Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2013ko otsailaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1135

148/2013 EBAZPENA, otsailaren 8koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, dei egiten zaie Osakidetzako langileei eta Osakidetzari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei 2013-2014 ikasturteko euskara ikastaroetara.

Horretarako kontuan hartu da azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilpena Arauzkotzezkoa, eta garatzen duten dekretuak: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan euskararen erabilera normaltzeko plangintza arautzeko den apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua eta euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua. Halaber, kontuan hartu dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Plana (2005eko maiatzaren 27an onartua) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, hizkuntza-prestakuntzako eta normalizazioaren arloan sinatutako lankidetza-hitzarmena.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUGU:

Artikulua bakarra.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen 2013-2014 ikasturteko hizkuntza-gaikuntzarako ikastaro deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritako oinarriekin bat etorrita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko otsailaren 8a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOIENA IBARGUREN.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Deialdi honen helburua da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen euskarazko hizkuntza-gaikuntza eragin eta bultzatzea.

Bigarrena.– Norentzat.

Deialdian parte har dezakete Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere, baldin eta deialdiaren ebazpenaren egunetik ikastaro mota bakoitzerako eskaerak egiteko epea bukatu arte zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan badaude.

Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu, hau da, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideak jarraituko ditu.

Ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, Osakidetzak Euskara Planaren 3.2 atalean eta 2013-2014 ikasturteko euskara ikastaroetako aukeraketa prozedura zehazteko Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariaren Jarraibideetan ezarritako irizpideak jarraituko ditu.

Lanorduetan euskarazko prestakuntza jasotzeko baimenak ematerakoan, zerbitzu-erakundeek aplikatuko dituzte Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planak eta Giza Baliabideetako Zuzendaritzak Jarraibideen bidez ezarriko dituen irizpideak.

Onespena jaso duten eskarien ondorioz, ordezko langileak kontratatu beharra dagoenean, kontratatu beharreko langileen kopurua aurrekontua izatearen menpe egongo da.

Hirugarrena.– 2013-2014 ikasturteko deialdiak.

3.1.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak bi deialdi kaleratuko dituzte ikastaroak eskaintzeko.

Oraingoan kaleratzen dena 2013-2014 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.

Datorren azaroan bigarren deialdia kaleratuko da, oraingo honen osagarria, zerbitzu-erakundeetara garaiz bidaliko den barne-jarraibideen bidez, 2013-2014 ikasturteko bigarren lauhilabeteko eskaintza egiteko.

Bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko bi orduko moduluetan, eta ez da eskainiko autoikaskuntza ikastarorik.

Azaroko deialdian modulu aldaketa hauek onartuko dira soilik:

a) lanorduetako ikastaro trinkoetatik (5 ordu, barnetegia) lanorduetako edo lanorduz kanpoko bi ordukoetara.

b) lanorduetako edo lanorduz kanpoko bi ordukoetatik lanorduetako ikastaro trinkoetara (5 ordu, barnetegia).

3.2.– Deialdiko ikastaro mota guztiak hauek dira:

a) Lanorduetako ikastaroak:

– 5 orduko ikastaro trinkoak (euskalduntzean zein alfabetatzean).

– Barnetegia.

– Egunero, 2 orduko ikastaroak.

b) Lanorduz kanpoko ikastaroak:

– Presentziazko ikastaroak euskaltegian.

– Autoikaskuntza ikastaroak.

3.3.– Lanorduetako bi orduko ikastaroak eta lanorduz kanpoko presentziazko eta autoikaskuntza ikastaroak ikasturte osorako izango dira, hau da, urritik ekainera. Bost orduko moduluak eta barnetegiak, berriz, lehenengo deialdian, urritik otsailera izango dira eta, bigarren deialdian, otsailetik ekainera.

3.4.– Deialdi honetan ez da sartzen EGAtik gorako edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan EGAren baliokide diren agirietatik gorako ikastarorik. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak 4HEko ikastaroetarako deia egingo du 2013-2014 ikasturterako.

Laugarrena.– Lanorduetako ikastaroen eskaintza.

Deialdi honetan eskaintzen diren lanorduetako ikastaroak II. eranskinean daude jasota.

Lanorduetan ikastaroetara joateko ezinbestekoa izango da langileak lanorduetako prestakuntza-plan indibidualizatua izatea. Plan horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planean jasotako irizpideen arabera egingo dira. Lanorduetan 2 orduko ikastaroetan parte hartu ahal izango dute soilik txanda finkoan ari diren langileek.

Zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek barnetegira joateko edo ikastaro trinkoetan parte hartzeko emandako baimenak lauhilabeteko osorako dira. Lanorduetako bi orduko ikastaroetan parte hartzeko emandako baimenak ikasturte osorako izango dira, urritik ekainera.

Ikastaroen hasiera eta amaiera egunak eta ordutegiak II. eranskinean zehaztutakoak dira. Halere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ahalmena du egoki iritzitako egokitzapenak egiteko. Egokitzapen horiek aldez aurretik jakinarazi beharko dira.

Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroak egiteko eskaerak.

Eskabideak modulu eta ordutegi bakarrerako izango dira.

Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da, betiere Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren Jarraibideetan ezarritako lehentasunen eta irizpideen arabera, lanorduetako euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.

5.1.– Eskabideak egiteko eta tramitatzeko epeak.

Lanorduetako ikastaroetarako eskabidea egiteko epea: 2013ko martxoaren 6tik 22ra (biak barne).

Zentroko zuzendaritzak jasotako eskaera bakoitzari buruzko txostena egin beharko du, eta onartutako eskaerak eta ukatutakoak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara bidali. Zerbitzu-erakundeek eskabideak Giza Baliabideetako Zuzendaritzak ezarritako prestakuntza moduluan grabatu eta tratatu beharko dituzte.

Onartutako eskaerek eta ukatutakoek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan egon beharko dute 2013ko apirilaren 24rako.

Giza Baliabideetako Zuzendaritzak eskaeretan egokitzapenak egin ahal izango ditu eta behin betiko zerrenda bidaliko dio IVAPi 2013ko maiatzaren 24rako.

Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ezta aldaketarik ere onartuko.

Giza Baliabideetako Zuzendaritzak aldiro-aldiro arautuko ditu aukeratzeko irizpideak eta prozedurak, eta euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren araberako aldaketa eta egokitzapenak egingo ditu.

5.2.– Interesatuek deialdi honetako eskabide elektronikoa bete beharko dute, horretarako ondorengo helbide elektronikoetara joz:

– http://www.osakidetza.net

– http://www.osakidetza.euskadi.net

(Honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Giza Baliabideak > Euskara > Ikastaroak > 2013-2014 ikasturtea > Lehenengo deialdia > Eskabideak).

Era berean, izena emateko eskabidea aurkeztu ahal izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua, 38.4 artikuluan ezarritako edozein modutan (III. eranskina).

Eskabideak pertsonaleko zuzendaritzek gestionatuko dituzte horretarako dagoen aplikazio informatikoan.

Seigarrena.– Lanorduetako ikastaroetan onartzeko araubidea.

6.1.– Aukeratutako langileen behin betiko zerrendaren arabera osatuko dira ikastaroak eta taldeak.

Kasuan kasuko zerbitzu-erakundeko zuzendaritzaren betebeharra da eskaerei emandako onespenaren edo ukapenaren berri eskatzaileei beraiei ematea, idatzizko jakinarazpenaren bidez. Jakinarazpen hori 2013ko apirilaren 30erako egin behar dute. Ukapenaren kasuan arrazoia espresuki adierazi beharko dute. Halaber, zerbitzu-erakundeek zabalkunde handiena duen hedabideen bidez emango dute jakinaraztera onartuen eta ukatuen zerrenda (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula...).

Zazpigarrena.– Eskolen antolaketa: administrazioko ikastaldeak eta matrikula-orriak.

7.1.– IVAPek administrazioko ikastaldeak administrazioko langileekin soilik osatuko ditu. Talde horiek, ordutegi jakin batzuetan eta hiriburuetan antolatuko ditu:

– 5 ordutan: Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

– 2 ordutan goizez (08:00-10:00): Bilbon eta Gasteizen. Donostian egitea eskatzen dutenei matrikula-orria emango zaie.

Halaber, beste ordutegi edo herritan ikasi nahi dutenei IVAPek matrikula-orria emango die, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikula daitezen.

IVAPek hiriburuetan antolatzen dituen taldeen ezaugarriak (ordutegi eta egutegiak) II. eranskinean daude jasota. Ezaugarri horiekin bat datozen eskaerak eta hiriburuetako ikastaro trinkoetarako lanorduetarako ikastaro guztiak administrazioko ikastaldeetara bideratuko ditu IVAPek. Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, IVAPek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzari helaraziko dio administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.

7.2.– Administrazioko ikastaldeetako eskatzaileak taldekatzeko, ezinbestekoa izango da eskatzailearen mailaren berri izatea. Hori dela eta, eskatzailea azken ikasturtean IVAPekin eskolatuta ibili bada, azken ebaluazioaz baliatuko da IVAP hurrengo hasiera maila ezartzeko.

IVAPek egoki iritzitako kasuetan, mailaketa proba egitera dei diezaioke eskatzaileari, haren euskara-ezagutza maila neurtzeko. Deitutako langileren bat jarritako egun eta orduan mailaketa probara agertzen ez bada, aukera galduko du eskatutako ikastaroa egiteko.

IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzari jakinaraziko dio mailaketa probak nork egin behar duen, baita non eta noiz egin behar duen ere.

Salbuespenez, IVAPek erabaki dezake aurkeztu ez den langileari probara berriro deitzea, aurkeztu ez izana idatziz eta egokiro arrazoitzen badio IVAPi dagokion zerbitzu-erakundeak; beranduen ere, proba egunetik 2 egun balioduneko epean. IVAPek bertan behera utziko du salbuespenezko dei honetara ere aurkeztuko ez den langilearen eskaera.

Mailaketa probak egin ondoren taldeak osatuko ditu IVAPek. Taldeak osatzean ikasle bakoitzari bere pertsonaleko zuzendaritzak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian. Nolanahi ere, modulu edota ordutegi jakin batean taldea osatzeko behar adinako eskaerarik ez badago, IVAPek egoki iritzitako aldaketak proposatuko ditu.

7.3.– Administrazioko talderik ez duten langileak.

Administrazioko talderik ez duen langileei edo beste ordutegi edo herritan ikasi nahi dutenei IVAPek matrikula-orria emango die, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikula daitezen. IVAPek matrikula- orria bidaliko du Giza Baliabideetako Zuzendaritzara, honek langile bakoitzaren pertsonaleko zuzendaritzara helarazteko.

Matrikula-orriaren bitartez interesatuak berak aukeratutako euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan matrikulatu ahal izango da.

Langileak dagokion euskaltegiaren egutegira eta ordutegira moldatu behar du, egutegi eta ordutegi horiek IVAPek eskainitako ikastaroekin bat ez datozenean.

Matrikula-orria ordainagiri baten parekoa da, eta horregatik, ikastaroa egiteko baimendutako langileak konpromisoa hartzen du dagokion matrikula-orria jasotzeko eta, inon matrikulatzen ez bada, dagokion jakinarazpenarekin batera ahalik eta lasterren bere zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzara itzultzeko, betiere 2013ko urriaren 24a baino lehen, zuzendaritzak Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzari bidali eta IVAPera helarazteko.

Ukoa jakinarazteko, «Jakinarazpena: euskara ikastaroari ukoa» izeneko inprimakia erabili beharko da. Inprimakia zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko zuzendaritzetan egongo da eskura, bai eta honako helbide elektroniko hauetan ere:

– http://www.osakidetza.net

– http://www.osakidetza.euskadi.net

(Jarraitu beharreko bidea: Giza Baliabideak > Euskara > Ikastaroak > 2013-2014 ikasturtea > Lehenengo deialdia > Ikastaroa uztea / Ukoa).

Matrikula-orria aipatu epean jasotzen ez bada edo, inon matrikulatu ezean, itzultzen ez bada, langilearen eskabidea baztertua izango da hurrengo deialdian.

Halaber, 2012-2013 ikasturterako deialdia arautzen zuen 108/2012 Ebazpenaren 7.3 oinarriak ezartzen zuena betetzeko, 2012-2013 ikasturtean matrikula-orria itzuli ez edo jaso ez zuten langileei ez zaie onartuko 2013-2014 ikasturterako eskaerarik.

7.4.– Langileak egin duen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintzak betetzen badira:

1.– Matrikula-orria garaiz entregatuta izatea: matrikula-orria ikastaroa hasten denerako aurkeztuta egon behar da euskaltegian. 2013ko urriaren 24a baino beranduago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.

2.– Ikastaroek gutxieneko iraupena errespetatzea: Barnetegiko ikastaroek eta 5 orduko ikastaro trinkoek lau hilabete iraun behar dute, eta 2 orduko ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan beharko dute. Alfabetatzeko ikastaroetan, euren berezitasunengatik, IVAPek ordu gutxiagoko ikastaroak onartu ditzake.

3.– Ikastaro homologatuak izatea: ikastaroa HABEk homologatua izan behar da.

Baldintzak betetzen direla konprobatu ondoren, IVAPek langilearen matrikula onartu eta kostua ordainduko du. Esan bezala, IVAPek matrikula-gastuak ordainduko ditu eta ez ikastaroan zehar ikasleak ikasmaterialarengatik, fotokopiengatik eta abarrengatik izan ditzakeen gastu horiek guztiak, lanorduetako ikastaroak izan nahiz lanorduz kanpokoak.

IVAPek ez du ordainketarik egingo langileak egindako matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen. Kasu honetan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langileari Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bitartez.

Kontuan izan behar da, langileak matrikula-orria euskaltegian eman badu, IVAPek matrikula ordaindu behar duela. Une horretatik aurrera, beraz, langilea matrikulatuta dago euskaltegian eta IVAPek ordaindu egin behar du langilearen matrikularen kostua.

Horregatik, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, langileek aprobetxamendu egokia lortu beharko dute ikastaroetan.

Ikastaroen aprobetxamendu egokia neurtzen duten irizpideak ebazpen honen hamabigarren oinarrian ezartzen dira.

7.5.– Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak ekarriko du ikastaroetatik kanpo uztea. Orduan, Administrazioak bere esku izango du kanporatutako ikaslea hurrengo ikastaroetan ez onartzea.

Era berean, langileak ikastaroa hasteko hamabost egun baino gutxiago falta direnean liberazioari uko egiten badio, ezinbestean egin duela justifikatu beharko du, bestela, bai zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bai Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzak uko egite hori nahikotzat jo dezakete hurrengo deialdietan langilearen eskabidea ezesteko.

7.6.– Barnetegietara edo ikastaro trinkoetara joateko liberatu diren langileek % 100eko lansaria kobratuko dute.

Euskarako ikastaroetara joateak ez du ekarriko zerbitzuarengatiko inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

Zortzigarrena.– Lanorduetako ikastaroen asistentziari buruzko arauak.

8.1.– Ondorio guztietarako ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolaratze eta puntualtasun huts guztiak idatziz justifikatu behar dizkio lanean diharduen erakundeko zuzendaritzari, beste edozein laneratze-huts zuritu ohi den bezalaxe. Edonola ere, eskoletara garaiz ez heltzea justifikatu egin beharko da. Justifikatu gabeko puntualtasun hutsak sarritan gertatzeak ekar dezake ikaslea kanporatzea eta hurrengo ikastaroetan ez onartzea.

8.2.– Eskolarik ez dagoen egunetan, euskara ikastaroa lanorduetan egiten ari diren langileek beren lanpostuetara itzuli beharko dute ezinbestean.

8.3.– Euskara ikastaroetara joateko baimena, hasiera batean, zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzen ardura izanik, era berean, beraien ardura da baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolaratzea bermatzea.

Eskola-aldia nahitaez eten behar baldin bada, erabaki hori hartzen duen zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzak aldez aurretik informatuko du Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritza.

Zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bermatuko du ikastaroetan parte hartuko duten langileek euren oporrak ikastaroko egutegiarekin egokitzen dituztela, ikastaroen aprobetxamenduak kalterik izan ez dezan.

8.4.– Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiak direla medio, IVAPek ez du onartuko 2013ko urriaren 24a baino beranduago hasterik eskolan.

Urriaren 24a iragan ondoren, IVAPek bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

Eskola-hutsegiteak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan.

8.5.– IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek egoera horretan dauden langileen zerrenda bidali behar dute Giza Baliabideetako Zuzendaritzara, honek IVAPera helaraz dezan. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea ezin da bere kabuz eskoletan hasi. Eskolan hasteko prest dagoenean, dagokion zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi idatziz. Eskaera hori Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bitartez egingo du dagokion zerbitzu-erakundeak. Idazki horretan bajaren hasiera eta bukaera egunak zehaztu beharko ditu.

c) Galdutako eskola-orduen gehienezko muga igaro gabe egotea, hau da, langilea egiten ari den ikastaro osoko eskola-orduen % 20a.

Kasu horretan, IVAP saiatuko da eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

Ikastaro hasieran galdutako orduak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan eta zenbatu egingo dira hamahirugarren oinarrian ezarritako ordu-kredituaren kontsumorako.

Bederatzigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroen eskaintza.

2013-2014 ikasturteko deialdi honetan eskaintzen diren lanorduz kanpoko ikastaroak honako hauek dira:

– Presentziazko ikastaroak euskaltegian.

– Ordenagailu bidezko autoikaskuntza ikastaroak.

Eskaintza honetatik kanpo geratzen dira barnetegiko ikastaroak. Lanorduz kanpoko ikastaro trinkoa egin ahal izateko langileak finkoa edo interinoa izan behar du.

Lanorduz kanpoko ikastaroetan ez da onartuko ikastaro mota aldatzea; beraz, langileak eskatutako ikastarorako matrikula-orria jaso ondoren, ezin izango du aldatu.

Hamargarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroen araubidea.

10.1.– Ikastaro hauek ebazpenaren bigarren oinarriaren baldintzak betetzen dituzten Osakidetzako langile finkoentzat, bitartekoentzat eta aldi baterako kontratatuentzat dira. Aldi baterako langileen kasuan, ebazpena EHAAn argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan guztira sei hilabetetik gora lan egin behar izan dute Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan eta ikastaroak iraun bitartean lanean egongo direla aurreikusi behar da.

10.2.– Lanorduz kanpoko eskabideak egiteko eta tramitatzeko epeak.

Ikastaro hauek 2013-2014 ikasturte osorako dira; beraz, bigarren lauhilabetekoan ez da onartuko ikasle berririk. Aurreko lauhilabetekoan ikastaro trinkoa edo barnetegia egin dutenak ez dira ikasle berritzat hartuko. Hala ere, urri-otsaila aldian lanorduz kanpo ikastaro trinkoa edo hiru ordukoa egin eta modalitate horretan segitzeko asmoa duten langileek eskabidea egin beharko dute berriro.

Lanorduz kanpoko ikastaroetarako eskabidea egiteko epea 2013ko martxoaren 6tik maiatzaren 8ra bitartekoa izango da (biak barne).

Onartutako eskaerek eta ukatutakoek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan egon beharko dute 2013ko maiatzaren 31rako. Giza Baliabideetako Zuzendaritzak onetsitako eskaeren berri eman beharko dio IVAPi 2013ko ekainaren 21erako. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik, ez aldaketarik onartuko.

10.3.– Interesatuek deialdi honetako eskabide elektronikoa bete beharko dute ondorengo helbide elektronikoetan:

– http://www.osakidetza.net

– http://www.osakidetza.euskadi.net

(Honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Giza Baliabideak > Euskara > Ikastaroak > 2013-2014 ikasturtea > Lehenengo deialdia> Eskabideak).

Era berean, izena emateko eskabidea aurkeztu ahal izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua, 38.4 artikuluan ezarritako edozein modutan (III. eranskina).

Eskabideak pertsonaleko zuzendaritzek gestionatuko dituzte horretarako dagoen aplikazio informatikoan.

10.4.– Onartuen eta baztertuen zerrenda jakinaraztea.

Onartutako eskaerak IVAPera bidaltzeko epea igaro ondoren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak, ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartuko du. Baztertuen kasuan, baztertzearen arrazoia adieraziko da. Aipatutako ebazpena Osakidetzaren web orrian jarriko da jende aurrera baita zerbitzu-erakundeetan zabalkunde handiena duen hedabideetan ere (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula, ...).

Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda Osakidetzaren web orrian jende aurrean jarri eta, hurrengo egunetik hasita, interesatuek 10 egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariari aurkezteko.

Erreklamazioak Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan aurkeztu ahal izango dira eta, halaber, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak dioen edozein eratan.

Erreklamazioak aurkezteko epea igaro ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpen bidez ebatziko dira. Ebazpen horrek onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jasoko du; baztertuen kasuan, baztertzearen arrazoia adieraziko da. Aipatutako ebazpena Osakidetzaren web orrian jarriko da jende aurrera baita zerbitzu-erakundeetan zabalkunde handiena duen hedabideetan ere (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula, ...).

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari hilabeteko epean, ebazpena jendaurrean jartzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.

10.5.– Presentziazko lanorduz kanpoko ikastaroek ezaugarri hauek izango dituzte:

a) Ikastaroa euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean egingo da eta urritik ekainera bitartekoa izan behar da.

b) HABEk homologatutako ikastaroak izan beharko dira.

10.6.– Lanorduz kanpoko autoikaskuntza ikastaroek ezaugarri hauek izango dituzte:

a) Urritik ekainera bitartekoak izango dira eta gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute. Matrikula-orri bakarra ordainduko da.

b) Autoikaskuntza zentro homologatu edo euskaltegi publiko edo pribatu batean egingo dira.

c) HABEk homologatutako ikastaroak izan beharko dira ezinbestez.

d) Bi modalitate hauetako batean egin ahal izango dira:

– Internet erabilita: modalitate honen bidez, ordenagailuko bakarkako lana Internet bidez egin ahal izango da. Mintzamen-orduak, euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan hartuko dira.

– Euskaltegira edo autoikaskuntzako zentrora joanda: ikastaro osoa euskaltegian bertan edo autoikaskuntzako zentroan egin ahal izango da, bai ordenagailuko bakarkako lana baita mintzamen-orduak ere.

10.7.– Zerbitzu-erakunde bakoitzak lanorduz kanpoko autoikaskuntza ikastaroetarako baimen-kupoa izango du, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzak emango dituen jarraibideetan ezarriko dena. Era berean, ikastaro honetan parte hartu ahal izateko langileek bete beharreko baldintzak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzak osatuko ditu jarraibideetan.

IVAPek matrikula orri bakar bana emango die eskaera onartu zaien langileei, matrikula orri berezia hain zuzen. Autoikaskuntzan matrikulatzeko, orri berezitu hori bakarrik erabili beharko da. Ez da onartuko autoikaskuntzako matrikula-orriaren bitartez ikastaro presentzialetan matrikulatzerik, ezta alderantziz ere, hau da, ikastaro presentzialei dagokien matrikula-orriaren bitartez ezingo da autoikaskuntzan matrikulatu.

10.8.– Autoikaskuntza ikastaroetan parte hartzeko baimena ematerakoan lehentasuna izango dute txandaka lan egiten duten langileek, ondorengo hurrenkeraren arabera: langile finkoek, interinoek eta aldi baterakoek.

10.9.– Lanorduz kanpoko matrikula-orriak.

Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, Giza Baliabideetako Zuzendaritzara bidaliko du matrikula-orria, eskatzailearen zerbitzu-erakundeari helaraz diezaion.

Lanorduz kanpoko ikastaroetan ez da onartuko ikastaro mota aldatzea; beraz, langileak eskatutako ikastarorako matrikula-orria jaso ondoren, ezin izango du aldatu.

Langileak egin duen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintzak betetzen badira:

1.– Matrikula-orria garaiz entregatuta izatea: matrikula-orria euskaltegian aurkeztuta egon behar da ikastaroa hasten denerako. 2013ko urriaren 24a baino beranduago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.

2.– Ikastaroei dagokienez, aurreko 10.5 eta 10.6 oinarrietan ezartzen diren ezaugarriak betetzea.

Baldintza horiek betetzen direla konprobatu ondoren, IVAPek langilearen matrikula onartu eta kostua ordainduko du.

IVAPek ez du ordainketarik egingo langileak egindako matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen. Kasu honetan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langileari Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bitartez.

Kontuan izan behar da, langileak matrikula-orria euskaltegian eman badu, IVAPek matrikula ordaindu behar duela. Une horretatik aurrera, beraz, langilea matrikulatuta dago euskaltegian eta IVAPek ordaindu egin behar du langilearen matrikularen kostua.

Ondorioz, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, ikasleari eskatuko zaio hamabigarren oinarrian ezarritako gutxieneko aprobetxamendua betetzea.

Matrikula-orria ordainagiri baten parekoa da, eta horregatik, ikastaroa egiteko baimendutako langileak konpromisoa hartzen du dagokion matrikula-orria jasotzeko eta, inon matrikulatzen ez bada, dagokion jakinarazpenarekin batera ahalik eta lasterren bere zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzara itzultzeko, betiere 2013ko urriaren 24a baino lehen, erakundeak IVAPi helarazteko.

Ukoa jakinarazteko, «Jakinarazpena: euskara ikastaroari ukoa» izeneko inprimakia erabili beharko du. Inprimakia zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko zuzendaritzetan egongo da eskura, bai eta honako helbide elektroniko hauetan ere:

– http://www.osakidetza.net

– http://www.osakidetza.euskadi.net

(Bide honi jarraitu behar zaio: Giza Baliabideak > Euskara > Ikastaroak > 2013-2014 ikasturtea > Lehenengo deialdia > Ikastaroa uztea / Ukoa).

Matrikula-orria aipatu epean jasotzen ez bada edo, inon matrikulatu ezean, itzultzen ez bada, langilearen eskabidea baztertua izango da hurrengo deialdian.

Halaber, 2012-2013 ikasturteko deialdia arautzen zuen 108/2012 Ebazpenaren 7.3 oinarriak ezartzen zuena betetzeko, 2012-2013 ikasturtean matrikula-orria itzuli ez zuten edo jaso ez zuten eskatzaileen eskaerak baztertuak izango dira 2013-2014 ikasturterako. 2012-2013 ikasturteko ikastaroa hasi eta lehenengo hiru hilabetean autoikaskuntza eskola utzi zuten langileen autoikaskuntzarako eskaerak ezetsi egingo 2013-2014 deialdian, 2012-2013 ikasturterako deialdia arautzen zuen 108/2012 Ebazpenaren 11.1 oinarriak ezarritakoa betetzeko.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiak direla medio, IVAPek ez du onartuko 2013ko urriaren 24a baino beranduago hasterik eskolan.

Urriaren 24a iragan ondoren, IVAPek bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

10.10.– IVAPek arrazoi hauengatik soilik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo umea hartzeagatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko baldintza hauek bete beharko dira:

a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, langileak horren berri eman beharko dio IVAPi, Osakidetzaren Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bitartez.

b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi idatziz, Osakidetzaren Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bitartez. Eskaera horretan, berandu hastea zuritzen duen agiria edo agiriak erantsi beharko dira.

c) Galdutako eskola-orduen gehienezko muga igaro gabe egotea, hau da, langilea egiten ari den ikastaro osoko eskola-orduen % 20.

Kasu horretan, IVAP saiatuko da gaixotasunak eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

Ikastaro hasieran galdutako orduak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan eta zenbatu egingo dira hamabigarren oinarrian ezarritako ordu-kredituaren kontsumorako.

Hamaikagarrena.– Eskoletara joateari uztea: lanordu zein lanorduz kanpoko ikastaroak.

11.1.– Eskolan hasi ondoren ikastaroa behin betikoz utziz gero, horren berri eman beharko dio langileak bere Pertsonaleko Zuzendaritzari eskola uztea gertatzen den une berean. Horretarako «Jakinarazpena: euskara ikastaroari joateari uztea» inprimakia bete eta dagokion pertsonaleko zuzendaritzan erregistratu beharko du. Pertsonaleko zuzendaritzak eskola uztea erregistratu bezain pronto (egun berean) IVAPi eskola uzte horri dagokion dokumentazioa bidaliko dio, IVAPek dagokienei horren berri eman diezaien.

Derrigorrezkoa izango da eskola uztea jakinaraztea. Eskola-uztearen data inprimakia langilearen zerbitzu-erakundearen erregistroan sartu den eguna izango da eta IVAPek egun hori hartuko du ordu-kredituaren kontaketa eteteko. Hau da, eskola-uztea jakinarazten ez bada, ikasleak jarraitu egingo du ordu-kredituaren orduak gastatzen.

Beraz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua izango da inprimakia zerbitzu-erakundearen Pertsonaleko Zuzendaritzan lehenbailehen erregistratzea.

Eskola uztea jakinarazteko inprimakia zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko zuzendaritzetan egongo da eskura, bai eta Interneteko helbide hauetan ere:

– http://www.osakidetza.net

– http://www.osakidetza.euskadi.net

(Giza Baliabideak> Euskara > Ikastaroak > 2013-2014 ikasturtea > Lehenengo deialdia > Ikastaroa uztea/ukoa)

Kontuan izanda autoikaskuntza ikastaroetarako baimenak emateko lehentasun-hurrenkera zehatza dagoela eta zerbitzu-erakunde bakoitzak lizentzia-kupo jakina izango duela, 2013-2014 ikasturteko ikastaroa hasi eta lehenengo hiru hilabetean eskola uzten dutenen autoikaskuntzarako eskaerak ezetsi egingo dira hurrengo deialdian.

IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzari langileen eskola-uzteen berri emango dio.

Hamabigarrena.– Lanorduetako nahiz lanorduz kanpoko ikastaroen aprobetxamendua.

12.1.– Langileak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak nahiz euskaltegiak urratsak gainditzeko ezarritako aldizkako ebaluazioak egiteko konpromisoa hartzen du.

12.2.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aprobetxamendua nahikotzat jotzen du, ikasleak ikasturte osoko orduak kontuan hartuta, gutxienez % 80ko asistentzia badu.

12.3.– Zerbitzu-erakundeek eskura izango dute euren langileen asistentziari eta ebaluazioari buruzko informazioa. Datuok dagokion ebaluazioaren ondoren bidaliko ditu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara.

Hamahirugarrena.– Ordu-kreditua.

Deialdi honetara biltzen diren eskari guztiek ordu-kredituaren sistema izango dute ezarrita, betiere, IVAP eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren arteko lankidetza hitzarmena arautzen duen 2005eko azaroaren 30eko Aginduak ezarritakoaren arabera.

Agindu horren seigarren artikuluari jarraikiz, euskara ikastaroa lanorduetan hasi ahal izateko beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturte hasieran.

Ordu-kredituaren kontrolari begira, 2013-2014 ikasturtearen hasiera urria izango da eta hurrengo hiru deialdiak bilduko ditu:

a) 2013ko urrian hasiko diren eskoletarako deialdia.

b) 2014ko otsailean hasiko diren eskoletarako deialdia.

c) 2014ko udako ikastaroetarako deialdia (2014ko apirilean argitaratuko da).

Ordu-kredituaren kontrola Osakidetzaren Giza Baliabideetako zuzendariaren jarraibideen bidez zehaztuko da.

Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen dira. Ondorioz, ikasle horiei ezin zaie ordu-kredituaren saldoa eguneratu hiruhilekoa amaitu arte.

Hamalaugarrena.– Ikasleei buruzko datu pertsonalak.

Euskara ikastaroak kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta datu pertsonal horiek bidezko denean dagokion erakundeari lagatzea.

IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo euskara ikasten ari diren langileen eskabideei, asistentziari eta ebaluazioari buruz egokiak, bidezkoak eta ez-gehiegizkoak diren datu pertsonalak jaso, kudeatu eta fitxategian bilduko ditu eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren esku utziko ditu. Era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak zerbitzu-erakundeen eskura jarriko ditu ikasleen aprobetxamenduari buruzko txostenak.

Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen kudeaketa arau hauek xedatutakoaren arabera egingo dira: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, bai eta datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak ere (ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa).

Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren egokiak, bidezkoak eta ez-gehiegizkoak diren datu pertsonalen tratamendua. Era berean, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta tratatzea, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinaraztea euren asistentziari eta ebaluazioari buruzko informazioa. Hori guztia ebaluazio-txostena egiteko; txosten horrek bere baitan hartuko ditu gutxieneko helburuen eta lehentasunen betetze maila, hizkuntzaren aldetik gaitzeko prozesuak, eta hizkuntz eskakizunen egiaztatze gradua (67/2003 Dekretua, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko, 1.3 artikulua). Era berean, onartu egiten dute datuok Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari-HABEri lagatzea (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera). Hori dela eta, onartu egiten dute euren zerbitzu-erakundeari jakinaraztea, euren asistentziari eta ebaluazioari buruzko datuak, bai euren aprobetxamenduari buruzko txostenak ere.

Ikasleei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzia izenekoan erregistratutako IVAPen «Funtzionarioak euskalduntzea» eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren «Registro del personal de Osakidetza-SVS» izeneko fitxategietan egongo dira. Ikasleek Fitxategietako datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero. Horretarako, «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategiaren kasuan, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. «Registro del personal de Osakidetza-SVS» izeneko fitxategiaren kasuan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara jo dezakete: Araba kalea 45; 01006 Vitoria-Gasteiz.

II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTAROEN ESKAINTZA

1.– Barnetegia.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.

Barnetegiko ikastaroak euskaltegien egutegiari eta ordutegiari egokituko zaie.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.

2.– Bost orduko ikastaroak.

Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira. Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.

Ikastaroek beti ere lauhileko iraupena dute eta lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa izango da:

– 2013ko urriaren 1etik 2014ko otsailaren 14ra (hiru ebaluazio egingo dira euskalduntzean).

– 2013ko abenduaren 23tik 2014ko urtarrilaren 1a artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.

3.– Bi orduko ikastaroak.

Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira.

Administrazioko taldeetako ikastaroak. Orduak:

Bilbo eta Gasteiz: 08:00-10:00. Donostia aukeratzen dutenei matrikula-orria emango zaie.

Arratsaldeetarako IVAPek ez du administrazioko talderik osatuko eta, ondorioz, arratsaldez eskolak hartu nahi dituzten ikasleei matrikula-orria emango zaie, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko.

Modulu honek ikasturte osorako iraupena du; beraz, bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko.

Egutegia goizez IVAPeko taldeetan: 2013ko urriak 1 - 2014ko maiatzak 30 (bi ebaluazio egingo dira modulu honetan).

2013ko abenduaren 23tik 2014ko urtarrilaren 6a artekoak (Gabonak), biak barne, ez dira eskola egunak izango.

Era berean, ez dira eskola egunak izango 2014ko apirilaren 14tik 27ra artekoak, biak barne (Aste Santua).

Laugarren urratsetik gorako taldeek astebeteko ikastaro trinkoa (egunean 5 ordu) burutu ahalko dute, horretarako dauden baliabideen arabera.

Astebeteko ikastaroaren datak gerturatu ahala IVAPek Giza Baliabideetako Zuzendaritzari bidaliko dio eragindako langileen zerrenda, zerbitzuko beharrizanak aurreikusita, ikastaroa egin ahal izan dezan. Langileren batek joaterik ez badauka ezin joana aldez aurretik idatziz adierazi beharko du.

Talderen batek egunean 5 orduko ikastaroa egin ordez astebeteko barnetegi-aldia egitea eskatzen badu, IVAP ahaleginduko da aukera hori bideratzen. Horretarako, ezinbestekoa izango da taldeko ikasle guztiak joatea barnetegira.

Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala