Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2013ko uztailaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3045

AGINDUA, 2013ko ekainaren 19koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, elikagaien kalitate-programak sustatzeko eta haietan parte hartzeko jardueretarako 2013ko ekitaldirako laguntzen deialdia egiten duena (Bikain programa), abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren babesean.

Elikagaien kalitate-programak sustatzeko eta haietan parte hartzeko ekintzetarako diru-laguntzei buruzko (Bikain programa) abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuak elikagaien ekoizpenaren eta produktuen kalitatea hobetzeko laguntzen araubidea ezarri du, laguntza-ildo hauek barne hartuta: batetik, nekazariek elikagaien kalitateari buruzko programetan parte hartzeko laguntzak, eta, bestetik, elikagaien kalitate-programen esparruan produktuen informazio- eta sustapen-jarduerak garatzeko laguntzak.

Arestian aipatutako dekretu horren 8. artikuluak ezartzen du, urtero, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu bidez, bertan ezarritako laguntzetarako deialdia egingo dela eta artikulu horretan jasotzen diren puntu batzuk jasoko direla.

EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean EAEko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarri egingo dira programen diru-laguntzak emateko arauak eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea aintzat hartu da, eta Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruzko indarreko legezko xedapenen Testu Bateginaren IX. tituluan xedatutakoa –aurrekontu luzapenaren erregimena jasotzen duen Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruzko legezko xedapenen Testu Bategina onartzeko irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa– aplikatu da.

Bi arauak aplikatuz, elikagaien kalitate-programak sustatzeko eta haietan parte hartzeko jardueretarako aurtengo laguntzen deialdia egiten da (Programa Bikain).

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Helburua.

Agindu honen xedea da elikagaien kalitate-programak sustatzeko eta haietan parte-hartzeko ekintzetarako 2013ko ekitaldirako laguntzen deialdia egitea (Bikain programa), abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren babesean.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta eskabide-eredua.

1.– Abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren babesean emango diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilebetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Hala ere, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztutako eskabideak epe barruan aurkeztutzat joko dira.

3.– Eskabide-orria, abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuan aurreikusita dagoena, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) eta web-orri honetan eskura daiteke: www.nasdap.ejgv.euskadi.net

Hirugarrena.– Gehieneko diru-zuzkidura.

Agindu honen bidez 2013ko ekitaldirako deitu diren laguntzei erantzuteko gehieneko diru-zuzkiduran 625.000 eurokoa da. Horietatik 375.000 euro II. kapituluari dagozkio, eta 250.000 euro, berriz, III. kapituluari.

II. kapituluari dagozkion 375.000 euroetatik 135.000 euro FEADER funtsen kargura finantzatuko dira, eta 240.000 euro, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2013ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren kargura.

III. kapituluari dagozkion 250.000 euroetatik 90.000 euro FEADER funtsen kargura finantzatuko dira, eta 160.000 euro, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2013ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren kargura.

Laugarrena.– Diru-laguntzak jasoko dituzten III. kapituluko ekintzak.

1.– III. kapituluan aurreikusitako ekintzek 2013ko ekitaldian gauzatuta egon beharko dute.

2.– Abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren 31. artikuluan aurreikusitako ekintza guztiek jaso ahal izango dute diru-laguntza.

Bosgarrena.– III. kapituluan aurreikusitako laguntzak kuantifikatzeko irizpide objektiboak.

Abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren 38. artikuluan jasotako kuantifikazio-irizpide objektiboen artean, honako hauek aukeratu dira III. kapituluan aurreikusitako diru-laguntzak balioztatzeko:

1.– EAEtik kanpoko sustapen- edo informazio-ekintzak eta sustatu nahi diren produktuetarako merkatu berriak irekitzea ekartzen duten jarduerak: gehienez 30 puntu.

2.– Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Industria eta Elikagaien Kalitateari buruzko plan estrategikoan aldi horretarako lerrokatutako diruz laguntzeko ekintzak: gehienez 20 puntu.

3.– Kalitate-programan ekoizle berriak sartzea errazten duten informazio- edo sustapen-ekintzak: gehienez 20 puntu.

4.– Euskarri edo bide berritzaileak erabiltzen dituzten edo horien eraginkortasuna eta inpaktua neurtu eta zehazten duten azterketen bidez ebaluatzen diren informazio- edo publizitate-ekintzak: gehienez 20 puntu.

5.– Ondorioak estatu kide batean baino gehiagotan sortzen dituzten sustapen-ekintzak: gehienez 15 puntu.

6.– Sustatu nahi diren produktuetarako irekitako merkatuetan gehiago barneratzea edo finkatzea ekartzen duten ekintzak: gehienez 15 puntu.

7.– Kontsumitzaileari, elikagaien segurtasunari dagokionez, euren kalitate-programen diferentzialei buruzko informazioa ematen dioten publizitate-kanpainak: gehienez 15 puntu.

8.– Aurreko kanpainetan aipamen, sari edo antzekoren bat lortu duten sustapen-ekintzak: gehienez 10 puntu.

Seigarrena.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntzak eskatzen dituzten pertsonek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

1.– Abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako agiriak, kasu guztietan.

2.– Aurreko idatzi-zatian xedatutakoaz gain, abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren II. kapituluan sartutako proiektuetarako diru-laguntzak eskuratzeko, aipatutako dekretuaren 25. artikuluan adierazitako agiriak ere aurkeztu beharko dira.

3.– 1. idatzi-zatian xedatutakoaz gain, abenduaren 2ko 203/2008 Dekretuaren III. kapituluan sartutako proiektuetarako diru-laguntzak eskuratzeko, aipatutako dekretuaren 36. artikuluan adierazitako agiriak ere aurkeztu beharko dira.

Zazpigarrena.– Pizgarri unitarioaren zenbatekoa

1.– Hona hemen 21. artikuluaren 2. idatzi-zatian aipatutako kalitate-programa bakoitzerako pizgarri unitarioaren zenbatekoa:

– «Euskal Okela» AGB: 60 euro (abelburuko).

– «Idiazabalgo Gazta» sor-marka: euro 1 (abelburuko).

– «Getariako Txakolina» sor-marka: 108 euro (hektareako).

– «Arabako Txakolina» sor-marka: 226 euro (hektareako).

– «Bizkaiko Txakolina» sor-marka: 185 euro (hektareako).

– Nekazaritza Ekologikoa: 38 euro / 17 euro (hektareako / abelburuko).

– «Gernikako Piperra» sor-marka: 4.112 euro (hektareako).

2.– Honako aldi edo data hauek hartu dira kontuan pizgarriaren kalkulua egiteko beharrezkoak diren hektareak edo abelburuak zehazteko:

a) Idiazabal Gaztari eta Nekazaritza Ekologiari buruzko programei atxikitako abelburuen kasuan, deialdi honen aurreko urtean aurrera eramandako saneamendu-kanpainen barruan foru-aldundiek egindako errolda.

b) Txakolinen eta Gernikako Piperraren jatorrizko deiturei eta Nekazaritza Ekologikoko programari atxikitako hektareen kasuan, 2012ko irailaren 1ean erregistratuak.

c) Eusko Labelari atxikitako abelburuen kasuan, 2012. urtean zehar hildakoak.

Zortzigarrena.– Baliabideak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzierrekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.

Bederatzigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 19a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala