243. zk., 2012ko abenduaren 17a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (229 KB - 10 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
5617
20/2012 DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 8.c) artikuluan, honako ahalmen hau egozten zaio Lehendakariari: «Jaurlaritza-sailak sortzea edo ezabatzea dakarten Dekretuak ematea, herri-xahupideak gehitzea ekarri ez dezatenaren baldintzapean, eta bai Sailen aginte-eremuen banaketaren ezein aldaketa ere».
Gobernu-Programa modu eraginkorrean burutu beharrak, haren ildo nagusiak lehendakariak Legebiltzarraren aurrean arestian azaldu baizituen, joan den legegintzaldirako maiatzaren 8ko 4/3009 Dekretuaren bidez finkatu zen Administrazioaren sailen egitura eta Administrazioko sailen arteko eskumenen banaketa egokitzea eskatzen du, Jaurlaritzaren eginkizun politiko administratiboek ezelango etenik gabe jarraitu dezaten eta, gainera, orain arte Administrazioak izan duen eraketa dekretu honen bidez sortzen denera moldatzeko.
Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluak ematen dizkidan ahalmenen arabera, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitura osatzen duten sailak eta beren egiteko eta jardun-arloak finkatzea da dekretu honen xedea.
2. artikulua.– Administrazioaren egitura.
Honako sail hauek izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak:
a) Herri Administrazioa eta Justizia.
b) Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna.
c) Enplegua eta Gizarte Politikak.
d) Ogasuna eta Finantzak.
e) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura.
f) Segurtasuna.
g) Osasuna.
h) Ingurumena eta Lurralde Politika.
3. artikulua.– Sailen lehentasun-hurrenkera.
Sailen lehentasun-hurrenkera aurreko artikuluan ezarritakoaren araberakoa izango da.
4. artikulua.– Lehendakaritza.
1.– Autonomia Estatutuak, Jaurlaritzaren Legeak eta beste lege-xedapen batzuk Lehendakariari ematen dizkioten egitekoak bete ahal izateko, Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organoen laguntza izango du Lehendakariak. Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura eta egitekoak Dekretu-bidez zehazten dira. Jaurlaritzaren Lehendakaritzak honako jardun-arlo hauek izango ditu:
a) Jaurlaritzaren jarduera planifikatzen eta koordinatzen Lehendakariari laguntza ematea; halaber, Euskal Herriko instituzioen arteko lankidetza, koordinazioa, plangintza bateratua eta artikulaziorako harremanen zuzendaritza.
b) Jaurlaritzaren bozeramailetza.
c) Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika komunikabideen aurrean; eta teknologia berriei eta multimedia ekoizpenari buruzko politika.
d) Gizartearen eta herritarren parte-hartzea.
e) Gizarte- eta erakunde-harremanak.
f) Jaurlaritzaren politika ondorengo gaietan: Europar Batasuna, mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza, eta euskal gizataldeak eta euskal etxeak.
g) Euskadiren ordezkaritza- eta proiekzio-politika kanpoan.
h) Garapenerako lankidetza.
i) Generoaren aukera-berdintasunerako politika.
j) Genero-indarkeriaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzea.
2.– Emakunde-Instituto Vasco de la Mujer administrazioko erakunde autonomiaduna, Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa eta, halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua, apirilaren 17ko 1/2007 Dekretuan aurreikusitako moduan, Jaurlaritzaren Legendakaritzari atxikitzen zaizkio.
3.– Jaurlaritzaren Lehendakaritza Sailtzat joko da aurrekontu ondorioetarako.
5. artikulua.– Egitekoak eta jardun-arloak banatzea.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. eta 16. artikuluetan Lehendakariari eta Jaurlaritzari egozten zaizkien eskumenez gain, 2. artikuluan aipatzen diren sailek, hurrengo artikuluetan zehazten diren egitekoak burutuko dituzte euren titularren ardurapean eta dagozkien jardun-arloetan.
6. artikulua.– Herri Administrazio eta Justizia Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Herri Administrazio eta Justizia Sailari:
a) Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta beste instituzioekiko harremanak eta komunikazioak.
b) Autonomiaren garapenerako politika eta, xede horretarako, sailen jarduerak koordinatzea.
c) Jaurlaritzaren Idazkaritza.
d) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
e) Funtzio publikoa, administrazioaren antolamendua eta langileen araubide juridikoa eta ordainketari buruzkoa.
f) Administrazioa modernizatzeko prozesua koordinatu, zuzendu eta sustatu, eta bai administrazio eta gobernu elektronikoak ere.
g) Autonomia Estatutuaren defentsa juridikoa.
h) Legezkotasunaren barne kontroleko eta aholkularitza juridiko orokorreko egitekoak gauzatzea.
i) Eusko Jaurlaritza eta bere organoak auzietan ordezkatu eta defenditzea.
j) Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibila eta Zuzenbide Berezia gordetzea, aldatzea eta garatzea.
k) Toki Administrazioaren arloan legeek eta araudiek Jaurlaritzari esleitzen dizkioten egitekoak burutzea. Bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen diren toki-araubideko gaiak ebaztea eta horiei buruzko irizpena ematea.
l) Euskal herri-administrazioen antolamendu- eta prozedura-araubidea, eta EAEko Gobernantza Publikoa aplikatzeko eredua diseinatzea politika publikoak zehaztu eta gauzatzerakoan.
m) Aginte Judizialarekiko harremanak zaintzea.
n) Justizia Administrazioaren jardunerako baliabideak jartzea.
o) Espetxe establezimenduak eta, bereziki, horien antolaera, jarduera eta zigorrei buruzko legeak betetzea, Espetxe Administrazioko organo nagusiei legeek ematen dizkieten eskumenak bereganatuz.
p) Adingabeko arau-hausleen arloko eskumenez baliatzea, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eskumenak aintzat hartuz.
q) Notarioak eta jabego-erregistratzaileak izendatzea.
r) Elkarte, fundazio eta elkargo profesionalei buruzko erregimen orokorra, sailek, beren eremu barruan, horiekiko izan ditzaten harremanak kontuan izanik.
s) Giza Eskubideen sustapena.
t) Terrorismoaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzea.
u) Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak herritarrei ematen dizkien eskubideak erabili ahal izatea bermatzea Justizia Administrazioan.
v) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.
x) Legeek eta araudiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.– Honako hauek atxikitzen zaizkio Sailari: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE / IVAP) administrazioko erakunde autonomiaduna eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa.
7. artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari:
a) Industriari buruzko politika eta enpresa-lehiakortasuna.
b) Berrikuntza eta teknologia.
c) Euskal gizartean, ezagutzaren eta informazioaren aroko gizartea garatu eta sustatzea, beti ere administrazio eta gobernu elektronikoaren arloko jarduerak kaltetu gabe.
d) Industriaren eta enpresaren nazioartekotzea.
e) Energia eta meategiak.
f) Artisautza sustatzea eta indartzea.
g) Merkataritza.
h) Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganberak.
i) Turismoa.
j) Nekazaritza eta abeltzaintza sustatzea eta antolatzea.
k) Landa-garapena eta bere dibertsifikazio ekonomikoa sustatzea.
l) Abeltzaintza eta basoak.
m) Ehiza eta arrantza kontinentala.
n) Arrantza.
o) Nekazaritzako, arrantzako eta elikagaigintzako industriak eta merkaturatzea.
p) Basozaintzako lehen transformazioko industriak.
q) Nekazaritzako elikagai-politika: nekazaritza-elikagaiak sustatzea, tipifikatzea, horiei jatorri izena ematea eta kalitatea zaintzea.
r) Mahastizaintza eta enologia.
s) Nekazaritzako eta arrantza-itsasoko gaikuntza sustatzea.
t) Nekazaritza- eta ozeano-ikerketa, dekretu honetako 10,1.b) artikuluan ezartzen denari jarraiki.
u) Sailari atxikita dauden erakunde autonomiadunak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta araudiek ezartzen dutenaren arabera.
v) Legeek eta araudiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.– Sail honi atxikitzen zaizkio: Energiaren Euskal Erakundea (EEE/EVE) zuzenbide pribatuko erakunde publikoa; Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A., Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia, S.A, eta Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, A.B. (NEIKER) sozietate publikoak; eta HAZI Fundazioa eta ELIKA – Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa-Fundación Vasca para la Seguridad Alimentaria sektore publikoko fundazioak.
8. artikulua.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari:
a) Lan arloari buruzko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena burutzea.
b) Enplegu-politika, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistema osoa barne dela, baina Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak pertsonen bizitza osoko ikaskuntza etengabearen arloan dituen eskumenak aintzat hartuz.
c) Gizarte-ekonomia: kooperatibak, lan-sozietate anonimoak eta ekonomia solidarioa.
d) Enpresen gizarte-erantzukizuna.
e) Gizarteratzearen sustapena.
f) Familia babestea (familiako bizitza eta lana uztartzea).
g) Gizarte Segurantza, Autonomia Estatutuan aurreikusitako moduan.
h) Komunitatearen garapena.
i) Etxebizitza.
j) Arkitektura, eraikuntza, iraunkortasuna eta kalitatea eraikuntzan.
k) Irisgarritasunaren sustapena.
l) Gizarte-ongizatea eta gizarte-zerbitzuak.
m) Familia-bitartekotza.
n) Haurtzaroa.
o) Afektu- eta sexu-askatasuna errazteko bideak sustatzea.
p) Immigrazioa.
q) Boluntariotza.
r) Sailari atxikita dauden erakunde autonomiadunak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta araudiek ezartzen dutenaren arabera.
s) Legeek eta araudiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.– Sail honi atxikita daude Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea eta Lanbide-Servicio Vasco de Empleo administrazioko erakunde autonomiadunak, baita Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. (VISESA) eta Alokabide, S.A. sozietate publikoak.
9. artikulua.– Ogasun eta Finantza Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ogasun eta Finantza Sailari:
a) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak zuzendu, landu eta horien kudeaketa orokorra egitea; eta bai jarraipena eta kontrola ere. Horietaz gain, aurrekontuei buruzko programazioa.
b) Barneko ekonomia-kontrola, kontabilitatea eta erantzukizun kontableak.
c) Finantza-politika eta finantza-erakundeekiko harremanak.
d) Prezioen politika.
e) Diruzaintza, zorrak egitea eta bermeak ematea.
f) Aseguruen bitartekaritza-jarduera baimentzea eta kontrolatzea.
g) Gizarte-aurreikuspeneko entitateak.
h) Ekonomia Ituna, Estatuarentzako kupoak eta lurralde historikoen ekarpenak.
i) Eskualdaketaren gai diren eskumen eta zerbitzuen balorazioa; eta Estatuarekiko finantza-fluxuak finkatzea, Gizarte Segurantzaren finantzaketari dagokionez.
j) Zergen administrazioa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak.
k) Ekonomiaren plangintza.
l) Eskualde-politika.
m) Azterlan eta metodo ekonomikoak. Ekonomiaren koiuntura eta aurreikuspena.
n) Lehiaren defentsa.
o) Estatistika.
p) Ondarea eta kontratazioa.
q) Hainbat sailetarako diren zerbitzuak eta jarduera editoriala.
r) Informazio- eta telekomunikazio-sistema korporatiboak.
s) Sailari atxikita dauden erakunde autonomiadunak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta araudiek ezartzen dutenaren arabera.
t) Legeek eta araudiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.– Sail honi atxikita daude: Euskal Estatistika Erakundea (EEE) eta Lehiaren Euskal Agintaritza administrazioko erakunde autonomiadunak; Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa; eta Itelazpi, S.A. eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, S.A. (EJIE) sozietate publikoak.
10. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari:
a) Irakaskuntzaren alorrean Autonomia Estatutuan ezartzen diren eskumenak, bai erregimen orokorrekoak eta bai erregimen berezikoak ere, etapa eta maila guztiak barne sartuz; eta goi mailako hezkuntza eta bai bizitzan zehar koalifikazioak eskuratu edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere.
b) Zientzia alorreko politika; ikerketa teoriko zein aplikatua sustatzea eta koordinatzea.
c) Hizkuntza-politika.
d) Euskara sustatzea.
e) Historia- eta arte-ondarearen kudeaketa eta zainketa; museo, liburutegi eta artxibategiak.
f) Arte eta kultura mailako jarduerak eta horien zabalkundea.
g) Kirolak.
h) Gazteria.
i) Gizarte-hedabideak; irratien kontzesioak eta frekuentzien esleipena.
j) Sailari atxikita dauden erakunde autonomiadunak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta araudiek ezartzen dutenaren arabera.
k) Legeek eta araudiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.– Sail honi atxikita daude: Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) administrazioko erakunde autonomiaduna; Euskal Irrati Telebista (EITB), Unibasq - Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia-Agencia de Calidad del Sistema Universitario Vasco eta Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutoa / Basque Institute zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Fundación Euskadi Kirola Fundazioa, Fundación Joven Orquesta de Euskal Herria – Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioa eta Centro Superior de Música del País Vasco – Musikene; eta Haurreskolak partzuergoak.
11. artikulua.– Segurtasun Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Segurtasun Sailari:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Ertzaintza.
b) Hauteskunde-administrazioa.
c) Babes zibila eta larrialdiak.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-trafikoko polizia.
e) Jokoa, posturak eta ikuskizunak.
f) Segurtasun arloko transmisioak eta komunikazioak.
g) Poliziaren ibilgailuak.
h) Meteorologia.
i) Sailari atxikita dauden erakunde autonomiadunak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta araudiek ezartzen dutenaren arabera.
j) Legeek eta araudiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia administrazioko erakunde autonomiaduna sail honi atxikitzen zaio.
12. artikulua.– Osasun Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Osasun Sailari:
a) Sanitatearen plangintza eta antolamendua.
b) Osasun publikoa eta elikadura-higienea.
c) Zainketa epidemiologikoa.
d) Farmazia-antolamendua.
e) Kontsumoa.
f) Drogamenpekotasunak.
g) Sailari atxikita dauden erakunde autonomiadunak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta araudiek ezartzen dutenaren arabera.
h) Legeek eta araudiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.– Saila honi atxikita daudei: Kontsumobide-Instituto Vasco de Consumo administrazioko erakunde autonomiaduna eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, eta Fundación Vasca para la Innovación Sociosanitaria - Etorbizi - Berrikuntza Soziosanitariorako Euskal Fundazioa eta Centro Nacional de Investigación en Envejecimiento – CNIE sektore publikoko fundazioak.
13. artikulua.– Ingurumen eta Lurralde Politika Saila.
1.– Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari:
a) Lurraldea eta itsasertza antolatzea.
b) Ingurumena.
c) Urak.
d) Ubideak eta ureztaketak.
e) Baliabide naturalak antolatzea eta natura zaintzea.
f) Lurra eta hirigintza.
g) Trenbideak.
h) Bide-sarea.
i) Lurretikako, itsasotikako, ibaietikako eta kabletikako garraioak.
j) Heliportuak eta aireportuak.
k) Portuak eta itsas gaiak.
l) Sailari atxikita dauden erakunde autonomiadunak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta araudiek ezartzen dutenaren arabera.
m) Legeek eta araudiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
2.– Sail honi atxikita daude: Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea eta Uraren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoak; Eusko Trenbideak, S.A. (E.T.), Euskotren Participaciones, S.A., Euskadiko Kirol Portua, S.A., Zumaiako Kirol Portua, S.A. eta Sociedad Pública de Gestión Ambiental Ihobe, S.A. sozietate publikoak, eta Burnibidearen Euskal Museoaren Fundazioa sektore publikoko fundazioa.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza –zein ezabatutako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailari atxikita baitzegoen- dekretu honen 4. artikuluan aurreikusitako Lehendakaritzari –ezabatutako Lehendakaritza ordezkatzen duenari- atxikitzen zaio.
Bigarrena.– Honako organo eta unitateek osatzen dute Herri Administrazio eta Justizia Saila: ezabatutako Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Koordinaziorako Idazkaritza Nagusikoak; ezabatutako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Justizia, Funtzio Publiko eta Araubide Juridikoko sailburuordetzetakoak; eta baita ezabatutako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Herri Administrazio Sailburuordetzako Administrazioa Eraberritzeko eta Administrazio Elektronikorako Zuzendaritza eta Herritarrei Arreta Emateko Zuzendaritza. Ezabatutako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Zerbitzu Zuzendaritza ere Sail honi atxikitzen zaio.
Ezabatutako Lehendakaritzako Toki Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren egitekoak, giza baliabideak eta baliabide materialak Sail honi atxikitzen zaizkio Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzaren bidez, eta zuzendaritza hori Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren baitan txertatzen da.
Ezabatutako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza ere Sail honi atxikitzen zaio.
Hirugarrena.– Dekretu honen 7. artikuluan zehazten den Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila honako organo eta unitateak osatzen dute: ezabatutako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailekoak; eta ezabatutako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Landa Garapenerako eta Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordetzetako organo eta unitateek.
Laugarrena.– Dekretu honen 8. artikuluan zehazten den Enplegu eta Gizarte Politika Saila ezabatutako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren organo eta unitate guztiek osatuko dute, baita ezabatutako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Etxebizitza Sailburuordetzako organo eta unitate guztiek ere, non eta ez den Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritza, zein Garraio eta Herri Lan Sailburuordetzari atxikiko baitzaio.
Bosgarrena.– Honako organo eta unitateek osatzen dute dekretu honen 9. artikuluak aipatzen duen Ogasun eta Finantza Saila: ezabatutako Ekonomia eta Ogasun Sailaren eta ezabatutako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Herri Administrazio Sailburuordetzaren organo eta unitate guztiek, bigarren xedapen gehigarrian bertan aipatutako Zuzendaritzei buruz egindako salbuespenekin.
Seigarrena.– Ezabatutako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Kultura Sailaren organo eta unitate guztiek osatzen dute Dekretu honen 10. artikuluko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila.
Zazpigarrena.– Dekretu honen lehen xedapen gehigarrian Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari buruz eta bigarren xedapen gehigarrian Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari buruz xedatutakoak salbu, Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala finkatzen duen abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuko organo eta unitate guztiek osatzen dute Segurtasun Saila.
Zortzigarrena.– Ezabatutako Osasun eta Kontsumo Sailaren organo eta unitate guztiek osatzen dute dekretu honen 12. artikuluak aipatzen duen Osasun Saila.
Bederatzigarrena.– Honako organo eta unitateek osatzen dute Ingurumen eta Lurralde Politika Saila: ezabatutako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Ingurumen Sailburuordetzaren eta Lurralde Plangintzaren eta Uren Sailburuordetzaren eta ezabatutako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Garraio eta Herri Lan Sailburuordetzaren organo eta unitate guztiek, Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritza azken Sailburuordetza horretan sarturik, lehengo laugarren xedapen gehigarriak zehaztu den bezala. Halaber, Sail hau osatzen du ezabatutako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzak.
Ezabatutako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren unitateak eta baliabide material zein pertsonalak, dekretu honen 7. eta 13. artikuluetan aipatutako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren zerbitzu-zuzendaritzei atxikiko zaizkie, zein funtzio betetzen duten edo zeinetara atxikita egon daitezkeen ikusita.
Hamargarrena.– Euskararen erabilera bultzatzeko politika administrazioaren jardunean zeharkako politika izan dadin eta dagokion ardatz-gune izan dadin, Lehendakaritzak eta sail guzti-guztiek euskara-atal bat sortuko dute beren egitura organiko eta funtzionalean, politika publikoetan eta kudeatzen dituzten administrazio-gai guztietan euskara bultzatzen lagundu dezan, hizkuntza-politikaren alorrean eskumena duen organoaren irizpideei jarraituz.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua indarrik gabe geratzen da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Dekretu honen azken xedapenetatik lehenengoan jasotakoa bete arte eutsi egingo zaie Jaurlaritzaren Lehendakaritzako eta Jaurlaritzaren sailetako egitura eta egitekoak finkatzen dituzten arau organikoei.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– 1.– Sailburuek, Jaurlaritzari buruzko Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Lehendakariari aurkeztuko dizkiote, 2013ko martxoaren 31 baino lehen, bakoitzaren sailari dagokion araudi organikoari buruzko egitasmoa, onarpena eman diezaien. Sailburuei izendatutako jardun-arlo bakoitzarentzat Jaurlaritzaren programan jasotako helburuei eta programa hori argitu duten irizpideei egokituko zaizkie egitasmook.
2.– Araudi horiek beteko dituzten antolaketa-irizpideak: zorroztasuna eta antolaketa murriztea, egitura soiltzea, egiteko-arloak bateratzea, eduki zabaleko egiteko-arloak eraikitzea, egiturazkoak ez diren staff egiteko-arloak identifikatzea eta informazioaren teknologiez ahalik gehien baliatzea.
Bigarrena.– Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-eragiketak burutuko ditu Ogasun eta Finantza Sailak.
Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko abenduaren 15ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.