Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2013ko uztailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3184

AGINDUA, 2013ko uztailaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, 2013-2014 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatu dira, bai eta horien salbuespen eta murrizketez baliatzeko baldintzak ezarri ere.

Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak bere 95. eta 96. artikuluetan arautzen ditu zerbitzu akademikoengatiko eta gainerako eskubideengatiko prezio publikoak, eta gaineratzen du prezio horiek prezio publikoen izaera izango dutela, eta, horren ondorioz, tasa eta prezio publikoei buruzko lege-ordenamenduan ezarritakoaren araberakoak izango direla.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bategina onartzeko 1/2007 Legegintzako Dekretuak, irailaren 11koak, 30. artikulutik 35.erakoetan arautzen ditu prezio publiko horiek finkatzean kontuan hartu beharreko irizpide orokorrak.

Irailaren 28ko 249/2010 Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen prezio publikoen bidez ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak ezartzen ditu. Zehazki, 2. artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Sailek eta horien erakunde autonomoek prezio publikoak kobratu ahalko dituztela Dekretu horren eranskinean zerrendatutako zerbitzuen truke; aldi berean, 3. artikuluan ezartzen du Ogasunean eskumena duen Sailak txosten loteslea egin ondoren finkatu edo aldatuko direla prezio publikoen zenbatekoak, dagokion Saileko sailburuaren edo eskuratu behar dituen erakunde autonomo hari atxikita dagoen Saileko sailburuaren agindu bidez.

Hain zuzen ere, irailaren 28ko 249/2010 Dekretuaren eranskineko 3. atalean aipatuta daude, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak prezio publikoak kobra ditzakeen zerbitzu eta jardueren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoak, izaera ofizialeko tituluak lortzera daramatenak.

Goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzeaz gainera, eta inor ere arrazoi ekonomikoengatik unibertsitate-ikasketetatik baztertuta gera ez dadin, Gobernuak eta autonomia-erkidegoek, bai eta unibertsitateek ere, ikasleentzako beka-, laguntza- eta kreditu-politika bat egituratuko dute eta modalitateak ezarriko dituzte, halaber, zerbitzu akademikoengatiko prezio publikoak ordaintzea guztiz edo hein batean salbuesteko. Halaxe dago ezarrita abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 45.4 artikuluan (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen lege hori). Kasu guztietan, arreta berezia eskainiko zaie mendekotasun eta ezgaitasunen bat dutenei, bermatu egin behar baitzaie unibertsitate-ikasketetara sartzea eta bertan ikasi ahal izatea.

Arau hori betetze aldera, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 39. artikuluan biltzen ditu unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioen salbuespenak eta murrizketak, baita legez ezarritako gainerako eskubideak ere, araudi-aurreikuspenen esparruan Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek baliatuko dituztenak. Era berean, artikulu horretan arautzen da prezio publikoak onartzeko agindu edo akordioak salbuespen-baldintzak zehaztu ahalko dituela, baita bestelako salbuespen oso edo partzial batzuk finkatu ere, inolako bereizkeria arbitrariorik ez dakartenean, betiere.

Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak 2013ko martxoaren 22ko bileran adostutako akordioaren arabera, eta Memorian jasotako proposamenarekin bat etorrita; Agindu honen bidez, batetik, Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntza-zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzen dira (2013-2014 ikasturtea), eta, bestetik, horietan aplikatu beharreko salbuespen eta murrizketez baliatu ahal izateko baldintzak zehazten dira.

Hori guztia dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Titulu ofizialak eta berezko tituluak.

1.– Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntza-zerbitzu publikoen truke –2013-2014 ikasturtean– ordaindu beharreko prezioak (izaera ofizialeko tituluak lortzeko) eranskinean jasotako tarifetan adierazitakoak dira.

2.– Gizarte Kontseiluak finkatutako ditu Euskal Herriko Unibertsitateko berezko tituluak lortzera daramaten unibertsitate-ikasketen prezioak.

2. artikulua.– Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitutako irakaskuntzak.

1.– Unibertsitateko gradu- eta master- irakaskuntzak.

a) Ikasgaien prezioen zenbatekoa lortuko da kreditu bakoitzaren prezioa gaiaren kreditu-kopuruarekin biderkatuz. Kreditu bakoitzaren prezioa kalkulatzeko, kontuan izango da, batetik, esperimentaltasun-maila, eta, bestetik, dagokion ikasgaian lehen, bigarren edo hirugarren aldiz matrikulatzen den (I. eta II. eranskinak).

b) Prezio berezituko unibertsitate-masterrei III. eranskineko tarifak aplikatuko zaizkie.

c) Ikasleak matrikulatu ahal izango dira komenigarritzat jotzen dituzten ECTS kredituetan, betiere Euskal Herriko Unibertsitatearen iraunkortasun-arauek matrikula-modalitate bakoitzerako (jardun osoa zein partziala) eta ikasturte bakoitzerako ezartzen dituzten maximo eta minimoen barruan baldin badaude.

d) Gradu eta masterren kasuetan, prezio berezitua duten master horietan bereziki, prezio publikoa % 30era arte gehitu ahal izango zaie bizilekua hemen ez duten atzerriko ikasleei, Europar Batasuneko estatu kideetakoei eta elkarrekikotasun-printzipioaren kalterik gabe erregimen komunitarioa aplikatu ahal zaienei izan ezik.

2.– Doktorego-irakaskuntzak.

a) Doktorego-programa batean onartutako ikasleek urtero egin beharko dute matrikula, tutoretza-matrikulari dagokion tarifarekin (V. eranskina). Kotutoretza-hitzarmen baten menpe dauden ikasleen kasuan, hitzarmen horretan xedatutakoa aplikatu ahal izango zaie.

b) Doktoretza-programa batean matrikulatutako ikasleak prestakuntza osagarri moduan krediturik egiten badu, kreditu horiei aplikatuko zaizkien tarifak izango dira prestakuntza osagarri horri dagokion unibertsitate-masterrarenak.

3. artikulua.– Lehen eta Bigarren Zikloko irakaskuntzak (Goi-mailako Hezkuntzako Europako esparrura egokitu gabeak).

a) Ikasgaien prezioen zenbatekoa (aukera askeko ikasgaienak salbu) honela lortuko da: kreditu bakoitzaren prezioa gaiaren kreditu-kopuruarekin biderkatuz. Kreditu bakoitzaren prezioa kalkulatzeko, kontuan izango da, batetik, esperimentaltasun-maila, eta, bestetik, dagokion ikasgaian lehen, bigarren edo hirugarren aldiz –edo gehiagotan– matrikulatzen den (IV. eranskina).

b) Oro har, ikasgai solteetan matrikulatu ahalko dira, horiek zer ikasturtekoak diren axola gabe.

c) Aukera askeko ikasgaiei dagozkien kredituak ordaintzean hautatutako ikasgaiak zer titulaziokoak diren hartu beharko da aintzat, azken horrentzat ezarritako tarifak aplikatuko baitira.

d) Libreki aukeratzeko Unibertsitateak eskainitako arloen, horretarako espezifikoki sortuak, kasuan, lortu nahi den titulazioaren prezioak aplikatuko dira.

e) Unibertsitateko ikasketa-planekin bat ez datozen baina unibertsitateak aukera askeko kredituak amortizatzeko onartzen dituen jardueretarako, % 25 aplikatuko zaio lortu nahi den titulazioaren arabera dagokion zenbatekoari.

f) Campus Birtualean emandako kredituei 1. mailako esperimentaltasunari dagozkion prezioak aplikatuko zaizkie, lortu nahi den titulua gorabehera.

4. artikulua.– Beste zerbitzu batzuk.

1.– Ebaluazio, proba, azterketa, titulu, egiaztagiri eta idazkaritza-eskubideen truke ordaindu beharreko prezio publikoak V. eranskinean zehaztutakoak dira.

2.– V. eranskinean jasotako titulu ofizialen agiriak egiteko prezio publikoetan inplizituki sartuta dago 1044/2003 eta 1002/2010 Errege Dekretuek araututako Tituluaren Europar Gehigarriaren agiria egitea.

5. artikulua.– Ikasketarik gabeko ikasgaiak.

1.– Desagerrarazi beharreko planen barruan irakaskuntzarik ematen ez den ikasgaietan edo ikasketa-zentroetatik kanpo zaindutako praktiketan, kreditu edo ikasgai bakoitzari dagokion prezioaren % 25 ordaindu beharko da.

2.– Unibertsitateak, bere baliabideekin, beste ikasketa-sistemaren bat eskaintzen badio ikasleari, kreditu edo ikasgai bakoitzari dagokion zenbateko osoa ordaindu beharko da.

6. artikulua.– Matrikula-eskubideak.

1.– Gradu-ikasketei dagokienez, bai eta Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitu gabeko Lehen eta Bigarren Zikloko irakaskuntzei dagokienez ere, matrikularen prezioa ordaintzeak bi azterketa-deialdirako eskubidea emango du matrikulan zehaztutako ikasgai bakoitzeko, ikasturte beraren barruan, betiere. Hori, irakasgaiaren ezaugarri bereziengatik eta ikastetxeak ezarritako planifikazioarengatik, besterik erabakitzen ez bada..

2.– Master ofizialei dagokienez, matrikularen prezioa ordaintzeak eskubidea emango du ikasturte bakoitzeko azterketa-deialdi bakarra erabiltzeko matrikulan zehaztutako ikasgai bakoitzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik.

3.– Ikasketa-planetatik eratorritako bateraezintasun akademikoek mugatuko dituzte matrikulan jasotako ikasgai edo, hala badagokio, kredituetarako azterketa- eta ebaluazio-eskubideak.

4.– Xedapen honetan jasotako matrikula-eskubidea gauzatzeak ez du aldaraziko ikastetxe bakoitzean horko ikasketa-planetako ikasketa-beharrizanen arabera zehaztutako ordutegi orokorren araubidea.

7. artikulua.– Ohorezko matrikula.

1.– Kredituetan egituratutako irakaskuntzetan, ohorezko matrikulengatik egiten diren dedukzioak ikasketa berberen hurrengo matrikulan aplikatuko dira. Master ofizialen kasuan, graduko azken urtean ohorezko matrikularen kalifikazioa lortzen duten irakasgaien kredituek masterreko matrikularengatik gutxiago ordaintzea, graduko prezioan, ekarriko dute, betiere master hori gradua bukatu eta hurrengo ikasturtean egiten bada.

2.– Plan zaharra plan berrira egokitzen bada, ohorezko matrikulaz gainditutako ikasgaiari esleitutako kreditu-kopuruaren araberako murrizketa aplikatuko da.

3.– Dedukzio horiek Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen kolektiboari besterik ez zaizkio aplikatuko, ez beste unibertsitate publiko eta pribatu batzuetatik datozenei.

4.– Batxilergoko ikasgaietan lortutako ohorezko matrikulek ez dute murrizketa-eskubiderik emango. Soilik kalifikazio globala ohorezko matrikula bada izango dute salbuespen-eskubidea, unibertsitatea hasten duten lehen aldian, matrikula ordaintzeari dagokionez.

8. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Ezarritako prezioak aldi bakarrean ordaindu ahalko dira, matrikula egiteko orduan, edo bi epe berdinetan, lehena matrikula egitean eta bigarrena abenduan.

2.– Lau hilabeteka egituratutako irakaskuntzetan, unibertsitateak baimena eman ahalko du bigarren lau hilabetekoari dagokion matrikula horren hasieran egiteko. Kasu horretan ez dira aplikatuko aurreko atalean aipatutako ordainketa-epeak.

3.– Orobat ez dira aplikagarriak izango 1. atalean aurreikusitako ordainketa-epeak baldin eta ordaindu beharreko prezioen zenbatekoa 150 eurotik beherakoa bada.

4.– Beka orokor bat eskatu eta, ebazpenaren bidez, eman ez izanagatik matrikula formalizatzean prezioak ordaindu ez dituzten ikasleek prezio horiek ordaindu beharko dituzte, beka ematen ez dien ebazpenaren kontra gorako errekurtsoa jartzen duten edo ez alde batera utzita.

5.– Ez ordaintzeagatik matrikula ezeztatu zaien ikasleek galdu egingo dute ordaindutako zenbatekoa eta ordaintzeke daudenak unibertsitatearen aldeko zortzat joko dira; zor hori ebazpen bidez ezarriko da eta ikasleei jakinaraziko zaio. Unibertsitatearekin zorrak dituenak ezingo du haren zerbitzuez baliatu eta, bereziki, ez zaie beste ikasketarik egiten utziko, ez zaie titulu-agiririk egingo, ez ziurtagiririk, ez beren ikasketa-espedienteari buruzko informazio-oharrik, ez eta beste matrikularik egiteko aukera emango ere.

9. artikulua.– Atxikitako ikastetxeak.

Dagozkion atxikitze-hitzarmenetan adostutakoari eragin gabe, atxikitako unibertsitate-ikastetxe edo -institutuetan ikasten duten pertsonek unibertsitateari ordainduko diote I., II., III., eta IV. eranskinetako tarifetan –ikasketen arabera– ezarritako prezioen % 25. Gainerako prezioak aurreikusitako zenbatekoan eta osoki ordainduko dira.

10. artikulua.– Ikasketak homologatzea.

1.– Espainiako titulu eta graduetarako homologazioa eskatu, eta, horretarako, gaitasun-proba edo proba orokor bat egin behar dutenek V eranskinean jasotako tarifa ordainduko dute. Prestakuntza-baldintza osagarri gisa zaintzapeko ikastaroren batera joan behar badute, dagozkion prezioak ordaindu beharko dituzte, ikastaro horien esperimentaltasun-mailaren arabera.

2.– Atzerriko goi-mailako hezkuntza-tituluak Espainiako master- eta doktorego-tituluekin homologatzea eskatzen dutenek V. eranskinean jasotako tarifa ordainduko dute.

11. artikulua.– Baliozkotzea, errekonozimendua eta moldatzea.

1.– Titulartasun pribatuko zentroetan edo atzerrian egindako ikasketengatik ikasgaiak baliozkotzea lortzen dutenek unibertsitateari ordaindu beharko diote dagozkien eranskinetan jasotako tarifetan ezarritako prezioen % 25.

2.– Unibertsitate publikoetan egindako ikasketak baliokidetzeak edo ezagutzeak ez du tasak ordaintzea eragingo, atzerriko unibertsitate publikoak ez badira.

3.– Desagertzen ari den plan bat ezartzen ari den plan berrira moldatzeak ez die inolako gasturik ekarriko ikasleei.

4.– Graduko edo Unibertsitate Masterreko ikasketetan kredituak ezagutzen zaizkien ikasleek I., II. eta III. eranskinetan ezarritako prezioen % 25 ordainduko dute.

12. artikulua.– Familia ugariak.

1.– Ikasleek, baldin eta familia ugari bateko kideak badira, agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute. «Familia ugaria» kontzeptua Familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 2. artikuluan jasota dago, baita Gizarte Segurantzaren alorreko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legean ere, familia ugariaren kontzeptu berriari buruzko hamahirugarren xedapen gehigarrian, hain zuzen ere.

2.– Salbuespen-mota:

a) Unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen guztizko salbuespena, maila bereziko familia ugarietakoak badira. Maila bereziko familia ugaritzat joko dira bost seme-alaba edo gehiago dituztenak, eta lau seme-alabakoak, horietatik hiru, gutxienez, jaiotza, adopzio, harrera iraunkor edo adopzio-aurreko harrera anizkunetik eratorriak badira.

b) Unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen 100eko 50eko salbuespena, maila orokorreko familia ugarietakoak badira. Maila orokorreko familia ugaritzat joko da goiko paragrafoko definizioan sartzen ez den familia ugari oro.

3.– Eman beharreko agiriak: dagokion Foru Aldundiak emandako titulua; familia ugarikoa dela aitortzen duena. Kategoria ere adierazi behar da.

13. artikulua.– Terrorismoaren biktima eta horren senidea.

1.– Terrorismoaren biktima batek eta horren senideek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuari jarraiki.

2.– Salbuespena jasotzeko, biktimaren senidetzat joko dira senar edo emaztea, edo antzeko atxikitasunezko harreman baten bidez iraunkorki bizikidetzat izan duena, eta biktimaren seme alabak, edo legez familia-harrerako egoeran daudenak.

3.– Soilik terrorismoaren biktima izateari lotutako inguruabarren zioz Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizitzea joan behar izan duten pertsonek ere jaso ahalko dituzte agindu honetan araututako murrizketa eta salbuespenak.

4.– Salbuespen-mota: guztizko salbuespena, aipatutako azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 26. artikuluan arautua.

5.– Eman beharreko agiriak: Terrorismoaren Biktimentzako Laguntza Programara atxikita daudela adierazten duen ebazpena eta administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria.

14. artikulua.– Ezgaitasunen bat duen kideren bat duen familia.

1.– Ezgaitasunen bat duen kideren bat duen familia batek agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izan dezan, honako bi egoera hauetakoren batean egon beharko da: % 33ko edo gehiagoko ezgaitasun-maila izatea, edo horren zuzeneko senideek % 65eko edo gehiagoko ezgaitasun-maila izatea. Zuzeneko senidetzat jotzen dira aita, ama, neba-arrebak eta –otsailaren 18ko 3/2005 Legearen esparruan– harrerakoak direnak, baldin eta helbide berean erroldatuta badaude (3/2005 Legea, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa).

2.– Salbuespen-mota: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen guztizko salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan.

3.– Eman beharreko agiriak: dagokion foru aldundiaren ebazpena, ezgaitasun-maila zehazten duena; eta administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako batean duela edo erroldatuta dagoela adierazten duen ziurtagiria.

15. artikulua.– Genero-indarkeriaren biktima.

1.– Genero-indarkeriaren biktima batek (Indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio-mekanismoei buruzko 29/2011 Dekretuari, martxoaren 1ekoa, jarraiki) eta egoitza berean bizi diren haren mendeko 25 urtetik beherako seme-alabek agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izango dute.

2.– Salbuespen-mota: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen guztizko salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan.

3.– Eman beharreko agiriak: administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako batean duela edo erroldatuta daudela adierazten duen ziurtagiria, eta behean zerrendatutako agirietako bat:

– Genero-indarkeriaren biktima dela edo izan dela adierazten duen ebazpen judiziala.

– Biktimaren aldeko babes-agindua, indarrean dagoena.

– Fiskaltzaren txostena, interesduna genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena, babes-agindua egiten den artean.

– Genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko Zuzendaritzaren txostena.

16. artikulua.– Guraso bakarreko familiak.

1.– Guraso bakarreko familia batek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketez baliatzeko eskubidea izan dezan, guraso bakar batez eta bere zaintzapeko 25 urtetik beherako bi seme-alaba edo gehiagoz osatuta egon beharko da, guztiak ere etxebizitza berean bizi direla. Guraso horrek izan beharko du, halaber, eusle bakarra. Kontuan hartuko dira, halaber –haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko den otsailaren 18ko 3/2005 Legearen esparruan– harreran jasotako kideak, baldin eta helbide berean erroldatuta badaude.

2.– Nahitaezkoa da zaintzapeko seme-alaben elikagai-pentsioetatik eratorritako inolako laguntza osagarririk ez jasotzea, eta diru-sarrera osagarriak dituen nukleo anitzeko etxebizitza baten parte ez izatea.

3.– Aurreko paragrafoan jasotakoaren eraginetarako, nukleo anitzeko familiatzat joko da etxe berean bizi diren pertsonek osatutakoa, baldin eta horien artean familia-nukleo bat baino gehiago badago, nahiz eta kideetako bat nukleo horietatik guztietatik kanpokoa izan.

4.– Salbuespen-mota: Unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen % 50eko salbuespena, goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan.

5.– Eman beharreko agiriak: administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako batean duela edo erroldatuta daudela adierazten duen ziurtagiria; zaintzapeko seme-alaben elikagai-pentsiotik eratorritako laguntza osagarririk jasotzen ez dela adierazten duen egiaztagiria (epaia edo, halakorik ez balego, jarritako salaketa), eta egoera hori jasotzen duen Zinpeko Aitorpena.

17. artikulua.– Agindu honetan araututako salbuespenak emateko baldintzak.

1.– Agindu honetan araututako unibertsitate-zerbitzu akademikoengatiko prezio publikoen salbuespen eta murrizketen onuradun izateko, interesdunek egoera jakin horretan egon beharko dute ikasturtearen hasieran, eta kasu bakoitzean beharrezkoak diren agiriak eman beharko dituzte. Data horretan egoeraren aitorpena izapidetzen ari bada, aitorpen- edo berrikuspen-eskaeraren kopia konpultsatua emanez egiaztatuko da.

2.– Horrez gainera, interesdunek administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria eman beharko dute, 2013ko urtarrilaren 1ean etxebizitza berean bizi diren pertsona guztien zerrenda jasotzen duena.

3.– Nolanahi ere, 2013ko abenduaren 31 baino lehen eman beharko dituzte dagozkion agiriak.

4.– Ezarritako epean agiri horiek eman ezean, automatikoki baliogabetuko dira emandako onurak, eta salbuespena edo murrizketa aplikatu zaien unibertsitate-zerbitzuengatiko prezio publikoak ordaindu beharko dituzte.

18. artikulua.– Konpentsazioa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ordainduko dizkio Euskal Herriko Unibertsitateari prezio publikoen salbuespen eta murrizketa horien onuradunei –EAEn erroldatutakoei– dagozkien irakaskuntza-zerbitzuengatiko prezioak, 12.3.b) artikuluan jasotako salbuespena izan ezik, hots, maila orokorrean sailkatutako familia ugariei buruzkoa (kasu horretan, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ordainduko du).

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Data horretatik aurrera eranskinetako tarifak aplikatuko zaizkie 2013-2014 ikasturtean emango diren zerbitzu akademikoei.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 2a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
GRADUKO UNIBERTSITATE-IRAKASKUNTZEN ESPERIMENTALTASUN-MAILAK

1. esperimentaltasun-maila: Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurumen Zientziak, Erizaintza, Farmazia, Fisioterapia, Geologia, Medikuntza, Giza Elikadura eta Dietetika, Odontologia, Kimika.

2. esperimentaltasun-maila: Artea, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Kultura Ondasunen Zaintza eta Zaharberritzea, Sorkuntza eta Diseinua, Fisika, Arkitektura Oinarriak, Ingurumen Ingeniaritza, Ingeniaritza Zibila, Meatzeen eta Energiaren Teknologia Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Elektroniko Industriala eta Automatikoa, Arkitektura Teknikoa, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza, Prozesu eta Produktuen Berritze Ingeniaritza, Geomatika eta Topografia Ingeniaritza, Antolaketa Industrialaren Ingeniaritza, Teknologia Industrialaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Informatikoa, Kudeaketaren eta Informazio-sistemen Ingeniaritza, Itsas Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Nautikoa eta Itsas Garraioa, Ingeniaritza Kimikoa, Ingeniaritza Kimiko Industriala, Telekomunikazioen Ingeniaritza Teknikoa, Psikologia, Itzulpengintza eta Interpretazioa.

3. esperimentaltasun-maila: Administrazio eta Enpresen Zuzendaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Ekonomia, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gizarte Hezkuntza, Finantzak eta Aseguruak, Zerga-arloa eta Administrazio Publikoa, Geografia eta Lurraldearen Antolamendua, Negozioen Kudeaketa, Enpresa Kudeaketa eta Marketina, Marketina, Matematika, Pedagogia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Gizarte Lana.

4. esperimentaltasun-maila: Gizarte Antropologia, Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa, Kriminologia, Zuzenbidea, Ingeles Ikasketak, Euskal Ikasketak, Filosofia, Artearen Historia, Filologia, Kazetaritza, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak, Soziologia.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO MASTER-IRAKASKUNTZEN ESPERIMENTALTASUN-MAILA

1. esperimentaltasun-maila: Osasun Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

2. esperimentaltasun-maila: Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

3. esperimentaltasun-maila: Ingeniaritza eta Arkitekturaren jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

4. esperimentaltasun-maila: Lege- eta Gizarte-zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

5. esperimentaltasun-maila: Artearen eta Giza Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PREZIO BEREZITUA DUTEN UNIBERTSITATE-MASTER OFIZIALAK
TARIFAK
(Ikus .PDF)

(*): Baimena falta da.

IV. ERANSKINA
KREDITU-SISTEMAZ EGITURATUTAKO LEHEN ETA BIGARREN HEZKUNTZAKO IRAKASKUNTZEN ESPERIMENTALTASUN-MAILA (BERRITU GABEAK)

1. esperimentaltasun-maila: lizentziaturak: Biologia, Biokimika, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurumen Zientziak, Itsas Zientziak, Farmazia, Medikuntza, Odontologia, Kimika eta Albaitaritza. Diplomaturak: Erizaintza, Fisioterapia, Giza Elikadura eta Dietetika eta Podologia.

2. esperimentaltasun-maila: lizentziaturak: Arte Ederrak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Enologia, Fisika, Geologia, Itsas makinak, Nautika eta Itsas Garraioak, Itsas Irrati Elektronika, eta Itzulpengintza eta Interpretazioa. Ingeniariak: Aeronautika; Nekazaritza; Automatika eta Elektronika Industriala; Bideak, Ubideak eta Portuak; Meatzeak; Mendiak; Elektronika; Geodesia eta Kartografia; Geologia; Industria; Informatika; Materialak; Itsasoa eta ozeanoak; Industria Antolamendua; Kimika; eta Telekomunikazioak. Arkitektoa. Arkitekto teknikoa. Diplomaturak: Logopedia, Itsas Makinak, Itsas Nabigazioa, Optika eta Optometria, Itsas Irrati Elektronika eta Lanaren bidezko Terapia. Ingeniari tekniko aeronautikoak: Aeromotorrak, Aeronabigazioa, Aireontziak, Aireportuak, Ekipo eta Material Aeroespazialak. Nekazaritza-ingeniari teknikoak: Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak, Barazki-frutazaintza eta Lorezaintza, Nekazaritza eta Elikagaien Industria, Nekazaritza Mekanizazioa eta Eraikuntzak. Industria Diseinuko ingeniari teknikoa. Baso-ingeniari teknikoak: Baso Ustiapenak, Baso Industriak. Kudeaketa-informatikako ingeniari teknikoa. Sistemen Informatikako ingeniari teknikoa. Industria-ingeniari teknikoa: Elektrizitatea, Elektronika Industriala, Mekanika, Kimika Industriala eta Ehungintza. Meatzetako Instalazio Elektro-mekanikoak, Mineralurgia eta Metalurgia, Energia Baliabideak, Erregaiak eta Lehergaiak, Meatzetako Zundaketa eta Ikerkuntzak. Ontzigintzako ingeniari teknikoa: Itsasorako Egiturak, Ontzietako Propultsio eta Zerbitzuak. Herri Lanetako ingeniari teknikoa: Eraikuntza Zibilak, Hidrologia, Garraioak eta Hiri Zerbitzuak. Telekomunikazio-ingeniari teknikoa: Telekomunikaziorako Sistemak, Sistema Elektronikoak, Soinua eta Irudia eta Telematika. Topografiako ingeniari teknikoa.

3. esperimentaltasun-maila: lizentziaturak: Zientzia eta Teknika Estatistikoak, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Dokumentazioa, Musikaren Historia eta Zientziak, Matematika, Pedagogia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Psikologia eta Psikopedagogia. Diplomaturak: Bibliotekonomia eta Dokumentazioa, Gizarte Hezkuntza, Estatistika, Gizarte Lana eta Turismoa. Irakasletza: Entzutea eta Mintzaira, Hezkuntza Berezia, Gorputz Hezkuntza, Haur Hezkuntza, Musika Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Atzerriko Hizkuntza.

4. esperimentaltasun-maila: Administrazio eta Enpresen Zuzendaritza, Gizarte eta kultura Antropologia, Aktuariotza eta Finantza Zientziak, Politika eta Administrazio Zientziak, Lan Zientziak, Zuzenbidea, Ekonomia, Filosofia, Aleman Filologia, Arabiar Filologia, Katalan Filologia, Filologia Klasikoa, Eslaviar Filologia, Frantses Filologia, Galiziar Filologia, Hebrear Filologia, Filologia Hispanikoa, Ingeles Filologia, Italiar Filologia, Portugaldar Filologia, Filologia Erromanikoa, Euskal Filologia, Geografia, Historia, Artearen Historia, Giza Zientziak, Merkatu Ikerketa eta Teknikak, Hizkuntzalaritza, Kazetaritza, Soziologia, Literatura Teoria eta Literatura Konparatua. Diplomaturak: Enpresa Zientziak, Kudeaketa eta Administrazio Publikoa eta Lan Harremanak.

PREZIO PUBLIKOA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
2013-2014ko IKASTURTEAN BESTE ZERBITZU BATZUK EMATEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIO PUBLIKOEN TARIFAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala