Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2013ko maiatzaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2241

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinen bidez argitaratzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen, Musika eta Arte Eszenikoko Katedradun eta Irakasleen eta Arte Plastiko eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako irakasle funtzionarioen lekualdatze-lehiaketan esleitutako behin betiko destinoak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileriaren Kudeaketarako zuzendariaren 2013ko martxoaren 12ko Ebazpenaren bidez, argitara eman ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen, Musika eta Arte Eszenikoko Katedradun eta Irakasleen eta Arte Plastiko eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako funtzionario irakasleen arteko 2012/2013ko lekualdatze-lehiaketan esleitutako behin-behineko destinoak.

Ebazpen horren kontra aurkeztutako erreklamazioak berrikusi dira, baita epean aurkeztutako uko-egiteak ere.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen kidegoetako langile funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketarako deia egiten duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko urriaren 26ko Aginduaren hogeita hirugarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz (2012ko urriaren 31ko EHAA), honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen, Musika eta Arte Eszenikoko Katedradun eta Irakasleen eta Arte Plastiko eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleen Kidegoetako irakasle funtzionarioen lekualdatze-lehiaketan esleitutako behin betiko destinoak onartzea, segidako zerrendetan agertzen diren bezala:

I. eranskina, Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen Kidegoan destinoa esleitu zaien parte-hartzaileen zerrenda.

II. eranskinean, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoan destinoa esleitu zaien parte-hartzaileen zerrenda.

IIII. eranskina, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen Kidegoan destinoa esleitu zaien parte-hartzaileen zerrenda.

IV. eranskina, Musika eta Arte Eszenikoko Katedradun eta Irakasleen Kidegoan destinoa esleitu zaien parte-hartzaileen zerrenda.

V. eranskina, Arte Plastiko eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleen Kidegoan destinoa esleitu zaien parte-hartzaileen zerrenda.

VI. eranskina, Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoan, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoan eta Musika eta Arte Eszenikoko Irakasleen Kidegoan sartzeko hautapen-prozeduretan hautatuak izan diren parte-hartzaileen zerrenda, ikasturte honetan praktikaldian daudenak, eta destinoa esleitu zaienak.

Seigarren eranskinean esleitutako destinoak emateko, praktikaldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatu beharra dago.

Bigarrena.– Aipatutako eranskinak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net webgunean jartzeko agintzea, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera ikusgai egon daitezen. Leku berberetan erakusgai jarriko da, orobat, baietsitako eta ezetsitako ukoen eta erreklamazioen zerrenda alfabetikoa, eta ezetsitakoen kasuan, horretarako arrazoiak aipatuko dira.

Hirugarrena.– Izendapenek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango dituzte, 2013ko irailaren 1etik hasita; jatorrizko ikastegietako kargu-kentzeek, ordea, 2013ko abuztuaren 31ko ondorioak izango dituzte.

Laugarrena.– Indargabeturik geratuko dira irakasleei akats baten ondorioz esleitutako destinoak, baldin eta deialdietan parte hartzeko eskakizunak betetzen ez badituzte. Agindu honen eranskinetan agertu arren eta are lanpostuez jabetu arren, ez da aurretiaz pentsatu behar deialdiaren eskakizunak betetzen direla.

Bosgarrena.– Lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora sartzen diren lan-utzialdiko irakasleek 2013ko irailaren 1etik 4ra aurkeztuko dituzte lekualdatze-lehiaketaren deialdiari buruzko 2012ko urriaren 26ko Aginduaren hogeita laugarren oinarrian aipatu agiriak (2012ko urriaren 31ko EHAA).

Seigarrena.– Agindu honen bidez lortutako plazei ezin izango zaie uko egin. Aitzitik, irakasle kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2013-2014 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, EHAAn behin betiko destinoen esleipenaren Agindua argitaratu osteko egutegiko hamar egunetan. Hala egin ezean, jardun aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion lanpostua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten lanpostuak plaza hutsak izango dira eta hezkuntza-administrazioek erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.

Zazpigarrena.– Lekualdatze-lehiaketan parte hartutako maisu-maistrek, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko jatorrizko dokumentazioa aurkeztu badute, lehiatu diren Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzan berreskuratu ahal izango dute dokumentazio hori, bai bertara joanda, bai baimendutako pertsona bat hara bidalita. Horretarako, amaituta egon behar da agindu honen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko bi hilabeteko epea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.­ Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.– Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 9a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala