Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2013ko uztailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

BILBOKO LEHEN AUZIALDIKO 6 ZENBAKIKO EPAITEGIA
3028

EDIKTUA, behin betiko neurriak aldatzeari buruzko 287/12 prozeduraren ondoriozkoa.

Bilboko Lehen Auzialdiko 6 zenbakiko Epaitegia (familia).

Judizioa: Behin betiko neurriak aldatzeko 287/12 prozedura.

Demandatzailea: Lourdes Jaime de Jesus Minaya.

Abokatua: Cesar Bernales Soriano.

Prokuradorea: Manuel.

Demandatua: Jesus Muñoz Gonzalez.

Gaia: MHC 693/08 prozeduran adostutako neurriak aldatzea.

Judizio horretan epaia eman zen 2013-03-25ean, eta honakoa da epaitza:

137/13 EPAIA

Erregearen izenean.

Bilbao, 2013ko martxoaren 25a.

Nik, M.ª Eugenia Matía Ortiz, Bilboko Lehen Auzialdiko 6 zenbakiko Epaitegiko magistratua naizen aldetik, ikusi ditut neurriak aldatzeko 287/12 hitzezko judizioko jarduketa berezi hauek. Auto horiek epaitegi honetan izapidetu dira, Lourdes Jaime de Jesús Minaya andreak eskatuta –Elena Manuel epaitegietako prokuradoreak ordezkatuta eta César Bernales letraduak lagunduta–, auzi-ihesean den Jesús Muñoz González jaunaren aurka. Fiskaltzak ere parte hartu du alderdi gisa.

EPAITZA

Osorik baiesten dut Elena Manuel epaitegietako prokuradoreak Lourdes Jaime de Jesús Minaya andrearen izenean eta ordez aurkeztutako demanda. Hori dela eta, 2011ko urtarrilaren 20ko epaian adostutako neurriak aldatuta daudela deklaratzen dut, eta Jesús Muñoz González jaunak XXXXX eta XXXXX seme-alaba adingabeak ikusteko bisitaldi-erregimena sartzen dut.

1.– Asteburu batean bai eta hurrengoan ez, larunbateko 11:00etatik igandeko 19:30era arte, baldin eta aitak bizileku egonkorra eta adingabeek lo egiteko aproposa badu. Halakorik ez badauka, larunbateko eta igandeko 11:00etan hartuko ditu seme-alabak, eta larunbateko eta igandeko 19:30ean amari itzuliko.

2.– Uda: uztailean eta abuztuan, gurasoak adingabeekin egoteko boladak ezartzen dira, gehienez ere 15 egunekoak, seme-alabek hilabete osoa eman ez dezaten beren ama edo aita ikusi gabe.

Beraz, urte bikoitietan aita egongo da adingabeekin, uztailaren 1etik 15era eta abuztuaren 1etik 15era; urte bakoitietan, ordea, ama egongo da adingabeekin, uztailaren 1etik 15era eta abuztuaren 1etik 15era.

Bi gurasoek hitzematen dute elkarri jakinaraziko diotela non egongo diren seme-alabekin udako oporretan, eta hango helbidea eta telefonoa ere emango dizkiote elkarri.

3.– Gabonak eta Aste Santua: eskolako oporren arabera hartuko dira. Seme-alabek oporren erdiak aitarekin eta beste erdiak amarekin pasako dituzte. Gurasoak elkarrekin ados jartzen ez badira, urte bikoitietako aitak edo urte bakoitietako amak hautatuko ditu opor horien erdiak.

4.– Seme-alaben urtebetetzeak: bi adingabeek oporretan egiten dituztenez urteak, opor horietan beraiekin dagoen gurasoarekin egongo dira urtebetetze-egunean ere.

Egun horietan, adingabea Bilbon badago, adingabearekin egotea tokatzen zaion gurasoak beste gurasoari utziko dio adingabea, gutxienez 4 orduz, goizez edo arratsaldez, 20:00ak arte.

5.– Gurasoen urtebetetzeak: Egun horretan urteak egiten dituen gurasoekin emango dute egun hori seme-alabek. Egun horiek beste gurasoari tokatzen zaion bisita- edo opor-garaian badira, bi gurasoek, ahal delarik, urteak egiten dituen gurasoari utziko diote egun hori.

Eutsi egiten zaie 2011ko urtarrilaren 20ko epaiak ezarritako gainerako neurriei.

Bestalde, prozeduran sortutako kostuak ez zaizkio inongo alderdi beren-beregi ezartzen.

Eman ebazpen honen berri alderdiei.

Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Bizkaiko Probintzia Auzitegiari zuzendua (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa prestatzeko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera hogei egun balioduneko epean. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: inpugnazioa zein alegaziotan oinarritzen den, eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak zeintzuk diren (PZLb, 458.2 artikulua).

Errekurtsoa aurkeztu ahal izateko, 50 euroko gordailua jarri beharko da, eta baldintza hori bete ezean ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banesto taldean (Banco Español de Crédito) duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko kontuan (kontuaren zenbakia:........... ). Dirua sartu izanaren agirian, kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean jarri izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLO, 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Jesus Muñoz Gonzalez demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake auzi-ihesean den demandatuak.

Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskura du interesdunak, epaitegi honetako bulego judizialean.

Bilbao (Bizkaia), 2013ko apirilaren 16a.

IDAZKARI JUDIZIALA.


Azterketa dokumentala