Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

10. zk., 2013ko urtarrilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
269

EBAZPENA, 2012ko azaroaren 20koa, Ingurumeneko sailburuordearena. Honen bidez, Zamudioko udalerrian, Zamudioko Azpiestazio Elektrikotik (Espainiako Sare Elektrikoa) «Tecnalia» 220 kVko Azpiestazio Elektrikora doan zirkuitu bakuneko goi-tentsioko 220 kVko lurrazpiko linearen proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten da. Proiektua, Teknaliak sustatu du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko deklarazioa egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko, edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Zamudioko udalerrian, Zamudioko Azpiestazio Elektrikotik (Espainiako Sare Elektrikoa) «Tecnalia» 220 kVko Azpiestazio Elektrikora doan zirkuitu bakuneko goi-tentsioko 220 kVko lurrazpiko linearen proiektua baimentzeko prozedura hasi denez, eta nahitaez aplikatu beharrekoa denez Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa, ondoren aipatzen diren izapideak egin dira proiektu horri dagokionez:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia zehaztea. Proiektuaren sustatzaileak hala eskatuta, 2011ko urriaren 19an, Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez. 2011ko abenduaren 29an, proiektuak ingurumenean zuen eraginaren azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruzko txostena egin zuen ingurumen-organoak, eta, hori eginda, hasitako izapidetzea bukatu zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea. Organo eskudunak jendaurrean jarri zuen proiektua eta proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 130. zk., 2012ko uztailaren 6koa, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 155. zk., 2012ko abuztuaren 9koa).

Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2012ko irailaren 27an, Energia eta Meategietako Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzari igorri zion dosierra, proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 12.1 artikuluan ezarritakoa betez. 2012ko urriaren 19an, ingurumen-organoak formulatutako betekizunekin bat, espedienteko dokumentazioa osatu zen.

Erreferentziako proiektuaren espedientean dauden txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdietara egokitzen dela aintzat hartuta, Ingurumen Sailburuordetzak, Ingurumen-inpaktuari buruzko Adierazpena emateko eskumena duen organoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren arabera, honako hau

EBAZTEN DU:

1.– Zamudioko udalerrian, Zamudioko Azpiestazio Elektrikotik (Espainiako Sare Elektrikoa) «Tecnalia» 220 kVko Azpiestazio Elektrikora doan zirkuitu bakuneko goi-tentsioko 220 kVko lurrazpiko linearen proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko aldeko adierazpena egitea. Proiektua, Tecnalia, S.A.k sustatu du.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.

2.A.– Proiektua, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da.

Linea elektrikoaz gain, espediente honen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedurak kontuan hartu ditu, aurretiaz, «Tecnalia», 220 Kvko azpiestazio elektrikoa eraikitzearen eta funtzionamenduaren ingurumen-inpaktuak, linea elektrikoaren oinarrizko azpiegitura baita azpiestazio hori. Aplikatuko dituzten baimendu beharreko prozedura espezifikoen eta, hala badagokie, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduren emaitza kaltetu gabe, aipatutako azpiegiturak burutzeko behar diren dokumentu teknikoen barne sartu beharko dituzte ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honetan ezarri diren era guztietako ingurumen-inpaktuak zuzentzeko neurriak.

Bestalde, proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziori buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

2.B.– Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Dekretu horren bidez onartu zen proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.

Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatzi-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, obrak egiteko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan sartuko dira.

2.C.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera egikarituko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritako kalitateko helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan erantsi beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.

2.c.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa aplikatzearen kaltetan izan gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:

2.c.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ahalik eta gehien mugatuko da espazioak obrako materialez okupatzea, eta makineria eta ibilgailuak horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibiltzea.

2.c.1.2.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honetako 2.c.9 idatzi-zatian adierazten den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak.

2.c.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ere hartu beharko dira:

2.c.2.1.– Obra-makineriarako eta haren mantentze-lanetarako utziko den gainazala isolatu egingo da drainatze naturaleko sare batekin. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat edukiko ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta urak kutsa ez ditzaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, laneko makineriaren parkea bat etorriko da azpiestazioaren berdintze-gainazalarekin.

2.c.2.2.– Eraikuntza-fasean, minimizatu egingo dira drainatze-sarera isuriko diren material finak. Horretarako, urak eramateko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak erabiliko dira.

Gailu horien neurriak ezartzean, beharrezko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta ondoen atxikitzeko, eta, betiere, isurketa horiek lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak izango direla bermatuko da, uraren parametro fisiko eta kimikoei dagokienez.

2.c.2.3.– Azpiestazioko transformadoreen balizko olio-ihesak atzemateko eta biltegiratzeko sistema baten izatea eta funtzionamendu ona bermatuko dira. Sistema hau erabat beregaina izango da euri-ura eta saneamendu-ura kanalizatzeko erabili denetik, kanporako isurketak ekiditeko asmoz.

2.c.3.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek ukitutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

2.c.4.– Soinuen eta bibrazioen eragina gutxitzeko neurriak.

2.c.4.1.– Eraikuntza-fasean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

2.c.4.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

2.c.4.3.– Azpiestazio elektrikoaren funtzionamendu-fasean eta urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eremu akustikoetatik III. eranskineko B1 taulan ezarritako muga-balioa gainditzen duen zarata (IV. eranskineko prozeduren arabera ebaluatuta) ez igortzeko beharrezko neurriak hartu beharko ditu jarduerak.

Era berean, jardueraren zuzeneko edo zeharkako eraginez, aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. eta 16. artikuluetan zaratari buruz ezarritako soinu-kalitate helburuak gainditzen badira, neurriak hartu beharko dira helburu horiek ez gainditzeko.

2.c.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.5.1.– Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak, baita indusketetatik eratorritakoak ere, Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin guztiak, haien balioztatzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, balorizatzaile baimendu bati igorri beharko zaizkio.

Hondakin horien balorizazioa teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

2.c.5.2.– Proiektua gauzatzerakoan hondakinak sortzen badira eraikitze- eta eraiste-lanen ondorioz, hondakin horiek eraikitze- eta eraiste-hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen dituzten otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrei kalterik egin gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

2.c.5.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren, hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren, eta horien aldaketen arabera kudeatuko dira.

2.c.5.4.– Jardueraren soberakinak bideratu lekizkiekeen betegarriek otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dituzte.

Soilik VIE-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki poluitzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lur-sailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren poluzioa prebenitu eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

2.c.5.5.– Sustatzaileak bidalitako dokumentazioaren arabera, lur-mugimendu batzuek egungo Zamudioko azpiestazio elektrikoari erasaten diote. Lursail horrek otsailaren 4ko 1/2005 Legearen II. Eranskinean jasotako jarduera bat jasaten du (lurzorua kutsa dezaketen jarduerak eta instalazioak).

Lursail horretan egon daitekeen kutsaduraren aztarnak ezagutzeko, eta indusketaren soberakinen destino egokiena zehazteko, sustatzaileak induskatu behar diren materialen karakterizazio bat egin beharko du, beitere otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako irizpideen arabera. (49/2009 Dekretua, hondakinak hondakindegietan utzita deuseztatzea eta betelanak egitea arautzen duena).

Karakterizazioaren emaitzak zein emaitza horien arabera aurreikusitako kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak onartu beharko ditu, eta kutsadura-aztarnarik aurkitzen bada, lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura hasteko eskatu ahalko du, ebazpen arrazoitu bidez, betiere aipatu 1/2005 Legearen 10. artikulua betez.

2.c.5.6.– Hondakin arriskutsuentzako ontzietan, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen (833/1988 Errege Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena).

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontzi edo ontzikiak etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen arabera.

2.c.5.7.– Olio erabilia, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko da.

Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

2.c.5.8.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte, eta horiek arduratuko dira beharginek behar bezala erabiltzeaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.

Aurrekoarekin bat etorriz, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

2.c.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari; gero, berak erabakiko du zer neurri ezarri.

2.c.7.– Paisaia babesteko eta leheneratzeko neurriak.

Obrek eragindako gainazalaren leheneratzea, betiere, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluaziora aurkeztutako agiriekin bat etorriz egin behar da.

Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek aurrez ikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

Lanek erasandako alde guztiak lehengoratuko dira; baita ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertzen ez zirenak baina azkenean proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere. Lehengoratze horrek esan nahi du, landarez estali daitezkeen erasandako eremu guztiak landareztatuko direla.

Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

Ingurua lehengoratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

2.c.8.– Obra garbitzea eta amaitzea.

Obra amaitu ondoren, garbiketa-lan zorrotza egingo da, eta proiektuaren eragina izan duen eremuan obra-soberakin guztiak kenduko dira, erabat garbi utzi arte. Eraispenetatik, enkofratuak kentzetik, eta, oro har, garbitze-lanetan sortutako hondakinak lanen eremutik kendu eta 2.c.5 idatzi-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

2.c.9.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta bermealdiak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du obra-zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanean zehaztutakoaren arabera. Baldintza-agiriak gai horiei buruz obra-zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioen inguruko ebazpenak emateko, aurrez txostena egin beharko dute aholkularitza horretan diharduten adituek.

2.c.10.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Azpiestazio elektrikoaren jarduera, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen II. eranskinean, eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzeko den urtarrilaren 14ko 9/2005 Dekretuan sartuta dago, eta, beraz, sustatzaileak lurzorua kutsa dezaketen jardueren titularrentzat aipatu legean ezarritako betekizunak bete beharko ditu, batez ere jarduera edo instalazioa behin betiko uzten denean lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egiteko prozedura hasteari buruzkoak.

2.c.11.– Eremu elektromagnetikoen eraginpean jartzeari buruzko kautela-neurriak.

Linea eta azpiestazio elektrikoa funtzionatzen ari direnean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ezingo dituzte Europar Batasunaren Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan adierazitako erreferentziako mugak eta oinarrizko mugaketak gainditu. Gomendio hori, pertsonek eremu elektromagnetikoekiko (0 Hz-tik 300 GHz-ra) duten esposizioari buruzkoa da.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin dadin, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da Ingurumena Zaintzeko Programa, Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak zein neurri zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori, Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egin beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, gainera, ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira.

2.d.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatuko da gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusitakoarekin bat datorrela, eta lanek aurreikusitako azaleran soilik izan dutela eragina.

2.d.3.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako eta Ingurumen Inpaktuari buruzko Adierazpenean ezarritako betekizunak biltzeko.

Programa horretan, kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntu guztiak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna; eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak.

2.d.4.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan emaitzak analizatuko dira, eta batez ere, epe horretan izandako gertakari nagusiak, gertakari horiek izatearen arrazoiak eta irtenbideak; eta aurretik zehaztu ez diren kasuetan lagin-hartzearen xehetasunak aztertuko dira.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein osabidezkoak gutxiegizkoak direla egiaztatzen denean.

2.F.– Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan ezarritakoari kalterik egin gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sartzeko.

2.f.1.– Ingurumen-inpaktuari buruzko Adierazpena argitaratu eta hilabeteko epean, ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko du eskumena duen organoak, oniritzia eman ondoren.

2.f.2.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean, obrak egin bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babesteko eta zuzentzeko neurriak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

2.f.3.– Zamudioko azpiestazio elektrikoaren lursailean induskatu behar diren materialak atera aurretik, karakterizazioaren emaitzak eta aurreikusitako destinoaren akreditazioa (ikus 2.c.5.5 paragrafoa).

2.f.4.– Azpiegitura martxan jarri eta urtebetera, ingurumena zaintzeko programaren emaitzak, ebazpen honen 2.d.4 puntuan ezarritakoaren arabera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, 2 urteko epea ezartzea proiektua martxan jartzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau argitaratzen den unetik kontatzen hasita. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

4.– Proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

5.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 20a.

Ingurumeneko sailburuordea,

M.ª ARANZAZU LETURIONDO ARANZAMENDI.


Azterketa dokumentala