– Organo horiek gai horren inguruan duten jarduna egokitu egingo zaio Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. idazpuruko II. atalburuan jasotako arauek xedatutakoari.
28. artikulua.– Beka-eskaera onartzeko edo ukatzeko proposatzea eta ebaztea.
1.– Beka-eskarien espedienteak aztertu ondoren, unibertsitateek eta goi-mailako arte-ikasketen eta bestelako ikasketen ikastetxeek bekak onartu eta ukatzeko proposamenak bidali beharko dituzte Unibertsitateen Zuzendaritzara, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako baliabide informatikoen bidez, han prozeduraren izapideak egin ditzaten. Hautaketa-epaimahaiaren akta bidali beharko dute proposamen horrekin batera.
2.– Egiaztatu ondoren proposamenak prozedurarekin bat datozela eta deialdi honetako baldintzak betetzen dituztela, unibertsitate-zuzendariak aginduko du onartu edo ukatzeko proposamenaren berri ematea eskatzaileei, banakako jakinarazpen baten bidez. Onartzeko proposamena bada, bekaren osagaiak eta zenbatekoa adieraziko dira jakinarazpenean. Ukatzeko proposamena bada, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira jakinarazpenean. Informazio hori Eusko Jaurlaritzaren helbide elektronikoan kontsultatu ahalko du eskatzaileak: http://www.euskadi.net/r33-2287/es/contenidos/ayuda_subvencion/general_2012/es_ayuda/ficha_procedimiento.html
3.– Jakinarazpena jaso ondoren, proposamenarekin ados ez dauden eskatzaileek alegazioak egin ahalko dizkiote hautaketa-epaimahaiari, bai eta egokitzat jotzen duten dokumentazioa aurkeztu ere; horretarako, hamabost natural izango dituzte, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera.
4.– Alegazioak jartzeko emandako epean, interesdunak adierazten badu proposamena onartzen duela baina uko egiten badio datu eta dokumentazio gehiago emateari, ebazpena emango da, alegatzeko epea agortu arte itxaron barik.
5.– Proposamenari alegaziorik jarriz gero, edo horretarako epea igaro eta gero, Unibertsitate zuzendariak ebazpena emango du, eta interesdunei horren berri emateko aginduko du.
6.– Ebazpen horren kontra, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza eta Ikerketarako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
7.– Prozedura amaitzen denean, Unibertsitateen zuzendariak aginduko du beka-eskatzaileen zerrendak argitaratzeko unibertsitateetako iragarki-oholetan, bai eta goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetarako ikastetxeetako iragarki-oholetan ere. Zerrenda horietan azalduko da beka nork jasoko duen eta nork ez.
29. artikulua.– Bekak ordaintzea.
1.– Beka emateko ebazpena jakinarazi ondoren, beka ordainketa bakarrean ordainduko da, hilabeteko epean, prezio publikoen zenbatekoa izan ezik. Prezio publikoen zenbatekoa ordainduko da unibertsitateak ikasle bekadunei dagokien prezio publikoak egiaztatzeko agiria aurkeztu ondoren, Unibertsitate Zuzendaritzak ordain ditzan.
2.– Agindu honetan zehaztutako beken onuradunek ez dute ordainketarik jasoko, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan abian den edozein itzultze- edo zigortze-prozedura amaitu arte, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategineko 50.4 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
3.– 2013ko ekitaldian ez badago 2013ko beka-eskaera guztiak ordaintzeko adina aurrekontu-baliabiderik, 2014ko ekitaldiaren kargura ordainduko dira krediturik ez dagoelako ordaindu ez diren beka-eskaerak.
VIII. KAPITULUA
BEKEN EGIAZTAPENA ETA KONTROLA
30. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
2013-2014 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko beka jasotzen dutenek hau guztia egin behar dute:
a) Beka zertarako ematen den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako; alegia, matrikula egiteko, eskolara joateko eta ikasketekin loturiko gastuak ordaintzeko.
b) Egiaztatu egin beharko dute laguntza emateko eta hartaz baliatzeko ezarri diren baldintzak eta eskakizunak betetzen dituztela.
c) Onartu egin beharko dituzte beka emateko zehaztutako baldintzak guztiak betetzen direla egiaztatzeko egiten diren jarduera guztiak, halakorik egiten bada, eta, beken helburua fiskalizatzeko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio guztia eman beharko diete erakunde horiei.
d) Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak aldatuz gero, berariaz adierazi beharko dute aurreko urteetan beka izan duten ala ez.
e) Unibertsitate Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote helburu bererako laguntzarik jaso duten beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuetatik.
f) Matrikula ezetsiz gero eta laguntza emateko kontuan hartutako beste edozein baldintza aldatuz gero, Unibertsitateen Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote.
31. artikulua.– Beka jasotzeko eskubidea galtzea eta beka itzuli behar izatea.
1.– Unibertsitateetako zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina–, honako kasu hauetan:
a) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.
b) Egiaztatzen bada jasotako beka bateraezina dela beste pertsona fisiko edo juridikoek emandako beka edo laguntzekin.
c) Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.
d) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.
e) Eskatzaileak ezeztatu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula.
2.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere–, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek, eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean itzultzeko jasotako zenbatekoak, beti ere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.). Familiaren egoera ekonomikoa oinarrizko baldintza denez bekak emateko, eskatzaileak eta sostengu ekonomikoa ematen diotenek egungo eta bihar-etziko ondasunekin erantzun beharko diote bat eginik Administrazioari, itzulketa horri erantzuteko, legez ezarritako mugapenak salbuetsiz.
3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasun eta Finantzak Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.
32. artikulua.– Administrazioen eta unibertsitateen kontrola.
1.– Hezkuntza Administrazioko organoek zehatz-mehatz kontrolatuko dituzte beketara bideratutako aurrekontu-baliabideak, behar bezala inbertitu direla ziurtatzeko.
2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak laguntzeko eskatu ahal izango dio Ogasun eta Finantzak Sailari, bai eta foru-aldundietako ogasun-sailei edo administrazio publikoko beste edozein organori ere: batetik, zehazteko zer mekanismoren bidez baloratuko den ondoen familien errenta eta ondare erreala diru-laguntzak esleitzeko garaian; eta, bestetik, bekak lortzera bideratutako aitorpenetan gehiago kontrolatzeko iruzurra. Gainera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak erabili ahalko ditu erakunde horietan dauden datuak, familia-unitateko kide konputagarri guztiei buruzkoak, beharrezkotzat jotzen duen guztia egiaztatzeko.
3.– Eskaera aurkezteak adierazten du baimena ematen zaiola Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari errentaren eta ondarearen inguruko datuak eskuratzeko edo horiek zerga-administrazioetan daudenekin konparatzeko.
33. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.
Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraikiz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Zuzendaritzaren 2 zenbakiko Fitxategian sartuko dira (fitxategi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduan jasota dago).
Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, indargabetzeko eta datuen aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Unibertsitate Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko ezen aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
II. ERANSKINA
2013-2014 IKASTURTEAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN UNIBERTSITATEKO ETA GOI-MAILAKO IKASKETAK EGINGO DITUZTEN AHALMEN URRIKO IKASLEEN GARRAIO-GASTUAK ORDAINTZEKO LAGUNTZAK
1. artikulua.– Xedea eta izaera.
1.– Deialdi honen helburua da laguntzak ematea garraio-laguntzak ematea ikasle desgaituei 2013-2014 ikasturtean unibertsitate-ikasketak, goi-mailako arte-, erlijio- edo militar ikasketak egiteko Euskal Herriko ikastetxeetara egiten dituzten joan-etorrien gastuak arintzeko, baldin eta desgaitasuna dela-eta ezin badute garraiobide normalizaturik erabili.
2.– Beka horiek diru-laguntzak dira. Araubide juridikoan aurreikusten ez den guztirako hau aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua, eta batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren araubideari buruzko xedapenak.
2. artikulua.– Zenbateko laguntza jasoko duten ikasle desgaituek.
1.– Ibilgailu pribatua erabiliz gero joan-etorrietarako, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, 0,29 euro biderkatuko da egindako kilometroko. Distantzia hori kalkulatzeko, errepidez dagoen ibilbiderik laburrena hartuko da kontuan; hain zuzen ere eskatzaileak ohiko bizilekutzat duen herriaren eta unibertsitatearen herriaren artekoa.
2.– Taxia edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero joan-etorrietarako, garraio horren kostuaren hainbatekoa izango da diru-laguntzaren zenbatekoa.
3.– Joan-etorria egiteko beste pertsona baten laguntza beharrezkoa izanez gero, haren joan-etorrien gastua ere ordainduko da.
4.– Onartzen den aurrekontu guztia (% 100) finantzatu ahal izango da, eta eskaera bakoitzeko, gehienez, 12.000 euro emango dira, horretarako ezarritako diru-kopurua agortu arte.
5.– Eskatzaileek eskaeran egindako aurrekontuak ikusi ondoren, ezin bada finantzatu eskatzaile guztien garraio-gastuen % 100 ahalmen ikasle desgaituen garraiorako dagoen kredituarekin, aurrekontuetan dagoen gabeziaren proportzio berean murriztuko da laguntzaren zenbatekoa; alegia, eskaera onetsi guztiek jasoko duten laguntzaren zenbatekoa.
3. artikulua.– Eskakizunak.
Garraio-laguntza jasotzeko eskubidea izateko, ikasle desgaituek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea eskaera aurkeztean, eta justifikatzea gutxienez urtebetez egon direla erroldatuta, Euskal Herrian eskaerak aurkezteko epe orokorra amaitzen denean.
b) Dagokion Foru Aldundiaren Balioespen eta Orientazio Unitateak baldintza hauek aitortu izatea:
– % 33ko desgaitasuna edo handiagoa.
– Mugikortasun-arazoak izatea garraio kolektiboak erabiltzeko, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskineko baremoaren arabera (ahalmen-urritasunaren maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesua arautzen du dekretu horrek). Laguntza jasotzeko, eskatzaileak egiaztatu egin beharko du A, B edo C egoeran dagoela. Egoera horietako batean ez badago, gutxienez 10 puntu lortu beharko ditu D eta H ataletako puntuazioak batzen dituenean.
– Hala badagokio, beste hirugarren pertsona baten beharra izatea, desgaitasun-maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesua arautu zuen abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean ezarritako baremoaren arabera, edo apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuaren 1. eranskinean ezarritakoaren arabera. Azken horren bidez onartu zen mendekotasuna duten pertsonen balioespen-baremoa, abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritakoa; hain zuzen, autonomia pertsonalaren sustapenari eta mendekotasuna duten pertsonentzako laguntzari buruzko legeak ezarritakoa.
c) Matrikula egitea eta 2013-2014 ikasturtean modu presentzialean egitea ikasketa hauetakoren bat:
– Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.
– Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.
– Titulu hauek lortzera bideratutakoak: unibertsitateko diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, lizentziaduna, arkitektoa eta ingeniaria.
– Dagokion Diplomatura, Arkitektura Tekniko edo Ingeniaritza Teknikotik abiatuta, tituludunek egiten dituzten bigarren zikloko unibertsitate-ikasketak (edo horietara sartzeko beharrezkoak diren egokitze-ikastaroak eta prestakuntza osagarriak).
– 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate ez-presentzialetan emandakoak.
– Goi-mailako arte-ikasketak.
– Goi-mailako militar ikasketak.
– Goi-mailako erlijio-ikasketak.
d) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexua bereiztearren eragindakorik ere, betiere otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
e) Ikasleek ez izatea bekarekin egin nahi dituzten ikasketen maila bereko edo handiagoko titulurik, eta ez betetzea horrelako tituluren bat eskuratzeko legezko baldintzak. Hori dela eta, Diplomatura, Arkitektura Tekniko edo Ingeniaritza Teknikoaren titulua dutenek edo eskuratzeko moduan daudenek ez dute bekarik jasoko, ez gradu-ikasketak egiteko (edo gradu-egokitzapenak egiteko), ezta Lizentziatura, Ingeniaritza edo Arkitektura ikasketak egiteko ere, salbu eta aurretiazko titulazio horietatik abiatuta bigarren zikloko ikasketak egiten badituzte.
f) Ez jasotzea unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekarekin bateraezina den bekarik edo laguntzarik.
4. artikulua.– Bateragarritasuna beste beka eta laguntza batzuekin.
1.– Desgaitasunen bat duten ikasleentzako garraio-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, bai eta 2013-2014 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekekin ere, betiere bekak gainfinantzatzen ez badira.
2.– Desgaitasunen bat duten ikasleak Euskal Herriko ikastetxeetan unibertsitate-ikasketak edo goi-mailako ikasketak egoteko joan-etorrietan ibiltzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailetik jasotzen dituzten laguntza guztien zenbatekoak ezingo du gainditu ikasketen kostu erreala. Gaindituz gero, murriztu egingo da ikasle desgaituei emandako garraio-laguntzaren zenbatekoa, harik eta joan-etorrien kostu errealaren % 100era iritsi arte, gehienez.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eusko Jaurlaritzaren helbide elektroniko honetan azaltzen den eskaera-eredua bete eta inprimatu beharko dute desgaitasuna duten ikasleen garraiorako laguntza eskatzen dutenek: http://www.euskadi.net/r33-2287/es/contenidos/ayuda_subvencion/general_2012/es_ayuda/ficha_procedimiento.html, eta eskaera horrek erantzukizunpeko adierazpena izango du, hain zuzen ere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. artikuluan aipatzen dena (Testu Bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren bidez onartu zen).
2.– Eskaera behar bezala betetakoan, data eta sinadura jarri, eta eskatutako agiriekin batera aurkeztu beharko da apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak edozein erregistrotan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan adierazitako lekuetan (72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa, eta 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
3.– Eskaera aurkezteko epea 2013ko irailaren 30era arte luzatuko da (egun hori barne).
6. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaeraz gainera, eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Administrazio-egoitzaren ziurtagiria; bertan jasoko da Euskal Autonomia Erkidegoko zein udalerritan dagoen erroldatuta eta noiztik.
b) Dagokion Foru Aldundiak emandako desgaitasun-ziurtagiria, 3. artikuluko b) ataleko desgaitasun-maila egiaztatzen duena.
c) 2013-2014 ikasturtean 3. artikuluaren c) ataleko ikasketaren bat egiteko matrikula egin izanaren egiaztagiria.
d) Taxia erabiltzen badu, garraiobide horren aurrekontua. Bertan adieraziko da, batetik, bidaia bakoitzak zenbat balio duen, eta, bestetik, ikasturtean zehar zenbat bidaia egingo dituen.
e) Banketxearen agiria, bekaren zenbatekoa ordaintzeko. Kontu-kodearen edo aurrezki-libretaren zenbakia agertu behar da bertan. Eskatzaileak kontu horren titularra edo titularkidea izan behar du.
7. artikulua.– Hautatzeko eta izapideak egiteko batzordea.
1.– Hautaketa-batzorde batek aztertuko ditu espedienteak. eta ebazpen-proposamenak egingo ditu. Unibertsitate Ataleko arduraduna izango da epaimahaiburua; Unibertsitate Zuzendaritzako bi teknikari, zuzendariak aukeratutakoak, izango dira epaimahaikideak.
2.– Hautaketa-batzorde horrek Unibertsitate zuzendariari igorriko dio ebazpen-proposamena. Bertan, adieraziko da: alde batetik, zein eskatzailek jasoko duten laguntza, eta zenbateko laguntza jasoko duten, eta, beste batetik, zer eskaerek ez dituzten betetzen ikasle desgaituentzako garraio-laguntza jasotzeko baldintzak, eta zergatik ez.
8. artikulua.– Prozedura ebaztea eta errekurtsoak.
1.– Deialdi honetan arautzen den prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa da, eskabideak aurkezteko azken egunetik aurrera. Epe hori igaro ondoren, interesdunei ez bazaie ebazpenik jakinarazten, beka-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluan arautzen dituen ondorioetarako.
2.– Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, aurreko atalean aipatutako jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
9. artikulua.– Ikasle desgaituentzako garraio-laguntza ordaintzea.
1.– Bekak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, bekak aldez aurretik ordainduko dira, ordainketa bakarrean eta hilabeteko epean.
2.– Ikasle desgaituentzako garraio-laguntzarrik jasotzen dutenek ez dute beka jasoko harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan abian den edozein itzultze- edo zigortze-prozedura amaitu arte, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50.4 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Ikasle desgaituentzako garraio-laguntza jasoko dutenek betebehar hauek izango dituzte:
a) Zertarako eman den laguntza, horretarako erabiltzea; alegia, laguntza ematean ezarritako baldintzen arabera egin beharko dituzte ikastetxeko joan-etorriak. Joan-etorriak egin dituztela egiaztatzeko, onuradunek 2014ko abuztua baino lehenago aurkeztu beharko dituzte taxi-zerbitzuaren fakturak, tiketak, txartelak, etab. Unibertsitateen Zuzendaritzan, eta, behar izanez gero, zenbat bidaia egin dituzten egiaztatzeko agiriak.
b) Beken helburua fiskalizatzeko lanetan, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, eskatutako informazio guztia eman beharko dute, eta, behar izanez gero, laguntza emateko ezarri ziren baldintzak bete dituztela egiaztatzeko egiten diren jarduera guztiak onartu beharko dituzte.
11. artikulua.– Beka jasotzeko eskubidea galtzea eta beka itzuli behar izatea.
1.– Unibertsitateetako zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina–, honako kasu hauetan:
a) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.
b) Egiaztatzen bada jasotako beka bateraezina dela beste pertsona fisiko edo juridikoek emandako beka edo laguntzekin.
c) Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.
d) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.
e) Eskatzaileak indargabetu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula edo ikastegira joan ez bada.
2.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere–, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek, eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean itzultzeko jasotako zenbatekoak, betiere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.).
3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ekonomia eta Ogasun Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.
12. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.
Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraikiz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Zuzendaritzaren 2 zenbakiko Fitxategian sartuko dira (fitxategi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduan jasota dago).
Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, indargabetzeko eta datuen aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Unibertsitate Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko ezen aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.