Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2013ko apirilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2028

AGINDUA, 2013ko apirilaren 10ekoa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, industri aurriak eraisteko egitasmoak idazteko eta/edo burutzeko laguntzak arautzen dituen apirilaren 21eko 75/1998 dekretuan ohartemandako laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea eta lekua finkatzen dituena.

Industri aurriak eraisteko egitasmoak idazteko edota burutzeko dirulaguntzak arautzen dituen apirilaren 21eko 75/1998 Dekretuak bere 1.4 artikuluan xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko aldian-aldiko deialdiak Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren aginduz egingo dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legean, 2012. ekitaldirako, kreditu bat gaitu da helburu horretarako. Hori dela-eta, maiatzaren 24ko 1/2011 Lege Dekretuak Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartu zuen, eta Lege Dekretu horren 127tik 134ra bitarteko artikuluetan ezarritakoaren arabera, zuzkidura duten aurrekontu-partidak luzatu egin dira deialdi honi erantzuteko.

Ondorioz, honakoa

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epea irekitzen da industri aurriak eraisteko egitasmoak idazteko eta/edo burutzeko dirulaguntzak arautzen dituen apirilaren 21eko 75/1998 Dekretuan aipatzen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko.

Aipatutako laguntzetarako 1.220.000 euro izango dira; horietatik 20.000 euro 2013. ekitaldirako, eta 1.200.000 euro 2014. ekitaldirako.

2. artikulua.– Laguntza horiek Batzordearen 1998/2006 zk.ko (EE) Arautegiari loturik egongo dira. Arautegi horrek EE Itunaren 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei nola aplikatu behar zaizkien zehazten du («Europako Batasunaren Aldizkari Ofiziala» L379, 2006-12-28koa). Krisian dauden enpresei emandako diru-laguntzak salbuetsita egongo dira, Batasuneko Jarraibideek krisian dauden enpresen sorospenerako eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruz ezarritakoari jarraituz. («Europako Batasunaren Aldizkari Ofiziala» C244, 2004-10-01ekoa).

Krisian dauden enpresei emandako diru-laguntzak eta Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Arautegian ezarritako gainerako salbuespenak izan ezik, Agindu honen helburuko diru-laguntzak ez dute inoiz minimis laguntzen gehieneko kopurua gaindituko. Gaur egun gehieneko hori 200.000 eurotan dago ezarrita, onuradun bakar batek hiru zerga-ekitalditan jaso dezakeena. Kopuru hori ezin gainditu daiteke ez bakarka ezta onuradun berari emandako beste minimis laguntza batzuekin bateratuta ere.

3. artikulua.– Eskabideak Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Erregistroan -Donostia kalea 1, Lakua 2, 2. solairua; 01010 Vitoria-Gasteiz-, Zuzenean zerbitzuko Herritarren Arretarako Puntuetan (informazioa: 012 telefonoan edo www.euskadi.net atarian) eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, eta Lurralde Plangitzaren eta Hirigintzaren zuzendariari helaraziko zaizkio.

Horretarako, eskabideekin batera, 75/1998 Dekretuaren 4. artikuluan jasotako agiri guztiak, grafikoak zein idatziak, aurkeztuko dira. Eskabideren batek ezinbesteko agiriren bat falta badu, eskatzaileari adieraziko zaio hamar eguneko epea duela halako agiriak aurkezteko, eta, horrela egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko dela; horretarako, organo eskudunak, aurretiaz, deialdiaren ebazpena eman beharko du, eta bertan jaso azalpen horiek guztiak.

4. artikulua.– Baimenak eman ala ukatu egin diren ebazteko bi hilabeteko epea izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita.

Epe hori igarota, interesdunei ez bazaie beren eskarien esanbidezko ebazpenik jakinarazi, eskariok ezetsitzat jo ahal izango dira, hala ezartzen baita azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan, aurrekoa aldatzeko 4/1999 Legean jasota dagoenez.

Ebazpenean berariaz jaso beharko dira ebazpenaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, eta onuradunak betekizunak bete dituela egiaztatzeko modua; halaber, ebazpenaren aurka zein errekurtso-mota jarri ahal den adierazi beharko da, zein administrazio-organori edo organo judiziali aurkeztu behar zaion eta zenbateko epea dagoen hori egiteko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1. artikuluan guztira izendatutako diru zenbatekoa aldatu ahal izango da, eskatutako dirulaguntzen kopuru osoa kontuan izanda, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak bere aurrekontua gauzatu ondoren izango duen aurrekontuko diru-baliabideen arabera eta horien ebazpena eman aurretik. Egoera horren berri Administrazio eta Lurralde Plangintzaren sailburuordearen Ebazpenaren bidez emango da.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 10a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala