Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2013ko maiatzaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2240

AGINDUA, 2013ko apirilaren 29koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinen bidez argitaratzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioak lekuz aldatzeko lehiaketan esleitutako behin betiko destinoak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileriaren Kudeaketarako zuzendariaren 2013ko martxoaren 11ko Ebazpenaren bidez argitara eman ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko maisu-maistren kidegoko funtzionario irakasleen arteko 2012-2013ko lekualdatze-lehiaketan esleitutako behin-behineko destinoak.

Ebazpen horren kontra aurkeztutako erreklamazioak berrikusi dira. Halaber, zenbait parte-hartzaileri, zonaldearen lehentasunezko eskubidearen modalitatean, destinoak behin-behingoz esleitzean ikusitako akats informatikoak zuzendu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioak lekuz aldatzeko lehiaketarako deia egiten duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko urriaren 26ko Aginduaren hogeita hirugarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz (2012ko urriaren 31ko EHAA), honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioak lekuz aldatzeko lehiaketan esleitutako behin betiko destinoak onartzea, segidako zerrendetan agertzen diren bezala:

I. eranskinean, destinoa esleitu zaien maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioen zerrenda.

II. eranskinean, EAEko maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuetan hautatuak izan direnen zerrenda. Pertsona horiek guztiak praktikaldiko funtzionario izendatzeko aginduan eta haren aldaketan esleitutako zerrenda-hurrenkeraren arabera ordenatuta daude. Bigarren eranskinean esleitutako destinoak emateko, behar izanez gero, praktikaldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatu beharra dago.

Bigarrena.– Aipatutako eranskinak Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net webgunean jartzeko agintzea, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera ikusgai egon daitezen. Leku berberetan erakusgai jarriko da, orobat, baietsitako eta ezetsitako ukoen eta erreklamazioen zerrenda alfabetikoa, eta ezetsitakoen kasuan, horretarako arrazoiak aipatuko dira.

Hirugarrena.– Izendapenek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango dituzte, 2013ko irailaren 1etik hasita; eta jatorrizko ikastegietako kargu-kentzeek, ordea, 2013ko abuztuaren 31ko ondorioak izango dituzte.

Laugarrena.– Indargabeturik geratuko dira maisu-maistrei akats baten ondorioz esleitutako destinoak, baldin eta deialdietan parte hartzeko eskakizunak betetzen ez badituzte. Agindu honen eranskinetan agertu arren, eta are lanpostuez jabetu arren, ez da aurretiaz pentsatu behar deialdiaren eskakizunak betetzen direnik.

Bosgarrena.– Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Aitzitik, irakasle kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2013-2014 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, EHAAn behin betiko destinoen esleipenaren agindua publikatu osteko hamar egun naturaletan. Hala egin ezean, jardun aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion lanpostua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten lanpostuak plaza huts joko dira eta hezkuntza administrazioek erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.

Seigarrena.– Lekuz aldatzeko lehiaketa horretan parte hartutako maisu-maistrek, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko jatorrizko dokumentazioa aurkeztu badute, lehiatu diren Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzan berreskuratu ahal izango dute dokumentazio hori, bai bertara joanda, bai baimendutako pertsona bat hara bidalita. Horretarako, agindu honen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko bi hilabeteko epea bukaturik egon beharko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.­ Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.– Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 29a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala