Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2013ko uztailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3019

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 9koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Elhuyar Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa bat Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu dugu Usurbilgo (Gipuzkoa) Elhuyar Fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzen duen espedientea, eta kontuan hartu ditugu honako

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2013ko apirilaren 22an eman zitzaion sarrera Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistro Orokorrean, Elhuyar Fundazioaren ordezkaritzan Alfontso Mujika jaunak izenpetutako eskabideari. Eskabide hori Fundazioaren estatutuen 11. artikuluan egindako aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko da. Horri erantsi zizkion espedientean jasota geratu diren dokumentuak.

Aldaketa hori eta gero honela geratuko da aipatu artikuluaren testua:

«11. artikulua.– Patronatuaren osaera.

Patronatua kide anitzeko organoa izango da, gutxienez bost lagunez eta gehienez hogeita batez osatua.

Hasieran Patronatua erakunde sortzaileak izendatutako pertsonez osatuta egongo da.

Sortze-ekitaldiaren ondoren, Patronatuko kide-kopurua zehaztea – mugen barruan – eta kide izango diren pertsonak izendatzea, Patronatuari berari dagokio, baita hutsuneak betetzeko eta kideak berritzeko izendapenak egitea ere. Patronatuan, gehienez, honako kideak egongo dira:

Hiru kide Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko edo Pirinio Atlantikoko Departamenduko Erakunde Publikoetatik.

Bost kide Fundazioaren pertsona fisiko laguntzaileen artetik izendatuak.

Hiru kide Fundazioaren laguntzaile diren enpresa eta zuzenbide pribatuko erakundeen artetik izendatuak.

Sei kide hasierako laguntzaileen artetik izendatuak.

Gainera, euskararen normalizazioaren, ikerketa zientifikoaren edo garapen teknologikoaren alorretan ospea duten edota merezimendua aitortzen zaien lau pertsona gehienez izan daitezke Patronatuko kide. Kide horiek Patronatuak berak hautatuko ditu».

Ondorioz, artikuluan ezarritako osaera berrira egokitu beharko da Patronatua.

Bigarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroen Zuzendaritzako Zerbitzu Teknikoek espedientea berriro aztertu, eta ebazpen-proposamena egin dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Egitura Dekretuak Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari esleitzen dio espediente hau ebazteko eskumena.

Bigarrena.– Aurkeztu diren dokumentuek betetzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroen Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak eta aplikagarri diren gainontzeko arau orokorrek ezarritakoa.

Halaber, betetzen da Fundazioaren estatutuek horri buruz berariaz ezartzen dutena ere.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan Usurbilgo (Gipuzkoa) Elhuyar Fundazioari irekitako orrian inskribatzea, gaurko datarekin, fundazioaren patronatuak 2012ko abenduaren 20an adostutako bere estatutuen 11. artikuluaren aldaketa.

Dokumentu honen arabera egin da inskripzioa:

– 2013ko apirilaren 19an, 403 protokolo zenbakiarekin, Enrique García Jalón de la Lama notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoa.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta Fundazioari bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beraz, bere aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari. Horretarako epea hilabetekoa izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 9a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala