Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2013ko uztailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3187

AGINDUA, 2013ko ekainaren 19koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinen bidez 2013rako laguntzen deialdia egiten baita nekazaritza eta basogintza arloetan energia berriztagarrien azpiegituretan inbertsioak egiteko diru-laguntzei buruzko azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuaren babesean.

Nekazaritza eta basogintza arloetan energia berriztagarrien azpiegituretan inbertsioak egiteko diru-laguntzei buruzko azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta basogintza arloetako gisa horretako azpiegituretako inbertsiotara bideratutako laguntzak arautzea da Laguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013ko Landa Garapenerako Programan biltzen dira; programa hori Batzordeak onartu zuen 2008ko otsailaren 15eko C (2008)704 Erabakiaren bidez –2010eko martxoaren 2ko C (2010) 1228 Erabakiaren bidez aldatua.

Dekretu horren 9.2 artikuluan ezartzen da sailburuaren agindu baten bidez laguntza-deialdia urtero egingo dela, laguntzak-eskariak aurkezteko epeak irekiko direla, eskuragarri dagoen aurrekontu-kredituari zabalkundea emango zaiola eta laguntza jaso behar duten proiektuen iraupena zehaztuko dela.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da nekazaritza eta basogintza arloetan energia berriztagarrien azpiegituretan inbertsioak egiteko diru-laguntzei buruzko azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuan araututako laguntzen deialdia egitea.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2013ko deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera.

Hirugarrena.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzetara atxikitzeko eskabide-orria Sailaren web-orrian egongo da eskuragarri (www.nasdap.ejgv.euskadi.net), eta eskabideok zuzenean aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1002 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako eraren batean.

2.– Eskabidearekin batera, azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuan aurreikusitako agiri guztiak aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2013ko ekitaldiko laguntzak finantzatzeko, 156.250 euro daude orotara.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako aurrekontu-kredituak 100.000 euro dira. LGENF funts komunitarioari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Iraunkorreko 2007-2013 Planaren babesean, aipatu dekretuaren helburua betetzeko, 56.250 euro erabiliko dira.

2.– Ekitaldi baten barruan esleitutako diru-laguntza guztiak ezingo du gainditu urtero deialdi aginduan ezartzen den finantzaketarako bideratutako gehieneko dotazio orokorra, edo eguneratzetik ateratzen dena, indarreko legedian adierazitako kreditu-loturako edo aurrekontu aldaketako erregimenaren arabera.

Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, zenbateko hori aldatu ahal izango da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren beste laguntza-egitarau batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekonturik izanez gero, eta laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen, betiere. Emendatze hori, gertatzekotan, laguntzak emateko prozedura ebatzi baino lehenagokoa izan beharko da, eta horren berri emango da, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.

Bosgarrena.– Proiektuak gauzatzeko epea.

2013ko ekitaldirako, azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuan aipatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak burutzeko epeak ezingo du 2013ko abenduaren 31 gainditu.

Seigarrena.– Justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak diruz lagungarri den gastua egin baino lehen ordainduko dira, eta azaroaren 16ko 302/2010 Dekretuaren 15. artikuluan eskatzen diren agiriak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan aurkeztearen baldintzapean geldituko dira.

2.– LGENF funtsaren arabera onartutako laguntzak Erakunde Ordaintzaileak ordainduko ditu, betiere urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, izan ere, dekretu horren bidez erartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailea, erakunde ordaintzaileko zuzendariak hartarako ebazpenak eman eta gero.

Zazpigarrena.– Ebazpenak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa ezar dakioke Ingurumen, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Zortzigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 19a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala